Osteguna 28 Maiatza, 2015

Dionysus hari laukoteak Sibelius eta Schubert intimistenak hizpide

Dionysus hari laukoteak Sibelius eta Schubert intimistenak hizpide
Maiatzaren 30 larunbatean Miramongo Matinéetan.

"Voces Intimae" da Dionysus Laukoteak Miramongo Matinéen baitan eskainiko duen kontzertua aurkezteko aukeratutako izenburua. Hori baita, izan ere, Jean Sibelius jaio zela mende bat eta erdi bete dela gogora ekartzeko hautatutako harientzako kuartetoa. Sibelius erreferentziazko konpositorea da, bai Finlandian eta baita haren jaioterriko mugetatik haratago ere. Egitarau goiztiarra osatuz, hari kuartetorako sortutako ekoizpenean saihestu ezineko beste partitura bat: Heriotza eta Dama, Franz Schubertek idatzia. Beste behin, Miramongo Matinéeak beren leitmotiv-a aintzat hartuta: kalitatezko musika formatu txikian. 11etatik aurrera Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan.

Dionysus Laukotea osatzen duten musikariak dira Irene Echeveste eta Larraitz Oiarzabal, biolinak; Delphine Dupuy, biola, eta Juan Ignacio Emme, biolontxeloa. Guztiak Euskadiko Orkestrako kideak dira.

Jean Sibelius Hameenlinna hirian jaio zen, Finlandian, 1865eko abenduaren 8an eta 1957ko irailaren 20an zendu zen. Ezinbesteko papera bete izan zuen XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasiera bitartean, bere berariazko musika-estiloa sortu baitzuen. Bere garaikideetariko askok bezala, Wagnerrenen miresle izan zen, baina aro batean bakarrik, azkenean musika-molde ezberdin bat aukeratu baitzuen. Sibeliusen obran islatzen diren beste eragin garrantzitsuak Busoni eta Tchaikovskyrenak dira. Azken honen eragina bereziki nabarmena da Kullervo sinfonia koralean (1891), bere Lehenbiziko Sinfonian eta, beranduago, 1903. urtean idatzitako Biolinerako kontzertuan. 1909an sortutako Voces Intimae harientzako kuartetoa pieza aipagarria da Sibeliusen ganbera-musika errepertorioan.

Franz Schubert Vienan (Austria) jaio zen 1737ko urtarrilaren 31an eta hiri hartan bertan hil zen, 1828ko azaroaren 18an. Erromantizismo musikalaren eta ezaugarri zuen forma laburraren sartzailetzat hartua, aldi berean sonata klasikoaren jarraitzaile ere izan zen halaber, Ludwig van Beethovenen ereduari jarraituz. Lieder, pianorako musika, ganbera eta orkestra musika sortzaile handia izan zen. 14. Harientzako kuartetoa re minorrean, D. 810, Heriotza eta Dama izenburuaz ezagunagoa, 1824an konposatu zuen Schubertek.

Sarrerak (7€) www.euskadikoorkestra.eus eta www.kutxabank.es webguneetan eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.

 

Astelehena 25 Maiatza, 2015

"SUZKO TXORIA", ipuin sinfonikoa, maiatzaren 29an Gasteizko Principal Antzokian

"SUZKO TXORIA", ipuin sinfonikoa, maiatzaren 29an Gasteizko Principal Antzokian
Musika Familian zikloko bigarren emanaldia Gasteizen

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Gasteizko Udal Antzoki Sareak koprodukzioan aurkezten dute "Suzko Txoria" ipuin sinfonikoa. Eszenatokian, Euskadiko Orkestra osorik, Iker Sánchezen zuzendaritzapean, Igor Stravinskyren "Suzko txoria" interpretaturko duelarik; eta Belén Otxotorena aktorea ipuin kontalari ariko da, Carmen Santonja konpositore, kantari eta margolariak idatzitako fantasiazko ipuina euskaraz kontatuko baitu. Maiatzaren 29 ostiralean, arratsaldeko 7tan, Gasteizko Principal Antzokian.

"Suzko Txoria" ekoizpenean, musika sinfonikoak eta ipuin tradizionalen elementuek bat egiten dute publiko orori zuzendutako ikuskizunean. Helburua gaztetxoenak orkestra-musikaren bidean abiarazi eta irudimena garatzea da. Orkestraren hotsak Maurice Latour tximeleta-ehiztari ausartak ibiltzen duen bidea marrazten du, entzulegoa ezustekoz betetako ipuinak eragiten dituen emozioetan barrena eramanez. Maitasuna, beldurra, zalantza, jolasa, poza, tristura, izu-ikara eta abar islatzen dituzten melodaik bata bestearen ondotik gertatzen dira eta Maurice gazteak La Gomera uharteko basoaren sakonean biziko duen abenturan murgiltzen gaituzte.

Musika Familian zikloko emanaldi hau izan aurretik, "Suzko Txoria" ekoizpenak arrakasta handia izan du Eskola Kontzertuak zikloaren eta Donostiako Musika Familian zikloaren baitan. Guztira, 3000 pertsona inguruk izan dute jada ipuin sinfoniko honekin gozatzeko aukera, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan zein Kursaal Auditorioan.

Kontzertuaren aurretik, Sentsibilizazio Tailer bat izango da ondorengo ikuskizunaren edukian sakontzeko. Jarduera osagarri hau doakoa da ondorengo kontzerturako sarrera duen ororentzat. Nahitaezkoa da aurrez izena ematea, 945 16 10 45 telefonora dei eginez.

Sarrerak. "Suzko Txoria" ikuskizunerako sarreren prezioa 6€koa da eta www.ticket.kutxabank.es/principalantzokia, www.euskadikoorkestra.eus eta Principal Antzokiko leihatilan eros daitezke.

Honako hau Euskadiko Orkestraren Musika Gelak aurten Gasteizen aurkeztutako bigarren ikuskizuna dugu. Aurrez, joan zen otsailean, "Galdutako musikaren bila", 0tik 5 urte bitarteko haurtxoei zuzendutako ekoizpena eszenaratu zen Principal Antzokian. Honetan, Maite Esteban eta Mikel Cañadak pianoaz interpretaturiko askotariko partiturak abiapuntu hartuta, Iker Ortiz de Zarate aktore gasteiztarrak teklen, argien eta itzalen artean galdutako musikaren bila eraman zituen haurrak.

 

Asteazkena 20 Maiatza, 2015

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua gaur, maiatzak 20, Kursaalen

Andrey Boreykoren zuzendaritzapean eta Elisabeth Leonskaja bakarlari gonbidatu dela

Gaur Musikarik Gabeko Eguna izateko deialdia bultzatu duten arrazoiekin bat etorri arren eta abonatu zein gainerako publikoari ordezko irtenbide bat emateko ezintasuna dela-eta, Euskadiko Orkestrak gaur asteazkena, hilaren 20rako aurreikusitako kontzertua eskainiko du. Arratsaldeko 8etan, Donostiako Kursaal Auditorioan.

Asteazkena 20 Maiatza, 2015

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa + FEVAS: Musika lantzeko tailerrak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa + FEVAS: Musika lantzeko tailerrak
FEVASko hainbat elkartetako ehun kidek esku-hartuko dute jarduera honetan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioak (FEVAS) elkarlanean darraite "Berdintasuneko melodiaren alde", kultura eta arteen alorrean ere gizarteratzearen alde. Aste honetan Aspace, Gautena, Gorabide y Apnabi elkarteetako ehun kidek esku hartuko dute gure Hezkuntza Departamentuak antolatutako bi tailerretan, bata Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan eta bestea Bilboko Euskalduna Jauregian.

Asteartea 19 Maiatza, 2015

“Suzko Txoria” ipuin sinfonikoa maiatzaren 23an Donostian eta 29an Gasteizen

“Suzko Txoria” ipuin sinfonikoa maiatzaren 23an Donostian eta 29an Gasteizen
Euskadiko Orkestrak, Iker Sánchezek zuzenduta, I. Stravinskyren "Suzko Txoria" interpretatuko du.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Kursaal Eszenak koprodukzioan aurkezten dute "Suzko Txoria" ipuin sinfonikoa. Eszenatokian, Euskadiko Orkestra osorik, Iker Sánchezen zuzendaritzapean, Igor Stravinskyren "Suzko txoria" interpretatuko duelarik; eta Belén Otxotorena aktorea ipuin kontalari ariko da, Carmen Santonja konpositore, kantari eta margolariak idatzitako fantasiazko ipuina euskaraz kontatuko baitu. Maiatzaren 23 larunbatean, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Kursaal Auditorioan.

Ekoizpen hau bera Gasteizen aurkeztuko da maiatzaren 29 ostiralean, arabar hiriburuko Udal Antzoki Sarearekin lankidetzan. 19:00etan Principal Antzokian.

"Suzko Txoria" ekoizpenean, musika sinfonikoak eta ipuin tradizionalen elementuek bat egiten dute publiko orori zuzendutako ikuskizunean. Helburua gaztetxoenak orkestra-musikaren bidean abiarazi eta irudimena garatzea da. Orkestraren hotsak Maurice Latour tximeleta-ehiztari ausartak ibiltzen duen bidea marrazten du, entzulegoa ezustekoz betetako ipuinak eragiten dituen emozioetan barrena eramanez. Maitasuna, beldurra, zalantza, jolasa, poza, tristura, izu-ikara eta abar islatzen dituzten melodiak bata bestearen ondotik gertatzen dira eta Maurice gazteak La Gomera uharteko basoaren sakonean biziko duen abenturan murgiltzen gaituzte.

Musika Familian zikloko emanaldia izan aurretik, "Suzko Txoria" ekoizpenak arrakasta handia izan du Eskola Kontzertuak zikloaren baitan. Lehen eta bigarren hezkuntzako 2.200 ikaslek izan zuten Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan ipuin sinfoniko honekin gozatzeko aukera.

Kontzertuaren aurretik, Sentsibilizazio Tailer bat izango da ondorengo ikuskizunaren edukian sakontzeko. Jarduera osagarri honetarako lekuak beteta daude.

Sarrerak. Donostian, "Suzko Txoria" ikuskizunerako sarreren prezioa 7€koa da, eta 3€koa 12 urtetik beherakoentzat. www.sarrerak.kursaal.eus, www.euskadikoorkestra.eus eta Kursaaleko leihatilan eros daitezke. Gasteizen, aldiz, prezio bakarra dute, 6€, eta www.ticket.kutxabank.es/principal webgunean, egitarauaren xehetasunean dagoen loturari jarraituz eta Principal Antzokiko leihatilan eros daitezke.

Astelehena 18 Maiatza, 2015

Elisabeth Leonskaja Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatu

Elisabeth Leonskaja Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatu
Andrey Boreykok, Orkestraren zuzendari printzipal gonbidatuak zuzenduta Maiatzaren 20tik 26ra.

Maiatzaren 20tik 26ra, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu-programa berri bat eskainiko du bere Abonu Denboraldiko lau egoitzetan. Aipagarria da kontzertu-sorta honetan Elisabeth Leonskaja izango dela bakarlari gonbidatu. Kritikaren esanetan, "sobietar eskolako azken dama handia" denak Robert Schumannen Piano eta orkestrarako kontzertua la minorrean interpretatuko du, Andrey Boreykoren zuzendaritzapean. Maiatzaren 20 eta 22an Donostiako Kursaalean, 21ean Bilboko Euskaldunan, 25ean Gasteizko Principal Antzokian eta 26an Iruñeako Baluarten.

Elisabeth Leonskaja Euskadiko Orkestrarekin. 14/15 Denboraldian Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren artista gonbidatu izendatua izateari esker, Elisabeth Leonskajak, orain Abonu Denboraldian aritzeaz gain, bi errezital eskaini zituen joan zen udazkenean Miramongo Matinéetan. Hamarkadak dira jada, Elisabeth Leonskaja gure garaiko pianista ospetsuenetako bat dela. Bere buruari eta bere musikari leial, aro sobietarreko musikari handien bideari jarraitu dio, David Ostraikh, Sviatoslav eta Richterrek irekitako bideari, alegia. Andre Boucourechliev konpositoreak zera esan zuen: "Elisabeth Leonskajaren ibilbidea gailurrez gailur egindako ibilbidea da. Bere burua gainditzeko gaitasunak, exigentzia-mailak, grinak eta adimenak musikari handienen mailan kokatzen dute, ez egun bakarrik, baita aro oso batean ere". Bakarlari gisa, lehen mailako orkestra guztiekin aritu da, besteak beste, Kurt Masur, Sir Colin Davis, Christoph Eschenbach, Christoph von Dohnanyi, Kurt Sanderling, Maris Jansons eta Yuri Temirkanoven zuzendaritzapean.

Andrey Boreyko, Euskadiko Orkestrako zuzendari printzipal gonbidatu eta Naples Philharmonic zein Belgikako Orkestra Nazionalaren musika zuzendaria, Seattle Symphony orkestrarekin batera arrakasta berri bat lortu ondoren itzuliko da Orkestraren podiumera. Joan zen apirilan Shostakovitch eta Schnittke interpretatu ostean, kritikak esan zuen: "adi adi dagoen zuzendaria da, magnetikoa; bere ezkerreko esku adierazkorrak esaldi bakoitzaren forma zehatza adierazten du, nahi duena musikariei zehatz-mehatz agertuz".

"Pinturak eta collageak" izenburu hartuta, kontzertu hauetako egitarauak askotariko obren paleta bat eskaintzen du. Atariko gisa, Orkestrak Arvo Párten Fratres interpretatuko du; berau da minimalismo mistikoaren adierazle nagusia den konpositorearen partiturarik interpretatuena. Andrey Boreykok Johann Sebastian Bachen Wachet auf, ruft uns die Stimme (Esnatu, Ahotsa ari zaigu deika) erabiliko du estoniarraren erlijiotasunaren kontrapuntu bezala. Eta erlijiosotasun sakoneko bi pieza hauen artean, errepertorioko bi mugarri: Schumannen Piano eta orkestrarako kontzertua eta Paul Hindemithen Matias Pintorea Sinfonia; izenburu bereko operatik hartutakoa, bertan azalerazi zituen Hindemithek bere kezka moral eta politikoak nazismoaren oldarraren aurrean.

 

Asteartea 12 Maiatza, 2015

10. Abonu-Egitaraua _ 2015. maiatzaren 20tik 26ra

Interpretatuko den egitarauan obra-aldaketa egondo da

Arvo Pärten "B-A-C-Hi buruzko collagea" obraren ordez, konpositore beraren Fratres interpretatuko da. Egitarauaren gainerako obrak aurrez iragarritakoak izango dira.

Osteguna 07 Maiatza, 2015

Haize instrumentuen garapena, maiatzaren 9 larunbatean Miramongo Matinéetan

Haize instrumentuen garapena, maiatzaren 9 larunbatean Miramongo Matinéetan
Opus 64 taldeak, Euskadiko Orkestrako kideek osatutakoa, Janacek, Françaix eta Poulenc interpretatuko ditu.

Maiatzaren 9 larunbatean Opus 64 taldeak kontzertu goiztiar berri bat eskainiko du Miramongo Matinéetan. Ohi bezala, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan, 11:00etan. Opus 64 Euskadiko Orkestra Sinfonikoko haize-sekzioetako hainbat kidek osatzen dute eta larunbatean Pedro José Rodríguez pianista izango dute lankide.

Opus 64 taldeak larunbatean aurkezten duen egitarauak sextetoaren inguruko hiru bariazio proposatzen ditu. Batetik, Francis Poulenc eta Jean Françaix musikagile frantziarren paristar bizimodua islatzen duten bi sexteto, haize boskote eta pianorako idatziak; eta, bestetik, Leos Janacek txekiarrak haize boskote eta klarinete baxurako konposatutako pieza berezi bat; honetan, bere bizitzaren azken uneetan dagoela, Janacekek bere gaztaroa dakar gogora.

Kontzertu honek haize-instrumentuek eta hauentzako musikak XIX eta XX. mende biartean bizitako garapena jarriko du agerian. Haize instrumentuak XIX. mendean zehar teknikoki nabarmen hobetzearekin batera hauentzako sortutako errepertorioa asko aberastu zen. XX. mende hasieran, Maurice Ravel edo Claude Debussy konpositoreek tinbre hauek eskaintzen zizkieten aukerekin jokatu zuten, beren obra paleta kromatiko bereziaz jantzi zutelarik. Ondoren, Frantzian, eta baita Europa osoan, haien oinordekoak berrikuntza hauetaz baliatu ziren haize instrumentuetarako idatzitako musikaren historian ezinbesteko bihurtu diren partitura ederrak sortzeko.

OPUS 64 dira Hélène Billard, flauta; Pascal Laffont, oboea; Juan Navarro eta Stéphane Langlois, klarinete; Jean Luc Casteret, tronpa; François Proud, fagota; eta Pedro José Rodríguez, pianoa.

Asteazkena 06 Maiatza, 2015

Haur Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 2200 ikasle egunotan Euskadiko Orkestraren egoitzan

Haur Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 2200 ikasle egunotan Euskadiko Orkestraren egoitzan
Del 5 al 11 de mayo, "El pájaro de fuego" de I. Stravinsky en los Conciertos Escolares.

Aste honetan zehar eta datorrenaren astelehena bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Eskola Kontzertuak eskainiko ditu beste behin, oraingo honetan I. Stravinskyren Suzko Txoria obraren inguruko bi ekoizpen eskainiko dituelarik: SUZKO TXORIA eta STRAVINSKY EZAGUTU. Besteak beste, Eibar, Mendaro, Deba, Mutriku, Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Beasain, Ordizia, Abaltzizketa, Hernani, Donostia eta Gasteizko eskola-haurrek, Stravinskyren musikarekin batera, Carmen Santonjak idatzi eta Belén Otxotorena aktoreak euskaraz kontatuko duen ipuina oinarri hartzen duen musikazko esperientzia biziko dute.

Suzko txoria musika eta ipuina erabat uztartzen dituen ekoizpen landua da. Ipuin tradizionalen elementuak erabiliz, irudimena lantzen eta garatzen laguntzen du gainera. Stravinsky ezagutu emanaldian, berriz, ikasleek Orkestraren atriletatik aurkeztuko dituzte Stravinskyren inguruan espreski prestaturiko lanak eta solasaldi bat izango dute Iker Sánchez zuzendariarekin.

Eskola Kontzertuen helburuak anitzak dira: orokorrean musikaren bidez alor ezberdinak lantzea, musikazko adierazpen artistikoa ezagutu eta balioetsi; sormen eta pentsamendu gaitasuna, sentimenduak, zentzua eta sentiberatasuna garatu, hautemate mailako garapen fisikoa sustatu, hotsak eskaintzen dituen aukerak aztertu, entzutea eta esku-hartzeko gogoa sustatu eta entzute molde egokia eta arduratsua garatu.

Kontzertua, lan prozesuaren azken urratsa. Aipatu arlo guztiak lantzeko garaian, kontzertua aurrez ikasgeletan hasitako lan-prozesuaren azken urratsa da. Jarduera horretan erabilgarri, Musika Gelak proiektu bakoitzaren inguruan espreski sortutako gida didaktikoa eta irakasleentzako tailerrak eskaintzen ditu osagarri gisa.

Eskola Kontzertuak otsailean abiatu ziren, Haur Hezkuntzako ikasleei (2-5 urte) zuzendutako Galdutako Musikaren Bila ikuskizunarekin. Orain Lehen Hezkuntza (6-12 urte) y eta Bigarren Hezkuntzako (12-16 urte) ikasleen txanda izango da, Suzko Txoria eta Stravinsky Ezagutu ikuskizunekin, hurrenez hurren. Ziklo hau Donostiako Udalaren Hezkuntza Atalaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien lankidetzarekin burutzen da.

Suzko Txoria ekoizpena Musika Familian zikloaren baitan ikusi eta entzuteko aukera izango da, halaber, maiatzaren 23an Donostiako Kursaalean eta maiatzaren 29an Gasteizko Principal Antzokian.

 

Asteazkena 27 Maiatza, 2015

Bekak eta irakasle berriak Musikene eta Euskadiko Orkestraren Masterrean

Bekak eta irakasle berriak Musikene eta Euskadiko Orkestraren Masterrean
Izena emateko epea ekainaren 1 astelehenean bukatuko da.

Euskal Herria goi mailako musika hezkuntzaren buruan jarri da Musikene eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak abian jarritako Master berritzaileari esker. Estatuan ezaugarri horietako lehenengoa izateaz gain, eta Hezkuntza, Kultura eta Kiroletarako Ministerioak homologatutako bakarra orkestra ikasketatan, bi beka izango ditu AIE (Artistas, Intérpretes o Ejecutantes) erakundearen Laguntza eta Kulturarako Fondorako Batzordearen eskutik, sarrera probetan maila hoberena erakusten duten bi ikasleentzat. Bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu. Ikasle guztiek, halaber, 1.400 euro jasoko dituzte Euskadiko Orkestra Sinfonikoan egingo dituzten praktiken truke, ikasketa planaren barruan aurre ikusiak.

Europako hari interpretari eta irakasle onenek konfirmatu dute parte hartzea irakasle gonbidatu moduan. London Symphony Orchestrako kontzertino den Gordan Nikolic biolin jotzailea kontzertino-zuzendari modura izango dugu hari orkestra proiektu baten buru. Berarekin batera izango ditugu halaber beste artista handi batzuk: Mariana Sirbu biolin jotzaile errumaniarra eta Frithjof Grabner kontrabaxu jotzaile alemaniarra, biak irakasle Leipzig hiriko Hochschule für Musik und Theater "Felix Mendelssohn Bartholdy" ikastegian; Annemarie Moorcroft biola jotzailea, Berlingo Hans Eisler School of Music-en eta North Rhine-Westphalia-ko Centre for Orchestral Studies erakundeetan irakasle; azkenik Raphaël Pidoux biolontxelo jotzailea, Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorio Nazionalean irakasle. Beraiekin batera arituko dira, kontzertuetan ibilbide oparokoak guztiak, Musikene Estatuko musika-hezkuntza ikastegi nagusietakoa egin duten irakasleak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikari entzutetsuez gain.

Masterrak, hari instrumentu jotzaileentzat Orkestra Ikasketetan ofiziala den bakarra Estatuan, heziketa espezializatua ematen du orkestra baten lan-esparruan sartzeko. Prezioa 6.720 eurokoa da, baina ikasle guztiek 1.400 euro jasoko dute Euskadiko Sinfonikoan egiten dituzten kanpo-praktikengatik. Ikasketa Planak 60 ECTS ditu, horietatik 30 derrigorrezko materiak, 4 hautazkoak eta beste 20ak aipatu praktikak EOSan.

Izen-ematea zabalik egongo da ekainaren 1arte, sarrera probak ekainaren 15 eta17a bitartean egingo dira, eta matrikulazioa berriz, online, uztailean.

Orriak