Osteguna 14 Iraila, 2023

‘Kontzertua & Proiekzioa’ Belodromoan irailaren 23an

‘Kontzertua & Proiekzioa’ Belodromoan irailaren 23an

Zinemaldiaren 71. edizioan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. 

Zinemaldiko lehen larunbatean eguerdian irekiko da Belodromoa musikazale, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako.

Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta laurdenez, larunbatean, irailak 23, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.

Zinemaldiaren 71. edizioan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. Ohikoa den moduan, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa musikazale, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta laurdenez, larunbatean, irailak 23, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.

Musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotuta dago Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenatoki gogokoena da dudarik gabe, 3.000 plazako edukieraz. Aurtengoan Juan Jose Ocon donostiarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna zine eta soinu-banden elkartze jendetsu honetan.

Aurtengo Kontzertua & Proiekzioa sei filmetarako musikaren egokitzapenez osatzen da. Oraingo honetan hautatutako musikagile eta filmak honakook dira: Ivan Palomaresen Las niñas de cristal; Victor Reyesen Love gets a room; Julio de La Rosaren Modelo 77; Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Callejaren Irati; Paula Olazen Nora; eta Fernando Velazquezen Momiak.

Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestrak Oñatiko Ganbara Abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Las niñas de cristal, Love gets a room, Modelo 77 eta Irati filmen musikaren ahots-interpretazioan.

Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Morgancrea taldeak sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.

Sarrera doakoa da, eta nahikoa duzu gonbita irailaren 16tik 22ra Donostia Zinemaldiaren Kursaaleko informazio-puntuan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera.

 


KONTZERTUA & PROIEKZIOA
Larunbata, irailak 23, 12:00
Donostiako Belodromoa

Programa
Ivan Palomares: Las niñas de cristal* (Zuzendaria: Jota Linares)
Víctor Reyes: Love gets a Room* (Zuzendaria: Rodrigo Cortés)
Julio de La Rosa: Modelo 77* (Zuzendaria: Alberto Rodríguez)
Maite Arroitajauregi / Arantzazu Calleja: Irati* (Zuzendaria: Paul Urkijo)
Paula Olaz: Nora (Zuzendaria: Lara Izagirre)
Fernando Velazquez: Momiak (Zuzendaria: Juan Jesús García Galocha)

Juan Jose Ocon, zuzendaria
Oñatiko Ganbara Abesbatza
Euskadiko Orkestra

Kontzertuaren gutxi gorabeherako iraupena: 1h15


 

                                                                                                                        

Euskadiko Orkestra Zinemaldiarekin

 

Urteetan zehar, Euskadiko Orkestrak modu askotan parte hartu du Donostia Zinemaldian. Bere parte-hartze nabarmenetako bat 2012ko edizioan egin zuen, orkestrak mundu osoan ospetsua den Juan Antonio Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko estreinaldian parte hartu zuenean (Fernando Velazquezek sinatutako partitura). Hurrengo urtetik aurrera, 2013tik aurrera, orkestra zuzeneko zine-musikako kontzertu bat eskaintzen hasi zen, lehenik Miramongo egoitzan, eta 2015etik aurrera Belodromoan, aurten arte mantendu duen eszenatoki handian. Zine-musikako kontzertuen hamarkada honetan, orkestrak Handia, Errementari, Arrugas, Pájaros de Papel, Los crímenes de Oxford, Alatriste, Tadeo Jones 2, Mientras dure la guerra, Buñuel en el laberinto de las tortugas… bezalako film luzeen soinu-bandak interpretatu ditu. Guztira 60 soinu-banda baino gehiago interpretatu eta ikusarazi ditu denbora honetan Euskadiko Orkestrak. Gainera, aipatzekoa da orkestrak Zinemaldiaren sintonia grabatu zuela 1991 eta 1992ko edizioetan.

Zinemaldian daukan parte-hartze oparoaz gain, Euskadiko Orkestrak film-musikaren arloan lan handia egin du. Aipagarriak dira Patria eta Maixabelen soinu-banden azken grabazioak, baita aurreko batzuk ere, hala nola A Monster Calls —Fernando Velázquezek 2016ko soinu-banda onenaren Goya saria jaso zuen—, Ocho Apellidos Vascos, Contratiempo, Submergence, eta abar.

 

 

SGAE Fundazioa zinearekin

 

2012az geroztik, SGAE Fundazioak Made in Spain sail ez-lehiakorra antolatzen du. Ekimen honek azken urtean ekoitzitako film espainiarren sorta bat osatzen du, estreinatuak izan ala ez, eta zinemaldiak plataforma bikaina eskaintzen die film horiei guztiei nazioartean hedatzeko. Obrak, bide batez, irailaren 26tik 30era bitartean proiektatuko dira Madrilgo Berlanga Aretoan.

Bestalde, Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak sortutako Fundazioak berak ere, Dunia Ayaso Saria ematen du Zinemaldiaren baitan, genero-ikuspegidun gidoi onenari hain zuzen ere. Aurten zazpigarren urtea beteko du 2012an hildako kanariar zinemagilearen omenez.

Azkenik, SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluak Euskal Produkzioko Gidoi Onenaren Saria babesten du, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak urteroko jaialdian bertan ematen duena.

 

 

Konpositoreak

 

Ivan Palomares (Las niñas de cristal)

Madrilen jaioa, Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, Orkestra Zuzendaritza eta Konposizio espezialitateetan, kalifikazio gorenak eta Karrera-amaierako Saria lortuz.

Bruselan, Eskozian, Berlinen eta Estatu Batuetan ikastaro eta eskola magistralekin osatu zuen zuzendari eta konpositore prestakuntza, Philippe Gérard, Enrique García Asensio, Samuel Adler, Benet Casablancas, Ertugrul Sevsay, Hummie Mann edo Teresa Catalanen eskutik. Berlinale Talent Campusean parte hartzeko hautatua izan zen, eta, bide batez, 2015ean Kaliforniako Los Angeles hirian garatutako Ascap Film Scoring Workshop ospetsuan parte hartu zuten mundu osoko 12 konpositore bakarretako bat izateko hautatua izan zen.

Bere ibilbide profesionala kontzertu-musikaren esparruan (konpositore eta zuzendari gisa) nahiz ikus-entzunezko komunikabideetarako konposizioaren esparruan garatu du. Halaber, zinemarako, antzerkirako eta telebistarako proiektu askotan parte hartzen du sarritan, Estatu barruko zein nazioarteko sari ugari eman dizkiotela. 2005etik berrogeita hamar konposizio baino gehiago sortu ditu zinemarako (BSOak), telebistarako eta publizitaterako. Diziplina anitzeko proiektu artistikoen zale amorratua, En las Estrellas filmerako sortutako partitura sentikorrarekin, 33. Goya Sarietarako izendatua izan zena, alegia, Valentziako Ikus-entzunezko Akademiaren Saria irabazi zuen, Espainiako Soinu Banda Onenaren Mundo BSO Saria, bai eta bertan zein kanpoan erdietsitako beste hainbeste aintzatespen eta izendapen batzuk ere, hala nola, Zinema Musika Kritikarien Nazioarteko Elkartearen Konpositore Errebelazioarena (IFMCA).

 

Victor Reyes (Love gets a room)

Victor Reyes (Salamanca, 1962) musikari eta konpositore oso ezaguna da, zineman eta telebistan egindako lanengatik, batez ere. Bere obrarik ezagunenetako batzuk Buried (Enterrado) edo Grand Pianoren soinu-bandak dira, biak Soinu Banda Onenaren IFMCAren irabazleak, edo The Night Manager (El infiltrado), 2016an Emmy Saria eman zion partitura.

Formakuntza klasikoarekin, musika ikasketak Madrilgo Opera Kontserbatorioan amaitu zituen, 90eko hamarkadan moldatzaile bezala ibilbide dinamikoa garatuz nazioarteko artistentzat, hala nola, Julio Iglesias, Placido Domingo, Ricky Martin edo Montserrat Caballe, eta Mecano, La Decada edo Complices bezalako taldeentzat.

Aldi horretan, eta batez ere 2000ko hamarkadaren hasieratik, ikus-entzunezko baliabideekin harremanetan jarri zen eta bere ibilbideko soinu-banda nabarmenenak idatzi zituen, azkenak: Luces Rojas, 2012an, Down a Dark Hall (Blackwood), 2018an, eta Love a Room (El amor en su lugar), 2021ean. Musikagileak bertoko eta nazioarteko hainbat ekoizpen egin ditu, besteak beste, El Internado - Las Cumbres seriea edo eta Mediaseteko Entrevíasen ekoizpena.

 

Paula Olaz (Nora)

Paula Olaz (Iruñea, 1989) zinema, telebista, antzerki, dantza eta bideojokoetarako soinu-banden musikagilea dugu. Bere ikasketak Berklee College of Music-en egin zituen, non cum laude aipamena duen graduondokoa lortu zuen. Aldi berean, neuropsikologia klinikoko ikasketak egiten ditu, berau soinu-banden psikologia kognitiboaren munduan espezializatzeko aukera ematen dion esparrua izanik. Espainian, Estatu Batuetan, Suitzan eta Alemanian ikasi ondoren, hots, Javier Asín, Bingen Mendizabal, Cornelius Schwehr, Lucio Godoy eta Wolfgang Rihm konpositore ospetsuen babespean, Pascal Gaignerekin elkarlanean hasi zen 2017an. United Love Movement mugimendu unibertsalaren sortzaileetako bat da, eta, koru eta orkestra-musikaren bidez, giza izaerari eta egungo gizartean musikak duen aldaketa-ahalmenari buruzko hausnarketa bultzatzen du mugimendu honekin.

Hainbat filmetako musika konposatu du: Verano en Rojo (Belen Macias), Alguien que cuide de mí (Elvira Lindo eta Daniela Fjerman), Las Buenas Compañías (Silvia Munt)... Beste horrenbesteko filmen musika sailetan ere lan egin du, besteak beste, honakoetan: Handia, La Trinchera Infinita, Errementari, Remember me, Dantza, Ilargi guztiak, Malpaso, etab. Astronomia zalea eta unibertsoko soinu munduaren ikertzailea, 2017an Londresko Air Studios ospetsuetan grabatu eta zuzentzen du Hubble teleskopioak Europako Espazio Agentziarentzat dituen benetako irudietan oinarritutako obra. Orduz geroztik, "data sonification" deritzon arloan ikertzen du, CERN eta HEAD direlakoekin (Geneva, Suitza) elkarlanean, Europako fisikariekin eta astronomoekin batera. Gainera, Larrotxenen (Donostia) soinu bandak eta musika teknologia irakasten ditu, eta musika zein zientzian aditua da EITBn.

 

Julio de La Rosa (Modelo 77)

Julio de la Rosa soinu-banda sendo eta fidagarrienen espainiar konpositore eta ekoizleetako bat bilakatu zaigu. Egiten duen guztiari buruz duen ikuspuntu bereziak, beti filmaren edo telesailaren asmoetatik aldendu gabe, era guztietako sariak lortzea ekarri dio, besteak beste, La Isla Mínima filmarengatik Jatorrizko musika onenaren Goya Saria eta beste sari eta izendapen batzuk. Thriller-az gain, lan dexente egiten du komedia erromantikoetan, drametan, garaiko zineman edo eta fantasiazkoan.

Jerez de la Fronteran jaioa eta Sevillako Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua, Madrilen bizi da. 2005ean eman zuen bere burua ezagutzera ikus-entzunezkoen munduan, Siete Vírgenes filmarekin, Alberto Rodríguez zine-zuzendari handiaren eskutik. Bere ohiko konpositorea bihurtu da gaur arte. Harrezkero, dozenaka soinu-banda egin ditu Espainiako, Latinoamerikako eta Europa erdialdeko beste zuzendari batzuentzat, telebistarako eta plataformetarako telesailez gain, eta Goya Sarirako hiru aldiz izendatu dute: Grupo 7, El Hombre de las Mil Caras eta La Isla Mínima lanen musikagintzagatik, hain zuzen. Azken lan honekin “buru-handia” lortu zuen, Zinematografiako Idazleen Domina eta Kritikaren Feroz Saria ere. Bere azken soinu-bandarekin, Modelo 77, Goya, Feroz, Carmen eta CEC sarietarako izendatuta egon da, besteak beste. Halaber, Urteko soinu-banda onenaren Saria eskuratu du, Días de Cine Saria konkretuki.

 

Arantzazu Calleja (Irati)

Arantzazu Calleja Arte Ederretan lizentziatua eta biolin irakaslea da. Zinemarako musika idazten hasi zen Borja Cobeagarekin batera. Bere lehen kolaborazioa Goya Sarietarako izendatua egon zen (La primera vez, 2001) eta bigarrena Akademiaren Oscar Sarirako (Éramos pocos, 2005). Bere filmografiaren baitan Psiconautas bezalako izenburuak nabarmentzen dira (Alberto Vazquez eta Pedro Riveroren lana, 2017an Animaziozko Film onenaren Goya Saria), El Hoyo (Galder Gaztelu-Urrutia) edo Akelarre (Pablo Agüero), zeinaren bidez, Maite Arroitajauregirekin batera, Jatorrizko musika onenaren Goya Saria eta 2020ko Platino Saria jaso zituen. Bere azken lanak ditugu Alauda Ruiz de Azuaren Cinco Lobitos, Paul Urkijoren Irati (Maite Arroitajauregiren eskutik ere) eta Borja Cobeagaren No me gusta conducir. Gaur egun, Rich Flu filmaren soinu-banda sortzen dihardu, hots, Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako nazioarteko koprodukzio batean.

 

Maite Arroitajauregi (Irati)

1977an Eibarren jaioa, Maite Arroitajauregi Biolontxeloan Lizentziatua da Gasteizko Goi Mailako Kontserbatorioan, eta Erdi mailako Gradua dauka Gambako Biolan, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan. Anari, Lisabö edo Xabier Montoia bezalako taldeetan parte hartu ondoren, 2009an Mursego sortu zuen, bere bakarkako proiektua. Bertan, hainbat disko argitaratu ditu, eta abangoardia, folklorea eta musika klasikoa uztartzen dituen musika-lengoaia propioa definitu du. Horren ondorioz, 200 kontzertu baino gehiago eman ditu Paristik Erromara doazen agertokietan.

Dantza eta antzerkiaren munduarekin noizbehinkako kolaborazioez gain, ikus-entzunezkoen munduan ibilbide emankorra hasi zuen, hainbat film laburri musika jarriz, besteak beste, El rito, 2012 eta Herencia (Isaki Lakuesta) edo Colera (Aritz Moreno), baita Invisible (Victor Iriarte) eta Emak Bakia (Oskar Alegria) film luzeen soinu-banda konposatuz ere. Azken hori Zinemaldiaren 2012ko edizioko Zabaltegi sailean aurkeztu zen. 2015ean, Asier Altunaren Amamaren soinu-banda konposatu zuen Javi Pez musikariarekin batera, Zinemaldiko sail ofizialean ere aurkeztua, eta, ondoren, Montpellierreko Zinemaldian Musika onenaren Saria irabazi zuen. Fernando Francoren Morir filmaren soinu-bandaz arduratu ondoren, 2018an Myriam Perez Cazabonen Mutu pieza eszenikorako musika konposatu zuen.

 

Fernando Velazquez (Momiak)

Fernando Velazquez (Getxo, 1976) zinema, telebista eta antzerkirako euskal musikagilea da, kontzertu-musikaren sortzailea, orkestra-zuzendaria eta euskal biolontxelojolea. Ekimen bateratu honen sustatzaile intelektualetako bat dugu. Bere lanik ezagunenen artean Juan Antonio Bayonaren El orfanato, Lo imposible eta Un monstruo viene a verme filmak daude. Azken honen soinu-bandarekin Jatorrizko Musika Onenaren Goya Saria irabazi zuen 2017an. Musika ikasketak Getxo, Bilbo eta Gasteizko kontserbatorioetan hasi zituen, eta gero Madrilera edo Parisera joan zen. Espainiar Estatuko edo Erresuma Batuko orkestrarik onenetan biolontxelo-jotzaile eta orkestra-zuzendari gisa nabarmendu bada ere, 2000. urtetik aurrera bere konpositore ibilbidea Koldo Serra, Nacho Vigalondo edo Juan Antonio Bayona errealizadoreen eskutik erabat handitzen da. Harrezkero, arrakasta zinematografiko handietarako (Mamá, Ocho apellidos vascos, Hércules, El secreto de Marrowbone, Superlópez, Poderoso Victoria...) eta telesailetarako (Diablero, La otra mirada, Patria, El inocente, Alma...) konposatzen jarraitzeaz gain, antzerkigintzan egindako lana areagotu du, eta Alfredo Sanzol (El Gollem, El bar que se tragó a todos los españoles, La ternura...) antzerkigile eta Zentro Dramatiko Nazionaleko zuzendariarekin izandako esperientzia nabarmena bezain oparoa izan da.

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza

1 Az
2 Og
3 Or
4 Lr
5 Ig
6 Al
7 Ar
8 Az
9 Og
10 Or
10 maiatza, 2024 Ostirala, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Ari Rasilainen Bilbao/Bilbo
Lalo / Dvorak
11 Lr
11 maiatza, 2024 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 14. Matinéea: Bost metalak Donostia
14. Matinéea: Bost metalak
12 Ig
13 Al
13 maiatza, 2024 Astelehena, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Ari Rasilainen Vitoria/Gasteiz
Lalo / Dvorak
14 Ar
14 maiatza, 2024 Asteartea, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Ari Rasilainen Pamplona/Iruña
Lalo / Dvorak
15 Az
16 Og
17 Or
18 Lr
19 Ig
20 Al
21 Ar
22 Az
22 maiatza, 2024 Asteazkena, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Debussy / Viloria Baldur Brönnimann Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Debussy / Viloria
23 Og
24 Or
25 Lr
25 maiatza, 2024 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 15. Matinéea: Xarma Donostia Sarrerak erosi
15. Matinéea: Xarma
25 maiatza, 2024 Larunbata, 19:00 h.
Bestelako jarduerak Musikaste. Amaierako kontzertua Baldur Brönnimann Errenteria Sarrerak erosi
Musikaste. Amaierako kontzertua
26 Ig
27 Al
28 Ar
29 Az
30 Og
31 Or