Osteguna 27 Iraila, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2018/2019 Denboraldia inauguratu du

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2018/2019 Denboraldia inauguratu du

Gaur, irailak 27, artista handiak eta kontzertu-programa bikainak izango dituen Denboraldia inauguratuko da Robert Treviñoren zuzendaritzapean, zeinak orain gutxi 2022ra arte luzatu duen bere kontratua Zuzendari Titular gisa.

Abonu Denboraldiari lotuta, Orkestrak nazioarteko bira bat egingo du abenduan, eta Austriako Linz eta Bregenz hiriak eta Alemaniako Munich bisitatuko ditu

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Abonu Denboraldia gaur hasiko da, irailak 27, Iruñean, eta ondoren ohiko hiriburuetan aurkeztuko da: bihar, irailak 28, Bilbon; urriaren 1ean Gasteizen; eta urriaren 2 eta 3an Donostian. Denboraldi berri honetan Orkestrak 10 kontzertu emango ditu Iruñean, eta beste hainbeste gainontzeko egoitzetan, Bilbon, Donostian (saio bikoitza) eta Gasteizen. Guztira 50 kontzertu eskainiko ditu Abonu Denboraldiaren baitan.

Denboraldia Robert Treviñok zuzendutako programa banarekin hasi eta bukatuko da. Pasa den urtetik Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Zuzendari Titularra da bera, eta baita Orkestrak bizi duen momentu gozoaren arduradunetako bat ere. Proiektu honekin oso konprometituta dago Treviño, eta duela gutxi iragarri da 2022ra arte jarraituko duela Orkestraren musika-zuzendaritzan. Konpromiso horren erakusgarri, Denboraldi honetako abonu-programen erdia baino gehiago zuzenduko ditu.

Halaber, Treviño izango da zuzendari abenduan Orkestrak Europako erdi-erdira egingo duen biran, eta, zalantzarik gabe, Denboraldiko proiektu handienetako bat izango da. Bira horri esker, Orkestrak tradizio eta prestigio handiko aretoak bisitatuko ditu: Linzeko Brucknerhaus eta Bregenzeko Festspielgaus, biak Austrian, eta Municheko Herkulessaal ospetsua, Alemanian.

Denboraldiaren irudia, oraingoan ere, hauslea, modernoa eta freskoa da. Ikusizko sinfonia original hau konposizio metaforiko modukoa da, eta ikuslearen arreta piztu nahi du, hura liluratu eta hark begiradarekin entzun dezan sustatu.

 

 

ABONU-DENBORALDIA

 

Arestian esan bezala, hurrengo Abonu Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu.

Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz. Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik. Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.

Izan ere, Treviñok “erresistentzia, gatazka, berradiskidetzea” kontzeptuei erreparatzea proposatu zuen pasa den Denboraldian (2017/2018), Xostakovitx eta Brittenen bitartez. Alabaina, 2018/2019 Denboraldian, “aldaerak” kontzeptuari helduko dio: etengabeko bilakaeran diren aldaerak, betiereko aldaerak, zalantzazko aldaerak, arrakastarenak. Horretarako, hiru musikagileri jarri die arreta: Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. Hiru musikagile handi, elkarrekin lotura gutxikoak, baina bizipen eta emozio pertsonal komunak dituzte: ziurgabetasuna eta deserrotzea. Treviñok gonbita egiten die entzuleei beren artearen bidez sentimendu horiek bizitzera, pertsona guztiak senti baitaitezke identifikatuta horiekin. Emozio-, tinkotasun- eta gainditze-mezu bat helarazi nahi du.

 

Treviñoren presentzia nabarmena Denboraldiko programazioan

Webern eta Lazkanoren arteko kontraste estetikoko programa batez hasiko da irailean, eta Sibeliusek bat egingo du haiekin, naturako aldaerekin inspiratuta. Azaroan, uztartu egingo ditu Dvorak, haren Piano eta orkestrarako kontzertu nahiko ezezaguna joaz (Stephen Hough), eta Elgar, haren Enigma-aldaerak ezagunagoarekin. Horrez gain, Euskal Herriko soinuetan inspiratutako lan txiki bat sortzea proposatuko dio Houghi. Era horretan sortu da Agata: a Basque Fantasy, txistu eta orkestrarako partitura txiki bat. Horretarako, Garikoitz Mendizabal izango du aldean. Otsailean, berriz, biolin-errepertorioan ezinbestekoa den kontzertuetako batekin itzuliko da: Barberren Biolinerako kontzertua. James Ehnesek jarriko dio ahotsa partitura horri eta, gero, Denboraldi honetarako aukeratutako musikagile bati helduko diogu: Rakhmaninov. Haren Bigarren sinfonia maisulana da Treviñoren iritziz; izan ere, erresistentzia dario, hauskortasuna, ikuspena, pasioa, kemena. Maiatzean, berriz, Mahlerren 9. sinfoniari helduko dio, musikagilearen azkena. Mahlerren amaiera iragartzen du. Treviñoren bosgarren programak Dvorak eta Elgar uztartuko ditu berriz ere. Lehendabiziko musikagiletik Biolontxelorako kontzertu ezaguna entzungo dugu, Pablo Ferrández bakarlari-lanetan jarrita, eta Elgarrena, berriz, Bigarren sinfonia. Robert Treviñok Rakhmaninoven 3. pianorako kontzertu oso ezagun eta are handiagoaz bukatuko du Denboraldia ekainean, Alexei Volodin handia pianojole jarrita. Azken traka Txaikovskik emango du Bosgarren sinfoniaz, musika-lan arrandiatsua, aldaerez betea, hasi lehenengo notatik eta azkeneraino.        

 

Programazioaren beste momentu batzuk beste zuzendari batzuekin

Musikaren arloan kameleoia den Christian Lindberg artistak bere obraren (The Tale of Kundraan) tronboijole, zuzendari eta narratzaile lana egingo du, eta Bernsteinen lanik popularrenetako bat (On the Waterfront. Suite – Isiltasunaren legea) eta Sibeliusen 3. Sinfonia ere zuzenduko ditu.

Beste artista kameleoniko bat, zuzentzeko, biolina jotzeko eta biola jotzeko gai dena, Pinchas Zukerman, seigarren abonu-programaren zuzendari izango da. Beethovenen Biolinerako kontzertuaz eta Dvoraken 8. Sinfoniaz osatuko den programa honetan zuzendari eta biolin-bakarlari lanak uztartuko ditu Zukermanek.

Interes handia izango du Beethoveni buruzko abesbatzaren atalak (Itsasoa bare eta bidaia oparoa, Elegia kantua eta Fantasia korala). Bada, Andra Mari Abesbatzak eta Alfonso Gómez pianojoleak aterako diete distira hiru ‘perla’ koral horiei, eta Hans Graf izango dute zuzendari, 90eko urteetako Orkestrako zuzendari titular izandakoak.

Aipagarria da, bestalde, balleta itzuli egingo dela Euskadiko Orkestra Sinfonikora, Marie Antoinette eszenaratuz.  Thierry Malandain koreografoaren ekoizpen berri bat da; izan ere, egun, horretan dabil lanean, estreinatzeke. Beraz, duo berri bat osatuko dugu Malandain Ballet Biarritzek eta gure Orkestrak, gure Denboraldian, Biarritzen zein Versaillesen. Mélanie Levy-Thiébaut izango da Haydnen musika atriletara daraman proiektu berri honen zuzendaria. Pasa den urtean izan zen estreinakoz Levy-Thiébaut Orkestrarekin lanean, Babilonia berria (musika + zinea) kontzertua zuzendu zuenean Tabakaleran eta BBK Aretoan.

 

Bakarlari, ballet eta abesbatzei buruz

Atal honek beti izaten du erakarmen handia programazio guztietan. Bakarlariak, ballet konpainia eta abesbatza: batzuetan, gure entzuleek ezagutzen dituzte dagoeneko; beste batzuetan, lehenengo aldia izango da, baina denak dira itzal handiko izenak. Bi programatan protagonistek beren bi gaitasun erakutsiko dituzte: bakarlari eta zuzendari izatea. Euskadiko Orkestrara itzuliko diren egungo bi pertsonaia handi dira: Pinchas Zukerman biolinjolea, musikako fenomenoa lau hamarkadatan, eta Christian Lindberg, tronboiaren mito bizia, bere The Tale of Kundraan lanean narratzaile ere arituko dena. Entzuleek pozez entzungo dute pianoa, beti hain gogoko dutena, Stephen Hough pianojole, musikagile zein artikulu-idazlearen eskuetan. Geroago, Alfonso Gómez gasteiztarraren eskuetan piztuko da pianoa. Pianojole moldakor hori Alemanian bizi da egun, errepertorio zabala du, eta oso atxikia da bere herrialdeko musika garaikideari. Denboraldia bukatzeko, Alexei Volodin pianojolea, talentu, teknika eta sentikortasunez betea. Biolinak bere tokia izango du, goian aipatutako Pinchas Zukermanekin eta James Ehnesekin. Bigarrena orkestran estreinatuko da, eta orain arte ez bezala uztartuko ditu birtuosismoa, lirismo narea eta musikaltasun biribila. Bakarlarien atala bukatzeko, Pablo Ferrández dugu: gaztetasuna, adierazkortasuna, emozioa eta sedukzioa elkartuko ditu. Biolontxelojole madrildarra ICMA, International Classical Music Awardsen parte hartu duelako da ezaguna gure entzuleentzat. Musika klasikoaren Europako sari-banaketa ekitaldi hori gure Orkestrak antolatu zuen Donostian, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren harira.

Malandain Ballet Biarritz konpainiari dagokionez, Orkestraren Denboraldian areagotu egin da haren presentzia Magifique, Errauskine eta Ederra eta Piztia izenburuak ekarri ondoren. Orain, Thierry Malandainenek sorkuntza berri batez, Marie Antoinette lanaz, beteko du gure eszenategia.

Abesbatzen arloan, Andra Mari Abesbatzaren presentzia da nabarmentzekoa, Beethovenen hiru ‘perla’ koral kantatuz: Itsasoa bare eta bidaia oparoa, Elegia kantua eta Fantasia korala. Azken hori Bederatzigarren sinfoniaren ernamuintzat jotzen da, eta Alfonso Gómez euskal pianojolea izango du bidaide.

 

Sarrerak salgai

Dagoeneko salgai daude Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrerak, 10 eurotik 35era, ohiko salmenta-kanalen bitartez: euskadikoorkestra.eus webgunean, aretoen webguneetan (euskalduna.eus, kursaal.eus, principalantzokia.org eta baluarte.com) webguneak eta aretoen leihatiletan. Bestalde, Azken ordu gaztearekin, 30 urtetik beherakoek sarrerak 10 eurotara eros ahal izango dituzte gune guztietarako, leihatilan, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenagotik aurrera.

 

 

GURE ORKESTRAREN BESTE JARDUERA BATZUK

 

Orkestra Austriara eta Alemaniara joango da biran

Denboraldi honetan nazioarteko erronka artistiko garrantzitsu bati egingo dio aurre Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, bira garrantzitsu bat egingo baitu Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Orkestrak hiru kontzertu eskainiko ditu abenduaren 4tik 8ra Europako erdiguneko sona handiko hiru aretotan, zeintzuek tradizio musikal handia eta publiko zorrotza duten: abenduaren 4an Linzeko Brucknerhausen (Austria), abenduaren 6an Municheko Herkulessaal ospetsuan (Alemania) eta abenduaren 8an Bregenzeko Festspielhausen (Austria).

Mahler, Mozart eta Elgarrekin batera, Orkestrak Aita Donostiaren eta Pablo Sorozabalen euskal obrak aurkeztuko ditu Mojca Erdmann sopranoak eta Vadim Gluzman biolinjoleak lagunduta.

 

Hirugarren irteera Versaillesera (Paris) ‘Marie Antoinette’-ekin

2013ko ekainean Errauskinerekin estreinatu eta 2015ean Ederra eta Piztiarekin itzuli ondoren, Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz berriz arituko dira Opera Royal: les grands concerts de Versailles ziklo ospetsuan, Chateau de Versaillesen egitekoa. Euskadiko Orkestrak Marie Antoinette eskainiko du, Europako antzerki barroko ederrentzat jo izan dena, Thierry Malandainen sorkuntza berri bat. Dantza-ikuskizun berria J. Haydnen musikaz jantziko da. Lau emanaldi egingo dira 2019ko martxoaren 29tik 31ra. Ekoizpen berri hori 2017ko azaroan Biarritzen estreinatu ondoren helduko da Versaillesera, eta Orkestraren Abonuko Denboraldian (2018ko otsailean).

 

Jaialdiak, beste zikloak eta grabazioak: Elkarlana eta sinergiak beste erakunde batzuekin

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Bilboko Operaren (ABAOren) Denboraldiarekin duen konpromisoari eutsiko dio. Pucciniren La Bohèmeekin ekingo dio denboraldiari, Ainhoa Arteta Mimiren rolean sartuz, eta urtarrilean itzuliko da I Lombardirekin, Verdiren funtsa eta muina erakusteko. Gainera, nabarmendu behar da Euskadiko Orkestrak ABAOren Kontzertuaren eszenategia beteko duela (2019ko martxoaren 20an), Jessica Pratt protagonista izango duen jaialdi lirikoan. ABAOk segurtatu duenez, “zoramena piztuko du” (kontzertuaren izenburua). 

Gainera, Donostiako Musika Hamabostaldian, Musique en Côte Basqueen Ravel Jaialdian eta Donostia Zinemaldian duela gutxi parte hartu ostean, Orkestra 2019ko ohiko beste bi jaialdiren egitarauetan ere egongo da: Bilboko Musika-Músican eta Errenteriako Musikasten.

Grabazioei dagokienez, joan den irailean Angel Illarramendiren omenez Zarautzen eskainitako kontzertua erregistratuta geratuko da Denboraldi honetan Karonte argitaldariaren bidez. Horrez gain, Orkestrak hainbat filmen soinu-bandak grabatu ditu berriki, eta horien artean aipagarrienak dira Elcano, lehen mundu-bira animazio-pelikula eta Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren zine-moldaketa.

 

Eta askoz gehiago

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera kontzertuen katalogo oso anitz batez osatzen da eta, bertan, badira etxeko ekoizpen-zikloak zein beste festibal garrantzitsuei eta kultur ekintza eta erakundeei lotutakoak. Horiek guztiak batuta ehun jarduera baino gehiago eskaintzen ditu Orkestrak Denboraldi osoan.

Ekoizpen propioari dagokionez, laster hasiko dira Orkestraren ganbera-musikako zikloa, Miramongo Matinéeak izenez ezagutzen dena, eta baita Musika Gela hezkuntza-zikloa ere.

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Urria

1 Al
2 Ar
3 Az
4 Og
5 Or
6 Lr
7 Ig
8 Al
9 Ar
10 Az
11 Og
12 Or
13 Lr
13 urria, 2018 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 2. Matinéea: Pintoresco Boskotea Donostia / San Sebastián
2. Matinéea: Pintoresco Boskotea
14 Ig
15 Al
16 Ar
17 Az
18 Og
19 Or
20 Lr
20 urria, 2018 Larunbata, 11:00 h.
Musika Gela Uauatxua Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
Uauatxua
20 urria, 2018 Larunbata, 12:30 h.
Musika Gela Uauatxua Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
Uauatxua
20 urria, 2018 Larunbata, 19:30 h.
Beste jarduera batzuk ABAO: La Bohème Pedro Halffter Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
ABAO: La Bohème
21 Ig
22 Al
23 Ar
23 urria, 2018 Asteartea, 19:30 h.
Beste jarduera batzuk ABAO: La Bohème Pedro Halffter Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
ABAO: La Bohème
24 Az
25 Og
26 Or
26 urria, 2018 Ostirala, 19:30 h.
Beste jarduera batzuk ABAO: La Bohème Pedro Halffter Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
ABAO: La Bohème
27 Lr
27 urria, 2018 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 3. Matinéea: Euskal Barrokensemble Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
3. Matinéea: Euskal Barrokensemble
27 urria, 2018 Larunbata, 12:30 h.
Beste jarduera batzuk ABAO: La Bohème Pedro Halffter Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
ABAO: La Bohème
28 Ig
29 Al
29 urria, 2018 Astelehena, 19:30 h.
Beste jarduera batzuk ABAO: La Bohème Pedro Halffter Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
ABAO: La Bohème
30 Ar
31 Az