Osteguna 18 Ekaina, 2026

Euskadiko Orkestrak 26/27 Denboraldia aurkeztu du

Euskadiko Orkestrak 26/27 Denboraldia aurkeztu du

Denboraldi Sinfonikoa hainbat proiektu berezik osatzen dute, hala nola Aita Donostiaren ‘La vie profonde de Saint François D’Assise’ obraren berreskurapenak, Bach inspirazio-iturri gisa aurkezteak, Amerika herri-tradizioaren eta energia erritmikoaren ispilu gisa, eta Mahlerren soinu-arkitektura erraldoiak. 

Programazio sinfoniko hau gauzatzeko, orkestrak nazioarteko proiekzio handiko 9 zuzendari, 6 instrumentu-bakarlari eta 3 ahots-bakarlari hartuko ditu, bai eta lurraldeko 4 abesbatza garrantzitsu ere.

Euskal izaerak presentzia nabarmena izango du konposizioaren alorrean, Aita Donostia, Sanjuan, Ozaita, Sorozabal eta Guridiren eskutik. Azken horren ‘Diez melodías vascas’ obrak lehen Euskal Jaurlaritzaren 90. urteurrena ekarriko du gogora. Interpretazioaren esparruan ere ordezkaritza handia izango du, Jone Martinez eta Luken Munguiraren ahotsekin, eta Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza, Easo Gazte eta Bilboko Koral Elkartearen parte-hartzearekin.

Orkestrak Jose Maria Sanmartin Gasteizko konpositorearen lehen grabazio sinfonikoa egingo du, haren heriotzaren 50. urteurrenean, eta Pascual Aldave nafar konpositorearen obra nagusia den ‘Akelarre’ diskoa argitaratuko du.

Euskadiko Orkestrak lehen aldiz parte hartuko du Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdian, 2027ko ekainean.

  PRENTSA-MATERIALA JAITSI 

 

 

DENBORALDI SINFONIKOAREN PROGRAMAZIOA

 

Euskadiko Orkestraren 2026/2027 Denboraldi Sinfonikoa 2026ko irailaren 25ean hasiko da Bilbon, eta 2027ko maiatzaren 31n amaituko da Iruñean. Guztira 10 programa izango dira, eta Gasteizen (10), Bilbon (10), Donostian (10x2) eta Iruñean (10) eskainiko dira. Horrek Denboraldi Sinfonikoaren barruan bakarrik 50 kontzertu egingo direla esan nahi du.

Denboraldiaren irudi berriak, eta ondoren etorriko direnek, berriz ere ikuspegi digitaletik sortutako narrazio-hizkuntza izango dute, ikus-entzunezko formatuari protagonismo berezia emanez. 26/27 Denboraldirako bibrazioa erabiliko dugu kontzeptu grafiko gisa, forma aldatzen, errepikapenak sortzen eta uhinak nahiz erresonantziak eragiten dituen efektu, erritmo edo maiztasun hori ikus-eremura eramanez. Baliabide horri esker, programa bakoitzaren gaiei, obrei eta konpositoreei lotutako konposizio erakargarriak sortu ahal izan dira. ACC Comunicacionek diseinatuko du ibilbide grafiko hori. 

 

 

Programazioaren ardatz nagusiak: hunkitzeko Denboraldia

 

Denboraldi berriak giza izaeraren galdera handietan barrena doan ibilbidea proposatzen du: bizitza eta heriotza, patua, itxaropena, memoria, identitatea edo askatasuna. Gustav Mahlerren espiritualtasunetik Dmitri Xostakovitxen tentsio politikora; Bachen soinu-unibertsotik Stravinskiren modernitatera; Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren euskal musika-ondaretik Pacho Floresen latinoamerikar bizitasunera doan bidaia.

Denboraldiko erradiografia musikalean, Aita Donostiak orain 100 urte, 1926an, Parisen estreinatu zuen La vie profonde de Saint François D’Assise obra berreskuratzeko egindako lanarekin egingo dugu dardara. Frantziako hiriburuak, abangoardiaren erdigune gisa, beste konpositore garaikide batzuk ere bildu zituen: Falla eta haren lagun Debussy eta Stravinski, adibidez. Hain zuzen ere, programa honek erakutsiko digu XX. mendeko musika berritzeko prozesuan ezinbesteko hiru zutabe bihurtu zirela. Musika-arkitekturaren beste zutabe garrantzitsu batek Bachengana eramango gaitu, aitzakia eta inspirazio gisa. Izan ere, XIX. eta XX. mendeetako zazpi sortzailek jenio alemaniarraren perfekzio teknikoa berrasmatu zuten, bizitza berria emanez. Denboran jauzia eginda, Pacho Flores venezuelarraren Amerikara iritsiko gara eta tronpetan duen birtuosismoa ezagutuko dugu, lore, tango, kantu eta bihurguneen istorioekin jolasteko.

Urte askoren ondoren, Denboraldira itzuliko dira pianoan eta musika garaikidearen historian erreferente diren bi: Christian Zacharias, pianista eta zuzendari gisa arituko dena, eta Elisabeth Leonskaja. Artista handi horien beteranotasunarekin kontrajarrita iritsiko dira abesbatzen harrobitik ateratako Luken Munguira tenorraren gaztetasun oparoa eta Jone Martinez, dagoeneko nazioartean ibilbide entzutetsua egiten ari dena. Eta lurraldeko abesbatza ugari izango ditugu ondoan: Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza eta Bilboko Koral Elkartea. Beste ahots batzuek, kasu honetan anonimoek, abesbatza berria osatuko dute Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren hirugarren ediziorako.

 

 

Euskal izaera

 

Euskadiko Orkestra musika guztion ondare den gizartean sortu zen. Ondare aberats horren gordailuzain da eta, aldi berean, hura zabaltzeko eta haren garapena sustatzeko konpromisoa bere gain hartzen du. Misio horrekin bat etorriz, orkestrak guztira zazpi euskal konpositore izango ditu Denboraldian zehar: bost atal sinfonikoan eta bi grabazioen atalean. Aita Donostiaz, Guridiz, Sanjuanez, Sorozabalez, Aldavez, Sanmartinez eta Ozaitaz ari gara. Gehienak XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran kokatzen dira, eta Parisen epizentroa izan zuen Europako abangoardiaren lekuko izan ziren.

  • Aita Donostiaren kasuan, haren asmo handieneko obra berreskuratuko da: La vie profonde de Saint François d’Assise, duela 100 urte, 1926an, Parisen estreinatua.

 

  • Jesus Guridiren Diez melodías vascas lanarekin lehen Euskal Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatuko da (1936-2026). 1941ean estreinatua, euskal errepertorioko obra enblematikoenetako bat da. Euskadiko Orkestrak askotan interpretatu du obra hau, eta haren seigarren melodia, ‘Amorosa’, ia ereserki bihurtu da bere nazioarteko biretan.

 

  • Pedro Sanjuanek Ameriketara emigratu zuen, eta bere bizitzaren zati handi bat Kuban eman zuen. Horregatik da bereziki esanguratsua Liturgia negra. Babaluayé obraren presentzia, Latinoamerikako herri-eraginez, tangoz, kantuz eta matxinadez beteriko Amerika programa sinfonikoan.

 

  • Euskadiko Orkestrak Maria Luisa Ozaitaren Siciliana lanarekin emango dio amaiera Denboraldi Sinfonikoari, konpositore, pianojole, klabezinjole eta musikologo honen heriotzaren hamargarren urteurrenean. Ozaita aitzindaria izan zen emakumeek konposatutako musikaren aitortzaren aldeko lanean.

 

  • Pablo Sorozabal izango da berriro ere euskal errepertorioaren protagonista Abestu Euskadiko Orkestrarekin programaren hirugarren edizioan. Oraingo honetan, ahots anonimoen abesbatzak bere egingo du Jose Maria Iparragirrek sortu eta kantatutako, eta Pablo Sorozabalek moldatutako Hara nun diran obra.

 

  • Jose Maria Sanmartinek eta Pascual Aldavek leku nabarmena izango dute Denboraldiko diskografia-atalean. Gasteizko Sanmartín konpositorearen obraren berreskurapenak bidegabe ahanzturan eroritako sortzaile baten berraurkikuntza baliotsua ekarriko du. Bestalde, interes handiz espero dugu dagoeneko grabatua dagoen Pascual Aldaveren Akelarre obraren grabazioa argitaratzea.

 

Luken Munguira tenorea, Jone Martinez sopranoa, Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza eta Easo Gazte, Bilboko Koral Elkartea eta Abestu Euskadiko Orkestrarekin abesbatza dira Denboraldiaren euskal izaera biziaren erakusgarri. Haien parte-hartzeak agerian utziko du orkestrak euskal kulturarekin, hura egunero aberasten eta bultzatzen dutenekin, eta musikan bere adierazpiderik baliotsuenetako bat aurkitzen duen gizartearekin duen konpromisoa.

Eta ez da garrantzi txikiagokoa izango Juanjo Menaren parte-hartzea. Musika Hamabostaldiaren barruan zuzenduko du Euskadiko Orkestra, abuztuan, Victoria Eugenia Antzokian.

 

 

Artistak

 

Orkestrak berriro ere artista ugari hartuko ditu bere programazioan: bederatzi zuzendari, sei instrumentu-bakarlari, hiru ahots-bakarlari eta lau abesbatza. Horietan nazioarteko musikaren elitea eta gure orkestrak bultzatzen dituen birtuosismo handiko nahiz hastapenetako ibilbide artistikoak uztartuko dira.   

 

ZUZENDARIAK
Bi emakume zuzendari izango dira lehen aldiz podium honetara igoko diren zuzendari gonbidatuen zerrendaren buru: Marzena Diakun eta Delyana Lazarova. Lehen aldiz ariko dira, halaber, Paul Goodwin eta Philipp von Steinaecker. Eta berriz etorriko dira Lucas Macias (lehen aldiz Denboraldi Sinfonikoan, eta bi programa zuzenduko ditu), Ernest Martínez Izquierdo, Manuel Hernandez-Silva, Christian Zacharias eta Pablo Gonzalez.

INSTRUMENTU-BAKARLARIAK
Denboraldi honetan pianoaren eta gaur egungo musikaren historiako bi figura handi izango ditugu berriro Orkestrarekin: Christian Zacharias, pianojole eta zuzendari gisa arituko dena, eta Elisabeth Leonskaja. Josu de Solaun izango da pianoko beste bakarlarietako bat. Akiko Suwanai gaur egun nazioarteko biolinjolerik onenen artean dago. Pacho Flores venezuelarrak erakutsiko du munduko tronpetajolerik onenetako bat dela, eta Marcel Montcourt izango du lagun Venezuelako cuatroa jotzen.

AHOTS-BAKARLARIAK
Ahotsen atalean Jone Martinez soprano bizkaitarra, Nadezhda Karyazina mezzosopranoa eta Luken Munguira tenorea izango ditugu.

ABESBATZAK
Abesbatzen ekarpena funtsezkoa izango da musika-orri handiekin bibratzeko. Donostiako orfeoia ezinbesteko protagonista izango da Denboraldiaren hasieran, Mahlerren Bigarren Sinfoniaren interpretazioarekin; errepertorio sinfoniko-koraleko obra ikusgarrienetako bat da. Easo Abesbatzak eta Easo Gaztek Aita Donostiaren La vie profonde de Saint François d’Assise obraren berreskurapenaren protagonista izango dira. Bilboko Koral Elkarteak Brahmsi eskainitako programa batean hartuko du parte. Programa horrek Nänie obrako malenkonia sakona eta heriotzaren inguruko gogoeta (hileta-kantua) Schicksalslied obrako bizitzaren onarpen lasai eta heroikoarekin (patuaren kantua) lotzen ditu.

Horrez gain, Abestu Euskadiko Orkestrarekin abesbatzak, bere hirugarren edizioan, Doña Francisquita zarzuelako ‘Coro de románticos’ abestiarekin, Sorozabalen Hara nun diran lanarekin eta Verdiri egindako beste keinu batekin bibratuko du: I Lombardi operako O signore, dal tetto natío piezarekin. Herritarren abesbatzan parte hartzeko epea irekita dago ekainaren 23ra arte.

 

 

Zuzendari titularra

 

25/26 Denboraldian zehar buru-belarri aritu gara datozen urteetarako zuzendari titular berriaren aukeraketan lanean, eta hurrengo hilabeteetan izango dugu haren berri emateko modua. Euskadiko Orkestra une bikainean dago. Horren erakusgarri dira kontzertu sinfonikoek lortutako emaitza onak, kritika espezializatuaren harrera baikorrak eta publikoaren erantzun apartak babestuak. Zuzendari titular berriaren izendapena iragartzearekin batera bultzada berria emango diogu Euskadiko Orkestraren ibilbideari.

 

 

 

ORKESTRAREN BESTE JARDUERA BATZUK

 

Euskadiko Orkestraren jarduera Denboraldi Sinfonikotik harago doa, eta denboraldi bakoitzean 140 jarduera baino gehiago eskaintzen ditu guztira. Atal honetan, 26/27 Denboraldiko proiekturik nabarmenenetako batzuk azpimarratuko ditugu.

 

 

Granadara bidaia, 2027ko ekainean

 

Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdia hiriko kultur hitzordu enblematikoenetako bat da, eta Alhambrako jauregietan nahiz hiriko monumentu eta txoko esanguratsuenetan egiten da. Mundu mailako figura handiek parte hartu dute jaialdi honetan, eta Europako erreferente nagusietako bat izaten jarraitzen du gaur egun ere. Euskadiko Orkestra ere bertan izango da 2027ko ekainaren 26an, 22:00etan, Alhambrako Karlos V.aren Jauregian.

 

 

Grabazioak

 

Orkestraren jardueraren beste zutabe nagusietako bat grabazio diskografikoak dira. Bere fonotekak 80 ale baino gehiago ditu dagoeneko, gehienak euskal sorkuntzari eskainiak.

Jose Maria Sanmartin Gasteizko pianojole eta konpositorea izan zen, eta bere ibilbide musikal garrantzitsua ahanzturan geratu zen denborarekin. Hil zenetik 50 urte igaro direnean, Euskadiko Orkestrak Sanmartinen obra sinfonikoaren zati bat grabatuko du, haren lana berraurkitzeko asmoz. Horrez gain, haren ibilbideari egindako omenaldi argi gisa, RTVEren Orkestra Sinfonikoak —bat-bateko heriotza gertatu zen arte pianista titular izan zuen erakundeak— eta Euskadiko Orkestrak truke bat egingo dute 27/28 Denboraldiaren hasieran. Bi orkestrek Suite arabarra interpretatuko dute, 1963an Musika Sari Nazionala eman zion obra bera.

2024an euskal musikaren XX. mendeko sinfonistarik garrantzitsuenetako baten jaiotzaren mendeurrena bete zen: Pascual Aldaverena. Azken bi urteotan, Euskadiko Orkestrak ahalegin berezia egin du Akelarre berreskuratu, interpretatu eta grabatzeko, Pascual Aldaveren bere obra nagusitzat jotzen dena. Lehen grabazio hau Denboraldian zehar aurkeztuko da. Mugarri historikoa da, eta ondare garrantzitsua utziko du euskal sorkuntza musikalaren katalogoan.  

Era berean, Euskadiko Orkestrak, EITBrekin lankidetzan, Gabonetako kanten bideoklipak grabatzen jarraituko du.

 

 

Beste ziklo eta proiektu batzuk

 

Orkestraren Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloak aurrerago aurkeztuko dira.

Orkestrak ABAO Bilbao Opera Denboraldiarekin, Bilboko Musika-Músicarekin, BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Sarien Galarekin, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin, Zinemaldiarekin, Donostiako Orfeoiaren bazkideen kontzertuarekin eta El Diario Vasco egunkariak antolatutako Gabonetako Kontzertuarekin duen konpromisoari eutsiko dio.

 

 

ARTIS+: artea, gizarteratzeko

 

ARTIS+ artea, gizarteratzeko proiektuak desgaitasunagatik edo gizarte-bazterketako egoerengatik bazterketa-arriskuan dauden biztanle-taldeetan kulturak duen eginkizuna indartzea du helburu. Hiru urteko ibilbidea du (2024-2026), eta Euskadiko Orkestrak proiektu honen helburuak bere jardueretan txertatzeko apustua egin du, bere ziklo nagusien bidez: Miramongo Matinéeak, Musika Gela eta Denboraldi Sinfonikoa. ARTIS+ lankidetza-proiektu bat da, Pirinioak ardatz hartzen dituena, eta Frantziako hegoaldearen, Euskadiren eta Kataluniaren artean garatzen dena.

Lehen bi urteetan jarduera ugari egin dira, hala nola Abestu Euskadiko Orkestrarekin, Musika tantak, Logelan logale eta Musikazaleak. Parte-hartzaileen eta publikoaren artean, ia 20.000 lagunek partekatu dute ekimen hau. Hirugarren eta azken urtean ere proiektu berriak garatuko dira, gizarte inklusiboagoaren alde hazten jarraitzeko.

 

 

ABONUAK ETA SARRERAK

 

Abonuen salmenta, uztailaren 1etik aurrera

 

Egungo abonuak berritzeko epearen ondoren, abonu berrien salmentari ekingo zaio. Abonuak uztailaren 1etik aurrera erosi ahal izango dira, euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez edo 943 01 32 32 telefonora deituta. Eskaerak jasotzen diren ordenaren arabera formalizatuko dira abonuak, eskuragarri dauden bitartean. Denboraldi berriko 10 kontzerturako abonuen prezioak 87 eurotik 252 eurora bitartekoak izango dira.

 

 

Sarrera solteen salmenta irailaren 1etik aurrera

 

Sarrera guztiak salgai egongo dira irailaren 1etik aurrera euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditorio eta leihatilen webguneetan (Gasteizen kasuan izan ezik). Sarrera solteen prezioa 10 € eta 41 € artekoa izango da. Hainbat kolektibori aplikatutako deskontuak mantendu egingo dira, baita ongien funtzionatzen duen kategorietako bat ere: Azken Ordu Gaztea, hau da, sarrerak 10 €-an eremu guztietan, 30 urtetik beherakoentzat eta kontzertua hasi aurreko 30 minutuetan.

 

 

 

ESKERRAK

 

Azkenik, Euskadiko Orkestraren jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde guztien laguntza eta babes garrantzitsua eskertu nahi ditu orkestrak: abonatuak eta publiko orokorra, erakunde babesleak eta kolaboratzaileak, eragile kulturalak, komunikabideak... Horiek guztiek egiten dute posible Euskadiko Orkestraren jarduera.

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Ekaina

1 Al
2 Ar
3 Az
4 Og
5 Or
6 Lr
7 Ig
8 Al
9 Ar
10 Az
11 Og
12 Or
13 Lr
14 Ig
15 Al
16 Ar
17 Az
17 ekaina, 2026 Asteazkena, 19:00 h.
Beste jarduera batzuk BBVA Fundazioa Jakintzaren Mugak Sariak Lucas Macías Bilbao/Bilbo
BBVA Fundazioa Jakintzaren Mugak Sariak
18 Og
19 Or
20 Lr
21 Ig
22 Al
22 ekaina, 2026 Astelehena, 19:30 h.
Beste jarduera batzuk Talentu gaztea. Apoyo al talento joven Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Talentu gaztea. Apoyo al talento joven
23 Ar
24 Az
25 Og
26 Or
27 Lr
28 Ig
29 Al
30 Ar