Asteazkena 03 Otsaila, 2016

EOS eta DSS2016EU: Elkarrizketa + Ahotsak

EOS eta DSS2016EU: Elkarrizketa + Ahotsak
Euskadiko Orkestrak abiatu ditu Donostia 2016ko programazioaren baitan aurreikusitako ekimenak.

Euskadiko Orkestrak abiatu ditu Donostia 2016ko programazioaren baitan aurreikusitako ekimenak. Jarduera horiek Elkarrizketak ildoan eta Ahotsen Itsasargiaren baitan izango dira urtearen lehenbiziko sei hilabetekoan.

Elkarrizketak programazio-lerroa tokiko kultur-programatzaileekin batera berariazko proiektuak sortzera bideratuta dago, xede izanik DSS2016EUren balioak hedatzea. Honen baitan Euskadiko Orkestrak urtarrilaren 15ean eta 18an Abonu-kontzertu bana eskaini zuen "Antzinako Greziatik jazzera" izenburupean eta, berriz ere Abonu Denboraldian, "Ederra eta Piztia" ikuskizuna eszenaratuko du Malandain Ballet Biarritzekin batera; apirilean, aldiz, Donostia musika klasikoaren europar hiriburu bilakatuko da, bertan izango baita ICMA 2016 (International Classical Music Awards) sarien banaketa eta gala kontzertua, Euskadiko Orkestraren eta DSS2016EUren eskutik.

Bestalde, Ahotsen Itsasargiaren eskutik, adierazpen artistikoek (zinema, arte plastikoak, literatura, musika...) emozioa, hausnarketa eta besteenganako loturak sustatzeko duten gaitasuna azpimarratzen da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak horren baitako EMUSIK egitasmoan esku hartuko du. EMUSIK Europako Musika Eskolen Elkarteak antolatutako jaialdia da, eta Donostian izango da haren hamabigarren edizioa. Donostia Europako Kultur Hiriburua izango dela aprobetxatuta, 2016ko maiatzaren 6an eta 7an Europako 10.000 musikari gazte baino gehiago bilduko ditu gure hirian, Euskadiko beste hainbeste musikarirekin arituko direnak. Jun Märklek zuzenduta, Orkestra, EMUlagun bilakatuta, jaialdiaren makro-inaugurazioan ariko da maiatzaren 6an.

 

Osteguna 28 Urtarrila, 2016

Oroitzapen eztia: XVI. mendeari begira, musika instrumentala eta ahotsa uztartuz

Oroitzapen eztia: XVI. mendeari begira, musika instrumentala eta ahotsa uztartuz
Urtarrilaren 30 larunbatean, Miramongo Matinéetan, Ensemble Diatessaron taldearen eskutik.

Urtarrilaren 30 larunbatean, Ensemble Diatessaron taldeak XVI. mendeko espainiar zein italiar doinuak ekarriko ditu Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokira. Antzinako musika jatorrizko instrumentuak erabiliz jotzen adituak, lau konpositore aukeratu dituzte espainiar Errenazimenduari eta Barrokoaren hastapenei so egiteko: Antonio de Cabezón, Carlos I eta Felipe II.aren gortean nabarmen; Girolamo Frescobaldi, bere ondorengo beste askoren pizgarri, Bach horien artean; Claudio Monteverdi, operaren aitzindari eta Errenazimendutik Barrokora igarotzean ezinbesteko; eta kontzertuari izenburua ematen dio lanaren egile Diego Ortiz.

Ensemble Diatessaron. Euskadiko Orkestrako biola Elena Martínez de Murguía eta Juan Vegak 2000. urtean sortutako talde honek honela aurkezten du bere burua: "Jatorrizko instrumentuak erabiliz antzinako musika jotzen espezializatutako taldea gara. Ahaztutako edo ia ezezaguna den errepertorioa berreskuratzeak erakartzen gaitu bereziki. Musika mendeak eta mugak gainditzen dituen lengoaia unibertsala da eta giza-arimaren sakonera heltzen da. Idatzitako musikaren, interpretearen eta entzulearen artean barreiatzen den energia helaraztea dugu helburu, atsegin eman eta hunkitzea, alegia". Burutzen dituzten egitasmoak oso anitzak dira eta taldearen organikoa hauen beharretara egokitzen da.

"Oroitzapen eztia" izenburu duen kontzertu eskainiko duten musikariak dira: Maite Arruabarrena mezzosopranoa, Rafael Bonavita (teorba eta vihuela), eta Euskadiko Orkestrako kide Oscar Abella (serpentoia), Javier Azanza (perkusioa) eta Elena Martínez de Murguía (viola da gamba eta zuzendaritza).

 

Asteartea 26 Urtarrila, 2016

“Ederra eta Piztia” Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian

“Ederra eta Piztia” Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian
EOS eta Malandain Ballet Biarritz, Ainars Rubikisek zuzenduta eta Thierry Malandainen koreografiaz; Donostia 2016ren Elkarrizketak lerroaren lankidetzarekin.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Malandain Ballet Biarritzek La Belle et la Bête (Ederra eta Piztia) ikuskizunaren eszenaratzea aurkezten dute, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren laguntzarekin, Euskadiko Orkestran Abonu Denboraldiaren baitan. Urtarrilaren 28an Bilbon (Euskalduna Juaregia), otsailaren 1ean Iruñean (Baluarte Auditorioa) eta otsailaren 3an eta 4an Donostian (Kursaal Auditorioa).

Ederra eta Piztia muntaia joan zen abenduan Versailleseko Opéra Royal Antzokian izandako estreinaldiaren atarikoak lortutako arrakastaren ondoren dator gurera. Eta baita aurrez, 2011n Magifique eta 2013an Cendrillon ikuskizunek merezitako arrakasta itzelaren ondoren dator. Horietan Thierry Malandainen koreografiei Euskadiko Orkestrak, hurrenez hurren, P.I. Tchaikovsky eta S. Prokofieven musika gehitu zien zuzenean. Bi ikuskizun haiek ere Abonu Denboraldiaren baitan izan ziren ikusgai. Orain EOS eta Maladain Ballet Biarritzek berriz ere bat egin dute, Donostia 2016ren Elkarrizketak ildoaren baitan. Programazio-lerro hau tokiko kultur-programatzaileekin batera berariazko proiektuak sortzera bideratuta dago, xede izanik DSS2016EUren balioak hedatzea.

Orkestraren eta Frantziako 19 zentro koreografiko nazionaletako bat den Balletaren arteko harreman estua artistikoki oso baliozkoa da eta horregatik Donostia 2016k ez-bairik gabe bat egin du haiekin. Elkarlan horrek osagarriak diren jarduerak garatzen dituzten kultur erakundeen artean sinergiak sortzeak duen garrantzia azpimarratzen du, sinergia hoiek gerora eszenatoki garrantzitsuenetan aurkeztuko diren maila goreneko sorkuntzen garapena ahalbidetzen baitute, gure kulturaren eta bide batez gure gizarte osoaren ordezkaritza onena bilakatuz.

Ederra eta Piztia ipuin ezagunak biltzen duen sinbolismo mamitsu zein aberatsa emankorra gertatu zaio oso Thierry Malandaini; koreografoak P.I. Tachaikovskyren musika erabili du bere lanik berrienean ere. Balleterako orkestra-zuzendari gisa eskarmentudun Ainars Rubikis letoniarraren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak Eugene Oneguin operako nahiz 6. eta 7. sinfonietako zatiak eta Hamlet interpretatuko ditu, ballet neoklasiko honen euskarri gisa. Jean Cocteauk Ederra eta Piztiaren inguruan egindako irakurketa jarraituz, Thierry Malandainek, berak idatzitako kontzeptu-oharrean jasotakoaren arabera, honako hau proposatzen du: "Ipuinaren interpretazio oro alde batera utzirik, izatearen dualtasunean oinarritutako iniziazioko kontakizuna egitea: gizakiaren arima irudikatzen duen Ederra; eta Piztiak, aldiz, bere bizi-indarra eta senak islatzen ditu".

Abonu Denboraldiaren baitan izango diren emanaldiez gain, bihar asteazkena 600 pertsona inguruk izango dute Musika Gelaren programazioan kokatzen den Ederra eta Piztiaren entsegu irekiaz gozatzeko aukera; bertan bilduko dira Artaza-Romoko Institutuko ikasleak, FEVASko kide diren elkarteetako kideak, EHUko Esperientzia Gelatako ikasleak eta abar. Halaber sarrerak geratzen dira otsailaren 4an 16:00etan Donostiako Kursaalean izango den Ederra eta Piztia ikuskizunaren ezohiko emanaldirako.

 

Asteartea 26 Urtarrila, 2016

Jack Liebeck biolinistak Korngolden biolinerako kontzertua interpretatuko du Gasteizen

Jack Liebeck biolinistak Korngolden biolinerako kontzertua interpretatuko du Gasteizen
Abonu Denboraldiko 5. kontzertua Gasteizen, urtarrilaren 29 ostiralean Principal Antzokian.

Abonu kontzertua Gasteizen. Urtarrilaren 29 ostiralean, hau ere Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldiaren baitan, Jack Liebeck britainiar biolinistak E.W. Korngolden Biollinerako kontzertua eskainiko du Orkestrarekin batera, Ainars Rubikisek zuzenduta, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu honetako egitaraua osotuz, P.I.Tchaikovskyren 6. Sinfonia, Patetikoa, izango da entzungai.

Classical Brit Saria merezitako Jack Liebeckek (Londres, 1980) britainiar orkestra garrantzitsu ororekin eta europar orkestra nagusienekin batera jo du, Sir Neville Marriner, Sakari Oramo, Libor Pesek, Vasily Petrenko, Jukka Pekka Saraste edo Leonard Slatkinek zuzenduta, besteak beste. 2002an debuta egin zuenetik Europa, EEBB, Japonia edo Australian eman ditu errezitalak eta, ganbera-musikari dagokionez. Gautier Capuçon eta Jean-Yves Thibaudet izan ditu lankide, esaterako. Biolin irakaslea da Londresko Royal Academy of Music delakoan eta Maiatzeko Musika Jaialdiaren zuzendari artistikoa da Oxforden. Orkestrarekin batera aritzeaz gain, Musikene eta Euskadiko Orkestrak izenpetutako Aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan, Jack Liebeckek maisu-eskola bat eman zion atzo Musikeneko ikasle talde bati EOSren Miramongo egoitzan.

Ainars Rubikis zuzendari letoniarra 2010ean Gustav Mahler hirugarren zuzendaritza lehiaketa irabaztearekin egin zen ezaguna nazioarte mailan. 2011an Salzburgeko Jaialdiko Nestlé zuzendaritza lehiaketako lehenbiziko saria eskuratu eta Gustav Mahler Gazte Orkestra zuzendu zuen jaialdi hartan bertan. 2012 eta 2015 urte bitartean Novosibirsk-eko (Errusia) Estatuko Opera eta Balleteko zuzendari artistikoa izan da. Zuzendu dituen orkestren artean, Eskoziar BBCko Orkestra eta Gulbenkian, Elisabeth Leonskaja bakarlari zela. Iaz Bartzelonako Liceu-n egin zuen debuta, "Carmen" operarekin.

Egitaraua. 1934an Erich Korngoldek -Mahlerrek jeniotzat jo zuen musikari bakanetakoak- Estatu Batuetara emigratu zuen. Bertan, Hollywooden, paper garrantzitsua izan zuen soinu-banden artearen sorreran. Bere Biolinerako Kontzertua, 1945ekoa, Austriako tradizio musikal handia eta zinemarako musikaren bat-bateko adierazmen zuzena uztartzen dituen maisulana da. Obra horren garapenean hainbat filme klasikotako melodiak gurutzatzen dira, esaterako, Adverse zalduna; Filme horretarako soinu-bandari esker irabazi zuen Korngoldek merezitako bi Oscar sarietatik lehena. Tchaikovskyren 6. Sinfonia "Patetikoa" obran, egitarauari oharren egile Mikel Chamizok jasotzen duenaren arabera, musikagileak bere ilusio eta atsekabe guztiak azalarazi zituen aitorpen izaerakoen artean lazgarriena da. Erabat hunkigarria, musikagilearen agurra izan zen, 1893an estreinatu eta bederatzi egunera hil baitzen. Errepertorioko sinfonia handienetako bat bihurtu da ordutik eta benetako erronka da orkestra-musikarientzat, berau interpretatzerakoan birtuosismo handia erakutsi behar baitute.

Astelehena 25 Urtarrila, 2016

ICMA 2016: Sarituak

ICMA 2016: Sarituak
Sarien-Banaketa Ekitaldia eta Gala-Kontzertua apirilaren 1ean izango dira Donostiako Kursaal Auditoriumean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostia Europako Kultur Hiriburua 2016k antolatuta.

Musika Klasikoaren Nazioarteko Sarien (ICMA) epaimahaiak jakitera eman ditu 2016ko Sariak. Bizitza Osoko Ibilbideari Saria da Dame Felicity Lott sopranoarentzat. Christian Lindberg konpositore, tronboi-jotzaile eta zuzendaria da Urteko Artista eta Pablo Ferrández biolontxelista, aldiz, Urteko Artista Gaztea. Aurkikuntza Saria, estreinakoz emango zaiona 12 eta 18 urte bitarteko musikari bati, Nikolai Song flautistak jasoko du; 2002. Urtean jaioa, aita korearra eta ama errusiarra ditu.

Urteko Disko Etxeari Saria Harmonia Mundi disko etxeak jaso du. Halaber, sari bereziak eman zaizkie Palazetto Bru Zane guneari eta Genuin disko etxeari, Dinorah Varsiren grabaketekin egindako bildumagatik. Audio eta Bideo ataletan 15 etxeetako 15 ekoizpen ezberdini eman zaie saria.

Sarituak izan diren audio nahiz bideoan jasotako lanetan agertzen diren artisten artean, aipagarriak dira, besteak beste, Ensemble Leones, Michala Petri eta Mahan Esfahani, Ann Hallenberg, Joyce DiDonato, Philippe Herreweghe, Dmitrij Kitajenko, Andras Schiff, Isabelle Faust, Yevgeny Sudbin, Sir Simon Rattle, Krysztof Penderecki, Jordi Savall eta Riccardo Chailly.

ICMA sarietako presidente Remy Franck-ek zera adierazi du: "Azken batean, gureak bezalako nazioarteko epaimahai batek bakarrik eman dezake nazioarte mailako hain emaitza bikaina; izan ere, 9 herrialdetako 15 disko etxe ezberdinetako ekoizpenak bildu ditugu. Gure irizpideen arabera, neurriz gaineko grabaketak soilik saritu daitezke eta, hori bermatzeko, ez ditugu sekula aintzakotzat hartuko ez salmenta-zerrendak, ezta artista jakin baten ospea ere. Hain ezagunak ez diren artistek eta disko etxe txiki independenteek beren aukera dute ICMA sarietan. Musika-kalitate zein -osotasuna dira garrantzia duten zio bakarrak!".

Sari-Banaketa Ekitaldia eta Gala-Kontzertua apirilaren 1ean izango dira Donostiako Kursaal Auditoriumean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostia Europako Kultur Hiriburua 2016k antolatuta.

 

Asteartea 19 Urtarrila, 2016

Euskadiko Orkestrak Juan Antonio Bayonaren “Un monstruo viene a verme” pelikularen soinu banda grabatuko du

Euskadiko Orkestrak Juan Antonio Bayonaren “Un monstruo viene a verme” pelikularen soinu banda grabatuko du
Miramongo bere egoitzan, musikaren egile Fernando Velázquezek zuzenduta.

Gaur hasi eta urtarrilaren 24ra bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Fernando Velázquezek zuzenduta, Juan Antonio Bayonaren Un monstruo viene a verme ("Munstro bat dator ni ikustera") pelikularako getxotar konpositoreak idatzitako soinu banda grabatzen ari da egunotan. Luzemetrai hau izenburu bereko Patrick Nessen eleberria du oinarri eta bera da halaber gidoiaren egilea. Pelikulako protagonistak dira Felicity Jones, Sigourney Weaver, Liam Neeson eta Lewis MacDougall gaztea. Un monstruo viene a verme filemaren ekoizle dira Apaches Entertainment, Telecinco Cinema eta Películas la Trini. Universal Pictures International Spain banatzaileak 2016ko urriaren 7an estreinatuko du. Euskadiko Orkestrarekin batera, grabaketan esku hartuko du Donostiako Orfeoiak.

Fernando Velázquez eta Euskadiko Orkestraren arteko lankidetza berria. Grabaketa hau Fernando Velázquezek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarrekin burututako egitasmoen zerrendari gehituko zaio. Besteak beste, Fernando Velázquezek Euskadiko Orkestra zuzendu du El mal ajeno (2009) eta Ocho apellidos vascos (2014) filmetarako berak idatzitako soinu banden grabaketan eta Jorge Drexlerren Madera de deriva doinuaren grabaketan, uruguaitar kantautorearen "n" proiektuaren baitan (2012); gainera, KlasikAt zikloaren baitan EOS, Ken Zazpi eta Fernando Velázquez bera bildu zituen proiektua gauzatu zuten elkarrekin, diska baten grabaketa eta bost kontzertu izan ziren.

Fernando Velázquez (Getxo, 1976) José Antonio Bayonaren El Orfanato (2007) eta Lo Imposible (2012), Oskar Santosen El mal ajeno (2009), Zipi y Zape (2013), Andrés Muschiettiren Mamá (2013) eta Emilio Martínez-Lázaroren Ocho apellidos vascos (2014) filmeen soinu banden sortzailea da, besteak beste. Jaso dituen sarien artean, musika klasikoko Ojo Crítico saria (2012) eta Festival de Málaga. Cine Español zinema jaialdiko Biznaga saria (2013). Berriki bere hainbat soinu banda biltzen dituen eta EOSrekin grabatu zuen "Concert suites. Music for films" diskoa plazaratu du.

 

Ostirala 15 Urtarrila, 2016

"Ederra eta Piztia" ikuskizunaren ezohiko emanaldia Kursaalean

"Ederra eta Piztia" ikuskizunaren ezohiko emanaldia Kursaalean
Otsailaren 4 ostegunean izango da, 16:00etan. Sarrerak (10€) urtarrilaren 18 astelehenean jarriko dira salgai.

"Ederra eta Piztia" ikuskizunak joan zen abenduan Versailles-eko Opéra Royal delakoan izandako arrakasta eta Donostian otsailaren 3 eta 4ko emanaldietako aforoa beteta dagoela kontuan izanda, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ezohiko emanaldi bat irekiko du otsailaren 4an, 16:00etan, Kursaal Auditorioan.

Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Elkarrizketak ildoaren baitan aurkeztutako ekoizpen honek sorrarazitako eskaintza dela-eta, Euskadiko Orkestrak hasiera batean eskolarteko publikoari zuzendutako jarduera baten ezohiko emanaldia irekiko du otsailaren 4an, 16:00etan, Kursaal Auditorioan. EOSek eskola-haurrentzako antolatzen duen programazioa da Musika Gelak musika klasikoa inguruko ikastetxeetako ikasleei hurbiltzeko apostuetako bat. Zentzu horretan, bertaratzeko interesa agertu duten ikastetxeek beren eserlekuak gordeta dituzte jada; baina, ikastetxeek izena emateko epea agortuta, eserleku libreak geratzen dira oraindik eta EOSri egoki iruditu zaio horiek publiko orokorrarentzat eskuragarri jartzea, ikuskizunak eragindako eskaintza kontuan izanda.

Sarrerek 10 euroko prezioa izango dute eta urtarrilaren 18 astelehenetik aurrera erosi ahal izango dira EOSren sarreren ohiko salmenta-bideak erabiliz.

EOS eta Malandain Ballet Biarritzen ezohiko emanaldi honetan telebistako kamarak egongo dira, ekoizpena grabatu egingo baita gerora telebistan eman eta DVD komertzial bat kaleratzeko.

 

Osteguna 14 Urtarrila, 2016

Mahler eta Brahmsen pianodun kuartetoak, ezohiko ganbera musika Miramongo Matinéetan

Mahler eta Brahmsen pianodun kuartetoak, ezohiko ganbera musika Miramongo Matinéetan
Urtarrilaren 16 larunbatean Orkestraren egoitzan, Poseidon taldearen eskutik.

Urtarrilaren 16 larunbatean, Euskadiko Orkestrako kideek osatutako Poseidon taldeak Mahler eta Brahmsek idatzitako pianodun kuarteto bana aurkeztuko dituzte Miramongo Matinéeak zikloan; konposizio mota hau bitxia gertatzen da ganbera musikaren alorrean. Goizeko 11:00etatik aurrera Orkestraren egoitzan.

Egitaraua. Gustav Mahler jotzen da Erromantizismoko azken egiletzat, "disonantziaren emantzipazioa" delakorako eta oinarri harmonikoa ezabatzeko bidearen prestatzailetzat, alegia. Hala ere, gaur entzungo dugun kuartetoa urrun dago haren helduaroko ameslari-izaeratik: guregana heldu zaigun Mahlerren lanik zaharrena dugu honako hau, Vienako Kontserbatorioan ikasle zen 16 urteko gazte baten lehenbiziko ganorazko lanetako bat. Ziur aski, hark abiatutako lehenengo lan titanikoa izan zen -erdibidean utzi bazuen ere, ez baitzuen lehenbiziko mugimendua bukatu eta Scherzoa zirriborratu besterik egin- . Bertan argi erakusten du Brahmsen ekoizpenaren inguruko ezagutza nabarmena. 1. Pianodun kuartetoa sol minorrean, opus 25, 1856 eta 1861 urte bitartean idatzi zuen Johannes Brahmsek. 1862.eko azaroaren 16an Vienan estreinatu zuen Brahmsek berak, Hellmesberger Laukoteko kideak lagun zituela.

Poseidon taldea osatzen dute Orkestrako kide Irene Echveste (biolina), Delphine Dupuy (biola) eta Juan Ignacio Emmek (biolontxeloa), eta Amaia Zipitria pianistak.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

 

Asteazkena 13 Urtarrila, 2016

Musikeneko hogeitamar bat ikasle Euskadiko Orkestrako musikariekin atrila partekatuz

Musikeneko hogeitamar bat ikasle Euskadiko Orkestrako musikariekin atrila partekatuz
Bie erakundeek izenpetutako aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan.

Musikenek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak sinatutako Aula Jordá Gela hitzarmenari esker hainbat instrumentu espezialitateko ia hogeita hamar ikasle Orkestrarekin batera aritu dira urtarrilaren 13tik 18ra, Abonu Abonu denboraldian emango dituen kontzertuetan. Ikasleek, goi mailako ikasketak egiten ari direnak eta baita Orkestra Ikasketa Masterrekoak ere, Ravel-en Daphnis et Chloè interpretatuko dute zuzendari titular Jun Märkl-en zuzendaritzapean.

Gainera, kontzertu hoietan bakarlari gonbidatu ariko den Ingrid Fliter pianistak master class bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati; topaketa urtarrilaren 18 astelehenean izango da, orkestraren Miramongo egoitzan.

Asteartea 12 Urtarrila, 2016

Ingrid Fliter pianista, estreinakoz Euskadiko Orkestrarekin

Ingrid Fliter pianista, estreinakoz Euskadiko Orkestrarekin
Jun Märklek zuzenduta, urtarrilaren 13tik 18 Abonu Denboraldiaren baitan.

Bihar astezkena, hilaren 13an Bilbon hasi eta 18a bitartean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko 4. kontzertu-programa emango du ohiko lau hiriburuetan. Frantziar errepertorioan aditu Jun Märklek, Orkestraren zuzendari titularrak zuzenduko dituen emanaldi hauetan, Ingrid Fliter argentinar pianista entzutetsuak Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean interpretatuko du. "Antzinako Greziatik jazzeraino" izenburu hartuta, Ziburuko konpositorearen inguruko programa osatuz, haren maisu Fauréren Pavane eta Ravelen beraren Daphnis eta Chloé balleta izango dira entzungai; Orkestrari ez dagozkion arrazoiengatik, obra horretan ez da Andra Mari Abesbatza ariko, hala ere ez da aldaketarik izango aurrez iragarritako egitarauan.

Abonu-programa honi dagozkion kontzertuak izango dira bihar, urtarrilaren 13 asteazkenean Bilboko Euskalduna Jauregian, 14an Gasteizko Principal Antzokian, 15 eta 18an Donostiako Kursaal Auditorioan eta 16an Iruñeako Baluarte Auditorioan.

Buenos Airesen jaioa, Ingrid Fliter Europa zein Estatu Batuetan aritzen da nagusiki egun. Ipar Amerikan, Cincinnati Symphony Orchestra, Cleveland Orchestra, Los Angeles Philharmonic San Francisco Symphony Orchestra, Seattle Symphony Orchestra eta abarrekin aritzen da lankidetzan; Europan, berriz, Philharmonia Orchestra, Royal Stockholm Philharmonic, Rotterdam Philharmonic, Bergen Philharmonic, Royal Liverpool Philharmonic, Hungarian National Philharmonic orkestrekin, besteren artean. Bakarka, berriz, Amsterdamgo Concertgebouw, Tokyoko Suntory Hall, Londreseko Wigmore Hall eta New Yorkeko Carnegie Hall areto ezagunetan eman ditu errezitalak. Jun Märkl eta Ingrid Fliterek aurrez egin dute lan elkarrekin: 2014an Chopinen piano kontzertuak biltzen zituen diskoa grabatu zuten Scottish Chamber Orchestrarekin.

Musikene eta Euskadiko Orkestraren Masterreko bederatzi ikasle Orkestrarekin batera. Estatu mailako hari instrumentuetarako Orkestra Ikasketen lehenbiziko master ofizialaren lehenbiziko ikasturteak aurrera darrai eta horren baitan, biolin, biola eta biolontxelo ikasleek atrila partekatuko dute Euskadiko Orkestrako kideekin Abonu-programa hau osatzen dute entsegu nahiz kontzertuetan. Horrezaz gain, Aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan, kontzertuekin uztartuta, Ingrid Fliter pianistak master eskola bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati. Topaketa urtarrilaren 18 astelehenean izango da Orkestraren Miramongo egoitzan.

Programa honen baitan hilaren 15 eta 18an Donostiako Kursaalean izango diren kontzertuek Donostia 2016ren Elkarrizketak lerroaren babesa daukate. DSS2016EUren programazio-lerro honen xedea da inguruko kultur-programatzaileekin aliantzak sortzea eta Hiriburutzaren balioei lotuta dauden proiektuak laguntzea.

 

Orriak