Asteazkena 01 Otsaila, 2023

Beethovenen ‘Bosgarren Sinfonia’ ezaguna izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonista

Beethovenen ‘Bosgarren Sinfonia’ ezaguna izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonista

Dinis Sousaren batutapean, Euskadiko Orkestrak Beethovenen ‘5. Sinfonia’ joko du, konposizio entzutetsu eta interpretatuenetako bat, eta Alena Baeva izango du solista gonbidatu gisa Xostakovitxen ‘Biolinerako 2. Kontzertu’ konplexua interpretatzeko.

Sarrerak salgai daude otsailaren 3tik 9ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako.

Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 22-23 Denboraldiko bosgarren programari ekingo dio, ‘Gure patua’ izenekoa. Dinis Sousa portugaldarra lehendabizikoz igoko da Euskadiko Orkestraren podiumera datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan izango diren bost kontzertuetan: ostiralean eta astelehenean, otsailak 3 eta 6, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, otsailak 7, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, otsailak 8, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegunean, otsailak 9, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

“Ta-ta-ta-taaaa (Sol sol sol mi…)”, ez dago zati sinfoniko ezagunagorik munduan Beethovenen Bosgarrenaren hasiera baino. Sinfonia honi “patuarena” izena eman zion egileak, izan ere, haren hitzetan, “horrela jotzen du patuak atea”. Klasikoetan klasikoen den sinfonia hau, duen ospe handiaz harago, Beethovenen bikaintasun formal eta konposizio-birtuosismo handieneko sorkuntzetako bat dela esaten da. Lau nota horiekin eraikin sinfoniko berdingabe bat eraiki zuen Beethovenek. Lehen mugimendu liluragarriaren ostean, beste hiru mugimendu datoz, zeintzuetan Beethovenek bariazio melodikorako bere talentu guztia erakusten duen, baita bere erritmo-zentzu erakargarria eta bere irudimen inkonformista ere; izan ere, azken allegroa garai horretan modan zegoen goreneko une militarraren modarekin bat dator. Baliabide erretoriko horri darion energiak ibilbide garrantzitsua izango du Beethovenen geroagoko obran eta, bereziki, bere 9. Sinfoniaren amaieran.

Beethovenen sinfonia ezagunaren aurretik, Alena Baeva biolinjole errusiarra igoko da oholtzara, eta Xostakovitxen Biolinerako 2. Kontzertu zaila interpretatzeko erronka izango du. Partitura hau bere lagun David Oistrakhentzako konposatu zuen, eta aura ilun bat du, Brezhnev Sobietar Batasuneko presidente izan zen urteetan —Xostakovitxen bizitzaren azken hamarkadan— konposatu zituen obrek bereizgarri dutena. Hemen bakarlariak du ekimena eta hark gidatzen du orkestra eta ez alderantziz, normalean izaten den bezala. Baeva aditua da Xostakovitxen kontzertuetan eta, gainera, Biolinerako 2. Kontzertua grabatu duten gutxietako bat da (Valery Gergievekin eta Mariinski Antzokiko Orkestrarekin grabatu zuen). Biolinista errusiarra Euskadiko Orkestrarekin estreinatu zen Istanbulen, 2020ko martxoan, konfinamendua baino lehen, baina orkestraren Kontzertu Denboraldian parte hartzen duen lehen aldia izango da.

Kontzertu-programa berria osatuko du Wagnerren Parsifal operak, zeinaren hasierak erlijioaz eta patuaz hitz egiten duen, eta kontzeptu horrek izenburua ematen dio programa osoari.

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Osteguna 26 Urtarrila, 2023

‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunak Miramongo Matinéetara egingo du jauzi larunbat honetan

‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunak Miramongo Matinéetara egingo du jauzi larunbat honetan

Egunotan 4.700 ikaslerentzat kontzertuak eman ostean, Euskadiko Orkestra Percussion Groupek ‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizuna Miramongo Matinéeetan eskaintzeko moldatu du. Kontzertua larunbat honetan izango da, urtarrilak 28, 11:00etan, eta azken sarrerak baino ez dira geratzen, 11 eurotan.

Larunbat honetan, urtarrilak 28, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko zortzigarren hitzordua izango da. Bertan, Euskadiko Orkestra Percussion Groupek haurrentzako ‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunaren moldaketa bat aurkeztuko dio publiko helduari. Laukotea osatzen duten musikariak honakook dira: Igor Arostegi, Anthony Lafargue eta Hector Marques, Euskadiko Orkestraren perkusiojoleak, eta Gorka Catediano.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Euskadiko Orkestra Percussion Groupek kontzertu didaktikoak eskaini ditu azken asteotan lurraldeko 4.700 ikasle baino gehiagorentzat; horiek Miramonera bertaratu dira perkusioaren mundu zoragarriaz gozatzera, honako argumentua daraman kontzertu batean:

“Lau musikari berrogeialdiaren ondorioz harrapatuta geratzen dira urrutiko hiri bateko apartamentu batean. Familiako kideengandik urrun, derrigorrez konfinatuta, nahasita eta urduri samar, musika pixka bat egiteko aukera ematen duten etxeko elementu guztiak aztertzen dituzte”.

Living Room Music. 22/23 Musika Gela

Miramongo Matinée honetan, didaktikoetan eskainitakoaren pasarte bat ikus ahal izango da. Kontzertuen izendapena, Living Room Music, XX. mendeko konpositore handienetako baten, John Cageren, izen bereko obratik dator. Konpositore eta musikologo estatubatuarrak bere ideiekin perkusioaren mundua irauli zuen eta pauso bat harago joatea erabaki zuen, perkusiorako musika instrumentu ez konbentzionalekin, eguneroko objektuekin edo ahots perkusioarekin ere idatziz. Cageren piezarekin batera, konposizio-estilo honekin jarraitu duten eta elektronikarekin ere nahastu duten beste musikagile batzuen lan gehiago ere interpretatuko dira. Euskadiko Orkestra Percussion Groupek beste hiru piezarekin osatuko du programa, ohiko instrumentuetarako konposatutakoak.

MATINÉEAREN EGITARAUA:

  • Frank J. Cogollos: Escombrandrum
  • Chris Brooks: Stick Schtick
  • Nigel Westakle: Omphalo centric lecture
  • John Cage: Living room music
  • Cie Kahlua: Ceci n'est pas une balle
  • Igor Lesnik: Chamade suite for snare drum quartet
  • Juanjo Guillem: Música acuática
  • David Skidmore: Ritual music
  • Mátyás Wettl: Nocturne

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 18 Urtarrila, 2023

4.700 ikaslek ‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunaz gozatuko dute egunotan Miramonen

'Living Room Music' Miramonen. 2023-1-18. Argazkia: Conny Beyreuther
'Living Room Music' Miramonen. 2023-1-18. Argazkia: Conny Beyreuther

Gipuzkoa osoko 50 ikastetxe baino gehiagoko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak urtarrilaren 18tik 27ra igaroko dira Miramonetik Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloko ekoizpen hau ikustera.

Ikuskizuna publiko orokorrari ere irekiko zaio: larunbat honetan, urtarrilak 21, familientzat —sarrerak bukatuta—; eta hurrengo larunbatean, urtarrilak 28, Miramongo Matinée gisa, publiko helduari zuzentzeko espresuki moldatu den formatu batean.

Euskadiko Orkestra Musika Gela hezkuntza-zikloaren 22/23 Denboraldiko bigarren ekoizpena aurkezten ari da egunotan: Living Room Music. Produkzio hau duela bi urte estreinatu zen Musika Familian kontzertu gisa, baina ezin izan zen bere baitako programazio guztia gauzatu, pandemiagatik bertan behera geratu baitziren 20/21 eta 21/22 denboraldietako Eskola Kontzertuak. Orain berreskuratu egin dira, eta horiei esker 50 ikastetxe baino gehiagotako 4.700 ikaslek ikuskizunaz gozatu ahal izango dute urtarrilaren 18tik 27ra orkestraren Miramongo egoitzan.

Living Room Music. 22/23 Musika Gela

Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañadak Living Room Music ikuskizuna eraiki du John Cage-en izenburu bereko obratik abiatu eta zenbait konpositoreren lanak lotuta; musika horren gainean, 2020an bizi izan genuen konfinamenduko oroitzapenak iradoki eta gizakiok, perkusio bidez, ia edozer gauzarekin soinuak, erritmoa eta, ondorioz, musika sortzeko dugun gaitasuna azaltzen dituen parodia dibertigarria sortu du.

Living Room Music muntaian, lau perkusionistek (Anthony Lafargue, Héctor Marqués, Igor Arostegi eta Gorka Catediano) harriduraz hartzen dute laurek elkarrekin, apartamendu berean, berrogeialdia egin behar duteneko albistea. Derrigorrezko itxialdiagatik barruak nahastuta dituztela, lau pisukideek etxeko tresna ugari erabiltzen dituzte, perkusio bidez, musika sortzeko: mahaiak, goilarak, abanikoak, ura, lanparak, loreontziak, eskailerak edo zabor-ontziak eta baita eskuak zein ahotsa, guztia erabilgarri dute itxita dauden bitartean dibertitzeko erritmoak sortzeko. Bitartean, kanpoaldearekin duten lotura lotsik gabeko bizilaguna da, hainbeste “zarata”-rekin amorrazita, une oro musikariak gogaitzen ematen duen sopranoa; paper hori Ana Hernández Sanchiz aktoreak jokatzen du.

Igor Arostegi, Anthony Lafargue eta Héctor Marqués Euskadiko Orkestrako perkusiojoleak dira eta, Gorka Catedianorekin batera, Euskadiko Orkestra Percussion Group osatzen dute. Ana Hernández Sanchiz iruindarrak arte eszenikoen alderdi ugari lantzen ditu (aktorea, ikuskizunen sortzailea, gidoigilea…) eta aditua da musika hezkuntzan.

Eskola Kontzertuek honako erakundeen babesa dute: Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Donostiako Udalaren Hezkuntza saila.

 

 

Musika Familian eta Miramongo Matinéea

 

Ikasleez gain, ikuskizun hau beste publiko batzuei ere eskainiko zaie. Batetik, larunbat honetan, urtarrilak 21, 11:00etan, Musika Familian kontzertu bat programatu da Miramonen, bereziki 6 eta 12 urte bitarteko haurrei gomendatutakoa, eta dagoeneko ez da sarrerarik geratzen. Bestetik, hurrengo larunbatean, urtarrilak 28, 11:00etan baita ere, ikuskizuna pixka bat moldatuko da Miramongo Matinée bezala eskaintzeko. Perkusio hutseko kontzertua izango da, antzerki zatirik gabea, eta bertan Euskadiko Orkestra Percussion Groupek Musika Gelako ekoizpeneko obra ugari interpretatuko ditu, baita beste batzuk ere esklusiban. Kontzertu honetarako sarrerak salgai daude, euskadikoorkestra.eus-en, 11 euroko prezioan.

Osteguna 12 Urtarrila, 2023

Haize izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Haize izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren haize-sekzioko interpreteek osatutako boskoteak programa heterogeneoa eskainiko du larunbat honetan, urtarrilak 14, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, urtarrilak 14, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko zazpigarren hitzordua izango da. Bertan, Haize ganbera-taldeak ‘Bidaia denboran barrena’ izeneko kontzertua eskainiko du, Haydn, Farkas, Grieg, Bizet eta Curtisen obrekin. Taldeko kide guztiak orkestrako musikariak dira: Hélène Billard-Alirol (flauta), Pascal Laffont (oboea), Luis Camara (klarinetea), François Proud (fagota) eta Jean-Luc Casteret (tronpa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Haize boskoteak asmo handiko nazioarteko bidaia bat proposatzen digu urteko lehen Matinée honetarako, munduko toki askotatik etorritako konpositore ugariren eskutik. Bidaia hau Joseph Haydn konpositore austriarraren Divertimento batekin hasiko da. Garai klasikoko ordezkari nagusienetako bat da Haydn, eta sinfonia eta hari-kuartetoa bezalako generoen aitatzat hartzen da. Hungariara bidaiatuko dugu gero Ferenc Farkasekin eta haren XVII. mendeko antzinako dantza hungariarrekin.

Kontzertu honen izaera folkloriko europarrarekin jarraitzeko, Edvard Griegen Norvegiako Dantzen eskutik eremu nordikoetan barrena ibiliko gara ondoren. 1896 urte inguruan konposatu eta 1897an argitaratu ziren, eta beren inspirazioa Ludvig Mathias Lindemanek bildutako Norvegiako doinu herrikoietatik dator. Ondoren, boskoteak Georges Bizet konpositore frantziarraren Carmen opera ezagunaren zati batzuk interpretatuko ditu. Obra hau 1875eko martxoan estreinatu zen Pariseko Opéra-Comique Antzoki Nazionalean, eta hasiera batean porrot handia izan zuen arren, gaur egun oso preziatua da. Ganbera-formatuan, Haizek opera honen zati batzuk interpretatuko ditu.

Europa atzean utzi eta itsasoz bestaldera joango gara kontzertuari amaiera emateko, oraindik bizirik eta jardunean jarraitzen duen egile bakarraren eskutik: Mike Curtis estatubatuarra, eta bere lanik ezagunena, A Klezmer Wedding.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 15 Abendua, 2022

Izaik Gabonetako errepertorio barrokoarekin ospatuko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Izaik Gabonetako errepertorio barrokoarekin ospatuko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Izai ganbera-taldeak, gehienbat Euskadiko Orkestrako interpreteek osatutakoak, Eguberri giroa jarriko du Corrette eta Vivaldiren obrekin, larunbat honetan, abenduak 17, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, abenduak 17, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko seigarren hitzordua izango da. Bertan, Izai ganbera-taldeak ‘Eguberri barrokoa’ izeneko kontzertua eskainiko du, Michel Corrette eta Antonio Vivaldiren obra bikoitzarekin. Taldeko kide gehienak orkestrako musikariak dira: Xabier de Felipe (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Bruno Claverie (flauta) eta Marco Caratto (fagota). Loreto Aramendi klabezinjole eta organojoleak osatuko du taldea.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Kontzertua XVIII. mendeko Michel Corrette organista, pedagogo eta konpositorearen obrekin ireki eta itxiko da. Oso ekoizpen zabala du frantziarrak ganbera-talde, organo, ahots-musika eta orkestrarako, eta bere obretako asko jatorri herrikoikoak dira. Aipagarria da, halaber, Parisko Opéra-Comique Antzoki Nazionalarentzat konposizio ugari egin zituela. Bere Sei Gabonetako Kontzertu sailetik, Izaik laugarrena joko du, Suitzako Eguberria, eta bosgarrena, Alemaniako Eguberria.

Matinéeko bigarren eta hirugarren obrak Antonio Vivaldi italiarrarenak izango dira: bere RV94 eta RV99 ganbera-kontzertuak. Ia ziurtasun osoz, kinteto hauek veneziar jeinuak idatzi zituen bere jaioterriko Ospedalle della Pietá umezurztegiarentzat, non biolin- eta kantu-eskolak eman zituen 1703tik 1715era eta 1723tik 1740ra. Garai hartan, Veneziak lau ospitale-umezurztegi zituen, euren artean lehiatzen zirenak instrumentisten formakuntzan eta horietan programatzen ziren kontzertu ugarietan. Hospizio bakoitzak 30 eta 40 instrumentista bitarteko orkestra bat zuen, guztiak emakumezkoak, baina Pietatean 60 izatera iritsi ziren. Instrumentista horiek askotan hainbat kontzertutarako ere kontratatzen ziren Veneziako nobleziako udako egoitza zoragarrietan, horietako asko benetako maisulan arkitektonikoak, Brentako Erriberan zeudenak kasu.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 01 Abendua, 2022

Mendelssohn familiaren talentu handia izango da protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Mendelssohn familiaren talentu handia izango da protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Euskadiko Orkestrako interpretez osatutako Minerva Laukoteak Fanny Mendelssohn eta Felix Mendelssohn anai-arreben hari-kuarteto bana eskainiko du larunbat honetan, abenduak 3, 11:00etan, Miramonen egingo den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, abenduak 3, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko bosgarren hitzordua izango da. Bertan, Minerva Laukoteak Fanny Mendelssohn eta Felix Mendelssohn anai-arreben hari-kuarteto bana eskainiko du. Taldeko kide guztiak orkestrako musikariak dira: Laura Balboa (biolina), Raquel Cortinas (biolina), Monika Mazur (biola) eta Beatriz Linares (biolontxeloa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Lehenik eta behin, Fanny Mendelssohnek 1834an idatzitako Hari-kuartetoa entzungo da Matinéean. Emakume batek konposatutako lehen kuartetoetako bat da, eta konpositorearen beraren amaitu gabeko pianorako sonata batean oinarritzen da. Obra bikain eta rapsodiko hau Adagio ma non troppo luze eta ilun batekin irekitzen da, eta Allegretto oso jostalari batek jarraitzen dio. Bi mugimendu horiek sonata horren hasierako mugimenduen bertsio birlanduak dira. Ondoren, Romanzean, konpositoreak Erromantizismo alemaniarreko mundu oniriko bat eraikitzen du originaltasun harmoniko harrigarridun musika batean. Argi pixka bat nabari da kuartetoa ixten duen Allegro moto vivacean.

Felix Mendelssohnen 2. Hari-kuartetoa, bestalde, Beethovenen kuartetoen idazkeraren omenalditzat har daiteke. Alemaniar ospetsua 1827ko martxoan hil zen, eta Mendelssohnek hilabete batzuk geroago idatzi zuen lan hau. Bertan ‘Beethoven une’ batzuk entzuten dira, ia aipu bezala uler daitezkeenak eta, hala ere, Mendelssohnen estiloaren eta ikuspegi sortzaile orijinalaren erakusgarri dira. Baina konexiorik interesgarriena Mendelssohnek lehenago idatzi zuen abesti batekin ezartzen dena da: Frage (Galdera). Abesti hau kuartetoan zuzenean aipatzen da, hasieran eta amaieran. Irekieran, ‘Ist es wahr?’ (‘egia al da?’) galderaren hiru silabak aipatzen dira. Galdera honi darizkion nerabezaroko itxaropenak eta ziurgabetasunak obra osoa bultzatzen dute tentsio dramatikoarekin, eta bukaeran bakarrik entzuten dugu galderaren erantzun gisa aurkezten den musika: ‘Sentitzen dudana berak bakarrik atzematen du, nirekin sentitzen duena eta beti leial zaidana…’.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 29 Azaroa, 2022

‘Elkano’ proiektuaren itxierak eta Brucknerren ‘Zortzigarrenak’ osatuko dute Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa ‘Handiena’

‘Elkano’ proiektuaren itxierak eta Brucknerren ‘Zortzigarrenak’ osatuko dute Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa ‘Handiena’

‘Carmina Burana’-k izan berri duen arrakastaren ostean, Euskadiko Orkestra kontzertu-programa berri batekin dator, musikaren handitasuna jorratuko duena balentria musikal bikoitz baten bidez: ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiektuaren amaiera eta Brucknerren eta haren 70 minutuko asmo handiko ‘Zortzigarren Sinfonia’.

Abenduaren 1etik 9ra ohiko lau hiriburuetan Robert Treviñok zuzenduko dituen kontzertu guztietako sarrerak salgai daude.

Euskadiko Orkestrak ostegun honetatik aurrera asmo handiko kontzertu-programa bati egingo dio aurre, 22-23 Denboraldiko laugarrena, ‘Handiena’ izenekoa. Robert Treviño titularra berriz itzuliko da podiumera orkestra zuzentzeko datozen egunetan ohiko lau hiriburuetan izango diren bost kontzertuetan: ostegunean, abenduak 1, Donostiako Kursaal Auditoriumean; ostiralean, abenduak 2, Gasteizko Principal Antzokian; astelehenean, abenduak 5, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, abenduak 7, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostiralean, abenduak 9, berriz Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Zuriñe F Gerenabarrena gasteiztar musikagilearen Lorratzen erabateko estreinaldiarekin hasiko da programa. Obra honen interpretazioarekin, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektua azken portura iritsiko da, eta lau urteko balentria musikala itxiko da. Pandemia ere tartean izan da, eta horrek balentria bera irudikatzen ere lagundu du nolabait. Lorratzek Victoria itsasontzia Sanlucar de Barramedako portura iritsi zeneko unea ospatzen du eta, horrela, lehen mundubiraren amaieraren irudikapena osatzen du. Zuriñek berak azaldu duenez, «Lorratz konposatzeak esploratzera bultzatu nau, soinu-bidaia honen nabigatzaile hipotetiko gisa, espazio ezezagunari begiratzean azaleratzen den sentipen neurrigabea adieraziz. Ordena, kaosa, liskarra eta begiespena barne hartzen ditu soinu-bidaia zirkular honek, handitasun likidoaren eta unibertso neurrigabearen ideiarantz hedatzen den indar zentrifugo gisa».

Proiektu hau, beraz, lau urteren ondoren amaitzen da, bost euskal konpositorek Getariako marinelaren bidaia harrigarri hartako pasarteak musikaren bidez marrazteko sortutako obren estreinaldiaren ostean:

 

1) Mikel Chamizo (Tolosa, 1980):  Navigare necesse est (Espedizioaren hasiera, 2019ko urria)
2) Mikel Urquiza (Bilbo, 1988):  Mis monstruos marinos (Hegoamerika, 2021ko urtarrila)
3) Joel Merah (Clichy, 1969):  Jakinduriaren usaina (Ozeano Barea, Asia, 2022ko otsaila)
4) Teresa Catalán (Iruña, 1951): La victoria vacía (India-Afrika, 2022ko maiatza)
5) Zuriñe F Gerenabarrena (Gasteiz, 1965): Lorratz (Itzulera eta iritsiera, 2022ko abendua)

 

Robert Treviñok, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren alma materrak, orain proiektua ixteaz ere arduratuko denak, errepertorio Erromantikoaren katedral handienetako bati helduko dio ondoren: Anton Brucknerren 8. Sinfoniari. Tragediatik garaipenera doan planteamendu musikalarekin, Zortzigarrena pixkanaka apoteosi sinfoniko baterantz igotzen da. Konpositore austriarraren musikan aditu izanik, Brucknerrena izan zen Treviñok euskal entzuleen aurrean 2016an zuzendu zuen lehen konposizioa eta, ordutik, maiz agertu da orkestraren programazioan. Treviñok berak azaltzen duenez, «Brucknerren 8. Sinfonia,

‘Apokalipsia’ izenez ere ezagun dena, ez da asko interpretatzen, orkestra-indar izugarria behar baitu. Baina musika lan-aparta da, arimaren gainbeherak eragindako hondamendiaz hitz egiten duena, eta denok eskuak batu eta argira ez bagoaz gertatu daitekeenaz».

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus webgunean, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Osteguna 24 Azaroa, 2022

ETB2 berriz hasiko da Euskadiko Orkestraren kontzertuak ematen larunbat goiz guztietan

ETB2 berriz hasiko da Euskadiko Orkestraren kontzertuak ematen larunbat goiz guztietan

Datozen hilabeteetan etenik gabe izango den emisio-bloke berri hau larunbat honetan hasiko da azaro hasieran Roberto Foresen zuzendaritzapean emandako ‘Mamuak’ kontzertu-programarekin. Bertan nabarmentzekoak dira Gary Carpenterren ‘Mamu kantak’ obraren estreinaldia Easo Gazte eta Easo Eskolaniarekin batera eta Txaikovskiren ‘Laugarrena’.

Telebistako emisio berriak egin ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuetan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean publikoaren eskura jartzen jarraituko du.

Euskadiko Orkestrak eta EITBk orkestraren jarduera grabatu eta zabaltzeko duten konpromisoaren baitan, katearen larunbat goizetako tartera itzuliko da orkestra, Denboraldiko kontzertuak erakusten jarraitzeko.

Emisio-bloke berriak etenik gabe jarraituko du datozen hilabeteetan zehar, eta 22/23 Denboraldiko kontzertu berrienak eskainiko ditu, aurreko denboraldiko beste berremisio batzuekin tartekatuta.

Honako hauek dira datozen kontzertuak (beti larunbatetan eta 11:00etan, Gabonetako data zehatzetan izan ezik):

  • Azaroa 26: FANTASMAS. Roberto Forés / Easo Gazte & Easo Eskolania
  • Abendua 3: (Berremisioa) BRAHMS FEST. Robert Treviño / Dmitri Makhtin / Alexey Stadler / Tom Borrow
  • Abendua 10: (Berremisioa) TXAIKOVSKI (1. Sinfonia) + GAIGNE (Urrutiko arimak). Jaume Santonja
  • Abendua 17: (Berremisioa) TXAIKOVSKI (3. Sinfonia) + GAIGNE (Urruneko azalak). Jaume Santonja
  • Abendua 25: CARMINA BURANA. Pablo González / Jone Martínez / Carlos Mena / Javier Franco / Donostiako Orfeoia
  • Urtarrila 7: LA MÁS GRANDE. Robert Treviño
  • Urtarrila 14: (Berremisioa): XOSTAKOVITX + GINASTERA. Robert Treviño / Xavier De Maistre
  • Urtarrila 21: (Berremisioa): BEETHOVEN + BARTOK / MERAH. Mei-Ann Chen / Varavara
  • Urtarrila 28: (Berremisioa): BERNSTEIN + ZHOU. Robert Treviño / Yulianna Avdeeva
  • Otsaila 4: (Berremisioa): BRAHMS RÉQUIEM. Georg Mark / Ainhoa Arteta / Michael Nagy / Orfeón Pamplonés
  • Otsaila 11: (Berremisioa): MAHLER. Robert Treviño / Sarah Fox / Justina Gringyte / Donostiako Orfeoia
  • Otsaila 25: (Berremisioa): DUTILLEUX + ELGAR / CATALÁN. Robert Treviño / Asier Polo

 

Datozen datak aurrerago emango dira ezagutzera. ETBk Euskalduna Jauregian grabatu ditu kontzertuak, salbuespenak salbuespen.

 

 

Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanala

 

Telebistako emisio berriak egin ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuetan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean publikoaren eskura jartzen jarraituko du.

Osteguna 24 Azaroa, 2022

Belharrak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Belharrak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Euskadiko Orkestrako interpreteez osatutako laukoteak Franz Schuberten bi hari-kuarteto eskainiko ditu larunbat honetan, azaroak 26, 11:00etan, Miramonen egingo den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, azaroak 26, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko laugarren hitzordua izango da. Bertan, Belharrak ‘Dardara eta nostalgia’ izeneko kontzertua eskainiko du, Franz Schuberten bi hari-kuarteto barne hartuko dituena. Taldeko kide guztiak orkestrako musikariak dira: Anne-Marie Harmat (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola) eta Pascale Michaud (biolontxeloa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Lehenik eta behin 12. Hari-kuartetoa entzungo da. Austriarraren amaitu gabeko lana da, eta bere mugimendu bakarra jotzen da; hortik datorkio «Quartettsatz» edo «Kuarteto-mugimendua» izena. Idatzi zuenean, 1820an, Schubert bere bizitzako oso garai ilun batean murgilduta zegoen eta, hain zuzen ere, urte horretan ez zuen amaitu idazten hasi zen obretako bakar bat ere, kuarteto hau barne. Mugimenduan oso giro tragikoa nabari da eta bertan musikagilea une latz horietan sentitzen ari zen larritasuna antzematen da.

Bigarrenik 15. Hari-kuartetoa joko du Belharrak, hari-laukoterako literaturako harribitxietako bat. Schubertek idatzi zuen ezaugarri horietako azken obra da, eta hamar egunetan baino ez zuen egin, 1826ko ekainaren 20tik 30era. Konpositore austriarra bizirik zegoen bitartean lehen mugimendua baino ez zen interpretatu, eta lehen interpretazio integrala 1850ean egin zen, konpositorea hil eta hogei urte baino gehiagora. Idazkeraren antolamenduagatik, «Dardara-kuartetoa» izena eman zitzaion, obran zehar «tremolo» («arku-dardara») ugari agertzen baitira. Dardara horiek, modu maior eta minor arteko etengabeko trukeei eta tonalitate-aldaketa sarriei gainjartzen zaizkienak, mundu larrigarri batera garamatzate, baina aldi berean lurrunezkoa, kotoizkoa eta gautarra dirudiena, nostalgiaz betea. Unibertso geldia eta ezegonkorra, poetikoa eta dramatikoa aldi berean.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Ostirala 18 Azaroa, 2022

Beti erakargarria den ‘Carmina Burana’ obra izango da Euskadiko Orkestraren programa berriaren protagonista

Beti erakargarria den ‘Carmina Burana’ obra izango da Euskadiko Orkestraren programa berriaren protagonista

125 urte bete berri dituen Donostiako Orfeoiak, Carlos Mena gasteiztarrak, Jone Martinez bizkaitarrak eta Javier Gallego galiziarrak osatzen dute abeslari-zerrenda, Pablo Gonzalezen zuzendaritzapean.

Euskadiko Orkestrak bere auditoriumak beteta ikusiko ditu berriro; Gasteizen, Iruñean eta Donostian dagoeneko bukatu dira sarrerak; Bilborako sarrerak baino ez dira geratzen.

Euskadiko Orkestrak musika klasikoaren historiako obra ospetsu eta interpretatuenetako baten aldeko apustua egingo du Denboraldiko hirugarren programan: Carl Orffen Carmina Burana. Gainera, musikagile alemaniarraren obra ikaragarriaren aurretik Richard Straussen Don Juan interpretatuko du orkestrak datozen egunetan ohiko lau hiriburuetan emango dituen bost kontzertuetan: azaroaren 21ean, astelehena, Gasteizko Principal Antzokian; azaroaren 22an, asteartea, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; azaroaren 23an, asteazkena, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta azaroaren 24an eta 25ean, osteguna eta ostirala, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

O Fortuna ospetsuarekin hasten da Carmina Burana, obraren amaieran ere itzultzen den ereserki hunkigarria, gure bizitzak Fortuna jainkosaren apeten mende daudela gogorarazteko. Zalantzarik gabe, musikaren historiako partitura koralik ospetsuenetako bat da, eta gaur gurekin daukagun abesbatzari oso lotua egon da beti. Izan ere, Donostiako Orfeoia espezialista da Orffen partituran. 1960an sartu zuen bere errepertorioan eta, ordutik, hainbat eta hainbat aldiz interpretatu du oso orkestra garrantzitsuekin, hala nola Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin, Royal Philharmonic-ekin eta London Symphony Orchestrarekin. José Antonio Sainz Alfaro Orfeoiaren zuzendariaren hitzetan, «zenbat eta gehiagotan interpretatu, orduan eta aberastasun handiagoa eskuratzen duzu harengandik», eta munduan abesbatza gutxik interpretatu dute Donostiako Orfeoiak adina aldiz. Beraz, obra ezin hobea da Orfeoiaren 125. urteurrena eta Euskadiko Orkestraren 40. urteurrena elkarrekin ospatzeko.

Hiru ahots-solistarekin partekatuko dute agertokia. Jone Martinez, Sopelan jaiotako soprano gaztea, proiekzio zinez handia duen euskal abeslari liriko bat da, eta honako hau bere debuta da Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian. Carlos Mena gasteiztarra gure abeslari ezagunenetako bat da nazioartean. Horrez gain, moldakortasun handiko kontratenorra da, Errenazimentuko eta Barrokoko musika nahiz XX. eta XXI. mendeetakoa jorratzen baititu. Javier Franco galiziar baritonoak, besteak beste Bartzelonako Viñas eta Irungo Luis Mariano lehiaketa ospetsuen irabazleak, osatzen du hirukote bokala. Pablo González, programaren buru izango dena, RTVE Orkestraren zuzendari titularra da eta, lehenago, Orquesta Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunyakoa izan zen.

Carl Orffek 1935. eta 1936. urteen artean idatzi zuen bere Carmina Burana kantata eszenikoa, berrogei urte bete berritan. Hain zuzen, bere ibilbidearen une horretan, gaztaroko obretan landutako Schoenberg eta Strauss maisuen estiloko kromatismoa alde batera uztea erabaki zuen, doinu sinpleen eta erritmo primitiboen obsesioan bete-betean murgiltzeko. Horretarako material ezin egokiagoa aurkitu zuen XI., XII. eta XIII. mendeetako goliardoen poema bilduma batean. Horrekin guztiarekin sortu zuen partituran musikaren dimentsio biziena gailentzen da, eta mugimendu bakoitza behin eta berriz errepikatzen diren sekzioetan oinarrituta eraikitzen da. Koruak eta ariak ere efektu eta antzerki-jite handikoak dira; izan ere, Orffek ez zuen Carmina Burana kontzertu-bertsioan interpretatzeko sortu, baizik eta Theatrum Mundi deitzen zuen ikuskizun oso gisa. Eta, hain zuzen, ikuskizun-ideia horretan nota bakoitzak lotura estua izan behar zuen dantzarekin, diseinu bisualekin eta ekintza eszenikoarekin.

Programa berri honetan, Carmina Buranaren aurretik Don Juan interpretatuko du orkestrak, 25 urteko Richard Strauss gaztea famatu egin zuen poema sinfonikoa. Lanak irauten duen 17 minutuetan, poema sinfonikoak pertsonaiaren aurkezpen distiratsua, maite-jolas bat, bi erromantze eta hil arteko duelua eskaintzen ditu.

Sarrerak salgai daude Bilboko kontzerturako euskadikoorkestra.eus-en, baita leihatilan ere, 10 eta 38 euro bitartean. Dagoeneko bukatu dira Gasteizko, Iruñeko eta Donostiako sarrerak.

Orriak