Osteguna 21 Azaroa, 2019

Miren Urbieta-Vegak eta Javier Pérez de Azpeitiak distira emango diote larunbat honetako Miramongo Matinéeari

Miren Urbieta-Vegak eta Javier Pérez de Azpeitiak distira emango diote larunbat honetako Miramongo Matinéeari

Soprano donostiarrak eta pianojole nafarrak ‘Maitasunetik heriotzera’ doan ibilbide lirikoa eskainiko dute. Bertan, hamar emakume heroien amaiera tragikodun beste hainbeste operatako azken arnasaren ariak entzun ahal izango dira.

Larunbat honetan, azaroak 23, 11:00etan, Miramongo Matinéeek 19/20 Denboraldiko kontzertu berezienetako bat proposatuko dute, zeinean Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Javier Pérez de Azpeitia pianojolea izango diren gonbidatuak. ‘Maitasunetik heriotzera’ izeneko kontzertu honetan, duetoak Bellini, Ravel, Verdi edo Puccini bezalako egileen opera handien zatiak eskainiko ditu.

Matinée honen ibilbide musikalean 1830 eta 1926 bitartean idatzitako amaiera tragikodun hamar operatako beste hainbeste emakume heroien azken itxaropen-unearen, azken une zoriontsuaren edo azken otoitzaren ariak entzun ahal izango dira. Belliniren Giuliettarenak (Matinéeko interpreteen hitzetan “historiako suizidiorik erromantikoenetako bat”), Gounoden Margaritarenak (hark ere operaren amaieran bere buruaz beste egitea erabakitzen du), Pucciniren Turandoteko esklaboarenak (Liu), adibidez. Gaixotasunaren ondorioz hiltzen diren emakumeak ere ezagutu ahal izango dira: Violetta (Verdiren La Traviata), Manon (Masseneten Manon), Mimi (Pucciniren La Bohème) eta Mirentxu (Guridiren Mirentxu). Baita euren gizonek eraildakoak ere: Desdemona (Verdiren Otelo), Leonora (Verdiren La Forza del destino) eta Nedda (Leoncavalloren Pagliacci).

Musika belkantista, postromantikoa eta verista entzungo da errezitalean, batzuetan tragediaren aurreko zoriona adierazten duena eta beste batzuetan zorigaiztoko amaiera aurreratzen duena.

Miren Urbieta-Vega (Donostia, 1983) sari ugari jaso dituen sopranoa da, eta Estatuko auditorio eta jaialdi entzutetsuetan opera handietako rol garrantzitsu asko jokatu ditu, besteak beste: Liù Turandoten, Adina L’Elisir d’Amoren edo Zerlina Don Giovannin. Opera batzuen munduko estreinaldietan parte hartu du (Sorozabalen Juan Jose eta Usandizagaren La Llama) eta Valtinoniren Pinocchioren Espainiako estreinaldian ere bai. Gainera oratorioa eta errepertorio sinfonikoa ere lantzen ditu sarri. 2010ean Kantuan lizentziatu zen Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian, eta ondoren Valentziako Plácido Domingo Perfekzionamendu Zentroan osatu zuen bere formakuntza.

Javier Pérez de Azpeitia (Bera, 1963) pianistak Donostiako, Madrileko eta Liejako Goi-Mailako Musika Ikastegietan egin zituen bere musika-ikasketak. Luis Mariano Nazioarteko Kantu Lehiaketako pianojole ofiziala da jaialdia jaio zenetik. Bere jarduera artistikoa Musikenen eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan eskaintzen duen irakaskuntzarekin uztartzen du eta, gainera, zinematografiaren munduarekin lotutako jarduera intentsua garatzen du pianojole bezala.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza

1 Az
2 Og
3 Or
4 Lr
5 Ig
6 Al
7 Ar
8 Az
9 Og
10 Or
10 maiatza, 2024 Ostirala, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
11 Lr
11 maiatza, 2024 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 14. Matinéea: Bost metalak Donostia Sarrerak erosi
14. Matinéea: Bost metalak
12 Ig
13 Al
13 maiatza, 2024 Astelehena, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
14 Ar
14 maiatza, 2024 Asteartea, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Pamplona/Iruña Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
15 Az
16 Og
17 Or
18 Lr
19 Ig
20 Al
21 Ar
22 Az
22 maiatza, 2024 Asteazkena, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Debussy / Viloria Baldur Brönnimann Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Debussy / Viloria
23 Og
24 Or
25 Lr
25 maiatza, 2024 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 15. Matinéea: Xarma Donostia Sarrerak erosi
15. Matinéea: Xarma
25 maiatza, 2024 Larunbata, 19:00 h.
Bestelako jarduerak Musikaste. Amaierako kontzertua Baldur Brönnimann Errenteria Sarrerak erosi
Musikaste. Amaierako kontzertua
26 Ig
27 Al
28 Ar
29 Az
30 Og
31 Or