Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok ‘Ravel 2’ disko berria argitaratu dute nazioartean

Ondine diskoetxepean argitaratu berri den grabazio honek Pierre Boulezen orkestraziodun ‘Frontispice’ obraren munduko lehen erregistroa barne hartzen du, baita ‘Ma mère l’Oye’ ballet partituraren grabazio osoa ere.
Gramophone aldizkari prestigiodunak "disko bikain" gisa izendatu du dagoeneko argitaratu duen kritikan. Diskoa plataforma digital nagusi guztietan dago eskuragarri.
Ziburuko konpositoreari eskainitako lehen albumarekin lortutako arrakasta handiaren ondoren dator Ravel 2 disko berria. Lehen grabazioak, ziburutarraren produkziorik euskaldunenean oinarrituak, bere lanik ezagunenak biltzen zituen eta mundu osoko komunikabide espezializatu nagusien laudorio eta kalifikaziorik handienak jaso ditu. Ravel 2k, aldiz, konpositore honen obraren alde frantsesa du ardatz. Diskoak, Finlandiako Ondine diskoetxepean argitaratu berri denak, Pierre Boulezen orkestraziodun Frontispice obraren munduko lehen erregistroa barne hartzen du, baita Ma mère l’Oye ballet partituraren grabazio osoa ere. Valses nobles et sentimentales, Menuet Antique eta Shéhérezade (Ouverture de féerie) obrek osatzen dute azaroaren 4an nazioartean argitaratutako disko hau. 70 minutuko iraupena duen albuma 2021eko abenduan Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan grabatu zen. Hona hemen grabazio-saio hartako argazki batzuk:
Honela azaltzen du disko berriaren liburuxkan Euskadiko Orkestraren zuzendari titular Robert Treviñok: “Euskadiko Orkestrarekin grabatu nuen Ravelen lehen diskoa konpositorearen alderdi hispaniar-euskalduna erakusten duten obretan oinarritzen zen. Liburuki honetan, musika-materiala ez da hain esplizituki euskalduna, erritmoei dagokienez edo euskal herri edo hirietan idatzi izanari dagokionez. Hala ere, euskal konpositore handi baten lana esploratzen jarraitzen dugu. Euskadiko Orkestraren eta Ravelen musikaren arteko harremana aspaldikoa da. Oraingoan, errepertorioak neurri handiagoan erakusten du haren alderdi frantsesa” (ikus Robert Treviñok diskoaren liburuxkan idatzitako testu osoa beherago).
Haren musikan murgildu nahi izan du hasieratik Robert Treviñok bere titulartasunaren hasieratik sakon aztertu nahi izan du Ravelen euskal nortasuna, baita Euskadiko Orkestrak konpositore horren hizkuntzaz dakiena eta ulertzen duena munduarekin partekatu ere. Eta hala egin du orkestraren buru izaten daraman bosturteko honetan. Bere titulartasunaren baitan Ravelekin lotutako mugarri batzuk aipatzearren, Treviñok eta Euskadiko Orkestrak Ravelen musika aurkeztu dute urteotan Kontzertu Denboraldian, eta baita Parisko Théâtre des Champs-Élyséesen ere, non 2020 hasieran orkestra estreinakoz aritu zen. Orain Ondinerekin egin berri diren bi grabazio hauei Poloniarako bira bat ere gehitu behar zaie, 2023ko martxoan egingo dena, non titularra eta orkestra Ravelen Bolérorekin aurkeztuko diren.
Ondinerekin egindako grabazioen nazioarteko arrakasta
Hau da Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok elkarrekin egiten duten hirugarren grabazioa, Naxos taldeko Ondine finlandiar diskoetxe ospetsuarekin. Gramophone musika klasikoko aldizkari ospetsuak erregistro berri honen lehen aipamena argitaratu du dagoeneko eta "disko bikaina" dela esan du.
Ravel lehen albumak Japonia, Australia, Frantzia eta AEBetako hedabide nagusien askotariko laudorioak eta ‘Hileko diskoa’ aitorpenak erakarri zituen, baita Classica eta Classics Today bezalako argitalpen ospetsuen bost izarren aipamenak ere. Ondoren, orkestrak beste grabazio bat egin zuen Ondinerekin, Americascapes izenekoa eta oso ezagunak ez diren konpositore amerikarretan oinarritua. Grabazio honek ere antzeko errekonozimenduak lortu ditu, tartean Gramophone sarirako 'Orkestra-grabazio onena' izendapena, Presto Music-en (Erresuma Batua) ‘2021eko grabazio onena’, PhonoForum-en 'Hileko grabazioa', Limelight-en 'Hileko grabazioa' eta Classics Today eta Classicaren bost izar. The New Yorker argitalpeneko Alex Rossek "harrigarriki bikainak" eta "apartak" direla esan zuen.
Non eskuratu ‘Ravel 2’ diskoa
Diskoa formatu fisikoan eskuratu ahal izango da aurretiko eskaera eginda establezimendu komertzialetan (Elkar, Fnac, El Corte Inglés...) eta eskuragai dago jada Spotify, Apple Music, iTunes eta antzerako beste plataforma digital nagusietan.
Robert Treviñoren ‘Ravel 2’-ri buruzko ohar osoa
Euskadiko Orkestrarekin grabatu nuen Ravelen lehen diskoa konpositorearen alderdi hispaniar-euskalduna erakusten duten obretan oinarritzen zen (Ravel Ziburun jaio zen eta bere konposizio askok euskal kulturaren alderdiak barneratzen dituzte). Liburuki honetan, musika-materiala ez da hain esplizituki euskalduna, erritmoei dagokienez edo euskal herri edo hirietan idatzi izanari dagokionez. Hala ere, euskal konpositore handi baten lana esploratzen jarraitzen dugu. Euskadiko Orkestraren eta Ravelen musikaren arteko harremana aspaldikoa da. Oraingoan, errepertorioak neurri handiagoan erakusten du haren alderdi frantsesa: Ma mère l'Oye ballet bihurtzetik Shéhérazade estilo apaindu eta inpresionista frantsesean konposatzeraino.
Frontispice bereziki interesgarria da arlo horretan; izan ere, hiru minutuko oso pieza ezohiko bat da, jatorriz bi pianorako idatzia. Musika frantses modernista da, benetan kontzeptuala, eta Messiaenen musikatik Debussyrenetik baino askoz hurbilago dago, hainbat arrazoirengatik. Eta grabatu dugun moldaketa Ravelen defendatzaile bikain eta Frantziako orkestra-zuzendari handi Pierre Boulezek orkestratu zuen.
Hori horrela, gure lehen albuma Ravelen euskalduntasunaren adierazpen bat izan zen; bada, honek frantsesa ere bazela irudikatzen du. Valses nobles et sentimentales horren beste adibide on bat da: lehenengo liburukiko La Valseren basakeriarekin kontrastean, honek bals zalapartatsu baina oso dotoreak biltzen ditu, Parisen entzun zitezkeenen modukoak, Vienatik zetozen influentziekin. Obra hau entzuten dudanean Montmartre inguruan nagoela sentitzen dut!
Bide batez, Ravelen eragin frantsesen eta euskaldunen nahasketa hori Euskal Herrian ere nabari da, non frantsesekiko harreman estua nabaria den (Donostiako ibaiaren ondoan paseatuz, erraz etorriko zaizkigu burura Sena ibaiaren irudiak eta hura inguratzen duten teilatu grisak). Era berean, gure orkestrako musikari dezente Parisen trebatu ziren. Beraz, Parisko Kontserbatorioaren tradizio frantsesa orkestran zein euskal konpositoreengan sentitzen da –Ramon Lazkano eta José Maria Usandizaga, kasu–. Gure musikari asko, gainera, mugaz bestaldean bizi dira, eta hara eta hona ibiltzen dira. Ravelek espazio horretan bertan jardun zuen, Iberiar Penintsulako eta Frantziako grabitazio-erakarpen berberak sentituz. Eta bere bertsio frantsesenean ere, Ravelen musikaren zintzotasunari, laburtasunari eta sendotasunari euskal kutsua hartzen diet nik.
Kontzertuak eta Sarrerak Martxoa


