Asteazkena 22 Apirila, 2020

Izarok eremu sinfonikora jauzi egin du Euskadiko Orkestraren eskutik eta Fernando Velázquezen batutapean

Izaro, Euskadiko Orkestra eta Fernando Velázquez Miramonen 2019ko azaroan egin zen grabazioan.
Izaro, Euskadiko Orkestra eta Fernando Velázquez Miramonen 2019ko azaroan egin zen grabazioan.

Fernando Velázquezek moldatutako eta Euskadiko Orkestrarekin grabatutako Izaroren ‘Errefuxiatuena’, ‘Koilarak’ eta ‘Tu escala de grises’ kanten bideoklipen estreinaldia, hurrenez hurren, gaur (apirilak 23), bihar (24) eta etzi (25) gauzatuko da ETBn eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan.

Euskadiko Orkestrak erreferentziazko euskal artistak eremu sinfonikora eramateko ekimen digital hau duela bi urte jarri zuen abian, Zea Maysen hiru bideoklip eta Doctor Deseoren beste hainbeste grabatu eta zabaldu zituenean. Ekimena fenomeno biral batean bilakatu zen eta oraindik orain bideo hauek milaka bistaratze biltzen jarraitzen dute sareetan. Formatu horren estreinaldia arrakasta handikoa izan zen orkestrarentzat, eta eskaera gehien jasotzen ari diren euskal artistetako batekin errepikatu du oraingoan, Izarorekin, alegia.

2019ko azaroan ateak itxita grabatu ziren bideo hauek Miramongo egoitzan, Fernando Velázquezen agindupean. Getxoko musikagile, zuzendari eta musikaria arduratu zen Izaroren ErrefuxiatuenaKoilarak eta Tu escala de grises kanten moldaketa sinfonikoak egiteaz, baita proiektu beri honen zuzendaritza artistiko osoaz ere. Ikus-entzunezko zuzendaritza Pausoka Entertainmenteko Jabi Elortegiren esku geratu zen oraingoan ere. Orduan egin zen grabazioa eta orain, konfinamendu garaian, inoiz baino zentzu gehiago hartzen duen honetan, aurkeztuko da eremu digitalean.

 

 

 

Beste publiko batzuetara iristeko Euskadiko Orkestraren proiektu digital estrategikoa

 

Ekimen honekin orkestrak beste publiko batzuentzako eskaintza musikala zabaldu du, arlo sinfonikoan ezohikoagoak diren errepertorioetan murgiltzearen bidez. Norabide honetan arrakasta handiko beste esperientzia batzuk ere baditu orkestrak bere ibilbidean, esaterako, Ken Zazpi, Michel Camilo, Kepa Junkera eta Benito Lertxundirekin garatutako proiektuak. Horiek guztiak kontzertu-formatuan eman ziren, baina duela pare bat urte orkestrak haratago joatea erabaki zuen eta bideoklip formatura egin zuen jauzi. Formatu hau Zea Mays eta Doctor Deseorekin abiatu zuen eta orain Izarorekin errepikatu du. Gainera, laster iragarriko da formatu honetako beste lankidetza bat ere beste euskal talde batekin.

 

 

Izaro: “Oso emozionantea da norberak egindako kantak beste era batera entzutea”

 

Euskadiko Orkestrak lehendabizikoz kolaboratu du Bizkaiko abeslariarekin, eta zirraraz betetako ekimena izan da artistarentzat: "Oso emozionantea da norberak egindako kantak beste era batera entzutea, are gehiago Euskadiko Orkestra bezalako musikari talde batek jotzen baditu, eta Fernando Velázquezek moldatu. Hiru abesti aukeratu genituen: Errefuxiatuena, Koilarak eta Tu escala de grises. Oso ederra izan zen lehen entsegura iritsi eta orkestra jotzen entzutea, konturatzen zara zure melodia txiki horiek bizitza propioa dutela. Eta ilusio berezia egiten dit Fernando bera zuzentzen ari den bitartean abesten ari dela ikusteak". 

 

 

 

Fernando Velázquez: “Izaroren musika, arte eta presentziarekin maitemindu egin zen orkestra”

 

Proiektu honen zuzendari musikala ados dago Izarorekin eta zera azpimarratu nahi izan du, Izaro, orkestra eta zuzendaria lehendabizikoz eszenatoki gainean elkartu ziren unea: “Izaro eszenatokira igo zenean haren musika, arte eta presentziarekin maitemindu egin zen orkestra. Bere magnetismoa eta kantatzen duenaren edertasuna dira nagusi. Euskadiko Orkestraren presentzia ezinbestekoa da mezua gorpuzteko, baina bere ahotsean eta abestietan dago benetako magia”. Velázquezentzat pribilegio hutsa da proiektu honetan lankide jardutea eta “legami pixka bat gehitu ahal izatea pastela hobeto harrotu dadin”. Oso pozik eta eskertuta agertu da proiektu honekin getxotarra.

Proiektu hau da Fernando Velázquezek eta Euskadiko Orkestrak orain dela gutxien partekatu duten proiektua, baina askoz gehiago egin dituzte batera. Errepertorio berriak jorratzeko eta publiko berrietara iristeko ariketa horretan, tandem bikaina osatu dute Velázquezek eta Euskadiko Orkestrak duela hainbat urtetatik, eta emaitza oparoak ekartzen jarraitzen du aliantza honek. Ken Zazpirekin egindako kontzertu-ziklo ezagun haietatik hasi eta getxotarraren agindupean egindako zine-munduko kolaborazio sorta zabalera arte. Azken aldian egindako proiektuen artean nabarmentzekoak dira pantailara eraman diren eleberrien soinu-banda originalak, Fernando Arambururen Patria —laster estreinatuko dena— eta Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea kasu. Aipagarria da, baita ere, duela gutxi berreskuratutako Truffauten The Bride Wore Black filmaren musikaren grabazioa. Atzeragora jotzen badugu, beste soinu-banda ugari aurki ditzakegu: Juan Antonio Bayonak zuzendutako A Monster Calls filmarena, zeinaren bidez Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen; Wim Wendersen Submergence filmarena; Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko erabateko estreinaldia Donostia Zinemaldian; Ocho apellidos vascosena; Contratiemporena; etab.

 

Bideoklipen aurkezpena

 

Apirilaren 23, 24 eta 25ean aurkeztuko dira hiru bideoklip berri hauek, lehendabizi ETBn eta ondoren Euskadiko Orkestraren sare sozialetan (Youtube, Instagram, Facebook eta Twitter).

Apirilak 23: Errefuxiatuena
-ETB2: Qué me estás contando programaren amaieran (20:15).
-ETB1: Eztabaidan programaren amaieran (22:30).
-Euskadiko Orkestraren sare sozialetan argitaratuko da ondoren (22:30).

Apirilak 24: Koilarak
-ETB2: En Jake programaren amaieran (14:10).
-ETB1: Eztabaidan programaren amaieran (22:30).
-Euskadiko Orkestraren sare sozialetan argitaratuko da ondoren (22:30).

Apirilak 25: Tu escala de grises
-ETB2: Teleberriaren aurretik (14:55).
-ETB1: Eguraldiaren ondoren (21:00).
-Euskadiko Orkestraren sare sozialetan argitaratuko da ondoren (22:30).

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza

1 Az
2 Og
3 Or
4 Lr
5 Ig
6 Al
7 Ar
8 Az
9 Og
10 Or
10 maiatza, 2024 Ostirala, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
11 Lr
11 maiatza, 2024 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 14. Matinéea: Bost metalak Donostia Sarrerak erosi
14. Matinéea: Bost metalak
12 Ig
13 Al
13 maiatza, 2024 Astelehena, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
14 Ar
14 maiatza, 2024 Asteartea, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Pamplona/Iruña Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
15 Az
16 Og
17 Or
18 Lr
19 Ig
20 Al
21 Ar
22 Az
22 maiatza, 2024 Asteazkena, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Debussy / Viloria Baldur Brönnimann Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Debussy / Viloria
23 Og
24 Or
25 Lr
25 maiatza, 2024 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 15. Matinéea: Xarma Donostia Sarrerak erosi
15. Matinéea: Xarma
26 Ig
27 Al
28 Ar
29 Az
30 Og
31 Or