Abonuak

ABONATU ZAITEZ ZIRRARAZ BETERIKO DENBORALDI BATERA

ABONU BERRIAK: SINFONIKOA ETA MATINÉEAK

DENBORALDI SINFONIKOA 26/27: HUNKITU

 

Musika existitzen da barruan dardara sortu eta hunkitu egiten gaituelako. Materia mugimenduan sartu eta eraldatu egiten delako. Dardara egitea zerbaitek astintzea edo biziki hunkitzea da. Eta horixe bera da Denboraldi berri honetan aurkeztuko duguna. Dardara egiteko eta hunkitzeko modu berria proposatzen dugu, batzuetan programatutako obrekin, beste batzuetan bertako artistekin eta beti esperientzia musikal partekatu paregabe eta garrantzitsu bateko partaide izateko ideiarekin. Izan ere, agertokian ez ezik, publikoarekin ere dardara egiten dugu.

Denboraldiko erradiografia musikalean, Aita Donostiak orain 100 urte, 1926an, Parisen estreinatu zuen La vie profonde de Saint François D’Assise obra berreskuratzeko egindako lanarekin egingo dugu dardara. Frantziako hiriburuak, abangoardiaren erdigune gisa, beste konpositore garaikide batzuk ere bildu zituen: Falla eta haren lagun Debussy eta Stravinski, adibidez. Hain zuzen ere, programa honek erakutsiko digu XX. mendeko musika berritzeko prozesuan ezinbesteko hiru zutabe bihurtu zirela. Musika-arkitekturaren beste zutabe garrantzitsu batek Bachengana eramango gaitu, aitzakia eta inspirazio gisa. Izan ere, XIX. eta XX. mendeetako zazpi sortzailek jenio alemaniarraren perfekzio teknikoa berrasmatu zuten, bizitza berria emanez. Denboran jauzia eginda, Pacho Flores venezuelarraren Amerikara iritsiko gara eta tronpetan duen birtuosismoa ezagutuko dugu, lore, tango, kantu eta bihurguneen istorioekin jolasteko.

Bizitzak ematen dituenak bezalako bira eta bihurguneak iritsiko dira gero: urte askoren ondoren, Denboraldira itzuliko dira pianoan eta musika garaikidearen historian erreferente diren bi: Christian Zacharias, pianista eta zuzendari gisa arituko dena, eta Elisabeth Leonskaja. Artista handi horien beteranotasunarekin kontrajarrita iritsiko dira abesbatzen harrobitik ateratako Luken Munguira tenorraren gaztetasun oparoa eta Jone Martinez, dagoeneko nazioartean ibilbide entzutetsua egiten ari dena. Eta lurraldeko abesbatza ugari izango ditugu ondoan: Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza eta Bilboko Koral Elkartea. Beste ahots batzuek, kasu honetan anonimoek, abesbatza berria osatuko dute Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren hirugarren ediziorako.

Haiek eta beste hainbatek zirrara eragin eta hunkitu egingo gaituzte ongiaren eta gaizkiaren arteko bidea egingo duten kontakizun ugarirekin, eta bizitzari eta heriotzari buruz hausnartzera gonbidatuko gaituzte, adibidez. Gustav Mahler, bere magnitude sinfoniko guztiarekin, Sergei Prokofiev, Robert Schumann, Johannes Brahms, Bela Bartok eta Dmitri Xostakovitxekin batera izango dira entzungai. Gainera, Denboraldiak Jesus Guridiren Hamar Euskal Melodiak berreskuratuko ditu, lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko.

 

Abonatu zaitez hemen!*

 

*26/27 Denboraldirako abonamenduak 2026ko uztailaren 1etik aurrera jarriko dira salgai

 

 

MIRAMONGO MATINÉEAK 26/27

 

Miramongo Matinéeen hurrengo ediziorako abonamenduak irailetik aurrera jarriko dira salgai.