Donostiako Orfeoia eta nazioarteko abeslari multzo nabarmen bat izango dira Euskadiko Orkestraren programa sinfoniko berriaren protagonistak

Donostiako Orfeoia, Sophie Harmsen, Werner Güra, Florian Boesch eta Markus Volpert-ek bat egingo dute Euskadiko Orkestrarekin heriotzaren fenomenoa ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko duen programa bati aurre egiteko. Alexander Liebreich alemaniarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna Bach, Strauss eta Mendelssohnen obren interpretazioan.
Kontzertuak Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian izango dira maiatzaren 4tik 8ra, eta sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera.
Euskadiko Orkestrak 2025/26 Denboraldi Sinfonikoaren hamargarren programa aurkezten du, ‘Strauss / Mendelssohn’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunotan izango dira ohiko lau hiriburuetan: astelehenean, maiatzak 4, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; asteartean, maiatzak 5, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, maiatzak 6, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegun eta ostiralean, maiatzak 7 eta 8, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Kontzertuak Johann Sebastian Bachen Ich habe genug («aseta nago» edo «nahikoa dut») obrarekin hasiko dira. Estreinatu zenetik hedapen handia izan zuen kantata sakroa da, eta laster bihurtu zen errepertorioko pieza, abeslari baxuek asko estimatzen zutena. Gaur egun, Ich habe genug-ek leku nabarmena du Bachen kantaten artean, heriotzari eta salbazioari buruzko bere gogoetaren sakontasunagatik, betetasunaren nahitik heriotzaren aurreko alaitasun harrigarrira doan barne-ibilbide batekin, azken ariarena. 20 bat minutuko obra honek eszenaratze bitxia du: zutik interpretatuko dute, zirkuluerdi eran jarrita, solista baxu batek (Markus Volpert), lau biolinek, bi biolak, biolontxelo batek, kontrabaxu batek, oboe batek eta organo positibo batek.
Ondoren, orkestra osoa eszenatoki gainera igota, Euskadiko Orkestrak Richard Straussen Heriotza eta itxuraldaketa obra joko du. Musikagileak 1889an konposatu zuen poema sinfoniko hau eta urtebete geroago aurkeztu zuen berak zuzendari gisa. Heriotza eta itxuraldaketa obra osoaren tonua markatzen duen musika lasai eta gogoetatsuarekin irekitzen da, nahiz eta intentsitate handiko zatiak ere zeharkatuko dituen. Partitura honetan Straussek heriotzaren orduari aurre egiten dio, non «arimak gorputza uzten duen bere forma loriatsuenean, betiereko kosmosean, perfekzionatua aurkitzeko, hemen lurrean bete ezin izan zuena».
Bigarren zatian, Donostiako Orfeoiak eta ahots talde batek (Sophie Harmsen mezzosopranoa, Werner Güra tenorra eta Florian Boesch baritonoa) orkestrarekin bat egingo dute Felix Mendelssohnen Walpurgisko lehen gaua kantata paganoa interpretatzeko, Goetheren libreto batean oinarritutakoa. Apirilaren 30etik maiatzaren 1erako gauean, Europako iparraldeko eta erdialdeko zati handi batek Walpurgis gaua ospatzen du. Pagano jatorriko jaia da, Alemania, Suedia, Herbehereak edo Finlandia bezalako herrialdeetan errotua, Santu Guztien jaiegun katolikoaren aurka (azaroak 1) sortu zena. Data ez zen zoriaren ondorio izan: sei hilabete dira, hain zuzen, bata eta bestearen artean igarotzen direnak. Jaia udaberriarekin eta sorginekin lotzen da, eta eszenifikaziorik gabeko opera gisa garatzen da, bakarlariekin eta koruarekin, hainbat pertsonaia interpretatuz. Donostiako Orfeoiak paper nagusi eta protagonista bat izango du obra honetan eta aktiboki parte hartuko du ekintza dramatiko eta musikalean, batzuetan udaberriko erritualak ospatu nahi dituen herri pagano gisa eta beste batzuetan indar superstiziosoak (deabruak eta espirituak), kristau inbaditzaileak uxatzeko.
Alexander Liebreich, Valentziako Orkestrako zuzendaria eta errepertorio sinfoniko-koraleko espezialista ospetsua, arduratuko da garai guztietako konpositoreek hainbesteko arreta eskaini dioten fenomeno horretara, heriotzara, hurbiltzeaz.
Programa eta interpreteak
Johann Sebastian Bach: Ich habe genug [21']
Richard Strauss: Heriotza eta itxuraldaketa [23']
Felix Mendelssohn: Walpurgisko lehen gaua [34']
Alexander Liebreich, zuzendaria
Sophie Harmsen, mezzosopranoa
Werner Güra, tenorra
Florian Boesch, baritonoa
Markus Volpert, baxua
Donostiako Orfeoia
Euskadiko Orkestra
Sarreren salmenta
Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.
Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza










