Asteartea 02 Maiatza, 2023

Karel Mark Chichon lehendabizikoz jarriko da Euskadiko Orkestraren buru kontzertu-programa berrian

Karel Mark Chichon lehendabizikoz jarriko da Euskadiko Orkestraren buru kontzertu-programa berrian

Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titularrak Euskadiko Orkestraren 22/23 Denboraldiko azken-aurreko programa zuzenduko du, plater nagusi duena Sergei Prokofieven ‘Romeo eta Julieta’ baletaren suiten hautaketa bat. Anne Gastinelek Korngolden ‘Biolontxelorako kontzertua’ interpretatuko du Andris Dzenitis letoniar garaikidearen ‘Postludium. Ice’ obrarekin hasiko den programa heterogeneo honetan.

Sarrerak salgai daude maiatzaren 4tik 12ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako.

Euskadiko Orkestrak ostegun honetatik aurrera 22-23 Denboraldiko bederatzigarren eta azken-aurreko programari ekingo dio, ‘Pasioa’ izenekoa. Euskadiko Orkestraren buru lehendabizikoz arituko da Karel Mark Chichon datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan izango diren bost kontzertuetan: ostegun eta ostiralean, maiatzak 4 eta 5, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, maiatzak 8, Gasteizko Principal Antzokian; asteartean, maiatzak 9, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta ostiralean, maiatzak 12, Bilboko Euskalduna Jauregian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Programaren obra nagusia kontzertuen bigarren zatian etorriko da. Sergei Prokofieven partitura unibertsalentzat jotzen dena, Romeo eta Julieta baleta, San Petersburgoko Kirov antzokiaren enkargua izan zen, konpositorea Sobietar Batasunera behin betiko itzultzea pentsatzen ari zenean, bi hamarkada erbestean igaro ondoren, Estatu Batuetan, lehenik, eta Europan, gero. Bere herrialdean ere artista izateko grinak bultzaturik, eta bere etapa modernistakoa baino errazagoa zen estilo batekin, Prokofievek balentria bat lortu zuen hiru hilabetean soilik: Shakespeareren maitasun-istorio hilezkor Romeo eta Julietan oinarritutako baleta idaztea. Baletaren bi suite orkestralen pasarte nagusien hautaketa egin du Chichonek programa honetarako, eta hori da kontzertuetan entzungo dena.

Euskadiko Orkestraren zuzendari titular Robert Treviñoren hitzetan: “Romeo eta Julieta baleta Prokofievek idatzitako lanik aipagarrienetakoa izan zen. Eta bertako suitea, Chichon maisuak gidatua, Denboraldiko gailurretako bat izango da. Pieza hau oso gustukoa dut hainbat arrazoiengatik. Musikari dagokionez, Shakespeareren Romeo eta Julietaren istorio handiaren irudikapen perfektua delako, maitasun sakon eta galera sakon baten berri ematen duen istorioa”.

 

 

Aurretik, lehen zatian, Erich Wolfgang Korngolden Biolontxelorako kontzertua entzungo da. Hamahiru minutuko obra hau konpositore txekiarrak 1946an Deception filmerako —Bette Davis protagonista izan zuen melodrama noir ezaguna— konposatu zuen soinu-bandaren zabalkuntza bat da, eta pianojole, konpositore eta biolontxelojole baten arteko zorigaiztoko maitasun-triangelu bat kontatzen zaigu film horretan. Anne Gastinel, erreferentziazko biolontxelojolea Frantzian, izango da kontzertuaren solo-zatiaren dramatismo biziari aurre egingo diona.

Kontzertuen zuzendaria izango da Karel Mark Chichon, Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoko zuzendari titularra, 2009tik 2012ra Letoniako Orkestra Nazionalarekin ere aritu zena lanean; Andris Dzenitis deskubritu zuen bertan, eta euskal publikoari aurkeztuko dio haren musika. Hautatutako obra Postludium. Ice da, non konpositore letoniarrak paisaia izoztu maiestatetsuak islatzen dituen.

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Asteazkena 26 Apirila, 2023

Euskadiko Orkestrak eta FEVASek tailer inklusiboak berreskuratu dituzte egokitutako instrumentuekin

Tailerra Miramonen (2023-4-26)
Tailerra Miramonen (2023-4-26)

Desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasuna daukaten 123 lagunek parte hartuko dute egunotan Bilbon, Donostian eta, lehendabizikoz, Gasteizen antolatu diren elkartzeetan Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloaren baitan.

2009 urteaz geroztik, FEVAS Plena Inclusion Euskadik eta Euskadiko Orkestrak hainbat elkartze eta tailer egin dituzte desgaitasuna duten pertsonen kolektiboari musika hurbiltzeko. Aliantza estrategiko honek fruitu garrantzitsuak eman ditu, ‘Soinu-mosaikoa’ proiektua kasu, Espainiako orkestra guztien inplikazioa lortu zuen ariketa inklusibo guztiz aitzindaria.

Aste honetan berreskuratuko dira pandemia hasi zenetik etendako tailer horiek, eta berrikuntzekin itzuli dira. Horietako bat da Arabako hainbat elkartek bat egin dutela elkartze horiekin, eta hortaz, Euskadi osoko pertsonei zabaltzen zaizkie dagoeneko tailerrok. Horrez gain, desgaitasun intelektuala duten lagunen behar desberdinetara (motorrak, ikusmenekoak, sentsorialak) egokitutako musika-instrumentuak gehitu dira. Pertsona guztiek musika interpretatzeko aukera izan dezaten, beharrezkoa da erabiltzeko moduko musika-tresnak sortzea, eta musika-teknologia irisgarriarekin zerikusia duen oro, oraingoz, berritzailea da eta ibilbide laburrekoa.

 

 

Tailerrak

 

Lehen tailerra atzo egin zen, apirilak 25, Bilboko J.C. de Arriaga Kontserbatorioan eta Apnabi, Aspace Bizkaia, Gaude eta Gorabide elkarteek parte hartu zuten bertan. Bigarrena Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzara iritsi da gaur, eta Aspace Gipuzkoa, Gautena, Goyeneche Fundazioa eta Uliazpi Fundazioa izan ditu partaide. Bihar, osteguna, apirilak 27, tailerra Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan eskainiko da, Apdema eta Usoako kideekin. Tailer guztiak 10:30ean hasiko dira, 14 urte arterainoko haurrekin, eta 12:00etan jarraituko dute helduekin. Tailerretan landuko dira musikaren garaiera eta iraupena, intentsitatea eta erritmoa, Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañadaren zuzendaritzapean.

 

 

Musika Teknologia Irisgarria

 

Musika-teknologia irisgarriaren ideia eta beharra Musikeneren Musika Bitartekaritza Masterraren eta FEVASen proiektu batetik abiatu da, Mikel Cañada buru dela. Ekimen honetan musika esperientzia inklusibo bihurtzeko lanabesak izateko beharra antzeman da. Merkatuan erreferentzia gutxi daude eremu horretan, eta Musikenek instrumentu egokituen lehen erosketa egin du. Orain, Euskadiko Orkestra Musika Gelaren hezkuntza-zikloaren baitan eta FEVAS Plena Inclusion Euskadirekin harreman estuan antolatutako tailer horietan erabiliko dira instrumentuok.

Osteguna 20 Apirila, 2023

Jean-Michel Damaseri omenaldia larunbateko Miramongo Matinéean

Jean-Michel Damaseri omenaldia larunbateko Miramongo Matinéean

Gehienbat Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako Groupe Damasienne taldeak duela hamar urte zendutako frantziar konpositore eta pianista bikainaren hiru obra interpretatuko ditu larunbat honetan, apirilak 22, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiko hamahirugarren hitzorduarekin datoz, kasu honetan Groupe Damasiennek eskainiko duena, ‘Hommage à Jean-Michel Damase’ izenburupean, larunbat honetan, apirilak 22, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Taldea ia bere osotasunean Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen dute: Itziar Prieto (biolina), Delphine Dupuy (biola), Pascale Michaud (biolontxeloa), Ander Erburu (flauta), Ivan Bragado (harpa). Christine Icart, hau ere harpajolea, da taldeko beste kidea.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Denboraldiko hamahirugarren Miramongo Matinée honen bezperan hamar urte beteko dira musikaren munduak Jean-Michel Damase konpositore eta pianista frantziarra galdu zuenetik. Kontzertu hau omenaldia izango da gizon xume eta apal bezain aparta honi, estilo paregabeko ekoizpen musikalduna bera.

Musika-giroan hazi zen Jean-Michel Damase, Gabriel Fauré eta Maurice Ravelen obrak sortu zituen Micheline Kahn harpajolearen semea baitzen. Alfred Cortoten ikasle, Parisko Musika Kontserbatorio Nazionalean egin zituen ikasketak Damasek, bertan graduatu zen eta hamabost urterekin pianoko lehen saria lortu zuen aho batez. Sari garrantzitsu gehiago lortzen jarraitu zuen hurrengo urteetan, eta kontzertista gisa ibilbide arrakastatsua hasi zuen. Pierre Barbizet, Lily Laskine eta Jean-Pierre Rampal bezalako interprete handiekin emanaldiak eskaini zituen.

Bere obra guztiak gaitasun instrumentalen ezagutza intimoa erakusten du, bere orkestrazioa osoa eta koloretsua da, baina ganbera-musika lehenetsi izan zuen beti, bereziki haize-instrumentuentzat, talde txikientzat eta flauta, harpa eta hari-boskotearentzat idatzitakoa.

Kontzertu honek harparako errepertorioa hartzen du ardatz, bere amak jotzen zuen instrumentua. Honako obrak entzun ahal izango dira: Bi harparako sonatina birtuosistikoa; Flauta, harpa eta biolontxelorako trio erritmikoa; eta Flauta, harpa eta hari-triorako kinteto liluragarri eta sentsuala.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 18 Apirila, 2023

Euskadiko Orkestrak berriz hartuko du Frank Peter Zimmermann biolinjole handia kontzertu-programa berrian

Euskadiko Orkestrak berriz hartuko du Frank Peter Zimmermann biolinjole handia kontzertu-programa berrian

Sona handiko biolinista alemaniarrak Elgarren ‘Biolinerako kontzertua’-ri egingo dio aurre, errepertorioko kontzertu luze eta zailenetako bat bezala hartzen denari. Horrez gain, Euskadiko Orkestrak programa berri honetan Alexander Veprik aurkeztuko du, gulagetik igaro ondoren eta hilzorian zela ‘Bi poemak’ idatzi zituen konpositore errusiar ezezaguna.

Sarrerak salgai daude apirilaren 20tik 26ra ohiko lau hiriburuetan izango diren eta Christoph-Mathias Muellerrek zuzenduko dituen kontzertu guztietarako.

 

Poloniara bira arrakasta osoz burutu ostean, Euskadiko Orkestrak ostegun honetatik aurrera 22-23 Denboraldiko zortzigarren programari ekingo dio, ‘Arimatik’ izenekoa. Euskadiko Orkestraren buru lehendabizikoz arituko da Christoph-Mathias Mueller datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan izango diren bost kontzertuetan: ostegun eta ostiralean, apirilak 20 eta 21, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, apirilak 24, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteartean, apirilak 25, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta asteazkenean, apirilak 26, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Kontzertu-programa honen protagonista nagusia solista gonbidatua izango da, Frank Peter Zimmermann, Euskadiko Orkestraren lagun handia, duela bi hamarkadatik bere Kontzertu-Denboraldia sarri bisitatu duena. Orkestra batekin debuta egin zuenetik –10 urte zituen soilik–, Zimmermann nazioarteko orkestra garrantzitsu ia guztiekin aritu da jotzen (Bostoneko eta Chicagoko sinfonikoak eta Vienako eta Londreseko filarmonikoak, besteak beste) eta gaur egun jardunean dauden biolinista guztien arteko errepertoriorik luzeenetako bat du. “Dena irabazi, grabatu eta interpretatu du”, idatzi dute berari buruz.

Kasu honetan orkestrak Zimmermannen eskuetan britainiar errepertorioko biolinerako kontzerturik ospetsuena utziko du, errepertorio osoko luze eta zailenetakoa ere badena, askok diotenez: Edward Elgarren Biolinerako kontzertua. Zirrara biziko partitura da, Wagnerren, Beethovenen eta Brahmsen oihartzunak biltzen dituena eta Zimmermannek arreta handia jarri dio azken bi urteetan: munduko leku askotan interpretatu du, baita Madrilen eta Galizian ere, eta ekainean berriz defendatuko du, Zurichen Tonhalleko orkestrarekin.

 

 

Euskadiko Orkestraren zuzendari titular Robert Treviñoren hitzetan: “Frank Peter Zimmermann inoizko biolinjole ezagunenetako bat da. Mundu osoko audientziek miresten dute. Beti da festa gure orkestrarekin bat egiten duenean. Eta momentu hau ospatzeko biolin-kontzertu guztien errege dena aurkeztea pentsatu genuen: Elgarren Biolin Kontzertua. Ez da kontzertu soil bat; 40 minutuko tour de force bat da, non orkestrak eta bakarlariak, elkarlanean, Everest mendiko altuerara garamatzaten, bizitzak eskain diezazkiguken esperientzia guztietan barrena”.

Gainera, zortzigarren abonu-programa honek Alexander Veprik musikagile errusiarraren irudia deskubritzea proposatzen digu; gulag batean egon zen egilea —Siberiako bortxazko lanen esparru batean—, eta ondoren bere Bi poemak idatzi zituen, hilzorian zegoela. Kolorez eta energiaz betetako musika da, baina sakontasun handikoa, eta Muellerrek zuzenduko du; izan ere, berak jarri baitzuen Veprik mapan 2020an OPUS Klassik saria jaso zuen disko bikain bati esker.

Vepriken sormen-unibertsoan barneratu aurretik, Beethovenek idatzi zuen opera bakarraren, Fidelio izenekoaren, obertura entzungo dugu. Lan horrek kontatzen du bidegabeko espetxeratze bat eta askatasunaren aldeko borroka, Vepriken istorio pertsonal tragikoa markoztatzeko.

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Ostirala 31 Martxoa, 2023

Euskadiko Orkestrak harremana sendotu du Poloniako Beethoven Jaialdiarekin

Narodowe Forum Muzykiko kontzertuaren amaiera (Wroclaw, 2023-3-29). Argazkia: Karol Sokolowski
Narodowe Forum Muzykiko kontzertuaren amaiera (Wroclaw, 2023-3-29). Argazkia: Karol Sokolowski

Erritmo eta exijentzia artistiko altuko bira baten emaitza da, euskal orkestrak sendotasun handiz eta kalitate estandar altuekin gainditu duena.

Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusi Oriol Rochen hitzetan, “etorkizunean itzultzeko aukera zigilatu dugu”.

Euskadiko Orkestrak DNAn darama nazioarteko bokazioa duela 41 urte abian jarri zenetik. Denbora honetan guztian Europako herrialde ugari bisitatu ditu, baita Hego Amerikakoak ere, baina irteera europar berri hau, historiako hogeita bigarrena, inflesio-puntua izan da bere nazioarteko ibilbidean. Polonia ikaragarrizko musika-tradizioa duen herrialdea da, artista eta musikagile handien eta ehun urte baino gehiagoko orkestren sorterria, eta Beethoven Jaialdia, Robert Treviño titularrarekin duen harremanari esker Euskadiko Orkestra gonbidatu duena, Poloniako jaialdi garrantzitsuenetako batean bilakatu da bere fundatzaile Krzysztof Pendereckiren eskutik. Basque National Orchestrari ongietorria emateko prest zeuden Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice hirietan, sarrera guztiak bukatuta, guztira 5.400. Horrela, bada, Euskadiko Orkestrak ezin zuen huts egin, eta programa exijentea eta maila altukoa eraman du, eta indarrez egin dio aurre.

 

 

Programa exijentea

 

Polonian aurkezpen honetarako diseinatutako programa berbera izan da lau kontzertuetan. Irekiera gisa, Boléro ezagun eta unibertsala, Ravel konpositoreak idatzia, euskaldun gisa aldarrikatzen dugun figura eta Euskadiko Orkestrak bere kutsu eta begirada propioarekin erakusteko ahalmena duena. Eta horrekin hasi du orkestrak bere konkista, Ravelen kapritxoei erantzunez eta familia instrumental ezberdinak in crescendo moduan txertatzen jakinez, partiturak eskatzen duen bezala, beti zuzen eta konpositorearen alderik euskaldunenari aurre eginez. Hasierako konpasetatik, Ravelen Pavane pour une infante défunte hartuz obertura moduan, Euskadiko Orkestra lurraldea markatzen joan da eta publikoa bere alde izan du. Horrela eman dio bide, zalantzarik gabe, kontzertuaren funtsezko obra gisa aurkezten zenari, Mahlerren Bosgarren konplexuari. 70 minutuko partiturak konpositorearen soinu-unibertso osoa ezagutzeko tartea ematen du, baina baita orkestra baten gaitasuna egiaztatzeko ere. Erronka handia zen, baina Euskadiko Orkestrak sendotasunez gainditu du, konfiantza, kontzentrazio eta kalitate estandar altua erakutsiz. Txalo-zaparrada luzeak eskaini dituen publikoaren erantzunak eragin handia izan du orkestran, eta bi edo hiru bisekin erantzun du, hiri bakoitzean ia hiru orduko kontzertua osatuz. Jesus Guridiren Amorosa, Geronimo Gimenezen Luis Alonsoren Ezteien Intermedioa eta Brahmsen 5. Dantza Hungariarra zituen orkestrak atriletan gordeta kontzertuak amaitzeko, eta publikoari oroitzapen ahaztezina uzteko balio izan dute.

Robert Treviñoren hitzetan, “musikariek pasio, botere eta gogo handia erakutsi dute. Lau aldiz jo dute sinfonia hau jende askoren aurrean, eta soinurik onena eta interpretazio sakona eskaintzea lortu dute. Horregatik guztiagatik oso harro nago Euskadiko Orkestraren zuzendari titular izateaz. Orkestrak maila oso altuan dagoela erakutsi du”.

Euskadiko Orkestra Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice hirietatik igaro ostean “esan dezakegu harreman sendoa ezarri dugula Beethoven Jaialdiarekin, eta etorkizunean itzultzeko aukera zigilatu dugu”, dio Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusi Oriol Rochek.

 

 

Tradizioa eta modernitatea uztartzen duten aretoak

 

Bisitatu ditugun aretoek tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzte. Varsovia eta Krakovia toki historikoak dira, lehenengoa Bigarren Mundu Gerraren ostean berreraikia, eta bigarrena ehun urtetik gorako hormekin, eta biak ala biak historiaz Beteta. Bertatik pasa dira musikagile eta interprete handiak, Poloniako musika-historiari forma eman diotenak eta gaur egun erabateko begirunez eta miresmenez ikustera eraman gaituztenak. Wroclaw eta Katowiceko auditorioak ere garrantzia handiko lekuak dira, baina askoz beranduago eraikiak, abangoardiazko arkitekturarekin, eta askok diotenez, mundu osoko akustikarik onenetakoa duten entzunareto bilakatu dira. Eszenatoki horietatik pasa da Euskadiko Orkestra, eta horrela markatu du mugarri berri bat bere nazioarteko ibilbidean, euskal kulturaren enbaxadore rola betez oraingoan ere.

 

 

Erakundeetako ordezkariak, familietako kideak eta lagunak

 

Egun hauetan zehar pertsona eta ordezkari instituzional asko izan ditu alboan Euskadiko Orkestrak Poloniako aurkezpenean. Varsoviako kontzertuan Beethoven Jaialdiaren presidente Elzbieta Penderecka izan zen. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ireki zuen euskal ordezkaritza instituzionala Varsovian, Viralgen enpresako kontseilari delegatu Javier García Cogorrorekin batera. Viralgenek Poloniako hiriburuko kontzertua babestu zuen, lan handia egiten baitute bertan ikerketa genetikoaren arloan. Krakoviako kontzertura joan ziren Krakoviako Gobernuaren Kultura presidenteorde Robert Piaskowski; Poloniako kontsula Burgosen, Enrique de Villamor y Soraluce; Cervantes Institutuaren zuzendari Beatriz Hernanz; Antoni Wit orkestra-zuzendari poloniarra, hainbat urtez Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren titular izandakoa eta gaur egun Krakoviako Orkestra Filarmonikoaren ohorezko zuzendaria. Ordezkaritza zabal horretaz gain, Euskadiko Orkestrarekin egon dira, baita ere, musikari poloniarren familiar ugari, orkestrako kideen adiskideak eta munduan barrena dabiltzan euskaldunak, bereziki Erasmus programagatik Polonian dauden ikasleak, Euskadiko Orkestrak erakarrita kontzertuak ikustera joan direnak.

 

 

Katowice, biraren amaiera

 

Gaur amaituko du Euskadiko Orkestrak bira Katowicen, industria-hiria, meatzaritza-tradizio handikoa, eta Europa osoko auditorio garrantzitsuenetakoa barne hartzen duena, akustika onenetakoarekin. Bertan burutuko du orkestrak Polonian barrena egin duen lau kontzertuko bira handi hau, bere nazioarteko historian toki garrantzitsua hartuko duena.

 

Birako argazkiak

 

 

Osteguna 30 Martxoa, 2023

Vocalia Taldea izango da larunbateko Miramongo Matinéearen protagonista

Vocalia Taldea izango da larunbateko Miramongo Matinéearen protagonista

Hogeita hamar ahots baino gehiagok osatzen duten emakume-abesbatzak kutsu erlijiosoko errepertoriodun kontzertua eskainiko du Mendelssohn, Poulenc eta Arnesenen obrekin larunbat honetan, apirilak 1, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiko hamabigarren hitzorduarekin datoz, kasu honetan Vocalia Taldeak eskainiko duena, ‘Arima Sakra’ izenburupean, larunbat honetan, apirilak 1, 11:00etan, Miramongo egoitzan. 2000 urtean sortu zen Vocalia Taldea emakume abesbatza, gaur egungo zuzendari  Basilio Astulezen ekimenez. Vocalia Taldeak bidea ematen die Euskal Herriko zenbait emakume musikari profesionalen erronka eta kezkei. Programazio ausartari eta eszenaratze zainduei esker, taldea erreferente bihurtu da gaur egungo musika koralaren esparruan.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Miramongo Matinée honetan, Vocalia Taldeak emakumeen koru eta organorako hiru obra erlijioso zoragarri bildu ditu. Hiru piezak eliza edo katedral jakin baterako pentsatuak izan ziren edo, bestela, egileei eragin zien inpaktuaren ondorioz sortu ziren.

Lehenengo obra Felix Mendelssohnen 3 Motetes bilduma izango da, konpositore alemaniarrak Erromako Trinitá dei Monti eliza bisitatu ondoren konposatu zuena, zerbitzu erlijiosoa ospatzen ari ziren klausurako lekaimeen kantua entzun ondoren biziki hunkiturik. Ondoren Francis Poulenc etorriko da, eta Litanies à la Vierge Noire, bere lehen lan sakroa, Rocamadourreko Notre Damen kaperan sartzeak sortu zion zirrara bortitzaren ondorioz idatzi zuena. Eta, amaitzeko, Kim André Arnesen musikagile norvegiar garaikidearen Magnificat lana entzungo dugu, Nidarosko katedralean interpretatzeko pentsatutako obra. Katedral gotiko borealena den eta Norvegiako monumentu historiko garrantzitsuenetakotzat jotzen den eraikin honek kultur ikono estatusa lortu du.

Oscar Rodriguez Pastora organista gaztearen eta Nerea Gonzalez soprano bizkaitarraren laguntzarekin, Vocalia Taldeak musika erlijiosoan eta bere espazioetan barrena bidaia batean eramateko proposamen musikal berri eta iradokitzaile hau sortu du.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Ostirala 24 Martxoa, 2023

Euskadiko Orkestra lehen aldiz arituko da Polonian lau kontzertuko bira garrantzitsu batean

Euskadiko Orkestra lehen aldiz arituko da Polonian lau kontzertuko bira garrantzitsu batean

Poloniako musika klasikoko jaialdi garrantzitsuenetako batean, Beethoven Jaialdian, programazioko buru izatera gonbidatu dutenez, Euskadiko Orkestrak Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice bisitatuko ditu martxoaren 28tik 31ra. 

Pandemia hasi zenetik, Orkestrak atzerrian egingo duen lehen bira da eta musika klasikoaren Europako jaioterrietako batera izango da.

Beethoven Jaialdia 1997an sortu zuten Krzysztof Penderecki konpositoreak, duela hiru urte zendu zenak, eta haren emazte Elzbieta Pendereckak, egun instituzioaren presidente dena. Beethovenen Aste Santuko Jaialdiak Robert Treviño zuzendariarekin duen harremana funtsezkoa izan da Euskadiko Orkestra gonbidatzeko. Hala, Poloniako lau hiri musikal nabarmenenetan ibiliko da; alegia, Varsovian, martxoaren 28an; Wroclawen, martxoaren 29an; Krakovian, martxoaren 30ean; eta Katowicen, martxoaren 31n.

Euskadiko Orkestra kartelburu izango da musika klasikoko Poloniako jaialdi garrantzitsuenetako batean. Orkestrak 5.400 pertsonaren aurrean joko du, lau entzunaretoetako lekuak batuz, eta ia sarrera guztiak salduta daude. Horrenbestez, agerikoa da Euskadiko Orkestraren bisitaldiak piztu duen interes handia.

 

 

Robert Treviño, atzerriko erronka berria zuzentzen

 

Robert Treviñok zuzenduko du Euskadiko Orkestra atzerriko erronka berri honetan:

 

 

“Zuekin partekatu nahi dut gure Europako bira harrigarria, Poloniara egingo duguna. Beethoven Jaialdira joango gara, Polonia osoko jaialdi garrantzitsuenetakoa dena, herrialde osoan kontzertu asko dituena eta Elzbieta Pendereckak antolatua, Krzysztof Penderecki konpositore ospetsuaren emazteak. Penderecki senar-emazteak eta nik aspaldi xamarretik ezagutzen dugu elkar urte dezentez ibili naizelako Polonian zuzendari-lanetan, ia hamarkada batez, eta askotan aritu naiz jaialdi honetan. Iaz izan nintzen jaialdian azken aldiz, eta Elzbietarekin hitz egin nuen eta esan zuen: "bene-benetan nahi dut zure Euskadiko Orkestra ezagutu". Eta esan nion: "primeran, goazen!". Beraz, orain orkestra eta ni joango gara, eta gure euskal konpositore gogokoenetako bat aurkeztuko dugu, Ravel. Boléro eta Pavane aurkeztuko ditugu. Hau gure nazioarteko zabalkundearen ondorioa ere bada, Ondinekin egindako grabaketek eman digute zabalkundea, harrera bikaina izan baitute eta arreta handia jaso du orkestrak. Eta programaren bigarren zatian, Mahlerren Bosgarren Sinfonia aurkeztuko dugu. Orkestrarekin hemen egon naizen garaian Mahler asko interpretatu dugu eta nahiko ezagun egin da konpositore handi honen musikaren gure interpretazioa. Gainera, oso musika energikoa da, Euskadiko Orkestraren indar osoa erakusteko paregabea. Biran joatea oso garrantzitsua da kultur erakunde gisa, Euskal Herriko musika-erakunde enblematiko gisa. Garrantzitsua da Euskal Herriarentzat balio kulturalak ez ezik, musika-balioak ere kanpoan erakustea, eta beste pertsonekin elkarrizketa eta elkartrukea izatea. Hortaz, aukera garrantzitsua da guztiok elkar ezagutzeko bakearen eta kulturaren bidez. Zubiak eraikitzea, musikaren bitartez. Oso bira trinkoa izango da lau kontzerturekin. Varsovian hasiko da Beethoven Jaialdiaren kontzertu nagusian. Ondoren, Wroclaw, Krakovia eta Katowicera joango gara. Hiri harrigarriak dira, kontzertu-areto ikusgarriak eta publiko oso gogotsuak dituzte, eta gure orkestra ikusteko grinaz egongo dira”.

 

 

Oso programa anbiziotsua

 

Orkestrak anbizio handiko musika-programa prestatu du –berbera hiri guztietarako–, uztartzen dituena Ravelen euskal musika Mahlerrenarekin.

Alde batetik, Maurice Ravel orkestrak aldarrikatzen duen konpositoreetako bat da, euskal kulturaren adierazgarri gisa. Konpositore ziburutarraren orkestrarako hamaika lan garrantzitsuenak biltzeko, Euskadiko Orkestrak bi disko monografiko grabatu ditu berriki Ondine zigilu finlandiar ospetsuarekin. Horietako batek, Pavane pour une infante défunte izenekoak, Poloniako kontzertuak abiaraziko ditu. Ondoren, mundu osoan ezin ezagunagoa den Boléro interpretatuko dute, baina Euskadiko Orkestrak azkenaldian aurkeztu duen begirada berritik, Ravelen euskal alderditik.

Kontzertuetako bigarren zatiko protagonista Gustav Mahlerren 5. Sinfonia izango da. Dimentsio eta zailtasun handiko lana da, baina Euskadiko Orkestrak oso ondo prestatuta dauka, duela zenbait aste denboraldiko kontzertuetan eskaini baitu. Mahler Robert Treviñoren aurkezpen-gutuna da, eta haren 4. Sinfoniaren bidez aurkeztu zuen bere burua Euskadiko Orkestrarekin 2018an, baita Linzen, Munichen eta Bregenzen bidez ere.

Prestatu duen programa anbiziotsuaren eta konplexuaren bitartez, Euskadiko Orkestrak, alde batetik, Euskadiren kultura-enbaxadore izan nahi du atzerrian, eta, bestetik, erakutsi nahi du potentziala eta indarra duela Europako zirkuituaren orkestra handiekin neurtzeko.

 

 

Bidaia-plana eta kontzertuak

 

Gaur, martxoak 24, orkestraren azken entsegua izango da bidaian abiatu aurretik astelehenean, hilak 27an, Varsovian lehen kontzertuaren bezperan. Entseguetako egun hauetan batuta Juanjo Oconek hartu duen arren, Robert Treviño zuzendari titularrari itzuliko dio Poloniako biran.

 

Ondoren, Euskadiko Orkestrak Polonian emango dituen kontzertuen datak, hiriak eta auditoriumak zehazten dira:

 

  1. Asteartea, martxoak 28 (19:30), Varsovia, Filharmonia Narodowa (1.072 leku). Viralgen-ek babestutako kontzertua.

Varsovian jaio zen Frederic Chopin, historiako konpositore garrantzitsuenetako bat. Han egiten dute konpositoreari eskainitako nazioarteko piano-lehiaketa entzutetsua. Halaber, Varsoviako Orkestra Filarmoniko Nazionalaren egoitza da. Ehunka urteko instituzio horren egungo zuzendari titularra Andrey Boreyko da, 2009 eta 2017 artean Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusi gonbidatua izan zena. Filharmonia Narodowa areto famatu eta historiaz betean hasiko da bira.

 

  1. Asteazkena, martxoak 29 (19:00), Wroclaw, Narodowe Forum Muzyki (1.800 leku).

Narodowe Forum Muzyki herrialdeko areto handienetako eta modernoenetako bat da, eta mundu osoan ospetsuak diren orkestrak, zuzendariak eta solistak hartzen ditu. Wroclaw hiriaren iragan hurbilak lotura handia dauka Euskadirekin, 2016an Europako Kultur Hiriburu izan baitzen Donostiarekin batera. Orduz geroztik, bi hiriek oso harreman estua izan dute, arlo artistiko-kulturalean, batez ere.

 

  1. Osteguna, martxoak 30 (19:00), Krakovia, Philharmonic Concert Hall (720 leku).

Biraren hirugarren ekitaldia Poloniako hiri handienetako, zaharrenetako eta garrantzitsuenetako batean izango da. Tradizio luzeko auditorium hori ehunka urte dituen Krakoviako Orkestra Filarmonikoaren egoitza da.

 

  1. Ostirala, martxoak 31 (19:30), Katowice, NOSPR (1.800 leku).

Orkestraren bira amaituko duen laugarren kontzertua meatzaritza-jarduera industrial nabarmeneko hiri batean izango da. Han dago Poloniako auditorium handienetako eta modernoenetako bat, Poloniako Irrati Nazionalaren Orkestra Sinfonikoaren egoitza (NOSPR).

 

 

Euskadiko Orkestra atzerrian

 

Euskadiko Orkestrak euskal kulturaren enbaxadore-bokazioa izan du beti. Horregatik, 41 urteko ibilbidean, askotariko modutan eta helbururekin igo da atzerriko eszenatokietan.

Jaialdi eta Denboraldietan ere aritu da, Veneziako Bienala eta Versailleseko Opera Royal Château-an kasu. Orkestrekin trukeak ere egin izan ditu, hala nola Düsseldorfekoarekin, Milango Giuseppe Verdirekin eta Bordeleko ONBArekin.

Hala ere, formatu ezagunena kontzertu-birak dira, eta oraingoa hogeitabigarrena izango da. 1984. urtetik, besteak beste, tradizio handiko Europa erdialdeko herrialdetan izan da (Austria, Alemania, Italia, Frantzia eta Erresuma Batua) eta Atlantikoa zeharkatu du, Buenos Aireseko Colón Antzokira (Argentina), Txileko Santiagora edota Brasilgo São Paulora. Orain buru-belarri ari da egin dituen nazioarteko bira guztien artean garrantzitsuena izan daitekeenean.

Astelehena 20 Martxoa, 2023

“Boléro”: Maurice Ravel Kursaalera itzuliko da mende bat geroago, Euskadiko Orkestra eta Kursaal Eszenaren eskola kontzertuen eskutik

“Boléro”: Maurice Ravel Kursaalera itzuliko da mende bat geroago, Euskadiko Orkestra eta Kursaal Eszenaren eskola kontzertuen eskutik

5.000 ikaslek baino gehiagok beteko dute astelehen eta asteartean, martxoak 20 eta 21, Kursaal Auditoriuma.

Gaur eta bihar bitartean Kursaal Auditoriuma Gipuzkoako txoko guztietatik etorritako Lehen Hezkuntzako ikasleen topagune izango da. Goizeko saio bikoitzetan, Legazpi, Tolosa, Lasarte-Oria, Zarautz, Eskoriatza, Irun, Ordizia, Hernani, Ataun, Eibar, Mutriku, Lizartza, Zumaia, Donostia eta abarretako ikasleek Kursaaleko besaulkiak beteko dituzte, zuzeneko musika sinfonikoak dakarren esperientziaz gozatzeko, Euskadiko Orkestrak Kursaal Eszenarekin elkarlanean egindako proposamen berriarekin.

Juan José Oconen zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak Maurice Ravelen lanari helduko dio, gorputzaren perkusioan oinarritutako formatu parte-hartzailean; Euskadiko Orkestraren Musika Gela zikloak garatu du ikuskizuna, Kanbo-Les-Bains-eko Collège Saint Michel de Garicoïts ikastetxeko Choeur des Colibris abesbatzaren jatorrizko ideia oinarri hartuta, Ziburuko konpositorearen omenez. Ravelek 1928ko udan konposatua, Boléro ezaguna protagonista izango da ikuskizun honetan, Euskadiko Orkestrako Musika Gelako koordinatzaile Mikel Cañadaren gidoiarekin eta Collège Saint Michel de Garicoïts-eko musika-irakasle eta jatorrizko proiektuaren egile Nelly Guilhemsansen koregrafiarekin. Euskadiko Orkestrak 4 metroko altuerako txotxongilo batean berraragitutako Ravelekin partekatuko du agertokia, eta publikoarekin partekatutako gorputz-perkusiozko koreografia bati musika jarriko dio. Horrela, musikagile euskal-frantziarra Kursaalera itzuliko da orain, duela ehun urte Kursaal Kasino Handiko Orkestrak Enrique Fernández Arbosen zuzendaritzapean ematen zituen kontzertuetara joan ohi baitzen; Arbosek berak Raveli oso gertutik lagundu zion Boléro lanaren konposizioan.

Kontzertua Ma mére l '0ye, Ravelen beste musikalan ezagunenetako baten interpretazioarekin osatuko da.

Kursaal Eszenaren eta Euskadiko Orkestraren lankidetza honek helburu du gure lurraldeko ikasleei musika klasikoa zuzenean entzuteko aukera eskura jartzea, eta Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa du.

Osteguna 09 Martxoa, 2023

Hemiola Laukotea izango da larunbateko Miramongo Matinéearen protagonista

Hemiola Laukotea izango da larunbateko Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren hari-sekzioko lau musikariz osatutako taldeak Boccheriniren eta Xostakovitxen kuarteto bana eskainiko du larunbat honetan, martxoak 11, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiko hamaikagarren hitzorduarekin datoz, kasu honetan Hemiola Laukoteak eskainiko duena, ‘Tirana eta Xostakovitx’ izenburupean, larunbat honetan, martxoak 11, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Taldeko lau musikariak Euskadiko Orkestrako kideak dira: Laura Balboa (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Delphine Dupuy (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Hemiola Laukoteak oso ezberdinak diren Boccheriniren eta Xostakovitxen bi kuarteto interpretatuko ditu, mende eta erdi baino gehiagoz denboran barrena banatuak.

Alde batetik, 1792an, Luigi Boccherinik Harirako 4. Kuartetoa konposatu zuen, ‘Tirana’ bezala ezaguna. Ezizenak Espainiako dantza ezagunari egiten dio erreferentzia, horretan oinarritzen baita obraren lehen mugimendua, baina ‘Tirana’ izenarekin ezagun zen Maria del Rosario Fernandez (1755-1803) aktorearekin ere izan dezake zerikusia, urte haietako eszenako erreginetako bat, Goyak birritan erretratatu zuena (1792 eta 1794). Boccheriniren lanak bi mugimendu ditu, 3/8ko presto bat, tema erakargarria eta erritmo aktiboa dituena, eta tempo di menuetto bat, arrapaladako erritmoan amore ematen ez duena, Sol minorreko trio batekin.

Bestalde, Harirako 3. Kuartetoa Dmitri Xostakovitxen konposizio bakarra izan zen 1946an, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo lehen bake-urtean. Beethoven Laukoteko kideei eskaini zien obra, eta haiek Ludwig van Beethovenen jaiotzaren 176. urteurrenean estreinatu zuten Moskun, 1946ko abenduaren 16an. Kuarteto honen egitura ezohikoa da, bost mugimendu baititu eta aurreko mugimenduetako temak bukaeraraino gogora ekartzen baitira. Idazkera nahiko zorrotza da, eta haren zati handi bat instrumentuen goiko erregistroetan dago. Xostakovitxek berak kuarteto hau bere lan garrantzitsuenetako bat bezala jotzen zuen.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 08 Martxoa, 2023

Roderick Cox-en batutapeko ‘Doctor Atomic’ sinfonia txundigarria izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonista

Roderick Cox-en batutapeko ‘Doctor Atomic’ sinfonia txundigarria izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonista

Zuzendari estatubatuarra lehendabizikoz igoko da Euskadiko Orkestraren podiumera iparramerikar zaporeko kontzertu-programa bat eskaintzeko. ‘Doctor Atomic Sinfonia’-k lehen bonba atomikoa sortu eta eztanda egin zueneko giro larrigarria islatzen du eta obra zentrala izango da programa honetan, George Walkerren ‘Lyric for Strings’ poema sinfoniko laburrarekin hasiko dena eta Rakhmaninoven ‘Dantza sinfoniko’-ekin amaituko.

Sarrerak salgai daude martxoaren 10etik 16ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako.

Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 22-23 Denboraldiko zazpigarren programari ekingo dio, ‘Antsietatea’ izenekoa. Euskadin debuta izango du eta Estatuan bigarrenez arituko da Roderick Cox, datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan izango diren bost kontzertuetan orkestraren buru izango den zuzendari estatubatuarra: ostiralean, martxoak 10, Donostiako Kursaal Auditoriumean; larunbatean, martxoak 11, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehenean, martxoak 13, berriz Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, martxoak 14, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta ostegunean, martxoak 16, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Robert Treviño zuzendari titularrak, bere jaioterriko musikaren defendatzaile handia izanik, euskal entzuleei erakutsi nahi izan dizkie Estatu Batuetako errepertorioko bitxietako batzuk. Hala, Euskadiko Orkestraren Denboraldira Roderick Cox gonbidatu du, 2018an Georg Solti Orkestra Zuzendaritza Saria irabazi zuena eta hiru denboraldiz Minnesotako Orkestraren zuzendari elkartua izan dena. Egun Alemanian bizi den Cox etorkizun oparoa duten Estatu Batuetako orkestra-zuzendarietako bat da, eta munduko orkestra garrantzitsuenetako batzuekin debutatu du dagoeneko. Konexio berezia sentitzen duenez herrikideen musikarekin, George Walkerrena edo John Adamsena kasu, euskal publikoaren aurrean aurkezteko hautatu ditu.

AEBetako azken urteetako konpositore garrantzitsuenetako bat den John Adamsen Doctor Atomic Sinfonia Euskal Herrian inoiz entzun ez den lan txundigarria da, eta Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berri honetan pieza nagusi bezala aurkeztuko da. Sinfoniaren materiala Doctor Atomic operatik dator, 2005ean estreinatua. XX. mendeko historiako ikerkuntzarik zirraragarrienetako bat azaltzen du, baita emaitzarik gaitzesgarrienetako batzuk izan dituena ere: bonba atomikoaren asmakuntza. Opera hori kokatuta dago 1945eko uztailaren 16an bonbak lehen aldiz eztanda egin aurreko egunetan, eta sakontzen du Manhattan proiektuaren arduradun nagusi Robert Oppenheimer-ek —«Bonba atomikoaren aita»-k— aurre egin behar izan zien dilema eta kontraesanetan. Hala azaldu du Adamsen obra Robert Treviño titularrak: “Bonbaren aurreko mundua dago, eta bonbaren ondorengo mundua. John Adamsek, munduak orduan sentitu zuen eta sentitzen jarraitzen duen esperientzia hau kapsulatu nahi izan zuen 20 minutuko sinfonia labur batean, abiadura handikoa eta benetako indar nuklear batez hornitua, eta Roderick Cox bezalako zuzendari dinamiko bat buru duela, orkestra erabateko forma bertutetsuan egotea eskatzen duena. Sinfonia honek nabarmen uzten du gu suntsi gaitzakeen zerbait garatu dugula, eta baita salba gaitzakeen zerbait ere”.

 

 

Kontzertuen bigarren zatiko protagonistak Rakhmaninov eta bere Dantza sinfonikoak izango dira, Adamsen obran azaltzen diren gertakizunak baino gutxi lehenago idatzitakoak: 1940ko udan. Rakhmaninov errusiarra zen arren, obra honek ere badu zapore estatubatuarra, konpositoreak 1918an AEBetara emigratu baitzuen Errusiako Iraultzatik ihesian eta, jaioterrira itzultzen saiatu zen arren, ezin izan zuen eta Estatu Batuetan hil zen 1943an. Bizitzan idatzi zuen azkenengoetako obra izan zen honi iraganeko bizitzarekiko nostalgia dario; hala, Dantza sinfonikoak, neurri batean, Rakhmaninoven oroitzapenen bilduma dira.

Kontzertuen irekiera gisa, George Walker musikari afroamerikarraren zazpi minutuko konposizio labur bat ere entzungo da, Lyric for Strings, Ipar Amerikako musikaren klasiko bihurtu dena.

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Orriak