Euskadiko Orkestraren 26/27 Musika Gelak kulturarako irisgarritasuna aldarrikatzen du

Euskadiko Orkestraren hezkuntza- eta gizarte-zikloak musika sinfonikoa haurrei, gazteei eta hainbat kolektibori ikuspegi sortzaile, inklusibo eta parte-hartzailetik hurbiltzearen garrantzia aldarrikatzen jarraitzen du.
Ziklo berriak bost ekoizpen propio ditu: aurreko denboraldietan aurkeztutakoak batzuk —’Arriaga bizi da’, ‘Logelan Logale’ eta ‘Mozart, Nannerl eta Lagunak’—, eta orain estreinatuko diren beste hainbat —‘Aniztasuna harmonian’ eta ‘Brassstorm’—.
Zikloak 70 jarduera baino gehiago ditu guztira, eta horien artean daude ‘Musikazaleak’ tailerren hirugarren edizioa, FEVAS-Plena Inclusion Euskadirekin lankidetzan, eta kolektibo eta ikastetxeei zuzendutako Entsegu Irekiak.
Jaitsi prentsa-materiala hemen
Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren denboraldi berria aldarrikatzeko asmoz dator. Juan Crisostomo de Arriagaren figura aldarrikatuko du Arriaga bizi da ikuskizunaren bidez, bilbotar konpositorearen irudi liluragarria ezagutzera gonbidatzen baititu familiak. Emakumeen sorkuntza ere aldarrikatuko du bi produkzioren bidez: Aniztasuna harmonian, musikaren kalitateagatik baino emakume izateagatik ahaztutako konpositore askoren obrekin, Maite Aurrekoetxea bilbotarraren zuzendaritzapean, eta Mozart, Nannerl eta Lagunak, Maria Anna Mozarten historia berreskuratuko duena, bere anaia ospetsuarenarekin batera.
Eta gure jardueraren irisgarritasun osoa aldarrikatu nahi dugu. Logelan logale haur kantatak hirugarren edizio berria dakar: haur gorrentzako funtzio irisgarria eskainiko du, eta 16 gaztek zeinu-hizkuntzaren bidez abestuko dute, abesbatza pilotuarekin batera. Arriaga bizi da jendeari saio lasai gisa eskainiko zaio, duela bi denboraldi estreinatu zen eta geratzeko etorri den formatu batean. Saio lasaiek elkarbizitza inklusiborako ateak irekitzen dituzte, non familia guztiek besaulki-patioa partekatzen duten, desgaitasunen bat duten kideak dituzten familiak zein halako kiderik ez dutenak. Gainera, saioak zentzumenen arabera egokitzen dira, eta protokoloa lasaitzen dute, mundu guztia erosoago senti dadin formatuarekin.
Eta, azkenik, Brassstorm, Euskadiko Orkestraren haize-boskote batek eskainiko duen kontzertua, gazteekin konektatzea helburu duena, haien kezka eta esperientzietan oinarrituta, eta gizarteak eta modek gure nortasunaren eta gustuen eraketan nola eragiten duten aztertuko duena. Kontzertu honen izenburuko hiru ‘S’-ak gure bizitzaren hiru alderdiri buruzkoak dira: Society (Gizartea), Sound (Soinua), Success (Arrakasta).
Denboraldia osatzeko, Musikazaleak programaren hirugarren edizioa egingo da, FEVAS-Plena Inclusion Euskadirekin batera, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen praktika musikala eta parte-hartze kulturala sustatzeko, bai eta dagoeneko ohikoak diren Entsegu Irekiak ere, orkestraren eguneroko lana ikastetxeetara eta gizarte-kolektiboetara hurbiltzen dutenak.
Aldarrikapena, inklusioa, berdintasuna, parte-hartzea, aurkikuntza eta emozioa dira, berriz ere, musika esperientzia partekatua eta pertsona guztientzat eskuragarria izan dadin sortutako programazioaren gakoak.
ZIKLOAREN PROGRAMAZIO OSOA
Bost ekoizpen propio
Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere ekoizpen propioak egitearen aldeko apustua egiten du, bere gizarte- eta hezkuntza-zikloaren esparruan estreinatzeko propio sortutako gidoi originalekin eta ikuskizunekin. Ziklo berriak bost ekoizpen ditu: Arriaga bizi da; Logelan logale; Aniztasuna harmonian; Mozart, Nannerl eta lagunak; eta Brassstorm.
Bost produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan.
Alde batetik, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 7.000 ikasle inguruk parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. Dozenaka ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, herri askotakoak: besteak beste, Astigarraga, Elgoibar, Ezkio-Itsaso, Lazkao, Orio, Zarautz eta Zestoa. Sail honetako kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren, Kursaal Eszenaren eta Gasteizko Udalaren lankidetza dute gaur egun.
Bestalde, ekoizpenak Musika Familian kontzertu formatuan eskainiko dira Donostian eta Gasteizen. Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 30 urte daramatza orkestraren egitarauan. Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Brassstorm, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udal Antzoki Sarearen lankidetza dute. Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 8 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira, ikuskizunen datak hurreratu ahala. Dagokion aretoaren leihatiletan ere egongo dira salgai eta Kursaalen webgunean (kursaal.eus).
Jarraian ekoizpenei buruzko informazio xehea aurki daiteke, baita kontzertuen datak ere:
1) ARRIAGA BIZI DA
Emiliano Arriagak, ganbara txukuntzen ari dela, biolin zahar bat aurkitu du eta, bere hari desafinatuak laztantzean, memoriaren teklak sakatu ditu. Osaba musikari Juanitotaz gogoratzen hasi da: Parisen hil zen, aspaldi, 20 urte bete baino egun batzuk lehenago... Ez dakigu ia ezer bere nortasunari buruz, ezta bere bizitzari buruz ere, Bilbo alde zaharraren eta Parisen, une horretako musika-hiriburuaren, artean igaro baitzen. Horregatik, gure kontzertuan Juanito benetan nolakoa zen asmatzera edo irudikatzera jolastuko dugu, beti bere musikaren bidez, bere garaiko beste musikari batzuen bidez eta agian bilbotar maitagarri eta bikain honekin une batez hitz egiteko aukera emango digun Adimen Artifizialaren laguntzaz.
Parte-hartzaileak: Larraitz Oiartzabal (biolina); Ana Belen García (pianoa); Luken Munguira (tenorra)
Gidoia: Ana Belen Garcia, Amagoia Elosegi, Alaia Belaunzaran (Mikel Cañadaren zuzendaritzapean)
AAren aplikazioa: ACC Comunicacion
Programa:
- J. Arambarri: Atea tan tan
- J. C. de Arriaga: Erromantza pianorako
- M. Albéniz: Sonata ren
- J. C. de Arriaga: Bariazioak hungariar erara biolin eta pianorako / Edipo en Colono (Aria)
- P. Albéniz: Alboradetako soinua
- W. A. Mozart: Davide penitente (Aria)
- J. C. de Arriaga: Los esclavos felices (obertura) / Nada y mucho
ESKOLA KONTZERTUAK (Lehen eta Bigarren Hezkuntza)
Urriak 15, 16, 19, 20, 21, 22 (9:45 / 11:15), Miramon (Donostia)
MUSIKA FAMILIAN (saio lasaia)
Urriak 17 (12:00*), Miramon (Donostia)
*Kontzertuaren aurretik, 10:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa. Izen-ematea: musikagela@euskadikoorkestra.eus
2) LOGELAN LOGALE
Kantata erraldoi eta garrantzitsu hau hirugarren denboraldiz jarraian egingo da eta, lehendabizikoz, haur gorrei eskainiko zaie. Horietako hamaseik zeinu-hizkuntzaren bidez abestuko dute, Easo Gaztek, Andoaingo Udal Musika Eskolak eta Hernaniko Udal Musika Eskolak osatutako abesbatza pilotuarekin batera.
Parte-hartzaileak: Jagoba Astiazaran (jatorrizko musika); Leire Bilbao (libretoa); Euskadiko Orkestra; Juanjo Ocon (zuzendaria); Kepa Errasti (abeslaria eta aktorea); Eva Ugalde (abesbatza zuzendaria)
Programa: Preludioa / Kask-kask! / Gauaren beltza / Oheko burkoa / Gaueko / Harri, orri, ar / Mamua ote da? / Nire itzala / Hitz jolasak / Ispiluaren aurrean / Logelan logale
ESKOLA KONTZERTUAK (Lehen eta Bigarren Hezkuntza)
Azaroak 13 (11:00), Miramon (Donostia)
3) ANIZTASUNA HARMONIAN
Kontzertu honek oso ohikoa ez den errepertorio musikala proposatzen du eta barne hartzen ditu emakumeek idatzitako obra sinfonikoak —urte askotan orkestren programazioetatik kanpo egon direnak— eta beste kultura eta arraza batzuetako musikariek konposatutako lanak.
Parte-hartzaileak: Euskadiko Orkestra; Maite Aurrekoetxea (zuzendaria); Ana Egiazabal (aurkezlea)
Programa:
- R. García Ascot: Orkestrarako suitea (I. mugimendua)
- F. Price: 3. Sinfonia (III. Juba. Allegro)
- R. Sierra: 3. Sinfonia (III. Dantzak)
- L. Farrenc: 3. Sinfonia (zatiak)
- A. Beach: Sinfonia gaelikoa (zatiak)
- G. Tailleferre: Suite txikia orkestrarako
- G. D. Weiss: What a Wonderful World (moldaketa: T. Goodman)
- W. Dawson: Negro Folk Symphony (I. The Bond of Africa)
ESKOLA KONTZERTUAK (Lehen eta Bigarren Hezkuntza)
Urtarrilak 21, 22 (9:45 / 11:30), Kursaal (Donostia)
4) MOZART, NANNERL ETA LAGUNAK
Bi protagonista nagusi izango ditu kontzertu honek: musika klasikoaren pertsonaia entzutetsuenetako bat, Wolfgang Amadeus Mozart, eta bere arreba Maria Anna Mozart, hura ere konpositorea, baina zeinaren obra gehienak galdu egin diren historian barrena. Nannerl —Maria Annaren goitizena— berpiztu egingo da gure aurrean ezagutzera emateko eta gu bere anaiaren musikara hurbiltzeko.
Parte-hartzaileak: Larraitz Oiartzabal (biolina); Nathalie Dabadie (biolina); Justyna Janiak-Krymer (biola); Jon Larraz (biolontxeloa); Sara Zufiaurre (klarinetea); Pedro Jose Rodriguez (pianoa); Monica Torres (aktorea)
Programa:
- W. A. Mozart: Klarinete eta harirako kintetoa (I. Allegro); 13. Serenata (I. Allegro); Klarineterako Kontzertua (II. Adagio); Piarnorako 12. Sonata (I. Allegro); Pianorako 11. Sonata (III. Rondo: Alla Turca); Pianorako 12. Sonata (III. Adagio); 12 bariazio ‘Ah, vous dirai-je Maman’ lied gainean (1, 3, 7, 10 bariazioak); Klarineterako Kontzertua (III. Rondo: Allegro)
- L. Mozart: Nannerlen koadernoa
ESKOLA KONTZERTUAK (Haur Hezkuntza)
Otsailak 18, 19, 22, 23, 24, 25 (9:45 / 11:30), Miramon (Donostia)
MUSIKA FAMILIAN (3 < 6 urte)
Otsailak 14 (17:00 / 18:30), Garcia Lorca (Gasteiz)
Otsailak 20 (11:00 / 12:30), Miramon (Donostia)
5) BRASSTORM
Metal boskote baten kontzertua, gazte sektorearekin eta bere kezka eta esperientziekin konektatzea helburu duena. Joerek eta modek gure nortasunaren eta gustuen eraketan nola eragiten duten aztertuko dugu.
Parte-hartzaileak: Euskadiko Orkestraren metal boskotea; Ana Egiazabal (aurkezlea)
Programa:
- A. Copland: Fanfare for the Common Man
- E. Crespo: Suite americana nº1 (Vals Peruano)
- T. Susato: Susato suite: La mourisque / Basse danse bergeret
- W. A. Mozart: Pianorako 11. Sonata (III. Rondo: Alla Turca)
- W. Kilar: The Pianist (Moving to the Ghetto Oct. 31, 1940)
- L. Maurer: Hiru pieza metal boskoterako
- L. Serrano: Una de aventuras
- A. Piazzolla: Libertango
- D. Xostakovitx: Torlojua (Dantza satirikoak)
- B. Berns, J. Wexler & S. Burke: Everybody Needs Somebody to Love
MUSIKA FAMILIAN (>12 urte)
Apirilak 18 (18:00*), Felix Petite (Gasteiz)
Apirilak 24 (18:00*), Kursaal, Ganbera Aretoa (Donostia)
*Kontzertuen aurretik, 16:45ean, sentsibilizazio-tailer bana eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa. Izen-ematea: 943003170 (Donostia) / 945161045 (Gasteiz).
Musikazaleak
Euskadiko Orkestrak ibilbide luzea darama Musika Gelan inklusioaren alde, FEVAS-Plena Inclusion Euskadiren eskutik. Bi erakundeak duela 15 urte baino gehiago hasi ziren elkarlanean, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta kulturarako eskubidea sustatzeko. Harrezkero, 1.500 pertsona baino gehiagok hartu dute parte hainbat jardueretan, eta horien artean nabarmenenak, Bilbo, Gasteiz eta Donostian egin diren tailerrak eta Miramongo egoitzan egin diren kontzertuak izan dira. Jarduera horiek “Praktika On” izendatu zituen FEAPSek, Adimen ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederakuntzak. Soinu Mosaikoa egitasmoak ere lankidetza horretan du sorburua. Ekimen hori Espainiako 14 orkestretara hedatu zen, musika garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko tresna bihurtzen duen praktika aitzindari gisa. Ekimen honek CERMI 2018 sari nazionala jaso zuen musikaren bidez desgaitasunaren inklusioa sustatzeagatik. Euskadiko Orkestrak Aspalagun 2025 aitorpena ere jaso zuen Musika Gelaren esparruan egiten duen kontzientziazio- eta ikusarazte-lanagatik.
Duela bi denboraldi proiektu partekatu honek urrats berri eta garrantzitsu bat eman zuen Musikazaleak ekimenaren aurkezpenarekin. Ekimena adimen- edo garapen-desgaitasuna duten hamabost bat pertsonako hiru talde egonkor osatzean datza (bana Bilbo, Donostia eta Gasteizen). Talde horiek zortzi musika-tailerretan parte hartuko dute ikasturtean zehar. Tailerrei amaiera emateko, kontzertu bat eskainiko da 2025eko ekainean, ikasturtean egindako lana erakusteko.
Yamel Romero musikagile, musikoterapeuta eta musikaren bidez ekipoak eta pertsonak laguntzen eta garatzen espezializatutako sofrologoak zuzentzen ditu tailer hauek. Musikeneko Musika-arloko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Zabalkundeko masterreko ikasleen inplikazioa izango du egitasmoak. Tailer hauek babesle dituzte Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioa eta Gasteizko Udal Antzoki Sarea.
Entsegu Irekiak
Musika Gelak Entsegu Irekiekin jarraituko du. Entsegu hauek kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei, besteak beste, daude irekiak, eta aukera eskaintzen dute orkestrak kontzertu baten aurretik egiten duen azken lana gertutik ezagutzeko. Denboraldi honetan hiru Entsegu Ireki eskainiko dira Kursaalen:
- Abenduak 3: E. Elgar, Enigma Variations (Zuzendaria: Marzena Diakun)
- Otsailak 1: R. Schumann, Genoveva. Obertura & 4. Sinfonia (Zuzendaria: Philipp von Steinaecker)
- Apirilak 22: G. Mahler, 6. Sinfonia (Zuzendaria: Pablo Gonzalez)
MUSIKA GELA YOUTUBEN
Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Nire ama antzara; Musika tantak; Ilargiari kantari; Boléro; Polikinela; eta Living Room Music. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.
LANKIDETZA-SARE ZABALA
Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena eta El Diario Vasco.
INKLUSIOA SUSTATZEN DUTEN PROIEKTU ETA SAREAK
Musika Gela zikloa ARTIS+: Artea, gizarteratzeko ekimenaren parte da. Mugaz gaindiko Europako lankidetza-proiektu honek helburu du kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea bazterketa-arriskuan dauden biztanle-taldeentzat, dela desgaitasunagatik, dela arrazoi sozialengatik.
Proiektu hau 2027ra arte luzatuko da eta honako bazkideak izango ditu, besteak beste: Orchestre National du Capitole de Toulouse, Bartzelonako L’Auditori eta OBC Orkestra eta Paueko Orkestra.
Ildo beretik, Musika Gelaren programazioa Gertu Kulturaren parte da, hau da, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek kultura eskura izan dezaten laguntzeko elkartu diren kultura-programatzaileen sarearen parte.
Irabazi asmorik gabeko ekimen honen helburua kulturaren bitartez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, kultura-espazio eta -esperientzia bereziak biltzen ditu prezio oso murritzetan, lehentasunarekin eta kolektibo ezberdinen beharrak entzutean eta behar horiei erantzutean oinarritutako tratu pertsonalizatuarekin. Gertu Kultura Apropa Cultura Saretik dator; sare hori Bartzelonako Auditori musika-zentroan abiarazi zen eta, Katalunian ia bi hamarkadako ibilbidea egin ondoren, erreferentziazko sare inklusiboa da gaur egun, 190 kultura-programatzaile baino gehiagorekin, 1.800 gizarte-erakunde baino gehiagorekin eta 54 udalerri baino gehiagorekin.
Musika Gelaren proposamenetako batean parte hartzen duten elkarteak:
Apdema, Apnabi, Aspace, Atzegi, Futubide, Gaude, Gautena, Gertuan, Gorabide, Goyeneche, Uliazpi, Usoa, Erroak-Sartu Elkartea, Emaus, Elkargune, Bagara-Gureak, Garagune, Centro Gerontológico Berio, Centro de día de Daño Cerebral, Centro de rehabilitación psicosocial Maldatxo.
ARTIS+
Ziklo hau ARTIS+ proiektuaren parte da, eta proiektu hau Europako Batasunak finantzatzen du %65ean Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.
Kontzertuak eta Sarrerak Urria














