Musika Familian, Eskola Kontzertuak eta gizarteratzea: Euskadiko Orkestrak Musika Gela aurkeztu du Gasteizen

Euskadiko Orkestraren hezkuntza- eta gizarte-zikloak 25/26 Denboraldian 2 ekoizpen propio berri ekarriko ditu Gasteizera Musika Familian formatuan (‘Nire ama antzara’ eta ‘Arriaga bizi da’) eta bueltan ekarriko du ‘Logelan Logale’ Eskola Kontzertua. ‘Musikazaleak’ ekimena ere programatu du berriz, ibilbide luzeko proiektua, non orkestra inklusio sozialerako tresna aktibo bihurtzen den.
Horrekin guztiarekin, Euskadiko Orkestra, Gasteizko Udalaren laguntzarekin, hirian barrena hedatuko da (Garcia Lorca Antzokia, Felix Petite Kontserbatorioa eta Jesus Guridi Kontserbatorioa), musika hurbiltzeko gazteei eta, arreta bereziarekin, gizarteko sektore zaurgarrienari.
PROGRAMAZIOA
Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz. Denboraldi honetan bi produkzio propio aurkeztuko ditu Gasteizen (Nire ama antzara eta Arriaga bizi da) eta beste bat errepikatuko du, Logelan logale.
Hiru produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan, eta zikloaren ardatz nagusia dira.
Ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 29 urte daramatza orkestraren egitarauan. Arabako hiriburuko kontzertuek Gasteizko Udal Antzoki Sarearen lankidetza dute hasieratik. Ikuskizunetarako sarrerek 12 euroko prezioa dute (heldu bat + haur bat) eta vitoria-gasteiz.org eta euskadikoorkestra.eus webguneen bidez eta areto bakoitzaren leihatiletan eros ahal izango dira.
Eskola Kontzertuek hamar edizio gainditu dituzte Gipuzkoan eta denboraldi honetan bigarrenez eskainiko dira Gasteizen, kantuaren festa bat izango den ekimen batekin. Formatu hau hainbat hezkuntza-etapatako gazteei zuzenduta dago, eskola-orduetan, eta Gasteizko Udalaren laguntza dute. Ekimen honek Euskadi kantutik egituratzeko dohaina du, urtebete geroago Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bizkaiko abesbatzak proiektu honetara gehituko baitira, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioaren bitartez.
Jarraian ekoizpenei buruzko informazio xehea aurki daiteke, baita kontzertuen datak ere:
1) NIRE AMA ANTZARA
Maurice Ravelek Ma mère l’oye lana lagun batzuen seme-alabentzat idatzi zuen. Haurrentzako bost pieza azpitituluarekin, lan hau Charles Perrault idazlearen ipuinetan oinarritzen da. Elementu horietatik abiatuta, gure proposamenak hitzen ordez irudiak jarriko ditu zuzeneko musika duen itzal-antzerki batean, eta haur bakoitzaren esku utziko du kontakizunak norbere iruditerian berreraikitzeko lana. Haize-boskote batek emango dio bizia lan eder honi.
Parte-hartzaileak: Oihana Kontxeso (flauta); Oscar Diago (oboea); Luis Camara (klarinetea); François Proud (fagota); Marianne Tauzin (tronpa); Mikel Cañada (ideia); Marta Bocos (itzal-antzerkia, gidoia, gida didaktikoa).
MUSIKA FAMILIAN (3 < 6 urte)
Otsailak 1 (17:00 / 18:30), Garcia Lorca (Gasteiz)
2) ARRIAGA BIZI DA
Emiliano Arriagak, ganbara txukuntzen ari dela, biolin zahar bat aurkitu du eta, bere hari desafinatuak laztantzean, memoriaren teklak sakatu ditu. Osaba musikari Juanitotaz gogoratzen hasi da: Parisen hil zen, aspaldi, 20 urte bete baino egun batzuk lehenago... Ez dakigu ia ezer bere nortasunari buruz, ezta bere bizitzari buruz ere, Bilbo alde zaharraren eta Parisen, une horretako musika-hiriburuaren, artean igaro baitzen. Horregatik, gure kontzertuan Juanito benetan nolakoa zen asmatzera edo irudikatzera jolastuko dugu, beti bere musikaren bidez, bere garaiko beste musikari batzuen bidez eta agian bilbotar maitagarri eta bikain honekin une batez hitz egiteko aukera emango digun Adimen Artifizialaren laguntzaz.
Parte-hartzaileak: Piano eta hari-laukote taldea, Luken Munguira (tenorra).
Programa: J. C. Arriaga (Nada y mucho / Los esclavos felices / 1. Kuartetoa); M. Albéniz (Pianorako Sonata); P. Albéniz (Alboradetako soinua / San Sebastian, soinu zaharra) / Garbizu, Aita Donostia, Guridiren abestiak
MUSIKA FAMILIAN (6 < 10 urte)
Maiatzak 10 (18:00*), Félix Petite (Gasteiz)
*Kontzertuaren aurretik, 16:45ean, sentsibilizazio-tailerra eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa. Izen-ematea: 945161045
3) LOGELAN LOGALE
Irisgarritasunak eta parte-hartzeak, Musika Gelaren proposamenaren oinarri diren ardatzek, kantata honen bidez dute adierazpen gorena. Bertan, Euskadiko Orkestrak 1.000 ikaslerekin partekatzen du eszenatokia, Leire Bilbaok idatzi eta Jagoba Astiazaranek musikatutako Logelan Logale lana osatzen duten 10 abestiak interpretatzeko. Kantata honek ahalegin handia eskatzen die musikako irakasle, parte hartzen duten ikastetxe, orkestrako musikari, administrazio eta laguntzaileei eta, horri esker, ikasleek kantu sinfoniko-koralak dakarren esperientzia paregabea bizi dezakete. Euskadiko Orkestrak 2025eko maiatzean estreinatu zuen ekoizpen hau Donostian eta Gasteizen Eskola Kontzertu formatuan. Gasteizera itzuliko da aurten, San Viator, Errekabarri, Araia Herri Eskola eta Divino Maestro – María de Maeztu ikastetxeen parte-hartzearekin.
Parte-hartzaileak: Jagoba Astiazaran (jatorrizko musika); Leire Bilbao (libretoa); Euskadiko Orkestra; Juanjo Ocon (zuzendaria); Kepa Errasti (abeslari eta aktorea); Maria Goiricelaya (eszena-zuzendaria)
Programa: Preludioa / Kask-kask! / Gauaren beltza / Oheko burkoa / Gaueko / Harri, orri, ar / Mamua ote da? / Nire itzala / Hitz jolasak / Ispiluaren aurrean / Logelan logale
ESKOLA KONTZERTUAK (Lehen Hezkuntza)
Apirilak 23 (12:00), Jesus Guridi (Gasteiz)
TAILER INKLUSIBOAK: MUSIKAZALEAK
Euskadiko Orkestrak ibilbide luzea darama Musika Gelan inklusioaren alde, FEVAS Plena Inclusion Euskadiren eskutik. Bi erakundeak duela 16 urte hasi ziren elkarlanean, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta kulturarako eskubidea sustatzeko. Harrezkero, 1.600 pertsona inguruk hartu dute parte hainbat jardueretan, eta horien artean nabarmenenak, Bilbo, Gasteiz eta Donostian egin diren tailerrak eta Miramongo egoitzan egin diren kontzertuak izan dira. Jarduera horiek “Praktika On” izendatu zituen FEAPSek, Adimen ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederakuntzak. Soinu Mosaikoa egitasmoak ere lankidetza horretan du sorburua. Ekimen hori Espainiako 14 orkestretara hedatu zen, musika garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko tresna bihurtzen duen praktika aitzindari gisa. Ekimen honek CERMI 2018 sari nazionala jaso zuen musikaren bidez desgaitasunaren inklusioa sustatzeagatik.
Musikazaleakek aurten Gasteizen jarraituko du, berriz ere Usoa Fundazioaren parte-hartzearekin. Ekimena adimen- edo garapen-desgaitasuna duten hamabost bat pertsonako hiru talde egonkor osatzean datza (bana Bilbo, Donostia eta Gasteizen). Talde horiek zortzi musika-tailerretan parte hartuko dute ikasturtean zehar. Tailerrei amaiera emateko, kontzertu bat eskainiko da 2026ko ekainean, ikasturtean egindako lana erakusteko.
Tailer hauek babesle dituzte Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioa eta Gasteizko Udal Antzoki Sarea.
MUSIKA GELA YOUTUBEN
Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Logelan Logale; Ilargiari kantari; Polikinela; Living Room Music; eta Mozart, Nannerl eta Lagunak. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.
LANKIDETZA-SARE ZABALA
Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena eta El Diario Vasco.
INKLUSIOA SUSTATZEN DUTEN PROIEKTU ETA SAREAK
Musika Gela ziklo osoa ARTIS+: Artea, gizarteratzeko ekimenaren parte da. Mugaz gaindiko Europako lankidetza-proiektu honek helburu du kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea bazterketa-arriskuan dauden biztanle-taldeentzat, dela desgaitasunagatik, dela arrazoi sozialengatik. Proiektu hau 2027ra arte luzatuko da eta honako bazkideak izango ditu, besteak beste: Orchestre National du Capitole de Toulouse, Bartzelonako L’Auditori eta OBC Orkestra eta Paueko Orkestra.
Ildo beretik, Musika Gelaren programazioa Gertu Kulturaren parte da, hau da, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek kultura eskura izan dezaten laguntzeko elkartu diren kultura-programatzaileen sarearen parte.
Irabazi asmorik gabeko ekimen honen helburua kulturaren bitartez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, kultura-espazio eta -esperientzia bereziak biltzen ditu prezio oso murritzetan, lehentasunarekin eta kolektibo ezberdinen beharrak entzutean eta behar horiei erantzutean oinarritutako tratu pertsonalizatuarekin. Gertu Kultura Apropa Cultura Saretik dator; sare hori Bartzelonako Auditori musika-zentroan abiarazi zen eta, Katalunian ia bi hamarkadako ibilbidea egin ondoren, erreferentziazko sare inklusiboa da gaur egun, 190 kultura-programatzaile baino gehiagorekin, 1.800 gizarte-erakunde baino gehiagorekin eta 54 udalerri baino gehiagorekin.
ARTIS+
Ziklo hau ARTIS+ proiektuaren parte da, eta proiektu hau Europako Batasunak finantzatzen du %65ean Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.
Informazio gehiago
Logelan Logale 24/25 Gasteizen argazkia 1 (kreditua: David Azurza)Logelan Logale 24/25 Gasteizen argazkia 2 (kreditua: David Azurza)Logelan Logale 24/25 Gasteizen argazkia 3 (kreditua: David Azurza)Prentsaurrekoko argazkia25/26 Denboraldiaren programazio osoa (.pdf)Kontzertuak & SarrerakKontzertuak eta Sarrerak Otsaila














