Ostirala 14 Urria, 2022

40 jarduera baino gehiago Musika Gela zikloaren 22-23 Denboraldian

40 jarduera baino gehiago Musika Gela zikloaren 22-23 Denboraldian

Euskadiko Orkestrak lau ekoizpen propio aurkeztu eta estreinatuko ditu hezkuntza-zikloaren Denboraldi berriaren baitan: ‘Ondinaren magia’, musika, magia eta fantasia uztartzen dituen eta egunotan estreinatu dena; ‘Living Room Music’, pasa den Denboraldian bertan behera utzi ostean berreskuratzen dena; ‘Boléro’, Ravelen obra handia plater nagusitzat duena; eta ‘Elkarrekin sortu’, publikoaren eta musikarien elkarlanaren bidez garatuko den ikuskizun teknologiko-musikala.

Zikloaren ardatz nagusi diren Eskola Kontzertu eta Musika Familian kontzertuen eskaintza zabala hiru Entsegu Irekirekin eta beste jarduera batzuekin osatuko da.

Jaitsi prentsa-materiala hemen

Covid-19aren mundu mailako pandemiaren ondorioz programazioa murriztuta izan zuten bi denboraldiren ondoren, indartsu itzuli da Euskadiko Orkestraren hezkuntza-zikloa, Musika Gela, 40 jarduera baino gehiagorekin. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira, aurtengoan 3 urtetik hasi eta 12 urteraino.

Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz.

Denboraldi honetan lau produkzio propio prestatu ditu orkestrak. Lehenik eta behin, gure publiko gazteenarentzat Ondinaren magia izeneko kontzertu bat diseinatu dugu, musika eta magia uztartzen dituena maitagarrien eta ondinen abenturen kontakizun original baten bidez. Living Room Music perkusio-instrumenturik gabeko perkusio-kontzertuak konfinamendura eramango gaitu umorearen bidez krisi garaian giza sormenari balioa emateko. Ondoren, Boléro kontzertu sinfonikoa etorriko da, eta bertan gure ikasleek historiako crescendorik ospetsuenaz gozatzeko aukera izango dute, baita kontzertu honetarako bereziki sortutako koreografia batean parte hartzekoa ere. Eta, azkenik, Elkarrekin sortu, adin guztietarako kontzertu berritzailea, non publikoa entzungo ditugun musiken funtsezko parte izango den.

Lau produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 11.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. 100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Alkiza, Azpeitia, Berrobi, Donostia, Gasteiz, Lizartza, Mendaro, Olaberria, Orio, Urretxu, Zerain, Zestoa eta Zumaia. Eskola Kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren eta Kursaal Eszenaren lankidetza dute gaur egun.

Bestalde, ekoizpenak Musika Familian kontzertu formatuan eskainiko dira Donostian eta Gasteizen. Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 26 urte daramatza orkestraren egitarauan. Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Elkarrekin sortu, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute. Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 8 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira, ikuskizunen datak hurreratu ahala. Dagokion aretoaren leihatiletan eta webguneetan (kursaal.eus, principalantzokia.org) ere egongo dira salgai.

Jarraian ekoizpenei buruzko informazio xehea aurki daiteke, baita Eskola Kontzertuen eta Musika Familian kontzertuen datak ere:

1. ONDINAREN MAGIA

3 < 6 urte
40’

Maite Abasolo*, biola
Ander Erburu*, flauta
Iván Bragado*, harpa
Txan Magoa
Ana Eguiazabal,
aurkezlea
Mikel Cañada, gidoia

* Euskadiko Orkestraren kidea

Lehendabiziko aldia da ziklo honetako familientzako kontzertuetan magia txertatzen dela ikuskizun baten protagonista gisa eta, beraz, esperientzia erabat berria izango da Ondinaren magia-k eskainiko duena. Ondinak misterioaren eta herri-kondairen parte dira. Greziar mitologian Mediterraneoan bizi ziren uretako ninfei esaten zitzaien ‘ondinak’. Eta, hain zuzen, ikuskizun honek ondina baten istorioa kontatzen du, arratsaldeetan hondartzan arrain bihurtzen den eta, bere abenturen artean, mago batekin topo egiten duen neska batena. Naturaren elementuekin jolastuz, lau magia-saio eskainiko dira ikuskizunaren baitan. Musika ere oso berezia izango da, eta hiru instrumenturen bidez interpretatuko da: uhinak eta itsas sakona irudikatzen dituen harpa, haizearen misterioak kontatzen dituen flauta eta lurrari eta haren misterioei buruz hitz egiten duen biola. Kontzertu honetarako propio sortutako kontakizun baten bidez, eta Duboit, Jolivet, Ravel edo Debussy bezalako egileen musikarekin, gure sentimenekin jolas egingo dugu arteez gozatzeko.

ESKOLA KONTZERTUAK
Urriak 13, 14, 17, 18, 19, 20

9:45 / 11:15
Miramon
Haur Hezkuntza

MUSIKA FAMILIAN
Donostia
Urriak 15

11:00 / 12:30
Miramon

Gasteiz
Otsailak 26

17:00 / 18:30
García Lorca
 

2. LIVING ROOM MUSIC

6 < 12 urte
55’

Anthony Lafargue*, perkusioa
Héctor Marqués*, perkusioa
Igor Arostegi*, perkusioa
Gorka Catediano, perkusioa
Ana Hernández Sanchiz, aktorea
Mikel Cañada, gidoia

*Euskadiko Orkestraren kideak

Lau musikari berrogeialdia egin behar izatearen ondorioz harrapatuta geratzen dira urrutiko hiri bateko apartamentu batean. Familiako kideengandik urrun, derrigorrez konfinatuta, nahasita eta urduri samar, musika pixka bat egiteko aukera ematen duten etxeko elementu guztiak aztertzen dituzte: mahaiak, koilarak, haizemaileak, ura, lanparak, loreontziak, eskailerak, zabor-ontziak, eskuak, ahotsak... Kanpoaldearekin duten kontaktu bakarra auzotar indiskretu bat da, beren egoera berean dagoena. Hura auzokideen "zarata" izugarriengatik pazientzia galtzen hasten da eta etengabe gogaitzen jardungo da...

ESKOLA KONTZERTUAK
Urtarrilak 18, 19, 23, 24, 25, 26

9:45 / 11:15
Miramon. Orkestraren egoitza
Lehen eta Bigarren Hezkuntza

MUSIKA FAMILIAN
Donostia
Urtarrilak 21

11:00
Miramon. Orkestraren egoitza

 

3. BOLÉRO

6 < 12 urte
50’

Euskadiko Orkestra
Nelly Guilhemsans
, koreografia
Kilika, txotxongilo-konpainia
Ana Eguiazabal, aurkezlea
Mikel Cañada, gidoia

Jakin izan denez, Boléro balletaren melodia ospetsua Maurice Raveli pijaman zegoela otu zitzaion, bere jaioterri Ziburuko hondartzara igeri egitera joan aurretik. Konpositoreak ez zuen sekula imajinatuko 1928ko udako goiz hartan behin baino gehiagotan pianoan hatz bakar batekin interpretatu zuen melodia hori gaur egun ere, ia 100 urte geroago, mundu osoko kontzertu-aretoetan gehien interpretatzen den piezetako batean bihurtuko zenik. Euskadiko Orkestrak obra hau interpretatuko du gure publiko gaztearentzat, Ravelek konposatutako beste ballet batekin batera, Ma mère l’oye, publiko guztia mugimenduan jarri nahi duen proposamen eszeniko batekin.

ESKOLA KONTZERTUAK
Martxoak 20, 21

9:45 / 11:30
Kursaal
Lehen Hezkuntza

 

4. ELKARREKIN SORTU

6 < 12 urte
55’

Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zein soinu izango lukeen marrazki edo eskultura batek? Zer sonoritatek adieraziko luke hobeto haizea edo euria? Nola deskribatuko zenuke musikarekin mugimendu bat? Lerro bat, marrazki bat? Sentimendu bat? Begirada bat? Kontzertu honetan, Euskadiko Orkestrako musikariek galdera horiei musikarekin jolastuz erantzuteko erronka izango dute, gure publiko gaztearen proposamenak eta gaurkotasun handiko errepertorioa oinarri hartuta. Pantaila batekin, ordenagailu batekin eta musika-teknologia aurreratuenarekin, interpreteek eta ikus-entzuleek musika-konposizioaren sekretuak ezagutzeko jolasa partekatuko dugu.

MUSIKA FAMILIAN
Donostia
Maiatzak 6

18:00*
Kursaal. Ganbera Aretoa

Gasteiz
Maiatzak 7

18:00*
Principal Antzokia

 

*Kontzertu bakoitzaren aurretik, 16:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa.
IZEN-EMATEA:
Donostia / San Sebastián
943 00 31 70
Vitoria / Gasteiz
945 16 10 45

 

 

Hiru Entsegu Ireki eta beste jarduera batzuk

 

Kontzertu-eskaintza zabal hau are gehiago osatuko da beste ekintza batzuekin. Musika Gelak berriz helduko die Entsegu Irekiei. Entsegu hauek kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei, besteak beste, daude irekiak, eta aukera eskaintzen dute orkestrak kontzertu baten aurretik egiten duen azken lana gertutik ezagutzeko. Denboraldi honetan hiru Entsegu Ireki eskainiko dira:

 

Otsailak 3 (11:00), Kursaal:
L.V. Beethoven: 5. Sinfonia
Dinis Sousa, zuzendaria

 

Martxoak 10 (11:00), Kursaal:
J. Adams: Doctor Atomic Symphony
Roderick Cox, zuzendaria

 

Maiatzak 4 (11:00), Kursaal:
S. Prokofiev: Romeo eta Julieta
Karel Mark Chichon, zuzendaria

 

Gainera, orkestrak Musika Gelaren azken aldiko ekoizpen arrakastatsuenetako bat berreskuratuko du, Euskadiko Orkestra Cirkus, kasu honetan Durangoko Musika Hamabostaldiaren baitan eskaintzeko, azaroaren 12an, 17:30ean, San Agustin Antzokian. Kontzertu honek malabareak, clowna, ekilibristak eta surrealismoaren eta herrikoiaren artean dagoen musika uztartuko ditu.

Era berean, ikastetxeetako irakasleentzako tailerrak egiten jarraituko da, Eskola Kontzertuak aldez aurretik prestatzeko helburuarekin.

 

 

Musika Gela YouTuben

 

Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Euskadiko Orkestra Cirkus, Living Room Music, Mozart, Nannerl eta Lagunak, Ekomusik eta Isiltasunaren haitzuloa. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.

 

 

Lankidetza-sare zabala

 

Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena eta El Diario Vasco.

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza

1 Og
2 Or
3 Lr
4 Ig
5 Al
6 Ar
7 Az
8 Og
9 Or
10 Lr
11 Ig
12 Al
13 Ar
13 maiatza, 2025 Asteartea, 12:00 h.
Musika Gela Eskola Kontzertuak: Logelan Logale Juanjo Ocón Donostia / San Sebastián
Eskola Kontzertuak: Logelan Logale
14 Az
14 maiatza, 2025 Asteazkena, 12:00 h.
Musika Gela Eskola Kontzertuak: Logelan Logale Juanjo Ocón Donostia / San Sebastián
Eskola Kontzertuak: Logelan Logale
15 Og
15 maiatza, 2025 Osteguna, 12:00 h.
Musika Gela Eskola Kontzertuak: Logelan Logale Juanjo Ocón Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Eskola Kontzertuak: Logelan Logale
16 Or
17 Lr
17 maiatza, 2025 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 15. Matinéea: Belharra Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
15. Matinéea: Belharra
18 Ig
19 Al
20 Ar
21 Az
22 Og
23 Or
24 Lr
25 Ig
26 Al
27 Ar
28 Az
29 Og
30 Or
30 maiatza, 2025 Ostirala, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Mahler Alexandre Bloch Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
Mahler
31 Lr
31 maiatza, 2025 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 16. Matinéea: Barrococo Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
16. Matinéea: Barrococo