Lukáš Vondrácek pianista ariko da Arcadi Volodosen ordez Euskadiko Orkestraren datozen kontzertuetan

Datorren martxoaren 24 astelehenetik aurrera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko zortzigarren programari dagozkion kontzertuei ekingo die. Hauetan Arcadi Volodos pianistaren esku hartzea zegoen aurreikusita, baina osasun arazoak direla eta ez da horrela izango. Volodosen ordez Lukáš Vondráček pianista ariko da Euskadiko Orkestrarekin batera, hasiera batean programatutako L. V. Beethovenen Piano eta orkestrarkao 3. kontzertua interpretatuko duelarik. Egitaraua osotuz, Richard Wagnerren Tristan eta Isolda-ko Preludioa eta Maitasunez hiltzea eta Richard Straussen Don Juan izango dira entzungai. Guztia Michal Nesterowicz maisuaren zuzendaritzapean. Programa honi dagozkion kontzertuak izango dira martxoaren 24 eta 25an Donostiako Kursaal Auditorioan, 26an Iruñeako Baluarte Auditorioan, 28an Gasteizko Principal Antzokian eta 29an Bilboko Euskalduna Jauregian.
Lukáš Vondráček-ek (Opava, Txekiar Errepublika, 1986) 2002. urtean, 15 urte zituela, Praga eta Italian Txekiar Orkestra Filarmonikoa eta Vladimir Ashkenazyrekin debuta egin ondoren, 2003 urtean bira garrantzitsu bat egin zuen Estatu Batuetan barrena eta Kolonia, Viena, Lucerna eta Birminghan-en eskaini zituen kontzertuak. Ordutik hona mundu osoko orkestra gailenekin aritu da lankidetzan, esaterako, London Philharmonic, BBC Philharmonic, Zuricheko Tonhalle eta Baltimoreko Orkestra, Paavo Järvi, Gianandrea Noseda, Marin Alsop, Christoph Eschenbach, Zdeněk Mácal, Pietari Inkinen, Vasily Petrenko, Jakub Hrůša, Christoph Poppen, Anu Tali eta Jesús López-Cobos zuzendarien gidaritzapean, besteak beste. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin aritzen den lehenbiziko aldia da honakoa.
Michal Nesterowicz hirugarren aldiz igoko da Euskadiko Orkestraren podiumera. 2011an estreinakoz zuzendu zuen Orkestra zuzendari gonbidatu gisa, Gasteiz eta Iruñean izan zen Abonu- programa batean eta ondoren Bordele eta Arcachonen, Orchestre National Bordeaux-Aquitaine orkestrarekin elkartrukean; eta 2012. urtean berriz itzuli zen Orkestraren Abonu Denboraldira. Zuzendari honek 2008an Cadaquéseko Nazioarteko Lehiaketako bederatzigarren aldia irabazi eta berehala Txileko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular izendatu zuten. Egun Tenerifeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistikoa da. Beste orkestra askoren artean, Wiener Kammerorchester, Flandeseko Orkestra Filarmonikoa, Sinfònica de Barcelona, Puerto Ricoko Orkestra Sinfonikoa eta Tonhalle-Orchester Zürich zuzendu ditu.
"Amodio antagonikoak". Lukáš Vondráček-ek L.V. Beethovenen Piano eta orkestrarako 3. kontzertua interpretatu ondoren, kontzertuko bigarren zatian, Orkestrak amodioaren bi irudi antagoniko eta osagarri aurkeztuko ditu: Tristan eta Isolda musika-draman islatutakoa, hirugarren ekitaldiko Liebestod (Maitasunez hiltzea) pasartean batez ere: bere handitasun eta ezinezkotasun transzendenteagatik miresmen hutsa den amodioa. Horren aurrean, Don Juan maitale famatuaren amodio-abentura iragankorrak, Richard Straussek olerki sinfoniko bizi batean jaso zituenak.
Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza

