Ostirala 02 Otsaila, 2024

Salzburgo eta Linz, Euskadiko Orkestraren eta Robert Treviñoren nazioarteko erronka berria

Salzburgo eta Linz, Euskadiko Orkestraren eta Robert Treviñoren nazioarteko erronka berria

Oraindik ez da urtebete pasatu Polonian estreinaldi arrakastatsua egin zuenetik, eta Euskadiko Orkestrak nazioarteko bira garrantzitsu bati ekingo dio berriro ere. Kasu honetan Austriara joango da, otsailaren 6tik 9ra. 

Nazioarteko irteera berri honetan kontzertu bat egingo du Linzen, eta hiru Salzburgon. Robert Treviño izango da titularra, eta Xavier de Maistre harpalari frantsesa izango da bakarlaria.

  PRENTSA-MATERIALA JAITSI

 

Euskadiko Orkestra nazioarteko bira berri batean murgilduko da datorren astean. Oraingo honetan, Austriara joango da. Otsailaren 6an izango da lehenengo kontzertua, Linzeko Brucknerhaus aretoan; duela bost urte ere izan zen han. Eta Salzburgon jarraituko du; hiru kontzertu egingo ditu han, otsailaren 7an, 8an eta 9an, Grosses Festspielhaus areto ospetsuan. Orkestrak hiru programa ezberdin eskainiko ditu, eta Ravel, Xostakovitx, Bizet, Ginastera eta Gliere musikagileen obrak hartuko ditu barne.

Salzburgorako bisita 2021erako zegoen programatuta, baina orkestrak ezin izan zuen joan, pandemia zela eta. Kontzertuen sustatzaileak beste data batzuk proposatu zizkion orkestrari, eta azkenean iritsi da hiriari bisita egiteko unea. Orkestra Salzburgon zein Linzen egon zen 80ko urteetako lehenengo biretan. Orain, 40 urteren ostean, Salzburgora itzuliko da. Linzera ere itzuliko da, baina 2018an ere izan zen hiri hartan.

Oriol Roch zuzendari nagusiaren hitzetan:  “Euskadiko Orkestra Salzburgon eta Linzen egoteak, batetik, Europako talde sinfonikoen parean gaudela esan nahi du; eta, bestetik, herrialdearen ordezkaritza kulturalerako jarduera bat da. Errepertorio anbiziotsua, sendoa eta formatu handikoa eramango dugu. Europa erdiguneko programatzaileek, Salzburgoren gisako leku ospetsuetakoek, nazioarteko errepertorioko (adibidez, Xostakovitx) obra ukaezinak guri eskatzeak agerian uzten du orkestrak egiten duen lana eta gure mugetatik kanpo duen inpaktua. Nazioarteko banaketako presentzia diskografikoak zerikusi handia izan du. Ez da ezusteko bat orkestra Ravelekin aurkeztea. Bi disko grabatu ditu haren musikarekin, Ondine diskoetxearekin, eta kritika bikainak jaso ditu Ziburuko konpositore unibertsalaren gaineko interpretazioengatik”.

Bira berri honetan, Robert Treviño zuzendari titularrak zuzenduko du berriz ere Euskadiko Orkestra. Haren arabera, “Europako aretorik garrantzitsuenetakoa da Linzekoa, eta gure itzuleraren zain daude asko, 2018an Austrian eta Alemanian egin genuen biraren ondoren. Zalantzarik gabe, publikoa gure orkestra berriz entzuteko gogo handiz dago. Eta zer esan Salzburgoz? Mozarten jaioterria eta musika klasikoaren sorguneetako bat, munduko jaialdirik garrantzitsu eta ospetsuenetako bat duena. Niretzat oso une berezia da orkestraren zuzendari titular gisa”.

Bidaia honetan orkestrak ondoan izango du Xavier de Maistre, azken hamarkadetako eragin handieneko harpajolea dena, segur aski. Hastapen profesionalak miragarriak izan ziren, zalantzarik gabe: 16 urte besterik ez zituela hasi zen nazioarteko lehiaketa garrantzitsuak irabazten eta 22 urte zituela lortu zuen harpa bakarlariaren postua Bavierako Irratiaren Orkestran. Hiru urte geroago, Vienako Orkestra Filarmonikoko harpajole solista bihurtu zen, eta hamaika urtez aritu zen postu horretan. Hala ere, De Maistrek Vienari agur esatea erabaki zuen, bakarlari-ibilbideari ekiteko. Ordutik aurrera, munduko orkestra eta zuzendari onenekin batera jo du eta gainera, musika-tresnaren ordezkari onena bihurtu da mundu klasikoaren barruan. Horrez gain, publikoaren artean ezagutarazteko ahalegin handia egin du.      

De Maistrek askotan parte hartu du Euskadiko Orkestrarekin. Orkestrak 1997tik 2012ra Claves Records diskoetxearekin grabatu zuen Euskal Konpositoreen Bilduma ospetsuan izan zuen parte-hartzeetako bat De Maistrek, 15 euskal egileren beste hainbeste album monografikoko bilduman, alegia. Harpajolea Tomas Garbizu eta Aita Madinari eskainitako diskoetan izan zen, Cristian Mandealek zuzendu zituenak, eta 2004an eta 2005ean argitaratuak, hurrenez hurren. Gainera, 2007an orkestraren Abonu Denboraldian parte hartu zuen Aita Madinaren eta Carl Reineckeren lanak interpretatzen eta, bisita hori aprobetxatuz, harpa-errezitaldia eskaini zuen Miramongo Matinéeetan. 2021ean berriz izan zen Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa batean, kasu hartan Ginasteraren Harparako kontzertua eskaintzen. Hain zuzen ere, obra hori joko du bira honetan, Gliereren Harparako kontzertuarekin batera.

 

 

Bidaia-plana eta kontzertuak

 

Orkestra astelehenean irtengo da, otsailaren 5ean, Linzeko lehen kontzertuaren bezperan. Lehenengo hitzordu horren ondoren, otsailaren 7an Salzburgora joango da, eta hiru kontzertu eskainiko ditu han, ondoz ondoko hiru egunetan: otsailak 7, 8 eta 9. Larunbatean, otsailaren 10ean, Euskal Herrira itzuliko da.

 

 

LINZ

Austriako ipar-ekialdeko hiri hau Danubio ibaiak zeharkatzen du. Austria Garaiko (Oberösterreich) hiriburua da eta hirugarren herrialde jendetsuena da, Viena eta Grazen ostean. 203.000 biztanle ditu hiriak eta 700.000 biztanle baino gehiago metropoli-eremuak.

Brucknerhaus

Brucknerhaus Linzeko kongresu-zentroa da eta hiri horretako auzo batean jaiotako Anton Bruckner konposatzaileari zor dio izena. Eraikina Heikki eta Kaija Siren arkitekto finlandiarrek diseinatu zuten, eta 1974an inauguratu zuten.

200 bat emanaldi hartzen ditu urtero, eta horietan 180.000 ikusle baino gehiagok hartzen dute parte. Barne hartzen dituen jaialdi garrantzitsuenak dira Ars Electronica Festival (irail hasieran urtero izaten den musika digital, arte eta teknologia jaialdia) eta Brucknerfest (irail eta urri bitartean 1974tik antolatzen den musika klasiko jaialdia, egoitza nagusi Brucknerhausa duena).

Duen akustika bikainagatik da ezaguna aretoa eta nazioartean musika klasikoaren instituzio nagusietako bat bezala aintzatesten da.

 

SALZBURGO

Ezaguna da Wolfgang Amadeus Mozarten jaioterria delako eta munduko musika-jaialdirik jendetsuenak eta garrantzitsuenak dituelako. Gainera, hiriko erdigune historikoa Gizateriaren Kultura Ondarea da. 

Grosses Festspielhaus, Salzburgoko Jaialdia

Orkestrak Grosses Festspielhausen (Jaialdien Etxe Handia) eskainiko ditu hiru kontzertuak, Salzburgoko jaialdi ospetsuen egoitzan. 1956an hasi ziren areto hori eraikitzen. 55.000 m3 harri atera zuten Mönchsberg mendiaren hegaletik, kaxa eszeniko erraldoiarentzat lekua egiteko. Izan ere, 100 metroko zabalera du eta munduko handienetakoa da. Auditoriumaren oinplanoa karratua da, 35 metrokoa aldea duena, eta 2.179 eserleku ditu. Sarrera nagusitik, publikoa brontzezko bost ate handitatik sartzen da aretora. Muranoko kristalez egindako lanparek argiztatzen dute aretoa. 1960ko uztailaren 26an inauguratu zuten antzokia. Vienako Orkestra Filarmonikoak El caballero de la rosa interpretatu zuen, Herbert von Karajanek zuzenduta.

Salzburgoko Jaialdia (Salzburger Festspiele) musika eta antzerki jaialdi garrantzitsua da, 1920az geroztik egiten dutena. Munduko musika eta antzerki jaialdirik garrantzitsuenetakoa eta jendetsuenetakoa da. Udan egiten dute jaialdia, urtero, uztailean eta abuztuan. 1973az geroztik jaialdiaren luzapen bat ere ospatzen dute Mendekostean, musika klasikoari eta barrokoari zuzenduta. Eta, 1967az geroztik, beste jaialdi bat ere egiten dute pazko garaian, Richard Wagnerren presentzia handiarekin.

 

 

Datak, hiriak eta programak

 

Ondoz ondoko lau egunetan lau kontzertu egingo ditu Euskadiko Orkestrak, eta hiru programa ezberdin eskainiko ditu, Ravel, Ginastera, Gliere, Xostakovitx eta Bizeten obrak konbinatuta.

  • Otsailak 6: Linz, Brucknerhaus (1. programa), 19:30
  • Otsailak 7: Salzburgo, Grosses Festpielhaus (2. programa), 19:00
  • Otsailak 8: Salzburgo, Grosses Festpielhaus (3. programa), 19:00
  • Otsailak 9: Salzburgo, Grosses Festpielhaus (3. programa), 19:00

 

Robert Treviño, zuzendaria
Xavier De Maistre, harpa
Euskadiko Orkestra

 

1. PROGRAMA (Linz)

M. Ravel: La valse, poema koreografikoa [12']
A. Ginastera: Harpa eta Orkestrarako Kontzertua [23']
M. Ravel: Alborada del gracioso [8'], Rapsodie espagnole [16'], Pavane pour une infante défunte [6'], Boléro [13']

 

2. PROGRAMA (Salzburgo, otsailak 7)

R. Gliere: Harpa eta Orkestrarako Kontzertua [27']
D. Xostakovitx: 10. Sinfonia [57']

 

3. PROGRAMA (Salzburgo, otsailak 8 eta 9)

G. Bizet: Carmen. 1. suitea [12']
A. Ginastera: Harpa eta Orkestrarako Kontzertua [23']
M. Ravel: Alborada del gracioso [8'], Rapsodie espagnole [16'], ], Pavane pour une infante défunte [6'], Boléro [13']

 

 

Euskadi Basque Country / Baskenland

 

Kontzertu horietan presente egongo da Euskadi Basque Country markaren alemaniar bertsioa, Baskenland. Hala, Turismoaren Euskal Agentziak bat egingo du bira honekin, Euskadi bultzatzeko eta aktibo kultural gisa posizionatzeko; kasu honetan, Euskadiko Orkestraren bidez.

 

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Urtarrila

1 Og
2 Or
3 Lr
4 Ig
5 Al
6 Ar
7 Az
8 Og
9 Or
10 Lr
11 Ig
12 Al
12 urtarrila, 2026 Astelehena, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Arriaga / Strauss Jaime Martín Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
Arriaga / Strauss
13 Ar
13 urtarrila, 2026 Asteartea, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Arriaga / Strauss Jaime Martín Vitoria/Gasteiz
Arriaga / Strauss
14 Az
14 urtarrila, 2026 Asteazkena, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Arriaga / Strauss Jaime Martín Pamplona/Iruña Sarrerak erosi
Arriaga / Strauss
15 Og
15 urtarrila, 2026 Osteguna, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Arriaga / Strauss Jaime Martín Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
Arriaga / Strauss
16 Or
16 urtarrila, 2026 Ostirala, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Arriaga / Strauss Jaime Martín Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
Arriaga / Strauss
17 Lr
17 urtarrila, 2026 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 7. Matinéea: Irauli Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
7. Matinéea: Irauli
18 Ig
19 Al
20 Ar
21 Az
22 Og
23 Or
24 Lr
25 Ig
26 Al
26 urtarrila, 2026 Astelehena, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Txaikovski / Musorgski Ana María Patiño Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
Txaikovski / Musorgski
27 Ar
27 urtarrila, 2026 Asteartea, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Txaikovski / Musorgski Ana María Patiño Vitoria/Gasteiz
Txaikovski / Musorgski
28 Az
28 urtarrila, 2026 Asteazkena, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Txaikovski / Musorgski Ana María Patiño Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
Txaikovski / Musorgski
29 Og
29 urtarrila, 2026 Osteguna, 19:30 h.
Denboraldi Sinfonikoa Txaikovski / Musorgski Ana María Patiño Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
Txaikovski / Musorgski
30 Or
31 Lr
31 urtarrila, 2026 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 8. Matinéea: Diálogos armónicos Donostia / San Sebastián Sarrerak erosi
8. Matinéea: Diálogos armónicos