Irailaren 1ean jarriko dira salgai 24/25 Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak

Igandetik aurrera eros ahal izango dira ohiko salguneetan Euskadiko Orkestraren 24/25 Kontzertu Denboraldiko hitzorduetarako sarrerak.
Irailaren 1etik salgai egongo dira Euskadiko Orkestraren 24/25 Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak. Irailaren 27an Bilbon emango duen kontzertuarekin ekingo dio orkestrak ohiko lau hiriburuetan eskainiko duen abonu-kontzertuen denboraldiari.
Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera
Bilbo, Iruña eta Donostiako kontzertu guztietarako sarrerak euskadikoorkestra.eus-en eros ahal izango dira, baita aretoen webguneetan (euskalduna.eus, baluarte.com eta kursaal.eus) eta euren leihatila eta ohiko salguneetan ere. Irekita jarraitzen du Denboraldiko abonua eskuratzeko aukera ere, hemen (80 eurotik aurrera).
Euskadiko Orkestrako abonatu, ikasle, 30 urtetik beherako, 65 urtetik gorako, langabetu eta beste kolektibo batzuek (Artium, Kursaal Eszena...) tarifa bereziekin gozatu ahal izango dute kontzertuez. Gainera, Azken Ordu Gazteari esker, 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10 eurotan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago dagokion aretoko leihatilan.
Gasteizek ez du oraingoz ez sarreren ez abonamenduen salmentarik izango, Jesus Guridi Kontserbatorioaren edukiera txikiagoa baita, eta orkestrak bertan eskainiko baititu kontzertuak Principal Antzokia eraberritzeko lanetan den bitartean.
24/25 Denboraldia: kontrastea eta araoa
Denboraldi berri honetan, ‘kontrastea’ eta ‘konjurua’ kontzeptuak gehitu dizkiogu gure diskurtsoari. Kontraste horren baitan, gure ohiko errepertorioko lanak eta lehenengo aldiz interpretatuko ditugun lanak topatuko ditugu; azken horiek gure soinu memoriaren parte izatea nahi dugu. Lehenengoen artean daude Schubert, Mahler eta Brahms. Bigarrenen artean daude, aldiz, Scriabin, Szymanowski edo Schoenbergek Pelléas et Mélisande opera sendorako behar izan zuen talde sinfoniko handia. Detlev Glanert konpositorearen perkusio eta orkestrarako kontzertu bat estreinatuko dugu, Europako beste bi orkestrarekin batera partekatutako enkargu baten baitan.
Konjuruaren argumentuaren baitan, Akelarre interpretatuko dugu, Pascual Aldaveren obra-katedrala; hain zuzen ere, jaio zeneko mendeurrenean berreskuratuko dugu lan hori. Araoa baliabide eraldatzailea da, konplizitatea eta, sarri, gaua behar dituena. Hor topatuko dugu Beatriz Arzamendi ere, Sorginen soinua lanarekin, eta Euskal Herrian horren errotuta dagoen sorginen mitoari buruzko bere begiradarekin. Eta Mahler (Zazpigarren Sinfonian), Schubert eta Strauss ere bai, gauaren gaineko ikuspegi erromantikoa eskainiko digutenak.
Zatoz gurekin obra, solista eta zuzendari handiak ezagutu eta haiekin gozatzera.
24/25 Denboraldiari buruzko informazio osoa hemen
Denboraldiko kontzertu guztiak:
- 1. Kontzertua: Aldave / Mahler
- 2. Kontzertua: Mozart / Schubert
- 3. Kontzertua: Schumann / Sibelius
- 4. Kontzertua: Bruch / Bruckner
- 5. Kontzertua: Brahms / Schoenberg
- 6. Kontzertua: Saint-Saëns / Szymanowski (Donostia, Gasteiz eta Bilbon) edo Aldave / Szymanowski (Iruñean)
- 7. Kontzertua: Glanert / Brahms
- 8. Kontzertua: Prokofiev / Scriabin
- 9. Kontzertua: Schubert / Strauss
- 10. Kontzertua: Mahler
Informazio gehiago
Kontzertuak & SarrerakGaurtik aurrera salgai daude Euskadiko Orkestraren 24/25 Kontzertu Denboraldiko abonamenduak

Abonamenduek 10 kontzertu hartzen dituzte barne eta Bilbon, Iruñean eta Donostian jarri dira salgai 80 eurotik aurrera.
Euskadiko Orkestraren 2024/2025 Abonu Denboraldia 2024ko irailaren 27an hasiko da Bilbon, eta 2025eko ekainaren 5ean amaituko da Donostian.
Egungo abonatuek abonamendua berritzeko epea amaitu ondoren, abonu berrien salmenta irekiko da orain. Uztailaren 1etik aurrera erreserba egin daiteke, eta abonu bakoitzak programa hauetara joatea barne hartuko du:
- 1. Abonua: Aldave / Mahler
- 2. Abonua: Saariaho / Schubert
- 3. Abonua: Schumann / Sibelius
- 4. Abonua: Bruch / Bruckner
- 5. Abonua: Brahms / Schoenberg
- 6. Abonua: Saint-Saëns / Szymanowski (Donostia, Gasteiz eta Bilbon) edo Aldave / Szymanowski (Iruñean)
- 7. Abonua: Glanert / Brahms
- 8. Abonua: Prokofiev / Scriabin
- 9. Abonua: Schubert / Strauss
- 10. Abonua: Mahler
10 kontzertutarako abonuen prezioa mantendu egin da denboraldi berri honetarako: 80 €-tik 235 €-ra. 24/25 Denboralditik aurrera, Euskadiko Orkestrak Jesus Guridi Musika Kontserbatoriora eramango ditu bere kontzertuak, Gasteizko Principal Antzokia eraberritze-lanengatik itxi ondoren. Oraingoz, eta areto berri horretan eserleku libreak izango diren jakin arte, ez da abonu berririk egingo Gasteizen.
Kontrastea eta araoa
Denboraldi berri honetan, ‘kontrastea’ eta ‘konjurua’ kontzeptuak gehitu dizkiogu gure diskurtsoari. Kontraste horren baitan, gure ohiko errepertorioko lanak eta lehenengo aldiz interpretatuko ditugun lanak topatuko ditugu; azken horiek gure soinu memoriaren parte izatea nahi dugu. Lehenengoen artean daude Schubert, Mahler eta Brahms. Bigarrenen artean daude, aldiz, Scriabin, Szymanowski edo Schoenbergek Pelléas et Mélisande opera sendorako behar izan zuen talde sinfoniko handia. Detlev Glanert konpositorearen perkusio eta orkestrarako kontzertu bat estreinatuko dugu, Europako beste bi orkestrarekin batera partekatutako enkargu baten baitan.
Konjuruaren argumentuaren baitan, Akelarre interpretatuko dugu, Pascual Aldaveren obra-katedrala; hain zuzen ere, jaio zeneko mendeurrenean berreskuratuko dugu lan hori. Araoa baliabide eraldatzailea da, konplizitatea eta, sarri, gaua behar dituena. Hor topatuko dugu Beatriz Arzamendi ere, Sorginen soinua lanarekin, eta Euskal Herrian horren errotuta dagoen sorginen mitoari buruzko bere begiradarekin. Eta Mahler (Zazpigarren Sinfonian), Schubert eta Strauss ere bai, gauaren gaineko ikuspegi erromantikoa eskainiko digutenak.
Sarrera solteen salmenta irailaren 1etik aurrera
Sarrera guztiak salgai egongo dira irailaren 1etik aurrera euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditorio eta leihatilen webguneetan (Gasteizen kasuan izan ezik). Sarrera solteen prezioa 10 € eta 40 € artekoa izango da. Hainbat kolektibori aplikatutako deskontuak mantendu egingo dira, baita ongien funtzionatzen duen kategorietako bat ere: Azken Ordu Gaztea, hau da, sarrerak 10 €-an eremu guztietan, 30 urtetik beherakoentzat eta kontzertua hasi aurreko 30 minutuetan.
Euskadiko Orkestrak Rakhmaninoven ‘Pianorako 2. Kontzertua’ berreskuratuko du Kontzertu Denboraldiari amaiera emateko Iruñean

Federico Colli pianojoleak piano-errepertorioko obrarik ezagun eta zailenetakotzat jotzen denari egingo dio aurre. Giancarlo Guerreroren gidaritzapean, kontzertuak Richard Straussen bi obra izango ditu bigarren zatian.
Ekainaren 18an izango da Baluarte Auditoriumean martxoan atzeratu behar izan zen kontzertu hau, eta sarrerak salgai daude, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak astearte honetan, ekainak 18, Iruñean, ‘Rakhmaninov / Strauss’ programa berreskuratuko du, martxoan atzeratu behar izan zuena, eta 24/25 Denboraldiaren amaiera izango da. Jatorrizko programa pixka bat aldatu behar izan da, baina esentzia mantendu du: Giancarlo Guerreroren gidaritzapean, Rakhmaninoven Pianorako 2. Kontzertua mantenduko da, Federico Colliren eskuetan, eta baita Richard Straussi eskainitako bigarren zati bat ere, nahiz eta kasu honetan Macbeth eta Don Juan obrek hasieran programatutako Aus Italien ordezkatuko duten. Kontzertu hori ekainaren 18an izango da, asteartea, Iruñeko Baluarte Auditoriumean, 19:30ean.
Programa honek Rakhmaninoven sorkuntza paradigmatikoa ekarriko digu: Pianorako 2. Kontzertua, pianorako errepertorioko lanik ezagunenetako eta zailenetako bat. Obra honek gainditze-istorio aparta du atzean, 1. Sinfoniaren 1897ko estreinaldi katastrofikoarekin lotuta. Aurkezpen hartako zuzendaria, Alexander Glazunov, oso mozkor zegoen, antza denez, eta guztiz desitxuratu zuen obra, baina kritikariek, zuzendariaren aurka egin ordez, anker jokatu zuten sinfoniarekin. Rakhmaninov traumatizatuta geratu zen eta depresio sakon batean murgildu zen; terapia egin ondoren baino ez zuen lortu blokeoa gainditzea. Sendatu ondoren, azkar lan egin zuen haren pianorako kontzertu berrian, eta 1901eko urrian estreinatu zuen osorik, Moskuko Orkestra Filarmonikoarekin, eta Rakhmaninov bera pianoan zela. Testigantzen arabera, izugarrizko arrakasta izan zuen; publikoa berotu egin zen, eta minutu luzez egin zuen txalo. Eta arrakasta hura gaur egunera arte luzatu da, errepertorioko pianorako kontzertuen artetik gehien programatzen denetako bat izaten jarraitzen baitu. Obra hau Billy Wilderren The Seven Year Itch filmeko eszena ospetsuenetako baten protagonista ere bada, Marilyn Monroe eta Tom Ewell pantailan direla. Gure kontzertuetan, solista paperean Federico Colli izango dugu, Salzburgoko eta Leedseko lehiaketen irabazlea, eta haren belaunaldiko pianojole irudimentsuenetako bat.
Kontzertuaren bigarren zatia Richard Straussi eskainiko zaio. Macbeth, 1886 eta 1888 bitartean idatzia, poema sinfonikoaren eta sinfonia baten lehen mugimenduaren arteko hibrido bat da, eta poema sinfonikoaren generoa maisuki menderatuko zuen autore baten manifestu pertsonal, fresko, zaratatsu eta gaztetzat hartzen da. Don Juan, justu ondoren idatzia, 1888an, maisutasun horren beste adibide argi bat da.
Sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus-en, baita Baluarte Auditoriumaren webgune eta leihatilan ere, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestra euskal artista handiz inguratu da Gabriel Erkorekaren album berrian

Juanjo Mena, Asier Polo, Alfonso Gomez eta Carlos Mena artistak Euskadiko Orkestrarekin aritu dira Gabriel Erkoreka Bilboko konpositorearen hiru lan grabatzeko.
Ondine finlandiar zigilu entzutetsua arduratu da berriz ere albuma mundu osoan sustatzeaz. CD formatuan eta plataforma digital ugaritan eskuragarri dago jada.
Prentsa-materiala jaitsi
Euskadiko Orkestrak bere artxibo diskografiko handia zabaltzen jarraitzen du. 80 album ditu dagoeneko, euskal musikari begirakoak batik bat. Oraingoan, bilbotar konpositore Gabriel Erkorekaren disko monografiko bat egokitu du. Duela egun gutxi batzuk eman dute argitara, ekainaren 7an, Ondine diskoetxearen eskutik.
Ekaitza, Piscis eta Tres sonetos para Michelangelo Gabriel Erkorekaren konposizio-katalogoko hiru lan berri dira, eta bat egin dute azken album honetan. Erkorekak aipatu diren hiru bakarlarientzat sortu zituen; hau da, Asier Polo, Alfonso Gomez eta Carlos Menarentzat. Haiek estreinatu zituzten, eta haien interpretazioekin erregistratu ziren 2023ko abuztuan, Miramonen. Erkorekaren hitzetan, “hiru lan hauek oso garrantzitsuak dira nire konposizio-katalogoan, oso esanguratsuak, ikuspegi desberdinak eskaintzen dituzten informazio eta baliabide asko baitaude haietan”.
Adiskide onak, artista handiak
Asier Polo biolontxelorako Ekaitza kontzertuaren burua izan da; Alfonso Gomez, berriz, pianorako Piscis kontzertuarena; eta Carlos Mena, Tres sonetos para Michelangelo lanarena. Hirurek ardura handiz ekin diote grabazioari, ongi baitakite erreferentziazko lehen erregistroa dela.
Proiektuaren musika-zuzendaritzaz Gasteizko Juanjo Mena zuzendaria arduratu da, ondo ezagutzen ditu-eta artistak eta Erkorekaren beraren lana. Hona zer dioen konpositoreak proiektuari buruz: “Interprete hauek berme bat dira. Lan handia egin dugu, zoragarriak dira eta Juanjo Mena dute zuzendari. Nire musika ederki ezagutzen du eta nire lan ugari estreinatu ditu. Proiektu honetan hunkidura handia dago trinkoturik”.
Bakarlariek ere erregistro diskografiko honen garrantziaz jardun dute. Asiera Polo biolontxelistaren iritziz, “Gabrielek emoziotik lan egiten du; kolorea, emozioa eta tartean sartzeko eskatzen du, eta horrek beste konpositore batzuengandik bereizten du”. Alfonso Gomezek dioenez, bestalde, “Lan honetan, 50 lagun aldi berean hizketan baleude bezala da, norbaitek zerbait desberdina baina aldi berean interesgarria esango balizu bezala”. Carlos Menaren arabera, “hemengo hainbat artistaren hazia, maisua eta orkestra bateratzea bezalakoa da, eta munduari proiektatzea”. Eta, azkenik, Juanjo Mena maisuaren hitzetan, “goi-mailako grabazio bat da”.
Musika-ondarea
Proiektu honen musika-garrantzi handiak Euskadiko Orkestraren esentzia eta misioa islatzen ditu: kultura hedatzen laguntzea Euskadin, musika-balioak kanporantz proiektatzea, suspergarri eta plataforma izatea euskal interprete eta konpositoreentzat, eta gure musika-ekoizpenaren funts dokumentala eratzea grabazioekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek grabazioa babestu dute. Lanak herrialde honen musika-ondare joria agerian uzten du.
Ondine nazioarteko diskoetxea
Euskadiko Orkestrak Finlandiako Ondine diskoetxearekin (Naxos taldea) egiten duen laugarren grabazioa da. Azken hiru urteotan, Orkestrak eta zigiluak elkarrekin grabatu dituzte Maurice Raveli eskainitako bi CD eta beste bat aitorpen txikia jaso duten amerikar konpositoreei (Americascapes). Zuzendari-lanak Robert Treviñok egin ditu. Ondinek mundu-mailako banaketa-sare handia du, eta horrek nazioarteko erreferentziazko merkatuan kokatzeko aukera eman dio Euskadiko Orkestrari, baita komunikabide espezializatu ospetsuenetan erreseinak izateko aukera ere (Gramophone, France Musique, BBC Music Magazine, Diapason, The New Yorker…).
Gainera, lankidetzak albiste gehiago ekarriko ditu laster. Batetik, Americascapesen bigarren bolumena grabatu da Treviñoren zuzendaritzapean. Iragan udazkenean erregistratu zen, eta hilabete batzuk barru kaleratuko da. Beste berritasun diskografiko batek Richard Straussen izena darama. Euskadiko Orkestrak, orain arte, ez zuen autore alemaniarra erregistratu. Bi partitura handi eta ospetsu erregistratuko ditu: Macbeth, poema sinfonikoa eta Sinfonia domestikoa. Grabazio hori irailerako programatu da.
Lanei buruzko informazio gehiago
Libretoan grabazioari buruzko informazio asko dago, lanik lan. Oharrak Joan Gomez Alemanyk sinatu ditu.
Musikeneko orkestra-zuzendaritzako ikasleek Euskadiko Orkestraren podiuma estreinatu dute

Joshua Franken, Aritz Labrador eta Sara Liton izan dira orkestraren zuzendariak Beethovenen ‘Fidelio’-ren oberturan, Denboraldiari amaiera emateko kontzertuen atarikoa eskaintzeko.
Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko hiru ikasle horiek orkestrako titularrarekin, Robert Treviñorekin, prestakuntza-plana egin dute eta emaitza egunotan aurkezten ari dira Euskadiko entzuleen aurrean.
Euskadiko Orkestrak eta Musikenek hamarkada bat baino gehiago daramate lankidetza-hitzarmen bati esker elkarrekin lanean. Hitzarmenak bi erakundeentzat komunak diren interes eta helburu ugari biltzen ditu eta Jorda Gela du izena, orkestraren lehen zuzendari titularraren omenez. Akordio horrekin lotuta, Musikenek eskaintzen duen Orkestra Ikasketa Master Ofizialaren orkestrako praktiken zatia ikasleei kontzertuen denboraldian orkestra sinfonikoan parte hartzeko aukera emanda bideratzen du. Hitzarmen horrek jasotzen duen beste ekimen bat da Euskadiko Orkestrako solista gonbidatuek eskainitako eskola magistralena. Izan ere, arrakastaz betetako ibilbide luzea eta nazioartean prestigio handia duten artistek ikasleei eskola horiek eskaintzen dizkiete Ikastegian.
Iaztik, gainera, erakunde mailako aliantza estrategiko honek Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldiko kontzertuetan orkestrako zuzendaritzako praktikak gehitu ditu. Eros Quesada izan zen, 2023ko ekainean, orkestra zuzendu zuen lehen ikaslea. Wagnerren Nurenbergeko maisu kantariak lanaren oberturarekin egin zuen. Denboraldi honetan, eta formula bera erabilita, orkestrak podiumera igotzeko gonbidapena egin die Joshua Franken, Aritz Labrador eta Sara Liton ikasleei. Ikasle horiek, diziplina horretako beste ikasle batzuek bezalaxe, prestakuntza-saio ugari egin dituzte hilabete hauetan Robert Treviño zuzendari titularrarekin, eta orain prestakuntza jaso duten ikasle guztien artean aukeratu dituzte Euskadiko Orkestrak 2023/2024 Denboraldiko amaierako kontzertuetan Beethovenen Fidelioren obertura zuzentzeko.
Hauek dira parte-hartze horren xehetasuna, egun eta toki bakoitzaren arabera:
- Joshua Franken: Ekainak 3, Kursaal Auditoriuma.
- Aritz Labrador: Ekainak 4, Baluarte Auditoriuma.
- Sara Liton: Ekainak 5, Euskalduna Jauregia; Ekainak 6, Principal Antzokia; Ekainak 7, Kursaal Auditoriuma.
Biografiak
Joshua Franken (Duisburg, 1999)
Joshua Karl Bernhard Franken alemaniarrak txiki-txikitatik izan du musikarekiko lotura sakona. Kantu klasikoa ikasi zuen Maastrichteko Zuyd Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean. Prestakuntza zorrotz horrek bere ahots-trebetasunak findu zituen, eta musika klasikoaren konplexutasunekiko estimazio handia sustatu zuen. Federico Santik emandako orkestra-zuzendaritzako eskolak jaso ditu eta hainbat orkestra-proiektutan egin zuen lan harekin. Abesbatzako ikasketak amaitu ondoren, 2023an, Musikenen matrikulatu zen Orkestra Zuzendaritzan Jon Malaxetxebarria irakaslearekin.
Aritz Labrador (Zornotza, 1997)
Orkestra Zuzendaritzako ikasketak egin ditu Musikenen Arturo Tamayo eta Jon Malaxetxebarria irakasleekin. Gainera, Ikastegian hainbat ikastaro eta masterclass egin ditu. Orain gutxi, Ensemble Ascoltarekin hainbat lan estreinatu du taldeak Musikenen egindako egonaldiarekin lotuta. Euskadiko Ikasleen Orkestrako (EIO) zuzendari laguntzailea eta Opus Liricako musika-zuzendariaren laguntzailea izan da Pagliacci eta L’elisir d’amore lanetan, besteak beste. Gaur egun, Bilboko Koral Elkarteko irakaskuntza-zentroko haurren eta gazteen orkestra zuzentzen du eta Zornotzako eta Areatzako bandetako zuzendari artistikoa da.
Sara Liton Castillo (Leganes, 2003)
Getafeko Musikako Kontserbatorio Profesionalean hasi zituen musika-ikasketak, eta 2021ean Musikako Titulu Profesionala lortu zuen pianoko espezialitatean. Gaur egun, Musikenen Orkestra Zuzendaritza espezialitatean hirugarren maila egiten ari da Jon Malaxetxebarria irakaslearen tutoretzapean, eta aurretik Arturo Tamayo maisuarekin. Gainera, Basilio Astulez irakasleak emandako abesbatza-zuzendaritzako prestakuntza eta beste hainbat eskola magistral jaso ditu. Tolosako Arimaz Kamera Orkestrako zuzendaria da 2023ko martxotik. Gainera, 2024ko martxotik, Andaluziako Orkestra Gazteko kidea da prestakuntza jasotzen ari diren zuzendarien taldean. Ensemble Ascolta zuzendu zuen 2024ko apirilean San Telmo Museoan Musikagileak elkarteak antolatutako kontzertuan.
Miramongo Matinéeak Denboraldi amaierara iritsiko dira larunbat honetan Enescu Ensemblerekin

Hari-sekzioko zortzi interpretek osatutako taldeak kontzertu monografiko bat eskainiko dio George Enescuri, Errumaniako konpositore garrantzitsuenetako bati. Matinéea larunbat honetan izango da, ekainak 8, 11:00etan, Miramonen, eta sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Miramongo Matinéeak 23/24 Denboraldiaren amaierara iritsiko dira Enescu Ensemblek eskainiko duen ‘Ikur errumaniarra’ izeneko kontzertuarekin, larunbat honetan, ekainak 8, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Hari-sekzioko zortzi kidek osatzen dute taldea: Igor Yuzefovich (biolina), Irene Echeveste (biolina), Xabier Gil (biolina), Raquel Cortinas (biolina), Pawel Krymer (biola), Delphine Dupuy (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa) eta Juan Ignacio Emme (biolontxeloa). Guztiak dira Euskadiko Orkestraren kideak, Yuzefovich izan ezik.
George Enescu, 1881ean jaioa, konpositore, biolinjole, pedagogo, pianista eta orkestra-zuzendari errumaniarra izan zen, bere herrialdeko musikari garrantzitsuenetako bat. Bere ibilbidea Frantziarekin oso lotuta egon zen.
1900 urtean konposatu zuen Matinée honetan entzungo den Oktetoa, Frantziara iritsi eta gutxira. Lorpen ikaragarria izan zen hemeretzi urteko gazte batentzat, neurri handiko obra baita, eta egitura-konplexutasun handikoa. Lau mugimendutan banatzen den arren, sonata forma erraldoi bat bezala ere uler daiteke, non lehen mugimendua aurkezpenari dagokion, bi mugimendu zentralak garapenari, eta azken mugimendua ondorioari. Obra epiko honek garai Erromantiko berantiarreko musika-lengoaia eta une horretan sortu berria zen polifoniaren mintzaira uztartzen ditu. Enescuk lan handi bat sortu nahi izan zuen, eta onartu zuen zaila egin zitzaiola hain lan konplexuari ekitea: “Ibai baten gaineko lehen zubi esekia egin behar izan zuen ingeniaririk ez da ni bezain hilzorian egon”.
Enescuk Oktetoa baino urtebete lehenago idatzi zuen obra txiki batek irekiko du Matinéea: Aubade harizko hirukoterako. ‘Aubade’ bat maitasun-abestitzat hartzen da, maitaleak banantzen direnean goizean abesten dena.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
FEVAS eta Euskadiko Orkestra, 15 urteko lankidetza, inklusioa oinarri hartuta

Desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasuna daukaten 100 lagunek hartu dute egunotan Bilbon, Donostian eta, lehendabizikoz, Gasteizen antolatu diren elkartzeetan Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloaren baitan.
FEVAS eta Euskadiko Orkestra duela 15 urte hasi ziren elkarlanean, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta kulturarako eskubidea sustatzeko. Harrezkero, Mikel Cañadaren (Euskadiko Orkestraren Hezkuntza Sailaren koordinatzailea) bultzadari esker eraikitzen joan den proiektu horretan, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten 1.500 pertsona inguruk hartu dute parte.
Urtero programatzen diren jardueren artean, Orkestraren abonu-kontzertuetara eta entseguetara eta musika-tailer espezifikoetara joatea nabarmentzen da. Aurten, lankidetza hori sei tailerretan gauzatu da: maiatzaren 29an bi tailer Bilbon (Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioa); maiatzaren 30ean bi tailer Gasteizen (Jesus Guridi kontserbatorioa); eta maiatzaren 31n bi tailer Donostian (Euskadiko Orkestraren egoitza). Jarduera horrek eragin zuzena izan du musikaz gozatzeko eta hainbat instrumenturekin esperimentatzeko aukera izan duten adimen- edo garapen-desgaitasuna duten ehun pertsonengan. Oraingoan, Musikeneko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Hedapen Kulturaleko Masterreko ikasleak ere inplikatu dira ekimenean.
FEVASek modu positiboan baloratzen du beste proiektu berritzaile batzuen ernamuina izan den esperientzia horren gaitasun eraldatzailea. Adibidez, 2017an Plena Inclusión Españak eta Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkarteak garatutako “Soinuen Mosaikoa”, eta 2017an Musikeneko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Hedapen Musikaleko Masterreko ikasleek garatutako “Teknologia Musikal Irisgarria”. Azken horrek adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonek musikara iristeko dituzten oztopoak identifikatu zituen, bai eta Teknologia Irisgarriak horiek murrizten zenbateraino lagun dezakeen ere.
ARTIS+, artea gizarteratzeko
Jarduera hau ARTIS+ proiektuaren parte da, eta proiektu hau Europar Batasunak finantzatzen du %65ean Interreg VI-A Espainia- Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) Programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da. Informazio gehiago hemen.
Informazio gehiago
FEVAS Plena inclusión socialen webguneaEuskadiko Orkestrak Kontzertu Denboraldia amaituko du Elena Sancho Pereg artista gonbidatuarekin

Nazioartean proiekzio handiena duen euskal sopranoetako bat da Sancho Pereg, eta Henri Dutilleuxen ‘Correspondances’ obrari helduko dio Robert Treviñoren gidaritzapean. Richard Straussen ‘Sinfonia domestikoa’ izango da kontzertuen bigarren zatian.
Sarrerak salgai daude ekainaren 3tik 7ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.
Azken hilabeteetan gizakiaren hainbat alderdiri behatu ondoren, Robert Treviñok giza esperientziaren beste alderdi bat erakutsiz amaituko du Euskadiko Orkestraren 23/24 Kontzertu Denboraldia: bizitza pribatua. Henri Dutilleux eta Richard Straussen obrekin egingo du, orkestrak lehen aldiz joko dituenak bere historian. Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: astelehenean, ekainak 3, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, ekainak 4, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, ekainak 5, Bilboko Euskalduna Jauregian; ostegunean, ekainak 6, Gasteizko Principal Antzokian; eta ostiralean, ekainak 7, berriz Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira. Iruñean oraindik azken kontzertu bat geratuko da Denboraldia behin betiko amaitzeko, ekainaren 18an, martxoan atzeratutako ‘Rakhmaninov / Strauss’ programari dagokiona.
Kontzertuen lehenengo zatian Henri Dutilleuxen Correspondances lana entzungo da. XX. mendearen lehenengo eta bigarren erdiaren artean erdibidean harrapatutako konpositore bat izan zen Dutilleux, eta haren aldi berantiarreko sorkuntzarik ederrenetako bat da Correspondances. Ordurako, soinuen destilazio geldo baten antza zuten haren sorkuntza-prozesuek. 20 urte behar izan zituen Correspondances idazteko: 1983an egin zioten enkargua Berlingo Filarmonikoak eta Simon Rattlek, eta 2003an estreinatu zuten, Dawn Upshay sopranoarekin. Dutilleuxek Rilke, Mukherjee, Solzhenitsyn eta Van Gogh bezalako egileen gutunen zatiak hautatu zituen, bost abestiri forma emateko, eta Elena Sancho Peregek abestuko ditu, nazioartean proiekzio handienetakoa duen soprano donostiarrak.
Bigarren zatian, Euskadiko Orkestrak Richard Straussen Sinfonia domestikoa interpretatuko du; obra honek soinu-abentura bilakatzen ditu familia-bizitzako pozak eta ezbehar txikiak.1904an estreinatu zen New Yorkeko Carnegie Hallen, eta nolabaiteko polemika eragin zuen, izan ere, konpositore alemaniarrak heroi gisa aurkeztu baitzuen bere burua aurreko lanetan, eta batzuei pretentzioso samarra iruditu zitzaien hori, baina oraingoan haren familia-bizitzaren erretratu bat zen, egunerokoa eta hutsala, Alemaniako aparatu sinfoniko erromantiko osoaren hizkerarekin. Baina Strauss ziur zegoen egunerokotasunaren benetako ospakizun moderno bati eman ziola forma. Bertan, munduaren berezko sakontasuna erakusten saiatu zen.
Formakuntzari babesa
Denboraldi sinfonikoari amaiera ematen dion kontzertu-programa honetan Musikeneko orkestra-zuzendaritzako ikasleei zuzendutako formakuntza-plana egin da. Diziplina horretako hainbat ikaslek prestakuntza-elkartze ugari egin dituzte hilabete hauetan Robert Treviño zuzendari titularrarekin, eta egunotan Euskadiko Orkestraren buru jarri dira kontzertu-programa honen entseguetan. Ekimen hau orkestrak eta Musikenek partekatzen duten Jorda Gela hitzarmenaren barruan kokatzen da. Barne hartzen dituen lankidetza-ildo ugarien baitan txertatzen da praktika hau, eta bigarren aldiz iritsiko da Euskadiko Orkestraren Denboraldiko kontzertuetara.
Kontzertu Denboraldi intentsu baten amaiera
Programazioaren bidez, esperientzia berritzaile, bizi, espiritual eta mundutarrak ekarri dituen Denboraldi sinfonikoari amaiera emango dio Robert Treviñok. Mahler, Bruckner, Rakhmaninov eta Straussentzat lekua egon da bertan. Bilboko Arriaga Antzokian opera berritzaile bat estreinatzeko (Die ersten Menschen) eta Chillidaren omenez bere jaiotzaren mendeurrenean Lauzurikak egindako obra bat Euskadin estreinatzeko ere bai. Baita Giza Eskubideen Adierazpenaren 75. urteurrena gogora ekartzeko ere.
Itziar Viloria, Saskia Venegas, Ramon Lazkano, Alfonso Gomez, Clara Mouriz, Elena Sancho Pereg, Bilboko Koral Elkartea, Donostiako Orfeoia eta Vocalia Taldea izan dira euskal ordezkaritzaren kideak datozen egunetan Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean amaituko den programazio honetan. Euskadiko Orkestrak hainbat musika-proiektutan, disko-grabazioetan eta Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartuko du datozen hilabeteetan, eta ondoren hurrengo Denboraldi sinfonikoa hasiko du, irailaren 27an.
24-25 Denboraldia: Kontrastea eta araoa

Denboraldi berri honetan, ‘kontrastea’ eta ‘araoa’ kontzeptuen inguruan ardaztuko da gure diskurtsoa. Kontrastea, ohiko errepertorioko obrak (adibidez, Schuberten ‘Handia’, Mahlerren ‘Zazpigarrena’ eta ‘Bederatzigarrena’, eta Brahmsen ‘Bigarrena’) interpretatzeaz gain, lehen aldiz interpretatuko baititugu obra batzuk, hala nola Scriabin, Szymanowski eta Schoenbergenak.
Araoa ‘Akelarre’-k ekarriko digu, Pascual Aldaveren obra-katedralak; hain zuzen ere, hura jaio zeneko mendeurrena oroituko dugu. Beatriz Arzamendi ere gure artean izango dugu, ‘Sorginen soinua’-rekin. Arrasateko konpositorea orkestraren Abonu Denboraldian sartuko den lehen aldia da. Suhar Korua ere lehen aldiz izango da gurekin, eta kontzertu-programa originala eskainiko du, hau ere gauaren gainekoa. Juanjo Mena, nazioarte mailako zuzendari euskalduna, berriz izango da Denboraldi honetan, eta euskal inspirazioko atal hau itxiko du.
Hau posible egiteko, orkestraren programazioak artista handiak jasoko ditu, hala nola Stanislav Kochanovsky, Christoph-Mathias Mueller, Kristiina Poska eta Juanjo Mena batutarekin. Lehen mailako pertsona ospetsuak ere izango dira, adibidez, Denis Kozhukhin (pianoa), Christoph Sietzen (perkusioa), Pinchas Zukerman (biolina), Baiba Skride (biolina) eta Daniel Müller-Schott (biolontxeloa); eta gure lurraldeko bi abesbatza handi, Iruñeko Orfeoia eta Suhar Korua.
XX. mendeko musikaren garapenean eragin zuen autore unibertsal baten lehen grabaketarekin hasiko da orkestra: Richard Strauss.
Euskadiko Orkestrak gazteen prestakuntzarekiko duen konpromisoa sendotu du. Hainbat mailatako musika ikasleen harrobia indartsu sartuko da Denboraldi honetan, eta EIO, Musikene eta EGOko gazteak orkestraren lerroetan sartuko dira musika-ikasturteko hainbat momentutan.
ABONU DENBORALDIAREN PROGRAMAZIOA
Euskadiko Orkestraren 2024/2025 Abonu Denboraldia 2024ko irailaren 27an hasiko da Bilbon, eta 2025eko ekainaren 5ean amaituko da Donostian. Guztira, 11 abonu-programa izango dira. Gasteizen (10), Bilboren (10), Donostiaren (10x2) eta Iruñearen (10) artean banatuta, guztira 50 kontzertu izango ditu Abonu Denboraldiak.
Denboraldi honetan, irudi bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta gure pertzepzioaren mugak arakatzera gonbidatzen gaitu, baita errealitatea fantasiarekin, ametsekin eta bakoitzaren beldurrekin nahasten den mundu batean sartzera ere. Funtsean, sorkuntzarekin eta, gure kasuan, musika-sorkuntzarekin nahasten den munduan sartzera eramango gaitu. ACC Comunicacionekin egingo dugun ibilbide grafikoa.
Ezagutu beharreko errepertorio originala
Aurreko denboraldietan bezala, errepertorio berria ezagutzeko eta horren ohikoak ez diren nazioarteko autoreak txertatzeko apustu argia egiten jarraitzen du Euskadiko Orkestrak. Lehen aldiz interpretatuko ditugun obren kapituluan, hain ezagunak ez diren autoreak nabarmenduko ditugu, hala nola Scriabin errusiarra (2. Sinfonia) eta Szymanowski poloniarra (2. Sinfonia). Schoenbergek haren Pelleas et Melisande obra exijente eta sendorako erabili zuen osaera sinfoniko handia ere ez da oso ohikoa; Denboraldiko bosgarren kontzertu-programan entzun ahal izango da hori. Apur bat lehenago, hirugarren programan, Faureren Pelleas et Melisande interpretatuko du lehen aldiz Euskadiko Orkestrak; Schoenbergen obraren bertsio intimistagoa da. Guztira, Euskadiko Orkestrak hamaika obra berri gehituko ditu haren errepertoriora, publikoarentzat ere berriak direnak, ezagutzen eta hazten jarraitzeko.
Deskubrimendu-ariketa kitzikagarri honetan, aipamen berezia merezi du instrumentu batzuek hartuko duten protagonismoak, gutxitan izaten baitute solista papera. Adibidez, agertokiaren erdian jarriko da perkusioa, Detlev Glanert konpositore alemaniarraren Perkusiorako kontzertuaren estreinaldiari esker. Christoph Sietzen gazte austriarra, egungo perkusionistarik onenetako bat, arduratuko da estreinaldiaz. Europako hiru orkestraren arteko enkargu bat da: Norvegiako Arctic Philharmonic, Alemaniako Hessischer Rundfunk eta Euskadiko Orkestra. Egitasmo partekatu honek jarraipena ematen die dagoeneko hezurmamitutako beste adibide batzuei; esaterako, Gary Carpenterren Mamu kantak (Ghost Songs). Kasu hartan, Britainia Handiko hainbat orkestrarekin elkarlanean egin zen.
Konposiziorako eta interpretaziorako euskal talentua
Euskadiko Orkestrak euskal sorkuntzak sustatzen eta hedatzen jarraituko du haren programazioaren bidez. Euskaldunen obra garaikideek presentzia izango dute 24/25 Denboraldiko programazioan, Pascual Aldave eta Beatriz Arzamendirekin.
Aipamen berezia merezi du XX. mendeko euskal musikako sinfonia-egilerik garrantzitsuenetako batek, Pascual Aldavek. 2024an ehun urte beteko dira konpositore nafarraren jaiotzatik. Euskadiko Orkestrak haren obra katedralaren bidez gogoratu nahi izan du. Akelarre izena du, eta 1986an sortutako ballet sinfoniko-burleskoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz sortu zuen, Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren mendeurrena oroitzeko. Obra honek lau rapsodia ditu. 2. Rapsodiak Euskadiko Orkestraren Kontzertu Denboraldia irekiko du abonuko lau hiriburuetan, eta 3. eta 4. Rapsodiak Iruñeko Baluarten interpretatuko dira, Iruñeko Orfeoiarekin batera.
Konpositore nafarrak Beatriz Arzamendi gipuzkoar konpositoreari pasatuko dio lekukoa, Sorginen soinua lanarekin, eta Euskal Herrian horren errotuta dagoen sorginen mitoari buruzko bere begiradarekin.
Gure lurraldeko abesbatzen talentuaren alde egiteko, Denboraldi honetan Suhar Korua ere gonbidatu du Euskadiko Orkestrak. Gizonen abesbatza bat da, Esteban Urzelaik zuzendua, eta Schuberten interpretazio original bat eskainiko du (Gaueko abestia basoan), fanfarre gisa, eta agertoki gainean lau tronparekin bakarrik. Abesbatzak kontatzen duenaren oihartzun gisa jokatuko dute tronpek. Paper labur baina zaila ere izango du programa honen barruan abesbatzak, Schuberten mendeurrenean Straussek konposatu zuen Eguneko momentuak obraren laugarren mugimendua, ‘Gaua’ izenekoa, interpretatu beharko baitu. Hamaika minutuko erronka erraldoia izango da abesbatzarentzat.
Artistak
Orkestrak, kasu honetan ere, artista multzo ona izango du programazioan: zazpi zuzendari, zortzi solista instrumental eta bi abesbatza.
ZUZENDARIAK. Robert Treviñok irekiko eta itxiko du kontzertu-denboraldia, eta guztira lau programa zuzenduko ditu (ikusi xehetasunak beherago). Gainerako programetan honako zuzendariak izango dira: Stanislav Kochanovsky, Christoph-Mathias Mueller, Dinis Sousa, Lukasz Borowicz eta Juanjo Mena. Gure Denboraldira itzuliko dira horiek guztiak. Eta Kristiina Poska zuzendari estoniarra etorriko da lehen aldiz. Flandriako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da.
SOLISTAK: Denis Kozhukhin eta Rafal Blechacz jasoko ditugu, pianoan, eta Christoph Sietzen, perkusioan. Azken hori, perkusionistarik onenetako bat da gaur egun, eta prest dago Glanerten Perkusiorako Kontzertua estreinatzeko. Europako hiru orkestraren arteko enkargu bat da hori. Biolinarekin, bi artista handi etorriko dira berriz: Baiba Skride gaztea eta Pinchas Zukerman, bere belaunaldian parekorik ez duena. Amanda Forsyth —Pinchas Zukermanekin duoan— eta Daniel Müller Schott ere berriz etorriko dira, biak biolontxeloarekin.
ABESBATZAK: Zati bokalaren protagonista Iruñeko Orfeoia izango da. Programa berezia egingo du, Pascual Aldaveri eskainia, haren jaiotzaren mendeurrenean. Eta Suhar Korua ere bai. Gizonen abesbatza bat da, Esteban Urzelaik zuzendua, eta Schuberten interpretazio original bat eskainiko du (Gaueko abestia basoan), fanfarre gisa, eta agertoki gainean lau tronparekin bakarrik.
Robert Treviñoren zortzigarren Denboraldia zuzendari titular gisa
Orkestraren zuzendari titularrak lau programa zuzenduko ditu Denboraldi berrian. Pascual Aldaveren Akelarre obrako 2. Rapsodiarekin eta Mahlerren 9. Sinfoniarekin emango dio hasiera ikasturteari. Azken hori Mahlerren konposiziorik onena dela diote askok. Abenduan Brucknerren Bosgarrenaz arduratuko da, eta Pinchas Zukerman eta Amanda Forsythekin partekatuko du agertokia. Urtarrilean anfitrioi lanak egingo ditu Denis Kozhukhin pianojolearekin, eta Schoenbergen Pelléas et Mélisande lan sendoari helduko dio. Eta Mahlerren Zazpigarren Sinfoniarekin itxiko du Denboraldia, ‘Gaua’ izenekoarekin. Pieza hori ere lotuta dago Denboraldiaren zati bat tindatuko duen iruditeria ilunarekin, akelarre, konjuru eta sorginekin lotutakoarekin. Denboraldi honetan Mahlerren 7. eta 9. Sinfoniak txertatuta, konpositore austro-bohemiarraren sinfonien zikloa osatzen ari da orkestra Treviñorekin.
Harrobi musikala integratuz
Denboraldi honetan lan handia egingo da profesional bilakatu arteko ibilbide musikaleko hainbat prestakuntza-etapatan dauden gazteekin. EIO, MUSIKENE eta EGOko gazteak Euskadiko Orkestrari batuko zaizkio Denboraldiko hainbat une eta proiektutan. EGOk (Euskal Herriko Gazte Orkestra) irekiko du atal hau. Mahlerren Bederatzigarren Sinfoniaren interpretazioan parte hartuko du, Denboraldi hasieran. Musikeneko ikasleak itxieran izango dira, Mahlerren Zazpigarren Sinfoniaren interpretazioan. Eta EIOko (Euskadiko Ikasleen Orkestra) gazteek, 15 eta 19 urte artekoek, atrila partekatuko dute Euskadiko Orkestrako musikariekin, Gasteizen, Bilbon eta Donostian Pazko asterako programatutako kontzertuetan.
ORKESTRAREN BESTE JARDUERA BATZUK
Grabaketak: Erkoreka, Strauss eta musika amerikarra
Orkestraren jardueraren zati garrantzitsu bat osatzen dute grabaketa diskografikoek, eta Denboraldi honetan 80 bolumen gaindituko ditu haren fonotekak. Horiek, batez ere, euskal sorkuntzetan daude zentratuta. Ekainaren 7an Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarrari eskainitako grabaketa bat kaleratuko dute nazioarteko merkatuan. Aire guztiz euskalduneko gertakari musikala izango da, eta ekainaren 10ean egingo dugun aurkezpenean hitz egingo dugu hartaz.
Ondine diskoetxeak erregistratu du grabaketa hori, baita Americascapes bildumako bigarren bolumena ere, oso ezagunak ez diren konpositore amerikarren gainekoa. Bigarren bolumen hori joan den udazkenean grabatu zen, eta hilabete batzuen buruan kaleratuko da.
Beste berritasun diskografiko batek Richard Straussen izena darama. Euskadiko Orkestrak, orain arte, ez zuen autore alemaniarra erregistratu. Bi partitura handi eta ospetsu erregistratuko ditu: Macbeth, poema sinfonikoa eta Sinfonia domestikoa. Grabaketa berria irailean egingo dute, kasu honetan ere Ondineren zigiluarekin.
Euskadiko Orkestrak diskoetxe finlandiar horrekin grabatu du azken hiru urteetan: Raveli eskainitako bi konpaktu, konpositore amerikarren bi konpaktu, Gabriel Erkorekarena, eta Richard Straussi eskainitako azken hau. Ondinek mundu mailako banaketa-sare handia du eta horrek nazioarteko erreferentziazko merkatuan kokatzeko aukera eman dio Euskadiko Orkestrari, eta komunikabide espezializatu ospetsuenetan erreseinak izateko aukera ere bai (Gramophone, France Musique, BBC Music Magazine, Diapason, The New Yorker…).
Proiektu partekatuak
Orkestrak haren konpromisoa mantenduko du honakoekin: ABAO Bilboko Operaren Denboraldia, Bilboko Musika-Música, BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak Sarien gala, Donostiako Musika Hamabostaldia, Zinemaldia eta Musikaste. Eta ekitaldi berriak ere izango ditu, hala nola Kursaal Auditorioaren 25. urteurrena, La Caixaren Mesias parte-hartzailea eta Eduardo Mokoroa konpositore tolosarraren omenaldi bat, Arakil Fundazioak antolatua. Orkestraren Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloak aurrerago aurkeztuko ditugu.
ARTIS+: artea, gizarteratzeko
Euskadiko Orkestra Europako proiektu batera batu da, ARTIS+: artea, gizarteratzeko izenekora. Pirinioak ardatz hartzen dituen lankidetza-proiektua da, eta Frantzia hegoaldea, Euskadi eta Kataluniaren artean garatzen da. Desgaitasun-arrazoiengatik edo gizarte-bazterkeriarekin lotutako arrazoiengatik bazterkeria-arriskuan dauden biztanle taldeen artean kulturaren funtzioa indartu nahi du. Hiru urteko ibilbidea du, 2024-2026, eta Euskadiko Orkestrak haren zikloen bidez hezurmamituko ditu proiektuaren helburuak: Miramongo Matinéeak eta Musika Gelako jarduerak, hala nola Eskola Kontzertuak, Musika Familian, tailerrak eta arrazoi honekin lotuta aktibatutako proiektu espezifiko bat, Kantata izenekoa. Era berean, Abonu Denboraldian egitasmo berri bat jarriko da martxan, Abestu Euskadiko Orkestrarekin izenekoa. Horretarako, abesbatza-obra bat enkargatuko da, eta nahi duten pertsona guztiek abestu ahal izango dute. Hala, herri-abesbatza moduko bat osatuko da.
ABONUAK ETA SARRERAK
24/25 Denboralditik aurrera, Euskadiko Orkestrak Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan egingo ditu kontzertuak, Gasteizko Principal Antzokia itxi egingo baitute berritze-lanetarako. Une honetan, lekualdaketa zehazteko prozesuan dago, abonuen eta sarreren salmentari ere eragingo baitio.
Abonuen erreserba, uztailaren 1etik aurrera
Egungo abonuak berritzeko epearen ondoren, abonu berrien salmentari ekingo zaio. Uztailaren 1etik aurrera erreserba egin daiteke, euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez, 943 01 32 32 telefono-zenbakira deituta edo abonatuak@euskadikoorkestra.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita. Eskaerak jasotzen diren ordenaren arabera formalizatuko dira abonuak, eskuragarri dauden artean. Denboraldi berri honetan, 10 kontzerturako abonuen prezioa mantendu egingo da, eta 80 € eta 235 € artekoa izango da.
Sarrera solteen salmenta irailaren 1etik aurrera
Sarrera guztiak salgai egongo dira irailaren 1etik aurrera euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditorio eta leihatilen webguneetan (Gasteizen kasuan izan ezik). Sarrera solteen prezioa 10 € eta 40 € artekoa izango da. Hainbat kolektibori aplikatutako deskontuak mantendu egingo dira, baita ongien funtzionatzen duen kategorietako bat ere: Azken Ordu Gaztea, hau da, sarrerak 10 €-an eremu guztietan, 30 urtetik beherakoentzat eta kontzertua hasi aurreko 30 minutuetan.
MEZENASGOA: orkestrari laguntzeko modu berriak
Mezenasgoari esker, herrialdeko proiektu kultural honen garapenari lagundu nahi dioten pertsonek horretarako aukera dute, ekarpenen bidez. Etorkizuneko tresna bat da, administrazio publikoen dirulaguntza-politikak osatzeko beharrezkoa, eta kultura eta gizartea garatzen laguntzeko bitarteko gisa ezarriko da. Orkestrari ekarpenen bat eginez gero, edozein modalitatetan, kenkari fiskala eskuratu ahal izango da. Informazio gehiago hemen: euskadikoorkestra.eus
ESKERRAK
Azkenik, orkestraren jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde guztien laguntza eta babes garrantzitsua eskertu nahi ditu orkestrak: abonatuak eta publiko orokorra, erakunde babesleak eta kolaboratzaileak, eragile kulturalak, komunikabideak... Horiek guztiek egiten dute posible Euskadiko Orkestraren jarduera.
Xarma Laukotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren hari-sekzioko lau kidek osatutako taldeak Canales eta Schuberten obrak interpretatuko ditu larunbatean, maiatzak 25, 11:00etan, Miramonen.
Larunbat honetan, maiatzak 25, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Xarma laukoteak ‘Canales, heriotza eta dontzeila’ izeneko kontzertua eskainiko du. Euskadiko Orkestrako lau kidek osatzen dute taldea: Laura Balboa (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Maite Abasolo (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).
Manuel Canales Toledoko musikagilea harizko kuartetoen lehen konpositoretzat jotzen da Espainian. Bere bi kuarteto-multzo kontserbatzen dira, opus 1 eta opus 3, eta 1782an Londresen argitaratutako azken sail honetatik Matinée honetan 1. zenbakiduna entzungo da. Bere jaioterrian musika-ikasketak egin ondoren, Canales Madrilera joan zen 1770ean, Albako dukearen zerbitzura lan egiteko. Bidaia horri esker, Joseph Haydn eta Luigi Boccheriniren ganbera-musika ezagutu ahal izan zuen, eta eragin horiek bere musikan islatzen dira. Dukea hil zenean, Canalesek Karlos III.a Espainiako erregeari eskaini zion 3. opusa, gortean lan egiteko ahalegin antzuan. Toledora itzuli zen eta hil bitartean hango katedralean aritu zen lanean, musikari eta musika-erlijiosogile modura.
Hurrengo kuartetoa Franz Schuberten 14.a izango da, 1824 eta 1826 bitartean konposatua, austriarra larriki gaixorik, lur jota eta mundutik isolatuta zegoenean. Kuartetoari ‘Heriotza eta dontzeila’ esaten zaio, eta D531 liedetik hartzen du izena. Lied hau Matthias Claudiusen izen bereko poemaren egokitzapen bezala idatzi zuen Schubertek 1817an. Abesti honen motiboak kuartetoaren bigarren mugimenduaren oinarria osatzen du, eta bertan hilzorian dagoen neskatxa batek heriotzari erregutzen dio: “Zoaz, hezurdura krudela, oraindik gaztea naiz”; eta heriotzak erantzuten dio: “Emaidazu eskua, izaki eder eta samurra, laguna naiz eta ez nator zu zigortzera”. Dontzeilak heriotza saihestezinaren aurka daukan borroka hau nabaria da obraren lehen akorde tragikotik amaieraraino, hirugarren mugimenduko trioan izan ezik, non atseden liriko txiki bat dagoen.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.


