Asteazkena 27 Apirila, 2016

16/17 Denboraldia: Pinchas Zukerman edo Katia eta Marielle Labèqueen mailako bakarlarien eta Jun Märkl zein beste zuzendari handien topaleku

16/17 Denboraldia: Pinchas Zukerman edo Katia eta Marielle Labèqueen mailako bakarlarien eta Jun Märkl zein beste zuzendari handien topaleku
Euskadiko Orkestraren 2016/17 Abonu Denboraldia urriaren 3an hasiko da Gasteizen eta 2017ko ekainaren 22an bukatuko da, Donostian. Orkestrak 11 programa ezberdin eskainiko ditu egoitza bakoitzean

Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan aurkeztu da 16/17 Kontzertu-denboraldia. Eusko Jaurlaritzako kultura, gazteria eta kirol sailburuorde Joxean Muñozek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Oriol Rochek komunikabideei agertu dizkiete datozen hilabeteotan Orkestrak burutuko dituen jarduerak eta baitan horietan lagun izango duen irudia ere. Denboraldi berria #momentum kontzeptuari lotuko zaio: "denbora gelditu dela ematen duen unea, gelditasunerako espazioa. Musikaren bidez emozionatzeko unea, ezinegonak darabilen gizarte zorabiagarri honetan...".

Euskadiko Orkestra sinfonikoak kontzertu-denboraldi berri bat proposatzen dizu, lehen mailako bakarlari hauei protagonismoa eskainita: Pinchas Zukerman, Katia & Marielle Labeque ahizpak, Julian Rachlin, Enrico Dindo eta Vadim Gluzman. Baita Jun Märkl, Ari Rasilainen eta Hans Graf zuzendari handiei ere.

Euskadiko Orkestrak gure herriko musika eta kultura arloko ondasun nagusia bilakatzeko bidean jarraitzen du aurrera. Topaleku da bere egoitzetan eta gero eta presentzia handiagoa duen hirietan; eta egoera horretatik eskaintzen da kulturgune gisa, hausnarketarako eta emoziorako espazio gisa proposaturik. Hausnarketa hori urritik ekainera doan aukera zabalari lotzen zaio, eta emozioak norbanako bakoitza blaitzen du, Euskadiko Orkestraren proiektuarekin bat egiten du eta pertsona gisa hazi arazten dio.

Abiapuntu horretatik, Euskadiko Orkestrak, hausnarketarako eta emoziorako topagune den aldetik, bere publiko guztiari proposatzen dio, abonatuei eta abonatu gabeei, xede duen gizarte osoari, azken finean, ezagutzea eta aintzatestea. Errepertorio berria ezagutzea, estetika berriak, Orkestrak lehen aldiz aurkezten dituen lan berriak, hala nola Elgar (biolinerako kontzertua), Hosokawa, Walton. Eta Orkestrak berriro bizitu izan nahi dituen beste batzuk aintzatestea, hala nola Tchaikovsky (4.a), Schumann (2.a), Debussyren "Images" eta Escudero ere bai, "Gernika" bere lanaren irakurketa berri batekin, José Ramón Encinar-en aditu-begiradapean.

Asteazkena 13 Apirila, 2016

Musika Familian: "Stick Dance Quartet", Donostia eta Gasteizen

Musika Familian: "Stick Dance Quartet", Donostia eta Gasteizen
Familiartean gozatzeko perkusio-kontzertua, apirilaren 16an, larunbatean Kursaaleko ganbera-aretoan eta 17an, igandean, Gasteizko Principal Antzokian.

Asteburu honetan Euskadiko Orkestrako Musika Familian zikloaren baitan, "Stick Dance Quartet" kontzertua izango da. Ikuskizun honek perkusioaren mundu eroaren ikuspegi umoretsu, eguneroko eta sentibera agertuko digute. Apirilaren 16an, larunbatean, Donostiako Kursaaleko ganbara-aretoan, Kursaal Eszenarekin elkarlanean; eta igandean, hilak 17, Gasteizko Principal Antzokian, Udal Antzoki Sarearekin lankidetzan.

STICK DANCE QUARTET
Donostia: apirilaren 16an, 18:00etan, Kursaaleko ganbera-aretoan.
Gasteiz: apirilaren 17an, 18:00etan, Principal Antzokian

(Sentsibilizazio Tailerra 16:45etan. Koordinatzailea: Elisabete Arabaolaza)

Lau pekusionista eta baxu-jotzaile batek, Anthony Lafargue Orkestrako tinbal eta perkusio-bakarlariak zuzenduta, oso ezaugarri berezia duen egitaraua eskaniko digute: entzungai izango den musika oro garaikidea da, bizirik dauden konpositoreek idatzia. Hau da, gaur-gaurko musika da. Horretarako, askotariko perkusio-instrumentuak baliatuko dituzte. "Stick Dance Quartet" kontzertuan, gainera, perkusionistek perkusioaren mundu eroaren ikuspegi umoretsu, eguneroko eta sentibera agertuko digute; horretarako, gure bizitzan erabiltzen ditugun objektuak perkusio instrumentu bihurtuko dituzte.

Anthony Lafargue, Frédéric Chambon eta Elur Arrieta, perkusioa; Jorge Pacheco, perkusioa eta aurkezpena; Juan Ignacio Emme, baxua;

EGITARAUA:
1. Charles Owen: Lover
2. Anthony Lafargue: Hablando con él
3. Emmanuel Séjourné: Marteko tribuak
4. Nebojsa Jovan Zivkovic: Trio per uno
5. Chick Corea (Stick Dance Quartet-en moldaketa): Spain
6. Igor Lesnik: Chamade Suite

7. Richard Galliano (Stick Dance Quartet-en moldaketa): Tango pour Claude
8. Manfred Menke: Eine Kleine Tischmusik (Mahai-musika txikia)

 

Asteartea 12 Apirila, 2016

Alexander Lonquich, lehenbiziko aldiz Euskadiko Orkestraren Denboraldian

Alexander Lonquich, lehenbiziko aldiz Euskadiko Orkestraren Denboraldian
Apirilaren 14tik 21era, ohiko lau hiriburuetan. Christoph Königen zuzendaritzapean.

Apirilaren 14tik 21era, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu-programa berri bat eskainiko du ohiko lau hiriburuetan. Oraingoan egungo pianista nabarmenetako bat, Alexander Lonquich alemaniarra bakarlari gonbidatu izatea izango du akuilagarri. Kontzertuak Christoph Königek zuzenduko ditu; Luxemburgeko Solistes Européens delakoaren zuzendari artistiko eta Real Philharmonia de Galicia orkestrako zuzendari printzipal gonbidatua, 2013an estreinakoz bertan jardun ostean dator berriz ere Euskadiko Orkestraren denboraldira.

Kontzertuak izango dira apirilaren 14 eta 15ean Donostiako Kursaalean, 19an Iruñeako baluarten, 20an Bilboko Euskaldunan eta, amaitzeko, hilaren 21ean Gasteizko Principal Antzokian.

Alexander Lonquich nazioarte mailan pianista zein zuzendari gisa da ezaguna eta gaurdainoko ibilbidea Europako areto nahiz jaialdi ospetsuenetan ez ezik, Estatu Batuetan, Australian eta Japonian ere burutu du. Bakarlari moduan, Vienako Orkestra Filarmonikoaren, Royal Philharmonic Orchestra eta Zuricheko Tonhalle orkestraren lankide izana da; zuzendari izan dituenen artean, Claudio Abbado edo Mark Minkowski. Ganbera-musika ere lantzen du eta alor horretan Joshua Bell, Renaud eta Gautier Capuçon, Steven Isserlis, Leonidas Kavakos, Heinrich Schiff eta abar izan ditu lagun. EMI disko etxearentzat egindako grabaketek hainbat sari merezi izan dituzte: Diapason d'Or Frantzian, Abbiati Italian, Edison Holandan eta abar. Euskadiko Orkestrarekin debuta egiteaz gain, denboraldi honetan zehar burutuko dituen proiektuen artean daude NDR Symphony Orchestra-ren artista egoiliar izatea eta Estatu Batuetan barrena bira bat burutzea.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eskainiko dituen lehenbiziko kontzertuetarako, Lonquichek Chopinen Pianorako 2. kontzertua aukeratu du. Egileak berak pianoa joz bere dohainak erakusteko sortua, partitura horrek bakarlariaren ezaugarri nabarmenenak ustiatzen ditu.

Sibelius eta Beethoven, kontzertua ireki eta ixteko. Orkestrak lehenbiziko aldiz interpretatuko du Jean Sibeliusen 7. Sinfonia, finlandiarraren azken lan sinfonikoa. Eta bigarren zatian Beethovenen Bosgarren Sinfonia ezaguna izango da entzungai.

 

Asteartea 12 Apirila, 2016

"Stick Dance Quartet" eta "Planeten soinua", Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren protagonista Gasteizen

"Stick Dance Quartet" eta "Planeten soinua", Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren protagonista Gasteizen
Musika Familian zikloaren baitan, Principal Antzokian izango dira, apirialren 17an eta maiatzaren 13an, hurrenez hurren.

Aurkeztu berri da Gasteizen Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gela. Aurtengorako diseinatutako programazioaren baitan, bi izango dira arabar hiriburuko Principal antzokian aurkeztuko diren ekoizpenak.

Antzokien Udal Sarearekin lankidetzan, Principal Antzokian "Stick Dance Quartet" izango da apirilaren 17an eta, ondoren, maiatzaren 13an "Planeten Soinua" kontzertuaren txanda izango da Principal Antzokian, Euskadiko Orkestraren eta Juan José Ocónen eskutik. "Stick Dance Quartet" eta "Planeten Soinua" ekoizpenak azken hamarkadan Musika Familia zikloaren baitan izan diren emanaldien artean arrakastatsuenetarikoak ditugu. Musika Gelak ikusle berrien gozamenerako berreskuratu ditu orain.

STICK DANCE QUARTET
2016ko apirilaren 17an, 18:00etan, Principal Antzokian

(Sentsibilizazio Tailerra 16:45etan Antzokiko foyer-ean. Koordinatzailea: Elisabete Arabaolaza)

Lau pekusionista eta baxu-jotzaile batek, Anthony Lafargue Orkestrako tinbal eta perkusio-bakarlariak zuzenduta, oso ezaugarri berezia duen egitaraua eskaniko digute: entzungai izango den musika oro garaikidea da, bizirik dauden konpositoreek idatzia. Hau da, gaur-gaurko musika da. Horretarako, askotariko perkusio-instrumentuak baliatuko dituzte.

Anthony Lafargue, Frédéric Chambon eta Elur Arrieta, perkusioa; Jorge Pacheco, perkusioa eta aurkezpena; Juan Ignacio Emme, baxua;

 

Osteguna 07 Apirila, 2016

"Launaka": Dantzaz eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren proiektu berria, Miramongo Matinéetan

"Launaka": Dantzaz eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren proiektu berria, Miramongo Matinéetan
Dantza, hari-laukoterako musika era rocka uztartuz, apirilaren 9an, larunbatean, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo Egoitzan.

Gaur goizean aurkeztu da Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan "Launaka", apirilaren 9an, larunbatean, Dantzaz konpainiako dantzariek eta Euskadiko Orkestrako kideek osatutako Dionysus hari-laukoteak Miramongo Matinéetan aurkeztuko duten ikuskizuna. Haiekin batera ariko da, halaber, Koldo Soret ("Niña Coyote eta Chico Tornado" bikoteko kidea).

Launaka, Dantzaz Konpainiaren ekoizpen berria, Cristóbal Balenciaga Museoa, Donostia Kultura eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera ekoitzi da. Nazioartean ospetsu diren Paolo Mohovich eta Vitali Safronkine koreografoek programa honentzat bereziki sortu dituzten bi koreografia elkartzen ditu. Juan Crisostomo de Arriaga, Franz Schubert eta "Niña Coyote eta Chico Tornado"-ren musikan oinarritua, mundu osoan entzutetsu den euskal sortzaile batean inspiratu da: Cristobal Balenciagan, alegia. Lau bazkide, lau sortzaile (bost badira ere), lau dantzari-hirukote eta hari-laukote bat, lau atal dituen prozesu batean.

Launaka 2015eko urrian sorturiko prozesu kreatzailea da. 2016ko apirilean amaitua, lau atal ezberdin hartzen ditu:

1. Atala: Cristobal Balenciaga Museoa. Erronka: bisitaldi gidatu dantzatua eta lana inspiratu duen sortzailearekin topo egitea.

2. Atala: Dantzagunea eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren DIONYSUS Laukotearen musikarekin topo egitea. Materiala topaketarekin batera garatuko da. Bigarren atal hau Dantzazen egoitza den Dantzagunea dantza-estudiotan gauzatuko da.

> 3. Atala: entzuleekin egingo dugu topo Miramongo Matinéetan. Koreografia eta jantziak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren DIONYSUS Laukotearen zuzeneko musikarekin batera.
2016ko apirilaren 9a, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Egoitza, Miramonen. 11:00h.
Hirugarren atala apirilaren 9an gauzatuko da Miramongo Matinéetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere egoitzan garatzen duen zikloaren baitan. Vitali Safronkinek Balenciagan inspiratuta eta Schuberten musikarekin sortu duen "Silent Pulse" izeneko lana aurkeztuko dugu, bai eta Arriagaren musika daraman Mohovichen lana ere. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Matinéetako ikusleekin egingo dugu topo eta ekoizpen berriak ikusleekin duen lehen hartu-emana izango da. Hirugarren atala IN CRESCENDO batera iritsiko da MIRAMONGO MATINÉETAN zuzeneko musikari esker; eta goia joko du Paolo Mohovichek J.C. de Arriaga eta "Niña Coyote eta Chico Tornado"-ren musikarekin Dantzarentzat espresuki sortu duen "Barrock" lanarekin. Ondorioz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren DIONYSUS hari-laukotearen zuzeneko musika izango dugu dantzarekin batera. Ekitaldia ixteko, gainera, "Niña Coyote eta Chico Tornado" taldeko gitarra-jole eta abeslari Koldo Soretek bat egingo du haiekin "Desert Tornado" eta "Zauririk ez" beren abestien moldaketa bereziak eskaintzeko.

Eta ondoren...

4. Atala: ekoizpen eszenikoa, osoa. Gazteszena (Egia-Donostia). Ekoizpena, bere sortze-geruza guztiekin. Azkena: argien diseinua eta eszena-gunea. Apirilaren 9an bertan, arratsaldez, Launaka aurkeztuko dugu Gasteszenan (Egia-Donostia).

Eta hortik aurrera, jalgi hadi mundura! Baldinbaitere etorriko ahal da bira handi bat!

 

Astelehena 04 Apirila, 2016

Musikenek Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan antolatutako Orkestra Ikasketa Masterrean izena emateko epea zabalik da

Musikenek Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan antolatutako Orkestra Ikasketa Masterrean izena emateko epea zabalik da
Izena emateko epea zabalik dago apirilaren 4tik ekainaren 4a arte. Sarrera probak ekainaren 17 eta 20a bitartean egingo dira eta matrikulazioa, online, uztaileko bigarren hamabostaldian egingo da.

Gaur, apirilak 4, epea zabalduko da Musikenek (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak) bigarren urtez Euskadiko Orkestrarekin elkarlan estuan abian jartzen duen Orkestra Ikasketa Masterrean (hari espezialitateak) izena emateko epea. Orkestra errepertorioan espezializatzeko eta oposaketak prestatzeko pentsatua, 60 ECTS ditu eta urte batean edo bitan egin daiteke. Matrikulak 6.720 euro balio du, baina ikasle guztiek 1.400 euro jasoko dituzte orkestra praktiken truke eta alta emango zaie Gizarte Segurantzan. Horretaz gain, AIE erakundeak 1.500 euroko bi beka emango ditu sarrera probetan kalifikazio altuena lortzen duten bi hautagaiei eta, berritasun modura, Beasaingo Udalak Igartza beka emango du, 3.000 eurokoa.

Lehenengo esperientzia, ikasturte honetan egina, oso interesgarria izan da Danimarka, Portugal edo Errumania bezalako herrialdeetatik edo Euskal Herria, Katalunia edo Madrildik etorri zaizkigun ikasleentzat. Irakaskuntzaren kalitateaz gain, lehenengo promozioak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin izandako esperientzia profesionala nabarmentzen du, horri esker abonuko programetan parte hartu baitute -Brahmsen hirugarren sinfonia, edo Brucknerren zazpigarrena-, bai eta ABAOko operatan ere (Bilboko Euskalduna Jauregia), eta kontzertu berezietan, hala nola ICMA Awards 2016 Musika Klasikoaren Nazioarteko Sarien Galan. Oso baloratua izan da Gordan Nikolic-ekin egindako hari orkestrarako programa zehatza, "ez dugu hau sekula bukatzerik nahi" zioen ikasle batek horren inguruan.

Master honekin, Musikenek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bigarren urtez abian jarria, Euskadi berriz ere goi mailako musika hezkuntzaren punta puntako izango dugu. Europako hari interprete eta musikari onenek parte hartuko dute irakasle gonbidatu modura. Gordan Nikolic biolinista serbiar entzutetsuaz gain -London Symphony Orchestran kontzertino berau eta kontzertino-zuzendari modura hari orkestra programa bateko buru izango dena-, Musikeneko irakasle nabarmenak ere batzen zaizkie, gure ikastegia Estatuko musika hezkuntzaren maila gorenera eraman dutenak, eta nola ez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikari entzutetsuak ere. Izena emateko epea zabalik dago apirilaren 4tik ekainaren 4a arte. Sarrera probak ekainaren 17 eta 20a bitartean egingo dira eta matrikulazioa, online, uztaileko bigarren hamabostaldian egingo da.

Astelehena 04 Apirila, 2016

ICMA Awards 2016: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa aparteko emanaldiaren anfitrioi

ICMA Awards 2016: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa aparteko emanaldiaren anfitrioi
Apirilaren 1ean Donostia eta, bide batez, Euskadi Musika Klasikoaren Europar Hiriburu bilakatu ziren Musika Klasikoaren Nazioarteko Sariei esker.

Apirilaren 1ean Donostia eta, bide batez, Euskadi Musika Klasikoaren Europar Hiriburu bilakatu ziren. Euskadiko Orkestra eta Donostia 2016ren eskutik, Kursaalean bildu ziren, musika klasikoaren oraina eta etorkizuna irudikatzen duten artistak. Sari-banaketan lehenbizi eta, ondoren, eszenatokian, Euskadiko Orkestrarekin batera.

Sariak. Sarien eta Orkestrak eta sarituek eskainitako kontzertuaren berri eman zuten komunikabideetako batek zera zioen hurrengo egunean: "ICMA sarien helburua da antzelanik gabeko musika klasikoa sustatzea". International Classical Music Awards delakoan presidente Remy Franckek esan zuen "benetan merezi dutenei sostengu ematea" dela sari horien konpromezua. Horrela, emozioa, esker ona eta ondorengo kontzerturako irrika medio zirela, saria jaso zuten Dame Felicity Lott sopranoak, Christian Lindberg tronboi-joleak, Pablo Ferrández biolontxelo-joleak, Nikolai Song flautista gaztetxoak, Jordi Savallek eta Javier Perianesek; azken bi hauel Alia Vox eta Harmonia Mundi-ren izenean, hurrenez hurren.

Kontzertua. Sari-banaketa ekitaldiaren ondoren, arratsa bere gorenera heldu zen: Jun Märklen zuzendaritzapean, sarituen eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuaren ordua zen. Sariek berez duten garrantziari, musika-gertakariaren garrantzia gehitu zitzaion. Entzulegoa zalantzarik gabe emanaldi paregabea bilakatuko zenaz gozatzeko desiraz zegoen. Eta haren aurreran, Orkestrak bat egin zuen Dame felicity Lotten ahotsarekin, Pablo Ferrándezen Stradivarius bitixiarekin, Nikolai Song, 12 urteko flautistaren talentu ezohikoarekin eta David Violi zein Javier Perianesen pianoarekin.

ICMA Awards 2016, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa europar musikaren abangoardian kokatu duten sariak erakunde honen historiaren zati dira dagoeneko.

 

Osteguna 31 Martxoa, 2016

Clara Mouriz mezzosoprano euskalduna bakarlari gonbidatu Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian

Clara Mouriz mezzosoprano euskalduna bakarlari gonbidatu Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian
Jun Märklek zuzenduta, Cantelouberen "Cinq chants des Pays Basques" interpretatuko du Orkestrarekin batera. Apirilaren 2tik 8ra.

Ostiralean Orkestrak berak Donostia / San Sebastián 2016 Europar Kultur Hiriburuarekin lankidetzan antolatutako ICMA 2016 Musika Klasikoaren Nazioarteko Sarien Gala-Kontzertuan aritu ostean, apirilaren 2an, larunbatean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiari helduko dio berriz ere. Bilboko Euskalduna Jauregian kontzertu berri bat eskainiko du, bere titular Jun Märklek zuzenduta eta Clara Mouriz mezzosoprano donostiarra bakarlari gonbidatu dela. Joseph Canteloubek euskal doinu herrikoiak bilduz sortutako "Cinq Chants des Pays Basques" interpretatuko dute.

Abonu-programa hau osotuz, kontzertuak izango dira apirilaren 6an Gasteizko Principal Antzokian eta 7an eta 8an Donostiako Kursaal Auditorioan.

Clara Mouriz donostiarra bere belaunaldiko mezzosoprano garrantzitsuenen artean nabarmendu da dagoeneko nazioarte mailan. BBCren "New Generations Artists Programme" ospetsuan esku-hartzeko hautatua izan da eta Wigmore Hall eta Independent Opera-k opera- zein errezital-arloan ibilbide nabarmena egiten ari diren artistei ematen dieten saria jaso du. Errezitalean 2007an egin zuen debuta Londresko Wigmore Hall aretoan eta ordutik etengabean ari da Europa osoan eta, batez ere, Erresuma Batuan, orkestra zein zuzendari garrantzitsuenekin lankidetzan. Berriki egindakoen artean, Dame Felicity Lott eta Graham Johnsonekin batera debuta Parisen eta bere estreinako emanaldia Edimburgeko Nazioarteko Jaialdian, Royal Scottish National Orchestra eta Sir Andrew Davisekin batera. Aipagarriak dira, halaber, "Il barbiere di Siviglia" operako Rosina Opera St. Moritz delakoan; Cherubino "Le nozze di Figaro" Classical Opera Company delakoarentzat edo Mozarten "Requiem"-a Tokyo Opera-city delakoan, Daniel Hardingek zuzenduta. Euskadiko Orkestrarekin batera joan zen irailan aritu zen lehenengo aldiz, Festival Musique en Côte Basque jaialdiaren baitan.

Berriz ere Bruckner. Kontzertuaren bigarren zatian, Orkestrak Brucknerri helduko dio berriz ere. Haren 4. Sinfonia, "Erromantikoa" interpretatuko du oraingoan. Egitarauari oharren egile Mikel Chamizoren hitzetan, "heldutasuneko bere lehen lan handia izan zen. Lana pixkanaka-pixkanaka hedatuz doa, alemaniar errepertorioaren baitan aurki daitezkeen klimax ederrenetako zenbaitetara iritsi arte".

 

Astelehena 21 Martxoa, 2016

Musikene eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Orkestra Ikasketa Masterraren bigarren edizioa

Musikene eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Orkestra Ikasketa Masterraren bigarren edizioa
Orkestra jardueran ari diren profesionalen eskutik banakako eskolak eskaintzeaz gain, Hezkuntza Ministerioaren homologazioa lortu duen lehenengo orkestra masterra da.

Bigarren urtez segidan hari instrumentista gazteek Orkestra Ikasketa Masterra egin ahal izango dute Musikenen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlan estuan. Orkestra jardueran ari diren profesionalen eskutik banakako eskolak eskaintzeaz gain, Hezkuntza Ministerioaren homologazioa lortu duen lehenengo orkestra masterra da. Master honek orkestratan aritzeko eta ondoren ikerketari lotutako ikasketa ofizialak egiteko gaitzen ditu bere tituludunak. Orkestra errepertorioan eta oposaketa prestaketan espezializatzeko pentsatua, 60 ECTS ditu eta urte beten edo bitan egin daiteke. Matrikularen prezioa 6.720 eurokoa bada ere, ikasle guztiek jasoko dituzte 1.400 euro orkestra praktikengatik eta Gizarte Segurantzan alta emanda egongo dira. Horretaz gain, AIE erakundeak bi beka ematen ditu, 1.500 eurokoa bakoitza, sarrera probetan kalifikazio altuena lortzen duten bi hautagaientzat. Berritasun modura, gainera, Beasaingo Udalak Igartza beka emango du, 3.000 eurokoa.

Irakaskuntza kalitateak ere oso erakargarria egiten du masterra, Musikeneko irakasle entzutetsuez gain Gordan Nikolic baitu kontzertino-zuzendari hari orkestra egitasmo batean, eta beste irakasle gonbidatu nabarmenak ere baditu. Izena emateko epea datorren apirilaren 4an irekiko da.

Osteguna 10 Martxoa, 2016

Glinka, Poulenc eta Saint-Saëns, oboe, fagot eta pianorako Miramongo Matinéetan

Glinka, Poulenc eta Saint-Saëns, oboe, fagot eta pianorako Miramongo Matinéetan
Martxoaren 12 larunbatean, 11:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan.

Martxoaren 12 larunbatean Euskadiko Orkestrako kide Pascal Laffont eta François Proud, eta Javier Pérez de Azpeitia pianista ariko dira Miramongo Matinéetan. Oboe, fagot eta pianorako XIX. mende hasieratik XX. mende-erdialdera arte idatzitako musika berrikusiko dute. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan izango da, goizeko 11etatik aurrera.

"Trío Doble" izena hartuta, Pascal Laffont (oboea), François Proud (fagota) eta Javier Pérez de Azpeitiak fagot eta oboearentzat oso interresgarria izan zen garai bat ekarriko dute gogora: XIX. mendean, fagot eta oboeen eraikuntzan berrikuntza tekniko nabarmenak aplikatzearekin batera, izugarri ugaritu ziren instrumentu hauek konpositore zein musikariei eskaintzen zizkieten aukera artistikoak. Mikhail Glinka, Camille Saint-Saëns eta Francis Poulenc-en lanak interpretatuko dituzte, horiek mende eta erdian mihi bikoitzeko instrumentuen erabilerak ekarritakoaren katalogoa osatzen baitute, bai sonatei eta baita trioei dagokienean ere.

Egitaraua. Bere Trio "Patetikoa" mi minorrean lanean, M. Glinkaren estiloa oso fina da. C. Saint-Saënsek fagoterako eta oboerako sonatetan erabilitako idazkera post-erromantikoak, aldiz, konpositore horren testamentu bihurtzen ditu partitura biak; izan ere, bere bizitzaren azken urtean idatzi zituen. Bi sonata horietan Saint-Saënsen obra osoaren ezaugarri diren elementu guztiak aurki ditzazkegu; agertzen dituen musika-ideien gardentasuna, adibidez. Amaitzeko, "Trío Doble"k F. Poulencen Oboe, fagot eta pianorako trioa, opus 43 hotsandikoa joko du. Haren haize boskote eta pianorako sextuorarekin batera, trio hau ganbera-musikaren historian sortutako lanen artean orekatuenetarikotzat jotzen da musikaren munduan.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

 

Orriak