Euskadiko Orkestrak Juan Crisostomo de Arriaga berpiztuko du

Zuzeneko musika eta Adimen Artifiziala uztartuta, Euskadiko Orkestrak ‘Arriaga bizi da’ ekoizpen berria estreinatuko du, musikagile bilbotarraren heriotzaren 200. urteurrenean.
Musika Familian kontzertuak maiatzaren 9an Kursaaleko Ganbera Aretoan eta maiatzaren 10ean Gasteizko Felix Petite Antzokian izango dira, biak 18:00etan. Sarrerak salgai daude.
Adimen Artifizialarekin egindako sei bideo-eszenatan Juan Crisostomo de Arriaga konpositore bilbotarra bizira ekarriko du Euskadiko Orkestrak, alderantziz kontatuko den istorio batean: hilerritik hasi (19 urte besterik ez zituela) eta haurtzarora arte.
Arriaga bizi da izeneko Euskadiko Orkestraren ekoizpen berri honen protagonista musikalak Luken Munguira tenorra, Emilianoren ahotsean (Juan Crisostomo de Arriagaren iloba), Ana Belen Garcia pianista eta Larraitz Oiartzabal Euskadiko Orkestrako biolinjolea dira. Mikel Cañada, Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza- eta gizarte-zikloaren koordinatzailea da ekoizpen berri honen zuzendaria. ACC Comunicacion agentziak egin du Adimen Artifizialaren aplikazioa.
Istorio bat bi planotan
Eszenaratzea bi planotan gertatzen da, eta plano horiek, eszenatoki berean gertatzen badira ere, desberdinak dira. Alde batetik, Adimen Artifizialaren bidez Juan Crisostomo de Arriaga irudimenezko mundu batean ikus ahal izango dugu. Bi izaera uztartuko ditu pertsonaiak: euskal Mozart —ezizenez—, eta Juanito—hala sentitzen zen bera gehienbat—.
Arriagak, pantailatik, bere istorio propioa gidatuko du, Bilboko alde zaharretik abiatu eta Parisera iritsi arte. Bigarren planoan, hezur-haragizkoan, lur hartuko du istorioak, eta bertan iloba Emilianok (Luken Munguira) ilobaren partitura goiztiarretako batzuk ezagutzera emateko beste istorio batzuk kontatu eta kantatuko ditu.
Musika Familian kontzertuak Donostia eta Gasteizen
Euskadiko Orkestraren Musika Familian kontzertu hauek honako egunetan izango dira: maiatzaren 9an, Kursaaleko Ganbera Aretoan, Kursaal Eszenarekin lankidetzan, eta maiatzaren 10ean, Gasteizko Felix Petite Antzokian, Gasteizko Udalarekin lankidetzan. Ekoizpen hau 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta 50 minutuko iraupena du, gutxi gorabehera.
Sarrerak salgai daude bi Musika Familian kontzertuetarako, euskadikoorkestra.eus webgunean eta aretoen webgune eta leihatiletan.
Kontzertuen aurretik, 16:45ean, Sentsibilizazio-tailer bana egingo da, osagarria, aukerakoa eta doakoa (sarrera eskuratu duenarentzat), prestatzeko, elkarreragiteko eta esperimentatzeko. Izen-ematea: Donostia (943003170) / Gasteiz (945161045).
Programa eta interpreteak
J. Arambarri: Atea tan tan
F. Escudero: Aberri maitiari
J. C. de Arriaga: Pianorako erromantza
M. Albéniz: Sonata ren
J. C. de Arriaga: Bariazioak hungariar erara biolin eta pianorako / Edipo en Colono (Aria)
P. Albéniz: Alboradetako soinua
W. A. Mozart: Davide penitente (Aria)
J. C. de Arriaga: Los esclavos felices (Obertura) / Nada y mucho
Luken Munguira, tenorra
Larraitz Oiartzabal, biolina
Ana Belen García, pianoa
ACC Comunicacion, AAren aplikazioa
Mikel Cañada, ideia, gidoia eta zuzendaritza
Ana Belen García, Amagoia Elosegi eta Alaia Belaunzarandel, Musikeneren Bitartekaritza, Kudeaketa eta Zabalkundeko Master Ofizialaren ikasleak
Delicia Ensemble izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako hamar interpretez osatutako taldeak Cimarosa, Albinoni, Mozart eta Vivaldiren obrak joko ditu larunbat honetan, apirilak 25, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak bukatuta.
Larunbat honetan, apirilak 25, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da, Delicia Ensemble taldeak eskainiko duena, “Oboearen kantu eta lilura” izenburupean. Hamar interpreteak Euskadiko Orkestraren kideak dira: Raquel Cortinas (biolina), Irene Echeveste (biolina), Annemarie Harmat (biolina), Ricardo Ruiz (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Pawel Krymer (biola), Karmele Castillo (biolontxeloa), Guangyao Zhao (kontrabaxua), Oscar Diago (oboea) eta Pascal Laffont (oboea). Matinée honetarako sarrera guztiak bukatu dira.
Kontzertu honen programak Italiako Barrokoaren eta Klasizismoaren hasieren arteko arku iradokitzaile bat marrazten du, eta fokua lengoaia instrumentalaren bilakaeran jartzen du, bereziki, oboearen protagonismoan:
- Domenico Cimarosa: Oboerako Kontzertua [11’]
- Tomaso Albinoni: Oboerako 2. Kontzertua Op.9 [14’]
- Wolfgang Amadeus Mozart: Divertimentoa K.136 [14’]
- Antonio Vivaldi: Bi oboetarako Kontzertua RV535 [9’]
Domenico Cimarosa, Tomaso Albinoni eta Antonio Vivaldiren obrek Italiako tradizioaren aberastasuna eta bizitasuna islatzen dute. Horietan, oboea adierazkortasun handiko instrumentu bakarlari gisa agertzen da, birtuosismo bikaineko pasarteak lirismo cantabile uneekin tartekatzeko gai dena. Barrokoaren figura nagusi Albinoni eta Vivaldik garaiko kontrasteak, apaindurak eta energia erritmikoa ustiatu zituzten, eta modu erabakigarrian lagundu zuten kontzertua forma gisa garatzen.
Vivaldiren Bi oboerako Kontzertuak, gainera, bakarlarien arteko elkarrizketa erakargarria gehitzen du, non imitazioak eta lerro melodikoen elkarketak tinbre-aberastasuna areagotzen duten. Bestalde, Cimarosaren hizkerak, klasizismotik hurbil zegoenak, argitasun formal handiagoa eta izaera arinagoa eta atseginagoa ematen dio, Barrokotik jasotako dotorezia melodikoari uko egin gabe.
Wolfgang Amadeus Mozarten K.136 Divertimentoak zerumuga estilistiko berri bat irekiko du Matinée honetan. Gaztaroan idatzia, lan honek freskotasuna, oreka eta gardentasuna islatzen ditu, estilo klasikoaren ezaugarri bereizgarriak. Programan egoteak testuinguru historikoa zabaltzeaz gain, hizkuntza finago baterako trantsizioa argitzen du, non itxurazko soiltasunak musika-elaborazio fina gordetzen duen.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
‘Logelan logale’, bigarren edizioan hazi, zabaldu eta bizitzak aldatzen dituen haur kantata

Duela urtebete estreinaldi arrakastatsua izan ondoren, Euskadiko Orkestrak ‘Logelan logale’ ekoizpen propioa eskainiko du berriro, Leire Bilbaoren libretoarekin eta Jagoba Astiazaranen jatorrizko musikarekin, apirilaren 21ean eta 22an Donostiako Kursaal Auditoriumean, Kursaal Eszenarekin elkarlanean, eta apirilaren 23an Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan.
Gainera, lehen aldiz, Bilbao Orkestra Sinfonikoak haur kantataren lekukoa hartuko du eta beste bi hitzordu eskainiko ditu Bilbon, apirilaren 28an eta 29an. Horri esker, kantatak saio gehiago izango ditu, hiru euskal hiriburutara hedatuko da eta aktiboki parte hartzen duten 3.000 ikasletik gorako kopurura iritsiko da.
Euskadiko Orkestrak ikastetxe parte-hartzaileetako irakasle eta ikasleen testigantzak jaso ditu, eta horiek argi uzten dute ekimen honen eragin positiboa, parte hartzen dutenen bizitzak eta dinamikak aldatzeraino.
Euskara hutsezko haur kantata bat gertaera historikoa da. 1998 urtera arte atzera egin behar da, seguraski, antzeko zerbait gertatu zen azken aldiarekin topo egiteko (Tomas Araguesek konposatutako Jimmy Potxolo haur kantata, Bernardo Atxagaren letrarekin). Horrela bizi izan zen duela urtebete Logelan logaleren estreinaldia, lurraldeko musika-gertakari handi bat bezala, parte-hartzaileek urte askotan gogoratuko dutena.
Eta horregatik, hain zuzen ere, proiektu handi eta garrantzitsu honek ezin zuen urrunago joan gabe geratu. Bigarren edizio batekin dator orain eta, gainera, lehenengoarekin alderatuta, antzezpen kopuruan gora egingo du, eta inoiz baino hobeto beteko du kantuaren bidez Euskal Herria egituratzeko duen misioa. Horretarako, berrikuntza handi gisa, aurten, Euskadiko Orkestrak Donostian eta Gasteizen hiru emanaldi berri emateaz gain, kantata Bilbora ere iritsiko da bi saiorekin, lehen aldiz. Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartuko du Bizkaiko hiriburuan Euskadiko Orkestrak sortu eta bultzatutako haur kantata honen lekukoa.
Eragile ugariren beharra duen proiektua
Kantata bat sortzea musika-ekitaldi garrantzitsua da, eragile asko biltzen dituena eta giza mobilizazio handia eskatzen duena.
Logelan logalek Maria Goiricelayak diseinatutako proposamen eszeniko bat izango du. Juanjo Oconek zuzenduko du orkestra eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da protagonista ipuinaren narratiban. Euskadiko Orkestrak lagunduko dio eszenatokian, baita haur abesbatza handiak ere eszenatokian zein besaulki-patioan. Guztira 1.400 haurrez osatutako abesbatza handi bat izango da. Abesbatzak, alde batetik, lau abesbatza pilotu izango ditu (Easo Eskolania, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Zegamako Orkatz Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasle-taldeak. Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartuko du Bilboko kontzertuen lekukoa, eta han Bizkaiko ikastetxeetako beste 1.700 haurrek parte hartuko dute.
Parte hartu duten ikastetxeetako proiektuan inplikatutako irakasleak hainbat prestakuntza-saiotara joan dira, eta errepertorioa, zuzendaritza, ahotsa, didaktika, logistika eta alderdi eszenikoa landu dituzte. Material horietatik abiatuta, irakasleek ikasturte osoan lan egin dute eskolan kontzertuaren egunera arte, ahalik eta ondoen prestatuta iristeko.
Gipuzkoako 18 ikastetxek hartzen dute parte egitasmo honetan:
- Aitor Ikastola
- Aitxuri Herri Eskola
- Anoetako Herri Ikastola
- Antoniano Ikastetxea
- Egape Ikastola HLHI
- Eguzkitza HLHI
- Haztegi Ikastola
- Intxaurrondo Hegoa HLHI
- Intxaurrondo Ikastola Publikoa
- Izarraizpe Ikastola Publikoa
- Karmengo Ama IPI
- Mary Ward Ikastetxea
- San Andres HLHI
- San Martin Agirre Herri Eskola
- San Martin HLHI
- Sasoeta-Zumaburu Ikastetxea
- Ugaro Herri Ikastetxea
- Xabier Munibe Ikastola
Eta Arabako 4 ikastetxek egin dute bat: CEIP Divino Maestro – Maria de Maeztu HLHI; Araia Herri Eskola; Errekabarri HLHI; eta San Viator Ikastetxea.
Ekimenean parte hartzen duen Anoetako Herri Eskolaren irakasle eta ikasleen lan-prozesuari buruzko lekukotza jasotzen du honako bideo honek:
Horiek guztiek Eva Ugalderen abesbatza-koordinazioa eta -zuzendaritza izan dute, eta ikastetxe parte-hartzaileetako irakasleek eta Amaia Zipitria pianojoleak osatu dute formakuntza-lantaldea.
Logelan logale Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren Eskola Kontzertuen baitan egingo da bigarrenez, honako erakunde hauen laguntzarekin: Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udala, Kursaal Eszena eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea.
Datak
Euskadiko Orkestraren Eskola Kontzertuak egunotan izango dira:
- Apirilak 21 (12:00): Kursaal Auditoriuma (Donostia)
- Apirilak 22 (12:00): Kursaal Auditoriuma (Donostia)
- Apirilak 23 (12:00): Jesus Guridi Kontserbatorioa (Gasteiz)
Bestalde, Euskadiko Orkestrak sortu eta bultzatutako kantata honen beste bi hitzordu eskainiko ditu Bilbao Orkestra Sinfonikoak:
- Apirilak 28 (12:00): Euskalduna Jauregia (Bilbo)
- Apirilak 29 (12:00): Euskalduna Jauregia (Bilbo)
Bost hitzorduak eta hiru probintziak batuta, guztira 3.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte modu aktiboan kantatan, eta beste 4.000 lagun batuko zaizkie publiko gisa.
Obraren sinopsia: ‘Logelan logale’
Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Zer denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz? Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?
Doinu eta kantu ezberdinen bidez kontatu eta kantatuko dugu, gutako bakoitzak ohera joaten den unetik eta esnatu arteko istorioa. Loa eta ametsaren fantasiari, bakoitzak bere doinua jartzeko, lo gaudenean ere abenturak bizi ditugulako.
‘Logelan logale’-k bizitzak eta dinamikak aldatzen ditu
Logelan logalek “bizitzak aldatzen ditu”, ekimenean parte hartu duten ikastetxe askotako irakasleek azaldu duten bezala. Logelan logale prestatzeak eragin positiboa du hainbat eremutan eta emaitza nabarmenak ditu.
Euskadiko Orkestrak lehenengo edizioaren bizipenean eta bigarren edizioaren lan-prozesuan jaso duenez, Logelan logalek gogo bizia sortzen du parte-hartzaileengan eta gainerako ikasle eta irakasleengana zabaltzen da, familietaraino iritsi arte. Azken horiek kantata prestatzen inplikatzen dira eta taldean abesten dute. Prestakuntzari dagokionez ere eragin positiboa izan du, beste garai bateko musika eskola eta esperientzia koral galduak berreskuratuz edo klaseetan kantuaren inguruko programa berriak ezarriz. Hona hemen parte hartu duten ikastetxeetako irakasleen testigantza batzuk:
“Jolas-orduan, ikasleak beren borondatez geratzen dira gelan pianoa jotzen. Ikasle bat amamarekin pianoa jotzen hasi da etxean, eta bien arteko lotura asko estutu da. Logelan logalek irakasleen arteko harremana sendotzeko ere balio izan du. Guraso askok abestiak ikasi dituzte eta euren seme-alabekin praktikatzen dute.”
Aitziber Arteaga, San Viator Ikastola (Gasteiz)“Logelan logaleri esker 20 haurreko abesbatza bat sortu dugu, lehen urratsak ematen ari dena ilusioz beteta.”
Urtzi Robles, Araia Herri Eskola"Ikasleak Logelan Logaleren abestiak etengabe kantatzen ari dira, edozein ordutan. Nik, musika irakasle gisa, iaz parte hartu nuen; aurten berriro egin dut eta aurreko urtean baino are gehiago gozatzen ari naiz prozesuaz. Proiektu honen ondorioz, musika ikasgaiari ‘Ahotsa eta kantua’ unitate didaktikoa gehitu diot, eta ikastetxean ‘Ostiral musikalak’ sortzea ere proposatu dut, guztiok elkarrekin jolastokian edo kalean kanta dezagun. Ama naizen aldetik, nire alabak ere parte hartzen du, eta lagunekin planak egin izan ditu aisialdian elkarrekin entseatzeko."
Olatz Amozarrain, Izarraizpe Ikastola Publikoa (Azpeitia)
Irakurketa errazeko gida bat eta material gehiago
Prozesuan zehar hainbat material sortu dira: dosierrak, libretoarekin lan egiteko gidak, konpositorearen eta libretoaren egilearen aurkezpena, ahots eta pianorako partiturak, abestutako zati guztiak biltzen dituen abesbatza baten grabazioa, eszenografiako materialak, maskarak prestatzea, etab.
Halaber, propio sortu da irakurketa errazeko gida bat. Dokumentu hau beste dokumentu mota batzuk irakurtzeko edo interpretatzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako irisgarritasun kognitiboa hobetzeko sortu da. Egoera horri buruzko kontzientzia sortu nahi da, eta gida-mota horien erabilera beste ekimen batzuetara zabaldu, bai eta, oro har, kultura-sektorera ere. Euskadiko Orkestraren lehen esperientzia da, eta etorkizuneko proiektuetan irakurketa errazeko gidak ezartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du orkestrak.
ARTIS+: Artea, gizarteratzeko
Logelan logale ekimena, baita Musika Gela ziklo osoa ere, ARTIS+: Artea, gizarteratzeko proiektuaren parte da. Mugaz gaindiko Europako lankidetza-proiektu honek helburu du kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea bazterketa-arriskuan dauden biztanle-taldeentzat, dela desgaitasunagatik, dela arrazoi sozialengatik. Proiektu hau 2027ra arte luzatuko da eta honako bazkideak izango ditu, besteak beste: Orchestre National du Capitole de Toulouse, Bartzelonako L’Auditori eta OBC Orkestra eta Paueko Orkestra.
Ensemble Phantasy izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako bederatzi interpretez osatutako taldeak Haba, Klein eta Martinuren obrak joko ditu larunbat honetan, apirilak 11, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, apirilak 11, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da, Ensemble Phantasy taldeak eskainiko duena, “Musika txekiarra” izenburupean. Bederatzi interpreteak Euskadiko Orkestraren kideak dira: Virgile Demillac (biolina), Monika Mazur (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Marc Sirera (kontrabaxua), Oihana Kontxeso (flauta), Pascal Laffont (oboea), Sara Zufiaurre (klarinetea), Yuan Dai (fagota) eta Alvaro Parron (tronpa).
Txekiar kultura herrikoian sakonki errotuta egon arren, musika-lengoaia oso desberdinak hartu zituzten hiru konpositore txekiar biltzen ditu kontzertu honek. Programak aurreko mendeko txekiar musikaren aurpegi anitzak nabarmentzen ditu: neoklasizismoa, erradikaltasuna eta nostalgia, batik bat.
Alois Habaren 4. Nonetoa seguruenik Matinée honetako lanik abangoardistena da. 1964an konposatu zuen, eta heldutasun handiko obra da. Musikagilea Schoenberg eta Busoniren eredu vienarretatik askatu zen, musika-hizkera oso pertsonala garatzeko.
Alois Habaren ikasle Gideon Kleinek Theresienstadteko kontzentrazio-esparruan konposatu zuen bere Harirako trioa 1944an. Bere lehen obretako ausardia modernistetatik urrun, Klein hemen lengoaia klasikoago batera itzuli zen, moraviar folklorearekin lotua. Zoritxarrez, Klein urtebete geroago hil zuten Holokaustoan.
Kontzertuaren azken lana Bohuslav Martinuren 2. Nonetoa izango da, bere ibilbide artistikoaren gailurra, erbesteratzearen ondorioz konpositore frantsesen eragina eta bere txekiar sustraiekiko atxikimendu handia uztartzen dituena. Lengoaia neoklasikoa du, Moraviako dantza tradizionalek koloreztatua. Noneto honek kutsu argitsu eta lasai batekin ixten du programa.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Nikolai Luganskyk Rakhmaninoven ‘Pianorako 3. Kontzertu’ ezin zailagoa joko du Euskadiko Orkestraren Denboraldi Sinfonikora egingo duen itzuleran

Errusiarrak pianoaren historiako kontzerturik zail eta birtuosoenari aurre egin beharko dio Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berri batean, beste musikari handi batek zuzenduta, Juraj Valcuha eslovakiarrak, hona egingo duen hirugarren bisitan.
Kontzertuak Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon izango dira apirilaren 9tik 15era, eta sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera.
Euskadiko Orkestrak 2025/26 Denboraldi Sinfonikoaren hurrengo programa aurkezten du, ‘Rakhmaninov / Bartok’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunotan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostegun eta ostiralean, apirilak 9 eta 10, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, apirilak 13, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; asteartean, apirilak 14, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, apirilak 15, Bilboko Euskalduna Jauregian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Nikolai Luganskyk eta Sergei Rakhmaninovek nazioartean txalotutako binomioa osatzen dute. Errusiar pianistak bere herrikidearen obra bati egiten dion interpretazio berri bakoitza mugarri bihurtzen da, eta Euskadiko Orkestrarekin lehenago ere bizi izan dugu: 2021ean hemen izan genuen, Paganiniren lan bati buruzko Rapsodia eskaintzeko. Laugarren bisita izango den honetan, Luganskyk, 1994an Txaikovski Lehiaketa irabazi zuenak eta azken hamarkadetako artista errusiar sarituenetakoak, bere partiturarik zailena izango du aurrez aurre, Pianorako 3. Kontzertua, Rakhmaninovek berak, instrumentuaren historiako pianistarik onenetako batek, idatzi zuena, interprete gisa duen birtuosismoa erakusteko helburuarekin.
Kontzertua 1909ko udan konposatu zuen Rakhmaninovek Ivanovkan zuen familiaren etxaldean, Estatu Batuetan lehen bira egiteko prestatzen ari zen bitartean. Urte hartako irailaren 23an amaitu zuen, eta itsasontzira eraman zuen teklatu mutu batean zeharkaldi atlantikoan ikasi ondoren, berak estreinatu zuen bakarlari gisa 1909ko azaroaren 28an New Yorken. Handik aste gutxira, Gustav Mahlerren gidaritzapean, New Yorken joko zuen berriro, musikako bi erraldoiren arteko elkarlan historiko batean. Lanak laster lortu zuen pianorako errepertorioko kontzertu zailenetako bat izatearen ospea, bai idazketa tekniko nekagarriagatik, bai musika eta adierazpen dentsitateagatik.
Pianismoaren mugarri horren aurretik, Rakhmaninoven aurreko belaunaldiko maisu Anatoli Liadoven Laku sorgindua poema sinfonikoaren inpresionismo liluragarria izango dugu; eta, bigarren zatian, beste obra kontzertatzaile baten interpretazioa aurkeztuko du Euskadiko Orkestrak: Bela Bartoken Orkestrarako Kontzertua. 1943an Estatu Batuetan konposatua, Bartok ekonomia eta osasun arazoak pasatzen ari zela, hungariar herrikide batzuek isilpean egin zioten enkargua, murgilduta zegoen depresiotik ateratze aldera. Emaitza, Serge Koussevitzkiren ustez, «azken mende laurdenean idatzi den lanik onena» izan zen.
Eslovakiar Juraj Valcuhak, Houstongo Sinfonikoaren eta Tokioko Yomiuri Symphony Orchestraren zuzendari titularrak, zuzenduko du kontzertu-programa berri hau, Euskadira egingo duen hirugarren bisita honetan.
Sarreren salmenta
Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.
Ensemble Clasico izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako zazpi interpretez osatutako zazpikoteak Haydn, Reicha eta Mozarten obrak joko ditu larunbat honetan, martxoak 21, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, martxoak 21, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da, Ensemble Clasico taldeak eskainiko duena, “Lorategi klasikoan paseatzen” izenburupean. Zazpi interpreteak Euskadiko Orkestraren kideak dira: Virgile Demillac (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Pawel Krymer (biola), Beatriz Linares (biolontxeloa), Yuan Dai (fagota) eta Marianne Tauzin (tronpa).
Klasizismoa 1750 eta 1820 urteen artean garatutako musika kultu europarraren estiloa da, idazkera musikalean argitasun formala, oreka eta dotorezia ezaugarri dituena. Horren ordezkari nagusiak Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozart izan ziren, garai horretako figura nagusiak. Kontzertu honen egitarauak “lorategi klasiko” horretan paseo bat egitea proposatzen du, bi konpositoreen lanak eta hain ezaguna ez den baina era berean liluragarria den egile baten musika uztartuz: Anton Reicha.
Kontzertua hasteko 2. Hari kuartetoa entzungo dugu, “Bostunak” izenez ezagutzen dena. Haydnen azken kuarteto-ziklo handiaren parte da, 1797-1798 inguruan idatzia eta Joseph Georg von Erdody hungariar kondeari eskainia. Bere energia erritmikoagatik eta izena ematen dion bostun-tarteetan oinarritutako hasierako motiboagatik nabarmentzen da obra.
Ondoren, Anton Reicha Frantzian bizi zen jatorri txekiarreko musikagilearen Bariazioak fagot eta hari-laukoterako obra entzungo dugu. Lan honek fagotaren arintasuna eta birtuosismoa jartzen ditu lehen planoan, klasizismoaren hizkuntza finaren barruan bere adierazpen-aukerak aztertuz.
Programa osatzeko, Mozarten Tronpadun kintetoa entzungo dugu, 1782an konposatu zuena Joseph Leutgeb tronpajole austriarrarentzat, konpositoreak gertuko zuen laguna. Obrak ohikoa ez den formazio bat aurkezten du: hari-laukote estandarraren ordez, Mozartek biolinez, bi biolaz eta biolontxeloz osatutako talde bat aukeratu zuen. Hautaketa horrek multzoaren batez besteko erregistroa indartzen du, eta sonoritate bero eta atertziopelatua sortzen du, tronparekin modu naturalean integratzen dena.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Johannes Moser txelojole entzutetsua izango da Euskadiko Orkestraren Gasteizko hurrengo kontzertuaren protagonista

Alemaniar-kanadiarrak Schumannen ‘Biolontxelorako kontzertua’-ri egingo dio aurre Riccardo Frizzaren batutapean. Programaren bigarren zatian Ottorino Respighik Italiako hiriburuari eskainitako bi poema sinfoniko eskainiko ditu orkestrak: ‘Fontane di Roma’ eta ‘Pini di Roma’.
Kontzertua asteartean izango da, martxoak 17, Jesus Guridi Kontserbatorioan.
Euskadiko Orkestrak astearte honetan, martxoak 17, 19:30ean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan ‘Schumann / Respighi’ kontzertua eskainiko du.
Erromantizismoko biolontxelorako kontzertu handietako bat izango dugu hitzorduen lehen zatian: Robert Schumannek 1850ean Dusseldorfen ezarri eta gutxira idatzi zuena. Hilabete zoriontsu haietan —hain bakanak bere biografia dohakabean—, sormen-eztanda bat bizi izan zuen Schumannek, eta hortik sortu zen kontzertu bizi eta katramilatsu hau. Obrak biolontxeloaren lirismoa lehenesten du birtuosismoaren aurrean, motibo musikalak partekatzen dituzten hiru mugimendu loturekin. Musikagilea hil ondoren estreinatu eta harrera hotza egin zioten arren, biolontxelorako errepertorioko funtsezko pieza bihurtu da denborarekin.
Johannes Moser biolontxelojole alemaniarrak emango dio bizia obrari, Berlingo Filarmonikoa, New Yorkekoa eta Los Angelesekoa bezalako orkestra bikainekin aritu ohi dena. Txelojolea Euskadiko Orkestraren Denboraldi Sinfonikoan izango den hirugarren aldia da, 2011 eta 2014an egindako bisiten ondoren. Gainera, 2020an, Moserrek Fernando Velazquezen Biolontxelorako kontzertua grabatu zuen gure orkestrarekin batera.
Riccardo Frizza italiar zuzendariak lagunduko dio Moserri, zeinarekin Euskadiko Orkestrak ABAO Bilbao Operako zulogunean hainbeste gau, sinfonikoak zein operistikoak, partekatu dituen, eta oraingoan bere konpositore herrikide baten musika aurkeztuko digu.
Horrela, kontzertuen bigarren zatian, Alemaniatik Italiara bidaiatuko dugu Ottorino Respighik Erromako hiriari eskainitako bi poema sinfonikoren bidez. Poemak paisaia-inpresionismo hutsetik askoz harago doaz. Fontane di Roma (1916) Respighiren Trilogia erromatarraren lehen poema sinfonikoa da. Bertan, egileak Erromako lau iturri erretratatzen ditu egunean zehar —egunsentitik ilunabarrera—, hiriko paisaia eta atmosfera ezberdinak gogora ekartzen dituen orkestrazio koloretsu baten bidez. Pini di Roma (1924) trilogiaren bigarren poemak erromatar pinu enblematikoen ondoan kokatutako eszenak deskribatzen ditu, Villa Borgheseko haur-jolasetatik hasi eta Via Apian aurrera zihoan erromatar legio baten ikuspegi solemneraino, orkestraren amaiera boteretsu batean amaituz.
Greba orokor deialdia
Euskadiko Orkestrak Gasteizen emango duen kontzertuarekin bat etorriz, bihar, asteartea, martxoak 17, hainbat sindikatuk greba orokorra deitu dute Euskadin lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eskatzeko. Hitzordu musikalaren ospakizuna, beraz, grebaren jarraipenaren araberakoa izango da. Kontzertua bertan behera utziz gero, horren berri emango diegu Euskadiko Orkestrako abonatuei aurreko orduetan.
Herritarren abesbatza prest dago Baluarten, Euskaldunan eta Kursaalen ‘Abestu Euskadiko Orkestrarekin’ ekimena estreinatzeko

Vivaldiren ‘Gloria’, Sorozabalen ‘Euskalerria’ eta Bizeten ‘Carmen’ obrek irekiko dituzte Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertuak 132 herritarren ahotsekin.
Bi hilabetez buru-belarri prestatu ondoren, aste honetan herritarrak Easo Abesbatzarekin eta Euskadiko Orkestrarekin batera aritu dira entseatzen, eta iritsi da garaia Riccardo Frizza maisu italiarrak batuta altxatzeko eta musika herritarrengana hurbildu nahi duen ekimen honen emaitzak entzuteko eta ikusteko.
Kontzertuak martxoaren 13an Iruñean, martxoaren 14an Bilbon eta martxoaren 16 eta 18an Donostian izango dira. Sarrerak salgai daude 10 eta 40 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 25/26 Kontzertu Denboraldiko zortzigarren programari aurre egingo dio, ‘Schumann / Respighi’ izenekoa. Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimen parte-hartzailearen bigarren edizioaren emaitzak aurkeztuz hasiko dira datozen egunetako kontzertuak: ostiralean, martxoak 13, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; larunbatean, martxoak 14, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehenean eta asteazkenean, martxoak 16 eta 18, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Euskadiko Orkestrak 132 ahots hautatu zituen zozketa bidez 2025eko abenduan. Parte hartzeko baldintza bakarrak izan dira gutxieneko musika-prestakuntza izatea, partiturak irakurtzen jakitea eta aurreikusitako 10 entseguetara ahalik eta gehien joatea. Horiek urtarrilaren 14an hasi ziren elkartzen orkestrak Miramonen duen egoitzan, eta astero egin dira bi hilabetez, Gorka Mirandaren zuzendaritza musikalaren pean. Entseguetako azken fasean, Easo Abesbatzako 40 kidek egin dute bat herritarren abesbatzarekin laguntza emateko, eta lan hori ere egingo dute eszenatoki gainean kontzertuetan.
600 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena ekimen honetan, eta hautaketarako ahots soprano, mezzosoprano, kontralto, tenor eta baxuen nahasketa orekatua eta askotarikoa bilatu da. Parte-hartzaileen %48 emakumeak dira eta %52 gizonak. Ahotsen aukeraketan ere belaunaldi ugariren parte-hartzea lortu da: parte-hartzailerik gazteenak 20 urte ditu eta zaharrenak 77.
Kontzertu bakoitzean gutxienez ehun ahotseko abesbatza bat igoko da eszenatokira, herritarren eta Easo Abesbatzaren ahotsen arteko nahasketa izango duena. Herritar bakoitzak bina kontzertutan parte hartuko du.
Guztira hamabost minutu inguru egongo da korua eszenatoki gainean kontzertu bakoitzean, eta Antonio Vivaldiren Gloria, Pablo Sorozabalen Euskalerria eta Georges Bizeten Carmen. Martxa eta korua interpretatuko ditu.
Ekimen hau ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako proiektu honetan, beste hainbat bazkiderekin batera, tartean, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L’Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra, eta Pauko Orkestra.
Johannes Moser eta Riccardo Frizza
Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren ostean, Erromantizismoko biolontxelorako kontzertu handietako bat izango dugu hitzorduen lehen zatian: Robert Schumannek 1850ean Dusseldorfen ezarri eta gutxira idatzi zuena. Hilabete zoriontsu haietan —hain bakanak bere biografia dohakabean—, sormen-eztanda bat bizi izan zuen Schumannek, eta hortik sortu zen kontzertu bizi eta katramilatsu hau. Johannes Moser biolontxelojole alemaniarrak emango dio bizia obrari, Berlingo Filarmonikoa, New Yorkekoa eta Los Angelesekoa bezalako orkestra bikainekin aritu ohi dena.
Riccardo Frizza italiar zuzendariak lagunduko dio Moserri, zeinarekin Euskadiko Orkestrak ABAO Bilbao Operako zulogunean hainbeste gau, sinfonikoak zein operistikoak, partekatu dituen, eta oraingoan bere konpositore herrikide baten musika aurkeztuko digu. Horrela, kontzertuen bigarren zatian, Alemaniatik Italiara bidaiatuko dugu Ottorino Respighik Erromako hiriari eskainitako bi poema sinfonikoren bidez. Poemak paisaia-inpresionismo hutsetik askoz harago doaz: Fontane di Roma (1916) eta Pini di Roma (1924).
Sarrerak salgai
Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.
Johannes Moser txelojole entzutetsua izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonista

Alemaniar-kanadiarrak Schumannen ‘Biolontxelorako kontzertua’-ri egingo dio aurre Riccardo Frizzaren batutapean. Programaren bigarren zatian Ottorino Respighik Italiako hiriburuari eskainitako bi poema sinfoniko joko ditu orkestrak: ‘Fontane di Roma’ eta ‘Pini di Roma’.
Kontzertuak martxoaren 13tik 18ra izango dira Iruña, Bilbo, Donostia eta Gasteizen, eta sarrerak salgai daude 10 eurotik 40 eurora.
Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 25/26 Kontzertu Denboraldiko zortzigarren programari aurre egingo dio, ‘Schumann / Respighi’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, martxoak 13, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; larunbatean, martxoak 14, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehenean, martxoak 16, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, martxoak 17, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; eta asteazkenean, martxoak 18, Kursaal Auditoriumean berriz. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Erromantizismoko biolontxelorako kontzertu handietako bat izango dugu hitzorduen lehen zatian: Robert Schumannek 1850ean Dusseldorfen ezarri eta gutxira idatzi zuena. Hilabete zoriontsu haietan —hain bakanak bere biografia dohakabean—, sormen-eztanda bat bizi izan zuen Schumannek, eta hortik sortu zen kontzertu bizi eta katramilatsu hau. Obrak biolontxeloaren lirismoa lehenesten du birtuosismoaren aurrean, motibo musikalak partekatzen dituzten hiru mugimendu loturekin. Musikagilea hil ondoren estreinatu eta harrera hotza egin zioten arren, biolontxelorako errepertorioko funtsezko pieza bihurtu da denborarekin. Johannes Moser biolontxelojole alemaniarrak emango dio bizia obrari, Berlingo Filarmonikoa, New Yorkekoa eta Los Angelesekoa bezalako orkestra bikainekin aritu ohi dena. Txelojolea Euskadiko Orkestraren Denboraldi Sinfonikoan izango den hirugarren aldia da, 2011 eta 2014an egindako bisiten ondoren. Gainera, 2020an, Moserrek Fernando Velazquezen Biolontxelorako kontzertua grabatu zuen gure orkestrarekin batera.
Riccardo Frizza italiar zuzendariak lagunduko dio Moserri, zeinarekin Euskadiko Orkestrak ABAO Bilbao Operako zulogunean hainbeste gau, sinfonikoak zein operistikoak, partekatu dituen, eta oraingoan bere konpositore herrikide baten musika aurkeztuko digu. Horrela, kontzertuen bigarren zatian, Alemaniatik Italiara bidaiatuko dugu Ottorino Respighik Erromako hiriari eskainitako bi poema sinfonikoren bidez. Poemak paisaia-inpresionismo hutsetik askoz harago doaz. Fontane di Roma (1916) Respighiren Trilogia erromatarraren lehen poema sinfonikoa da. Bertan, egileak Erromako lau iturri erretratatzen ditu egunean zehar —egunsentitik ilunabarrera—, hiriko paisaia eta atmosfera ezberdinak gogora ekartzen dituen orkestrazio koloretsu baten bidez. Pini di Roma (1924) trilogiaren bigarren poemak erromatar pinu enblematikoen ondoan kokatutako eszenak deskribatzen ditu, Villa Borgheseko haur-jolasetatik hasi eta Via Apian aurrera zihoan erromatar legio baten ikuspegi solemneraino, orkestraren amaiera boteretsu batean amaituz.
‘Abestu Euskadiko Orkestrarekin’ Iruña, Bilbo eta Donostian
Iruñea, Bilbon eta Donostian, kontzertuen lehen hamabost minutuetan, Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektuaren bigarren edizioaren emaitza aurkeztuko da. Proiektu parte-hartzaile horretan, abeslari ez-profesionalek Euskadiko Orkestrarekin bat egiteko aukera paregabea izango dute eszenatoki gainean. Lehen edizioaren arrakastaren ostean, 132 ahotsen talde berria sortu da eta, bi hilabetez entseatzen egon ostean, prest daude herritarrak orkestraren ondoan esperientzia paregabe hau bizitzeko. Gasteizen, arrazoi teknikoengatik, Abestu Euskadiko Orkestrarekin abesbatza herritarrak ezin izango du kontzerturik eman.
Sarrerak salgai
Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.
Euskadiko Orkestrak ‘Carmina Burana’ interpretatuko du Bilboko Musika-Música Jaialdian

Victor Pablo Perezen batutapean, eta Iruñeko Orfeoiarekin eta ahots bakarlari bikainekin batera, orkestrak ostiral honetan eskainiko du bere kontzertua, martxoak 6, 20:30ean, Euskalduna Jauregian.
Bilboko Udalak antolatzen duen jaialdiaren 25. edizioa martxoaren 6tik 8ra egingo da mota guztietako publikoei zuzendutako ia 70 kontzerturekin, ohiko maratoi-formatuan.
Ohikoa den moduan, Euskadiko Orkestrak aurtengoan ere Bilboko Musika-Música jaialdian parte hartuko du, 25. edizioa izango duen honetan. Bi hamarkada eta erdiko epealdi honetan jaialdiak musika-uholde bat ekarri du Bilbora eta erreferente izatera iritsi da mundu guztiko musikazaleen artean.
Musika-Músicaren edizio hau hogeita bost urteko programazio zabalaren oihartzunak jaso eta berriro emititzen dituen bozgorailua da, bertakoen eta hiri musikazale hau bisitatzen dutenen gozamenerako. Eta unibertso emankor bezain erakargarri batean murgiltzeko gonbidapena ere bada.
Euskadiko Orkestrak edizio honetako ezinbesteko hitzorduetako bat eskainiko du ostiralean, martxoak 6, 20:30ean, Euskalduna Jauregian. Bertan, Carl Orffen Carmina Burana interpretatuko du ordubete inguruko kontzertu batean, Victor Pablo Perezek zuzenduko duena. Ahotsen kapituluan, orkestrak ondoan izango ditu Iruñeko Orfeoia, Andrea Marti sopranoa, Toni Marsol baritonoa eta David Azurza tenorra.
Informazio gehiago eta sarreren salmenta
Sarrerak 15 eurotan daude salgai Musika-Músicaren webgunean, Euskalduna Jauregiko leihatiletan eta webgunean, baita Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan ere.
Jaialdiari eta 70 hitzorduei buruzko informazio guztia hemen.
