‘Logelan logale’, bigarren edizioan hazi, zabaldu eta bizitzak aldatzen dituen haur kantata

Duela urtebete estreinaldi arrakastatsua izan ondoren, Euskadiko Orkestrak ‘Logelan logale’ ekoizpen propioa eskainiko du berriro, Leire Bilbaoren libretoarekin eta Jagoba Astiazaranen jatorrizko musikarekin, apirilaren 21ean eta 22an Donostiako Kursaal Auditoriumean, Kursaal Eszenarekin elkarlanean, eta apirilaren 23an Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan.
Gainera, lehen aldiz, Bilbao Orkestra Sinfonikoak haur kantataren lekukoa hartuko du eta beste bi hitzordu eskainiko ditu Bilbon, apirilaren 28an eta 29an. Horri esker, kantatak saio gehiago izango ditu, hiru euskal hiriburutara hedatuko da eta aktiboki parte hartzen duten 3.000 ikasletik gorako kopurura iritsiko da.
Euskadiko Orkestrak ikastetxe parte-hartzaileetako irakasle eta ikasleen testigantzak jaso ditu, eta horiek argi uzten dute ekimen honen eragin positiboa, parte hartzen dutenen bizitzak eta dinamikak aldatzeraino.
Euskara hutsezko haur kantata bat gertaera historikoa da. 1998 urtera arte atzera egin behar da, seguraski, antzeko zerbait gertatu zen azken aldiarekin topo egiteko (Tomas Araguesek konposatutako Jimmy Potxolo haur kantata, Bernardo Atxagaren letrarekin). Horrela bizi izan zen duela urtebete Logelan logaleren estreinaldia, lurraldeko musika-gertakari handi bat bezala, parte-hartzaileek urte askotan gogoratuko dutena.
Eta horregatik, hain zuzen ere, proiektu handi eta garrantzitsu honek ezin zuen urrunago joan gabe geratu. Bigarren edizio batekin dator orain eta, gainera, lehenengoarekin alderatuta, antzezpen kopuruan gora egingo du, eta inoiz baino hobeto beteko du kantuaren bidez Euskal Herria egituratzeko duen misioa. Horretarako, berrikuntza handi gisa, aurten, Euskadiko Orkestrak Donostian eta Gasteizen hiru emanaldi berri emateaz gain, kantata Bilbora ere iritsiko da bi saiorekin, lehen aldiz. Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartuko du Bizkaiko hiriburuan Euskadiko Orkestrak sortu eta bultzatutako haur kantata honen lekukoa.
Eragile ugariren beharra duen proiektua
Kantata bat sortzea musika-ekitaldi garrantzitsua da, eragile asko biltzen dituena eta giza mobilizazio handia eskatzen duena.
Logelan logalek Maria Goiricelayak diseinatutako proposamen eszeniko bat izango du. Juanjo Oconek zuzenduko du orkestra eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da protagonista ipuinaren narratiban. Euskadiko Orkestrak lagunduko dio eszenatokian, baita haur abesbatza handiak ere eszenatokian zein besaulki-patioan. Guztira 1.400 haurrez osatutako abesbatza handi bat izango da. Abesbatzak, alde batetik, lau abesbatza pilotu izango ditu (Easo Eskolania, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Zegamako Orkatz Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasle-taldeak. Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartuko du Bilboko kontzertuen lekukoa, eta han Bizkaiko ikastetxeetako beste 1.700 haurrek parte hartuko dute.
Parte hartu duten ikastetxeetako proiektuan inplikatutako irakasleak hainbat prestakuntza-saiotara joan dira, eta errepertorioa, zuzendaritza, ahotsa, didaktika, logistika eta alderdi eszenikoa landu dituzte. Material horietatik abiatuta, irakasleek ikasturte osoan lan egin dute eskolan kontzertuaren egunera arte, ahalik eta ondoen prestatuta iristeko.
Gipuzkoako 18 ikastetxek hartzen dute parte egitasmo honetan:
- Aitor Ikastola
- Aitxuri Herri Eskola
- Anoetako Herri Ikastola
- Antoniano Ikastetxea
- Egape Ikastola HLHI
- Eguzkitza HLHI
- Haztegi Ikastola
- Intxaurrondo Hegoa HLHI
- Intxaurrondo Ikastola Publikoa
- Izarraizpe Ikastola Publikoa
- Karmengo Ama IPI
- Mary Ward Ikastetxea
- San Andres HLHI
- San Martin Agirre Herri Eskola
- San Martin HLHI
- Sasoeta-Zumaburu Ikastetxea
- Ugaro Herri Ikastetxea
- Xabier Munibe Ikastola
Eta Arabako 4 ikastetxek egin dute bat: CEIP Divino Maestro – Maria de Maeztu HLHI; Araia Herri Eskola; Errekabarri HLHI; eta San Viator Ikastetxea.
Ekimenean parte hartzen duen Anoetako Herri Eskolaren irakasle eta ikasleen lan-prozesuari buruzko lekukotza jasotzen du honako bideo honek:
Horiek guztiek Eva Ugalderen abesbatza-koordinazioa eta -zuzendaritza izan dute, eta ikastetxe parte-hartzaileetako irakasleek eta Amaia Zipitria pianojoleak osatu dute formakuntza-lantaldea.
Logelan logale Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren Eskola Kontzertuen baitan egingo da bigarrenez, honako erakunde hauen laguntzarekin: Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udala, Kursaal Eszena eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea.
Datak
Euskadiko Orkestraren Eskola Kontzertuak egunotan izango dira:
- Apirilak 21 (12:00): Kursaal Auditoriuma (Donostia)
- Apirilak 22 (12:00): Kursaal Auditoriuma (Donostia)
- Apirilak 23 (12:00): Jesus Guridi Kontserbatorioa (Gasteiz)
Bestalde, Euskadiko Orkestrak sortu eta bultzatutako kantata honen beste bi hitzordu eskainiko ditu Bilbao Orkestra Sinfonikoak:
- Apirilak 28 (12:00): Euskalduna Jauregia (Bilbo)
- Apirilak 29 (12:00): Euskalduna Jauregia (Bilbo)
Bost hitzorduak eta hiru probintziak batuta, guztira 3.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte modu aktiboan kantatan, eta beste 4.000 lagun batuko zaizkie publiko gisa.
Obraren sinopsia: ‘Logelan logale’
Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Zer denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz? Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?
Doinu eta kantu ezberdinen bidez kontatu eta kantatuko dugu, gutako bakoitzak ohera joaten den unetik eta esnatu arteko istorioa. Loa eta ametsaren fantasiari, bakoitzak bere doinua jartzeko, lo gaudenean ere abenturak bizi ditugulako.
‘Logelan logale’-k bizitzak eta dinamikak aldatzen ditu
Logelan logalek “bizitzak aldatzen ditu”, ekimenean parte hartu duten ikastetxe askotako irakasleek azaldu duten bezala. Logelan logale prestatzeak eragin positiboa du hainbat eremutan eta emaitza nabarmenak ditu.
Euskadiko Orkestrak lehenengo edizioaren bizipenean eta bigarren edizioaren lan-prozesuan jaso duenez, Logelan logalek gogo bizia sortzen du parte-hartzaileengan eta gainerako ikasle eta irakasleengana zabaltzen da, familietaraino iritsi arte. Azken horiek kantata prestatzen inplikatzen dira eta taldean abesten dute. Prestakuntzari dagokionez ere eragin positiboa izan du, beste garai bateko musika eskola eta esperientzia koral galduak berreskuratuz edo klaseetan kantuaren inguruko programa berriak ezarriz. Hona hemen parte hartu duten ikastetxeetako irakasleen testigantza batzuk:
“Jolas-orduan, ikasleak beren borondatez geratzen dira gelan pianoa jotzen. Ikasle bat amamarekin pianoa jotzen hasi da etxean, eta bien arteko lotura asko estutu da. Logelan logalek irakasleen arteko harremana sendotzeko ere balio izan du. Guraso askok abestiak ikasi dituzte eta euren seme-alabekin praktikatzen dute.”
Aitziber Arteaga, San Viator Ikastola (Gasteiz)“Logelan logaleri esker 20 haurreko abesbatza bat sortu dugu, lehen urratsak ematen ari dena ilusioz beteta.”
Urtzi Robles, Araia Herri Eskola"Ikasleak Logelan Logaleren abestiak etengabe kantatzen ari dira, edozein ordutan. Nik, musika irakasle gisa, iaz parte hartu nuen; aurten berriro egin dut eta aurreko urtean baino are gehiago gozatzen ari naiz prozesuaz. Proiektu honen ondorioz, musika ikasgaiari ‘Ahotsa eta kantua’ unitate didaktikoa gehitu diot, eta ikastetxean ‘Ostiral musikalak’ sortzea ere proposatu dut, guztiok elkarrekin jolastokian edo kalean kanta dezagun. Ama naizen aldetik, nire alabak ere parte hartzen du, eta lagunekin planak egin izan ditu aisialdian elkarrekin entseatzeko."
Olatz Amozarrain, Izarraizpe Ikastola Publikoa (Azpeitia)
Irakurketa errazeko gida bat eta material gehiago
Prozesuan zehar hainbat material sortu dira: dosierrak, libretoarekin lan egiteko gidak, konpositorearen eta libretoaren egilearen aurkezpena, ahots eta pianorako partiturak, abestutako zati guztiak biltzen dituen abesbatza baten grabazioa, eszenografiako materialak, maskarak prestatzea, etab.
Halaber, propio sortu da irakurketa errazeko gida bat. Dokumentu hau beste dokumentu mota batzuk irakurtzeko edo interpretatzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako irisgarritasun kognitiboa hobetzeko sortu da. Egoera horri buruzko kontzientzia sortu nahi da, eta gida-mota horien erabilera beste ekimen batzuetara zabaldu, bai eta, oro har, kultura-sektorera ere. Euskadiko Orkestraren lehen esperientzia da, eta etorkizuneko proiektuetan irakurketa errazeko gidak ezartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du orkestrak.
ARTIS+: Artea, gizarteratzeko
Logelan logale ekimena, baita Musika Gela ziklo osoa ere, ARTIS+: Artea, gizarteratzeko proiektuaren parte da. Mugaz gaindiko Europako lankidetza-proiektu honek helburu du kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea bazterketa-arriskuan dauden biztanle-taldeentzat, dela desgaitasunagatik, dela arrazoi sozialengatik. Proiektu hau 2027ra arte luzatuko da eta honako bazkideak izango ditu, besteak beste: Orchestre National du Capitole de Toulouse, Bartzelonako L’Auditori eta OBC Orkestra eta Paueko Orkestra.
Kontzertuak eta Sarrerak Apirila










