Kirmen Uribe estreinakoz arituko da Euskadiko Orkestraren eszenatokietan

Martxoaren 5etik 9ra Euskadiko Orkestrak bere Abonu-Denboraldiko zortzigarren programari dagozkion kontzertuak eskainiko ditu. "Mundu Berriaren Binetak" izenburupean, Kirmen Uribe estreinakoz izango da Euskadiko Orkestraren eszenatokietan eta Bilbao-New York-Bilbao (Narratiba Sari Nazionala 2008) bere eleberriko zatiak kontatuko ditu. Atriletan, berriz, Copland, Barber, Bernstein, Aita Donostia eta Dvoráken musika. Kontzertuak izango dira martxoaren 5 eta 8an Donostiako Kursaalean, 6an Iruñeako Baluarten, 7an Bilboko Euskaldunan eta 9an Gasteizko Principal Antzokian.
Kontzertu hauek komunikabideei aurkeztu zaizkie Orkestraren egoitzan egin den prentsaurrekoan. Bertan mintzatu dira Iñigo Alberdi, Orkestraren zuzendari nagusia, Kirmen Uribe, idazlea eta narratzailea, eta Lawrence Renes zuzendaria.
Musika eta literatura bat egiteak izaera propioa duen arte-lana sortuko du. Bere osotasunean bi diziplina artistikoen elkartzea gainditu eta haratago doan arte-lana, hori izango da "Mundu Berriaren binetak"; hemen mundo berria ez derizo amerikar kontinenteari soilik, literatura eta musika uztartzetik eszenatokian zuzenean sortuko denari ere bai.
Musikari dagokionez, egitarauak ere Kirmen Uriberen eleberrian islatzen den bidaiaren ideia, Euskadi eta Estatu Batuen arteko lotura jasotzen du, poetaren kontakizunean hitzen azpian gordetzen den soinu banda bilakatuz, nolabait esateko. Aukeratutako zatiak bezala, bere nortasunaren bila dabilen norbait irudikatzen duten ezin konta ahala ñabarduradun hotsak dira. Soinu banda hori Copland-en Fanfare for the Common Man, Aita Donostiaren Rapsodia Bascongadako Itsasoan, Bernstein-en Candideko oberturak, Barber-en Harientzako Adagioak eta Dvorák-en Mundu Berriaren Sinfoniak osatzen dute. Kirmen Uribek egindako teatralizazio txikiak eta landutako argiztapenak Atlantikoaren bi aldeen arteko zeharkaldiaren ideia indartuko dute halaber.
Orkestrak bere Denboraldiaren baitan Honneger-en David Erregea, Shostakovitch-en Babi Yar Sinfonia (Xabier Elorriaga narratzaile zela) edo Aragüesen Vita (Bernardo Atxagaren poemak Andoni Alemanek errezitatu zituelarik) programatu baditu ere, nobela baten zatiak oinarri harturik programa bat diseinatzen den eta Orkestrak testuen egilearen beraren lankidetza duen lehenbiziko aldia dugu honako hau. Kirmen Uribek literatura bestelako arteekin uztartzen dituzten hainbat ikuskizunetan hartu du parte. Horien artean, Bar Puerto, eszenatokian poesia, musika, bideoa eta ahozko historia biltzen zituena, eta Zaharregia, txikiegia agian CD-liburua, New Yorken eman zituen errezital batzuen ondorioz sortua.
Lawrence Renes holandarra izango da kontzertu hauen musika zuzendaria. Bigarren aldia da Renes EOSen Abonu-Denboraldian zuzendari gonbidatu aritzen dela, 2010eko martxoan debuta egin ondoren.
Informazio gehiago
8. Abonu-programari dagokion prentsa-oharra (Kirmen Uribe+EOS)Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza


