DAVID GUERRIER TRONPETAJOLEA ESTREINAKOZ ARITUKO DA EUSKADIKO ORKESTRAREN ABONU-DENBORALDIAN

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bere Abonu-Denboraldiko hirugarren programa prestatzen dihardu egunotan. Honi dagozkion kontzertuak Donostiako Kursaalean (urriaren 15 eta 16an) eta Iruñeako Baluarten (urriaren 17 larunbata) izango dira soilik.
Lehenbiziko aldia da David Guerrier tronpeta eta tronpajole frantziar gaztea Euskadiko Orkestrarn denboraldian aritzen dela. Birtuoso hau orkestra handiekin aritu da jada lankidetzan, horien artean Bordeleko Nazionala Hans Grafekin, Capitole de Toulouse, Moskuko Ganbera Orkestra, Ensemble Orchestral de Paris, Radio Franceko Filarmonikoa Christian Zachariasekin, Frantziako Nazionala Yoel Levi eta Kurt Masurekin, Luxembourgeko Filarmonikoa Emmanuel Krivinekin, Belgradokoa Gabriel Chmurarekin, NDR Hannover eta abar. Oraingo honetan, Guerrierek J. Haydnen Tronpeta eta orkestrarako kontzertua mi bemol maiorrean, HOB VII:1 (H.C. Robbins Landonek argitaratua) interpretatuko du Orkestrarekin batera. Kontzertu honena da gaurdaino gorde diren Haydnen haizerako kontzertuetako bi eskuizkribuetako bat.
Kontzertuak Paul McCreesh britainiarrak zuzenduko ditu. Hirugarren aldia da Gabrieli Consort and Players taldearen sortzaile eta zuzendari artistikoa den maisu gailen honek Euskadiko Orkestra zuzentzen duela. McCreeshen lana instrumentu orijinalen arloan bakarrik ez, musika sinfonikoaren eta operan alorrean ere da aipagarria, bere interpretazio sendo zein berriztatzaileei esker. Gabrieli Consort and Players taldearekin batera kontzertu areto garrantzitsuenetan eta mundu osoko jaialditan aritzeaz gain, hainbat diska grabatu du Deutsche Grammphon disko etxearekin.
Kontzertuen egitaraua Walk to the Paradise Garden lanak irekiko du. Frederick Deliusen laugarren opera den A Village Romeo and Juliet-en bosgarren eta seigarren eszenen arteko interludio orkestral hau "obra honen zatirik ezagunena da", Egitarauari oharren egile den Juan Manuel Vianaren hitzetan. Jarraian Haydnen Tronpeta eta orkestrarako kontzertua izango da entzungai eta, jada kontzertuaren bigarren zatian, Edward Elgarren Lehenbiziko Sinfonikoak osotuko du egitaraua. Partitura hau "garai modernoetako sinfonia hadiena"tzat jo zuen bere garaian Hans Richter austriar zuzendariak eta estreinatu ostean lortu zuen arrakasta hainbestekoa izan zen non urte bakar batean ia ehun bider izan baitzen interpretatua mundu osoan barrena.
BARROKOAREN SOINUA

Estreinako kontzertuan musika garaikidean murgildu ostean, Miramongo Matinéeak zikloak oraingoan begirada atzera botako du, Ma non troppo ganbera orkestraren eskutik, musikaren historian erabakiorra izan zen garai baten oihartzunak Euskadiko Orkestraren egoitzara ekartzeko: Barrokoarenak, hain zuzen ere.
Hastapenetan "barroko" adjektiboa arte edo estilo hura modu gutxiesgarrian definitzeko erabili zen, ondoren iritsiko zen garai klasikoko ezaugarri ziren simetria eta orekaren ikuspuntutik, Barrokoko musika oparoegi eta grotesko samartzat jo baitzuen hainbat musikarik. Baina egun zentzu hori gainduturik dago erabat eta musikaren historiako aro iraultzaleenetariko bat bezala hartzen da Barrokoa. Larunbata honetan, hilak 10, garai emankor haren berri izango dugu orduko instrumentu ezberdinak entzunez.
Honela, kontzertu honek ahaztutako instrumentu ezberdinak berreskuratuko ditu, halanola oboe d'amore delakoa, EOSeko kide den Rafael Alonsok interpretatuko duena, Georg Philip Telemannek musika-tresna honentzat idatzitako kontzertuaren bidez, eta baita klabea, Pedro José Rodríguezek joko duena, eta Eli Podolakek interpretatuko duen aintzinako zeharkako flauta ere, hauek biak Johann Sebastian Bachen Bradenburgeko 5. kontzertuaren bidez. Musika-instrumentu hauek XVII. mendean eta XVIII.aren lehenbiziko erdian bizi izan zuten beren goreneko aldia, gerora tresna garatuagoek ordezkatuak izatean hauek erabiltzeko ohitura galdu zelarik. Emanaldia irekitzeko entzungai izango den Antonio Vivaldiren bi biolontxeloentzako kontzertuaren bidez, berriz, Barrokoan gailendu eta, besteek ez bezala, bere garrantzia gaur arte mantendu duen biolontxeloaz gozatzeko aukera izango dugu. Oraingo honetan EOSeko kide den Jon Larraz eta orkestra honen lankide sarria den Elena Escalza biolontxelojoleak izango dira "Ma non troppo" orkestrarekin bakarlari gisa arituko direnak.
Sarrera solteak salgai. Miramongo Matinéeak zikloaren 2009/2010 denboraldia osatzen duten 16 kontzertuetarako sarrera solte bakoitzaren salneurria 6,00 €koa da eta Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es helbideetan eskura daitezke, eta baita Egoitzaren leihatilan, kontzertu egunean 10:30etatik aurrera.
Denboraldi berri honek ere doako autobus zerbitzua izaten jarraituko du, 10:25etan Gipuzkoako Plazako 4.zenbakitik atera eta Atso Jakituna Hiribideko 18. zkian eta Madrilgo Hiribideko 34.ean geldialdiak egingo dituelarik.
HELENE GRIMAUD, EGUNGO PIANISTARIK KARISMATIKO ETA SUTSUENA, ORKESTRAREN 2. KONTZERTU PROGRAMAREN PROTAGONISTA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere bigarren kontzertu‑programari ekingo dio, orain dela egun batzuk hasi zen Abonu Denboraldiaren baitan. Kontzertuak hilaren 5ean eta 8an izango dira Donostian, hilaren 6an Gasteizen, 7an Bilbon, eta, azkenik, urriaren 10ean Iruñean. Denboraldia Andrés Orozco‑Estradak inauguratu zuen; aldiz, bigarren programa, Hélène Grimaud pianista protagonista nagusi duena, Andrey Boreyko orkestraren zuzendari printzipal gonbidatuak zuzenduko du.
Hélène Grimaud (www.helenegrimaud.com), nazionalitate frantsesekoa eta Estatu Batuetan bizi dena, nazioarteko pianistarik garrantzitsuenetakotzat jotzen dute adituek. Bakarlari aritzen da munduko orkestrarik onenetan eta ospe handieneko zuzendariekin. Deutsche Grammophon diskoetxearentzat soilik grabatzen du 2002 ezkero, eta artista polifazetiko eta karismatiko hutsa da. Harentzat, musika mugarik gabeko pasioa da; ez, ordea, pasio bakarra. Izan ere, interpretatzaile handi horrek, aparteko marketin‑estrategia garatu duenak, otsoekiko pasioa ere badu; haren esanetan, lotura berezia du otsoekin. Wolf Conservation Center otso‑haztegia sortu zuen Estatu Batuetan, espeziea babesteko.
Hélène Grimaudentzat izango da, hain zuzen ere, Rachmaninov‑en piano eta orkestrarako bigarren kontzertuan bakarlari‑lanak egingo ditu. Kontzertu hori zailenetako bat da adituen esanetan. Izan ere, konpositorea pianoa jotzen aparteko birtuosoa zen eta pianorako nahiz orkestrarako izugarrizko pasarteak idatzi zituen partituran.
Hélène Grimauden emanaldiaren ondoren, orkestrak beste errusiar baten, P.I. Txaikovskiren, Lehen Sinfonia joko du kontzertuaren bigarren zatian. Txaikovskik gaztetan idatzi zuen sinfonia hori, San Petesburgoko Kontserbatorioan ikasketak amaituta Moskun eskolak ematen hasi eta handik urtebetera. Errusiar peto‑petoa izango den programa honetan, batutarik onenak hartuko du parte, Andrey Boreyko Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari printzipal gonbidatuarenak, alegia.
Bigarren Abonu Programako kontzertuak
Urriaren 5a eta 8a: Kursaal Auditoriuma. Donostia. 20:00.
Urriaren 6a: Principal Antzokia. Gasteiz. 20:00.
Urriaren 7a: Euskalduna Jauregia, Bilbo. 20:00.
Urriaren 10a: Baluarte Auditoriuma, Iruñea. 20:00.
Programa
S. Rachmaninov: Piano eta orkestrarako 2. kontzertua
P. I. Txaikovski: 1. sinfonia "Neguko ametsak"
Andrey Boreyko, zuzendaria
Hélène Grimaud, pianoa
ENTZUN, JOLASTU ETA EZAGUTU GAITZAZU

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa lehenetariko orkestra izan zen web orria izaten, badira orain hamaika urte. Denboraren joan etorrian, web orri horretan hobekuntzak gehitzen joan ziren baina Internet garatzen doan abiadak gure web gunea atzean gelditzea erakarri zuen, ez baitzituen gaur egun web orriek eskaini ditzaketen abantaila guztien aukerak eskaintzen. Gauzak horrela, orain urtebete abian jarri genuen orain aurkezten dugun orri hau.
Aurkezpen honen garrantzia azpimarratu nahi genuke, ulertzen baitugu www.euskadikoorkestra.es domeinua lan tresna berria bilakatu dela Euskadiko Orkestra hurbilago eta hobeto bizi nahi duen ororentzat, tartean zuek guztiak.
Orri honek ezaugarri ditu argia izatea, arina, eta edukiez ongi hornitua egotea. Maila ezberdinetan dago antolatua: bata orokorra, funtsean Orkestrak garatzen dituen jarduera guztiak erakusten dituena: kontzertuak, birak, artxibategia, diskografia, etab. eta nortzuk garatzen dituen ere azaltzen duena: zuzendaritza musikala, musikariak, administraritza, babesleak, etab. Beste atala, zuzendua dagoen taldearen arabera dago bideratuta: abonatuentzat, prentsarentzat, hezkuntza zentru eta familientzat, eta musikari beraientzat heuren barne alorrerako.
Euskadiko Orkestrak bere web cunean eskaintzen dituen edukiak, erakunde publikoa izanik, erabiltzaile kopuru handienera iristearen konpromezu tinkoa du Orkestrak, erabiltzailearen nabigazio-testuingurua edo ezintasuna direnak direla ere. Gauzak honela, web gune honek W3C (World Wide Web Consortium) delakoaren teknologia estandarrak darabiltza eta WAI (Web Erabilgarritasun Ekimena) 1.0 delakoaren Erabilgarritasun Gomendioak jarraitzen ditu, "AA" mailaren arabera.
Web gunearen kontzeptu bisuala hiru elementutan oinarritzen da: bi kolore, berdea eta beltza, eta Orkestrako kideen irudiak. Beredea Orkestraren kolorea da, bere irudi korporatiboarena, erakunde honen ibilbidearekin bat egiten duen bere bizi eta dizdiratsua. Beltza ere Orkestrarekin lotura estua duen kolorea da, kontzertuetan eszenatokia betetzen duten frak eta gaueko soinekoen kolorea da. Web gunearen diseinuan garrantzi berezia duen orriaren buruan jasotako ia irudi guztiek kontzertu baten aurretik gertatzen dena islatzea helburu duen argazki-albuma osatzen dute: gehienetan entzulearen begietatik urrun geratzen diren momentu eta espazioak. Kontzentraziorako uneak, konfidentziak eta azken prestakuntzak. Guzti honen xedea Euskadiko Orkestraren gertuagoko irudia eskaintzea da, musikarien, banakakoen, irudia eskaintzea, web gunearen erabiltzailea erakunde honekin identifikatu eta Orkestraren kide sentitu dadin.
Web gune honekin, Euskadiko Orkestrak Interneten bere presentzia sendotzeko lehenbiziko aurrera pausua eman du, gerora gizarte sare ezberdinetan egotearekin indartuko duen presentzia, alegia.
Informazio gehiago
Prentsa dossierraEUSKADIKO ORKESTRAK BRAVO ARTEAN ITXI ZUEN ITALIAN BARRENA BURUTUTAKO LEHENBIZIKO BIRA
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ia bazkalostean, arratsaldeko lauretan aurreko emanaldietan hain harrera beroa merezi izandako orkestra gonbidatuaz gozatzeko, Milango Auditorioan bildutako entzulegoaren babespean interpretatu zituen bira honetako azken akordeak. Bertan bildutako melomanoen artean, bat berezia benetan: Antonello Allemandi orkestra-zuzendari milandarra. Jende kopuru handiena bildu zuen kontzertu honetan, EOSek bere zuzendari Andrés Orozco-Estradarekin konplizitate bizian ederki defendatu zuen beste behin Yura Lee hegokorearrak biolinaz interpretaturiko Sibeliusen, Lauzurikaren eta Brahmsen obrek osatutako egitaraua.
Konplizitate hori, Maisuaren eta Orkestraren arteko enpatia sakon hori ageriko egin zen, ez bakarrik eszenatokian, baita kontzertua amaitu ostean, hainbat musikari Orozco-Estrada Maisuari zoriondu eta egindako lanagatik eskerrak ematera hurbildu baizitzaizkion. Zuzendariaren eta musiakarien arteko sintonia biribilak arrakastaz eta lorpenez beteriko etorkizun oparoa iragartzen du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
NOTTE “AMOROSA” IN MILANO
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bikain gaindutu zuen bart arratsean Milango Auditorioan ospatutako kontzertua. Italian barrena burutzen ari den lehenbiziko birako kontzertuetan nagusiena zen hau Orchestra di Milano Giuseppe Verdi delakoaren Abonu-Denboraldiaren baitan ospatutako bigarrena izan zen. Kontzertu ederrak eta Orkestrari erabat emandako entzulegoaren erantzun atseginak Orkestraren zuzendari titular berria den Andrés Orozco-Estradak emanaldia amaitu ostean agertutako poz eta gogobetetasunean izan zuten isla.
Soinu biribil eta trinkoa. Maisuak Orkestrak lortutako soinu biribil eta trinkoa musikarien eta bere artean, elkar ezagutuz doazen heinean, sortuz doan konplizitate artistiko sakonaren emaitza dela adierazi zuen atseginez. Etorkizun handiko eta erabat emankor gertatuko den konplizitate hau ziztu bizian ari da finkatzen, bart Milanen euskal musika eta unibertsala, egungoa eta klasikoa ederki uztartu zituen kontzertuan entzundakoaren arabera. Kontzertu gogoangarri hau txalo-zaparrada luze bati erantzun gisa interpretatutako Guridiren "Amorosa"rekin amaitu zen. Orozco-Estrada maisuaren hitzetan "zerutiarra, beti hunkigarria" gertatzen den partitura honen interpretazioa bikaina izan zen eta hunkigarritasun hori Orkestrarekin bat egin zuen entzulegora iritsi zen. Milandar entzulegoa txunditurik gelditu zen ordurarte ezezaguna zitzaion Euskadiko Orkestrarekin eta, kontzertuaren ostean esandakoaren arabera, aurrerantzean ere gure Orkestraren oroimen ederra gordeko du. L'Unitá egunkariaren kritikoa den Paolo Petazzi bera ere, munduko orkestra gailenenak entzutera ohitua, Orkestraren kalitateak liluraturik agertu zen.
Kontzertua Antonio Lauzurikaren "Cuaderno de viaje" lanak ireki zuen. Italian barrena burutzen den bira honetarako hain izenburu aproposa duen obra hau duela gutxi estreinatu zuen EOSek. Ondoren Sibeliusen "Biolinerako kontzertua" izan zen entzungai eta Yura Lee biolinjole hegokorearrak Bachi eskainitako pieza batekin eskertu zuen jasotako txalo-zaparrada eskerga. Egitaraua Brahmsen 1. Sinfoniak itxi bazuen ere, bart gauetik Euskadiko Orkestraren historian mugarri berri bilakatu den kontzertu bikaina jada aipatu "Amorosa"k itxi zuen.
Gau instituzionala. Atzoko kontzertua erakunde ezberdinen ordezkarien topagune izan zen. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua eta Orkestraren Presidentea den Miren Azkarate, Kultura Sailburuordea den Gurutz Larrañaga, Milanen Espainiako Kontsula, Santiago Salas, Milango Cervantes Institutuko Zuzendaria, Víctor Andresco, Giuseppe Verdi Orkestrako presidentea den Corbani jauna eta biraren babesle den Ingeteam taldeak bertan dituen ordezkari gorenak, taldeko Marketing Korporatiboko Zuzendaria den Eduardo Giménez buru zutela.
Kontzertuaren aurretik, Orkestrako kideek Teatro alla Scala delakoa bisitatzeko aukera izan zuten, hiriko beste hainbat toki aipagarriren artea, esaterako Il Duomo edo Vittorio Emmanuelle galeriak.
Gaur larunbata, Orkestra Cremonara abiatuko da bertako Teatro Comunalle A. Ponchielli delakoan kontzertu bat eskaintzeko. Hiri hau musika klasikoaren alorrean hainbesteko garrantzia izan zuten Stradivari eta Guarneri familien jaioterri izateagatik da ezaguna. Bihar igandea Orkestrak hirugarren kontzertua ospatuko du Milango Auditorioan eta emanaldi honekin itxiko du Italian barrena egindako lehenbiziko bira.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
EUSKADIKO ORKESTRAREN ARRAKASTA HANDIA GUADALQUIVIRRAREN ERTZEKO BIGARREN GAUA IXTEKO
Sevillako Teatro de la Maestranza ospetsuak, Guadalquivir ibaiaren ertzean kokatua, txalo zaparrada handia eta bravo ugariekin agurtu zuen bart gure Orkestra. Orkestrak bi kontzertu eskaini zituen Maestranzan, ostegun eta ostiralean, iaz Sevillako orkestrarekin eginiko trukearen barruan.
Entzule ugari bildu ziren 1991ean eraikitako areto sinfonikoan, programan bi lan oso ezberdin eramaten zuen euskal orkestra entzuteko. Urrian Madrileko Auditorio Nacionalean gertatu zen bezalaxe, Orkestrak Ramon Lazkanoren lan bat eraman zuen birara. Oraingoan "Itaun", akordeoi eta orkestrarako izan zen, Iñaki Alberdi musikari irundarraren eta musikagilearen arteko lankidetzaren ondorioz sortu zen partitura. Bakarlariak eta Orkestrak unibertso sinfonikoan hain ezohikoa den instrumentu honen aukera-aniztasuna azaltzen duen partitura garatu zuten. Itaunen ostean Iñaki Alberdik Alexander Borodinen Nokturno gozoa oparitu zuen, instrumentuarekin duen abilezia argi utziz.
Kontzertuaren bigarren zatian Orkestra, Pablo González zuzendari asturiarraren zuzendaritzapean, Mahlerren Boskarrenean murgildu zen ordubete luzez. Gai- eta espresio-kontrastez beteriko lan honetan Luchino Viscontik Heriotza Venecian filmarekin betirako lotu zuen Adagiettoa da zatirik azpimarragarriena. Horrela bukatu zuen Euskadiko Orkestra handi eta ozenak txalo zaparrada handia eta bravo ugari jaso zituen programa.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
CADIZEK EUSKAL ZAPOREAREKIN ITXI ZUEN EUSKADIKO ORKESTRAREN BIRA ANDALUZIARRA

Honela bukatu zen orkestraren laugarren bira andaluziarra, bi kontzertu Sevillan eta beste bat Cadizen hartu dituena. Euskal musika mundura zabaldu da beste behin, honela taldearen sorrera-printzipioetako bat bete delarik.
Euskadiko Orkestrak jaialdian emaniko kontzertuak zapore ezberdina izan zuen Sevillako orkestrako denboraldiaren baitan eskainitako kontzertuekin alderatuta. Cadiz hiri xarmagarri eta liluragarria da, arabiar kutsuko kontzertu-aretoak argi azaltzen duen moduan. Euskadiko Orkestraren kontzertua hartzen zuen Musika Jaialdiak izaera "garrantzitsua" eman zion gure orkestrari bertako egunkarietan, eta ikusmina handia zen. Orkestrak egitarau guztiz euskalduna eskaini zuen, lanak aro ezberdinetakoak baziren ere. Iñaki Alberdi Ramon Lazkanok idatzitako Itaunen protagonista izan zen berriro. Bakarlariak akordeoiarekin azaldu zituen aparteko gaitasunak entzuleria liluratuta utzi zuen. Irundarrak bisa eskaini zuen entzuleriaren eskaera asez. Erki Jokkinen finlandiarraren "Alone" lan bikainak instrumentu honen aurkikuntza berri eta behin betikoa suposatu zuen.
Bigarren Zatian Guridiren "Sinfonia Pirenaikoa" lan sinfoniko handia eskaini zuen taldeak. Orkestrak Jesús Guridiren lana aukeratu izana arrakasta handia zela zioen kontzertu-egitarauak, musikagilea Jaialdiak omentzen duen Manuel de Fallaren garaikidea baitzen. Horrexegatik sortuko zen, agian, sinfoniak etengabe eskaintzen dituen mendi-atal deskriptiboen eta "zilarrezko tazatxoa" gisa ezagutzen dugun hiri zuri eta argitsu honen arteko solasaldi interesgarria. Honela, kontzertuak iraun zuen bi orduetan zehar Orkestrak programak eskatzen zuen tentsioa bikaintasunez mantendu eta gero, entzuleriak programaz kanpoko "opari" txikia eskatu zuen sutsuki. Biretan ohi den bezala, Orkestrak Guridiren Hamar Euskal Doinuetako "Amorosa" abesti hunkigarria jo zuen. Beste behin, aretoak "eskerrik asko" gartsuarekin agurtu zuen orkestra.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
AURKEZTU BERRI DA EUSKADIKO ORKESTRAREN 2009/2010 DENBORALDIA

Blanca Urgell, Kultura Sailburua eta Orkestrako Presidenateak, Iñigo Alberdi, Orkestrako Zuzendari Nagusiak eta Andrés Orozco-Estradak, Orkestrako zuzendari titularrak Euskadiko Orkestrak Miramonen duen egoitzan, "Musikak aztarna" lelopean, 2009/2010 Denboraldia aurkeztu dute.
Andrés Orozco-Estrada maisua, Orkestraren Zuzendari Titular gisa ekain honetan hasi den heinean, 2009/2010 denboraldi berriaren ardatz nagusia izango da. Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren funtsezko estrategia orkestra eta zuzendari berriaren arteko hizkuntza komuna eraikitzea izango da. Maisu berriak dakartzan berritasun artistikoko eta konplizitateko aurreikuspenak bultzatuta, Orkestrak etxean gelditzea erabaki du krisialdi honetan, arreta berezia jarriz kalitate-, malgutasun- eta dinamismo-aldagai hobeagoak ekarriko duen bilakaera artistiko honi jarraitzeko nahian. Aipatu estrategia Zuzendari Gonbidatu Nagusia izango den Andrey Boreykoren partaidetzarekin osatuko da.
Euskadiko Orkestrak irteera bakarra egingo du, Madrilgo Auditorio Nazionalera, Luis de Pablori bere 80. urtebetetzeagatik prestatzen ari zaion omenaldian parte hartzeko. Orozco-Estrada maisuarekin konplizitate eta batasuna lortzeko helburuarekin finkatu den egonkortasun-estrategia hori erabat bateragarri da musika-arloko interprete ospetsuenen presentziarekin: Hélène Grimaud, Janine Jansen eta Frank Peter Zimmermann bakarlariak eta Paul McCreesh, Yakov Kreizberg edo Lawrence Foster zuzendariak, besteak beste.
Euskadiko Orkestraren Abonu-denboraldiarekin batera, proposamen ezberdinak burutuko dira. Azpimarratzekoak, "Musika Laborategi" baten sorkuntza, disko-ekoizpeneko sail berri baten hasiera eta J. Guridiren "Mirentxu" operaren antzezpenean eta ondorengo grabaketan partehartzea. Musika Familian kontzertuak, Miramongo Matineeak, disko-grabaketak, Orkestra Herrietan ekimena, bere ohiko partaidetza Donostiako Musika Hamabostaldian eta OLBEren Opera-denboraldian Bilbon, etab., Orkestraren gizarte-errotzearen eredu berri eta berritua den agenda berria osatzen dute.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ekaina erdialdean itxiko du Estatuko orkestra sinfonikoen artean erreferentzia-zenbakiak lortu dituen denboraldia (2008/2009). 7.000 abonatu fideletaz gain, %92ko okupazioa azaltzen du bere jardueretan, eta baita 801 laguneko itxarote-zerrenda ere. Azpimarratzekoa ere Orkestrak 10 egun ezberdinetan agortu dituela sarrera guztiak, bere abonu-denboraldian zehar. 27 kontzertu-denboraldi burutu eta gero Euskadiko Orkestrak, gizarteari zerbitzatzeko bere bokazioaren baitan, 3 milioi ikusle hartzera eta 3.000 ikusgarri ematera iristear dago.
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOAK 2009/2010 DENBORALDIA ANDRÉS OROZCO-ESTRADA BERE ZUZENDARI TITULAR BERRIAREKIN IREKIKO DU

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak egunotan jarriko du abian bere 28. Abonu-Denboraldia (gaur 23 Iruñean, etzi 24 Gasteizen, ostirala 25ean Bilbaon eta 28 eta 29an Donostian), jada bere zuzendari titularra den Andrés Orozco-Estradaren eskutik. Estreinako kontzertu-programa Euskadiko Orkestra Sinfonikoak orain hastenb duen aro berriaren erakusle argia da. Titular gisa bere lehenbiziko parte-hartzean, Andrés Orozco-Estradak estreinaldiz betetako arratsalde bat egituratu nahi izan du, horretarako Beethoven eta Mahlerrek idatzitako lehenbiziko sinfoniak, hau da, sinfoniaren arloan bi musikagile hauen debuta izan ziren obrak programatuz.
Zentzu honetan, aipagarria da programazio berriaren ezaugarrietako bat denboraldi oso sinfonikoa marraztu izana dela, etengabe asmo honi erantzuten dioten eta errepertorio erromantiko zein klasikotik eratorriak diren obra handien interpretazioarekin. Horien artean, Denboraldia irekiko duten Beethoven eta Mahlerren lehenbiziko sinfoniak.
2009/2010 Denboraldia.
Guztira hamalau kontzertu-programa izango dira denboraldi osoan zehar, ekaina bitartean, Gasteiz, Bilbao, Donostia eta Iruñean aurkeztuko direnak. Denboraldia kontzertu-programa inspiratuek eta musika-eszenaren izen handiek osatuko dute, azken hauen artean Hélène Grimaud, Janine Jansen edo Frank Peter Zimmermann bezalako bakarlarikak eta Paul McCreesh, Yakov Kreizberg edo Lawrence Foster zuzendari gonbidatuak izango direlarik. Gainera, Andrey Boreyko Orkestraren Zuzendari Printzipal Gonbidatu berriak Denboraldi berriko bi programa zuzenduko ditu.
Denboraldiko gainerako jarduerei dagokienez, Euskadiko Orkestrak irteera bakar bat burutuko du, Madrilgo Auditorio Nazionalera. Gainera, ekimen ugari burutzen jarraituko du, horien artean nobedade garrantzitsuak, esaterako "Musika Laborategi" baten sorkuntza, diska-ekoizpenen ildo berri baten hasiera eta J. Guridiren "Mirentxu" operaren aurkezpnea eta ondorengo grabaketa.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Estatuko orkestra sinfonikoen artean erreferentziazkoak diren zenbakiekin ekingo dio denboraldi berriari. 7.000 abonatu fideletaz gain, %92ko okupazioa du bere jardueretan eta baita 600 lagun inguruko itxarote-zerrenda ere. Euskadiko Orkestrak 3 milioi ikusle hartzera eta 3.000 ikusgarri ematera iristear dagoela ekingo dio bere 28. denboraldiari.
Kontzertuak
Irailak 23: Baluarte Auditorioa, Pamplona-Iruñea. 20:00h.
Irailak 24: Principal Antzokia. Vitoria-Gasteiz. 20:00h.
Irailak 25: Euskalduna Jauregia, Bilbao. 20:00h.
Irailak 28 eta 29: Kursaal Auditorioa. Donostia-San Sebastián. 20:00h.
Egitaraua
L.V. Beethoven: 1. Sinfonia
G. Mahler: 1. Sinfonia, "Titán"
Andrés Orozco-Estrada, zuzendaria
