Osteguna 02 Martxoa, 2023

Akelarre Abesbatza izango da larunbateko Miramongo Matinéearen protagonista

Akelarre Abesbatza izango da larunbateko Miramongo Matinéearen protagonista

Euskal ahots gaztez osatutako abesbatzak, Euskadiko Orkestraren harpajole Ivan Bragado ondoan duela, askotariko obraz osatutako kontzertua eskainiko du larunbat honetan, martxoak 4, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiko hamargarren hitzorduarekin datoz, kasu honetan Akelarre Abesbatzak eskainiko duena, ‘A Ceremony of Carols’ izenburupean, larunbat honetan, martxoak 4, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Akelarre Abesbatza Euskal Herriko 19 eta 33 urte bitarteko 28 ahotsez osatutako ganbera-abesbatza da, eta duela lau urte ekin zion bere ibilibideari Xabier M. Aretxabaletaren zuzendaritzapean. Koruak Miramongo Matinée honetan giza ahotsen berotasuna eta harparen soinu xarmagarria uztartzen dituen musika-saio anitza eskainiko du. Harparen interpretazioa Euskadiko Orkestrako bakarlari Ivan Bragadoren esku geratuko da.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Hasierako eta amaierako obrak izango dira kontzertu honen programaren zutabe nagusiak. Hasteko, Children’s Hour entzungo da, Marcel Grandjany konpositore frantsesaren harpa hutserako obra, gutxitan interpretatu ohi dena, eta amaieran Benjamin Brittenen A Ceremony of Carols obra ospetsua iritsiko da, jatorrian ahots zuriz osatutako abesbatzarako eta harparako idatzia. Azken obra hau Eguberri arora mugatzen da beti, baina hemen oso bestelako garai batean entzun ahal izango da, izan ere, abesbatzaren hitzetan “edertasunak ez baitu urtarorik, baizik eta gozatzeko prest dauden begiak, belarriak eta sentimenak”.

Kontzertuaren erdialdean etxean geldialdi bat egingo dugu, hainbat euskal konpositoreren piezekin gozatzeko. XVI. mendean Juan de Antxietarekin hasi eta gaur egungo Jon Sáenz Rubio bezalako musikagile gazteetaraino, gure herriko kultura eta musikari hainbeste eman eta munduan zehar ezagutarazi dutenei egindako omenaldi txikia izango da. Stephen Chatmanen Lullay My Liking malenkoniatsuak osatuko du askotariko programa hau.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 01 Martxoa, 2023

Euskadiko Orkestrak Straussen ‘Don Juan’ eta ‘On Kixote’ interpretatuko ditu Bilboko Musika-Música Jaialdian

Euskadiko Orkestrak Straussen ‘Don Juan’ eta ‘On Kixote’ interpretatuko ditu Bilboko Musika-Música Jaialdian

Robert Treviñoren batutapean, eta Alexey Stadler biolontxelojolearekin ‘On Kixote’ obrako solista gisa, orkestrak larunbat honetan eskainiko du bere kontzertua, martxoak 4, 18:45ean, Euskalduna Jauregian.

Bilboko Udalak antolatzen duen jaialdiaren 22. edizioa martxoaren 3tik 5era egingo da mota guztietako publikoei zuzendutako 60 kontzerturekin, ohiko maratoi-formatuan.

Ohikoa den moduan, Euskadiko Orkestrak aurtengoan ere Bilboko Musika-Música jaialdian parte hartuko du, 22. edizioa izango duen honetan. Bi hamarkada baino gehiagoko epealdi honetan jaialdiak musika-uholde bat ekarri du Bilbora eta erreferente izatera iritsi da mundu guztiko musikazaleen artean.

Notak & Letrak izenburupean, Estatu osoan era honetako bakarra den Musika-Música Jaialdiaren hogeita bigarren edizio honek bi kode uztartzen ditu elkarrekin aurten, bi kode giza-komunikazioan nabarmendu direnak euren unibertsaltasun eta irismenagatik: letrak eta notak. Entzungo dugun egitarauaren bidez musikan sublimatutako corpus literario iradokitzaile eta oparo bat esploratuko dugu: musika egiteko baliatu izan diren genero literarioak. Jaialdiak dirauen egunetan gure artean izango ditugu garai eta estilo artistiko desberdinetako konpositore eta idazleak.

Euskadiko Orkestrak edizio honetako ezinbesteko hitzorduetako bat eskainiko du larunbatean, martxoak 4, 18:45ean, Euskalduna Jauregian. Bertan, Richard Straussen Don Juan eta On Kixote obrak interpretatuko ditu ordubete inguruko kontzertu batean, Robert Treviñok zuzenduko duena. Lehendabizi Don Juan poema sinfonikoa entzungo da, 25 urteko Strauss gazteari ospea eman ziona 1888an.

Ondorengo obra On Kixote izango da, Miguel de Cervantesen izen bereko liburu ezin entzutetsuagoan oinarrituta dagoen poema sinfonikoa. Obra honetako biolontxeloaren partea, garrantzi eta zailtasun gehien duena, Alexey Stadlerren esku geratuko da. Sona handiko bakarlari hau pasa den Denboraldiaren inaugurazioan —‘Brahms Fest’-en— izan genuen Euskadiko Orkestran.

 

 

Informazio gehiago eta sarreren salmenta

 

Sarrerak 13 eurotan daude salgai Musika-Músicaren webgunean, Euskalduna Jauregiko leihatiletan eta webgunean, baita Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan ere.

Jaialdiari eta 60 hitzorduei buruzko informazio guztia hemen.

Asteazkena 15 Otsaila, 2023

Mahlerren ‘Bosgarrena’ eta Ramon Lazkanoren mundu mailako estreinaldi bat izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

Mahlerren ‘Bosgarrena’ eta Ramon Lazkanoren mundu mailako estreinaldi bat izango dira Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonistak

Robert Treviñok zuzenduko ditu Mahlerren ‘5. Sinfonia’, aktualitate betean dagoena une honetako film nabarmenetako batean, ‘Tár’-en, agertzeagatik, eta  Ramon Lazkanoren ‘Mare marginis’ pianorako kontzertuaren erabateko estreinaldia, Euskadiko Orkestrak, Radio Francek eta Koloniako Irratiaren Orkestra Sinfonikoak elkarrekin enkargatutakoa.

Sarrerak salgai daude otsailaren 17tik 23ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako.

Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 22-23 Denboraldiko seigarren programari ekingo dio, ‘Esnaera’ izenekoa. Robert Treviño titularrak zuzenduko du orkestra datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan izango diren bost kontzertuetan: ostiralean, otsailak 17, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehen eta ostegunean, otsailak 20 eta 23, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, otsailak 21, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, otsailak 22, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Programa honetan bildu dituen bi konpositoreekin lotura handia du Robert Treviñok: Ramon Lazkano, zeinaren Mare marginis pianorako kontzertua mundu mailan estreinatuko den, euskal musikarentzat gertakari handia den honetan, eta Gustav Mahler, zeinaren 5. Sinfoniak kontzertuen bigarren zatia hartuko duen.

Batetik, Treviñok lotura handia du Ramon Lazkanoren soinu-unibertsoarekin 2016an Euskal Herrira etorri zenetik. Horren adierazgarri da, haren obra ugari Euskadiko Orkestrarekin interpretatu izateaz gain, Lazkanoren musika beste orkestra batzuen atriletara eraman duela, hala nola RAIren Orkestra Sinfoniko Nazionalarenera, martxoan Mugarri estreinatu baitzuen harekin. Orain bera da Mare marginis lanaren mundu mailako estreinaldiari ere heltzen diona. Euskadiko Orkestrak, Radio Francek eta Koloniako Irratiaren Orkestra Sinfonikoak enkargatutako obra da, eta Frantziako Orkestra Nazionalak otsailaren 11n, larunbatean, estreinatuko zukeen, Frantziako gobernuaren egungo pentsioen erreformaren aurkako greba baten ondorioz azken orduan bertan behera geratu izan ez balitz. Euskadiko Orkestrak hartuko du orain, beraz, obra estreinatzearen lekukoa, eta Alexander Tharaud izango du solista rolean, egungo pianista europarrik garrantzitsuenetako bat. Aditu handienetako bat kontsideratuta dago teklaturako Frantzian idatzitako musikan, garai guztietakoa, Rameauren eta Couperinen barrokotik hasi, Debussy, Ravel eta egungo sorkarietaraino.

Pianorako idatzitako bigarren lan honetan Lazkanok islatu nahi izan du “urik gabeko itsaso bat, muga baten lekua ere badena, ilargian ikusten dena ikusezinetik bereizten duena”. Obra hau Tharaudekin duen adiskidetasunetik sortzen da, eta harekin partekatu du pianoa protagonista duen partitura honen sortze-prozesu osoa. Instrumentu horrekin musikagileak soinuzko afektu fisiko bat duela ziurtatzen du.

Bestetik, zuzendari mahlerzale handia izatearen ospea du Treviñok, harekin egin baitu debuta nazioarteko orkestra garrantzitsuak zuzentzen. Euskadiko Orkestrarekin ez dago Mahlerren sinfonien integrala osatzetik urrun, eta oraingo honetan Bosgarrenaren txanda izango da, haren ekoizpen osoko pasarte ezagunenetako bi biltzen dituena. Lehena partituraren hasierako konpasetan iristen da, tronpetak jotzen duen lau notako motiboa, Beethovenen Bosgarren Sinfoniarenaren antzekoa den (Euskadiko Orkestrak oraintsu interpretatu du sinfonia hau). Bigarrena Adagietto famatua da, Luchino Viscontiren Herioa Venezian (1971) film enblematikoan agertzen dena. Sinfonia honek agerpenak pilatzen jarraitzen du pantaila handian; izan ere, estreinatu berri den eta 6 Oscar saritarako izendatu duten Tár filmean Cate Blanchettek orkestra-zuzendari baten papera egiten du, hain zuzen ere, Mahlerren Bosgarrena prestatzen.

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

 

Asteartea 14 Otsaila, 2023

Magia eta teknologia Euskadiko Orkestraren Gasteizko Musika Familian kontzertu berrietan

Magia eta teknologia Euskadiko Orkestraren Gasteizko Musika Familian kontzertu berrietan

‘Ondinaren magia’ eta ‘Elkarrekin sortu’ dira Euskadiko Orkestrak Gasteizen eskainiko dituen ekoizpen propioak, familientzat sortuak.

Horietako lehenengoa saio bikoitzean (17:00 / 18:30) eskainiko da otsailaren 26an Garcia Lorca Antzokian eta bigarrena maiatzaren 7an (18:00) Principal Antzokian.

Musika Gela hezkuntza-zikloaren barruan, otsailetik maiatzera bitartean Euskadiko Orkestrak bi ekoizpen estreinatuko ditu Gasteizen, Musika Familian formatuan: Ondinaren magia eta Elkarrekin sortu.

Ondinaren magia, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendua, urrian orkestraren egoitzan estreinatu zen dozena bat Eskola Kontzertutan, eta orain Gasteizen familiei irekiko zaie bi kontzerturekin otsailaren 26an (17:00 eta 18:30) Garcia Lorca Antzokian. Kontzertu-ikuskizun honek musika eta magia uztartzen ditu maitagarrien eta ondinen (uretako ninfak greziar mitologian) abenturen kontakizun original baten bidez.

Elkarrekin sortu, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua, produkzio propioa da, baita ere, eta Gasteizen maiatzaren 7an eskainiko da (18:00) Principal Antzokian (bezperan Donostiako Kursaaleko Ganbera Aretoan estreinatuko dute lana). Oso kontzertu berritzailea izango da, zati handi bat momentuan bertan sortuko baita, Helga Arias bilbotar konpositoreak ikuskizun honetarako propio sortu duen obra izan ezik. Inprobisazioa, natura eta teknologia dira, laburbilduz, Elkarrekin sorturen ezaugarri nagusiak.

Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 26 urte daramatza orkestraren egitarauan. Gasteizko kontzertuek Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute.

Musika Familian kontzertuez gain, Musika Gela zikloaren baitan denboraldiro jarduera ugari antolatzen dira: 30 Eskola Kontzertu inguru, haur, lehen eta bigarren hezkuntzako 10.000 ikasle baino gehiagorentzat, hainbat entsegu ireki, sentsibilizazio-tailer eta beste zenbait ekintza.

Ondinaren magia eta Elkarrekin sorturen sarrerek 6 euroko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus eta principalantzokia.org webguneen bidez eros daitezke, baita 945161045 telefono-zenbakira deituz eta Principal Antzokiko leihatilan ere.

Elkarrekin sortuk aurretik sentsibilizazio-tailer bat izango du (16:45ean). Tailer hori doakoa izango da kontzerturako sarrera dutenentzat, baina aldez aurretik izena eman beharko da (30 lagunentzako lekua izango du). Horretarako, 945161045 telefonora deitu beharko da.

Jarraian Musika Familian kontzertuei buruzko informazio xehea aurki daiteke:

 

ONDINAREN MAGIA
3 < 6
urte
40’
Monika Mazur*,
biola (hasiera batean iragarritako Maite Abasolo ordezkatuko du)
Ander Erburu*, flauta
Iván Bragado*, harpa
Txan Magoa
Ana Eguiazabal,
aurkezlea
Mikel Cañada, gidoia
* Euskadiko Orkestraren kidea

Lehendabiziko aldia da ziklo honetako familientzako kontzertuetan magia txertatzen dela ikuskizun baten protagonista gisa eta, beraz, esperientzia erabat berria izango da Ondinaren magia-k eskainiko duena. Ondinak misterioaren eta herri-kondairen parte dira. Greziar mitologian Mediterraneoan bizi ziren uretako ninfei esaten zitzaien ‘ondinak’. Eta, hain zuzen, ikuskizun honek ondina baten istorioa kontatzen du, arratsaldeetan hondartzan arrain bihurtzen den eta, bere abenturen artean, mago batekin topo egiten duen neska batena. Naturaren elementuekin jolastuz, lau magia-saio eskainiko dira ikuskizunaren baitan. Musika ere oso berezia izango da, eta hiru instrumenturen bidez interpretatuko da: uhinak eta itsas sakona irudikatzen dituen harpa, haizearen misterioak kontatzen dituen flauta eta lurrari eta haren misterioei buruz hitz egiten duen biola. Kontzertu honetarako propio sortutako kontakizun baten bidez, eta Duboit, Jolivet, Ravel edo Debussy bezalako egileen musikarekin, gure sentimenekin jolas egingo dugu arteez gozatzeko.

MUSIKA FAMILIAN
Gasteiz
Otsailak 26

17:00 / 18:30
García Lorca

 

ELKARREKIN SORTU
6 < 12
urte
55’
Ganbera-taldea
, honako instrumentuekin: oboea, klarinetea, fagota, biolina, kontrabaxua, perkusioa, pianoa.
Ana Hernandez Sanchiz, aktorea
Helga Arias, konpositorea
Mikel Cañada, gidoia

Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zein soinu izango lukeen marrazki edo eskultura batek? Zer sonoritatek adieraziko luke hobeto haizea edo euria? Nola deskribatuko zenuke musikarekin mugimendu bat? Lerro bat, marrazki bat? Sentimendu bat? Begirada bat? Kontzertu honetan, Euskadiko Orkestrako musikariek galdera horiei musikarekin jolastuz erantzuteko erronka izango dute, gure publiko gaztearen proposamenak eta gaurkotasun handiko errepertorioa oinarri hartuta. Pantaila batekin, ordenagailu batekin eta musika-teknologia aurreratuenarekin, interpreteek eta ikus-entzuleek musika-konposizioaren sekretuak ezagutzeko jolasa partekatuko dugu. Oso kontzertu berritzailea izango da, zati handi bat momentuan bertan sortuko baita, Helga Arias bilbotar konpositoreak ikuskizun honetarako propio sortu duen obra izan ezik. Inprobisazioa, natura eta teknologia dira, laburbilduz, Elkarrekin sorturen ezaugarri nagusiak.

MUSIKA FAMILIAN
Gasteiz
Maiatzak 7

18:00*
Principal Antzokia
*Kontzertuaren aurretik, 16:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa. Izen-ematea: 945161045

 

 

Musika Gela barneratzailea

 

Denboraldi honetatik aurrera, FEVAS-Plena Inclusión Euskadirekin lankidetza estuan programatutako pertsonak gizarteratzeko jarduerak, Euskadiko Orkestrak Donostian eta Bilbon programatzen dituenak duela urte batzuetatik, Gasteizera ere zabalduko dira, maiatzean hainbat tailer eginez.

2009. urtetik, aniztasun funtzionalaren testuingurura gerturatzeko lana garatzen da Musika Gelaren baitan, musika gaitasun, ahalmen eta talentu ezberdineko pertsonetara gerturatuz soinu-sorkuntzako tailerren, kontzertuetara joateko aukeren edo proiektu ezberdinetan parte hartzeko aukeren bidez. Orkestrako musikariek aktiboki parte hartzen dute, gaitasun ezberdineko pertsona horiek zuzeneko musikarekin gozatzeko eta esperimentatzeko aukera izan dezaten.

 

 

Musika Gela YouTuben

 

Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Ondinaren magia, Euskadiko Orkestra Cirkus, Mozart, Nannerl eta Lagunak, Ekomusik eta Isiltasunaren haitzuloa. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.

Osteguna 09 Otsaila, 2023

Aitorpen gutxiko emakume musikagile estatubatuarrei omenaldia larunbateko Miramongo Matinéean

Aitorpen gutxiko emakume musikagile estatubatuarrei omenaldia larunbateko Miramongo Matinéean

Queentettas taldeak, Euskadiko Orkestrako hari-sekzioko lau musikariz eta Amaia Zipitria pianistaz osatzen denak, Denboraldiko bederatzigarren Matinéea eskainiko du larunbat honetan, otsailak 11, 11:00etan, Miramonen, eta Amy Beach eta Florence Pricen obra bana interpretatuko du. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Miramongo Matinéeek 22/23 Denboraldiaren erdialdea gainditu dute eta bederatzigarren hitzorduarekin datoz, kasu honetan Queentettas taldeak eskainiko duena, ‘Emakume musikagile estatubatuarrak’ izenburupean, larunbat honetan, otsailak 11, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Taldeko bost musikarietako lau Euskadiko Orkestrako kideak dira: Itziar Prieto (biolina), Maialen Rezabal (biolina), Monika Mazur (biola) eta Beatriz Linares (biolontxeloa). Amaia Zipitria pianojoleak osatuko du taldea.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Miramongo Matinée honek omenaldi bat egingo die musika-ondare garrantzitsua utzi duten baina aintzatespen eta ospe gutxi lortu duten emakume musikagile estatubatuar batzuei, beren konposizioak kalitate handikoak izan arren.

Matinéea Amy Beachen Pianodun kintetoak irekiko du. Sinfonia bat argitaratu zuen lehen emakume estatubatuarra izan zen, emakumea gizonaren itzalpean zegoen garai betean. Egoera kontran izan arren, Beachek pribilegio handi bat izan zuen: bere lehen sinfonia Bostoneko Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuen 1896an. Oro har, bere konposizioek izaera erromantikoa dute, eta askotan Brahmsen musikarekin alderatu dute. Tamalez, hil ondoren ahaztu egin zuten bere musika, harik eta 1990ean emakume batzuek bere obra argitara ateratzeko borrokatu zuten arte. Berreskuratze-lan horretan, Beachek ausardia handia erakutsi izana azpimarratu nahi izan zuten.

Ondoren, Queentettaseko kideek beste pianodun kinteto bat interpretatuko dute, oraingoan Florence Beatrice Price konpositore, pianista, organista eta musika klasikoko irakasle afroamerikarrarena. Price konpositore sinfoniko gisa errekonozimendua lortu zuen lehen emakume afroamerikarra izan zen. Bere lehen sinfonia ere formazio garrantzitsu batek estreinatu zuen: Chicagoko Orkestra Sinfonikoak, 1933an. Priceren musikak Europako musikaren tradizioa —heziketa hori jaso izan baitzuen— eta tradizio eta espiritualtasun afroamerikarreko doinuak uztartzen ditu.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 01 Otsaila, 2023

Beethovenen ‘Bosgarren Sinfonia’ ezaguna izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonista

Beethovenen ‘Bosgarren Sinfonia’ ezaguna izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonista

Dinis Sousaren batutapean, Euskadiko Orkestrak Beethovenen ‘5. Sinfonia’ joko du, konposizio entzutetsu eta interpretatuenetako bat, eta Alena Baeva izango du solista gonbidatu gisa Xostakovitxen ‘Biolinerako 2. Kontzertu’ konplexua interpretatzeko.

Sarrerak salgai daude otsailaren 3tik 9ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako.

Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 22-23 Denboraldiko bosgarren programari ekingo dio, ‘Gure patua’ izenekoa. Dinis Sousa portugaldarra lehendabizikoz igoko da Euskadiko Orkestraren podiumera datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan izango diren bost kontzertuetan: ostiralean eta astelehenean, otsailak 3 eta 6, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, otsailak 7, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, otsailak 8, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegunean, otsailak 9, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

“Ta-ta-ta-taaaa (Sol sol sol mi…)”, ez dago zati sinfoniko ezagunagorik munduan Beethovenen Bosgarrenaren hasiera baino. Sinfonia honi “patuarena” izena eman zion egileak, izan ere, haren hitzetan, “horrela jotzen du patuak atea”. Klasikoetan klasikoen den sinfonia hau, duen ospe handiaz harago, Beethovenen bikaintasun formal eta konposizio-birtuosismo handieneko sorkuntzetako bat dela esaten da. Lau nota horiekin eraikin sinfoniko berdingabe bat eraiki zuen Beethovenek. Lehen mugimendu liluragarriaren ostean, beste hiru mugimendu datoz, zeintzuetan Beethovenek bariazio melodikorako bere talentu guztia erakusten duen, baita bere erritmo-zentzu erakargarria eta bere irudimen inkonformista ere; izan ere, azken allegroa garai horretan modan zegoen goreneko une militarraren modarekin bat dator. Baliabide erretoriko horri darion energiak ibilbide garrantzitsua izango du Beethovenen geroagoko obran eta, bereziki, bere 9. Sinfoniaren amaieran.

Beethovenen sinfonia ezagunaren aurretik, Alena Baeva biolinjole errusiarra igoko da oholtzara, eta Xostakovitxen Biolinerako 2. Kontzertu zaila interpretatzeko erronka izango du. Partitura hau bere lagun David Oistrakhentzako konposatu zuen, eta aura ilun bat du, Brezhnev Sobietar Batasuneko presidente izan zen urteetan —Xostakovitxen bizitzaren azken hamarkadan— konposatu zituen obrek bereizgarri dutena. Hemen bakarlariak du ekimena eta hark gidatzen du orkestra eta ez alderantziz, normalean izaten den bezala. Baeva aditua da Xostakovitxen kontzertuetan eta, gainera, Biolinerako 2. Kontzertua grabatu duten gutxietako bat da (Valery Gergievekin eta Mariinski Antzokiko Orkestrarekin grabatu zuen). Biolinista errusiarra Euskadiko Orkestrarekin estreinatu zen Istanbulen, 2020ko martxoan, konfinamendua baino lehen, baina orkestraren Kontzertu Denboraldian parte hartzen duen lehen aldia izango da.

Kontzertu-programa berria osatuko du Wagnerren Parsifal operak, zeinaren hasierak erlijioaz eta patuaz hitz egiten duen, eta kontzeptu horrek izenburua ematen dio programa osoari.

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Osteguna 26 Urtarrila, 2023

‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunak Miramongo Matinéetara egingo du jauzi larunbat honetan

‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunak Miramongo Matinéetara egingo du jauzi larunbat honetan

Egunotan 4.700 ikaslerentzat kontzertuak eman ostean, Euskadiko Orkestra Percussion Groupek ‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizuna Miramongo Matinéeetan eskaintzeko moldatu du. Kontzertua larunbat honetan izango da, urtarrilak 28, 11:00etan, eta azken sarrerak baino ez dira geratzen, 11 eurotan.

Larunbat honetan, urtarrilak 28, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko zortzigarren hitzordua izango da. Bertan, Euskadiko Orkestra Percussion Groupek haurrentzako ‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunaren moldaketa bat aurkeztuko dio publiko helduari. Laukotea osatzen duten musikariak honakook dira: Igor Arostegi, Anthony Lafargue eta Hector Marques, Euskadiko Orkestraren perkusiojoleak, eta Gorka Catediano.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Euskadiko Orkestra Percussion Groupek kontzertu didaktikoak eskaini ditu azken asteotan lurraldeko 4.700 ikasle baino gehiagorentzat; horiek Miramonera bertaratu dira perkusioaren mundu zoragarriaz gozatzera, honako argumentua daraman kontzertu batean:

“Lau musikari berrogeialdiaren ondorioz harrapatuta geratzen dira urrutiko hiri bateko apartamentu batean. Familiako kideengandik urrun, derrigorrez konfinatuta, nahasita eta urduri samar, musika pixka bat egiteko aukera ematen duten etxeko elementu guztiak aztertzen dituzte”.

Living Room Music. 22/23 Musika Gela

Miramongo Matinée honetan, didaktikoetan eskainitakoaren pasarte bat ikus ahal izango da. Kontzertuen izendapena, Living Room Music, XX. mendeko konpositore handienetako baten, John Cageren, izen bereko obratik dator. Konpositore eta musikologo estatubatuarrak bere ideiekin perkusioaren mundua irauli zuen eta pauso bat harago joatea erabaki zuen, perkusiorako musika instrumentu ez konbentzionalekin, eguneroko objektuekin edo ahots perkusioarekin ere idatziz. Cageren piezarekin batera, konposizio-estilo honekin jarraitu duten eta elektronikarekin ere nahastu duten beste musikagile batzuen lan gehiago ere interpretatuko dira. Euskadiko Orkestra Percussion Groupek beste hiru piezarekin osatuko du programa, ohiko instrumentuetarako konposatutakoak.

MATINÉEAREN EGITARAUA:

  • Frank J. Cogollos: Escombrandrum
  • Chris Brooks: Stick Schtick
  • Nigel Westakle: Omphalo centric lecture
  • John Cage: Living room music
  • Cie Kahlua: Ceci n'est pas une balle
  • Igor Lesnik: Chamade suite for snare drum quartet
  • Juanjo Guillem: Música acuática
  • David Skidmore: Ritual music
  • Mátyás Wettl: Nocturne

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 18 Urtarrila, 2023

4.700 ikaslek ‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunaz gozatuko dute egunotan Miramonen

'Living Room Music' Miramonen. 2023-1-18. Argazkia: Conny Beyreuther
'Living Room Music' Miramonen. 2023-1-18. Argazkia: Conny Beyreuther

Gipuzkoa osoko 50 ikastetxe baino gehiagoko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak urtarrilaren 18tik 27ra igaroko dira Miramonetik Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloko ekoizpen hau ikustera.

Ikuskizuna publiko orokorrari ere irekiko zaio: larunbat honetan, urtarrilak 21, familientzat —sarrerak bukatuta—; eta hurrengo larunbatean, urtarrilak 28, Miramongo Matinée gisa, publiko helduari zuzentzeko espresuki moldatu den formatu batean.

Euskadiko Orkestra Musika Gela hezkuntza-zikloaren 22/23 Denboraldiko bigarren ekoizpena aurkezten ari da egunotan: Living Room Music. Produkzio hau duela bi urte estreinatu zen Musika Familian kontzertu gisa, baina ezin izan zen bere baitako programazio guztia gauzatu, pandemiagatik bertan behera geratu baitziren 20/21 eta 21/22 denboraldietako Eskola Kontzertuak. Orain berreskuratu egin dira, eta horiei esker 50 ikastetxe baino gehiagotako 4.700 ikaslek ikuskizunaz gozatu ahal izango dute urtarrilaren 18tik 27ra orkestraren Miramongo egoitzan.

Living Room Music. 22/23 Musika Gela

Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañadak Living Room Music ikuskizuna eraiki du John Cage-en izenburu bereko obratik abiatu eta zenbait konpositoreren lanak lotuta; musika horren gainean, 2020an bizi izan genuen konfinamenduko oroitzapenak iradoki eta gizakiok, perkusio bidez, ia edozer gauzarekin soinuak, erritmoa eta, ondorioz, musika sortzeko dugun gaitasuna azaltzen dituen parodia dibertigarria sortu du.

Living Room Music muntaian, lau perkusionistek (Anthony Lafargue, Héctor Marqués, Igor Arostegi eta Gorka Catediano) harriduraz hartzen dute laurek elkarrekin, apartamendu berean, berrogeialdia egin behar duteneko albistea. Derrigorrezko itxialdiagatik barruak nahastuta dituztela, lau pisukideek etxeko tresna ugari erabiltzen dituzte, perkusio bidez, musika sortzeko: mahaiak, goilarak, abanikoak, ura, lanparak, loreontziak, eskailerak edo zabor-ontziak eta baita eskuak zein ahotsa, guztia erabilgarri dute itxita dauden bitartean dibertitzeko erritmoak sortzeko. Bitartean, kanpoaldearekin duten lotura lotsik gabeko bizilaguna da, hainbeste “zarata”-rekin amorrazita, une oro musikariak gogaitzen ematen duen sopranoa; paper hori Ana Hernández Sanchiz aktoreak jokatzen du.

Igor Arostegi, Anthony Lafargue eta Héctor Marqués Euskadiko Orkestrako perkusiojoleak dira eta, Gorka Catedianorekin batera, Euskadiko Orkestra Percussion Group osatzen dute. Ana Hernández Sanchiz iruindarrak arte eszenikoen alderdi ugari lantzen ditu (aktorea, ikuskizunen sortzailea, gidoigilea…) eta aditua da musika hezkuntzan.

Eskola Kontzertuek honako erakundeen babesa dute: Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Donostiako Udalaren Hezkuntza saila.

 

 

Musika Familian eta Miramongo Matinéea

 

Ikasleez gain, ikuskizun hau beste publiko batzuei ere eskainiko zaie. Batetik, larunbat honetan, urtarrilak 21, 11:00etan, Musika Familian kontzertu bat programatu da Miramonen, bereziki 6 eta 12 urte bitarteko haurrei gomendatutakoa, eta dagoeneko ez da sarrerarik geratzen. Bestetik, hurrengo larunbatean, urtarrilak 28, 11:00etan baita ere, ikuskizuna pixka bat moldatuko da Miramongo Matinée bezala eskaintzeko. Perkusio hutseko kontzertua izango da, antzerki zatirik gabea, eta bertan Euskadiko Orkestra Percussion Groupek Musika Gelako ekoizpeneko obra ugari interpretatuko ditu, baita beste batzuk ere esklusiban. Kontzertu honetarako sarrerak salgai daude, euskadikoorkestra.eus-en, 11 euroko prezioan.

Osteguna 12 Urtarrila, 2023

Haize izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Haize izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren haize-sekzioko interpreteek osatutako boskoteak programa heterogeneoa eskainiko du larunbat honetan, urtarrilak 14, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, urtarrilak 14, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko zazpigarren hitzordua izango da. Bertan, Haize ganbera-taldeak ‘Bidaia denboran barrena’ izeneko kontzertua eskainiko du, Haydn, Farkas, Grieg, Bizet eta Curtisen obrekin. Taldeko kide guztiak orkestrako musikariak dira: Hélène Billard-Alirol (flauta), Pascal Laffont (oboea), Luis Camara (klarinetea), François Proud (fagota) eta Jean-Luc Casteret (tronpa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Haize boskoteak asmo handiko nazioarteko bidaia bat proposatzen digu urteko lehen Matinée honetarako, munduko toki askotatik etorritako konpositore ugariren eskutik. Bidaia hau Joseph Haydn konpositore austriarraren Divertimento batekin hasiko da. Garai klasikoko ordezkari nagusienetako bat da Haydn, eta sinfonia eta hari-kuartetoa bezalako generoen aitatzat hartzen da. Hungariara bidaiatuko dugu gero Ferenc Farkasekin eta haren XVII. mendeko antzinako dantza hungariarrekin.

Kontzertu honen izaera folkloriko europarrarekin jarraitzeko, Edvard Griegen Norvegiako Dantzen eskutik eremu nordikoetan barrena ibiliko gara ondoren. 1896 urte inguruan konposatu eta 1897an argitaratu ziren, eta beren inspirazioa Ludvig Mathias Lindemanek bildutako Norvegiako doinu herrikoietatik dator. Ondoren, boskoteak Georges Bizet konpositore frantziarraren Carmen opera ezagunaren zati batzuk interpretatuko ditu. Obra hau 1875eko martxoan estreinatu zen Pariseko Opéra-Comique Antzoki Nazionalean, eta hasiera batean porrot handia izan zuen arren, gaur egun oso preziatua da. Ganbera-formatuan, Haizek opera honen zati batzuk interpretatuko ditu.

Europa atzean utzi eta itsasoz bestaldera joango gara kontzertuari amaiera emateko, oraindik bizirik eta jardunean jarraitzen duen egile bakarraren eskutik: Mike Curtis estatubatuarra, eta bere lanik ezagunena, A Klezmer Wedding.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 15 Abendua, 2022

Izaik Gabonetako errepertorio barrokoarekin ospatuko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Izaik Gabonetako errepertorio barrokoarekin ospatuko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Izai ganbera-taldeak, gehienbat Euskadiko Orkestrako interpreteek osatutakoak, Eguberri giroa jarriko du Corrette eta Vivaldiren obrekin, larunbat honetan, abenduak 17, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, abenduak 17, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko seigarren hitzordua izango da. Bertan, Izai ganbera-taldeak ‘Eguberri barrokoa’ izeneko kontzertua eskainiko du, Michel Corrette eta Antonio Vivaldiren obra bikoitzarekin. Taldeko kide gehienak orkestrako musikariak dira: Xabier de Felipe (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Bruno Claverie (flauta) eta Marco Caratto (fagota). Loreto Aramendi klabezinjole eta organojoleak osatuko du taldea.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Kontzertua XVIII. mendeko Michel Corrette organista, pedagogo eta konpositorearen obrekin ireki eta itxiko da. Oso ekoizpen zabala du frantziarrak ganbera-talde, organo, ahots-musika eta orkestrarako, eta bere obretako asko jatorri herrikoikoak dira. Aipagarria da, halaber, Parisko Opéra-Comique Antzoki Nazionalarentzat konposizio ugari egin zituela. Bere Sei Gabonetako Kontzertu sailetik, Izaik laugarrena joko du, Suitzako Eguberria, eta bosgarrena, Alemaniako Eguberria.

Matinéeko bigarren eta hirugarren obrak Antonio Vivaldi italiarrarenak izango dira: bere RV94 eta RV99 ganbera-kontzertuak. Ia ziurtasun osoz, kinteto hauek veneziar jeinuak idatzi zituen bere jaioterriko Ospedalle della Pietá umezurztegiarentzat, non biolin- eta kantu-eskolak eman zituen 1703tik 1715era eta 1723tik 1740ra. Garai hartan, Veneziak lau ospitale-umezurztegi zituen, euren artean lehiatzen zirenak instrumentisten formakuntzan eta horietan programatzen ziren kontzertu ugarietan. Hospizio bakoitzak 30 eta 40 instrumentista bitarteko orkestra bat zuen, guztiak emakumezkoak, baina Pietatean 60 izatera iritsi ziren. Instrumentista horiek askotan hainbat kontzertutarako ere kontratatzen ziren Veneziako nobleziako udako egoitza zoragarrietan, horietako asko benetako maisulan arkitektonikoak, Brentako Erriberan zeudenak kasu.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Orriak