Osteguna 01 Abendua, 2022

Mendelssohn familiaren talentu handia izango da protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Mendelssohn familiaren talentu handia izango da protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Euskadiko Orkestrako interpretez osatutako Minerva Laukoteak Fanny Mendelssohn eta Felix Mendelssohn anai-arreben hari-kuarteto bana eskainiko du larunbat honetan, abenduak 3, 11:00etan, Miramonen egingo den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, abenduak 3, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko bosgarren hitzordua izango da. Bertan, Minerva Laukoteak Fanny Mendelssohn eta Felix Mendelssohn anai-arreben hari-kuarteto bana eskainiko du. Taldeko kide guztiak orkestrako musikariak dira: Laura Balboa (biolina), Raquel Cortinas (biolina), Monika Mazur (biola) eta Beatriz Linares (biolontxeloa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Lehenik eta behin, Fanny Mendelssohnek 1834an idatzitako Hari-kuartetoa entzungo da Matinéean. Emakume batek konposatutako lehen kuartetoetako bat da, eta konpositorearen beraren amaitu gabeko pianorako sonata batean oinarritzen da. Obra bikain eta rapsodiko hau Adagio ma non troppo luze eta ilun batekin irekitzen da, eta Allegretto oso jostalari batek jarraitzen dio. Bi mugimendu horiek sonata horren hasierako mugimenduen bertsio birlanduak dira. Ondoren, Romanzean, konpositoreak Erromantizismo alemaniarreko mundu oniriko bat eraikitzen du originaltasun harmoniko harrigarridun musika batean. Argi pixka bat nabari da kuartetoa ixten duen Allegro moto vivacean.

Felix Mendelssohnen 2. Hari-kuartetoa, bestalde, Beethovenen kuartetoen idazkeraren omenalditzat har daiteke. Alemaniar ospetsua 1827ko martxoan hil zen, eta Mendelssohnek hilabete batzuk geroago idatzi zuen lan hau. Bertan ‘Beethoven une’ batzuk entzuten dira, ia aipu bezala uler daitezkeenak eta, hala ere, Mendelssohnen estiloaren eta ikuspegi sortzaile orijinalaren erakusgarri dira. Baina konexiorik interesgarriena Mendelssohnek lehenago idatzi zuen abesti batekin ezartzen dena da: Frage (Galdera). Abesti hau kuartetoan zuzenean aipatzen da, hasieran eta amaieran. Irekieran, ‘Ist es wahr?’ (‘egia al da?’) galderaren hiru silabak aipatzen dira. Galdera honi darizkion nerabezaroko itxaropenak eta ziurgabetasunak obra osoa bultzatzen dute tentsio dramatikoarekin, eta bukaeran bakarrik entzuten dugu galderaren erantzun gisa aurkezten den musika: ‘Sentitzen dudana berak bakarrik atzematen du, nirekin sentitzen duena eta beti leial zaidana…’.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 29 Azaroa, 2022

‘Elkano’ proiektuaren itxierak eta Brucknerren ‘Zortzigarrenak’ osatuko dute Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa ‘Handiena’

‘Elkano’ proiektuaren itxierak eta Brucknerren ‘Zortzigarrenak’ osatuko dute Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa ‘Handiena’

‘Carmina Burana’-k izan berri duen arrakastaren ostean, Euskadiko Orkestra kontzertu-programa berri batekin dator, musikaren handitasuna jorratuko duena balentria musikal bikoitz baten bidez: ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiektuaren amaiera eta Brucknerren eta haren 70 minutuko asmo handiko ‘Zortzigarren Sinfonia’.

Abenduaren 1etik 9ra ohiko lau hiriburuetan Robert Treviñok zuzenduko dituen kontzertu guztietako sarrerak salgai daude.

Euskadiko Orkestrak ostegun honetatik aurrera asmo handiko kontzertu-programa bati egingo dio aurre, 22-23 Denboraldiko laugarrena, ‘Handiena’ izenekoa. Robert Treviño titularra berriz itzuliko da podiumera orkestra zuzentzeko datozen egunetan ohiko lau hiriburuetan izango diren bost kontzertuetan: ostegunean, abenduak 1, Donostiako Kursaal Auditoriumean; ostiralean, abenduak 2, Gasteizko Principal Antzokian; astelehenean, abenduak 5, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, abenduak 7, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostiralean, abenduak 9, berriz Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Zuriñe F Gerenabarrena gasteiztar musikagilearen Lorratzen erabateko estreinaldiarekin hasiko da programa. Obra honen interpretazioarekin, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektua azken portura iritsiko da, eta lau urteko balentria musikala itxiko da. Pandemia ere tartean izan da, eta horrek balentria bera irudikatzen ere lagundu du nolabait. Lorratzek Victoria itsasontzia Sanlucar de Barramedako portura iritsi zeneko unea ospatzen du eta, horrela, lehen mundubiraren amaieraren irudikapena osatzen du. Zuriñek berak azaldu duenez, «Lorratz konposatzeak esploratzera bultzatu nau, soinu-bidaia honen nabigatzaile hipotetiko gisa, espazio ezezagunari begiratzean azaleratzen den sentipen neurrigabea adieraziz. Ordena, kaosa, liskarra eta begiespena barne hartzen ditu soinu-bidaia zirkular honek, handitasun likidoaren eta unibertso neurrigabearen ideiarantz hedatzen den indar zentrifugo gisa».

Proiektu hau, beraz, lau urteren ondoren amaitzen da, bost euskal konpositorek Getariako marinelaren bidaia harrigarri hartako pasarteak musikaren bidez marrazteko sortutako obren estreinaldiaren ostean:

 

1) Mikel Chamizo (Tolosa, 1980):  Navigare necesse est (Espedizioaren hasiera, 2019ko urria)
2) Mikel Urquiza (Bilbo, 1988):  Mis monstruos marinos (Hegoamerika, 2021ko urtarrila)
3) Joel Merah (Clichy, 1969):  Jakinduriaren usaina (Ozeano Barea, Asia, 2022ko otsaila)
4) Teresa Catalán (Iruña, 1951): La victoria vacía (India-Afrika, 2022ko maiatza)
5) Zuriñe F Gerenabarrena (Gasteiz, 1965): Lorratz (Itzulera eta iritsiera, 2022ko abendua)

 

Robert Treviñok, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren alma materrak, orain proiektua ixteaz ere arduratuko denak, errepertorio Erromantikoaren katedral handienetako bati helduko dio ondoren: Anton Brucknerren 8. Sinfoniari. Tragediatik garaipenera doan planteamendu musikalarekin, Zortzigarrena pixkanaka apoteosi sinfoniko baterantz igotzen da. Konpositore austriarraren musikan aditu izanik, Brucknerrena izan zen Treviñok euskal entzuleen aurrean 2016an zuzendu zuen lehen konposizioa eta, ordutik, maiz agertu da orkestraren programazioan. Treviñok berak azaltzen duenez, «Brucknerren 8. Sinfonia,

‘Apokalipsia’ izenez ere ezagun dena, ez da asko interpretatzen, orkestra-indar izugarria behar baitu. Baina musika lan-aparta da, arimaren gainbeherak eragindako hondamendiaz hitz egiten duena, eta denok eskuak batu eta argira ez bagoaz gertatu daitekeenaz».

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus webgunean, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Osteguna 24 Azaroa, 2022

ETB2 berriz hasiko da Euskadiko Orkestraren kontzertuak ematen larunbat goiz guztietan

ETB2 berriz hasiko da Euskadiko Orkestraren kontzertuak ematen larunbat goiz guztietan

Datozen hilabeteetan etenik gabe izango den emisio-bloke berri hau larunbat honetan hasiko da azaro hasieran Roberto Foresen zuzendaritzapean emandako ‘Mamuak’ kontzertu-programarekin. Bertan nabarmentzekoak dira Gary Carpenterren ‘Mamu kantak’ obraren estreinaldia Easo Gazte eta Easo Eskolaniarekin batera eta Txaikovskiren ‘Laugarrena’.

Telebistako emisio berriak egin ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuetan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean publikoaren eskura jartzen jarraituko du.

Euskadiko Orkestrak eta EITBk orkestraren jarduera grabatu eta zabaltzeko duten konpromisoaren baitan, katearen larunbat goizetako tartera itzuliko da orkestra, Denboraldiko kontzertuak erakusten jarraitzeko.

Emisio-bloke berriak etenik gabe jarraituko du datozen hilabeteetan zehar, eta 22/23 Denboraldiko kontzertu berrienak eskainiko ditu, aurreko denboraldiko beste berremisio batzuekin tartekatuta.

Honako hauek dira datozen kontzertuak (beti larunbatetan eta 11:00etan, Gabonetako data zehatzetan izan ezik):

  • Azaroa 26: FANTASMAS. Roberto Forés / Easo Gazte & Easo Eskolania
  • Abendua 3: (Berremisioa) BRAHMS FEST. Robert Treviño / Dmitri Makhtin / Alexey Stadler / Tom Borrow
  • Abendua 10: (Berremisioa) TXAIKOVSKI (1. Sinfonia) + GAIGNE (Urrutiko arimak). Jaume Santonja
  • Abendua 17: (Berremisioa) TXAIKOVSKI (3. Sinfonia) + GAIGNE (Urruneko azalak). Jaume Santonja
  • Abendua 25: CARMINA BURANA. Pablo González / Jone Martínez / Carlos Mena / Javier Franco / Donostiako Orfeoia
  • Urtarrila 7: LA MÁS GRANDE. Robert Treviño
  • Urtarrila 14: (Berremisioa): XOSTAKOVITX + GINASTERA. Robert Treviño / Xavier De Maistre
  • Urtarrila 21: (Berremisioa): BEETHOVEN + BARTOK / MERAH. Mei-Ann Chen / Varavara
  • Urtarrila 28: (Berremisioa): BERNSTEIN + ZHOU. Robert Treviño / Yulianna Avdeeva
  • Otsaila 4: (Berremisioa): BRAHMS RÉQUIEM. Georg Mark / Ainhoa Arteta / Michael Nagy / Orfeón Pamplonés
  • Otsaila 11: (Berremisioa): MAHLER. Robert Treviño / Sarah Fox / Justina Gringyte / Donostiako Orfeoia
  • Otsaila 25: (Berremisioa): DUTILLEUX + ELGAR / CATALÁN. Robert Treviño / Asier Polo

 

Datozen datak aurrerago emango dira ezagutzera. ETBk Euskalduna Jauregian grabatu ditu kontzertuak, salbuespenak salbuespen.

 

 

Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanala

 

Telebistako emisio berriak egin ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuetan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean publikoaren eskura jartzen jarraituko du.

Osteguna 24 Azaroa, 2022

Belharrak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Belharrak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Euskadiko Orkestrako interpreteez osatutako laukoteak Franz Schuberten bi hari-kuarteto eskainiko ditu larunbat honetan, azaroak 26, 11:00etan, Miramonen egingo den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, azaroak 26, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko laugarren hitzordua izango da. Bertan, Belharrak ‘Dardara eta nostalgia’ izeneko kontzertua eskainiko du, Franz Schuberten bi hari-kuarteto barne hartuko dituena. Taldeko kide guztiak orkestrako musikariak dira: Anne-Marie Harmat (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola) eta Pascale Michaud (biolontxeloa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Lehenik eta behin 12. Hari-kuartetoa entzungo da. Austriarraren amaitu gabeko lana da, eta bere mugimendu bakarra jotzen da; hortik datorkio «Quartettsatz» edo «Kuarteto-mugimendua» izena. Idatzi zuenean, 1820an, Schubert bere bizitzako oso garai ilun batean murgilduta zegoen eta, hain zuzen ere, urte horretan ez zuen amaitu idazten hasi zen obretako bakar bat ere, kuarteto hau barne. Mugimenduan oso giro tragikoa nabari da eta bertan musikagilea une latz horietan sentitzen ari zen larritasuna antzematen da.

Bigarrenik 15. Hari-kuartetoa joko du Belharrak, hari-laukoterako literaturako harribitxietako bat. Schubertek idatzi zuen ezaugarri horietako azken obra da, eta hamar egunetan baino ez zuen egin, 1826ko ekainaren 20tik 30era. Konpositore austriarra bizirik zegoen bitartean lehen mugimendua baino ez zen interpretatu, eta lehen interpretazio integrala 1850ean egin zen, konpositorea hil eta hogei urte baino gehiagora. Idazkeraren antolamenduagatik, «Dardara-kuartetoa» izena eman zitzaion, obran zehar «tremolo» («arku-dardara») ugari agertzen baitira. Dardara horiek, modu maior eta minor arteko etengabeko trukeei eta tonalitate-aldaketa sarriei gainjartzen zaizkienak, mundu larrigarri batera garamatzate, baina aldi berean lurrunezkoa, kotoizkoa eta gautarra dirudiena, nostalgiaz betea. Unibertso geldia eta ezegonkorra, poetikoa eta dramatikoa aldi berean.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Ostirala 18 Azaroa, 2022

Beti erakargarria den ‘Carmina Burana’ obra izango da Euskadiko Orkestraren programa berriaren protagonista

Beti erakargarria den ‘Carmina Burana’ obra izango da Euskadiko Orkestraren programa berriaren protagonista

125 urte bete berri dituen Donostiako Orfeoiak, Carlos Mena gasteiztarrak, Jone Martinez bizkaitarrak eta Javier Gallego galiziarrak osatzen dute abeslari-zerrenda, Pablo Gonzalezen zuzendaritzapean.

Euskadiko Orkestrak bere auditoriumak beteta ikusiko ditu berriro; Gasteizen, Iruñean eta Donostian dagoeneko bukatu dira sarrerak; Bilborako sarrerak baino ez dira geratzen.

Euskadiko Orkestrak musika klasikoaren historiako obra ospetsu eta interpretatuenetako baten aldeko apustua egingo du Denboraldiko hirugarren programan: Carl Orffen Carmina Burana. Gainera, musikagile alemaniarraren obra ikaragarriaren aurretik Richard Straussen Don Juan interpretatuko du orkestrak datozen egunetan ohiko lau hiriburuetan emango dituen bost kontzertuetan: azaroaren 21ean, astelehena, Gasteizko Principal Antzokian; azaroaren 22an, asteartea, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; azaroaren 23an, asteazkena, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta azaroaren 24an eta 25ean, osteguna eta ostirala, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

O Fortuna ospetsuarekin hasten da Carmina Burana, obraren amaieran ere itzultzen den ereserki hunkigarria, gure bizitzak Fortuna jainkosaren apeten mende daudela gogorarazteko. Zalantzarik gabe, musikaren historiako partitura koralik ospetsuenetako bat da, eta gaur gurekin daukagun abesbatzari oso lotua egon da beti. Izan ere, Donostiako Orfeoia espezialista da Orffen partituran. 1960an sartu zuen bere errepertorioan eta, ordutik, hainbat eta hainbat aldiz interpretatu du oso orkestra garrantzitsuekin, hala nola Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin, Royal Philharmonic-ekin eta London Symphony Orchestrarekin. José Antonio Sainz Alfaro Orfeoiaren zuzendariaren hitzetan, «zenbat eta gehiagotan interpretatu, orduan eta aberastasun handiagoa eskuratzen duzu harengandik», eta munduan abesbatza gutxik interpretatu dute Donostiako Orfeoiak adina aldiz. Beraz, obra ezin hobea da Orfeoiaren 125. urteurrena eta Euskadiko Orkestraren 40. urteurrena elkarrekin ospatzeko.

Hiru ahots-solistarekin partekatuko dute agertokia. Jone Martinez, Sopelan jaiotako soprano gaztea, proiekzio zinez handia duen euskal abeslari liriko bat da, eta honako hau bere debuta da Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian. Carlos Mena gasteiztarra gure abeslari ezagunenetako bat da nazioartean. Horrez gain, moldakortasun handiko kontratenorra da, Errenazimentuko eta Barrokoko musika nahiz XX. eta XXI. mendeetakoa jorratzen baititu. Javier Franco galiziar baritonoak, besteak beste Bartzelonako Viñas eta Irungo Luis Mariano lehiaketa ospetsuen irabazleak, osatzen du hirukote bokala. Pablo González, programaren buru izango dena, RTVE Orkestraren zuzendari titularra da eta, lehenago, Orquesta Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunyakoa izan zen.

Carl Orffek 1935. eta 1936. urteen artean idatzi zuen bere Carmina Burana kantata eszenikoa, berrogei urte bete berritan. Hain zuzen, bere ibilbidearen une horretan, gaztaroko obretan landutako Schoenberg eta Strauss maisuen estiloko kromatismoa alde batera uztea erabaki zuen, doinu sinpleen eta erritmo primitiboen obsesioan bete-betean murgiltzeko. Horretarako material ezin egokiagoa aurkitu zuen XI., XII. eta XIII. mendeetako goliardoen poema bilduma batean. Horrekin guztiarekin sortu zuen partituran musikaren dimentsio biziena gailentzen da, eta mugimendu bakoitza behin eta berriz errepikatzen diren sekzioetan oinarrituta eraikitzen da. Koruak eta ariak ere efektu eta antzerki-jite handikoak dira; izan ere, Orffek ez zuen Carmina Burana kontzertu-bertsioan interpretatzeko sortu, baizik eta Theatrum Mundi deitzen zuen ikuskizun oso gisa. Eta, hain zuzen, ikuskizun-ideia horretan nota bakoitzak lotura estua izan behar zuen dantzarekin, diseinu bisualekin eta ekintza eszenikoarekin.

Programa berri honetan, Carmina Buranaren aurretik Don Juan interpretatuko du orkestrak, 25 urteko Richard Strauss gaztea famatu egin zuen poema sinfonikoa. Lanak irauten duen 17 minutuetan, poema sinfonikoak pertsonaiaren aurkezpen distiratsua, maite-jolas bat, bi erromantze eta hil arteko duelua eskaintzen ditu.

Sarrerak salgai daude Bilboko kontzerturako euskadikoorkestra.eus-en, baita leihatilan ere, 10 eta 38 euro bitartean. Dagoeneko bukatu dira Gasteizko, Iruñeko eta Donostiako sarrerak.

Ostirala 04 Azaroa, 2022

Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok ‘Ravel 2’ disko berria argitaratu dute nazioartean

Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok ‘Ravel 2’ disko berria argitaratu dute nazioartean

Ondine diskoetxepean argitaratu berri den grabazio honek Pierre Boulezen orkestraziodun ‘Frontispice’ obraren munduko lehen erregistroa barne hartzen du, baita ‘Ma mère l’Oye’ ballet partituraren grabazio osoa ere. 

Gramophone aldizkari prestigiodunak "disko bikain" gisa izendatu du dagoeneko argitaratu duen kritikan. Diskoa plataforma digital nagusi guztietan dago eskuragarri. 

Ziburuko konpositoreari eskainitako lehen albumarekin lortutako arrakasta handiaren ondoren dator Ravel 2 disko berria. Lehen grabazioak, ziburutarraren produkziorik euskaldunenean oinarrituak, bere lanik ezagunenak biltzen zituen eta mundu osoko komunikabide espezializatu nagusien laudorio eta kalifikaziorik handienak jaso ditu. Ravel 2k, aldiz, konpositore honen obraren alde frantsesa du ardatz. Diskoak, Finlandiako Ondine diskoetxepean argitaratu berri denak, Pierre Boulezen orkestraziodun Frontispice obraren munduko lehen erregistroa barne hartzen du, baita Ma mère l’Oye ballet partituraren grabazio osoa ere. Valses nobles et sentimentales, Menuet Antique eta Shéhérezade (Ouverture de féerie) obrek osatzen dute azaroaren 4an nazioartean argitaratutako disko hau. 70 minutuko iraupena duen albuma 2021eko abenduan Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan grabatu zen. Hona hemen grabazio-saio hartako argazki batzuk:

Ravel 2. Grabazioa / Grabación. Robert Trevino

Honela azaltzen du disko berriaren liburuxkan Euskadiko Orkestraren zuzendari titular Robert Treviñok: “Euskadiko Orkestrarekin grabatu nuen Ravelen lehen diskoa konpositorearen alderdi hispaniar-euskalduna erakusten duten obretan oinarritzen zen. Liburuki honetan, musika-materiala ez da hain esplizituki euskalduna, erritmoei dagokienez edo euskal herri edo hirietan idatzi izanari dagokionez. Hala ere, euskal konpositore handi baten lana esploratzen jarraitzen dugu. Euskadiko Orkestraren eta Ravelen musikaren arteko harremana aspaldikoa da. Oraingoan, errepertorioak neurri handiagoan erakusten du haren alderdi frantsesa” (ikus Robert Treviñok diskoaren liburuxkan idatzitako testu osoa beherago).

Haren musikan murgildu nahi izan du hasieratik Robert Treviñok bere titulartasunaren hasieratik sakon aztertu nahi izan du Ravelen euskal nortasuna, baita Euskadiko Orkestrak konpositore horren hizkuntzaz dakiena eta ulertzen duena munduarekin partekatu ere. Eta hala egin du orkestraren buru izaten daraman bosturteko honetan. Bere titulartasunaren baitan Ravelekin lotutako mugarri batzuk aipatzearren, Treviñok eta Euskadiko Orkestrak Ravelen musika aurkeztu dute urteotan Kontzertu Denboraldian, eta baita Parisko Théâtre des Champs-Élyséesen ere, non 2020 hasieran orkestra estreinakoz aritu zen. Orain Ondinerekin egin berri diren bi grabazio hauei Poloniarako bira bat ere gehitu behar zaie, 2023ko martxoan egingo dena, non titularra eta orkestra Ravelen Bolérorekin aurkeztuko diren.

 

 

Ondinerekin egindako grabazioen nazioarteko arrakasta

 

Hau da Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok elkarrekin egiten duten hirugarren grabazioa, Naxos taldeko Ondine finlandiar diskoetxe ospetsuarekin. Gramophone musika klasikoko aldizkari ospetsuak erregistro berri honen lehen aipamena argitaratu du dagoeneko eta "disko bikaina" dela esan du.

Ravel lehen albumak Japonia, Australia, Frantzia eta AEBetako hedabide nagusien askotariko laudorioak eta ‘Hileko diskoa’ aitorpenak erakarri zituen, baita Classica eta Classics Today bezalako argitalpen ospetsuen bost izarren aipamenak ere. Ondoren, orkestrak beste grabazio bat egin zuen Ondinerekin, Americascapes izenekoa eta oso ezagunak ez diren konpositore amerikarretan oinarritua. Grabazio honek ere antzeko errekonozimenduak lortu ditu, tartean Gramophone sarirako 'Orkestra-grabazio onena' izendapena, Presto Music-en (Erresuma Batua) ‘2021eko grabazio onena’, PhonoForum-en 'Hileko grabazioa', Limelight-en 'Hileko grabazioa' eta Classics Today eta Classicaren bost izar. The New Yorker argitalpeneko Alex Rossek "harrigarriki bikainak" eta "apartak" direla esan zuen.

 

 

Non eskuratu ‘Ravel 2’ diskoa

 

Diskoa formatu fisikoan eskuratu ahal izango da aurretiko eskaera eginda establezimendu komertzialetan (Elkar, Fnac, El Corte Inglés...) eta eskuragai dago jada Spotify, Apple Music, iTunes eta antzerako beste plataforma digital nagusietan.

 

 

Robert Treviñoren ‘Ravel 2’-ri buruzko ohar osoa

 

Euskadiko Orkestrarekin grabatu nuen Ravelen lehen diskoa konpositorearen alderdi hispaniar-euskalduna erakusten duten obretan oinarritzen zen (Ravel Ziburun jaio zen eta bere konposizio askok euskal kulturaren alderdiak barneratzen dituzte). Liburuki honetan, musika-materiala ez da hain esplizituki euskalduna, erritmoei dagokienez edo euskal herri edo hirietan idatzi izanari dagokionez. Hala ere, euskal konpositore handi baten lana esploratzen jarraitzen dugu. Euskadiko Orkestraren eta Ravelen musikaren arteko harremana aspaldikoa da. Oraingoan, errepertorioak neurri handiagoan erakusten du haren alderdi frantsesa: Ma mère l'Oye ballet bihurtzetik Shéhérazade estilo apaindu eta inpresionista frantsesean konposatzeraino.

Frontispice bereziki interesgarria da arlo horretan; izan ere, hiru minutuko oso pieza ezohiko bat da, jatorriz bi pianorako idatzia. Musika frantses modernista da, benetan kontzeptuala, eta Messiaenen musikatik Debussyrenetik baino askoz hurbilago dago, hainbat arrazoirengatik. Eta grabatu dugun moldaketa Ravelen defendatzaile bikain eta Frantziako orkestra-zuzendari handi Pierre Boulezek orkestratu zuen.

Hori horrela, gure lehen albuma Ravelen euskalduntasunaren adierazpen bat izan zen; bada, honek frantsesa ere bazela irudikatzen du. Valses nobles et sentimentales horren beste adibide on bat da: lehenengo liburukiko La Valseren basakeriarekin kontrastean, honek bals zalapartatsu baina oso dotoreak biltzen ditu, Parisen entzun zitezkeenen modukoak, Vienatik zetozen influentziekin. Obra hau entzuten dudanean Montmartre inguruan nagoela sentitzen dut!

Bide batez, Ravelen eragin frantsesen eta euskaldunen nahasketa hori Euskal Herrian ere nabari da, non frantsesekiko harreman estua nabaria den (Donostiako ibaiaren ondoan paseatuz, erraz etorriko zaizkigu burura Sena ibaiaren irudiak eta hura inguratzen duten teilatu grisak). Era berean, gure orkestrako musikari dezente Parisen trebatu ziren. Beraz, Parisko Kontserbatorioaren tradizio frantsesa orkestran zein euskal konpositoreengan sentitzen da –Ramon Lazkano eta José Maria Usandizaga, kasu–. Gure musikari asko, gainera, mugaz bestaldean bizi dira, eta hara eta hona ibiltzen dira. Ravelek espazio horretan bertan jardun zuen, Iberiar Penintsulako eta Frantziako grabitazio-erakarpen berberak sentituz. Eta bere bertsio frantsesenean ere, Ravelen musikaren zintzotasunari, laburtasunari eta sendotasunari euskal kutsua hartzen diet nik.

 

Osteguna 03 Azaroa, 2022

Sexteto Apasionadok eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Sexteto Apasionadok eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Euskadiko Orkestrako interpreteez osatutako seikoteak Johannes Brahmsen ganberako lehen maisulanetako bat joko du, ‘1. Hari-sestetoa’, larunbat honetan, azaroak 5, 11:00etan, Miramonen egingo den kontzertuan.

Larunbat honetan, azaroak 5, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hirugarren hitzordua izango da. Bertan, Sexteto Apasionadok ‘Betiereko maisulana’ izeneko kontzertua eskainiko du, Johannes Brahmsen 1. Hari-sestetoari erreferentzia eginez, obra horri eskainiko baitzaio Matinéea oso-osorik. Taldeko kide guztiak orkestrako musikariak dira: Xabier de Felipe (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Pawel Krymer (biola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Beatriz Linares (biolontxeloa).

Johannes Brahmsek 1860an konposatu zuen bere lehen ganbera-maisulanetako bat bezala hartzen den 1. Hari-sestetoa. Lana bi biolin, bi biola eta bi biolontxeloz osatutako hari-seikote batentzat idatzi zuen. Ez da oso ohiko formazioa, pianoa alde batera uzten baitu, baina Brahms oso eroso sentitzen zen harekin, eta 1864 eta 1865 artean antzeko ezaugarriak zituen beste obra bat sortu zuen: 2. Hari-sestetoa.

Musikagile alemaniarrarentzat obra hau konposatu zueneko aldia fantasiaz, kolorez, poesiaz eta amets gozoz betetako garaia izan zen, udaberri garaia azken batean, eta horregatik, sei instrumentistentzako lehen lan hau ‘Fruhlingssextett’ bezala bataiatu zuen, ‘Udaberriko sestetoa’, alegia.

Sestetoa Hannoverren estreinatu zen 1860an bertan eta lehen egunetik arrakasta izan zuen. Clara Schumannek oso gustuko izan zuen obra; hainbeste, non konposizioaren urte berean, Brahmsek bigarren mugimendua pianorako solo gisa transkribatu baitzuen, eta moldaketa Schumanni berari eskaini zion.

Sestetoaren egiturari dagokionez, lehen mugimenduko eta azken mugimenduko tema nagusiak antzekoak dira (lehen mugimenduko biolontxeloaren temaren lehen lau notak ia amaierakorenak bezalakoak dira), eta badira bi mugimenduen arteko beste antzekotasun gehiago ere, obra entzutean erraz identifika daitezkeenak.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 02 Azaroa, 2022

Naturaz gaindiko gaiak dituzten Musorgski eta Dvoraken obrak eta Txaikovskiren ‘Laugarren’ handia Euskadiko Orkestraren biharko Gasteizko kontzertuan

Naturaz gaindiko gaiak dituzten Musorgski eta Dvoraken obrak eta Txaikovskiren ‘Laugarren’ handia Euskadiko Orkestraren biharko Gasteizko kontzertuan

‘Mamuak’ izenburupean, Euskadiko Orkestraren Denboraldiko Gasteizko bigarren kontzertuak barne-gatazkei, beldurrei eta gainditzeari buruz hitz egingo dute Musorgskiren (‘Gaua mendi gorrian’), Dvoraken (‘Eguerdiko sorgina’) eta Txaikovskiren (‘4. Sinfonia’) musikaren bidez, Roberto Foresen zuzendaritzapean.

Azaroaren 3an 19:30ean Gasteizko Principal Antzokian izango den kontzertu honetarako sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera.

Euskadiko Orkestrak pasa den urriaren 28an ekin zion 22-23 Kontzertu Denboraldiko bigarren programari, ‘Mamuak’ izenekoari. Donostian, Iruñean eta Bilbon kontzertuak eskaini ostean, Gasteizko Principal Antzokira ostegun honetan iritsiko da, azaroak 3, 19:30ean, aldaketa txiki bat izan duen programa batekin. Gainontzeko hirietan bezala, orkestrak Musorgskiren Gaua mendi gorrian eta Txaikovskiren 4. Sinfonia interpretatuko ditu, baina Antonin Dvoraken Eguerdiko sorginak Carpenterren Ghost Songs ordezkatuko du Gasteizko egitarauan, izan ere, obra horren dimentsio teknikoak Principal Antzokiko eszenatokian interpretatzea eragozten baitu. Kontzertua Roberto Foresek zuzenduko du, Euskadiko Orkestraren buru lehendabizikoz arituko den Valentziako zuzendariak.

Aldaketa gorabehera, Gasteizko kontzertuak ere naturaz gaindikoaren gai berari jarraituko dio, Santu Guztien Egunari eta Halloween egunari erreferentzia eginez.

Kontzertuaren lehen zatian, ibilbide krepuskular batean murgilduko gaitu Euskadiko Orkestrak. Eta, hasteko, izuaren klasiko errusiar garrantzitsuena izango dugu: Modest Musorgskiren Gaua mendi gorrian, akelarre bat irudikatzen duena. Kontzertuak Antonin Dvorakek idatzitako Eguerdiko sorgina poema sinfoniko ilunarekin jarraituko du. Obra hau 1895ean idatzi zuen Pragan konpositore txekiarrak, bere abentura amerikarra amaitu ondoren, eta Euskadiko Orkestrak lehendabizikoz interpretatuko du pieza hau.

Kontzertu honen ardatza izango den obra bigarren zatian iritsiko da: Txaikovskiren Laugarrena. Obra autobiografikoa da, konpositoreak bertan irauli zituen bere barne-gatazkak, beldurrak eta mamuak, eta emaitza erromantizismoz, indarrez, emozioz, ñabarduraz betetako sinfonia hau da. 4. Sinfonia zorigaiztoko senar-emazte harreman traumatiko bat hasi aurretik, zirauen bitartean eta ondoren idatzia izan zen; 1878n San Petersburgon estreinatu zuten, konpositorea falta zela, eta bere obra ezagunenetako batean bilakatu da.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Fundación Banco Sabadellen laguntzarekin

 

Fundación Banco Sabadell programa honen laguntzailea da.

 

Asteazkena 26 Urria, 2022

Txaikovskiren ‘Laugarren’ ikusgarria eta Easo Abesbatzaren 60 gazte izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

Txaikovskiren ‘Laugarren’ ikusgarria eta Easo Abesbatzaren 60 gazte izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

‘Mamuak’ izenburupean, datozen kontzertuek barne-gatazkei, beldurrei eta gainditzeari buruz hitz egingo dute Musorgskiren (‘Gaua mendi gorrian’), Txaikovskiren (‘4. Sinfonia’) eta Gary Carpenterren musikaren bidez. Azken honen ‘Mamu kantak / Ghost Songs’ obraren estreinaldiak eramango ditu Easo Gazte eta Easo Eskolania eszenatoki gainera.

Roberto Foresek zuzenduko dituen kontzertu hauetarako guztietarako sarrerak salgai daude 10 eurotik aurrera.

Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 22-23 Kontzertu Denboraldiko bigarren programari aurre egingo dio, ‘Mamuak’ izenekoa. Kontzertuak Roberto Foresek zuzenduko ditu, Euskadiko Orkestraren buru lehendabizikoz arituko den Valentziako zuzendariak, eta datozen egunotan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiraletan, urriak 28 eta azaroak 4, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, urriak 31, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, azaroak 2, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegunean, azaroak 3, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Easo Abesbatzako 60 gazte igoko dira Euskadiko Orkestraren eszenatokietara Gary Carpenterren Mamu kantak / Ghost Songs obra estreinatzeko. Obra hau hiru orkestra britanikok (Royal Scottish National Orchestra, City of Birmingham Symphony Orchestra eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestra) eta Euskadiko Orkestrak elkarrekin enkargatu zuten, eta pandemiagatik atriletara eramatea ezinezkoa izan bazen ere, orain Foresen zuzendaritzapean entzun ahal izango da.

Abesbatzaren zuzendari Gorka Mirandak azaldu duenez, Easo Gazte eta Easo Eskolania abesbatzetako 11 eta 19 urte bitarteko 60 gazte hauek uda aurretik dihardute obra hau prestatzen eta orain iritsi da emaitza aurkezteko unea. “Obra honetako ezaugarri nabarmenena da abesbatza pertsonaia zentrala dela, abesbatzak du boterea eta orkestra bere zerbitzura jartzen da. Esparru sinfoniko-koralean aski zaila da horrelako ezaugarriak dituen obra bat aurkitzea”. Hogei minutuko obra hau osatzen duten sei kantuek kultur ondare anglosaxoieko testuak dituzte, gehienak Marion Angusek eta Robert Louis Stevensonek idatziak, eta mundo oniriko bat marrazten dute, mamuz, ilunabarrez, mitologiaz eta kondairaz osatua. Poemak, jatorrian ingelesez idatziak, euskarara moldatu dira azterketa sakon baten ostean eta lehendabizikoz aurkeztuko dira hizkuntza horretan.

Bestalde, kontzertu hauetako beste ardatzetako bat Txaikovskiren Laugarrena izango da. Obra autobiografikoa da, konpositoreak bertan irauli zituen bere barne-gatazkak, beldurrak eta mamuak, eta emaitza erromantizismoz, indarrez, emozioz, ñabarduraz betetako sinfonia hau da. 4. Sinfonia zorigaiztoko senar-emazte harreman traumatiko bat hasi aurretik, zirauen bitartean eta ondoren idatzia izan zen; 1878n San Petersburgon estreinatu zuten, konpositorea falta zela, eta bere obra ezagunenetako batean bilakatu da.

Obra horien aurretik naturaz gaindiko gaien inguruko beste pieza bat joko du orkestrak: Modest Musorgskik Gaua mendi gorrian konposizioan islatutako akelarrea.

 


Antonin Dvoraken Eguerdiko sorgina Gasteizen

 

Kontzertu horien gaiarekin jarraituz, Antonin Dvoraken Eguerdiko sorginak Carpenterren Ghost Songs ordezkatuko du Gasteizko egitarauan. Obra horren dimentsio teknikoak Principal Antzokiko eszenatokian interpretatzea eragozten du. Dvorakek bere abentura amerikarraren ondoren 1895ean Pragan idatzitako poema sinfoniko iluna da Eguerdiko sorgina, eta Euskadiko Orkestrak interpretatzen duen lehen aldia izango da.

 

 

Fundación Banco Sabadellen laguntzarekin

 

Fundación Banco Sabadell programa honen laguntzailea da.

 

Osteguna 20 Urria, 2022

Bilboko Koral Elkarteak eta Euskadiko Orkestrak ‘Lide ta Ixidor’ opera berreskuratu eta disko gisa argitaratu dute

Bilboko Koral Elkarteak eta Euskadiko Orkestrak ‘Lide ta Ixidor’ opera berreskuratu eta disko gisa argitaratu dute

Santos Inchaustik 1910ean idatzitako haurrentzako ipuin liriko honek bi ekitaldi eta epilogoa ditu, eta bere berreskurapen eta erregistro diskografikoa Bilboko Koral Elkarteak bultzatzen duen Euskal Opera proiektuaren barruan kokatzen da.

Bilboko Koral Elkartea buru duen Euskal Opera euskal ondare lirikoa berreskuratzeko proiektuaren barruan, Charles Colinen Maitena eta Jesus Guridiren Mirentxu obrak berreskuratzea bultzatu da. Orain, ekimen beraren baitan, Santos Inchaustiren (1868-1925) Lide ta Ixidor haurrentzako ipuin lirikoa aurkezten da. Bilboko Koral Elkarteak ipuin hori grabatzeko Euskadiko Orkestra izan du lagun, hain zuzen orkestraren helburu nagusietako bat baita euskal musika sortzea eta zabaltzea grabazio diskografikoen bidez.

Lide ta Ixidor haurrentzako ipuin lirikoaren kontzepzioak ez zituen garaiko ideologia nazionalistatik hurbil zegoen antzerki lirikoaren ohiko ezaugarriak jarraitu: galdutako askatasunen aipamena, euskararekiko maitasuna, kondairazko iragan komuna, landa-ingurune idilikoa eta erlijioaren balioa, lan honetan baztertuak izan ziren ezaugarriak. Hala ere, nabarmentzekoa da Bizkaiko Zubialdea jauregitik gertu dagoen baserri batean dagoela kokatuta istorioa eta Jesusen jaiotza eta Errege Magoen etorrera biltzen dituela. Estreinaldian, 1910eko maiatzaren 24an, prentsak, kronikariek eta musika kritikariek era guztietako goraipamenak egin zituzten.

Libretoa Gabonei buruzko doinu eta narratiba herrikoietan inspiratu bazen ere, a priori konplikaziorik gabe, hain zuzen erraztasun horretan datza obraren arrakasta, garai modernoetan berrinterpretatzeak musika berregiteko lan nekeza ekarri du berekin. Euskadiko Orkestrak jotako particella direlakoen collagea Jesus Mari Sagarnak editatu du, Juanjo Ocón maisuaren batutapean eta bai hark bai Ana Huartek berrikusita. Era berean, testuaren egokitzapena Unai Elorriagak egin du, eta Marta Ubieta, Maite Maruri, Olatz Saitua eta Larraitz Navas bakarlariek abestu, Bilboko Koral Elkarteko haurren eta helduen koruek lagunduta, Jose Luis Ormazabalen eta Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, hurrenez hurren.

Diskoa Ibs Classical diskoetxearen katalogoan eskura daiteke, 14,95 €-ren truke, eta banaketa digitala urriaren 21ean aurkeztuko da nazioarteko hogeita hamar ataritan baino gehiagotan, besteak beste Spotify, Naxos, YouTube, iTunes, Google play eta eclassical atarietan nabarmengarrietan.

Orriak