‘Abestu Euskadiko Orkestrarekin’ ekimenaren hirugarren edizioak 132 ahotsak baditu dagoeneko

Atzo egin zen Miramonen herritarren abesbatza osatuko duten 132 ahotsen esleipen zozketa. Entseguak irailaren 16an hasiko dira eta bi hilabetez luzatuko dira. Horren ostean, abesbatza prest egongo da Baluarte, Euskalduna eta Kursaaleko eszenatokietara igotzeko azaroaren 24tik 27ra.
Ekainaren 10ean ireki zen Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektuaren hirugarren edizioan izena emateko epea. Proiektu horretan, abeslari ez-profesionalek Euskadiko Orkestrarekin hiru eszenatoki handitan (Baluarte, Euskalduna eta Kursaal) abesteko aukera dute. 132 ahots bilatzen ziren, baldintza bakarra izanik gutxieneko musika-prestakuntza izatea eta partiturak irakurtzen jakitea.
Izena emandako ehunka ahotsetatik 132 aukeratu ahal izateko, atzo, ekainak 25, zozketa publikoa egin zen Miramonen, eta emaitzak dagoeneko ikusgai daude hemen.
Zozketan 34 soprano, 32 kontralto, 32 tenor eta 34 baxu aukeratu dira. Gainera, adin-tarte eta jatorri desberdinen presentzia ahalik eta gehien orekatu nahi izan da, eta horretarako taldez taldekako zozketa egin da, ahots mota, lurralde eta adin-taldearen arabera, alegia.
Hautatutako 132 ahotsak 66 ahotseko bi abesbatzatan banatu dira, A abesbatza eta B abesbatza izenekoak, kontzertu sinfonikoetan antolaketa, logistika eta banaketa errazteko. A abesbatza Gipuzkoa eta Nafarroako ahotsez osatuta dago, eta Baluarteko kontzertuan eta Kursaaleko lehenengoan parte hartuko du. B abesbatza Bizkaiko eta Arabako ahotsek osatzen dute, eta Euskaldunako kontzertuan eta Kursaaleko bigarrenean parte hartuko du.
Entsegu-plana
Abesbatza bakoitzak hamar entseguren plan espezifikoa izango du, baina horietako lau entsegu partekatuak izango dira bi taldeentzat. Entsegu gehienak Miramonen egingo dira, irailaren 16tik azaroaren 20ra bitartean. Bigarren, hirugarren eta laugarren entseguak Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan errepikatuko dira, Bizkaitik eta Arabatik datozenei sarbidea errazteko. Entsegu-egutegi osoa hemen kontsulta daiteke. Lehen entsegua baino lehen, ahots- eta piano-partitura eta ahotsen grabazioak jarriko dira parte-hartzaileen eskura.
Kontzertu sinfonikoak
Proiektua Denboraldi Sinfonikoaren barruan ikusaraziko da, Falla / Debussy / Stravinski izeneko hirugarren programa sinfonikoaren baitan eta Lucas Maciasen zuzendaritzapean. Kontzertuak honako egunetan izango dira: azaroaren 24an Iruñeko Baluarte Auditoriumean, azaroaren 25ean Bilboko Euskalduna Jauregian, eta azaroaren 26 eta 27an Donostiako Kursaal Auditoriumean.
Errepertorio berria hiru lanek osatuko dute: Vivesen Doña Francisquitako 'Coro de Románticos', Sorozabalen Hara nun diran edo Verdiren I Lombardi operako 'O Signore, dal tetto natio'. Horren guztiaren interpretazioak (abesbatza misto eta orkestrarako) kontzertuen 10 eta 15 minutu artean hartuko ditu. Herritarren abesbatzari laguntzeko, Gorka Miranda arituko da zuzendari eta Easo Abesbatzako 40 kide ere izango dira entsegu batzuetan zein eszenatokian.
Bigarren edizioaren bideo eta argazkiak
ARTIS+, artea gizarteratzeko
Ekimen hau ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako proiektu honetan, beste hainbat bazkiderekin batera, tartean, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L’Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra, eta Pauko Orkestra.
Jarduera hau ARTIS+ proiektuaren parte da, eta proiektu hau Europako Batasunak finantzatzen du %65ean Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez
Kontzertuak eta Sarrerak Ekaina






