Ostirala 20 Maiatza, 2022

Auskalo Quartet taldea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Auskalo Quartet taldea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako laukoteak Haydn eta Schumannen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, maiatzak 21, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Miramongo Matinéeak 21/22 Denboraldiaren amaierara gerturatzen ari dira azken-aurreko hitzorduarekin, kasu honetan Auskalo Quartet taldeak eskainiko duena, ‘Schumann eta txoria’ izenburupean, larunbat honetan, maiatzak 21, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Honako musikariek osatzen dute taldea: Larraitz Oiartzabal (biolina), Laura Balboa (biolina), Maite Abasolo (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).

Joseph Haydnek opus 33 katalogaziopean 1781ean idatzi zituen harirako sei kuartetoetako batekin abiatuko du Miramongo Matinéea Auskalo Quartetek. Harirako 3. kuartetoaz dihardugu, ‘Txoria’ ezizenarekin ezagutzen dena, obrako zenbait doinuk hegaztien kantua gogorarazten dutelako. Lau mugimendu ditu, non Haydnek elementu kultuak eta herrikoiak, mugimendu azkarrak eta geldoak konbinatu zituen, umorea eta sorpresa praktikatuz eta entzuleari ‘keinu’ eginez. Obra honek oihartzun handia izan zuen garaiko konpositoreen artean opus bereko beste kuartetoekin batera. Izan ere, kuarteto multzoa nahiko imitatua izan zen bere originaltasunagatik eta genero bereko obren oinarriak ezarri zituen. Horren adibiderik argiena da argitaratu eta lau urtera, 1785ean, Mozartek sei Haydn kuartetoak konposatu zituela, lan horien aintzatespen gisara.

Robert Schumannek, bere aldetik, genero bakar bati bete-betean dedikatzeko ohitura zuen eta, 1842an, ganbera-musikari eskaini zion urtean, idatzi zuen Auskalo Quartetek Matinéean interpretatuko duen bigarren lana: Harirako 3. kuartetoa. Urte berekoak dira, baita ere, bere beste bi harirako kuarteto bakarrak, pianodun kinteto bat eta pianodun kuarteto bat. Haydn, Mozart eta Beethovenen lan homologoak ondo aztertu ondoren idatzi zituen Schumannek bere kuartetoak. Zehazki, hirugarren kuarteto hau bi astetan idatzi zuen, eta urte horretako irailaren 13an interpretatu zuten lehen aldiz Clara Schumann emaztearentzat urtebetetze-opari gisa. 1843an argitaratu zen eta Felix Mendelssohni eskaini zion. Egiturari dagokionez, lau mugimendu kontrastatzaile ditu eta eduki musikal oso aberatsa du. Nostalgiaz betea, logikagatik, ausardiagatik eta berritasunagatik nabarmentzen da kuartetoa.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 19 Maiatza, 2022

2022-2023 Denboraldia: Tragedia gainditzea

2022-2023 Denboraldia: Tragedia gainditzea

Euskadiko Orkestraren Denboraldi berriak tragediatik hura gainditzera garamatza musikaren eta haren adibide handien bitartez: Xostakovitxen gordintasuna, Txaikovskiren mamuak, Brucknerren sinfoniarik handiena edota Carl Orffen lanik ospetsuena. 

Orkestrak pandemian bertan behera utzitako egitasmoak berreskuratuko ditu; Carpenterren ‘Mamu kantak’ lanaren estreinaldia esaterako, hiru orkestra britainiarrekin batera agindutako lana.

Euskal Herriko sorkuntzak ere hartuko du garrantzia Ramon Lazkanori agindutako ‘Mare Marginis’ lanaren estreinaldiari esker, bai eta ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiektuaren amaierarekin –Zuriñe F. Gerenabarrenaren ‘Lorratz’ lanaren bitartez–, munduari gure konpositoreen iruditeriaren bitartez bira egin ondoren. 

Euskadiko Orkestrak oso gutxitan interpretatutako lan bitxiak, entzutea merezi dutenak, ezagutaraztea bultzatuko du, orobat, hala nola Adamsen ‘Doctor Atomic Symphony’ lana, bai eta Euskal Herrian oso ezagunak ez diren Veprik eta Dzenitis musikagileen lanak ere, besteak beste. 

Asmo hori bete nahian, sona handiko artistak egongo dira gurekin: Alexei Volodin, Alena Baeva, Yulianna Avdeeva, Dinis Sousa, Roderick Cox eta Frank Peter Zimmermann, adibidez. Bai eta gure lurraldeko artista handi batzuk ere, hala nola Donostiako Orfeoia –haren 125. urteurrenean–, Easo Gazte eta Easo Eskolania, Carlos Mena eta Jone Martínez sopranoa.

Robert Treviñok Euskadiko Orkestraren zuzendari titular izaten jarraituko du.

Abonu Denboraldiko programazioa

 

Arte-sorkuntzarako inspirazio-iturri arras handia izan da beti Historiaren bilakabidea. Baita musikarako ere; arimaren ispilu bihurtu baita maiz, zoritxarrarena eta tragedia gordinenarena, baina baita hura gainditzearen ispilu ere. Eta premisa horien gainean diseinatu eta eraiki da, hain zuzen ere, Kontzertu Denboraldi berriaren ardatza. Ezbeharrean oinarrituta nork bere burua hobetzearen gaineko kontakizunaz mintzo gara, eta hor musikak, arte gorena izanik, adibide bikainak eman ditu historian zehar; horietako batzuk izango ditugu gurekin 2022-2023 Denboraldian. Hizpide ditugu, hain zuzen ere, Xostakovitxek bere noten bitartez adierazten duen gordintasun –batzuetan ezkutatu– hori (8. Sinfonia), Txaikovskiren mamuak (4. Sinfonia), Brucknerren sinfoniarik handiena (8. Sinfonia) eta mundu osoan oraindik aditzen den Carl Orffen lanik ospetsuena (Carmina Burana) –Donostiako Orfeoiarekin batera haren 125. urteurrenean–.

Euskadiko Orkestraren 2022/2023 abonu-denboraldia irailaren 23an hasiko da Gasteizen, eta 2023ko ekainaren 9an amaituko da Donostian. Guztira 10 abonu-programa izango dira, Gasteizen (10), Bilboren (10), Donostiaren (10x2) eta Iruñearen (10) artean banatuta; orotara 50 kontzertu egongo dira, hortaz. Abonu-denboraldiari dagokionez bakarrik. Azaldu berri dugunari jarraikiz, Xostakovitxek 8. Sinfonian azaleratzen duen tragediak emango dio abiapuntua denboraldiari. Lan hori 1943. urtean sinatu zuen, eta Bigarren Mundu Gerran izandako milioika hildakoek eragin zioten zirrararen emaitza da. Xostakovitxek emango dio amaiera, halaber, 15. Sinfoniaren bidez; tragedia gainditzea begiztatzen da bertan, baikortasuna baitario 1971n idatzitako lanari.

Denboraldi honetan errealismo- eta ezbehar-dosi eskergak daude, baita, halere, haien gainditzea, baikortasuna, energia eta grina ere.

 

 

Robert Treviñok jarraituko du zuzendari titular

 

2021-2022 Denboraldia amaituta, Robert Treviñok zuzendari titular gisako bosgarren eta azken denboraldia amaitu du. Orkestrak azken urteotan lortu dituen emaitza artistiko handiak eta kritikaren babes orokorra direla-eta, haren titulartasunari jarraipena eman eta hura luzatzea erabaki da, hura amaitzeko egunik zehaztu gabe.

Orkestraren zuzendari titularrak bere gain hartuko ditu Denboraldiko hamar programetatik lau. Denboraldiko lanik sinbolikoenetako batzuk zuzenduko ditu, Xostakovitxen 8. Sinfonia eta 15. Sinfonia kasu, Denboraldiari hasiera eta amaiera ematekoak, hurrenez hurren. Baita Brucknerren Zortzigarrena, katedral sinfonikoetan nagusitzat hartua, eta Mahlerren Bosgarrena, beste gainditze-istorio bat bihurtua, ere. Hura arduratuko da, orobat, Zuriñe F. Gerenabarrena (Lorratz) eta Ramon Lazkano (Mare Marginis) euskal musikagileen estreinaldiez; Alexandre Tharaud pianojolea bakarlari arituko da bigarrenean.

 

 

Estreinaldi partekatuak eta errepertorio berria

 

Gary Carpenterren Mamu kantak (Ghost Songs) Erresuma Batuko hiru orkestrak (Royal Scottish National Orchestra, City of Birmingham Symphony Orchestra eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestra) eta Euskadiko Orkestrak agindutako lan bat da, azken biek Robert Treviñoren bitartez duten harremanaren emaitza. Partiturak Marion Angus poetaren testu batzuk ditu, eta, euskaratuta, EASO Gaztek eta EASO Eskolaniak kantatuko dituzte.

Mare Marginis da Ramon Lazkanok ondutako pianorako kontzertuaren izena. Radio Francek, Euskadiko Orkestrak eta WDR orkestrak (Koloniako Irratiaren Orkestra) batera agindutako lan bat da. Lan hori Radio Franceren 2023ko Présences jaialdian estreinatuko da otsailaren 11n, François-Xavier Rothek zuzendutako Frantziako Orkestra Nazionalarekin. Astebete geroago Euskadiko Orkestrak joko du eta, maiatzaren 20an, berriz, WDR orkestrak aurkeztuko du.

Denboraldiko hirugarren erabateko estreinaldia Zuriñe F. Gerenabarrena gasteiztarraren Lorratz lana izango da, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren barruan. Mikel Chamizoren, Mikel Urquizaren, Joel Merahren eta Teresa Catalanen ondotik, Gerenabarrenak emango dio amaiera lehen mundubiraren oroitzapena gure musikagileen iruditeriaren bitartez egiteko ekimenari.

Estreinaldiez gain, orkestrak lehen aldiz interpretatuko ditu hamar lan gehiago, eta errepertoriora gehituko ditu horrenbestez. Entzuleek aurkikuntza handia ere egin ahal izango dute interpretazio horiei esker. Haietako bi nabarmentzen dira oroz gain: batetik, Doctor Atomic Symphony (John Adams), zeinak begirada etsia erakusten baitu Mexiko Berriko Los Alamos en Bigarren Mundu Gerran lehen bonba atomikoaren lehenengo proba prestatzen ari zirenek pairatutako estresaren, larritasunaren eta minaren aurrean, eta, bestetik, 2 poèmes (Alexander Veprik). Musikagile errusiar hori Gulagera bidali zuten 1950etik 1954ra arte nazionalista judua izatea egotzita; askatu zutenean, hiltzear zegoelarik, bi poema horiek idatzi zituen.

Errepertorio berri horrekin batera orkestrak honako lan hauek ere joko ditu: Biolinerako 2. kontzertua (Xostakovitx), Alena Baevak interpretatuta; Biolinerako kontzertua (Elgar), Frank Peter Zimmermann biolinjolearekin; Biolontxelorako kontzertua (Korngold), Anne Gastinel biolontxelistarekin; eta Pianorako 2. kontzertua (Chopin), Yulianna Avdeevaren eskutik. Beethovenen eta Mahlerren Bosgarrenak ere egongo dira kantoreetan eta, guztira, 28 lanek osatuko dute kontzertuen denboraldi berria. 

 

 

Zuzendariak, bakarlariak eta abesbatzak

 

Orkestrak hainbat artista hartuko ditu berriz ere bere programazioan, baina nabarmentzekoa da hark bakarrik helduko diela hiru programari, bakarlari gonbidaturik gabe; interpretazio-protagonismo handia izango du, beraz, haiei esker.

ZUZENDARIAK: Robert Treviñok hasiera eta amaiera emango dio Kontzertu Denboraldiari, eta lau programa jorratuko ditu guztira. Gainerako programetan honako hauen artean banatuko da podiuma: Roberto Fores, Dinis Sousa, Roderick Cox, Christoph-Mathias Mueller eta Karel Mark Chichon; lehen aldiz arituko dira guztiak Euskadiko Orkestra zuzentzen. Zuzendarien zerrenda osatuko du, halaber, Pablo Gonzalez espainiarrak.

BAKARLARIAK: Atal honetan lehen aldiz hartuko ditugu Alexandre Tharaud (pianoa) eta Anne Gastinel (biolontxeloa). Berriz gurekin egongo dira Alexei Volodin eta Yulianna Avdeeva (pianoa), bai eta Alena Baeva eta Frank Peter Zimmermann (biolina) ere. Ahotsei dagokienez, lehenik Jone Martinez arituko da, eta, haren ondotik, Carlos Mena tenorra eta Javier Franco baritonoa. Hiru solista horiek abestuko dute, Donostiako Orfeoiarekin batera, Carl Orffen Carmina Burana.

ABESBATZAK: Jaialdi eta abarretako emanaldi batzuetan batera aritu bagara ere, abonu-denboraldian lehen aldiz hartuko ditugu Easo Gazte eta Easo Eskolania. Ghost Songs lanaren euskarazko bertsioaren estreinaldiaz arduratuko dira: Mamu Kantak. Donostiako Orfeoiak, haren 125. urteurrenean, orkestrarekin batera interpretatuko du Carmina Burana lana.

 

 

Orkestraren beste jarduera batzuk

 

Poloniako bira

Euskadiko Orkestra 2020ko martxoaren 9an atera zen azkenekoz nazioartera, erabateko itxialdia baino lehentxeago. Iaz bertan behera utzi behar izan zuen Salzburgorako bidaia, Austriaren ustekabeko itxialdiaren ondorioz, eta kontzertu horiek 2024ko otsailerako geroratu ziren. Baina, hori baino lehen, Beethoven Jaialdiaren gonbidapenaren berri eman behar dugu. Polonian egiten da jaialdi hori, eta 2023ko martxoan joango da hara orkestra. Bira horretan hiri hauek daude: Krakovia, Varsovia, Katowice eta Wroclaw.

 

Grabazioak

Kontzertu-jarduera biziarekin batera, asmo handiko grabazio-proiektu batean murgilduta dago orkestra. Denboraldi honetan Maurice Ravelen orkestra-lanen bigarren bolumena nabarmenduko da. Euskadiko Orkestrak Ondine diskoetxearekin eta Robert Treviño zuzendariarekin hasitako bideari jarraituko dio. Ravel eta Americascapes egin ondotik –zeinak oso kritika onak eta sariak jasotzen ari baitira oraindik izenik handieneko hedabide espezializatuen aldetik (Gramophone, France Musique, BBC Music Magazine, Diapason, The New Yorker…)–, bigarren Ravel bat baieztatuta dago. Grabazioa erregistratuta dago jada, eta udaren bururako dago aurreikusia nazioartean kaleratzea.

 

Proiektu partekatuak

Orkestrak eutsi egingo die aurretik zituen konpromisoei, hala nola ABAO Bilbao Operaren denboraldiarekin, Bilboko Musika-Músicarekin, BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Sarien galarekin, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin eta Musikasterekin. Eta atzera egingo du, pandemiaren ondorioz bi urte bertan behera utzi ondotik, belodromoan Donostia Zinemaldiaren eskutik egin ohi duen soinu-banden kontzertua. Konpromisoetara zita berriak gehitu ditu, halaber: Viralgen, Donostiako Orfeoiaren bazkideen kontzertua, EITBren 40. urteurrena eta El Diario Vascoren Eguberrietako kontzertua.

Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloak, berriz, geroago aurkeztuko dira.

 

Abonuak eta sarrerak

 

Abonuak salgai ekainaren 15etik aurrera

Ikusle-kopuruaren murrizketak kenduta, heldu ahal diogu Kontzertu Denboraldirako abonu berrien kudeaketari. Oraingo abonatuak berritzeko aldiaren ondotik, abonu berriak salgai jarriko dira ekainaren 15etik aurrera. Erreserba helbide honen bidez egin daiteke: ABONATU ZAITEZ. Abonuak eskaera jaso ahala kudeatuko dira. Abonuek 80 eurotik 235 eurora arteko salneurria dute 10 kontzerturako.

 

Sarrera solteak salgai irailaren 1etik aurrera

Sarrera guztiak salgai egongo dira irailaren 1etik aurrera euskadikoorkestra.eus helbidean, bai eta auditoriumen webguneetan eta txarteldegietan ere.

 

 

Mezenasgoa

 

Euskadiko Orkestrak, gizartean oso beharrezkoa den kultura-tresna delako uste osoa izanik, ikusleekin lotura izateko tresna berri bat abiarazi du mezenasgoaren bitartez. Hori horrela, herri-proiektu kultural honen garapena lagundu nahi duten pertsonek aukera izango dute beren ekarpenen bitartez hala egiteko.

Mezenasgoa etorkizuneko tresna beharrezko bat da, administrazio publikoek diruz laguntzeko politiken osagarria, eta kultura eta gizartea laguntzeko eta garatzeko bitarteko bilakatuko da aurrerantzean. Orkestrari egindako ekarpenek, haien modalitatea dena dela, kenkari fiskalerako aukera emango dute. Informazio gehiago hemen: euskadikoorkestra.eus

 

 

Esker onak

 

Azkenik, orkestrak bere jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde guztien laguntza eta babesa eskertu nahi du: abonatuei eta ikusleei oro har, erakunde babesle eta laguntzaileei, kultur eragileei, hedabideei eta abarrei, Euskadiko Orkestraren jarduera ahalbidetzen baitute.

Asteazkena 11 Maiatza, 2022

Teresa Catalanen obra baten estreinaldia eta Asier Polo biolontxelojole bilbotarra izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

Teresa Catalanen obra baten estreinaldia eta Asier Polo biolontxelojole bilbotarra izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

Kontzertu-programa berri honek oso obra ezagun bat, Asier Polok interpretatuko duen Elgarren ‘Biolontxelorako kontzertua’, bi obraren deskubrimenduarekin uztartuko du: Teresa Catalanen ‘La Victoria Vacía’, Elkano proiektuaren baitakoa; eta Henri Dutilleuxen ‘1. Sinfonia’, XX. Mendeko funtsezko egilea, bere musika oso sarri interpretatzen ez bada ere.

Maiatzaren 13tik 20ra Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen izango diren kontzertu guztietarako salgai daude sarrerak.

Mahlerren 2. Sinfonia, ‘Berpizkundea’-ren interpretazioan izandako arrakasta handiaren ostean, Euskadiko Orkestrak Denboraldiko azken-aurreko kontzertu-programa aurkezten du, Dutilleux + Elgar/Catalán izenekoa, ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, maiatzak 13, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehen eta asteartean, maiatzak 16 eta 17, Donostiako Kursaal Auditoriumean; ostegunean, maiatzak 19, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta ostiralean, maiatzak 20, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

 

Kontzertu-programa Teresa Catalanen La Victoria Vacía obraren estreinaldiarekin hasiko da, eta eskaintza honekin ekiten dio konpositoreak partiturari: «Orduan itzuli ez zirenei eta orain joan direnei». Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren laugarren kapituluaren obra da. Proiektua 2019an hasi zen, munduari egindako lehen biraren 500. urteurrena oroitzeko, eta ordutik hainbat geldialdi egin dira abentura horretan, Mikel Chamizo, Mikel Urquiza eta Joel Merah konpositoreen eskutik. Egun hauetan, baina 1522an, Espainiara itzultzeko bidean zegoen Elkano; India eta Afrika inguratu zituen eta, beraz, Portugalgo urak ere zeharkatu zituen. Harrapatu egingo ote zituzten beldurrez, Getariako itsasgizonak Victoria itsasontzia aurretik inoiz egon gabeko latitude australetara eraman zuen, eta nabigazioa amesgaizto bihurtu zuen itsaso arriskutsu batean barneratu ziren. Elkanok etxera itzultzea lortu zuen, baina eskifaiaren zati handi bat infernuko bidaia horretan hil zen, gaixotasunen, nekearen eta hornidura faltaren ondorioz. Eta, hain zuzen ere, errealitate gazi-gozo horren gainean ezarri nahi izan du Teresa Catalanek bere sorkuntza. Bere hitzetan, «Elkanok lehen globalizazioa hasi zuen, baina pertsona askoren heriotzaren kontura, eta horrek justifikatzen du obraren eskaintza. Gaur egun, globalizazioa burututa, pandemia batek milioika pertsonari eragiten die, eta asko eta asko ari dira berriro desagertzen. Gogoeta horretatik abiatuta, egoera zailetan desagertu zirenak eta desagertzen ari direnak omentzen ditut».

Obra honek SGAE Fundazioaren eta AEOSen babesa dauka, ‘Incentivos a la Creación Musical’ programaren baitan. Elkanoren bidaiaren amaierari Zuriñe F. Gerenabarrena konpositore arabarrak jarriko dio musika udazkenean.

Duela egun batzuk Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak Teresa Catalani. Konpositore nafarra musika sinfoniko garaikidearen sortzailea da duela berrogei urte baino gehiagotik. Besteak beste, 2017an Musikaren Sari Nazionala jaso zuen, eta 2021ean Nafarroako Gobernuaren Kulturaren Vianako Printzea Saria eta Espainiako Gobernuaren Arte Ederren Urrezko Domina.

Haren ondotik etorriko da Musikaren Sari Nazionala jasotako beste bat, Asier Polo biolontxelista. 21 urte zituela orkestra batekin solista gisa lehendabizikoz aritu zenean intepretatu zuen eta ordutik beti bidelagun izan duen obra interpretatuko du: Edward Elgarren Biolontxelorako kontzertua. Errepertorio britainiarreko kontzerturik ezagunenetako bat dugu, intentsitate emozional handikoa, lirismo gartsua eta intimismo ia mistikoa uztartzen dituela.

Kontzertuak amaitzeko, Robert Treviñok XX. mendeko bigarren zatiko sinfonia frantses ezagun bat zuzenduko du: Henri Dutilleuxen 1. Sinfonia. Lan horrek egileari ospea eman zion nazioartean, eta haren bidez hasi zen tinbre-fintasun paregabeko bere soinu-unibertso berezia taxutzen.           

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Osteguna 05 Maiatza, 2022

Kuadrilla Lagunak taldea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Kuadrilla Lagunak taldea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako laukoteak Mozart eta Bartoken obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, maiatzak 7, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Miramongo Matinéeak 21/22 Denboraldiaren amaierara gerturatzen ari dira hamalaugarren hitzorduarekin, kasu honetan Kuadrilla Lagunak taldeak eskainiko duena, ‘Errepertorioko altxorrak’ izenburupean, larunbat honetan, maiatzak 7, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariz dago osatuta taldea: Virgile Demillac (biolina), Anne-Marie Harmat (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).

Kuadrilla Lagunak taldeak Matinée honi ekiteko Wolfgang Amadeus Mozarten Biolin eta biolarako duoa hautatu du. Mozartek Michael Haydn lagunaren ordez konposatu zuen obra hau, hark Colloredo artzapezpikuak enkargatutako sei duoko zikloa osatu ezin izan zuelako. Mozartek eta Colloredok harreman txarra zuten eta, horregatik, Mozartek ezkutuan idatzi zituen ziklo honetako azken bi piezak, ondoren etsai ospetsuari Michael Haydnen sinadurapean entregatzeko. Mozartek trebeki imitatu zuen lagunaren estiloa, bere trillo eta apainduren erabilera zabalarekin. Engainua Michael Haydnen heriotzaren ondoren bakarrik ezagutu zen.

Ondoren, taldeak Bela Bartoken Bi biolinetarako 44 duoetako hamabi interpretatuko ditu. Pieza oso laburrak dira, eta konpositorearen arabera, "Herriaren soiltasun naturala eta berezitasun melodiko eta erritmikoak" jasotzen dituzte. Ahozko tradizioko harribitxiez osatutako bilduma hau hungariar, errumaniar, serbiar, eslovakiar eta ruteniar folklorearen abesti herrikoien transkripzioan oinarritutako lan musikal eta etnologiko liluragarria da.

Mozarten 14. Hari-kuartetoak itxiko du Miramongo Matinéea. Lirismo handiko eta izaera baikorreko obra denez, ‘Udaberria’ ezinenez ezagutzen da. Joseph Haydni eskainitako sei kuartetoko zikloko lehena da, 1782an idatzia, eta beraz, ez da gaztaroko obra bat. Lau ahotsak nahasi egiten dira eta elkarri erantzuten diete oso ondo gauzatutako idazkera baten baitan. Azken mugimendua fuga bat da, zorrotzenetakotzat jotzen den forma.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 26 Apirila, 2022

Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Mahlerren ‘2. Sinfonia’ ikaragarria interpretatuko dute

Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Mahlerren ‘2. Sinfonia’ ikaragarria interpretatuko dute

Orkestra eta abesbatza lehen aldiz elkartuko dira Abonu Denboraldian pandemia hasi zenetik, ‘Berpizkundea' ezizenez ezagutzen den sinfonia handi hau berreskuratzeko. Orfeoiak bere aurkezpen-gutun gisa defendatu du mundu osoan zehar obra hau.

Robert Treviñok zuzendutako programa berri honetako kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude: apirilaren 29an eta maiatzaren 2an Donostian, maiatzaren 3an Iruñean, maiatzaren 4an Bilbon eta maiatzaren 6an Gasteizen.

Kontzertu-programa berri honekin, Euskadiko Orkestrak 2020an bertan behera geratu zen obra bat berreskuratuko du: Gustav Mahlerren 2. Sinfonia. Eta duela bi urte aurreikusita zegoen bidelagun berberarekin egingo du, Donostiako Orfeoiarekin. Sinfonia hau Orfeoiaren aurkezpen-gutuna bilakatu da eta jaialdi ospetsu ugaritan abestu du, hala nola Luzernakoan, Claudio Abbadok zuzenduta. ‘Berpizkundea’ ezizenez ezaguna den sinfonia hau berreskuratzeak balio sinbolikoa handia du Euskadiko Orkestrarentzat.

Sei urte eman zituen konpositore bohemiarrak sorkuntza hori lantzen, eta bizitzaren eta heriotzaren inguruan sakonki hausnartzen du ordu eta erdiko iraupena duen obra horretan. Lan honekin Mahlerrek lehenbizikoz erantsi zion giza ahotsa sinfonia bati eta beste munduaren gaia jorratu zuen bere baitan. Bere geroko sinfonietako askotan oinarrizko bilakatuko ziren osagai horiek.

Programa honen kontzertuak orkestraren ohiko lau hiriburuetan egingo dira, guztiak 19:30ean: ostiral honetan eta datorren astelehenean, apirilak 29 eta maiatzak 2, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, maiatzak 3, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, maiatzak 4, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostiralean, maiatzak 6, Gasteizko Principal Antzokian. Principal Antzokiko eszenatokiaren tamainagatik Gasteizen orkestra murriztuarentzako bertsioari helduko dio orkestrak, Gilbert Kaplan & Rob Mathesena. 

 

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

 

Robert Treviñok arrakasta handia lortu du nazioarteko agertoki garrantzitsu ugaritan Mahlerren lanak zuzentzen: haren musikarekin egin zuen debuta Municheko Orkestra Filarmonikoa zuzenduz (5. Sinfonia, 2016an) eta, horren ondoren, Londreseko Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen (zehazki, 3. Sinfonia, 2017an); azkenik, Mahler aukeratu zuen 2017ko urrian Euskadiko Orkestraren titular gisa eman zuen lehen kontzerturako, konkretuki, haren 1. Sinfonia. Programa berri honekin Treviño haratago joan da Euskadiko Orkestrarekin egiten ari den bidaia mahleriarrean, aurreko denboraldietan, 9. Sinfonia eta Lurraren kantaren buru izan ondoren.

Orkestrak eta bere titularrak, Orfeoiaz gain, Mahlerren musikan espezializatutako bi kantari bakarlari izango dituzte lagun programa honetan: Sarah Fox sopranoa eta Justina Gringyte mezzosopranoa.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Osteguna 21 Apirila, 2022

Euterpe Boskotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euterpe Boskotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako boskoteak Boccherini eta Brahmsen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, apirilak 23, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 21/22 Denboraldiko hamahirugarren hitzorduarekin, kasu honetan Euterpe Boskoteak eskainiko duena, ‘Musika klasikoaren perlak’ izenburupean, larunbat honetan, apirilak 23, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariz dago osatuta taldea: Laura Balboa (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Arkaitz Martinez (biola), Monika Mazur (biola) eta Beatriz Linares (biolontxeloa).

Euterpe Boskoteak osatzen duen hari-formazioa ez da oso ohikoa, bi biola baititu, eta horrek hari-laukotearena baino soinu harmoniko aberatsagoa ematen dio, eta oso interesgarria da akustikaren ikuspegitik. Matinée honetan Boccheriniren garaitik Brahmsen Erromantizismoaren arora doan bidaia proposatzen digu taldeak.

Programako lehen obra Luigi Boccheriniren 5. Hari kintetoa izango da. Lan hau, jatorriz, bi biolontxelodun hari-boskoterako idatzia dago, baina kontzertu honetan Euterpek bi bioladun hari-boskoterako transkripzioa interpretatuko du. 1771n idatzia eta 1775ean argitaratua, obra hau ospetsua da bere hirugarren mugimenduari esker, Minuetto izenekoa, askotan pieza independente gisa jotzen dena. Ez zuen aintzatespen berezirik jaso argitaratu zen unean, hala ere, bi mende baino gehiago pasa diren honetan, ukaezina da pieza honen ospea, pelikulak, telebista eta bideojokoak bezalako hedabide garrantzitsuetan oso erabilia izan baita.

Matinéearen bigarren zatia Johannes Brahmsen 1. Hari kintetoari eskainiko zaio. Lan hau 1882an konposatu zuen Bad Ischl bainuetxean, Austria Garaian, eta Simrock etxeak argitaratu zuen. Urte horren amaieran aurkeztu zen lehen aldiz ganbera-musikako gau-ekitaldi batean Frankfurten. Brahmsek Mozarten eredua jarraitu zuen eta bigarren biola bat gehitu zion taldeari. Bere ganbera-lanik ezagunenetakoa ez den arren, musikagilearen gustukoenetako bat izan zen: "Ez duzu inoiz jasoko niregandik halako obra ederrik", idatzi zion alemaniarrak Fritz Simrock editoreari.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 07 Apirila, 2022

Pietari Inkinenek Euskadiko Orkestra zuzenduko du Bilbon Dvoraken ‘Mundu Berriko Sinfonia’ plater nagusi gisa

Pietari Inkinenek Euskadiko Orkestra zuzenduko du Bilbon Dvoraken ‘Mundu Berriko Sinfonia’ plater nagusi gisa

Finlandiarra orkestraren podiumera igoko da zapore bohemiardun programa batean, non Dvoraken ‘Otello’-ren obertura eta Smetanaren ‘Emaztegai saldua’-ren obertura eta hiru dantzak ere menuan izango diren. Apirilaren 9an, larunbata, 19:30ean, Euskalduna Jauregian izango den kontzertu honetarako sarrerak salgai daude.

Bilboko kontzertuaren bezperan, Euskadiko Orkestra programa berarekin aurkeztuko da Logroñoko Riojaforumean, 20:30ean.

Euskadiko Orkestrak Bilbon bakarrik aurkeztuko du bere hurrengo abonu-programa, Bohemia protagonista izango duena. Gaur egungo Txekiako Errepublikako eskualde historiko txiki hau, Austria, Alemania, Polonia eta Moraviaren mugakide, XIX. mendean talentu musikalaren erdigune garrantzitsuenetako bat izan zen. Austria-Hungariako Inperioarekin zituen gorabeheren ondorioz, musikagileek bertan aurkitu zuten nazionalismo musikalaren korronte berriarekiko pasioa partekatzeko gunea. Deutsche Radio Philharmonie eta Japoniako Orkestra Filarmonikoko zuzendari titular Pietari Inkinenek gidatuko du programa, eta Bohemiako Erromantizismoko ezinbesteko bi egile eta euren obrak aurkeztuko dizkigu: Smetana, eskola musikal nazionalistaren sortzailea –Emaztegai saldua operako obertura eta hiru dantza– eta Dvorak –Otelloren obertura lan dramatikoa eta 9. Sinfonia, «Mundu Berrikoa», haren obra ezagunena, zeinak, Estatu Batuetan sortu bazuen ere, Bohemiako folklorearen oihartzunak dituen–. 

Kontzertua apirilaren 9an izango da, larunbata, 19:30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Sarrerak 10 eta 35 euro bitartean daude salgai euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditorioaren webgune zein leihatilan.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Kontzertua Bedrich Smetanaren Emaztegai salduarekin hasiko da, 1863tik 1866ra konposatutakoa. Txekiako lehen opera nazional handi bihurtu zen obra hau, eta herrialdeko musikaren garapenerako ibilbide-orria ezarri zuen. Egun Emaztegai saldua Txekiar Errepublikatik kanpo oso gutxitan interpretatzen den arren, obertura eta dantza-bilduma ohikoak dira nazioarteko errepertorioan. Hori bai, jatorrizko nozio politiko guztiak kenduta, estilo eslaviar puruko orkestra-birtuosismoaren adierazgarri moduan.

Bohemiako Erromantizismoaren beste figura handiaren, Antonin Dvoraken, Otelloren obertura ere entzun ahal izango da kontzertuaren lehen zatian. Dvorakek bere konposizio-birtuosismo guztia erakutsi zuen poema sinfoniko honetan.

Kontzertuaren bigarren zatian plater nagusia etorriko da: Dvorakek Otelloren ondoren idatzi zuen 9. Sinfonia, «Mundu Berrikoa». Estatu Batuetara joan berritan, bohemiarrak New Yorkeko Filarmonikaren enkargua jaso zuen, espiritu amerikarra islatuko zuen sinfonia bat idazteko. Nagusiki bohemiar musika materialetik abiatuta, Ipar Amerikako herrialdeari omenaldi zoragarri hau egin zion Dvorakek. 1893ko abenduaren 15ean Carnegie Hallen estreinatua, bere sinfonia ezagunenean ez ezik, historiako ospetsuenetako batean ere bilakatu da.

 

 

Kontzertua Logroñon

 

Bilboko abonu-kontzertuaren aurretik, Euskadiko Orkestra Logroñora joango da apirilaren 8an, ostirala, 20:30ean, Riojaforumean programa bera eskaintzeko. Errioxako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako kontzertu horretarako sarrerak salgai daude 22 eta 30 euro arteko prezioan auditorioaren webgunean.

Osteguna 31 Martxoa, 2022

Harpen arteko norgehiagoka larunbat honetako Miramongo Matinéean

Harpen arteko norgehiagoka larunbat honetako Miramongo Matinéean

Ensemble Moderne Érard taldeak, Euskadiko Orkestrako zortzi musikarik osatutakoak, harpari protagonismoa emango dion kontzertua eskainiko du, Ropartz, Jongen, Debussy eta Ravelen obrekin. Matinéea larunbat honetan izango da, apirilak 2, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 21/22 Denboraldiko hamabigarren hitzorduarekin, kasu honetan Ensemble Moderne Érardek eskainiko duena, ‘Les (in)connus’ izenburupean, larunbat honetan, apirilak 2, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariz dago osatuta taldea: Virgile Demillac (biolina), Anne-Marie Harmat (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola), Pascale Michaud (biolontxeloa), Paloma Torrado (kontrabaxua), Hélène Billard-Alirol (flauta), Sara Zufiaurre (klarinetea) eta Iván Bragado (harpa).

Taldeak inpresionismoaren garaiko lau obra proposatuko ditu programa honetarako, bi fabrikatzaile ezberdinen bi harpa motaren arteko benetako gerra bat biltzen dutenak barnean: alde batetik, Sébastien Érarden pedaldun harpa, 1810ean estreinatua eta gaur egun ere nagusi dena, eta, bestetik, pedalik gabeko harpa kromatikoa, geroago Parisko Pleyel etxean jaio zena bere aurrekoari itzal egiteko, nahiz eta ez zen hura garaitzera iritsi bere soinu-bolumena eskasegia zelako.

Matinée hasieran Guy Ropartz frantziar musikagile eta poetaren Prélude, Marine et Chansons entzungo dugu, pedalezko harparako idatzia, eta maitagarrien eta aztien munduetara eramango gaituena. Ondoren, Joseph Jongen musikagile belgikarraren Bosterako kontzertua etorriko da, harpa kromatikorako bertsio bat duen obra, baina Belgikako harpa-eskolak pedaldun harparako egokiagotzat jo zuena beti.

Bi instrumentu hauen arteko buruz burukoa intentsitate bereziarekin bizituko dugu Matinéea itxiko duten bi obretan. Alde batetik, Claude Debussyren Dantza Sakratu eta Profanoa entzungo dugu, 1904an Pleyel etxeak enkargatutako lana, non konpositore frantziarrak instrumentu berriak eskaintzen zituen aukerak ahalik eta gehien esploratu eta ustiatu zituen, arrakasta handiz. Bestalde, Maurice Ravelen Sarrera eta Allegro lana izango dugu, 1905ean Érard etxeak kontraeraso gisa enkargatu zuena frogatzeko harpa kromatikoa ez zitzaiola bere pedaldun harpari inoiz gailenduko.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 22 Martxoa, 2022

Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berria hasi da artisten zerrenda eguneratuta

Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berria hasi da artisten zerrenda eguneratuta

Euskadiko Orkestrak Brahmsen ‘Requiem alemana’ interpretatzeko goi-mailako ahotsak gonbidatu ditu: Olga Pasichnyk soprano ukrainarra (orain gutxi bertan behera geratu den Ainhoa Arteta ordezkatuko duena); Johann Kristinsson baritono islandiarra (hasiera batean aurreikusitako Michael Nagy ordezkatzen duena); eta Iruñeko Orfeoia.

Georg Marken zuzendaritzapean, kontzertuak ohiko lau hiriburuetan izango dira martxoaren 23tik apirilaren 1era eta sarrerak salgai daude saio guztietarako.

Euskadiko Orkestrak duela egun gutxi iragarri zuen Ainhoa Arteta sopranoaren parte-hartzea bertan behera geratu zela, eta ‘Brahms Requiem’ kontzertu-programa berriaren bezperan, baieztatu du Olga Pasichnyk soprano ukrainarra izango dela ordezkoa. Ahotsen atalean, programa honek Johann Kristinsson (hasieran aurreikusita zegoen Michael Nagy ordezkatuko duena) eta Iruñeko Orfeoia (pandemiaren ondoren orkestraren kontzertuetara itzuliko den lehen abesbatza) ere izango ditu. Georg Mark austriarrak, XIX. mendeko germaniar errepertorioko espezialista handiak, zuzenduko du dimentsio handiko programa sinfoniko-koral hau, duela bi urte baino gehiagotik ezaugarri horietako lehena izango dena.

Kontzertuak martxoaren 23tik apirilaren 1era izango dira ohiko lau hiriburuetan, guztiak 19:30ean:

  • Martxoak 23, asteazkena: Bilboko Euskalduna Jauregia.
  • Martxoak 25, ostirala: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Babeslea: Laboral Kutxa.
  • Martxoak 28, astelehena: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Babeslea: Laboral Kutxa.
  • Martxoak 29, asteartea: Iruñeko Baluarte Auditoriuma.
  • Apirilak 1, ostirala: Gasteizko Principal Antzokia.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Johannes Brahmsen Requiem aleman bat obra sakratua da, requiem oso berezia, bakarra eta nahasgarria alderdi askotan, testutik bertatik hasita. Brahmsek, hildakoen aldeko meza latindarraren bertso liturgiko tradizionaletan beharrean, Luteroren Bibliara jo zuen. Brahmsek ez ditu aipatzen ez Azken Judizioa, ez hildakoen aldeko alegaturik edota otoitzik, ez Kristoren izena. Erredentzioaren erreferentzia bakar bat dago, laburra eta anbiguoa, Jesusen heriotzaren bitartez. Inolako doktrinetan gehiegi oinarritu gabe, kontsolamendu espirituala eta humanoa ematen duten mezuak aukeratu zituen. Brahmsen Requiemak kontsolamendu-hitzak eskaintzen ditu, bizidunak sufrimendu eta heriotzaren ideiarekin adiskidetzeko pentsatuak.

Bremengo estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Requiem aleman bat modan jarri zen Alemaniako elkarte koral ugarien artean eta Brahmsek independentzia ekonomikoa lortu zuen. Hala, hortik aurrera, ia konposatzen soilik jardun zuen. Denbora gehiago behar izan zuen Europaren gainerakoan zabaltzeko, herrialde katolikoetan batez ere, batzuetan errezelo batzuk agertu baitzituzten. XIX. mendeko azken hamarkadan, hala ere, Requiem aleman bat lanak jadanik leku zentrala zuen nazioarteko errepertorio sinfoniko-koralean, gaur egun bezala.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Ostirala 18 Martxoa, 2022

Fernando Velazquezek ‘Viento’ disko berria aurkeztu du, Euskadiko Orkestrarekin grabatua

Fernando Velazquezek ‘Viento’ disko berria aurkeztu du, Euskadiko Orkestrarekin grabatua

Sari ugari jaso dituen konpositore eta orkestra-zuzendari Fernando Velazquezek duela hilabete batzuk Euskadiko Orkestrarekin, Johannes Moser biolontxelojolearekin eta Kup Taldea abesbatzarekin grabatutako ‘Viento’ disko berria kaleratu du martxoaren 18an.

Albumak bere hiru lan biltzen ditu, ‘Biolontxelorako kontzertua’, ‘Cantata de estío’ eta ‘Viento del oeste’, eta oso disko berezia da Velazquezentzat, zinematografia- edo antzerki-proiektu bati ez dagokion bere lehen ekoizpen musikala delako.

Fernando Velázquez: nahiz eta ez dudan funtsezko desberdintasunik aurkitzen beste obra batzuen eta oraingo honetan argitaratzen direnen artean, lehen aldia da zinema- edo antzerki-lan bati ez dagokion obra bat publikoari aurkezten dudala disko-edizioan. Bizitza osoa daramat mota guztietako musika idazten eta beste ezerekin zerikusirik ez duen musika argitaratzen dudan lehen aldia da. Euskadiko Orkestrarekin, Johannes Moserrekin eta Kup Taldearekin izatea oso zirraragarria da haienganako sentitzen dudan miresmenagatik eta grabazioan izan duten inplikazioagatik. Pentatone diskoetxearekin lan egitea ere pozgarria izan da, mundu mailako erreferentziazko diskoetxea baita”.

Fernando Velazquezek Euskadiko Orkestrarekin sarri kolaboratu ohi du. Elkarrekin arrakasta handia lortu dute honako film eta telesailen soinu-bandengatik: A Monster Calls (Velázquezek 2017ko Jatorrizko Kanta Onenaren Goya jaso zuen), Ocho Apellidos Vascos, Contratiempo, Submergence eta Patria. Velazquezek lotura estua du Kup Taldea abesbatza gipuzkoarrarekin, zeinarekin Patria telesailaren eta El Orfanato filmaren musika grabatu duen. Viento-ren baitan egindako Biolontxelorako kontzertuaren grabazioa Johannes Moser alemaniar-kanadar biolontxelojole entzutetsuarekin egindako lehen elkarlana da.

Orriak