Musika Gela 2018/19

Musika Gela

Informazioa

Musika Gelaren 2018/2019 Denboraldiak emakume-ahotsa eta hark eragiten dizkigun emozioak izango ditu ardatz. Ahots hori —kantatua, esana eta musikarena berezkoa dena— forma eta intentsitate ugaritan aurkezten zaigu: haurrei abestutako sehaska-kantatan, botere eta distira osoz ageri den opera-aria handietan, edo bere garaikideen onespen ezaren aurka borrokatu behar izan zuten emakumeen konposizioetan. Aurtengo programazioan dantzak ere emakume izena izango du, Marie Antoinette, eta Entsegu Irekiak ere eskainiko dira. Gainera, Plena Inclusión-FEVASekin elkarlanean azken denboraldietan egin ohi izan dituen lantegiak ere berreskuratuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.

Denboraldiaren baitan aurkeztutako proiektuek helburu dute musikaren, musikarien eta publikoaren arteko elkarrizketa sustatzea, elkar-aberastea ahalbidetuko duen esperientzia baten bidez.

Orkestraren hezkuntza departamentuak diseinatu eta orain estreinatuko diren lau ekoizpen aurkezten ditugu: Uauatxua, Isiltasunaren haitzuloa, Marie Antoinette eta Pianissimo.

Euskadiko Orkestraren Musika Gelak tinko darrai inguruko erakundeekin harremanak sendotzen eta horiekin elkarlanean. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostiako Udaleko Hezkuntza Atala, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena, El Diario Vasco, Dantzerti eta Fevas-Plena Inclusión Euskadi.

Kontzertuak eta Sarrerak