Sarrerak salgai Donostiako urtarrileko Musika Familian kontzertuetarako

Dagoeneko eskuratu daitezke sarrerak ‘Living Room Music’-erako, urtarrilaren 22an Miramonen izango dena saio bikoitzean (11:00 / 12:30), eta ‘Euskadiko Orkestra Cirkus’-erako, urtarrilaren 29an Kursaaleko ganbera-aretoan (18:00).
Eskola Kontzertu gisa eman ostean, Euskadiko Orkestraren ekoizpen propio hauek orain familiei zabalduko zaizkie.
Euskadiko Orkestrak Musika Gela zikloaren baitan haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 25 urte daramatza orkestraren egitarauan.
Atal honen barruan bi ekoizpen eskainiko dira Donostian 21-22 Denboraldian: Living Room Music, urtarrilaren 22an Miramonen izango dena saio bikoitzean (11:00 / 12:30), eta Euskadiko Orkestra Cirkus, urtarrilaren 29an Kursaaleko ganbera-aretoan (18:00). Ikuskizun hauetarako sarrerek 3 eta 7 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira. Kursaalen leihatilan eta webgunean ere egongo dira salgai.
Batetik, 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako Living Room Music ikuskizunak honako istorio hau kontatzen du: lau musikari berrogeialdia egin behar izatearen ondorioz harrapatuta geratzen dira urrutiko hiri bateko apartamentu batean. Familiako kideengandik urrun, derrigorrez konfinatuta, nahasita eta urduri samar, musika pixka bat egiteko aukera ematen duten etxeko elementu guztiak aztertzen dituzte. Anthony Lafargue, Hector Marques, Igor Arostegi eta Gorka Catediano perkusiojoleak izango dira protagonistak, Ana Hernandez Sanchiz aktorearekin batera.
Bestetik, 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzako Euskadiko Orkestra Cirkus ikuskizuna alaitasun eta fantasiazko eztanda bat da, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako musiken bidez sortutakoa. Pieza txiki eta dibertigarriak, horien estiloaren adierazgarri bikainak direnak eta kolorez, exotismo melodiko eta tinbrikoz beterik daudenak. Kontzertu honek gure entzule txikiei musikaren magia helaraziko die, zirkuaren magiari lotuz. Orkestrako musikariek osatutako talde instrumentalak interpretatuko du musika, eta lagun izango ditu Irati Gonzalez Jaimerena eta Koldo Arakistain akrobatak eta ‘Pituxa’ clowna (Itziar Saenz de Ojer).
Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Euskadiko Orkestra Cirkus, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da
Musika Familian kontzertuak Gasteizen
Bestalde, Euskadiko Orkestrak beste bi Musika Familian kontzertu eskainiko ditu Gasteizen: urtarrilaren 30ean (17:00 / 18:30) Garcia Lorca Antzokiak arestian aipatutako Euskadiko Orkestra Cirkus hartuko du, eta apirilaren 10ean Principal Antzokian Botadun katuaren txanda izango da, Per Poc txotxongilo-taldearen ekoizpena, lehendabizikoz euskaraz emango dena. Ikuskizun hauetarako sarrerak urtarrilean zehar jarriko dira salgai.
Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute.
Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza



