Ziklo honek hiru oinarri nagusi ditu: kalitatezko musika eskaintzea giro lasaian eta izaera pedagogikoarekin, Orkestrako kideen lan sinfonikoaren dibertsifikaziorako plataforma izatea eta bere aparteko eszenatokia erabiltzea: Miramongo Orkestraren egoitzaren auditorioa, larunbatez larunbat kaleidoskopio batean bilakatzen dena musikaren mila aurpegi deskubritzeko.
Babeslea: Kutxa Fundazioa
Musika Gelaren 2018/2019 Denboraldiak emakume-ahotsa eta hark eragiten dizkigun emozioak izango ditu ardatz. Ahots hori —kantatua, esana eta musikarena berezkoa dena— forma eta intentsitate ugaritan aurkezten zaigu: haurrei abestutako sehaska-kantatan, botere eta distira osoz ageri den opera-aria handietan, edo bere garaikideen onespen ezaren aurka borrokatu behar izan zuten emakumeen konposizioetan. Aurtengo programazioan dantzak ere emakume izena izango du, Marie Antoinette, eta Entsegu Irekiak ere eskainiko dira. Gainera, Plena Inclusión-FEVASekin elkarlanean azken denboraldietan egin ohi izan dituen lantegiak ere berreskuratuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.
Denboraldiaren baitan aurkeztutako proiektuek helburu dute musikaren, musikarien eta publikoaren arteko elkarrizketa sustatzea, elkar-aberastea ahalbidetuko duen esperientzia baten bidez.
Orkestraren hezkuntza departamentuak diseinatu eta orain estreinatuko diren lau ekoizpen aurkezten ditugu: Uauatxua, Isiltasunaren haitzuloa, Marie Antoinette eta Pianissimo.
Euskadiko Orkestraren Musika Gelak tinko darrai inguruko erakundeekin harremanak sendotzen eta horiekin elkarlanean. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostiako Udaleko Hezkuntza Atala, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena, El Diario Vasco, Dantzerti eta Fevas-Plena Inclusión Euskadi.
Orkestrak bere jarduera kontzertu-katalogo zabal batekin osatzen du, jaialdi onenekin eta beste kultura-gertakizun eta -instituzio askorekin bat.
Kulturaren arloan duen ekarpena aberastuko duten sinergiak sortzea zein garrantzitsua den ikusita, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera kontzertu-katalogo zabal batekin osatzen da, jaialdi onenekin eta beste kultura-gertakizun eta -instituzio askorekin bat. Programa ezberdinetan jorratzen dituen musika-formatu guztietara egokitzeko gaitasun horri esker gure Orkestra estilo, interes eta adin ezberdineko entzuleekin sartzen da harremanetan. Honela, 150.000 entzuleko irismena izaten du, guztira, denboraldi bakoitzean.
Hurrengo Abonu-Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu. Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz. Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik. Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.
Izan ere, Treviñok “erresistentzia, gatazka, berradiskidetzea” kontzeptuei erreparatzea proposatu zuen aurreko denboraldian (2017/2018), Xostakovitx eta Brittenen bitartez. Alabaina, 2018/2019 denboraldian, “aldaerak” kontzeptuari helduko dio: etengabeko bilakaeran diren aldaerak, betiereko aldaerak, zalantzazko aldaerak, arrakastarenak. Horretarako, hiru musikagileri jarri die arreta: Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. Hiru musikagile handi, elkarrekin lotura gutxikoak, baina bizipen eta emozio pertsonal komunak dituzte: ziurgabetasuna eta deserrotzea. Treviñok gonbita egiten die entzuleei bere artearen bidez sentimendu horiek bizitzera, pertsona guztiak senti baitaitezke identifikatuta horiekin. Emozio-, tinkotasun- eta gainditze-mezu bat helarazi nahi du.