BOS eta Euskadiko Orkestraren perkusiojoleek elkarrekin eskainiko dute larunbat honetako Miramongo Matinéea

Bi orkestretako tinbal eta perkusio sailetako zortzi musikarik osatutako taldeak programa heterogeneoa eskainiko du larunbat honetan, azaroak 15, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak bukatu egin dira.
Larunbat honetan, azaroak 15, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hirugarren hitzordua izango da, BosEo Percussion Groupek eskainiko duena. Ganbera-proposamen oso berezia izango da, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta Euskadiko Orkestraren tinbal eta perkusio sailen arteko lankidetzaren emaitza baita. Bi orkestretako tinbal eta perkusio sailetako zortzi musikarik osatzen dute taldea: Igor Arostegi, Elur Arrieta, Joaquin Carrascosa, Jose Luis Carreres, Anthony Lafargue, Hector Marques, Andreu Rico eta Vicent Zaragoza.
Indarrak batzeari esker, talde honek errepertorio askoz zabalagoa landu ahal izango du interpreteen kopuruari dagokionez, oso gutxitan izaten baita hain multzo ugariarentzat sortutako obrak interpretatzeko aukera. Programak soinu-ibilbide zabala eskainiko du: folklore-inspirazioko konposizioetatik hasi eta ganbera-musika “perkusiboari” aplikatutako teknologia berriak dituzten lanetaraino. Pieza bat ikusi ere egin ahal izango da, non ez den inolako instrumenturik erabiliko, baizik eta gorputzaren mugimendua bakarrik, adierazpen-bide gisa.
Era berean, nazioartean ospe handia duten musikagileen lanak interpretatuko dira: Txaikovski, Intxaur-hauskailuaren suitearen moldaketa delikatuarekin; Christopher Rouse estatubatuarra, Karibeko soinuetara garamatzan kinteto batekin; eta Steve Reich, Music for Pieces of Wood lan enblematikoarekin, kultura guztietan dagoen jatorrizko perkusio-instrumentuan oinarritzen dena: zurezko piezak.
Programa osoa
S. Reich, Music for Piece of Wood [10']
P. Jodlowski, 24 Loops [8']
H. Mancini, Bateria eta perkusio-talderako kontzertua [10']
C. Cangelosi, Theatric nº10 [3']
C. Rouse, Oogun Badagris [6']
C. Salvador, Tarkim [6']
P. I. Txaikovski, Intxaur-hauskailua [15']
Sarrerak bukatuta
Matinée honetarako sarrera guztiak saldu egin dira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Kontzertuak eta Sarrerak Azaroa









