2018/2019 Denboraldiari buruzko informazio guztia

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak amaitu berri du 2017/2018 Denboraldia arrakasta osoz, eta dagoeneko hurrengo Denboraldian du jarrita begirada.
Jada kontsulta dezakezu irailean hasiko den Abonu Denboraldi berriari buruzko informazio guztia: kontzertu guztien datak, programak, artista gonbidatuak eta abonamendu berriak. Sarrera solteak abuztuaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019ko Abonu-Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean, eta ekainaren 13an bukatuko da Gasteizen. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu Bilbo, Donostia (bi saio), Gasteiz eta Iruñeko bere egoitzetan eta, beraz, Abonu-Denboraldian 50 kontzertu egingo dira guztira.
Hurrengo Abonu-Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu. Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz.
Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik. Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.
Izan ere, Treviñok “erresistentzia, gatazka, berradiskidetzea” kontzeptuei erreparatzea proposatu du denboraldi honetan (2017/2018), Xostakovitx eta Brittenen bitartez. Alabaina, 2018/2019 denboraldian, “aldaerak” kontzeptuari helduko dio: etengabeko bilakaeran diren aldaerak, betiereko aldaerak, zalantzazko aldaerak, arrakastarenak. Horretarako, hiru musikagileri jarri die arreta: Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. Hiru musikagile handi, elkarrekin lotura gutxikoak, baina bizipen eta emozio pertsonal komunak dituzte: ziurgabetasuna eta deserrotzea. Treviñok gonbita egiten die entzuleei bere artearen bidez sentimendu horiek bizitzera, pertsona guztiak senti baitaitezke identifikatuta horiekin. Emozio-, tinkotasun- eta gainditze-mezu bat helarazi nahi du.
DENBORALDI BERRIAREN IRUDIA
Irudia, oraingoan ere, hauslea, modernoa eta freskoa da. Ikusizko sinfonia original hau konposizio metaforiko modukoa da, eta ikuslearen arreta piztu nahi du, hura liluratu eta hark begiradarekin entzun dezan sustatu. Zentzu horretan, denboraldi berriko programak ilustratzen dituzten konposizio grafikoak bina elementu elkartuta sortzen dira, biak ere teknika edo baliabidez ezberdinen bidez irudikatuak: grabatua edo aintzinako ilustrazioa, batetik, eta argazkia, bestetik. Gaurkoa eta atzokoa, iraganean idatzitako musika eta orainaldian interpretatzen dena. Bi elementuak batuta, objektu berri bat sortzen da, izenburu bakoitza ilustratzen duen harmonia bisuala, ikuslearen interpretazio propiora irekitako esanahi bisuala.
GAINONTZEKO ZIKLOAK
Abonu Denboraldiaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere ohiko zikloekin ere jarraituko du 2018/2019an.
Batetik, Miramongo Matinéeak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-zikloak, 27 urte beteko ditu aurten, eta kolore eta lurrin ugariz beteta etorriko da. Betiko moduan, presentzia nabarmena izango dute bertan Orkestrako musikariek osatutako taldeek, zeintzuek izen handiko egileen obra berrikusten jarraituko duten, baita lurralde berriak arakatzen ere. Horrez gain, gonbidatu bereziak ere izango ditu zikloak. Uda ostean emango da ezagutzera programazio osoa.
Bestetik, Musika Gela zikloaren barruan Familia Kontzertuak, Eskola Kontzertuak, Sentsibilizazio Tailerrak, Ikastetxeetako Tailerrak, Orkestraren egoitzara egindako bisitak eta askoz gehiago eskaintzen jarraituko du Orkestrak, oso gaztetatik musika-zaletasunean hezteko eta musika-hezkuntza arautua babesteko.
NAZIOARTEKO BIRA
Ekain hasieran ezagutzera eman zenez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Denboraldiko nobedade nagusietako bat da abenduan egingo duen nazioarteko bira Europako erdiguneko hiru hiritan, zeintzuek tradizio musikal handia eta publiko zorrotza duten: kontzertu horietako bi Austriako bina hiritan izango dira, Linz eta Bregenzen; eta bestea Alemanian, Municheko Herkulessaal ospetsu eta gutiziatuan. Hiru kontzertuak publikoaren babes eta aintzatespena duten abonu-zikloen baitan egingo dira.
Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza

