Asteazkena 11 Maiatza, 2022

Teresa Catalanen obra baten estreinaldia eta Asier Polo biolontxelojole bilbotarra izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

Teresa Catalanen obra baten estreinaldia eta Asier Polo biolontxelojole bilbotarra izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

Kontzertu-programa berri honek oso obra ezagun bat, Asier Polok interpretatuko duen Elgarren ‘Biolontxelorako kontzertua’, bi obraren deskubrimenduarekin uztartuko du: Teresa Catalanen ‘La Victoria Vacía’, Elkano proiektuaren baitakoa; eta Henri Dutilleuxen ‘1. Sinfonia’, XX. Mendeko funtsezko egilea, bere musika oso sarri interpretatzen ez bada ere.

Maiatzaren 13tik 20ra Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen izango diren kontzertu guztietarako salgai daude sarrerak.

Mahlerren 2. Sinfonia, ‘Berpizkundea’-ren interpretazioan izandako arrakasta handiaren ostean, Euskadiko Orkestrak Denboraldiko azken-aurreko kontzertu-programa aurkezten du, Dutilleux + Elgar/Catalán izenekoa, ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, maiatzak 13, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehen eta asteartean, maiatzak 16 eta 17, Donostiako Kursaal Auditoriumean; ostegunean, maiatzak 19, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta ostiralean, maiatzak 20, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

 

Kontzertu-programa Teresa Catalanen La Victoria Vacía obraren estreinaldiarekin hasiko da, eta eskaintza honekin ekiten dio konpositoreak partiturari: «Orduan itzuli ez zirenei eta orain joan direnei». Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren laugarren kapituluaren obra da. Proiektua 2019an hasi zen, munduari egindako lehen biraren 500. urteurrena oroitzeko, eta ordutik hainbat geldialdi egin dira abentura horretan, Mikel Chamizo, Mikel Urquiza eta Joel Merah konpositoreen eskutik. Egun hauetan, baina 1522an, Espainiara itzultzeko bidean zegoen Elkano; India eta Afrika inguratu zituen eta, beraz, Portugalgo urak ere zeharkatu zituen. Harrapatu egingo ote zituzten beldurrez, Getariako itsasgizonak Victoria itsasontzia aurretik inoiz egon gabeko latitude australetara eraman zuen, eta nabigazioa amesgaizto bihurtu zuen itsaso arriskutsu batean barneratu ziren. Elkanok etxera itzultzea lortu zuen, baina eskifaiaren zati handi bat infernuko bidaia horretan hil zen, gaixotasunen, nekearen eta hornidura faltaren ondorioz. Eta, hain zuzen ere, errealitate gazi-gozo horren gainean ezarri nahi izan du Teresa Catalanek bere sorkuntza. Bere hitzetan, «Elkanok lehen globalizazioa hasi zuen, baina pertsona askoren heriotzaren kontura, eta horrek justifikatzen du obraren eskaintza. Gaur egun, globalizazioa burututa, pandemia batek milioika pertsonari eragiten die, eta asko eta asko ari dira berriro desagertzen. Gogoeta horretatik abiatuta, egoera zailetan desagertu zirenak eta desagertzen ari direnak omentzen ditut».

Obra honek SGAE Fundazioaren eta AEOSen babesa dauka, ‘Incentivos a la Creación Musical’ programaren baitan. Elkanoren bidaiaren amaierari Zuriñe F. Gerenabarrena konpositore arabarrak jarriko dio musika udazkenean.

Duela egun batzuk Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak Teresa Catalani. Konpositore nafarra musika sinfoniko garaikidearen sortzailea da duela berrogei urte baino gehiagotik. Besteak beste, 2017an Musikaren Sari Nazionala jaso zuen, eta 2021ean Nafarroako Gobernuaren Kulturaren Vianako Printzea Saria eta Espainiako Gobernuaren Arte Ederren Urrezko Domina.

Haren ondotik etorriko da Musikaren Sari Nazionala jasotako beste bat, Asier Polo biolontxelista. 21 urte zituela orkestra batekin solista gisa lehendabizikoz aritu zenean intepretatu zuen eta ordutik beti bidelagun izan duen obra interpretatuko du: Edward Elgarren Biolontxelorako kontzertua. Errepertorio britainiarreko kontzerturik ezagunenetako bat dugu, intentsitate emozional handikoa, lirismo gartsua eta intimismo ia mistikoa uztartzen dituela.

Kontzertuak amaitzeko, Robert Treviñok XX. mendeko bigarren zatiko sinfonia frantses ezagun bat zuzenduko du: Henri Dutilleuxen 1. Sinfonia. Lan horrek egileari ospea eman zion nazioartean, eta haren bidez hasi zen tinbre-fintasun paregabeko bere soinu-unibertso berezia taxutzen.           

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Osteguna 05 Maiatza, 2022

Kuadrilla Lagunak taldea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Kuadrilla Lagunak taldea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako laukoteak Mozart eta Bartoken obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, maiatzak 7, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Miramongo Matinéeak 21/22 Denboraldiaren amaierara gerturatzen ari dira hamalaugarren hitzorduarekin, kasu honetan Kuadrilla Lagunak taldeak eskainiko duena, ‘Errepertorioko altxorrak’ izenburupean, larunbat honetan, maiatzak 7, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariz dago osatuta taldea: Virgile Demillac (biolina), Anne-Marie Harmat (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).

Kuadrilla Lagunak taldeak Matinée honi ekiteko Wolfgang Amadeus Mozarten Biolin eta biolarako duoa hautatu du. Mozartek Michael Haydn lagunaren ordez konposatu zuen obra hau, hark Colloredo artzapezpikuak enkargatutako sei duoko zikloa osatu ezin izan zuelako. Mozartek eta Colloredok harreman txarra zuten eta, horregatik, Mozartek ezkutuan idatzi zituen ziklo honetako azken bi piezak, ondoren etsai ospetsuari Michael Haydnen sinadurapean entregatzeko. Mozartek trebeki imitatu zuen lagunaren estiloa, bere trillo eta apainduren erabilera zabalarekin. Engainua Michael Haydnen heriotzaren ondoren bakarrik ezagutu zen.

Ondoren, taldeak Bela Bartoken Bi biolinetarako 44 duoetako hamabi interpretatuko ditu. Pieza oso laburrak dira, eta konpositorearen arabera, "Herriaren soiltasun naturala eta berezitasun melodiko eta erritmikoak" jasotzen dituzte. Ahozko tradizioko harribitxiez osatutako bilduma hau hungariar, errumaniar, serbiar, eslovakiar eta ruteniar folklorearen abesti herrikoien transkripzioan oinarritutako lan musikal eta etnologiko liluragarria da.

Mozarten 14. Hari-kuartetoak itxiko du Miramongo Matinéea. Lirismo handiko eta izaera baikorreko obra denez, ‘Udaberria’ ezinenez ezagutzen da. Joseph Haydni eskainitako sei kuartetoko zikloko lehena da, 1782an idatzia, eta beraz, ez da gaztaroko obra bat. Lau ahotsak nahasi egiten dira eta elkarri erantzuten diete oso ondo gauzatutako idazkera baten baitan. Azken mugimendua fuga bat da, zorrotzenetakotzat jotzen den forma.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 26 Apirila, 2022

Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Mahlerren ‘2. Sinfonia’ ikaragarria interpretatuko dute

Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Mahlerren ‘2. Sinfonia’ ikaragarria interpretatuko dute

Orkestra eta abesbatza lehen aldiz elkartuko dira Abonu Denboraldian pandemia hasi zenetik, ‘Berpizkundea' ezizenez ezagutzen den sinfonia handi hau berreskuratzeko. Orfeoiak bere aurkezpen-gutun gisa defendatu du mundu osoan zehar obra hau.

Robert Treviñok zuzendutako programa berri honetako kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude: apirilaren 29an eta maiatzaren 2an Donostian, maiatzaren 3an Iruñean, maiatzaren 4an Bilbon eta maiatzaren 6an Gasteizen.

Kontzertu-programa berri honekin, Euskadiko Orkestrak 2020an bertan behera geratu zen obra bat berreskuratuko du: Gustav Mahlerren 2. Sinfonia. Eta duela bi urte aurreikusita zegoen bidelagun berberarekin egingo du, Donostiako Orfeoiarekin. Sinfonia hau Orfeoiaren aurkezpen-gutuna bilakatu da eta jaialdi ospetsu ugaritan abestu du, hala nola Luzernakoan, Claudio Abbadok zuzenduta. ‘Berpizkundea’ ezizenez ezaguna den sinfonia hau berreskuratzeak balio sinbolikoa handia du Euskadiko Orkestrarentzat.

Sei urte eman zituen konpositore bohemiarrak sorkuntza hori lantzen, eta bizitzaren eta heriotzaren inguruan sakonki hausnartzen du ordu eta erdiko iraupena duen obra horretan. Lan honekin Mahlerrek lehenbizikoz erantsi zion giza ahotsa sinfonia bati eta beste munduaren gaia jorratu zuen bere baitan. Bere geroko sinfonietako askotan oinarrizko bilakatuko ziren osagai horiek.

Programa honen kontzertuak orkestraren ohiko lau hiriburuetan egingo dira, guztiak 19:30ean: ostiral honetan eta datorren astelehenean, apirilak 29 eta maiatzak 2, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, maiatzak 3, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, maiatzak 4, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostiralean, maiatzak 6, Gasteizko Principal Antzokian. Principal Antzokiko eszenatokiaren tamainagatik Gasteizen orkestra murriztuarentzako bertsioari helduko dio orkestrak, Gilbert Kaplan & Rob Mathesena. 

 

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

 

Robert Treviñok arrakasta handia lortu du nazioarteko agertoki garrantzitsu ugaritan Mahlerren lanak zuzentzen: haren musikarekin egin zuen debuta Municheko Orkestra Filarmonikoa zuzenduz (5. Sinfonia, 2016an) eta, horren ondoren, Londreseko Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen (zehazki, 3. Sinfonia, 2017an); azkenik, Mahler aukeratu zuen 2017ko urrian Euskadiko Orkestraren titular gisa eman zuen lehen kontzerturako, konkretuki, haren 1. Sinfonia. Programa berri honekin Treviño haratago joan da Euskadiko Orkestrarekin egiten ari den bidaia mahleriarrean, aurreko denboraldietan, 9. Sinfonia eta Lurraren kantaren buru izan ondoren.

Orkestrak eta bere titularrak, Orfeoiaz gain, Mahlerren musikan espezializatutako bi kantari bakarlari izango dituzte lagun programa honetan: Sarah Fox sopranoa eta Justina Gringyte mezzosopranoa.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Osteguna 21 Apirila, 2022

Euterpe Boskotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euterpe Boskotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako boskoteak Boccherini eta Brahmsen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, apirilak 23, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 21/22 Denboraldiko hamahirugarren hitzorduarekin, kasu honetan Euterpe Boskoteak eskainiko duena, ‘Musika klasikoaren perlak’ izenburupean, larunbat honetan, apirilak 23, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariz dago osatuta taldea: Laura Balboa (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Arkaitz Martinez (biola), Monika Mazur (biola) eta Beatriz Linares (biolontxeloa).

Euterpe Boskoteak osatzen duen hari-formazioa ez da oso ohikoa, bi biola baititu, eta horrek hari-laukotearena baino soinu harmoniko aberatsagoa ematen dio, eta oso interesgarria da akustikaren ikuspegitik. Matinée honetan Boccheriniren garaitik Brahmsen Erromantizismoaren arora doan bidaia proposatzen digu taldeak.

Programako lehen obra Luigi Boccheriniren 5. Hari kintetoa izango da. Lan hau, jatorriz, bi biolontxelodun hari-boskoterako idatzia dago, baina kontzertu honetan Euterpek bi bioladun hari-boskoterako transkripzioa interpretatuko du. 1771n idatzia eta 1775ean argitaratua, obra hau ospetsua da bere hirugarren mugimenduari esker, Minuetto izenekoa, askotan pieza independente gisa jotzen dena. Ez zuen aintzatespen berezirik jaso argitaratu zen unean, hala ere, bi mende baino gehiago pasa diren honetan, ukaezina da pieza honen ospea, pelikulak, telebista eta bideojokoak bezalako hedabide garrantzitsuetan oso erabilia izan baita.

Matinéearen bigarren zatia Johannes Brahmsen 1. Hari kintetoari eskainiko zaio. Lan hau 1882an konposatu zuen Bad Ischl bainuetxean, Austria Garaian, eta Simrock etxeak argitaratu zuen. Urte horren amaieran aurkeztu zen lehen aldiz ganbera-musikako gau-ekitaldi batean Frankfurten. Brahmsek Mozarten eredua jarraitu zuen eta bigarren biola bat gehitu zion taldeari. Bere ganbera-lanik ezagunenetakoa ez den arren, musikagilearen gustukoenetako bat izan zen: "Ez duzu inoiz jasoko niregandik halako obra ederrik", idatzi zion alemaniarrak Fritz Simrock editoreari.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 07 Apirila, 2022

Pietari Inkinenek Euskadiko Orkestra zuzenduko du Bilbon Dvoraken ‘Mundu Berriko Sinfonia’ plater nagusi gisa

Pietari Inkinenek Euskadiko Orkestra zuzenduko du Bilbon Dvoraken ‘Mundu Berriko Sinfonia’ plater nagusi gisa

Finlandiarra orkestraren podiumera igoko da zapore bohemiardun programa batean, non Dvoraken ‘Otello’-ren obertura eta Smetanaren ‘Emaztegai saldua’-ren obertura eta hiru dantzak ere menuan izango diren. Apirilaren 9an, larunbata, 19:30ean, Euskalduna Jauregian izango den kontzertu honetarako sarrerak salgai daude.

Bilboko kontzertuaren bezperan, Euskadiko Orkestra programa berarekin aurkeztuko da Logroñoko Riojaforumean, 20:30ean.

Euskadiko Orkestrak Bilbon bakarrik aurkeztuko du bere hurrengo abonu-programa, Bohemia protagonista izango duena. Gaur egungo Txekiako Errepublikako eskualde historiko txiki hau, Austria, Alemania, Polonia eta Moraviaren mugakide, XIX. mendean talentu musikalaren erdigune garrantzitsuenetako bat izan zen. Austria-Hungariako Inperioarekin zituen gorabeheren ondorioz, musikagileek bertan aurkitu zuten nazionalismo musikalaren korronte berriarekiko pasioa partekatzeko gunea. Deutsche Radio Philharmonie eta Japoniako Orkestra Filarmonikoko zuzendari titular Pietari Inkinenek gidatuko du programa, eta Bohemiako Erromantizismoko ezinbesteko bi egile eta euren obrak aurkeztuko dizkigu: Smetana, eskola musikal nazionalistaren sortzailea –Emaztegai saldua operako obertura eta hiru dantza– eta Dvorak –Otelloren obertura lan dramatikoa eta 9. Sinfonia, «Mundu Berrikoa», haren obra ezagunena, zeinak, Estatu Batuetan sortu bazuen ere, Bohemiako folklorearen oihartzunak dituen–. 

Kontzertua apirilaren 9an izango da, larunbata, 19:30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Sarrerak 10 eta 35 euro bitartean daude salgai euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditorioaren webgune zein leihatilan.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Kontzertua Bedrich Smetanaren Emaztegai salduarekin hasiko da, 1863tik 1866ra konposatutakoa. Txekiako lehen opera nazional handi bihurtu zen obra hau, eta herrialdeko musikaren garapenerako ibilbide-orria ezarri zuen. Egun Emaztegai saldua Txekiar Errepublikatik kanpo oso gutxitan interpretatzen den arren, obertura eta dantza-bilduma ohikoak dira nazioarteko errepertorioan. Hori bai, jatorrizko nozio politiko guztiak kenduta, estilo eslaviar puruko orkestra-birtuosismoaren adierazgarri moduan.

Bohemiako Erromantizismoaren beste figura handiaren, Antonin Dvoraken, Otelloren obertura ere entzun ahal izango da kontzertuaren lehen zatian. Dvorakek bere konposizio-birtuosismo guztia erakutsi zuen poema sinfoniko honetan.

Kontzertuaren bigarren zatian plater nagusia etorriko da: Dvorakek Otelloren ondoren idatzi zuen 9. Sinfonia, «Mundu Berrikoa». Estatu Batuetara joan berritan, bohemiarrak New Yorkeko Filarmonikaren enkargua jaso zuen, espiritu amerikarra islatuko zuen sinfonia bat idazteko. Nagusiki bohemiar musika materialetik abiatuta, Ipar Amerikako herrialdeari omenaldi zoragarri hau egin zion Dvorakek. 1893ko abenduaren 15ean Carnegie Hallen estreinatua, bere sinfonia ezagunenean ez ezik, historiako ospetsuenetako batean ere bilakatu da.

 

 

Kontzertua Logroñon

 

Bilboko abonu-kontzertuaren aurretik, Euskadiko Orkestra Logroñora joango da apirilaren 8an, ostirala, 20:30ean, Riojaforumean programa bera eskaintzeko. Errioxako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako kontzertu horretarako sarrerak salgai daude 22 eta 30 euro arteko prezioan auditorioaren webgunean.

Osteguna 31 Martxoa, 2022

Harpen arteko norgehiagoka larunbat honetako Miramongo Matinéean

Harpen arteko norgehiagoka larunbat honetako Miramongo Matinéean

Ensemble Moderne Érard taldeak, Euskadiko Orkestrako zortzi musikarik osatutakoak, harpari protagonismoa emango dion kontzertua eskainiko du, Ropartz, Jongen, Debussy eta Ravelen obrekin. Matinéea larunbat honetan izango da, apirilak 2, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 21/22 Denboraldiko hamabigarren hitzorduarekin, kasu honetan Ensemble Moderne Érardek eskainiko duena, ‘Les (in)connus’ izenburupean, larunbat honetan, apirilak 2, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariz dago osatuta taldea: Virgile Demillac (biolina), Anne-Marie Harmat (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola), Pascale Michaud (biolontxeloa), Paloma Torrado (kontrabaxua), Hélène Billard-Alirol (flauta), Sara Zufiaurre (klarinetea) eta Iván Bragado (harpa).

Taldeak inpresionismoaren garaiko lau obra proposatuko ditu programa honetarako, bi fabrikatzaile ezberdinen bi harpa motaren arteko benetako gerra bat biltzen dutenak barnean: alde batetik, Sébastien Érarden pedaldun harpa, 1810ean estreinatua eta gaur egun ere nagusi dena, eta, bestetik, pedalik gabeko harpa kromatikoa, geroago Parisko Pleyel etxean jaio zena bere aurrekoari itzal egiteko, nahiz eta ez zen hura garaitzera iritsi bere soinu-bolumena eskasegia zelako.

Matinée hasieran Guy Ropartz frantziar musikagile eta poetaren Prélude, Marine et Chansons entzungo dugu, pedalezko harparako idatzia, eta maitagarrien eta aztien munduetara eramango gaituena. Ondoren, Joseph Jongen musikagile belgikarraren Bosterako kontzertua etorriko da, harpa kromatikorako bertsio bat duen obra, baina Belgikako harpa-eskolak pedaldun harparako egokiagotzat jo zuena beti.

Bi instrumentu hauen arteko buruz burukoa intentsitate bereziarekin bizituko dugu Matinéea itxiko duten bi obretan. Alde batetik, Claude Debussyren Dantza Sakratu eta Profanoa entzungo dugu, 1904an Pleyel etxeak enkargatutako lana, non konpositore frantziarrak instrumentu berriak eskaintzen zituen aukerak ahalik eta gehien esploratu eta ustiatu zituen, arrakasta handiz. Bestalde, Maurice Ravelen Sarrera eta Allegro lana izango dugu, 1905ean Érard etxeak kontraeraso gisa enkargatu zuena frogatzeko harpa kromatikoa ez zitzaiola bere pedaldun harpari inoiz gailenduko.

Sarrera solteak (10€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 22 Martxoa, 2022

Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berria hasi da artisten zerrenda eguneratuta

Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berria hasi da artisten zerrenda eguneratuta

Euskadiko Orkestrak Brahmsen ‘Requiem alemana’ interpretatzeko goi-mailako ahotsak gonbidatu ditu: Olga Pasichnyk soprano ukrainarra (orain gutxi bertan behera geratu den Ainhoa Arteta ordezkatuko duena); Johann Kristinsson baritono islandiarra (hasiera batean aurreikusitako Michael Nagy ordezkatzen duena); eta Iruñeko Orfeoia.

Georg Marken zuzendaritzapean, kontzertuak ohiko lau hiriburuetan izango dira martxoaren 23tik apirilaren 1era eta sarrerak salgai daude saio guztietarako.

Euskadiko Orkestrak duela egun gutxi iragarri zuen Ainhoa Arteta sopranoaren parte-hartzea bertan behera geratu zela, eta ‘Brahms Requiem’ kontzertu-programa berriaren bezperan, baieztatu du Olga Pasichnyk soprano ukrainarra izango dela ordezkoa. Ahotsen atalean, programa honek Johann Kristinsson (hasieran aurreikusita zegoen Michael Nagy ordezkatuko duena) eta Iruñeko Orfeoia (pandemiaren ondoren orkestraren kontzertuetara itzuliko den lehen abesbatza) ere izango ditu. Georg Mark austriarrak, XIX. mendeko germaniar errepertorioko espezialista handiak, zuzenduko du dimentsio handiko programa sinfoniko-koral hau, duela bi urte baino gehiagotik ezaugarri horietako lehena izango dena.

Kontzertuak martxoaren 23tik apirilaren 1era izango dira ohiko lau hiriburuetan, guztiak 19:30ean:

  • Martxoak 23, asteazkena: Bilboko Euskalduna Jauregia.
  • Martxoak 25, ostirala: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Babeslea: Laboral Kutxa.
  • Martxoak 28, astelehena: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Babeslea: Laboral Kutxa.
  • Martxoak 29, asteartea: Iruñeko Baluarte Auditoriuma.
  • Apirilak 1, ostirala: Gasteizko Principal Antzokia.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Johannes Brahmsen Requiem aleman bat obra sakratua da, requiem oso berezia, bakarra eta nahasgarria alderdi askotan, testutik bertatik hasita. Brahmsek, hildakoen aldeko meza latindarraren bertso liturgiko tradizionaletan beharrean, Luteroren Bibliara jo zuen. Brahmsek ez ditu aipatzen ez Azken Judizioa, ez hildakoen aldeko alegaturik edota otoitzik, ez Kristoren izena. Erredentzioaren erreferentzia bakar bat dago, laburra eta anbiguoa, Jesusen heriotzaren bitartez. Inolako doktrinetan gehiegi oinarritu gabe, kontsolamendu espirituala eta humanoa ematen duten mezuak aukeratu zituen. Brahmsen Requiemak kontsolamendu-hitzak eskaintzen ditu, bizidunak sufrimendu eta heriotzaren ideiarekin adiskidetzeko pentsatuak.

Bremengo estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Requiem aleman bat modan jarri zen Alemaniako elkarte koral ugarien artean eta Brahmsek independentzia ekonomikoa lortu zuen. Hala, hortik aurrera, ia konposatzen soilik jardun zuen. Denbora gehiago behar izan zuen Europaren gainerakoan zabaltzeko, herrialde katolikoetan batez ere, batzuetan errezelo batzuk agertu baitzituzten. XIX. mendeko azken hamarkadan, hala ere, Requiem aleman bat lanak jadanik leku zentrala zuen nazioarteko errepertorio sinfoniko-koralean, gaur egun bezala.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditorioen webgune eta leihatiletan ere, 10 eurotik 35 eurora.

Ostirala 18 Martxoa, 2022

Fernando Velazquezek ‘Viento’ disko berria aurkeztu du, Euskadiko Orkestrarekin grabatua

Fernando Velazquezek ‘Viento’ disko berria aurkeztu du, Euskadiko Orkestrarekin grabatua

Sari ugari jaso dituen konpositore eta orkestra-zuzendari Fernando Velazquezek duela hilabete batzuk Euskadiko Orkestrarekin, Johannes Moser biolontxelojolearekin eta Kup Taldea abesbatzarekin grabatutako ‘Viento’ disko berria kaleratu du martxoaren 18an.

Albumak bere hiru lan biltzen ditu, ‘Biolontxelorako kontzertua’, ‘Cantata de estío’ eta ‘Viento del oeste’, eta oso disko berezia da Velazquezentzat, zinematografia- edo antzerki-proiektu bati ez dagokion bere lehen ekoizpen musikala delako.

Fernando Velázquez: nahiz eta ez dudan funtsezko desberdintasunik aurkitzen beste obra batzuen eta oraingo honetan argitaratzen direnen artean, lehen aldia da zinema- edo antzerki-lan bati ez dagokion obra bat publikoari aurkezten dudala disko-edizioan. Bizitza osoa daramat mota guztietako musika idazten eta beste ezerekin zerikusirik ez duen musika argitaratzen dudan lehen aldia da. Euskadiko Orkestrarekin, Johannes Moserrekin eta Kup Taldearekin izatea oso zirraragarria da haienganako sentitzen dudan miresmenagatik eta grabazioan izan duten inplikazioagatik. Pentatone diskoetxearekin lan egitea ere pozgarria izan da, mundu mailako erreferentziazko diskoetxea baita”.

Fernando Velazquezek Euskadiko Orkestrarekin sarri kolaboratu ohi du. Elkarrekin arrakasta handia lortu dute honako film eta telesailen soinu-bandengatik: A Monster Calls (Velázquezek 2017ko Jatorrizko Kanta Onenaren Goya jaso zuen), Ocho Apellidos Vascos, Contratiempo, Submergence eta Patria. Velazquezek lotura estua du Kup Taldea abesbatza gipuzkoarrarekin, zeinarekin Patria telesailaren eta El Orfanato filmaren musika grabatu duen. Viento-ren baitan egindako Biolontxelorako kontzertuaren grabazioa Johannes Moser alemaniar-kanadar biolontxelojole entzutetsuarekin egindako lehen elkarlana da.

Osteguna 17 Martxoa, 2022

Ainhoa Artetak bertan behera utzi du bere parte-hartzea Brahmsen ‘Requiem aleman’-ean

Ainhoa Artetak bertan behera utzi du bere parte-hartzea Brahmsen ‘Requiem aleman’-ean

Ainhoa Arteta: “Oso zaila egiten zait nire lurraldeko eszenatokietara itzultzeari uko egin behar izatea”. “Tristura handia sortzen dit une honetan zuekin egon ezin izateak, baina espero dut laster berriro Euskadiko Orkestrarekin egon ahal izatea”.

Eragozpen hori gorabehera, Euskadiko Orkestrak aurrera jarraituko du iragarritako kontzertu-programarekin, martxoaren 23an Bilbon, 25ean eta 28an Donostian, 29an Iruñean eta apirilaren 1ean Gasteizen egingo dena.

Ainhoa Arteta soprano tolosarrak Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan Brahmsen Requiem alemanean aurreikusita zuen parte hartzeko konpromisoa bertan behera utzi behar izan du, artatzen ari zaizkion espezialista medikoen gomendioak jarraituz. Ebakuntza egin zion eta ahots-errehabilitazioa artatzen dion medikuak txosten batean adierazten duenez, “errekuperazioa ez da azken asteetan zirudien bezain azkarra izaten ari” eta “ez du inolaz ere gomendatzen Requiem alemanaren interpretazioan parte hartzea, obra honen ahots-eskakizuna zein den ikusita”.

Ainhoa Arteta: “Jakinarazi behar dizuet azken egunotan ahalik eta ahalegin handiena egiten aritu naizela, bai orkestrarentzat bai zuentzat, publiko gisa, kontzertu horiei baldintza egokietan aurre egiteko behar den ahots-gaitasunera iristeko. Tamalez, ez da nahikoa izan, eta nire ahotsa berreskuratzeko prozesu osoan laguntzen duen doktoreak uste du ez dudala une honetan horrelako ahots-konplexutasuna duen obra bati ekiteko arriskurik hartu behar”. (Ikusi Ainhoa Artetaren jakinarazpen osoa beherago)

Kontzertu-programa hau martxoaren 23an Bilbon, 25ean eta 28an Donostian, 29an Iruñean eta apirilaren 1ean Gasteizen egingo da. Euskadiko Orkestra buru-belarri ari da lanean artista tolosarra ordezkatuko duen sopranoa bilatzeko.

Eragozpen hori gorabehera, Euskadiko Orkestrak aurrera jarraituko du iragarritako egitarauarekin. Brahmsen Requiem alemana espiritualtasunez betetako obra da, soprano, baritono, abesbatza eta orkestrarako sortua. Euskadiko Orkestrarentzat dimentsio handiko programa sinfoniko-koral baten itzulera da hau, lehendabizikoz pandemia hasi zenetik. Iruñeko Orfeoia da ordutik Euskadiko Orkestrarekin agertokietara igoko den lehen abesbatza, eta partitura osoan zehar etengabeko presentzia izango du. Ainhoa Arteta ordezkatuko duen sopranoaren berri eman bitartean, artisten taldea Johann Kristinsson baritono islandiarrak (hasiera batean aurreikusita zegoen Michael Nagy ordezkatuko duena) eta Georg Mark zuzendari austriarrak, XIX. mendeko germaniar errepertorioko espezialista handiak, osatuko dute.

Ainhoa Artetaren jakinarazpen osoa:  

 

Adiskide maiteak,

Atsekabe handiz jakinarazi behar dizuet, tamalez, ezin izango naizela zuekin egon Euskadiko Orkestrak datozen egunetan Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen programatutako Brahmsen Requiem alemana-ren kontzertuetan.

Izugarri atsekabetzen nau egoerak; izan ere, niretzat, eta urte hauen guztien ondoren, Euskadiko Orkestra nire etxea baita, eta oso zaila egiten baitzait nire lurraldeko eszenatokietara itzultzeak esan nahi zuen guztiari uko egin behar izatea, duela hilabete askotatik ari bainintzen nire ilusio eta energia guztiarekin itzulera hau prestatzen.

Jakinarazi behar dizuet azken egunotan ahalik eta ahalegin handiena egiten aritu naizela, bai orkestrarentzat bai zuentzat, publiko gisa, kontzertu horiei baldintza egokietan aurre egiteko behar den ahots-gaitasunera iristeko. Tamalez, ez da nahikoa izan, eta nire ahotsa berreskuratzeko prozesu osoan laguntzen duen doktoreak uste du ez dudala une honetan horrelako ahots-konplexutasuna duen obra bati ekiteko arriskurik hartu behar.

Edonola ere, bere horretan eusten diot ahots-ahalmen osoarekin abesteko ilusioari eta, prozesua behar eta nahi bezain azkarra ez izan arren, ez dut zalantzarik errekuperazioak orain arte lortutako erritmo onean jarraituko duela, eta laster errealitate bat izango da nire ahots-errepertorio osoari heldu ahal izatea.

Ez da erraza hitzez transmititzea nire lurralde honekiko, bertako jendearekiko, nire agerraldi bakoitzean laguntzen didan publikoarekiko eta ematen dudan pauso bakoitzean babesten nauen jende guztiarekiko sentitzen dudan maitasun guztia, eta maitasun eta dedikazio hori eskertzeko modurik onena da eszenatoki batean dena ematea eta naizen guztia eskaintzea, nire %100a, nire emanaldi bakoitzean. Horregatik, tristura handia sortzen dit une honetan zuekin egon ezin izateak, ilusio handia bainuen kontzertu horiekin, baina espero dut laster berriro Euskadiko Orkestrarekin egon ahal izatea.

Besarkada estu bat,

Ainhoa Arteta

Informazio gehiago

Brahms Requiem
Osteguna 17 Martxoa, 2022

ETB2k Euskadiko Orkestraren 21/22 Denboraldiko kontzertu berriak emango ditu larunbat honetatik aurrera

ETB2k Euskadiko Orkestraren 21/22 Denboraldiko kontzertu berriak emango ditu larunbat honetatik aurrera

Emisio-bloke berri hau ‘Beethoven + Bartok / Mérah’ kontzertu-programarekin hasiko da. Otsail hasieran eskainitako programa hau Mei-Ann Chen taiwandar-estatubatuarraren debuta izan zen eta Joël Mérahk ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiekturako idatzi zuen ‘Jakinduriaren usaina’ obraren estreinaldia ere bai.

Telebistako emisio berriak egin ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuetan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean publikoaren eskura jartzen jarraituko du.

Euskadiko Orkestrak eta EITBk orkestraren jarduera grabatu eta zabaltzeko duten konpromisoaren baitan, katearen larunbat goizetako tartera itzuliko da orkestra, Denboraldiko kontzertuak erakusten jarraitzeko.

Emisio-bloke berriak etenik gabe jarraituko du uztailaren 9ra arte, eta 21/22 Denboraldiko kontzertu berrienak eskainiko ditu, Denboraldiko beste berremisio batzuekin tartekatuta.

Honako hauek dira datozen kontzertuak (beti larunbatetan eta 11:00etan):

  • Martxoak 19: BEETHOVEN + BARTOK / MÉRAH. Mei-Ann Chen / Varvara.
  • Martxoak 26: BERNSTEIN + ZHOU. Robert Treviño / Yulianna Avdeeva.
  • Apirilak 2: (Berremisioa) SCHUBERT (8. y 2. Sinfoniak). Robert Treviño.
  • Apirilak 9: (Berremisioa) SCHUBERT (4. y 5. Sinfoniak). Robert Treviño.
  • Apirilak 16: BRAHMS REQUIEM. Georg Mark / Olga Pasichnyk / Johann Kristinsson / Iruñeko Orfeoia.
  • Apirilak 23: (Berremisioa) WAGNER. Michel Tabachnik / Rinat Shaham.
  • Apirilak 30: (Berremisioa) ENIGMATIKOA 1. Robert Treviño / Pablo Ferrández.
  • Maiatzak 7: (Berremisioa) ENIGMATIKOA 2. Robert Treviño / Pablo Ferrández.
  • Maiatzak 14: (Berremisioa) AIRE NORDIKOA 1. Robert Treviño.
  • Maiatzak 21: (Berremisioa) AIRE NORDIKOA 2. Robert Treviño.
  • Maiatzak 28: MAHLER. Robert Treviño / Sarah Fox / Justina Gringyte / Donostiako Orfeoia.
  • Ekainak 4: DUTILLEUX + ELGAR / CATALÁN. Robert Treviño / Asier Polo.
  • Ekainak 11: (Berremisioa) BIZIRIK. Ruth Reinhardt.
  • Ekainak 18: (Berremisioa) BIDAIAK. Gemma New.
  • Ekainak 25: (Berremisioa) GAZTEAK. Hans Graf / Birgit Kolar.
  • Uztailak 2: ELGAR + BARTOK / WAGNER. Robert Treviño / Pinchas Zukerman.
  • Uztailak 9: (Berremisioa) NEW YORK. Robert Treviño / Nikolai Lugansky.

ETBk Euskalduna Jauregian grabatu ditu kontzertuak, salbuespenak salbuespen.

Orriak