Euskadiko Orkestrak 25/26 Denboraldia aurkeztu du

Euskadiko Orkestrak aurkezten duen Denboraldia oso femeninoa da, oso korala, oso gaztea, ahaltsua eta sustraitze handiduna.
Errepertorio sinfonikoko erreferentziazko obrak aurkeztuko ditu, baita gure ondarearen parte bilakatuko diren obra berriak ere, adibidez, Felix Ibarrondoren lan berrienaren estreinaldia, ‘Guernica’ izenekoa.
Programazio hau ahalbidetzeko orkestrak 28 artista, hiru abesbatza eta orkestra gonbidatu bat hartuko ditu.
Euskal ordezkaritza garrantzitsua izango da, bai konposizioaren alorrean (Ravel, Arriaga, Sorozabal, Bernaola, Ibarrondo) bai interpretazioaren eremuan (Miren Urbieta-Vega, Sofia Esparza, Marife Nogales, Elena Sancho Pereg, Marta Zabaleta, Landarbaso Abesbatza, Donostiako Orfeoia, Vocalia Taldea).
Orkestrak Pascual Aldave nafar musikagilearen ‘Akelarre’ obra katedralaren lehen grabazioa gauzatuko du, eta euskal musika katalogoan ondare garrantzitsua izango da.
Bartzelonako L’Auditorira itzuliko da hango orkestrarekin elkartrukea egiteko, eta baita Otoño Musical Soriano jaialdira ere.
DENBORALDI SINFONIKOAREN PROGRAMAZIOA
Euskadiko Orkestraren 2025/2026 Denboraldi Sinfonikoa 2025eko irailaren 29an hasiko da Gasteizen, eta 2026ko ekainaren 9an amaituko da Donostian. Guztira, 12 kontzertu-programa izango dira. Gasteizen (10), Bilboren (10), Donostiaren (10x2) eta Iruñearen (10) artean banatuta, guztira 50 kontzertu izango ditu Denboraldi Sinfonikoak.
Denboraldiko irudi berriak eta harekin batera ikusi ahal izango diren guztiek lengoaia narratibo berria izango dute, arlo digitaletik pentsatuta eta ikus-entzunezko formatuari protagonismoa emanda. Gaur egungo erronka nagusietako bat da panorama oso konplexu, zatikatu eta polarizatu batean adierazgarritasuna lortzea. Testuinguru horretan, hain zuzen ere, musika klasikoak eta Euskadiko Orkestrak beren espazioa behar dute. Ohikotasunean apartekotasuna bilatu nahi izan dugu, egunerokotasunean magia topatu nahian. Eta unibertso grafiko bat eraiki da; bertan, eguneroko elementu ezagunak landuko ditugu irudi eta mikrokontakizun harrigarri, hunkigarri, magiko eta batzuetan ustekabeko bihurtzeko. ACC Comunicacionek zuzenduko du ibilbide grafiko hori.
Lerro programatiko nagusiak
Denboraldi bakoitza erronka musikal bat eta abentura programatiko berri bat da. Obra berriak edo oso ezagunak ez direnen eta gutxitan interpretatu izan direnen aurkezpena errepertorioko eta erreferentziazko obra handien, obra sinfonikoen eta sinfoniko-koralen sarrerarekin bateratzen asmatu behar du, betiere egungo errealitatearekin harremanetan.
Errepertorioko lan horietako batzuk Euskadiko Orkestrak lehen aldiz interpretatuko ditu: Berliozen Herminie (Miren Urbieta-Vega izango da protagonista); Fazil Sayren Never Give Up (Pariseko eta Istanbuleko eraso terroristei erantzuna emanez, Camille Thomas biolontxelojolearentzat idatzi zuen); Franz Schmidten 4. Sinfonia. Beste batzuk, aldiz, gutxitan interpretatutakoak izan dira; adibidez: Cesar Francken Bariazio sinfonikoak, Marta Zabaleta pianojolearen eskutik eta Johann Sebastian Bachen Ich habe genug partitura. Horietako beste bat izango da, bestalde, Felix Ibarrondo konpositoreak orain arte idatzi duen azken sinfonia: Guernica, 2026ko urtarrilean Euskadiko Orkestrak estreinatuko duena.
Euskadiko Orkestraren atriletan erreferentziazko obra handiak ere jarriko dira, adibidez: Ravelen Daphnis et Chloe, jaio zeneko 150. urteurrenean; Straussen Azken 4 Lieder (uneotako ahots bikainenetako batek interpretatuko du: Rachel Willis-Sørensenek). Brucknerren eta Brahmsen laugarren sinfoniak; Respighi arrakasta handia eskuratu zuten bere bi lanekin: Fontane di Roma eta Pini di Roma; Rakhmaninov eta bere Pianorako 3. Kontzertua, (oso ezaguna da interpretatzailearentzako, kasu honetan, Nikolai Lugansky, eskakizun musikal eta tekniko handia duelako). Biolinerako zailtasun handiko beste kontzertu bat, maisulantzat hartu zena, Txaikovskik idatzitako lana izango da eta Bomsori gazteak interpretatuko du. Bestalde, Euskadiko Orkestrak Txaikovskiren Bosgarren Sinfonia eskainiko du. Lan ezagun horrek patuaren irudia erakusten du eta 2026ko ekainean Denboraldiari amaiera emango dio. Denboraldi berriari gorputza, energia eta sekulako bizitasuna emango dizkiete honako hauek: Bartoken Orkestrarako Kontzertuarekin, Erakusketa bateko margolanak, Straussen Heriotza eta transfigurazioa, Walpurgisen gaua (Donostiako Orfeoiari enkargatutako erresistentziako lana) eta Uda gau bateko ametsa, Vocalia Taldea, Elena Sancho Pereg eta Marife Nogalesekin.
Euskal oinarriak
Euskadiko Orkestrak euskal sorkuntza sustatzen eta hedatzen jarraituko du haren programazioaren bidez. Herrialdeko orkestra da, munduaren aurrean aurkezteko bere sustraietan oinarritzen dena. Eta Denboraldi honetan oinarri hori oso agerian geratuko da Ravel, Arriaga, Sorozabal, Bernaola eta Ibarrondoren lanekin, besteak beste.
Hain zuzen ere, Denboraldi berriko programazioan Euskal Herriko bi konpositore oroituko ditugu batez ere: Ravel eta Arriaga. Bere jaiotzaren 150. urteurrenean, Ravel bere obra nagusiarekin oroituko dugu; konposizio-ibilbideko lanik garrantzitsu eta onenarekin: Daphnis et Chloe. Orkestrak eskainiko du Landarbaso Abesbatzarekin batera. Gainera, Euskal Herriko eta Kataluniako orkestren arteko trukeari esker, Ravel Pirinioen bi aldeei lotuta geratuko da. Hala, Euskadiko Orkestrak La alborada del gracioso lana eskainiko du Bartzelonan, eta Orquestra Simfonica de Barcelona i Nacional de Catalunyak Euskadin Bolero lana interpretatuko du.
Juan Crisostomo de Arriaga hil zeneko 200. urteurrenean, Euskadiko Orkestrak haren lanik ezagunenaren obertura interpretatuko du: Esklabo zoriontsuak.
Ravel eta Arriagarekin batera, Pablo Sorozabal, Carmelo Bernaola eta Felix Ibarrondo ere entzungo dira Denboraldi honetan, hainbat momentutan. Pablo Sorozabalen Siete Lieder Sofia Esparza soprano nafarrak interpretatuko du, Euskadiko Orkestrak Bartzelonara egingo duen bidaian. Bernaolaren Abestiak lanak Otxandioko konpositorea omenduko du (aldi berean, lan horrekin, Juan de Antxieta omendu nahi izan zuen berak). Eta, amaitzeko, ekoizpen oparoa duen Felix Ibarrondo konpositore oñatiarra aipatu behar dugu. Orkestrak orain arte konpositoreak sortu duen azken obra, Guernica, estreinatuko du.
Euskal konpositoreen zerrenda honetan, Pascual Aldave gehitu dezakegu; izan ere, Denboraldi Sinfonikoaz gain, Euskadiko Orkestrak dimentsio handiena izan duen bere lanaren lehen grabaketa-lana egingo du: Akelarre.
Euskal emakume interpretatzaileen atalak ere arreta berezia merezi du Denboraldi honetan. Ahotsaren presentzia garrantzitsua izango da; hain zuzen ere, hamabi programa sinfonikoetatik zazpik ahotsa ere izango dute eta gehienak Euskal Herrikoak eta emakumezkoenak izango dira. Bereziki azpimarratu beharrekoak dira hauek: Miren Urbieta-Vega (Herminie), Sofia Esparza (Siete Lieder), Elena Sancho Pereg eta Marife Nogales (La nuit eta Uda gau bateko ametsa). Marta Zabaleta (Bariazio sinfonikoak) pianojolea izango da solista instrumentistetako bat. Gainera, lurraldeko abesbatzen oinarri sendoa erakutsi nahian, Denboraldi honetan hiru abesbatza izango dira entzungai: Landarbaso Abesbatza (Daphnis et Chloe), Donostiako Orfeoia (Walpurgisen gaua) eta Vocalia Taldea (La nuit eta Uda gau bateko ametsa).
Artistak
Orkestrak artista ugari jasoko ditu berriro bere programazioan: hamabi zuzendari, sei bakarlari instrumentista, hamar bakarlari bokal, hiru abesbatza eta orkestra gonbidatu bat. Denboraldi honetako giza kapitalak 45 urte ditu batez beste, eta interpretazioen freskotasuna haien ibilbideen esperientzia eta birtuosismo musikalarekin bateratzen ditu.
ZUZENDARIAK
Hiru orkestra-zuzendari izango dira nagusi: Katharina Müllner, Joana Carneiro eta Ana M. Patiño. Denboraldiko gainerako bederatzi programetan, lehendik ere ezagun ditugun zuzendariek (Riccardo Frizza, Juraj Valcuha eta Michal Nesterowicz) eta Euskadiko Orkestran lehen aldiz beren lana eskainiko duten zuzendariek (Stefan Blunier, Jaime Martin, Antonio Mendez, François Lopez-Ferrer, Alexander Liebreich eta Ludovic Morlot -azken hori OBCrekin etorriko da, hango zuzendaria baita-) izango dute batuta eskuetan.
SOLISTAK
Programazioaren atal nagusia izango da, eta 16 bakarlari bokal eta instrumental izango ditu. 16 artista horietatik, 10 emakumezkoak izango dira, eta 5 Euskal Herrikoak. Horregatik, atal honen begirada oso femeninoa, oso korala, oso gaztea, oso boteretsua eta errotze handikoa izango dela esan dezakegu. Miren Urbieta-Vega, Sofia Esparza, Elena Sancho Pereg eta Marife Nogalesen ahotsak eta Marta Zabaletak pianoarekin eskaintzen duena dira aipatutako ezaugarri horietako askoren erakusgarri. Baina, horrez gain, bakarlarien ibilbideek indar handia dute, hala nola Rachel Willis-Sørensen, Bomsori, Camille Thomas (lehen aldiz etorriko da), Nikolai Luganski eta Johannes Moser (ez da haien lehen aldia izango). Horiek guztiek sendotasunez eta distiraz beteko dituzte indartsu eta kementsu iritsiko den Denboraldi berriaren ezaugarri nagusiak.
ABESBATZAK
Abesbatzen zatiak ere protagonismo berezia izango du denboraldi berrian. Landarbaso Abesbatzak emango dio hasiera Denboraldiari Ravelen Daphnis et Chloe lanarekin; Donostiako Orfeoiak Mendelssohnen Walpurgisen gaua eskainiko du, eta Vocalia Taldeak lekukoa hartuko du batez ere bokala eta femeninoa izango den beste programa batekin. Bertan, Mendelssohnen Uda gau bateko ametsa eta Saint-Saënsen La nuit eskainiko dituzte.
ORKESTRA GONBIDATUA
Euskadiko Orkestrak duela bi hamarkada baino gehiago hain zuzen ere OBC (Orquestra Simfonica de Barcelona i Nacional de Catalunya) orkestrarekin ireki zuen truke-politika berreskuratu du. Azaroan, bi orkestrek beren emanaldiak aldi berean egingo dituzte, talde gonbidatu gisa, eta biek bat egingo dute Pirinioen bi aldeetan, Ravelen bitartez. Ravelen Bolero Ludovic Morlot eta bere orkestraren bertsioan entzungo da. Gainera, programa oso katalana eskainiko du eta Miquel Oliuren Pluja estreinatuko du. Euskadiko Orkestra, bestalde, L'Auditorira itzuliko da Ravelen La alborada del gracioso lanarekin, Sorozabalen 7 Lieder lanarekin (Sofia Esparza izango da protagonista) eta Mahlerren Bosgarrenarekin (Polonian egin zuen biran eraman zuen eta maisutasunez defendatzen du). OBCk Bilbon eta Donostian eskainiko ditu kontzertuak azaroaren 26, 27 eta 28an.
ORKESTRAREN BESTE JARDUERA BATZUK
Irteerak: Bartzelonako L’Auditori eta Otoño Musical Soriano
Euskadiko Orkestra L’Auditori aretora itzuliko da bi hamarkada baino gehiago igaro ondoren. Areto hori bisitatzeko zortea izan zuen inauguratu eta hilabete gutxira, orkestren arteko trukearen adibide berri batean. Azaroan itzuliko da Bartzelonara OBCren denboraldira, hiru kontzerturekin eta Ravelen figura Pirinioen bi aldeetara (azaroak 28, 29 eta 30) eramango duen programarekin.
Otoño Musical Soriano Euskadiko Orkestraren ohiko beste hitzordu bat da. Oraingoan Marife Nogales eta Elena Sancho Peregen ahotsekin aurkeztuko da, Vocalia Taldearekin batera (irailak 4).
Grabazioak: Pascual Aldaveren ‘Akelarre’
Orkestraren jardueraren zati garrantzitsu bat osatzen dute grabaketa diskografikoek, eta dagoeneko 80 bolumen baino gehiago ditu haren fonotekak. Horiek, batez ere, euskal sorkuntzetan daude zentratuta.
2024an XX. mendeko euskal musikako sinfonista garrantzitsuenetako baten jaiotzaren mendeurrena izan zen: Pascual Aldave. Hori dela eta, Euskadiko Orkestrak ahalegina egin zuen joan den denboraldian bere katedrala den Akelarre obra interpretatzeko. Orain beste pauso bat eman du eta abuztuaren amaieran lan handi hau grabatzeari ekingo dio. Lehen grabazio hau mugarri historikoa izango da, eta ondare garrantzitsua utziko du euskal konposizio-katalogoaren barruan.
ARTIS+: artea, gizarteratzeko
ARTIS+: artea, gizarteratzeko Pirinioak ardatz hartzen dituen lankidetza-proiektua da, eta Frantzia hegoaldea, Euskadi eta Kataluniaren artean garatzen da. Desgaitasun-arrazoiengatik edo gizarte-bazterkeriarekin lotutako arrazoiengatik bazterkeria-arriskuan dauden biztanle taldeen artean kulturaren funtzioa indartu nahi du. Hiru urteko ibilbidea du, 2024-2026, eta Euskadiko Orkestrak haren zikloen bidez hezurmamituko ditu proiektuaren helburuak: Miramongo Matinéeak, Musika Gela eta Denboraldi Sinfonikoa.
Lehenengo urtean Abestu Euskadiko Orkestrarekin, Musika tantak, Logelan logale eta Musikazaleak proiektuak martxan jarri dira lankidetza-egitasmo honen baitan. Eta horien bitartez esan daiteke parte-hartzaileen eta ikusleen artean ekimen hau ia 9.000 pertsonak partekatu dutela. Lau proiektuek aurrera jarraituko dute bigarren edizioan, eta dagoeneko lanean ari dira gizarte inklusibo batean hazten jarraitzeko, kasu honetan Euskadiko Orkestrak eskaintzen dituen esperientzien bidez.
Beste proiektu eta ziklo batzuk
Orkestrak haren konpromisoa mantenduko du honakoekin: ABAO Bilboko Operaren Denboraldia, Bilboko Musika-Música, BBVA Fundazioa Jakintzaren Mugak Sarien gala, Donostiako Musika Hamabostaldia, Zinemaldia eta Musikaste.
Orkestraren Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloak aurrerago aurkeztuko ditugu.
ABONUAK ETA SARRERAK
Abonuen salmenta, uztailaren 1etik aurrera
Egungo abonuak berritzeko epearen ondoren, abonu berrien salmentari ekingo zaio. Uztailaren 1etik aurrera erosketa egin daiteke, euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez, 943 01 32 32 telefono-zenbakira deituta edo abonatuak@euskadikoorkestra.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita. Eskaerak jasotzen diren ordenaren arabera formalizatuko dira abonuak, eskuragarri dauden artean. Denboraldi berri honetan 10 kontzerturako abonuen prezioa 85 € eta 245 € artekoa izango da.
Sarrera solteen salmenta irailaren 1etik aurrera
Sarrera guztiak salgai egongo dira irailaren 1etik aurrera euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditorio eta leihatilen webguneetan (Gasteizen kasuan izan ezik). Sarrera solteen prezioa 10 € eta 40 € artekoa izango da. Hainbat kolektibori aplikatutako deskontuak mantendu egingo dira, baita ongien funtzionatzen duen kategorietako bat ere: Azken Ordu Gaztea, hau da, sarrerak 10 €-an eremu guztietan, 30 urtetik beherakoentzat eta kontzertua hasi aurreko 30 minutuetan.
MEZENASGOA
Mezenasgoari esker, herrialdeko proiektu kultural honen garapenari lagundu nahi dioten pertsonek horretarako aukera dute, ekarpenen bidez. Etorkizuneko tresna bat da, administrazio publikoen dirulaguntza-politikak osatzeko beharrezkoa, eta kultura eta gizartea garatzen laguntzeko bitarteko gisa ezarriko da. Orkestrari ekarpenen bat eginez gero, edozein modalitatetan, kenkari fiskala eskuratu ahal izango da. Informazio gehiago hemen: euskadikoorkestra.eus
ESKERRAK
Azkenik, orkestraren jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde guztien laguntza eta babes garrantzitsua eskertu nahi ditu orkestrak: abonatuak eta publiko orokorra, erakunde babesleak eta kolaboratzaileak, eragile kulturalak, komunikabideak... Horiek guztiek egiten dute posible Euskadiko Orkestraren jarduera.
Informazio gehiago
Denboraldiko programazioaren aurrerapena (.pdf)Kontzertuak eta Sarrerak Iraila
