Herritarren abesbatza prest dago Baluarten, Euskaldunan eta Kursaalen ‘Abestu Euskadiko Orkestrarekin’ ekimena estreinatzeko

Vivaldiren ‘Gloria’, Sorozabalen ‘Euskalerria’ eta Bizeten ‘Carmen’ obrek irekiko dituzte Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertuak 132 herritarren ahotsekin.
Bi hilabetez buru-belarri prestatu ondoren, aste honetan herritarrak Easo Abesbatzarekin eta Euskadiko Orkestrarekin batera aritu dira entseatzen, eta iritsi da garaia Riccardo Frizza maisu italiarrak batuta altxatzeko eta musika herritarrengana hurbildu nahi duen ekimen honen emaitzak entzuteko eta ikusteko.
Kontzertuak martxoaren 13an Iruñean, martxoaren 14an Bilbon eta martxoaren 16 eta 18an Donostian izango dira. Sarrerak salgai daude 10 eta 40 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 25/26 Kontzertu Denboraldiko zortzigarren programari aurre egingo dio, ‘Schumann / Respighi’ izenekoa. Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimen parte-hartzailearen bigarren edizioaren emaitzak aurkeztuz hasiko dira datozen egunetako kontzertuak: ostiralean, martxoak 13, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; larunbatean, martxoak 14, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehenean eta asteazkenean, martxoak 16 eta 18, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Euskadiko Orkestrak 132 ahots hautatu zituen zozketa bidez 2025eko abenduan. Parte hartzeko baldintza bakarrak izan dira gutxieneko musika-prestakuntza izatea, partiturak irakurtzen jakitea eta aurreikusitako 10 entseguetara ahalik eta gehien joatea. Horiek urtarrilaren 14an hasi ziren elkartzen orkestrak Miramonen duen egoitzan, eta astero egin dira bi hilabetez, Gorka Mirandaren zuzendaritza musikalaren pean. Entseguetako azken fasean, Easo Abesbatzako 40 kidek egin dute bat herritarren abesbatzarekin laguntza emateko, eta lan hori ere egingo dute eszenatoki gainean kontzertuetan.
600 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena ekimen honetan, eta hautaketarako ahots soprano, mezzosoprano, kontralto, tenor eta baxuen nahasketa orekatua eta askotarikoa bilatu da. Parte-hartzaileen %48 emakumeak dira eta %52 gizonak. Ahotsen aukeraketan ere belaunaldi ugariren parte-hartzea lortu da: parte-hartzailerik gazteenak 20 urte ditu eta zaharrenak 77.
Kontzertu bakoitzean gutxienez ehun ahotseko abesbatza bat igoko da eszenatokira, herritarren eta Easo Abesbatzaren ahotsen arteko nahasketa izango duena. Herritar bakoitzak bina kontzertutan parte hartuko du.
Guztira hamabost minutu inguru egongo da korua eszenatoki gainean kontzertu bakoitzean, eta Antonio Vivaldiren Gloria, Pablo Sorozabalen Euskalerria eta Georges Bizeten Carmen. Martxa eta korua interpretatuko ditu.
Ekimen hau ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako proiektu honetan, beste hainbat bazkiderekin batera, tartean, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L’Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra, eta Pauko Orkestra.
Johannes Moser eta Riccardo Frizza
Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren ostean, Erromantizismoko biolontxelorako kontzertu handietako bat izango dugu hitzorduen lehen zatian: Robert Schumannek 1850ean Dusseldorfen ezarri eta gutxira idatzi zuena. Hilabete zoriontsu haietan —hain bakanak bere biografia dohakabean—, sormen-eztanda bat bizi izan zuen Schumannek, eta hortik sortu zen kontzertu bizi eta katramilatsu hau. Johannes Moser biolontxelojole alemaniarrak emango dio bizia obrari, Berlingo Filarmonikoa, New Yorkekoa eta Los Angelesekoa bezalako orkestra bikainekin aritu ohi dena.
Riccardo Frizza italiar zuzendariak lagunduko dio Moserri, zeinarekin Euskadiko Orkestrak ABAO Bilbao Operako zulogunean hainbeste gau, sinfonikoak zein operistikoak, partekatu dituen, eta oraingoan bere konpositore herrikide baten musika aurkeztuko digu. Horrela, kontzertuen bigarren zatian, Alemaniatik Italiara bidaiatuko dugu Ottorino Respighik Erromako hiriari eskainitako bi poema sinfonikoren bidez. Poemak paisaia-inpresionismo hutsetik askoz harago doaz: Fontane di Roma (1916) eta Pini di Roma (1924).
Sarrerak salgai
Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.
Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza










