Ostirala 27 Apirila, 2018

Elena Sancho-Peregen estreinaldia

Elena Sancho-Peregen estreinaldia

Soprano donostiarra euskal eszenatokietan estreinatuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Clemens Schuldt zuzendari alemaniar gazteak gidatutako programa batean.

Zirraren tutti-fruttia izenburupean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldiaren bederatzigarren programa ohiko lau hiriburuetara itzuliko da. Kontzertuak bihar hasiko dira, apirilak 28, Iruñako Baluarte Auditoriumean, eta ondoko egun eta tokietan jarraituko dute: apirilaren 30ean eta maiatzaren 4an Donostiako Kursaal Auditoriumean, maiatzaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregian eta maiatzaren 3an Gasteizko Principal Antzokian. Guztiak 20:00etan izango dira.

Elena Sancho-Pereg izango da gonbidatu nagusia, eta programaren bigarren piezan hartuko du parte, Benjamin Brittenen Les Illuminations-en. Soprano donostiarra nazioartean etorkizun oparoko ibilbide profesionala egiten hasi da eta 2014tik Düsseldorfen bizi da, bertan baitauka postu egonkorra Rhineko Operan. Bere hurrengo konpromisoek Berlin, Erroma, Bruselas eta Bartzelonara eramango dute sopranoa. Lehendabizikoz arituko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, euskal eszenatokian bere estreinaldia izango den honetan. Gainera, abuztuan berriz kantatuko du Orkestrarekin Musika Hamabostaldian, estreinakoz udako jaialdian. Oraingo honetan Sancho-Peregek ahotsa jarriko dion obra, Les Illuminations, Orkestraren aurtengo denboraldian ardatzetako bat den Brittenek idatzi zuen. Arthur Rimbaudek sinatutako poema homonimoak irakurri ostean, erabat hunkituta, musikagile ingelesak erabaki zuen olerkiak musika bihurtzea. 1939an gertatu zen hau, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Britten Estatu Batuetan erbesteratuta zegoenean.

Brittenen obraren aurretik Orkestrak György Ligetiren Concert Românesc interpretatuko du. Gerraosteko abangoardiarekin lotu ohi den Ligeti polifazetikoak Errumaniako hizkuntza, kultura eta folklorearekin sentitzen zuen liluramendua jasotzen du obra honek. Tronpak berebiziko garrantzia du kontzertuan, eta protagonista izan zen, baita ere, 1951n obraren estreinaldia bertan behera gelditu zenean, izan ere, instrumentu honen harmonia arraroek orkestrako musikarien artean liskarra sortu baitzuten. Gertakari horren ondoren, obra ahaztu egin zen eta ez zen bi hamarkada geroagora arte estreinatu.

Programa amaitzeko, bigarren zatia Mozarten 41. Sinfoniari eskainiko zaio oso-osorik. “Jupiter” izenez ezaguna den sinfonia hau Mozartek bereziki emankorra izan zen aro batean idatzi zuen, 39. eta 40. sinfoniekin batera. Mozartek azken trilogia sinfoniko hau idatzi izanaren arrazoia misterio bat da gaur egun, izan ere, estreinaldia aurreikusi gabe zuela konposatu baitzuen eta, are gehiago, oraindik ez baitakigu noiz eta non estreinatu zen. Egoera hori oso ezohikoa da Mozarten ibilbidean, tamaina handiko bere ia pieza guztiak idatzi zituen unean estreinaldirako data pentsatua baitzuen.

Programa Clemens Schuldtek (Bremen, 1982) zuzenduko du, Municheko Ganbera-Orkestraren zuzendari titular eta gaur egun Alemanian etorkizun gehien duen orkestra-zuzendarietako batek, alegia. Zuzendari gaztearen ibilbidea 2010ean hasi zen garatzen Londreseko Donatella Flick Conducting Competition lehiaketa entzutetsua irabazi ostean. Schuldtek goraipamen ugari jaso ditu errepertorio germaniko klasiko eta erromantikoan egin dituen interpretazio berritzaileengatik, baita sarri bere sormena erabiltzen duelako ere bere programetan lan garaikideak txertatzeko.

Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude sarrerak.euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Ekaina

1 Ig
2 Al
3 Ar
4 Az
5 Og
6 Or
7 Lr
8 Ig
9 Al
10 Ar
11 Az
12 Og
13 Or
14 Lr
15 Ig
16 Al
17 Ar
18 Az
18 ekaina, 2025 Asteazkena, 19:30 h.
Bestelako jarduerak BBVA Fundazioa Jakintzaren Mugak Sariak Bilbao/Bilbo
BBVA Fundazioa Jakintzaren Mugak Sariak
19 Og
20 Or
21 Lr
21 ekaina, 2025 Larunbata, 11:00 h.
Bestelako jarduerak Talentu gaztea. Apoyo al talento joven Jon Malaxetxebarria Donostia / San Sebastián
Talentu gaztea. Apoyo al talento joven
22 Ig
23 Al
24 Ar
25 Az
26 Og
27 Or
28 Lr
29 Ig
30 Al