Asteartea 22 Martxoa, 2022

Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berria hasi da artisten zerrenda eguneratuta

Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berria hasi da artisten zerrenda eguneratuta

Euskadiko Orkestrak Brahmsen ‘Requiem alemana’ interpretatzeko goi-mailako ahotsak gonbidatu ditu: Olga Pasichnyk soprano ukrainarra (orain gutxi bertan behera geratu den Ainhoa Arteta ordezkatuko duena); Johann Kristinsson baritono islandiarra (hasiera batean aurreikusitako Michael Nagy ordezkatzen duena); eta Iruñeko Orfeoia.

Georg Marken zuzendaritzapean, kontzertuak ohiko lau hiriburuetan izango dira martxoaren 23tik apirilaren 1era eta sarrerak salgai daude saio guztietarako.

Euskadiko Orkestrak duela egun gutxi iragarri zuen Ainhoa Arteta sopranoaren parte-hartzea bertan behera geratu zela, eta ‘Brahms Requiem’ kontzertu-programa berriaren bezperan, baieztatu du Olga Pasichnyk soprano ukrainarra izango dela ordezkoa. Ahotsen atalean, programa honek Johann Kristinsson (hasieran aurreikusita zegoen Michael Nagy ordezkatuko duena) eta Iruñeko Orfeoia (pandemiaren ondoren orkestraren kontzertuetara itzuliko den lehen abesbatza) ere izango ditu. Georg Mark austriarrak, XIX. mendeko germaniar errepertorioko espezialista handiak, zuzenduko du dimentsio handiko programa sinfoniko-koral hau, duela bi urte baino gehiagotik ezaugarri horietako lehena izango dena.

Kontzertuak martxoaren 23tik apirilaren 1era izango dira ohiko lau hiriburuetan, guztiak 19:30ean:

  • Martxoak 23, asteazkena: Bilboko Euskalduna Jauregia.
  • Martxoak 25, ostirala: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Babeslea: Laboral Kutxa.
  • Martxoak 28, astelehena: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Babeslea: Laboral Kutxa.
  • Martxoak 29, asteartea: Iruñeko Baluarte Auditoriuma.
  • Apirilak 1, ostirala: Gasteizko Principal Antzokia.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Johannes Brahmsen Requiem aleman bat obra sakratua da, requiem oso berezia, bakarra eta nahasgarria alderdi askotan, testutik bertatik hasita. Brahmsek, hildakoen aldeko meza latindarraren bertso liturgiko tradizionaletan beharrean, Luteroren Bibliara jo zuen. Brahmsek ez ditu aipatzen ez Azken Judizioa, ez hildakoen aldeko alegaturik edota otoitzik, ez Kristoren izena. Erredentzioaren erreferentzia bakar bat dago, laburra eta anbiguoa, Jesusen heriotzaren bitartez. Inolako doktrinetan gehiegi oinarritu gabe, kontsolamendu espirituala eta humanoa ematen duten mezuak aukeratu zituen. Brahmsen Requiemak kontsolamendu-hitzak eskaintzen ditu, bizidunak sufrimendu eta heriotzaren ideiarekin adiskidetzeko pentsatuak.

Bremengo estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Requiem aleman bat modan jarri zen Alemaniako elkarte koral ugarien artean eta Brahmsek independentzia ekonomikoa lortu zuen. Hala, hortik aurrera, ia konposatzen soilik jardun zuen. Denbora gehiago behar izan zuen Europaren gainerakoan zabaltzeko, herrialde katolikoetan batez ere, batzuetan errezelo batzuk agertu baitzituzten. XIX. mendeko azken hamarkadan, hala ere, Requiem aleman bat lanak jadanik leku zentrala zuen nazioarteko errepertorio sinfoniko-koralean, gaur egun bezala.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Ostirala 18 Martxoa, 2022

Fernando Velazquezek ‘Viento’ disko berria aurkeztu du, Euskadiko Orkestrarekin grabatua

Fernando Velazquezek ‘Viento’ disko berria aurkeztu du, Euskadiko Orkestrarekin grabatua

Sari ugari jaso dituen konpositore eta orkestra-zuzendari Fernando Velazquezek duela hilabete batzuk Euskadiko Orkestrarekin, Johannes Moser biolontxelojolearekin eta Kup Taldea abesbatzarekin grabatutako ‘Viento’ disko berria kaleratu du martxoaren 18an.

Albumak bere hiru lan biltzen ditu, ‘Biolontxelorako kontzertua’, ‘Cantata de estío’ eta ‘Viento del oeste’, eta oso disko berezia da Velazquezentzat, zinematografia- edo antzerki-proiektu bati ez dagokion bere lehen ekoizpen musikala delako.

Fernando Velázquez: nahiz eta ez dudan funtsezko desberdintasunik aurkitzen beste obra batzuen eta oraingo honetan argitaratzen direnen artean, lehen aldia da zinema- edo antzerki-lan bati ez dagokion obra bat publikoari aurkezten dudala disko-edizioan. Bizitza osoa daramat mota guztietako musika idazten eta beste ezerekin zerikusirik ez duen musika argitaratzen dudan lehen aldia da. Euskadiko Orkestrarekin, Johannes Moserrekin eta Kup Taldearekin izatea oso zirraragarria da haienganako sentitzen dudan miresmenagatik eta grabazioan izan duten inplikazioagatik. Pentatone diskoetxearekin lan egitea ere pozgarria izan da, mundu mailako erreferentziazko diskoetxea baita”.

Fernando Velazquezek Euskadiko Orkestrarekin sarri kolaboratu ohi du. Elkarrekin arrakasta handia lortu dute honako film eta telesailen soinu-bandengatik: A Monster Calls (Velázquezek 2017ko Jatorrizko Kanta Onenaren Goya jaso zuen), Ocho Apellidos Vascos, Contratiempo, Submergence eta Patria. Velazquezek lotura estua du Kup Taldea abesbatza gipuzkoarrarekin, zeinarekin Patria telesailaren eta El Orfanato filmaren musika grabatu duen. Viento-ren baitan egindako Biolontxelorako kontzertuaren grabazioa Johannes Moser alemaniar-kanadar biolontxelojole entzutetsuarekin egindako lehen elkarlana da.

Osteguna 17 Martxoa, 2022

Ainhoa Artetak bertan behera utzi du bere parte-hartzea Brahmsen ‘Requiem aleman’-ean

Ainhoa Artetak bertan behera utzi du bere parte-hartzea Brahmsen ‘Requiem aleman’-ean

Ainhoa Arteta: “Oso zaila egiten zait nire lurraldeko eszenatokietara itzultzeari uko egin behar izatea”. “Tristura handia sortzen dit une honetan zuekin egon ezin izateak, baina espero dut laster berriro Euskadiko Orkestrarekin egon ahal izatea”.

Eragozpen hori gorabehera, Euskadiko Orkestrak aurrera jarraituko du iragarritako kontzertu-programarekin, martxoaren 23an Bilbon, 25ean eta 28an Donostian, 29an Iruñean eta apirilaren 1ean Gasteizen egingo dena.

Ainhoa Arteta soprano tolosarrak Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan Brahmsen Requiem alemanean aurreikusita zuen parte hartzeko konpromisoa bertan behera utzi behar izan du, artatzen ari zaizkion espezialista medikoen gomendioak jarraituz. Ebakuntza egin zion eta ahots-errehabilitazioa artatzen dion medikuak txosten batean adierazten duenez, “errekuperazioa ez da azken asteetan zirudien bezain azkarra izaten ari” eta “ez du inolaz ere gomendatzen Requiem alemanaren interpretazioan parte hartzea, obra honen ahots-eskakizuna zein den ikusita”.

Ainhoa Arteta: “Jakinarazi behar dizuet azken egunotan ahalik eta ahalegin handiena egiten aritu naizela, bai orkestrarentzat bai zuentzat, publiko gisa, kontzertu horiei baldintza egokietan aurre egiteko behar den ahots-gaitasunera iristeko. Tamalez, ez da nahikoa izan, eta nire ahotsa berreskuratzeko prozesu osoan laguntzen duen doktoreak uste du ez dudala une honetan horrelako ahots-konplexutasuna duen obra bati ekiteko arriskurik hartu behar”. (Ikusi Ainhoa Artetaren jakinarazpen osoa beherago)

Kontzertu-programa hau martxoaren 23an Bilbon, 25ean eta 28an Donostian, 29an Iruñean eta apirilaren 1ean Gasteizen egingo da. Euskadiko Orkestra buru-belarri ari da lanean artista tolosarra ordezkatuko duen sopranoa bilatzeko.

Eragozpen hori gorabehera, Euskadiko Orkestrak aurrera jarraituko du iragarritako egitarauarekin. Brahmsen Requiem alemana espiritualtasunez betetako obra da, soprano, baritono, abesbatza eta orkestrarako sortua. Euskadiko Orkestrarentzat dimentsio handiko programa sinfoniko-koral baten itzulera da hau, lehendabizikoz pandemia hasi zenetik. Iruñeko Orfeoia da ordutik Euskadiko Orkestrarekin agertokietara igoko den lehen abesbatza, eta partitura osoan zehar etengabeko presentzia izango du. Ainhoa Arteta ordezkatuko duen sopranoaren berri eman bitartean, artisten taldea Johann Kristinsson baritono islandiarrak (hasiera batean aurreikusita zegoen Michael Nagy ordezkatuko duena) eta Georg Mark zuzendari austriarrak, XIX. mendeko germaniar errepertorioko espezialista handiak, osatuko dute.

Ainhoa Artetaren jakinarazpen osoa:  

 

Adiskide maiteak,

Atsekabe handiz jakinarazi behar dizuet, tamalez, ezin izango naizela zuekin egon Euskadiko Orkestrak datozen egunetan Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen programatutako Brahmsen Requiem alemana-ren kontzertuetan.

Izugarri atsekabetzen nau egoerak; izan ere, niretzat, eta urte hauen guztien ondoren, Euskadiko Orkestra nire etxea baita, eta oso zaila egiten baitzait nire lurraldeko eszenatokietara itzultzeak esan nahi zuen guztiari uko egin behar izatea, duela hilabete askotatik ari bainintzen nire ilusio eta energia guztiarekin itzulera hau prestatzen.

Jakinarazi behar dizuet azken egunotan ahalik eta ahalegin handiena egiten aritu naizela, bai orkestrarentzat bai zuentzat, publiko gisa, kontzertu horiei baldintza egokietan aurre egiteko behar den ahots-gaitasunera iristeko. Tamalez, ez da nahikoa izan, eta nire ahotsa berreskuratzeko prozesu osoan laguntzen duen doktoreak uste du ez dudala une honetan horrelako ahots-konplexutasuna duen obra bati ekiteko arriskurik hartu behar.

Edonola ere, bere horretan eusten diot ahots-ahalmen osoarekin abesteko ilusioari eta, prozesua behar eta nahi bezain azkarra ez izan arren, ez dut zalantzarik errekuperazioak orain arte lortutako erritmo onean jarraituko duela, eta laster errealitate bat izango da nire ahots-errepertorio osoari heldu ahal izatea.

Ez da erraza hitzez transmititzea nire lurralde honekiko, bertako jendearekiko, nire agerraldi bakoitzean laguntzen didan publikoarekiko eta ematen dudan pauso bakoitzean babesten nauen jende guztiarekiko sentitzen dudan maitasun guztia, eta maitasun eta dedikazio hori eskertzeko modurik onena da eszenatoki batean dena ematea eta naizen guztia eskaintzea, nire %100a, nire emanaldi bakoitzean. Horregatik, tristura handia sortzen dit une honetan zuekin egon ezin izateak, ilusio handia bainuen kontzertu horiekin, baina espero dut laster berriro Euskadiko Orkestrarekin egon ahal izatea.

Besarkada estu bat,

Ainhoa Arteta

Informazio gehiago

Brahms Requiem
Osteguna 17 Martxoa, 2022

ETB2k Euskadiko Orkestraren 21/22 Denboraldiko kontzertu berriak emango ditu larunbat honetatik aurrera

ETB2k Euskadiko Orkestraren 21/22 Denboraldiko kontzertu berriak emango ditu larunbat honetatik aurrera

Emisio-bloke berri hau ‘Beethoven + Bartok / Mérah’ kontzertu-programarekin hasiko da. Otsail hasieran eskainitako programa hau Mei-Ann Chen taiwandar-estatubatuarraren debuta izan zen eta Joël Mérahk ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiekturako idatzi zuen ‘Jakinduriaren usaina’ obraren estreinaldia ere bai.

Telebistako emisio berriak egin ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuetan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean publikoaren eskura jartzen jarraituko du.

Euskadiko Orkestrak eta EITBk orkestraren jarduera grabatu eta zabaltzeko duten konpromisoaren baitan, katearen larunbat goizetako tartera itzuliko da orkestra, Denboraldiko kontzertuak erakusten jarraitzeko.

Emisio-bloke berriak etenik gabe jarraituko du uztailaren 9ra arte, eta 21/22 Denboraldiko kontzertu berrienak eskainiko ditu, Denboraldiko beste berremisio batzuekin tartekatuta.

Honako hauek dira datozen kontzertuak (beti larunbatetan eta 11:00etan):

  • Martxoak 19: BEETHOVEN + BARTOK / MÉRAH. Mei-Ann Chen / Varvara.
  • Martxoak 26: BERNSTEIN + ZHOU. Robert Treviño / Yulianna Avdeeva.
  • Apirilak 2: (Berremisioa) SCHUBERT (8. y 2. Sinfoniak). Robert Treviño.
  • Apirilak 9: (Berremisioa) SCHUBERT (4. y 5. Sinfoniak). Robert Treviño.
  • Apirilak 16: BRAHMS REQUIEM. Georg Mark / Olga Pasichnyk / Johann Kristinsson / Iruñeko Orfeoia.
  • Apirilak 23: (Berremisioa) WAGNER. Michel Tabachnik / Rinat Shaham.
  • Apirilak 30: (Berremisioa) ENIGMATIKOA 1. Robert Treviño / Pablo Ferrández.
  • Maiatzak 7: (Berremisioa) ENIGMATIKOA 2. Robert Treviño / Pablo Ferrández.
  • Maiatzak 14: (Berremisioa) AIRE NORDIKOA 1. Robert Treviño.
  • Maiatzak 21: (Berremisioa) AIRE NORDIKOA 2. Robert Treviño.
  • Maiatzak 28: MAHLER. Robert Treviño / Sarah Fox / Justina Gringyte / Donostiako Orfeoia.
  • Ekainak 4: DUTILLEUX + ELGAR / CATALÁN. Robert Treviño / Asier Polo.
  • Ekainak 11: (Berremisioa) BIZIRIK. Ruth Reinhardt.
  • Ekainak 18: (Berremisioa) BIDAIAK. Gemma New.
  • Ekainak 25: (Berremisioa) GAZTEAK. Hans Graf / Birgit Kolar.
  • Uztailak 2: ELGAR + BARTOK / WAGNER. Robert Treviño / Pinchas Zukerman.
  • Uztailak 9: (Berremisioa) NEW YORK. Robert Treviño / Nikolai Lugansky.

ETBk Euskalduna Jauregian grabatu ditu kontzertuak, salbuespenak salbuespen.

Asteazkena 16 Martxoa, 2022

Ainhoa Arteta eta Iruñeko Orfeoia izango ditu protagonista Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriak

Ainhoa Arteta eta Iruñeko Orfeoia izango ditu protagonista Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriak

Brahmsen 'Requiem alemana’-k, pandemia hasi zenetik lehen aldiz, dimentsio handiko programa sinfoniko-koral bati emango dio bide.

Georg Marken zuzendaritzapean, kontzertuak ohiko lau hiriburuetan izango dira martxoaren 23tik apirilaren 1era eta sarrerak salgai daude saio guztietarako.

Bi urte pasatu dira, pandemiarenak, musika korala azkenekoz Euskadiko Orkestraren Kontzertu Denboraldian entzun ahal izan genuenetik eta programa berri honekin itzuli egingo da. Errepertorio sinfoniko-korala funtsezkoa izan da beti orkestrarentzat eta, ospakizun honetan, oso gertuko bi lagun gonbidatu nahi izan ditu: Iruñeko Orfeoia, orkestrarekin batera emanaldi ahaztezin ugaritako protagonista izan dena, eta Ainhoa Arteta soprano tolosarra, bueltan dena susperraldi luze baten ondoren. Lagun izango dituzte Johann Kristinsson baritono islandiarra (lehendabizi aurreikusita zegoen Michael Nagy-ren ordez) eta Georg Mark zuzendari austriarra, XIX. mendeko errepertorio germaniarrean adituak biak, aldi horretako obra paradigmatikoetako bat interpretatzeko: Requiem aleman bat, Johannes Brahmsena.

Kontzertuak martxoaren 23tik apirilaren 1era izango dira ohiko lau hiriburuetan, guztiak 19:30ean:

  • Martxoak 23, asteazkena: Bilboko Euskalduna Jauregia.
  • Martxoak 25, ostirala: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Babeslea: Laboral Kutxa.
  • Martxoak 28, astelehena: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Babeslea: Laboral Kutxa.
  • Martxoak 29, asteartea: Iruñeko Baluarte Auditoriuma.
  • Apirilak 1, ostirala: Gasteizko Principal Antzokia.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Johannes Brahmsen Requiem aleman bat obra sakratua da, requiem oso berezia, bakarra eta nahasgarria alderdi askotan, testutik bertatik hasita. Brahmsek, hildakoen aldeko meza latindarraren bertso liturgiko tradizionaletan beharrean, Luteroren Bibliara jo zuen. Brahmsek ez ditu aipatzen ez Azken Judizioa, ez hildakoen aldeko alegaturik edota otoitzik, ez Kristoren izena. Erredentzioaren erreferentzia bakar bat dago, laburra eta anbiguoa, Jesusen heriotzaren bitartez. Inolako doktrinetan gehiegi oinarritu gabe, kontsolamendu espirituala eta humanoa ematen duten mezuak aukeratu zituen.

Brahmsen Requiemak kontsolamendu-hitzak eskaintzen ditu, bizidunak sufrimendu eta heriotzaren ideiarekin adiskidetzeko pentsatuak.

Bremengo estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Requiem aleman bat modan jarri zen Alemaniako elkarte koral ugarien artean eta Brahmsek independentzia ekonomikoa lortu zuen. Hala, hortik aurrera, ia konposatzen soilik jardun zuen. Denbora gehiago behar izan zuen Europaren gainerakoan zabaltzeko, herrialde katolikoetan batez ere, batzuetan errezelo batzuk agertu baitzituzten. XIX. mendeko azken hamarkadan, hala ere, Requiem aleman bat lanak jadanik leku zentrala zuen nazioarteko errepertorio sinfoniko-koralean, gaur egun bezala.

Obra sinfoniko-koral honen interpretazioa emozioz eta interesez beteta dago hainbat alderditan. Batetik, pandemia hasi zenetik ezin izan da programatu tamaina eta ezaugarri honetako obrarik. Bestetik, berriz izango ditugu eszenatoki gainean Iruñeko Orfeoia, obra osoaren interpretazioan paper garrantzitsua izango duena, eta Ainhoa Arteta soprano tolosarra, susperraldi luze eta delikatu baten ondoren agertokietara itzuli dena. Georg Mark salzburgotarrak zuzenduko du lan hau; zuzendaria izateaz gain, filosofia eta psikologia ikasi zituen eta Austriako zirkuituko zuzendari interesgarrienetako bat da. Johann Kristinsson islandiar baritonoak itxiko du artisten zerrenda.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Osteguna 10 Martxoa, 2022

Minerva Laukotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Minerva Laukotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren hari-sekzioko musikariz osatutako taldeak Mozart eta Szymanowskiren kuarteto bana eskainiko du larunbat honetan, martxoak 12, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean. Sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 21/22 Denboraldiko hamaikagarren hitzorduarekin, kasu honetan Minerva Laukoteak eskainiko duena, ‘Tradizioa eta abangoardia’ izenburupean, larunbat honetan, martxoak 12, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariz dago osatuta taldea: Laura Balboa (biolina), Raquel Cortinas (biolina), Monika Mazur (biola) eta Beatriz Linares (biolontxeloa)

Matinéeari ‘tradizioa’ jarriko diona Wolfgang Amadeus Mozart izango da 15. Hari kuartetoa re minorrean obrarekin. Bere harirako kuarteto ospetsuenetako bat da oraindik, bere mentore Joseph Haydni eskaini zizkionen artean bigarrena, eta klabe minorreko kuarteto bakarra. Kutsu ilunak nagusi dituen giroa du obrak, eta atmosfera hori elegiakotzat jo daiteke, tragikotzat baino gehiago. Autografoan datarik agertzen ez den arren, 1783an amaitu zuela uste da, Constanze Mozart emaztea Raimund lehen semeaz erditzera zihoan unean. Kuarteto hau, beharbada, Beethovenek idatzitakoen aurretik behintzat, bere generoko intentsoena da.

‘Abangoardia’-ren aldean Karol Szymanowskiren 2. Kuartetoa izango dugu, 1927an idatzia, poloniarraren lanik zailenetako eta iraultzaileenetako bat, bai egiturari dagokionez, bai teknikari eta adierazpenari dagokienez. Hiru mugimenduko egiturak forma tradizionalari jarraitzen dio oro har. Lehenengo mugimenduak, sonata-allegro baten antzekoa denak, bi tema ditu: bata lasaia eta melodiatsua, bestea adierazkorra eta akorde berri eta korapilatsuetan ugaria. Beste bi mugimenduak —Scherzo bortitza eta amaierako tema bikoitzeko fuga— Poloniako hegoaldean dagoen Podhale eskualdeko musika folklorikoan inspiratuta daude argi eta garbi. Akorde disonanteak eta testura polifoniko aldakor eta bizia nabarmentzen dira obran.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 08 Martxoa, 2022

Pinchas Steinberg maisu entzutetsuak Berliozen ‘Fantastikoa’ zuzenduko du Euskadiko Orkestraren datozen kontzertuetan

Pinchas Steinberg maisu entzutetsuak Berliozen ‘Fantastikoa’ zuzenduko du Euskadiko Orkestraren datozen kontzertuetan

Azken hamarkadetako maisu errespetatu eta balioaniztunenetako bat den Pinchas Steinbergek erronka sinfoniko bikoitza izango du esku artean Berliozen ‘Fantastikoa’ eta Beethovenen ‘Zortzigarrena’-rekin.

Salgai daude sarrerak programa berri honen kontzertu guztietarako, martxoaren 10etik 15era izango direnak Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Bilboko Musika-Música jaialdian izan ondoren, Euskadiko Orkestra datozen egunetan mundu osoan ibilbide oparoa duen maisu baten gidaritzapean aurkeztuko da: Pinchas Steinberg. Eta obra nagusi gisa Berliozen Sinfonia Fantastikoa ekarriko du, maisu honen bertsioa erreferentzia ukaezina baita. Kontzertu-programa hau 2020ko udaberrirako aurreikusita zegoen, baina konfinamenduaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zen eta orain bere osotasunean berreskuratu ahal izan da.

Programa honen kontzertuak orkestraren ohiko lau hiriburuetatik hirutan egingo dira: ostegun eta ostiral honetan, martxoak 10 eta 11, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, martxoak 14, Gasteizko Principal Antzokian; eta asteartean, martxoak 15, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira. Kasu honetan Bilbok beste programa bat izango du, eta aurrerago egingo da: ‘Dvorak+Smetana’, apirilaren 9an.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Opera-zirkuituko erreferentziako zuzendari bat da Pinchas Steinberg eta, besteak beste, Londresko Covent Gardenen, Milango La Scalan, Parisko Operan eta Vienako Staatsoperren lan egin du –azken horrekin lotura luzea du–. Gainera, lehen Erromantizismoko errepertorio sinfonikoko espezialista handia da eta hori izango da, hain zuzen ere, gaur, gure orkestrarekin batera jorratuko duena: Beethovenen 8. Sinfonia eta Berliozen Sinfonia Fantastikoa.

8. Sinfonia oso bizi-aldi gogorrean idatzi zuen Beethovenek, baina hortik sortu zen bere ziklo sinfoniko osoko optimista, alai eta are bromazaleentzat jotzen den sinfonia. Beethovenen sinfonia “tradizionalen” artean perfektuena dela ere esan izan da, Bederatzigarrenak ekarri zuen urrats iraultzailearen aurretik.

Hamazortzi urtek banatzen dituzte programa honetako bi sinfoniak. Berliozen Sinfonia Fantastikoa, kontzertu hauetako obra nagusi gisa aurkezten dena, maisulantzat hartu zuten estreinatu zen unetik bertatik. Garaiko beste egile askorentzako erreferentzia bilakatu zen laster eta, denboraren poderioz, Erromantizismoaren muinaren sorkarietako batean ere bai. Maitasun, grina eta desilusioen bere esperientzia sorta konplexuan oinarrituta, Berliozek hainbat konposizio-baliabide berri erabili zituen partituran monumentu sinfoniko handi hau eraiki ahal izateko. Obra iraultzailea da, eta ez du musika-aurrekari zuzenik ez bere funts estetikoan, ez funts formalean.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Asteazkena 02 Martxoa, 2022

Euskadiko Orkestrak Mahlerren asmo handiko ‘Lurraren kanta’-ri egingo dio aurre Musika-Música Jaialdian

Euskadiko Orkestrak Mahlerren asmo handiko ‘Lurraren kanta’-ri egingo dio aurre Musika-Música Jaialdian

Robert Treviñoren batutapean, eta Anna Lapkovskaja mezzosoprano eta Stefan Vinke tenorraren ahotsez lagunduta, orkestrak larunbat honetan eskainiko du bere kontzertua, martxoak 5, 20:30ean, Euskalduna Jauregian.

Bilboko Udalak antolatzen duen jaialdiaren 21. edizioa martxoaren 4tik 6ra egingo da mota guztietako publikoei zuzendutako 70 kontzerturekin, ohiko maratoi-formatuan.

Ohikoa den moduan, Euskadiko Orkestrak aurtengoan ere Bilboko Musika-Música jaialdian parte hartuko du, 21. edizioa izango duen honetan. Bi hamarkada baino gehiagoko epealdi honetan jaialdiak musika-uholde bat ekarri du Bilbora eta erreferente izatera iritsi da mundu guztiko musikazaleen artean.

Estatu osoan era honetako bakarra den jaialdi honek aurtengo edizioan ‘Natura’ kontzeptua hartu du gaitzat. Natura ez da izango garai jakin batekoa soilik, baizik eta ibilbide bat Berpizkundean hasi eta gaur arte, musika- eta eszena-adierazpen garaikideenetara arte. Jaialdiaren baitan 70 kontzertu eskainiko dira martxoaren 4tik 6ra, era guztietako publikoentzat eta ohiko maratoi formatuan, nagusiki Euskalduna Jauregian, baina baita ere Azkuna Zentroan, EHUko Bizkaia Aretoan, eta, halaber, lehenengo aldiz, Arriaga antzokian.

Euskadiko Orkestrak edizio honetako ezinbesteko hitzorduetako bat eskainiko du larunbatean, martxoak 5, 20:30ean, Euskalduna Jauregian. Mahlerren musikan aditua den Robert Treviñok Lurraren kanta lan ikaragarriari ekingo dio. Konpositoreak bere bizitzako unerik mingarrienetako batean idatzi zuen, eta bizitzaren gozamenak goraipatzen dituzten eta galeraren eta heriotzaren gainean hausnartzen duten sei abestiz osatuta dago. Lehen mailako bi interpretek, Anna Lapkovskaja mezzosopranoak eta Stefan Vinke tenorrak, jarriko diete ahotsa obraren lerroei. Vinkek Torsten Kerl ordezkatuko du, azken orduan bere parte-hartzea bertan behera utzi behar izan baitu gaixotasun baten ondorioz.

 

 

Informazio gehiago eta sarreren salmenta

 

Sarrerak 12 eurotan daude salgai Musika-Músicaren webgunean, Euskalduna Jauregiko leihatiletan eta webgunean, baita Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan ere.

Jaialdiari eta 70 hitzorduei buruzko informazio guztia hemen.

Osteguna 24 Otsaila, 2022

Fagota protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Fagota protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

‘Errenazimendutik’ izeneko kontzertuan Barrococo taldeak Bertoli, Jiranek, Telemann, Postel eta Vivaldiren obrak eskainiko ditu larunbat honetan, otsailak 26, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean. Sarrerak salgai daude 10 eurotan.

Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 21/22 Denboraldiko hamargarren hitzorduarekin, kasu honetan Barrococo seikoteak eskainiko duena, ‘Errenazimendutik’ izenburupean, larunbat honetan, otsailak 26, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako bost musikari daude seikote honetan: Anne-Marie Harmat (biolina), Itziar Prieto (biolina), Arkaitz Martinez (biola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Anne Charlotte Lacroix (fagota). Charo Indartek osatuko du taldea klabezinean.

Miramongo Matinéeen aurreko hitzorduetan, Barrococok fagota grabearen eta baxu jarraituaren itzaletik irteten den errepertorioa deskubritu digu, protagonismoa hartzeko eta pixkanaka instrumentu bakarlari batean bihurtzeko. Matinée honek argumentu-ildo honi jarraituz kapitulu berri bat proposatzen du, oraingoan Bertoli, Jiranek, Telemann, Postel eta Vivaldiren obrekin.

Kontzertua Errenazimendu garaiko sonata labur batekin hasiko da, Bertoliren Sonata Settima-rekin, non fagotaren birtuosismoa bereziki nabarmentzen den. Bertan fagot barrokoaren soinu gozoaz gozatu ahal izango da, fagot modernoaren arbaso zuzenaz, alegia. Fagot barrokoa dultzianaren eboluzioa izan zen, garai hartan obra honetarako erabiliko zen haize-zurezko instrumentuarena.

Ondoren, hiru ganbera-lan etorriko dira, non fagotak instrumentu bakarlari-lanak egiten dituen, Anton Jiranek, Georg Philipp Telemann eta Christian Gottlieb Postelek idatziak. Lehena, konpositore eta biolinista txekiarra, Vivaldiren ikaslea izan zen. Bigarrena, Telemann alemaniarra, instrumentu anitzen interpretea izan zen eta bere ganbera-lanak instrumentuaren arabera egokitzen dira. Hirugarrena, Gottlieb poloniarra, hiru hauen artean gutxien ezagutzen dena da, baina bi biolinentzako sonata eder hau du bere errepertorioan.

Kontzertua Antonio Vivaldiren fagoterako kontzertu ugarietako batekin amaituko da, 35.arekin. Konpositore italiar ospetsuak fagoterako kontzertu izugarri pila idatzi zituen, 39 zehazki, guztiak kalitate bikainekoak. Beste instrumentu batentzat bakarrik idatzi zituen obra gehiago Vivaldik: biolinarentzat. Zoritxarrez, ez dago iturri historikorik fagoterako kontzertuak norentzat idatzi zituen zehazteko, baina seguru xamarra da interprete bertutetsu batentzat idatzi zituela.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 17 Otsaila, 2022

Robert Treviñok zapore erabat estatubatuarra duen programa baten aldeko apustua egingo du Bernstein eta Zhourekin

Robert Treviñok zapore erabat estatubatuarra duen programa baten aldeko apustua egingo du Bernstein eta Zhourekin

Otsailaren 21etik 25era Euskadiko Orkestrak eskainiko duen kontzertu-programa berria honako lanek osatzen dute: Bernsteinen ‘West Side Story’-ko ‘Dantza Sinfonikoak’ eta ‘2. Sinfonia’ eta Zhouren ‘Orkestrarako kontzertua’.

Kursaal Auditoriumeko bi kontzertuak Tomas Araguesi eskainiko zaizkio, duela egun gutxi zendutako konpositoreak Euskadiko Orkestrarekin lotura estua izan baitzuen urte luzez.

West Side Story Broadwayko musikalaren klasiko bat da, eta gaurkotasun osokoa izaten jarraitzen du Steven Spielbergek jatorrizko filmaren egokitzapen zinematografiko berria egin ondoren, Oscarretan izendatu berri dutena. Euskadiko Orkestrak Leonard Bernsteinek konposatutako soinu-bandaren ‘Dantza sinfoniko’ ezagunen interpretazioarekin hasiko du kontzertua, ondoren Zhou Tianen Orkestrarako kontzertuaren Europako estreinaldiarekin jarraitzeko. Konpositore txinatar-estatubatuarra Euskal Herrira etorri da estreinaldi horretarako, eta Musikeneko konposizioko ikasleekin lan- eta ikasketa-jardunaldi batzuetan izateko baliatuko du bisita. Kontzertuen programa Bernsteinen 2. Sinfoniarekin amaituko da. Lan hau oso bestelako kategoria batekoa da estatubatuarraren ekoizpenean, gogoeta filosofiko eta erlijiosoan zentratuagoa baitago. Yulianna Avdeeva pianista moskutarra izango da partitura honen protagonista, eta Euskadiko Orkestrarekin lehendabizikoz arituko da.

Programa honetako kontzertuak hurrengo egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: otsailaren 21ean, astelehena, Gasteizko Principal Antzokian; otsailaren 22an, asteartea, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; otsailaren 23an, asteazkena, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta otsailaren 24an eta 25ean, osteguna eta ostirala, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK

 

 

Leonard Bernstein XX. mendeko musikari biribilenetako bat eta Estatu Batuetako musikaren funtsezko figuretako bat izan zen. Jorratu zituen arlo guztietan nabarmendu zen: orkestrako zuzendari gisa oinarrizko erreferente izan zen eta da oraindik ere; pianojole zoragarria izan zen, eta askotan teklatutik aritu zen zuzendari; gainera, dibulgatzaile bikaina izan zen eta musikaren sekretuei buruzko zenbait bideoren –egun, kultuzkoak dira– protagonista da. Eragin handiena, ordea, musikagile-lanetan izan zuen, zalantzarik gabe; izan ere, Estatu Batuetako musika sortu berria konfiguratzen lagundu zuen oso sorkari originalekin eta arrakastatsuekin. Kontzertu hauetan, denboran oso urrunduak ez egon arren, oso bestelakoak diren bi lan entzungo ditugu.

West Side Story musikal moduan estreinatu zen 1957an Washington DCn Broadwayra aldatu aurretik. Han izugarrizko arrakasta lortu zuen eta, horren ondorioz etorri zen Robert Wisek eta Jerome Robbinsek zuzendu zuten film mitikoa. Orain film haren berrikuspena, Steven Spielbergek zuzendutakoa, Oscarretan izendatu dute. Romeo eta Julieta tragediaren bertsio moderno bat da West Side Story, baina suite honek dantzetan jartzen du arreta; beraz, maitasun-istorioa bigarren planora igarotzen da eta protagonismoa bi banda aurkarien arteko lehiak hartzen du (Jet-ak eta Shark-ak).

2. Sinfonia Bernsteinen ekoizpenaren oso bestelako kategoria bateko lana da, hausnarketa filosofikorako eta erlijiosorako obrena. 1947an hasi zen Bernstein horretan lanean, W. H. Auden-en Antsietatearen aroa izeneko poema irakurri ondoren, gizarte garaikideko fedearen bilaketa zailari buruzkoa. Bernsteini bururatu zitzaion pianojole solista jartzearen ideia, pertsonalki identifikatuta sentitu baitzen, pianojolea eta judua izanik. 2. Sinfoniak aparteko pianojole bat izango du protagonista, Yulianna Avdeeva, 2010eko Chopin Lehiaketaren irabazlea eta piano-errepertorioko egungo interprete handienetako bat.

Zhou Tian Hangzhoun (Txina) jaio zen 1981ean, tradizio musikaleko familia batean. 18 urte zituenean, Estatu Batuetara joan zen konposizioko ikasketekin jarraitzera Filadelfiako Curtis Instituten, New Yorkeko Juilliard Schoolen eta Hegoaldeko Kaliforniako Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalaren hasieran, Zhouren jarduera askotarikoa izan zen, eta sortu zituen piezen artean soinu-bandetarako musika, jazzeko piezak edota Txinako musika folklorikoa eta Mendebaldeko tradizioa nahasten zituzten lanak zeuden. 2018an egin zen ezagun, gaur entzungo dugun obragatik Grammy sarietarako izendatu zutenean: Orkestrarako kontzertua. Cincinnatiko Orkestra Sinfonikoak agindutako partitura horrek ibilbide luzea egin du Estatu Batuetako eta beste herrialde batzuetako (Txina bereziki) orkestra ugariren atriletan. Euskadiko Orkestrak egingo duen obra honen interpretazioa Europako estreinaldia izango da. Zhouren arabera, Orkestrarako kontzertua “orkestra sinfonikoari idatzitako maitasun-gutun bat da, eta askotariko pasarteak ditu, epikoetatik oso-oso intimoetara. Ezusteko jazz-harmoniak nahasten dira bertan etengabe mugitzen dauden Txinako melodia herrikoiekin”.

Kontzertu aste osoan Euskal Herrian egingo duen egonaldia aprobetxatuz, Zhou Tianek Musikenek konposizioko ikasleen inguruan antolatutako hainbat jardueratan parte hartuko du, eta Ensemble Kuraiak larunbat arratsaldean eskainiko duen kontzertura joango da.

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

 

 

Donostiako bi kontzertuak, Tomas Araguesi eskainiak


Kursaal Auditoriumeko bi kontzertuak Tomas Araguesi eskainiko zaizkio, duela egun gutxi zendutako konpositoreak Euskadiko Orkestrarekin lotura estua izan baitzuen urte luzez.

Tomas Aragues funtsezko figura izan zen euskal musikaren arloan. Txikitatik hurbildu zen esparru horretara, eta bere bizitzan zehar dedikazio osoz aritu zen bere ekarpena egiten irakasle, zuzendari eta konpositore gisa. Euskadiko Orkestrak Araguesi zor dio taldearen hastapenak bultzatzea. Jordá Maisuaren ondoren, hainbat kontzertutan batuta hartu zuen Araguesek eta euskal doinu herrikoi askoren orkestrazioa barne hartzen zuen lehen grabazio diskografikoari ekin zion; melodia horien artean nabarmentzekoa izan zen Euskadiko Ereserkia. Aurrerago Euskadiko Orkestrak interpretatuko zituen obren artean aipatzekoak dira bere Biolinerako kontzertua, Euskal Réquiem, Cuatro espacios sinfónicos eta Vita y Salmos para una sinfonía poema. 2015ean, 80 urte bete zituela-eta, euskal musikaren figura handi honekin lotura handiena izan zuten euskal musika erakundeen aldetik merezitako omenaldia jaso zuen: Donostiako Orfeoia, Easo eta Andra Mari Abesbatzak eta Euskadiko Orkestra.

Orriak