Txaikovskiren ‘Laugarren’ ikusgarria eta Easo Abesbatzaren 60 gazte izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

‘Mamuak’ izenburupean, datozen kontzertuek barne-gatazkei, beldurrei eta gainditzeari buruz hitz egingo dute Musorgskiren (‘Gaua mendi gorrian’), Txaikovskiren (‘4. Sinfonia’) eta Gary Carpenterren musikaren bidez. Azken honen ‘Mamu kantak / Ghost Songs’ obraren estreinaldiak eramango ditu Easo Gazte eta Easo Eskolania eszenatoki gainera.
Roberto Foresek zuzenduko dituen kontzertu hauetarako guztietarako sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera.
Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 22-23 Kontzertu Denboraldiko bigarren programari aurre egingo dio, ‘Mamuak’ izenekoa. Kontzertuak Roberto Foresek zuzenduko ditu, Euskadiko Orkestraren buru lehendabizikoz arituko den Valentziako zuzendariak, eta datozen egunotan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiraletan, urriak 28 eta azaroak 4, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, urriak 31, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, azaroak 2, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegunean, azaroak 3, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Easo Abesbatzako 60 gazte igoko dira Euskadiko Orkestraren eszenatokietara Gary Carpenterren Mamu kantak / Ghost Songs obra estreinatzeko. Obra hau hiru orkestra britanikok (Royal Scottish National Orchestra, City of Birmingham Symphony Orchestra eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestra) eta Euskadiko Orkestrak elkarrekin enkargatu zuten, eta pandemiagatik atriletara eramatea ezinezkoa izan bazen ere, orain Foresen zuzendaritzapean entzun ahal izango da.
Abesbatzaren zuzendari Gorka Mirandak azaldu duenez, Easo Gazte eta Easo Eskolania abesbatzetako 11 eta 19 urte bitarteko 60 gazte hauek uda aurretik dihardute obra hau prestatzen eta orain iritsi da emaitza aurkezteko unea. “Obra honetako ezaugarri nabarmenena da abesbatza pertsonaia zentrala dela, abesbatzak du boterea eta orkestra bere zerbitzura jartzen da. Esparru sinfoniko-koralean aski zaila da horrelako ezaugarriak dituen obra bat aurkitzea”. Hogei minutuko obra hau osatzen duten sei kantuek kultur ondare anglosaxoieko testuak dituzte, gehienak Marion Angusek eta Robert Louis Stevensonek idatziak, eta mundo oniriko bat marrazten dute, mamuz, ilunabarrez, mitologiaz eta kondairaz osatua. Poemak, jatorrian ingelesez idatziak, euskarara moldatu dira azterketa sakon baten ostean eta lehendabizikoz aurkeztuko dira hizkuntza horretan.
Bestalde, kontzertu hauetako beste ardatzetako bat Txaikovskiren Laugarrena izango da. Obra autobiografikoa da, konpositoreak bertan irauli zituen bere barne-gatazkak, beldurrak eta mamuak, eta emaitza erromantizismoz, indarrez, emozioz, ñabarduraz betetako sinfonia hau da. 4. Sinfonia zorigaiztoko senar-emazte harreman traumatiko bat hasi aurretik, zirauen bitartean eta ondoren idatzia izan zen; 1878n San Petersburgon estreinatu zuten, konpositorea falta zela, eta bere obra ezagunenetako batean bilakatu da.
Obra horien aurretik naturaz gaindiko gaien inguruko beste pieza bat joko du orkestrak: Modest Musorgskik Gaua mendi gorrian konposizioan islatutako akelarrea.
Antonin Dvoraken Eguerdiko sorgina Gasteizen
Kontzertu horien gaiarekin jarraituz, Antonin Dvoraken Eguerdiko sorginak Carpenterren Ghost Songs ordezkatuko du Gasteizko egitarauan. Obra horren dimentsio teknikoak Principal Antzokiko eszenatokian interpretatzea eragozten du. Dvorakek bere abentura amerikarraren ondoren 1895ean Pragan idatzitako poema sinfoniko iluna da Eguerdiko sorgina, eta Euskadiko Orkestrak interpretatzen duen lehen aldia izango da.
Fundación Banco Sabadellen laguntzarekin
Fundación Banco Sabadell programa honen laguntzailea da.
Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza

