50 jarduera baino gehiago Musika Gela zikloaren 23-24 Denboraldian

Euskadiko Orkestrak lau ekoizpen propio aurkeztu eta estreinatuko ditu hezkuntza-zikloaren Denboraldi berriaren baitan: ‘Pantomima’, ‘Polikinela’, ‘Misterioa’ eta ‘Elkarrekin sortu’, publikoak eta musikariek elkarlanean sortutako ikuskizun teknologiko-musikala, aste honetan 3.500 ikaslerekin hasiko dena. Lehen ekoizpen honek Musika Familian kontzertua ere izango du, larunbat honetan, urriak 21, 12:00etan, Miramonen, eta dagoeneko salgai daude sarrerak.
Zikloaren ardatz nagusi diren Eskola Kontzertu eta Musika Familian kontzertuen eskaintza zabala hiru Entsegu Irekirekin osatuko da eta baita FEVAS-Plena Inclusionekin tailer berriekin ere, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboari musika hurbiltzeko.
Jaitsi prentsa-materiala hemen
Euskadiko Orkestraren Musika Gela indartsu dator Denboraldi berri honetan, 50 jarduera baino gehiagorekin. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira.
Lau ekoizpen propio
Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz. Denboraldi honetan lau produkzio propio prestatu ditu orkestrak.
Denboraldi honetako lehen ekoizpena, Elkarrekin sortu, kontzertu berritzailea da, non publikoa entzungo ditugun musiken funtsezko parte izango den. Ekoizpen honetan proposatutako ganbera-talderako errepertorio zabalean nabarmentzekoa da Suitzan bizi den Helga Arias bilbotar konpositorearen parte-hartzea, Egunsentia-Ilunabarra (ensemble eta bideorako) obrarekin. Lan honetan, irudietan (bideo-proiekzio baten bidez) zein soinuetan irudikatutako 9 eszena natural proposatzen dira, 13 minutuko soinu-banda sortuz. Soinu horiek modu partekatuan sortuko dira musikarien eta ikasleen/publikoaren artean. Alde batetik, lehen ekoizpen honetan parte hartzen duten berrogeita hamar ikastetxeek irudi sorta horri lagunduko dion musika sortu dute eguneroko bizitzako objektuez eta ahotsaz baliatuz. Horrela, haurrak musika garaikideko konpositore izatera jolastu dira, esperientzia paregabea, dudarik gabe. Bestalde, eszenatokiaren gainean egongo den musika-ensembleak zuzenean osatuko du ikasleen soinuekin aldez aurretik grabatutako konposizioa.
Gainontzeko hiru produkzio propioak honakook dira: Pantomima, musika eta antzerkia uztartzen dituen istorio dibertigarria, Barrokotik Erromantizismoraino doan errepertorioaren bidez; Polikinela, gure publikoaren ahots-kordak eta gorputza dardarka jarriko dituen festa sinfonikoa; eta Misterioa, misterio eta igarkizunei buruzko trama bat, artearen komediako pertsonaiak dituena.
Lau produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan.
Eskola Kontzertuak
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 11.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. 100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Altzo, Aizarnazabal, Andoain, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Orio, Segura, Tolosa eta Usurbil.
Eskola Kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren eta Kursaal Eszenaren lankidetza dute gaur egun.
Musika Familian
Bestalde, ekoizpenak Musika Familian kontzertu formatuan eskainiko dira Donostian eta Gasteizen. Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 27 urte daramatza orkestraren egitarauan.
Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Misterioa, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute.
Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 8 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira, ikuskizunen datak hurreratu ahala. Dagokion aretoaren leihatiletan eta webguneetan (kursaal.eus, principalantzokia.org) ere egongo dira salgai.
Programazio osoa
Jarraian ekoizpenei buruzko informazio xehea aurki daiteke, baita Eskola Kontzertuen eta Musika Familian kontzertuen datak ere:
1. ELKARREKIN SORTU
55’
Ortzi Oihartzabal*, biolina
Marc Sirera*, kontrabaxua
Sara Zufiaurre*, klarinetea
Yuan Dai*, fagota
Anthony Lafargue*, perkusioa
Nacho Soto, pianoa, biolina
Ana Hernández Sanchiz, aurkezlea
Helga Arias, musikagilea
Mikel Cañada, gidoia
*Euskadiko Orkestraren kidea
Zein soinu du sentimendu edo animalia batek? Eta suak edo euriak? Gure sormena eta musika-teknologia erabiliz, publikoa eta musikariak elkarrekin jolastuko gara musika-konposizioaren sekretuak ezagutzeko.
PROGRAMA:
G. Ligeti: Música ricercata, nº1
C. Saint-Säens: Animalien inauteria, ‘Elefantea’
A. Lafargue: Inprobisazioa
G. Grovlez: Sicilienne and Allegro Giocoso
M. Gould: Benny’s Gig No.1, ‘Slow and Nostalgic’
D. Xostakovitx: 5 pieza biolin, klarinete eta pianorako. IV. Bals
H. Arias: Inprobisazioa obstinato gainean
H. Arias: Egunsentia-Ilunabarra (ensemble eta bideorako)
V. Youmans: No, no, nanette, ‘Tea for Two’
ESKOLA KONTZERTUAK
Lehen eta Bigarren Hezkuntza
Urriak 18, 19, 20, 23, 24, 26
9:45 / 11:15
Miramon
MUSIKA FAMILIAN
>6 urte
Donostia
Urriak 21
12:00*
Miramon
*Kontzertu bakoitzaren aurretik, 10:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa.
IZEN-EMATEA:
mcanada@euskadikoorkestra.eus
2. PANTOMIMA
40’
Raquel Cortinas*, biolina
Pascal Laffont*, oboea
François Proud*, fagota
Pedro José Rodríguez, klabezina eta pianoa
Gorka Ganso, aktorea
Mikel Cañada, gidoia
*Euskadiko Orkestraren kidea
Vivaldi, Bach eta Handel bezalako egileen barroko garaiko musikak fantasiazko mundu batera eramango gaitu, non "artearen komediaren" estetikatik irtendako pertsonaia bat irudimenezko espetxe batetik ihes egiten saiatuko den.
PROGRAMA:
J.S. Bach: Kontzertua oboe eta biolinerako
G.F. Handel: 2. Trio sonata
A. Vivaldi: Kontzertua biolin eta oboerako
J.S. Bach: Arioso
W.A. Mozart: Aria ‘Soy el cazador de pájaros’ (La flauta mágica)
E. Elgar: Fuga oboe eta biolinerako
E. Grieg: 2. Dantza norvegiarra
E. Morricone: Gabriel’s oboe
L. Delibes: Duo de las flores (Lakmé)
ESKOLA KONTZERTUAK
Haur Hezkuntza
Urtarrilak 18, 19, 22, 23, 24, 25, 26
9:45 / 11:15
Miramon
MUSIKA FAMILIAN
3 < 6 urte
Donostia
Urtarrilak 27
11:00 / 12:30
Miramon
Gasteiz
Urtarrilak 28
17:00 / 18:30
García Lorca
3. POLIKINELA
50’
Euskadiko Orkestra
Maite Aurrekoetxea, zuzendaria
Ana Eguiazabal, aurkezlea
Dantzaz, dantza-konpainia
Kontzertu sinfoniko honetan, Handelen Benetako artifiziozko suak oberturaren bidez, eta Igor Stravinskiren Pulcinella suitearen bidez, maisutasuna eta jenialtasuna batzen dira.
PROGRAMA:
G.F. Handel: Benetako artifiziozko suak. Obertura
I. Stravinsky: Pulcinella. Suitea
ESKOLA KONTZERTUAK
Lehen Hezkuntza
Otsailak 26, 27
9:45 / 11:30
Kursaal
4. MISTERIOA
50’
Nathalie Dabadie*, biolina
Anne-Marie Harmat*, biolina
Justyna Janiak-Krymer*, biola
Jon Larraz*, biolontxeloa
Hélène Billard-Alirol*, flauta
Mikel Cañada, gidoia
*Euskadiko Orkestraren kidea
Proiektu honek askotariko musika eskaintzen du: intrigazko filmen musika, modu misteriotsuan famatu egin diren melodia xumeak (gure Beethoven maitearen alaitasunaren ereserkia kasu)… Musika enigmatikoa izan daiteke!
PROGRAMA:
L.V. Beethoven: Serenata, Op.25
J. Buys: Gabonetako kintetoa
W.A. Mozart: Flauta eta harirako kuartetoa, K.285
MUSIKA FAMILIAN
6 < 10 urte
Donostia
Apirilak 13
18:00*
Kursaal. Ganbera Aretoa
Gasteiz
Apirilak 14
18:00*
Principal
*Kontzertu bakoitzaren aurretik, 16:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa.
IZEN-EMATEA:
Donostia
943 00 31 70
Gasteiz
945 16 10 45
Hiru Entsegu Ireki eta beste jarduera batzuk
Kontzertu-eskaintza zabal hau are gehiago osatuko da beste ekintza batzuekin. Musika Gelak berriz helduko die Entsegu Irekiei. Entsegu hauek kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei, besteak beste, daude irekiak, eta aukera eskaintzen dute orkestrak kontzertu baten aurretik egiten duen azken lana gertutik ezagutzeko. Denboraldi honetan hiru Entsegu Ireki eskainiko dira:
Otsailak 15 (11:00), Kursaal:
S. Rakhmaninov: 3. Sinfonia
Robert Treviño, zuzendaria
Martxoak 8 (11:00), Kursaal:
R. Strauss: Aus Italien
Riccardo Frizza, zuzendaria
Maiatzak 8 (11:00), Kursaal:
A. Dvorak: 7. Sinfonia
Lina Gonzalez-Granados, zuzendaria
Gainera, orkestrak Musika Gelaren azken aldiko ekoizpen arrakastatsuenetako bat berreskuratuko du, Ondinaren magia, kasu honetan Durangoko Musika Hamabostaldiaren baitan eskaintzeko, azaroaren 5ean, 18:00etan, San Agustin Antzokian. Kontzertu honek musika eta magia uztartzen ditu maitagarrien eta ondinen (mitologia grekoko ur ninfen) abenturen kontakizun original baten bidez.
Era berean, jarraituko da ikastetxeetako irakasleentzako tailerrak egiten, Eskola Kontzertuak aldez aurretik prestatzeko helburuarekin, eta baita FEVAS-Plena Inclusionekin tailerrak egiten ere, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboari musika hurbiltzeko.
Musika Gela YouTuben
Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Ondinaren magia, Euskadiko Orkestra Cirkus, Living Room Music eta Mozart, Nannerl eta Lagunak. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.
Lankidetza-sare zabala
Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena eta El Diario Vasco.
Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza


