Asteazkena 13 Urtarrila, 2016

Musikeneko hogeitamar bat ikasle Euskadiko Orkestrako musikariekin atrila partekatuz

Musikeneko hogeitamar bat ikasle Euskadiko Orkestrako musikariekin atrila partekatuz
Bie erakundeek izenpetutako aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan.

Musikenek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak sinatutako Aula Jordá Gela hitzarmenari esker hainbat instrumentu espezialitateko ia hogeita hamar ikasle Orkestrarekin batera aritu dira urtarrilaren 13tik 18ra, Abonu Abonu denboraldian emango dituen kontzertuetan. Ikasleek, goi mailako ikasketak egiten ari direnak eta baita Orkestra Ikasketa Masterrekoak ere, Ravel-en Daphnis et Chloè interpretatuko dute zuzendari titular Jun Märkl-en zuzendaritzapean.

Gainera, kontzertu hoietan bakarlari gonbidatu ariko den Ingrid Fliter pianistak master class bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati; topaketa urtarrilaren 18 astelehenean izango da, orkestraren Miramongo egoitzan.

Asteartea 12 Urtarrila, 2016

Ingrid Fliter pianista, estreinakoz Euskadiko Orkestrarekin

Ingrid Fliter pianista, estreinakoz Euskadiko Orkestrarekin
Jun Märklek zuzenduta, urtarrilaren 13tik 18 Abonu Denboraldiaren baitan.

Bihar astezkena, hilaren 13an Bilbon hasi eta 18a bitartean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko 4. kontzertu-programa emango du ohiko lau hiriburuetan. Frantziar errepertorioan aditu Jun Märklek, Orkestraren zuzendari titularrak zuzenduko dituen emanaldi hauetan, Ingrid Fliter argentinar pianista entzutetsuak Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean interpretatuko du. "Antzinako Greziatik jazzeraino" izenburu hartuta, Ziburuko konpositorearen inguruko programa osatuz, haren maisu Fauréren Pavane eta Ravelen beraren Daphnis eta Chloé balleta izango dira entzungai; Orkestrari ez dagozkion arrazoiengatik, obra horretan ez da Andra Mari Abesbatza ariko, hala ere ez da aldaketarik izango aurrez iragarritako egitarauan.

Abonu-programa honi dagozkion kontzertuak izango dira bihar, urtarrilaren 13 asteazkenean Bilboko Euskalduna Jauregian, 14an Gasteizko Principal Antzokian, 15 eta 18an Donostiako Kursaal Auditorioan eta 16an Iruñeako Baluarte Auditorioan.

Buenos Airesen jaioa, Ingrid Fliter Europa zein Estatu Batuetan aritzen da nagusiki egun. Ipar Amerikan, Cincinnati Symphony Orchestra, Cleveland Orchestra, Los Angeles Philharmonic San Francisco Symphony Orchestra, Seattle Symphony Orchestra eta abarrekin aritzen da lankidetzan; Europan, berriz, Philharmonia Orchestra, Royal Stockholm Philharmonic, Rotterdam Philharmonic, Bergen Philharmonic, Royal Liverpool Philharmonic, Hungarian National Philharmonic orkestrekin, besteren artean. Bakarka, berriz, Amsterdamgo Concertgebouw, Tokyoko Suntory Hall, Londreseko Wigmore Hall eta New Yorkeko Carnegie Hall areto ezagunetan eman ditu errezitalak. Jun Märkl eta Ingrid Fliterek aurrez egin dute lan elkarrekin: 2014an Chopinen piano kontzertuak biltzen zituen diskoa grabatu zuten Scottish Chamber Orchestrarekin.

Musikene eta Euskadiko Orkestraren Masterreko bederatzi ikasle Orkestrarekin batera. Estatu mailako hari instrumentuetarako Orkestra Ikasketen lehenbiziko master ofizialaren lehenbiziko ikasturteak aurrera darrai eta horren baitan, biolin, biola eta biolontxelo ikasleek atrila partekatuko dute Euskadiko Orkestrako kideekin Abonu-programa hau osatzen dute entsegu nahiz kontzertuetan. Horrezaz gain, Aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan, kontzertuekin uztartuta, Ingrid Fliter pianistak master eskola bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati. Topaketa urtarrilaren 18 astelehenean izango da Orkestraren Miramongo egoitzan.

Programa honen baitan hilaren 15 eta 18an Donostiako Kursaalean izango diren kontzertuek Donostia 2016ren Elkarrizketak lerroaren babesa daukate. DSS2016EUren programazio-lerro honen xedea da inguruko kultur-programatzaileekin aliantzak sortzea eta Hiriburutzaren balioei lotuta dauden proiektuak laguntzea.

 

Astelehena 21 Abendua, 2015

Salgai Donostiako Musika Familian zikloko kontzertuetarako sarrerak

Salgai Donostiako Musika Familian zikloko kontzertuetarako sarrerak
"Zirrika, irrika... musika!" eta "Stick Dance Quartet", otsailaren 20an eta apirilaren 16an, hurrenez hurren.

Salgai daude jada Donostian Musika Familian zikloan izango diren kontzertuetarako sarrerak. Otsailaren 20an Orkestrak Miramonen duen egoitzan "Zirrika, irrika... musika!" izango da. Apirilaren 16an, berriz, Kursaal Eszenarekin lankidetzan, "Stick Dance Quartet" izango da Kursaaleko Ganbera Aretoan.

"Zirrika, irrika... musika!". Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek interpretatuko duten hari-laukoterako musika eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen umorea uztartuta, hiru urtetik gorako haurrak algara eta jolasen zurrunbiloan murgilduko dira. SARRERAK EROSI

Kontzertuaren egunean, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan eros ahal izango dira sarrerak.

Stick Dance Quartet. Umorez betetako kontzertu honetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide zein lankideek osatutako perkusio-laukote batek perkusioaren mundo erora gerturatuko ditu sei urtetik gorako haurrak. SARRERAK EROSI

Sarrerak salgai halaber Kursaal Elkarguneko leihatilan.

Gasteizen izango diren Musika Familian zikloko kontzertuetarako sarrerak 2016 urtarrilaren 14an jarriko dira salgai.

 

Osteguna 17 Abendua, 2015

G.F. Ghediniri omenaldia: 50 eta 60 hamarkadetako italiar musika Miramongo Matinéetan

G.F. Ghediniri omenaldia: 50 eta 60 hamarkadetako italiar musika Miramongo Matinéetan
Abenduaren 19 larunbatean Izai ganbera taldearen eskutik.

Abenduaren 19 larunbatean, Euskadiko Orkestraren egoitza XX.mende erdialdeko italiar musikaz beteko da. Euskadiko Orkestraren baitan sortutakoen artean zaharrenetariko Izai ganbera-taldeak Giorgio Federico Ghedini musikagilea omenduko du Miramongo Matinéetan.

XX. mendearen lehenengo erdian, G. F. Ghedini (1892-1965) izan zen atzerabegirako egin eta italiar barrokoko instrumentu-musikaren iraganaldi handia berreskuratzearen aldeko apostua egin zutenetako bat; izan ere, aro hura guztiz zapaldu baitzuen garai klasiko zein erromantikoan italiar musika-tradizioan erabat gailendu zen operaren garapenak. Haren musika-lengoaiaren oinarria da Antzinako musika instrumentalen, bereziki Frescobaldiren lanaren ikerketa; oinarri hau elementu modernoagoekin uztartzen du, Hindemithek egindakoaren antzera. Ghediniren obra bat interpretatzeaz gain, Izai taldeak beste italiar konpositoreen lanak joko dituzte; batzuek ia ezezagunak dira entzuleentzat, Renato Dionisi eta Carlo Savina, esaterako; eta oso ezaguna bestea: Nino Rota, Federico Fellini handiaren pelikula mitikoetako soinu-banda ezagunen sortzailea (La Strada, La dolce vita, Amarcord).

Izai taldea, joko duen errepertoriora moldatuta, honako musikario osatzen dute oraingoan: Xabier Calzada (flauta), Rafael Alonso (oboea), Juan Navarro (klarinetea), Marco Caratto (fagota) eta Javier Pérez de Azpeitia (pianoa).

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

Sarrerak. Matinée guztietarako sarrerak www.euskadikoorkestra.eus eta www.kutxabank.es webguneetan eta Kursaal zein Orkestraren egoitzako leihatiletan eros daitezke. 7 euroko prezio bakarra dute.

 

Asteartea 15 Abendua, 2015

Salgai Usandizagaren "La Llama" operaren kontzertu bertsioaren estreinaldia jasotzen duen diskoa

Salgai Usandizagaren "La Llama" operaren kontzertu bertsioaren estreinaldia jasotzen duen diskoa
Deutsche Grammophonek editatua, Usandizaga hil zeneko 100. urteurrena den urte honetan, EOSk honi egindako ekarpenari bukaera borobila ematen dio.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Jose Maria Usandizagaren La Llama Operaren kontzertu bertsioaren CDa aurkezten du.

Deutsche Grammophonek editatutako diska bikoitz honen helburua da, Jose Maria Usandizaga hil zeneko 100. urteurrena den urte honetan, EOS-ek honi egindako ekarpenari bukaera borobila ematea.

Grabaketa hau egitasmo handi baten emaitza da, izan ere, partituraren edizioan lan handia egin da ondoren kontzertu bertsioan estreinatu ahal izateko. Juan José Ocón-en zuzendaritzapean, proiektu honek pertsona eta erakunde askoren lankidetzari esker egin du aurrera: partituraren berreskuratzea Juan Jose Ocónek burutu du Ana Huarteren laguntzarekin batera eta libretoa Manuel Cabrera kritikari musikalak berrikusi du. Berreskuratze prozesuan halaber, Eresbilek, Musikaren Euskal Artxiboak hartu du parte. Aipatu guztia ezin egin liteke Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzagatik izan ez balitz.


"La Llama" operaren berrestreinaldia 2015eko martxoaren 16 eta 24an Euskadiko Orkestraren abonu denboraldian ohiko diren 4 agertokietan eskaini zen eta grabaketa konkretuki, martxoaren 20 eta 21an Donostiako Kursaalean eskainitakoari dagokio. Kontzertuak honako musikari bakarlari-zerrenda izan zuen: Sabina Puértolas (sopranoa), Mikeldi Atxalandabaso (tenorea), Damián del Castillo (baritonoa), Miren Urbieta Vega (narratzailea), Elena Barbé (sopranoa), Fernando Latorre (baxu-baritonoa), Maite Maruri (mezzosopranoa) eta Xabier Anduaga (tenorea); atal koralak Andra Mari abesbatzari egokitu zitzaizkion.

Diskaren edizioari dagokionean, berreskuratze lana isladatu eta publikoari interesgarria suerta dakion, 60 orrialdeko liburuska prestatu da euskara eta gaztelaniaz, Juan José Ocón eta Manuel Cabreraren aurkezpen iruzkinak, sinopsia, abestutako textuak, etab dituela. Horrez gain, argazki historikoak eta berrestreinaldikoak ere baditu.

Diska salgai dago dagoeneko El Corte Inglés, Fnac, Elkar, Parfisal eta Amazonen. Formatu digitalean ere eskuragarri dago Itunes eta Google Play-en eta streamingen entzuteko aukera ere eskaintzen da Spotify eta Deezerren. Salneurria: 21 euro gutxi gorabehera.


Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eragile duen diska honek bide batez, Orkestrak euskal sorkuntza sustatzeko kezka eta ardura berresten du. Honen adibide argia da Euskal Konpositoreen Bildumaren 1998ko entregak biltzen duen Jose María Usandizagaren obra sinfonikoa.

 

 

Larunbata 12 Abendua, 2015

Versailles: 2. eguna. "Ederra eta Piztia"ren lehenbiziko emanaldia

Versailles: 2. eguna. "Ederra eta Piztia"ren lehenbiziko emanaldia
Atzo, abenduaren 11an izan zen estreinako emanaldia eta ikuskizuna gaur eta bihar berriz ikusi ahal izango da eszenatoki berean.

Bart ikusmin handia sortua zen "Ederra eta Piztia", Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Malandain Ballet Biarritzen eskutik, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren laguntzarekin, Versailleseko Opéra Royal-era iristear zela-eta. Ikus-entzuleak antzokian sartu zain zeunden, Opéraren sarreraren alboan lerroan jarrita.

Bertaratutakoen artean ziren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Kultur sailburuorde Joxean Muñoz; biak Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa izan ziren Versaillesen, Euskadiko Orkestra Opéra Royalera itzuleran laguntzeko asmoz.

Akustika onak eta zulogune garaiari esker, ikuskizuna Biarritzen izan zenaren ezberdina gertatu zen. Ainars Rubikisek zuzendutako musikariak lehenbiziko notak jo ahala jabetu ziren horretaz. 20:05 ziren. Emanaldia hasia zen jada. Ikuskizunaren inguruan aipagarriak dira, beste ezaugarri askoren artean, Pizitaren mugimendu zorrotzak, azkar zein bortitzak; eta baita bukaera ikusgarria ere: urre koloreko oihal distiratsu batek dantzari guztiak estaltzen ditu banan-banan. Amaiera ezinhobea emanez, halaber, gorputzak mozorroa kentzen du argi ahul baten pean, aurpegia agerian duela ere bere nortasuna erakutsi nahiko ez balu bezala.

Ikuskizuna amaitu ostean, talde txikietan bilduta, ikusle bakoitzak narrazioaren gain egindako irakurketa adierazi zuen. Gehienak bat etorri ziren aritstaren pertsonaiak Malandain Ballet Biarritzen zuzendari Thierry Malandain koreografoa bera islatzen zuela agertzerakoan. Eta izaeraren ezinbesteko elementu gisa, arimak, emakumea islatzen zuela, eta gorputzak, gizona. Obraren azkena eta behar bada iradokitzen duen garraztasuna ere izan ziren eztabaidarako gai. Askotariko interpretazioak egiten dira. Ikusleak amaiera zoriontsua espero du, ipuniaren eta istorioa jaso duen hainbat pelikulari jarraiki, eta ezustean hartzen du bere begien aurrean gertatzen denak: koreografia, argiztapenak eta gorputz-adierazpenak ez dirudite hori iradokitzen dutenik.

Duela bi urte Euskadiko Orkestrak eta Malandain Ballet Biarritzek Opéra Royalean aurkeztutako "Cendrillon" ikuskizunaren bukaeran gertatu bezala, txalo-zaparrada luze itzelak itxi zuen bart gaueko emanaldi ederra. Eszenatokian, txalo eta "bravo!" artean ,Thierry Malandain, Ainars Rubikis eta dantzari guztiek, eta Orkestrak zulogunetik behin eta berriz agurtu zituzten ikusleak. Horiek emandako harrera beroarekin batera, "Ederra eta Piztia"-k sortutako interesaren erakusgarri da bertaratutako frantziar zein nazioarteko prentsa ugaria. Nabarmentzekoa da, gainera, Estatu Batuetatik etorritako hiru programatzaile zeudela ikusleen artean; Thierry Malandainek Piotr Ilich Tachaikovskyren obren artean hautatutako zatiak oinarri hartuta sortutako "Ederra eta Piztia" ipuinaren adierazpen berri hau ikusteko espreski etorriak.

 

Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Ostirala 11 Abendua, 2015

Versailles. Lehenbiziko eguna

Versailles. Lehenbiziko eguna
Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz lanean jada "Ederra eta Piztia" Versailleseko Opéra Royal antzokian aurkezteko.

Goizean atseden hartzeko abagunea izan ostean, ordu biak dira jada eta musikariak Boulevard du Roi kalean kokatutako artistentzako atearen ingurura gerturatuz joan dira. Batzuek oraintxe berotu dute, beste batzuek, ordea, aurrez berotu eta bazkaltzetik etorri dira zuzenean... izan ere, 53 musikariren artean ohiturak askotarikoak dira!

Opéra Royal ikusgarrian sartu berri gara. Bertan, amaitzear dago Richard Coudray maisuak balletari emandako eskola. Zulogunean, zenbait musikari argazkiak ateratzen; eta eserleku-patioan, lan-talde teknikoa diziplina bakoitzari dagokiona zorrozki aztertzen. Entsegu orokorra 15:00etan da.

14:30etan hasiera eman diogu kazetari-talde baten eta ikuskizuneko protagonisten arteko topaketari. Antzokiaren alboko areto batean bilduta, David Vizcayo ("gorputza"), Frederik Deberat ("aita"), Arnaud Mahouy ("artista"), Claire Lonchampt ("Ederra"), Mickaël Conte ("Piztia") eta Miyuki Kanei ("arima") dantzariak, Thierry Malandain, Oriol Roch, Andoni Mercero eta Ainars Rubikis. Elkartze lasai eta atsegina izan da. Dantzari bakoitzak bere paperaren irakurketa eta interpretazioaren berri eman dute. Hitza adierazpide gisa erabiltzera gutxi ohituak behar bada, beharra gidari erabilita, guztiak bat etorri dira Ederrak gorputz edierazpenaren bidez emozioak adieraztearen garrantzia azpimarratu duenean. Emanaldi hauetan Orkestraren kontzerino diharduen Andoni Mercerok dantzariak bertan zirela baliatuz, publikoki eskertu du Malandain Ballet Biarritzekin elkarlanean aritzeko aukera, Beretzat eta Orkestra osoarentzat ohorea baita hain maila altuko ballet baten mugimendu bakoitza musikaz laguntzeko aukera izatea. "Gustura hartuko genuke horrelako beste aukera bat!" esan du amaitzeko Andonik. Jarraian, Oriolek, Thierry begira zuela, laugarren ekoizpen batean ere elkarrekin lan egiteko asmo sendoa adierazi du; oraindik zehazteke dagoen arren, izango da guztion gozamenerako elkarlan berririk,

Instrumentuen hotsen arabera, jabetzen gara entsegu orokorra astear dagoela eta amaiera mean diogu topaketari. Entseguko argazkiak egin eta Ainars Rubikisen zuzendaritzapean Orkestrak interpretatutako lehenbiziko konpasak entzuteko aprobetxatu dugu. 20:00etan itzuliko gara estreinaldiaz gozatzeko.

Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Osteguna 03 Abendua, 2015

"Barrokino", Circuitos Festclásica 2016 delakoetan sariduna

"Barrokino", Circuitos Festclásica 2016 delakoetan sariduna
Circuitos Festclásica sariak Festclásica Musika Klasikoko Jaialdien Espainiar Elkarteak banatzen ditu urtero. Aurtengoan 140 hautagaitza aurkeztu dira.

Teatro Paraíso eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ekoitzitako Barrokino ikuskizunak Circuitos Festclásica 2016 saria jaso du, proiektu didaktikoen kategorian.

Circuitos Festclásica sariak Festclásica Musika Klasikoko Jaialdien Espainiar Elkarteak banatzen ditu urtero. Elkarteko bazkide guztiek bozka bidez aukeratzen dituzte sarituak. Aipagarria da ehun eta berrogeitik gora hautagaitza aurkeztu zirela aurtengoan. Ekimen honen xedea da bikaintasuna saritzea eta, aldi berean, elkarteko kide jaialdien arteko elkarlana bultzatu eta saritutako taldeei urte berean jaialdi ezberdinetan aritzeko aukera ematea.

Circuitos Festclásica delakoak beste bi kategoriatan ere ematen dira: ganbera-musikaren kategorian (horretan From Bach to Radiohead saritu dute, From Bach to Radiohead egitarauagatik) eta antzinako musikaren kategorian (La Tempestad taldearen Felice e dolente izan da sariduna).

Barrokino, haur-ikuskizunen munduko ezohiko obra. Estetika eder batekin, garaiko jantziekin eta eszenaratze bikainarekin, Teatro Paraisok eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak antzezle bat, hiru instrumentu-jotzaile eta bi abeslari bildu dituzte askari baten aitzakiaz eta mokaduz mokadu barroko garaiko musikaren unibertsoan murgilduko gaituzte. Antzinako musika gaur egunera ekartzean eta erreferentzia kulturalik ez duten ikusleen aurrean jotzean, obrak eguneratu eta biziberritu egiten dira umeen entzute arretatsuari esker. Baina zer dute komunean barrokoak eta haurtxoek? Arte barrokoa dinamikoa eta sentsoriala da eta zentzumenei eta emozioei heldu egiten die. Bestalde, haurtzaroan, munduaren pertzepzioa zentzumen, emozio eta motrizitate deskubritu berrien mendean dago nagusiki. Hala, barrokoak eta adin goiztiarrenek tandem bikaina osatzen dute, non narrazioak eta entzuteak sentimen berak dituzten.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Teatro Paraiso. Barrokino Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Teatro Paraisok sorkuntzarekin eta ikusleen formazioarekin duten konpromisoaren emaitza da. 2 eta 5 urte bitarteko umeentzako musika-dibulgaziozko ekimen bat da.

Ostirala 27 Azaroa, 2015

"Kontsonantzia": Alai Tríok Mendelssohn eta Schubert hizpide pianodun trioen bidez

"Kontsonantzia": Alai Tríok Mendelssohn eta Schubert hizpide pianodun trioen bidez
Azaroaren 28 larunbatean Miramongo Matinéetan.

Bihar larunbata, hilaren 28a, Schubert eta Mendelssohnen obraren inguruko emanaldia izango da Miramongo Matinéetan. Eszenatokian, Euskadiko Orkestrako kide Xabier Gil (biolina) eta Jon Larraz (biolontxeloa) eta Amaia Zipitria pianistak osatutako Alai Trío. Eta entzungai, Mendelssohn eta Schubertek sortutako trio bana; horien bidez, oraingoan ere mirespen artistikotik eratorritako bi konpositoreren lanen arteko kontsonantziaz ariko zaigu Alai Trío.

Pianodun trio banaren bidez, bi musikagileen arteko antzekotasunak ezagutuko ditugu: sortzaile batek (Mendelssohnek, esaterako) bere lana ontzerakoan beste batek (Schubert) sortutakotik nola edaten duen ikusiko dugu, alegia. Izan ere, 1836an Mendelssohnek Schubertek kaleratu berri zuen pianodun trio bat interpretatu zuen festa pribatu batean eta horrek arrasto nabarmena utzi zuen entzungai izzango den haren 1. Pianodun trioan. Eta haratago ere izango da kontsonantziarik biharko Matinéean: Alai Tríok interpretatuko duen Schuberten 2. Trioaren zati bat Stanley Kubrick zinegileak erabili zuen Barry Lyndon bere filemerako soinu-bandan.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

Sarrerak. Matinée guztietarako sarrerak www.euskadikoorkestra.eus eta www.kutxabank.es webguneetan eta Kursaal zein Orkestraren egoitzako leihatiletan eros daitezke. 7 euroko prezio bakarra dute.

 

Osteguna 26 Azaroa, 2015

Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz Château de Versailles Spectacles-en denboraldian

Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz Château de Versailles Spectacles-en denboraldian
Parisera itzuliko dira "Ederra eta Piztia" muntaia aurkezteko, Ainars Rubikis zuzendari dela eta Thierry Malandainen koreografia berria interpretatuko dute. Donostia 2016ren "Elkarrizketak" ildoaren laguntzarekin.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Thierry Malandainek zuzentzen duen Malandain Ballet Biarritzek La Belle et la Bête (Ederra eta Piztia) ikuskizunaren eszenaratzea aurkezten dute, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren laguntzarekin. Muntaia hau bi erakunde hauen arteko hirugarren lankidetza da eta Orkestraren itzulera da Versailleseko Jauregiko Opéra Royal delakora, bertan debuta egin eta bi urtetara. Parisera bidaiatu aurretik, abenduraren 5ean eta 8an Ederra eta Piztia Biarritzeko Gare du Midin, Malandain Ballet Biarritzen egoitzan izango da. Ondoren, hilaren 11, 12 eta 13an Opéra Royal antzokira helduko da. Eta 2016an, urtarrilaren 28tik otsailaren 4ra, Ederra eta Piztia Bilbo (Euskalduna Juaregia), Iruña (Baluarte Auditorioa) eta Donostian (Kursaal Auditorioa) interpretatuko da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiaren baitan.

Berriro Euskadiko Orkestraren eta Malandain Ballet Biarritzen arteko pas de deux urratsa. Aurrez 2011n Magifique eta 2013an Cendrillon ikuskizunek merezitako arrakasta itzelaren ondoren dator Ederra eta Piztia. Horietan Thierry Malandainen koreografiei Euskadiko Orkestrak, hurrenez hurren, P.I. Tchaikovsky eta S. Prokofieven musika gehitu zien zuzenean. EOS eta Maladain Ballet Biarritzek berriz ere bat egin dute, Donostia 2016ren Elkarrizketak ildoaren baitan. Programazio-lerro hau tokiko kultur-programatzaileekin batera berariazko proiektuak sortzera bideratuta dago, xede izanik DSS2016EUren balioak hedatzea.

Orkestraren eta Frantziako 19 zentro koreografiko nazionaletako bat den Balletaren arteko harreman estua artistikoki oso baliozkoa da eta horregatik Donostia 2016k ez-bairik gabe bat egin du haiekin. Elkarlan horrek osagarriak diren jarduerak garatzen dituzten kultur erakundeen artean sinergiak sortzeak duen garrantzia azpimarratzen du, sinergia hoiek gerora eszenatoki garrantzitsuenetan aurkeztuko diren maila goreneko sorkuntzen garapena ahalbidetzen baitute, gure kulturaren eta bide batez gure gizarte osoaren ordezkaritza onena bilakatuz.

Château de Versailles Spectacles erakundearen Musika Denboraldia europar zirkuituko programazio zorrotzenetako bat da. Irailetik ekainera bitartean, 70 bat ikuskizun biltzen ditu, Opéra Royal antzokian eta Versalleseko Jauregiko espazio ezagunenetan. Kontzertu sinfonikoak, operak, balletak, errezitalak eta abar izaten dira eta aurten, Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestraz gain, ariko dira Sir John Elliot Gardiner, Les Arts Florissants eta William Christie, Hesperion XXI eta Jordi Savall. Anne-Sophie Mutter, Lang Lang, Mark Minkowski, Münchner Rundfunkorchester, Joyce DiDonato, Cecilia Bartoli, Gabrieli Consort and Players eta Paul McCreesh, Alexandre Theraud, eta abar.

Orriak