Martin Grubinger multiperkusionista ezaguna estreinakoz arituko da Euskadiko Orkestrarekin

Euskadiko Orkestrak pauso sendoz ekingo dio 2012 urteari, bere 30. urteurreneko urteari, nazioarte mailan gailenena den Martin Grubinger multiperkusionistaren eskutik (Salzburg, 1983). Musikari gazte honek egunaren 24 orduetan bizi du perkusioa eta ez ditu bakarrik perkusioaren familia osatzen duten instrumentu guztiak jotzen, ukitzen duen oro perkusio bilakatzen baitu. Energia eta grina kutsakorrak definitzen dute musikari honen interpretazioa. Errezital moduan, orkestra sinfoniko batekin edo beste edozein formatutan, bere emanaldi bakoitzak eragindako energia galera prestakuntza fisiko gogor baten bidez orekatzen du. Esklusiban Deutsche Grammophon disko etxearentzat grabatzen duen Martin Grubingerren dinamismo eta aldakortasunak dimentsio berri bat eman dio perkusioari.
Euskadiko Orkestrarekin debuta egiteko, Andrés Orozco-Estradak zuzenduko duen 6. Abonu-programaren baitan, Avner Dorman israeldar konpositore gazteak 2007an sortu eta Grubingerrek berak estreinatutako Frozen in Time perkusio eta orkestrarako kontzertua interpretatuko du. Programa hau osatuko duten kontzertuak izango dira urtarrilaren 13 eta 16an Donostiako Kursaalean, 14an Bilboko Euskaldunan, 17an Iruñeako Baluarten eta, azkenik, 18an Gasteizko Principal Antzokian.
Kontzertuak eta Sarrerak Abendua








