Johannes Moser txelojole entzutetsua izango da Euskadiko Orkestraren Gasteizko hurrengo kontzertuaren protagonista

Alemaniar-kanadiarrak Schumannen ‘Biolontxelorako kontzertua’-ri egingo dio aurre Riccardo Frizzaren batutapean. Programaren bigarren zatian Ottorino Respighik Italiako hiriburuari eskainitako bi poema sinfoniko eskainiko ditu orkestrak: ‘Fontane di Roma’ eta ‘Pini di Roma’.
Kontzertua asteartean izango da, martxoak 17, Jesus Guridi Kontserbatorioan.
Euskadiko Orkestrak astearte honetan, martxoak 17, 19:30ean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan ‘Schumann / Respighi’ kontzertua eskainiko du.
Erromantizismoko biolontxelorako kontzertu handietako bat izango dugu hitzorduen lehen zatian: Robert Schumannek 1850ean Dusseldorfen ezarri eta gutxira idatzi zuena. Hilabete zoriontsu haietan —hain bakanak bere biografia dohakabean—, sormen-eztanda bat bizi izan zuen Schumannek, eta hortik sortu zen kontzertu bizi eta katramilatsu hau. Obrak biolontxeloaren lirismoa lehenesten du birtuosismoaren aurrean, motibo musikalak partekatzen dituzten hiru mugimendu loturekin. Musikagilea hil ondoren estreinatu eta harrera hotza egin zioten arren, biolontxelorako errepertorioko funtsezko pieza bihurtu da denborarekin.
Johannes Moser biolontxelojole alemaniarrak emango dio bizia obrari, Berlingo Filarmonikoa, New Yorkekoa eta Los Angelesekoa bezalako orkestra bikainekin aritu ohi dena. Txelojolea Euskadiko Orkestraren Denboraldi Sinfonikoan izango den hirugarren aldia da, 2011 eta 2014an egindako bisiten ondoren. Gainera, 2020an, Moserrek Fernando Velazquezen Biolontxelorako kontzertua grabatu zuen gure orkestrarekin batera.
Riccardo Frizza italiar zuzendariak lagunduko dio Moserri, zeinarekin Euskadiko Orkestrak ABAO Bilbao Operako zulogunean hainbeste gau, sinfonikoak zein operistikoak, partekatu dituen, eta oraingoan bere konpositore herrikide baten musika aurkeztuko digu.
Horrela, kontzertuen bigarren zatian, Alemaniatik Italiara bidaiatuko dugu Ottorino Respighik Erromako hiriari eskainitako bi poema sinfonikoren bidez. Poemak paisaia-inpresionismo hutsetik askoz harago doaz. Fontane di Roma (1916) Respighiren Trilogia erromatarraren lehen poema sinfonikoa da. Bertan, egileak Erromako lau iturri erretratatzen ditu egunean zehar —egunsentitik ilunabarrera—, hiriko paisaia eta atmosfera ezberdinak gogora ekartzen dituen orkestrazio koloretsu baten bidez. Pini di Roma (1924) trilogiaren bigarren poemak erromatar pinu enblematikoen ondoan kokatutako eszenak deskribatzen ditu, Villa Borgheseko haur-jolasetatik hasi eta Via Apian aurrera zihoan erromatar legio baten ikuspegi solemneraino, orkestraren amaiera boteretsu batean amaituz.
Greba orokor deialdia
Euskadiko Orkestrak Gasteizen emango duen kontzertuarekin bat etorriz, bihar, asteartea, martxoak 17, hainbat sindikatuk greba orokorra deitu dute Euskadin lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eskatzeko. Hitzordu musikalaren ospakizuna, beraz, grebaren jarraipenaren araberakoa izango da. Kontzertua bertan behera utziz gero, horren berri emango diegu Euskadiko Orkestrako abonatuei aurreko orduetan.
Kontzertuak eta Sarrerak Martxoa






