Osteguna 21 Maiatza, 2026

Miramongo Matinéeek Argentinara bidaiatuko dute larunbat honetan Piazzollaren tangoaren erritmora

Miramongo Matinéeek Argentinara bidaiatuko dute larunbat honetan Piazzollaren tangoaren erritmora

Tango Berria boskoteak Astor Piazzollaren hamar obra barne hartuko dituen kontzertu monografikoa eskainiko du larunbat honetan, maiatzak 23, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak bukatu egin dira.

Larunbat honetan, maiatzak 23, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da, Tango Berria taldeak eskainiko duena. Kontzertua Piazzollaren sormen-arnas handiaren eta haren musikaren indar unibertsalaren ospakizuna izango da. XX. mendeko tangoaren funtsezko figura izan zen Piazzolla, eta betiko irauli zuen Argentinako genero ezin ezagunago hau lengoaia musikal berritzaile baten bidez. Buenos Airesen sustraitutako musika izanik ere, jazzari eta musika klasikoari zabalik egon zen beti, eta gaur egun ere bere horretan mantentzen ditu adierazkortasun indartsua eta iradokitzeko gaitasuna.

Programak Piazzollaren obra ezagunenetako batzuk biltzen ditu, Philippe de Ezkurra bandoneoijole, akordeoilari eta moldatzaile piazzollazale adituak egindako moldaketetan. De Ezkurrak bandoneoia joko du kontzertuan eta Euskadiko Orkestrako lau interprete batuko zaizkio eszenatoki gainean: Irene Echeveste (biolina), Marc Sirera (kontrabaxua), Anne Charlotte Lacroix (fagota) eta Mehmet Sonmez (Euskadiko Orkestrako kontrabaxujolea, oraingo honetan pianista moduan arituko dena).

Kontzertu osoan zehar Piazzollaren mundu emozionalaren hainbat aurpegi agertzen dira: Oblivion eta Milonga del ángel obren malenkonia eta lirismoa; Escualo eta Libertango piezen indar erritmiko eta birtuosistikoa; Fuga y misterio obraren intentsitate dramatikoa; edo Adiós Nonino lanaren hunkigarritasun intimoa, bere aitari eskainitako omenaldi samurra. Entzungo ditugu, halaber, Buenos Aireseko bizimoduaren musika-erretratu diren Estaciones porteñas ospetsuen pasarteak, baita Michelangelo 70 edo Fugata bezalako obrak ere, non konpositoreak tangoa soinu-lurralde berrietara eramaten duen.

Matinée honetarako sarrerak bukatu egin dira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 20 Maiatza, 2026

Euskadiko Orkestrak Elena Sancho Pereg, Marife Nogales eta Vocalia Taldea izango ditu ondoan hurrengo programa sinfonikoan

Euskadiko Orkestrak Elena Sancho Pereg, Marife Nogales eta Vocalia Taldea izango ditu ondoan hurrengo programa sinfonikoan

François Lopez-Ferrerrek zuzenduko du fantasia eta maitasuna jorratzen dituen Mendelssohnen ‘Uda-gau bateko ametsa’ obra entzutetsua.

Bernaola eta Saint-Saënsen obrek osatuko dute programa Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon maiatzaren 22tik 28ra izango diren kontzertuetan. Sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera.

Euskadiko Orkestrak 2025/26 Denboraldi Sinfonikoaren azken aurreko programa aurkezten du, ‘Bernaola / Mendelssohn’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunotan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, maiatzak 22, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, maiatzak 25, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; asteartean, maiatzak 26, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, maiatzak 27, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegunean, maiatzak 28, berriz ere Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Kontzertuen obra nagusia, ordubete baino gehiagoko iraupena duena, bigarren zatian etorriko da Felix Mendelssohnen Uda-gau bateko ametsa lanarekin, William Shakespeareren izen bereko antzezlanean oinarritua. Obertura ospetsu hau gaztetan sortu zuen eta, hamasei urte geroago, konpositore alemaniarrak komedia honetarako partitura osatu zuen, non ametsak eta errealitatea maitasunaren gorespenean elkartzen diren, eta Eztei Martxa bezalako doinu unibertsalak gordetzen dituen. François Lopez-Ferrer, Gustavo Dudamelen ikaslea eta 2024ko Solti Sariaren irabazlea, soilik euskal ahotsez osatutako taldearen buru izango da: Elena Sancho Pereg eta Marife Nogales abeslariak eta Vocalia Taldea abesbatza, Basilio Astulezek zuzentzen duena. Euskadiko Orkestrak obra hau eraman zuen artista-zerrenda berarekin Otoño Musical Soriano Jaialdiaren 33. edizioaren irekierara 2025eko irailean.

Laburragoa izango den kontzertuen lehen zatian orkestrak Bernaola eta Saint-Saënsen obrak interpretatuko ditu. Lehendabizi, orkestrak Carmelo Bernaolaren Abestiak berreskuratuko du, milurteko erdi batek bereizten dituen bi euskal konpositoreren arteko zubia ezartzen duen obra. Lan honetan otxandiarrak Juan de Antxietaren (1462-1523) doinu zaharrak tapiz garaikide batean fintasunez ehundu zituen. Euskadiko Orkestrak 1989an estreinatu zuen obra hau Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan. Orkestrak eta konpositoreak oso harreman hurbila izan zuten 80ko hamarkadan: 1982an sortu eta handik gutxira, Bernaola izan zen orkestra interpretatu zuen lehen euskal konpositoreetako bat (King Vidorren Eta munduak aurrera darrai film muturako soinu-banda). Bernaola Euskadiko Orkestrak jorratu zuen estetika abangoardistako lehen lanaren egilea ere izan zen (1. Sinfonia, 1985ean), bai eta orkestrak egin zuen lehen enkarguaren hartzailea ere (Bariazio kontzertanteak, 1986an estreinatua).

Abestiak obraren ostean, Euskadiko Orkestra gaueko lanbro poetikoetan murgilduko da kontzertu osorako. La nuit lanarekin egingo du, Camille Saint-Saënsek 1900. urte inguruan koru femenino eta sopranorako sortutako konposizio gogoangarria, oso gutxitan interpretatutako musika frantsesaren harribitxia.

 

 

Programa eta interpreteak

 

Carmelo Bernaola: Abestiak [14’]
Camille Saint-Saëns: La nuit [10’]
Felix Mendelssohn: Uda-gau bateko ametsa [61’]

 

François López-Ferrer, zuzendaria
Elena Sancho Pereg, sopranoa
Marifé Nogales, mezzosopranoa
Vocalia Taldea
Euskadiko Orkestra

 

 

Sarreren salmenta

 

Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.

Osteguna 07 Maiatza, 2026

Soka Bones izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Soka Bones izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Zortzi interpretez osatutako taldeak Schumann, Piazzolla, Colombier, Weber, Satie, Crespo eta Brahmsen obrak joko ditu larunbat honetan, maiatzak 9, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan. 

Larunbat honetan, maiatzak 9, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da, Soka Bones taldeak eskainiko duena, ‘Airean marrazten’ izenburupean. Zortzi interpreteetatik zazpi Euskadiko Orkestraren kideak dira: Raquel Cortinas (biolina), Irene Echeveste (biolina), Delphine Dupuy (biola), Karmele Castillo (biolontxeloa), Mehmet Sönmez (kontrabaxua), Sergio Manteiga (tronboia) eta Christophe Sanchez (tronboia). Itxaso Sainz de la Mazak osatuko du taldea pianoan.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Programa honek kontraste eta ñabardura adierazkor ugariko ibilbide musikala aurkezten du, eta estilo eta garai ezberdinak nahasten ditu. Tronboiak, hariak eta pianoa konbinatzeak tinbre-esplorazio aberatsa ahalbidetuko du, eta instrumentu bakoitzaren adierazpen-aukerak nabarmenduko ditu horrek.

Matinéea Robert Schumannen Fantasiestücke edo ‘fantasiazko piezen’ esentzia erromantikoarekin abiatuko da, non mugimendu bakoitzak emozio ezberdinak arakatuko dituen, samurtasunetik hasi eta kemen bizieneraino.

Ondoren, Astor Piazzolla konpositore eta bandoneonista argentinarraren bi obra etorriko dira, tangoaren generoan XX. mendearen bigarren erdiko musikaririk garrantzitsuena. Alde batetik, Oblivionek, izenak adierazten duen bezala, ahanzturaren irudi musikala ekarriko du gogora. Bestetik, Serie del Ángelek Piazzollaren tangoaren pasioa erakusten du, heriotza, nostalgia eta berpizkundea zeharkatzen dituen narratiba musikal batekin.

Ondoren, Soka Bonesek Michel Colombierren Emmanuel labur baina bizia interpretatuko du, introspekziorako unea izango dena, eta Carl Maria von Weberren Romance. Erik Satieren Gnossienne nº1 etorriko da horien ostean. Musikagile frantziarraren lanak kontenplazio eta misterio une bat irudikatuko du, bere harmonia etereoarekin eta erritmo librearekin.

Kontzertuaren azken zatian, programa honen izaera eklektiko eta kontrastatuari jarraipena emanez, Enrique Cresporen Fogo da Mulata eta Johannes Brahmsen Balada eta Erromantzeen hirugarren mugimendua entzungo dira.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 05 Maiatza, 2026

Euskadiko Orkestrak gogora ekarriko du Carlos Garaikoetxea gaur Iruñeko Baluarten eskainiko duen kontzertuan

Carlos Garaikoetxea lehendakariaren agurrak eman zion sarrera Euskadiko Orkestraren albiste-buletinaren, Euskor-en, lehenengo aleari.
Carlos Garaikoetxea lehendakariaren agurrak eman zion sarrera Euskadiko Orkestraren albiste-buletinaren, Euskor-en, lehenengo aleari.

Minutu bateko isilunea egingo da Carlos Garaikoetxea lehendakaria zendu berri dela eta. 1982an Euskadiko Orkestraren eraketan parte hartu zuen, EITB, Osakidetza eta Ertzaintza bezalako euskal erakundeak sortu zituzten une berean.

Euskadiko Orkestra izan zen 1982an Euskadi berri baten eraikuntzan sortu zen oinarrizko kultur proiektuetako bat. Carlos Garaikoetxeak berak Euskadiko Orkestraren lehen 25 urteak zirela-eta argitaratutako Primo Tempo argitalpenean honako hau gogoratzen zuen: “Orkestra handi bat, onenetako bat, sortzeko genuen irrikak oso arrazoi berezia zuen, kasu hauetan izan ohi direnez gain, besteak beste, hezkuntza eta kultura hedatzen laguntzea, interpretari eta musikagileentzat pizgarritzat balio izatea, bertako musika-sorkuntzaren ezagutza zabaltzea, etab. (…) errealitate bihurtu den proiektu hori (…) gainera, Herriaren irudi bikaina emanez, gure enbaxadarik onena da, munduaren harrigarri.”

Abonatua zen heinean, Garaikoetxeak azkeneraino eman zion babesa Euskadiko Orkestrari leialtasun osoz; Baluarte Auditoriumean aurtengo Denboraldi Sinfonikoko kontzertu guztietara etorri zen, azkena, joan den apirilaren 14an.

Gaur, 19:30ean, Strauss / Mendelssohn programaren Baluarteko kontzertuan, bere babes aski garrantzitsua gogora ekarriko dugu eta, minutu bateko isilunea eskatu ondoren, kontzertua eskainiko diogu bere herrialde-mailako kultur ikuspegia eskertzeko.

Goian bego.  

Informazio gehiago

Kontzertuaren informazioa
Osteguna 30 Apirila, 2026

Donostiako Orfeoia eta nazioarteko abeslari multzo nabarmen bat izango dira Euskadiko Orkestraren programa sinfoniko berriaren protagonistak

Donostiako Orfeoia eta nazioarteko abeslari multzo nabarmen bat izango dira Euskadiko Orkestraren programa sinfoniko berriaren protagonistak

Donostiako Orfeoia, Sophie Harmsen, Werner Güra, Florian Boesch eta Markus Volpert-ek bat egingo dute Euskadiko Orkestrarekin heriotzaren fenomenoa ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko duen programa bati aurre egiteko. Alexander Liebreich alemaniarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna Bach, Strauss eta Mendelssohnen obren interpretazioan.

Kontzertuak Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian izango dira maiatzaren 4tik 8ra, eta sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera.

Euskadiko Orkestrak 2025/26 Denboraldi Sinfonikoaren hamargarren programa aurkezten du, ‘Strauss / Mendelssohn’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunotan izango dira ohiko lau hiriburuetan: astelehenean, maiatzak 4, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; asteartean, maiatzak 5, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, maiatzak 6, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegun eta ostiralean, maiatzak 7 eta 8, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Kontzertuak Johann Sebastian Bachen Ich habe genug («aseta nago» edo «nahikoa dut») obrarekin hasiko dira. Estreinatu zenetik hedapen handia izan zuen kantata sakroa da, eta laster bihurtu zen errepertorioko pieza, abeslari baxuek asko estimatzen zutena. Gaur egun, Ich habe genug-ek leku nabarmena du Bachen kantaten artean, heriotzari eta salbazioari buruzko bere gogoetaren sakontasunagatik, betetasunaren nahitik heriotzaren aurreko alaitasun harrigarrira doan barne-ibilbide batekin, azken ariarena. 20 bat minutuko obra honek eszenaratze bitxia du: zutik interpretatuko dute, zirkuluerdi eran jarrita, solista baxu batek (Markus Volpert), lau biolinek, bi biolak, biolontxelo batek, kontrabaxu batek, oboe batek eta organo positibo batek.

Ondoren, orkestra osoa eszenatoki gainera igota, Euskadiko Orkestrak Richard Straussen Heriotza eta itxuraldaketa obra joko du. Musikagileak 1889an konposatu zuen poema sinfoniko hau eta urtebete geroago aurkeztu zuen berak zuzendari gisa. Heriotza eta itxuraldaketa obra osoaren tonua markatzen duen musika lasai eta gogoetatsuarekin irekitzen da, nahiz eta intentsitate handiko zatiak ere zeharkatuko dituen. Partitura honetan Straussek heriotzaren orduari aurre egiten dio, non «arimak gorputza uzten duen bere forma loriatsuenean, betiereko kosmosean, perfekzionatua aurkitzeko, hemen lurrean bete ezin izan zuena».  

Bigarren zatian, Donostiako Orfeoiak eta ahots talde batek (Sophie Harmsen mezzosopranoa, Werner Güra tenorra eta Florian Boesch baritonoa) orkestrarekin bat egingo dute Felix Mendelssohnen Walpurgisko lehen gaua kantata paganoa interpretatzeko, Goetheren libreto batean oinarritutakoa. Apirilaren 30etik maiatzaren 1erako gauean, Europako iparraldeko eta erdialdeko zati handi batek Walpurgis gaua ospatzen du. Pagano jatorriko jaia da, Alemania, Suedia, Herbehereak edo Finlandia bezalako herrialdeetan errotua, Santu Guztien jaiegun katolikoaren aurka (azaroak 1) sortu zena. Data ez zen zoriaren ondorio izan: sei hilabete dira, hain zuzen, bata eta bestearen artean igarotzen direnak. Jaia udaberriarekin eta sorginekin lotzen da, eta eszenifikaziorik gabeko opera gisa garatzen da, bakarlariekin eta koruarekin, hainbat pertsonaia interpretatuz. Donostiako Orfeoiak paper nagusi eta protagonista bat izango du obra honetan eta aktiboki parte hartuko du ekintza dramatiko eta musikalean, batzuetan udaberriko erritualak ospatu nahi dituen herri pagano gisa eta beste batzuetan indar superstiziosoak (deabruak eta espirituak), kristau inbaditzaileak uxatzeko.

Alexander Liebreich, Valentziako Orkestrako zuzendaria eta errepertorio sinfoniko-koraleko espezialista ospetsua, arduratuko da garai guztietako konpositoreek hainbesteko arreta eskaini dioten fenomeno horretara, heriotzara, hurbiltzeaz.

 

 

Programa eta interpreteak

 

Johann Sebastian Bach: Ich habe genug [21']
Richard Strauss: Heriotza eta itxuraldaketa [23']
Felix Mendelssohn: Walpurgisko lehen gaua [34']

Alexander Liebreich, zuzendaria
Sophie Harmsen, mezzosopranoa
Werner Güra, tenorra
Florian Boesch, baritonoa
Markus Volpert, baxua
Donostiako Orfeoia
Euskadiko Orkestra

 

 

Sarreren salmenta

 

Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.

Asteazkena 29 Apirila, 2026

Euskadiko Orkestrak Juan Crisostomo de Arriaga berpiztuko du

Euskadiko Orkestrak Juan Crisostomo de Arriaga berpiztuko du

Zuzeneko musika eta Adimen Artifiziala uztartuta, Euskadiko Orkestrak ‘Arriaga bizi da’ ekoizpen berria estreinatuko du, musikagile bilbotarraren heriotzaren 200. urteurrenean.

Musika Familian kontzertuak maiatzaren 9an Kursaaleko Ganbera Aretoan eta maiatzaren 10ean Gasteizko Felix Petite Antzokian izango dira, biak 18:00etan. Sarrerak salgai daude.

Adimen Artifizialarekin egindako sei bideo-eszenatan Juan Crisostomo de Arriaga konpositore bilbotarra bizira ekarriko du Euskadiko Orkestrak, alderantziz kontatuko den istorio batean: hilerritik hasi (19 urte besterik ez zituela) eta haurtzarora arte.

Arriaga bizi da izeneko Euskadiko Orkestraren ekoizpen berri honen protagonista musikalak Luken Munguira tenorra, Emilianoren ahotsean (Juan Crisostomo de Arriagaren iloba), Ana Belen Garcia pianista eta Larraitz Oiartzabal Euskadiko Orkestrako biolinjolea dira. Mikel Cañada, Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza- eta gizarte-zikloaren koordinatzailea da ekoizpen berri honen zuzendaria. ACC Comunicacion agentziak egin du Adimen Artifizialaren aplikazioa.

 

Istorio bat bi planotan
 

Eszenaratzea bi planotan gertatzen da, eta plano horiek, eszenatoki berean gertatzen badira ere, desberdinak dira. Alde batetik, Adimen Artifizialaren bidez Juan Crisostomo de Arriaga irudimenezko mundu batean ikus ahal izango dugu. Bi izaera uztartuko ditu pertsonaiak: euskal Mozart —ezizenez—, eta Juanito—hala sentitzen zen bera gehienbat—.

Arriagak, pantailatik, bere istorio propioa gidatuko du, Bilboko alde zaharretik abiatu eta Parisera iritsi arte. Bigarren planoan, hezur-haragizkoan, lur hartuko du istorioak, eta bertan iloba Emilianok (Luken Munguira) ilobaren partitura goiztiarretako batzuk ezagutzera emateko beste istorio batzuk kontatu eta kantatuko ditu.

 

 

Musika Familian kontzertuak Donostia eta Gasteizen

 

Euskadiko Orkestraren Musika Familian kontzertu hauek honako egunetan izango dira: maiatzaren 9an, Kursaaleko Ganbera Aretoan, Kursaal Eszenarekin lankidetzan, eta maiatzaren 10ean, Gasteizko Felix Petite Antzokian, Gasteizko Udalarekin lankidetzan. Ekoizpen hau 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta 50 minutuko iraupena du, gutxi gorabehera.

Sarrerak salgai daude bi Musika Familian kontzertuetarako, euskadikoorkestra.eus webgunean eta aretoen webgune eta leihatiletan.

Kontzertuen aurretik, 16:45ean, Sentsibilizazio-tailer bana egingo da, osagarria, aukerakoa eta doakoa (sarrera eskuratu duenarentzat), prestatzeko, elkarreragiteko eta esperimentatzeko. Izen-ematea: Donostia (943003170) / Gasteiz (945161045).

 

 

Programa eta interpreteak

 

J. Arambarri: Atea tan tan
F. Escudero: Aberri maitiari
J. C. de Arriaga: Pianorako erromantza
M. Albéniz: Sonata ren
J. C. de Arriaga: Bariazioak hungariar erara biolin eta pianorako / Edipo en Colono (Aria)
P. Albéniz: Alboradetako soinua
W. A. Mozart: Davide penitente (Aria)
J. C. de Arriaga: Los esclavos felices (Obertura) / Nada y mucho

 

Luken Munguira, tenorra
Larraitz Oiartzabal, biolina
Ana Belen García, pianoa
ACC Comunicacion, AAren aplikazioa
Mikel Cañada, ideia, gidoia eta zuzendaritza
Ana Belen García, Amagoia Elosegi eta Alaia Belaunzarandel, Musikeneren Bitartekaritza, Kudeaketa eta Zabalkundeko Master Ofizialaren ikasleak

Osteguna 23 Apirila, 2026

Delicia Ensemble izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Delicia Ensemble izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako hamar interpretez osatutako taldeak Cimarosa, Albinoni, Mozart eta Vivaldiren obrak joko ditu larunbat honetan, apirilak 25, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak bukatuta. 

Larunbat honetan, apirilak 25, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da, Delicia Ensemble taldeak eskainiko duena, “Oboearen kantu eta lilura” izenburupean. Hamar interpreteak Euskadiko Orkestraren kideak dira: Raquel Cortinas (biolina), Irene Echeveste (biolina), Annemarie Harmat (biolina), Ricardo Ruiz (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Pawel Krymer (biola), Karmele Castillo (biolontxeloa), Guangyao Zhao (kontrabaxua), Oscar Diago (oboea) eta Pascal Laffont (oboea). Matinée honetarako sarrera guztiak bukatu dira.

Kontzertu honen programak Italiako Barrokoaren eta Klasizismoaren hasieren arteko arku iradokitzaile bat marrazten du, eta fokua lengoaia instrumentalaren bilakaeran jartzen du, bereziki, oboearen protagonismoan:

  • Domenico Cimarosa: Oboerako Kontzertua [11’]
  • Tomaso Albinoni: Oboerako 2. Kontzertua Op.9 [14’]
  • Wolfgang Amadeus Mozart: Divertimentoa K.136 [14’]
  • Antonio Vivaldi: Bi oboetarako Kontzertua RV535 [9’]

Domenico Cimarosa, Tomaso Albinoni eta Antonio Vivaldiren obrek Italiako tradizioaren aberastasuna eta bizitasuna islatzen dute. Horietan, oboea adierazkortasun handiko instrumentu bakarlari gisa agertzen da, birtuosismo bikaineko pasarteak lirismo cantabile uneekin tartekatzeko gai dena. Barrokoaren figura nagusi Albinoni eta Vivaldik garaiko kontrasteak, apaindurak eta energia erritmikoa ustiatu zituzten, eta modu erabakigarrian lagundu zuten kontzertua forma gisa garatzen.

Vivaldiren Bi oboerako Kontzertuak, gainera, bakarlarien arteko elkarrizketa erakargarria gehitzen du, non imitazioak eta lerro melodikoen elkarketak tinbre-aberastasuna areagotzen duten. Bestalde, Cimarosaren hizkerak, klasizismotik hurbil zegoenak, argitasun formal handiagoa eta izaera arinagoa eta atseginagoa ematen dio, Barrokotik jasotako dotorezia melodikoari uko egin gabe.

Wolfgang Amadeus Mozarten K.136 Divertimentoak zerumuga estilistiko berri bat irekiko du Matinée honetan. Gaztaroan idatzia, lan honek freskotasuna, oreka eta gardentasuna islatzen ditu, estilo klasikoaren ezaugarri bereizgarriak. Programan egoteak testuinguru historikoa zabaltzeaz gain, hizkuntza finago baterako trantsizioa argitzen du, non itxurazko soiltasunak musika-elaborazio fina gordetzen duen.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 21 Apirila, 2026

‘Logelan logale’, bigarren edizioan hazi, zabaldu eta bizitzak aldatzen dituen haur kantata

'Logelan logale' Kursaalen (2026-4-21). Argazkia: Juantxo Egaña
'Logelan logale' Kursaalen (2026-4-21). Argazkia: Juantxo Egaña

Duela urtebete estreinaldi arrakastatsua izan ondoren, Euskadiko Orkestrak ‘Logelan logale’ ekoizpen propioa eskainiko du berriro, Leire Bilbaoren libretoarekin eta Jagoba Astiazaranen jatorrizko musikarekin, apirilaren 21ean eta 22an Donostiako Kursaal Auditoriumean, Kursaal Eszenarekin elkarlanean, eta apirilaren 23an Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan.

Gainera, lehen aldiz, Bilbao Orkestra Sinfonikoak haur kantataren lekukoa hartuko du eta beste bi hitzordu eskainiko ditu Bilbon, apirilaren 28an eta 29an. Horri esker, kantatak saio gehiago izango ditu, hiru euskal hiriburutara hedatuko da eta aktiboki parte hartzen duten 3.000 ikasletik gorako kopurura iritsiko da.

Euskadiko Orkestrak ikastetxe parte-hartzaileetako irakasle eta ikasleen testigantzak jaso ditu, eta horiek argi uzten dute ekimen honen eragin positiboa, parte hartzen dutenen bizitzak eta dinamikak aldatzeraino.

Euskara hutsezko haur kantata bat gertaera historikoa da. 1998 urtera arte atzera egin behar da, seguraski, antzeko zerbait gertatu zen azken aldiarekin topo egiteko (Tomas Araguesek konposatutako Jimmy Potxolo haur kantata, Bernardo Atxagaren letrarekin). Horrela bizi izan zen duela urtebete Logelan logaleren estreinaldia, lurraldeko musika-gertakari handi bat bezala, parte-hartzaileek urte askotan gogoratuko dutena.

Eta horregatik, hain zuzen ere, proiektu handi eta garrantzitsu honek ezin zuen urrunago joan gabe geratu. Bigarren edizio batekin dator orain eta, gainera, lehenengoarekin alderatuta, antzezpen kopuruan gora egingo du, eta inoiz baino hobeto beteko du kantuaren bidez Euskal Herria egituratzeko duen misioa. Horretarako, berrikuntza handi gisa, aurten, Euskadiko Orkestrak Donostian eta Gasteizen hiru emanaldi berri emateaz gain, kantata Bilbora ere iritsiko da bi saiorekin, lehen aldiz. Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartuko du Bizkaiko hiriburuan Euskadiko Orkestrak sortu eta bultzatutako haur kantata honen lekukoa.

Logelan logale. 25/26. Musika Gela

 

Eragile ugariren beharra duen proiektua

 

Kantata bat sortzea musika-ekitaldi garrantzitsua da, eragile asko biltzen dituena eta giza mobilizazio handia eskatzen duena.

Logelan logalek Maria Goiricelayak diseinatutako proposamen eszeniko bat izango du. Juanjo Oconek zuzenduko du orkestra eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da protagonista ipuinaren narratiban. Euskadiko Orkestrak lagunduko dio eszenatokian, baita haur abesbatza handiak ere eszenatokian zein besaulki-patioan. Guztira 1.400 haurrez osatutako abesbatza handi bat izango da. Abesbatzak, alde batetik, lau abesbatza pilotu izango ditu (Easo Eskolania, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Zegamako Orkatz Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasle-taldeak. Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartuko du Bilboko kontzertuen lekukoa, eta han Bizkaiko ikastetxeetako beste 1.700 haurrek parte hartuko dute.

Parte hartu duten ikastetxeetako proiektuan inplikatutako irakasleak hainbat prestakuntza-saiotara joan dira, eta errepertorioa, zuzendaritza, ahotsa, didaktika, logistika eta alderdi eszenikoa landu dituzte. Material horietatik abiatuta, irakasleek ikasturte osoan lan egin dute eskolan kontzertuaren egunera arte, ahalik eta ondoen prestatuta iristeko.

Gipuzkoako 18 ikastetxek hartzen dute parte egitasmo honetan:

  • Aitor Ikastola
  • Aitxuri Herri Eskola
  • Anoetako Herri Ikastola
  • Antoniano Ikastetxea
  • Egape Ikastola HLHI
  • Eguzkitza HLHI
  • Haztegi Ikastola
  • Intxaurrondo Hegoa HLHI
  • Intxaurrondo Ikastola Publikoa
  • Izarraizpe Ikastola Publikoa
  • Karmengo Ama IPI
  • Mary Ward Ikastetxea
  • San Andres HLHI
  • San Martin Agirre Herri Eskola
  • San Martin HLHI
  • Sasoeta-Zumaburu Ikastetxea
  • Ugaro Herri Ikastetxea
  • Xabier Munibe Ikastola

 

Eta Arabako 4 ikastetxek egin dute bat: CEIP Divino Maestro – Maria de Maeztu HLHI; Araia Herri Eskola; Errekabarri HLHI; eta San Viator Ikastetxea.

Ekimenean parte hartzen duen Anoetako Herri Eskolaren irakasle eta ikasleen lan-prozesuari buruzko lekukotza jasotzen du honako bideo honek:

 

Horiek guztiek Eva Ugalderen abesbatza-koordinazioa eta -zuzendaritza izan dute, eta ikastetxe parte-hartzaileetako irakasleek eta Amaia Zipitria pianojoleak osatu dute formakuntza-lantaldea.

Logelan logale Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren Eskola Kontzertuen baitan egingo da bigarrenez, honako erakunde hauen laguntzarekin: Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udala, Kursaal Eszena eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea.

 

 

Datak

 

Euskadiko Orkestraren Eskola Kontzertuak egunotan izango dira:

  • Apirilak 21 (12:00): Kursaal Auditoriuma (Donostia)
  • Apirilak 22 (12:00): Kursaal Auditoriuma (Donostia)
  • Apirilak 23 (12:00): Jesus Guridi Kontserbatorioa (Gasteiz)

 

Bestalde, Euskadiko Orkestrak sortu eta bultzatutako kantata honen beste bi hitzordu eskainiko ditu Bilbao Orkestra Sinfonikoak:

  • Apirilak 28 (12:00): Euskalduna Jauregia (Bilbo)
  • Apirilak 29 (12:00): Euskalduna Jauregia (Bilbo)

Bost hitzorduak eta hiru probintziak batuta, guztira 3.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte modu aktiboan kantatan, eta beste 4.000 lagun batuko zaizkie publiko gisa.

 

 

Obraren sinopsia: ‘Logelan logale’

 

Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Zer denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz? Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?

Doinu eta kantu ezberdinen bidez kontatu eta kantatuko dugu, gutako bakoitzak ohera joaten den unetik eta esnatu arteko istorioa. Loa eta ametsaren fantasiari, bakoitzak bere doinua jartzeko, lo gaudenean ere abenturak bizi ditugulako.

 

 

‘Logelan logale’-k bizitzak eta dinamikak aldatzen ditu

 

Logelan logalek “bizitzak aldatzen ditu”, ekimenean parte hartu duten ikastetxe askotako irakasleek azaldu duten bezala. Logelan logale prestatzeak eragin positiboa du hainbat eremutan eta emaitza nabarmenak ditu.

Euskadiko Orkestrak lehenengo edizioaren bizipenean eta bigarren edizioaren lan-prozesuan jaso duenez, Logelan logalek gogo bizia sortzen du parte-hartzaileengan eta gainerako ikasle eta irakasleengana zabaltzen da, familietaraino iritsi arte. Azken horiek kantata prestatzen inplikatzen dira eta taldean abesten dute. Prestakuntzari dagokionez ere eragin positiboa izan du, beste garai bateko musika eskola eta esperientzia koral galduak berreskuratuz edo klaseetan kantuaren inguruko programa berriak ezarriz. Hona hemen parte hartu duten ikastetxeetako irakasleen testigantza batzuk:

 

“Jolas-orduan, ikasleak beren borondatez geratzen dira gelan pianoa jotzen. Ikasle bat amamarekin pianoa jotzen hasi da etxean, eta bien arteko lotura asko estutu da. Logelan logalek irakasleen arteko harremana sendotzeko ere balio izan du. Guraso askok abestiak ikasi dituzte eta euren seme-alabekin praktikatzen dute.”
Aitziber Arteaga, San Viator Ikastola (Gasteiz)

“Logelan logaleri esker 20 haurreko abesbatza bat sortu dugu, lehen urratsak ematen ari dena ilusioz beteta.”
Urtzi Robles, Araia Herri Eskola

"Ikasleak Logelan Logaleren abestiak etengabe kantatzen ari dira, edozein ordutan. Nik, musika irakasle gisa, iaz parte hartu nuen; aurten berriro egin dut eta aurreko urtean baino are gehiago gozatzen ari naiz prozesuaz. Proiektu honen ondorioz, musika ikasgaiari ‘Ahotsa eta kantua’ unitate didaktikoa gehitu diot, eta ikastetxean ‘Ostiral musikalak’ sortzea ere proposatu dut, guztiok elkarrekin jolastokian edo kalean kanta dezagun. Ama naizen aldetik, nire alabak ere parte hartzen du, eta lagunekin planak egin izan ditu aisialdian elkarrekin entseatzeko."
Olatz Amozarrain, Izarraizpe Ikastola Publikoa (Azpeitia)

 

 

Irakurketa errazeko gida bat eta material gehiago

 

Prozesuan zehar hainbat material sortu dira: dosierrak, libretoarekin lan egiteko gidak, konpositorearen eta libretoaren egilearen aurkezpena, ahots eta pianorako partiturak, abestutako zati guztiak biltzen dituen abesbatza baten grabazioa, eszenografiako materialak, maskarak prestatzea, etab.

Halaber, propio sortu da irakurketa errazeko gida bat. Dokumentu hau beste dokumentu mota batzuk irakurtzeko edo interpretatzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako irisgarritasun kognitiboa hobetzeko sortu da. Egoera horri buruzko kontzientzia sortu nahi da, eta gida-mota horien erabilera beste ekimen batzuetara zabaldu, bai eta, oro har, kultura-sektorera ere. Euskadiko Orkestraren lehen esperientzia da, eta etorkizuneko proiektuetan irakurketa errazeko gidak ezartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du orkestrak.

 

 

ARTIS+: Artea, gizarteratzeko

 

Logelan logale ekimena, baita Musika Gela ziklo osoa ere, ARTIS+: Artea, gizarteratzeko proiektuaren parte da. Mugaz gaindiko Europako lankidetza-proiektu honek helburu du kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea bazterketa-arriskuan dauden biztanle-taldeentzat, dela desgaitasunagatik, dela arrazoi sozialengatik. Proiektu hau 2027ra arte luzatuko da eta honako bazkideak izango ditu, besteak beste: Orchestre National du Capitole de Toulouse, Bartzelonako L’Auditori eta OBC Orkestra eta Paueko Orkestra.

Osteguna 09 Apirila, 2026

Ensemble Phantasy izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Ensemble Phantasy izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako bederatzi interpretez osatutako taldeak Haba, Klein eta Martinuren obrak joko ditu larunbat honetan, apirilak 11, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan. 

Larunbat honetan, apirilak 11, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da, Ensemble Phantasy taldeak eskainiko duena, “Musika txekiarra” izenburupean. Bederatzi interpreteak Euskadiko Orkestraren kideak dira: Virgile Demillac (biolina), Monika Mazur (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Marc Sirera (kontrabaxua), Oihana Kontxeso (flauta), Pascal Laffont (oboea), Sara Zufiaurre (klarinetea), Yuan Dai (fagota) eta Alvaro Parron (tronpa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Txekiar kultura herrikoian sakonki errotuta egon arren, musika-lengoaia oso desberdinak hartu zituzten hiru konpositore txekiar biltzen ditu kontzertu honek. Programak aurreko mendeko txekiar musikaren aurpegi anitzak nabarmentzen ditu: neoklasizismoa, erradikaltasuna eta nostalgia, batik bat.

Alois Habaren 4. Nonetoa seguruenik Matinée honetako lanik abangoardistena da. 1964an konposatu zuen, eta heldutasun handiko obra da. Musikagilea Schoenberg eta Busoniren eredu vienarretatik askatu zen, musika-hizkera oso pertsonala garatzeko.

Alois Habaren ikasle Gideon Kleinek Theresienstadteko kontzentrazio-esparruan konposatu zuen bere Harirako trioa 1944an. Bere lehen obretako ausardia modernistetatik urrun, Klein hemen lengoaia klasikoago batera itzuli zen, moraviar folklorearekin lotua. Zoritxarrez, Klein urtebete geroago hil zuten Holokaustoan.

Kontzertuaren azken lana Bohuslav Martinuren 2. Nonetoa izango da, bere ibilbide artistikoaren gailurra, erbesteratzearen ondorioz konpositore frantsesen eragina eta bere txekiar sustraiekiko atxikimendu handia uztartzen dituena. Lengoaia neoklasikoa du, Moraviako dantza tradizionalek koloreztatua. Noneto honek kutsu argitsu eta lasai batekin ixten du programa.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 08 Apirila, 2026

Nikolai Luganskyk Rakhmaninoven ‘Pianorako 3. Kontzertu’ ezin zailagoa joko du Euskadiko Orkestraren Denboraldi Sinfonikora egingo duen itzuleran

Nikolai Luganskyk Rakhmaninoven ‘Pianorako 3. Kontzertu’ ezin zailagoa joko du Euskadiko Orkestraren Denboraldi Sinfonikora egingo duen itzuleran

Errusiarrak pianoaren historiako kontzerturik zail eta birtuosoenari aurre egin beharko dio Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berri batean, beste musikari handi batek zuzenduta, Juraj Valcuha eslovakiarrak, hona egingo duen hirugarren bisitan.

Kontzertuak Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon izango dira apirilaren 9tik 15era, eta sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera.

Euskadiko Orkestrak 2025/26 Denboraldi Sinfonikoaren hurrengo programa aurkezten du, ‘Rakhmaninov / Bartok’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunotan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostegun eta ostiralean, apirilak 9 eta 10, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, apirilak 13, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; asteartean, apirilak 14, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, apirilak 15, Bilboko Euskalduna Jauregian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Nikolai Luganskyk eta Sergei Rakhmaninovek nazioartean txalotutako binomioa osatzen dute. Errusiar pianistak bere herrikidearen obra bati egiten dion interpretazio berri bakoitza mugarri bihurtzen da, eta Euskadiko Orkestrarekin lehenago ere bizi izan dugu: 2021ean hemen izan genuen, Paganiniren lan bati buruzko Rapsodia eskaintzeko. Laugarren bisita izango den honetan, Luganskyk, 1994an Txaikovski Lehiaketa irabazi zuenak eta azken hamarkadetako artista errusiar sarituenetakoak, bere partiturarik zailena izango du aurrez aurre, Pianorako 3. Kontzertua, Rakhmaninovek berak, instrumentuaren historiako pianistarik onenetako batek, idatzi zuena, interprete gisa duen birtuosismoa erakusteko helburuarekin.

Kontzertua 1909ko udan konposatu zuen Rakhmaninovek Ivanovkan zuen familiaren etxaldean, Estatu Batuetan lehen bira egiteko prestatzen ari zen bitartean. Urte hartako irailaren 23an amaitu zuen, eta itsasontzira eraman zuen teklatu mutu batean zeharkaldi atlantikoan ikasi ondoren, berak estreinatu zuen bakarlari gisa 1909ko azaroaren 28an New Yorken. Handik aste gutxira, Gustav Mahlerren gidaritzapean, New Yorken joko zuen berriro, musikako bi erraldoiren arteko elkarlan historiko batean. Lanak laster lortu zuen pianorako errepertorioko kontzertu zailenetako bat izatearen ospea, bai idazketa tekniko nekagarriagatik, bai musika eta adierazpen dentsitateagatik.

Pianismoaren mugarri horren aurretik, Rakhmaninoven aurreko belaunaldiko maisu Anatoli Liadoven Laku sorgindua poema sinfonikoaren inpresionismo liluragarria izango dugu; eta, bigarren zatian, beste obra kontzertatzaile baten interpretazioa aurkeztuko du Euskadiko Orkestrak: Bela Bartoken Orkestrarako Kontzertua. 1943an Estatu Batuetan konposatua, Bartok ekonomia eta osasun arazoak pasatzen ari zela, hungariar herrikide batzuek isilpean egin zioten enkargua, murgilduta zegoen depresiotik ateratze aldera. Emaitza, Serge Koussevitzkiren ustez, «azken mende laurdenean idatzi den lanik onena» izan zen.

Eslovakiar Juraj Valcuhak, Houstongo Sinfonikoaren eta Tokioko Yomiuri Symphony Orchestraren zuzendari titularrak, zuzenduko du kontzertu-programa berri hau, Euskadira egingo duen hirugarren bisita honetan.

 

 

Sarreren salmenta

 

Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.

Orriak