Suhar Korua igoko da eszenatokira larunbat honetako Miramongo Matinéean

Larunbat honetan, maiatzak 22, 11:00etan, Miramonen, gizonezkoen euskal abesbatzak ‘Sorlekua’ izeneko kontzertua eskainiko du, XIX. eta XX. mende bitarteko nazionalismo musikalaren baitan adierazgarriak diren konpositoreen obrekin. Ez da sarrerarik egongo salgai, egungo edukiera-murrizketak direla eta.
Miramongo Matinéeak 20/21 Denboraldiaren amaierara hurbiltzen ari dira azken aurreko hitzorduarekin, kasu honetan Suhar Koruak eskainiko duena, gizonezkoen hogei ahots baino gehiagok osatutako euskal abesbatza. Abeslari-taldeak lagun izango ditu pianoan Amaia Zipitria eta Ander Simal. Kontzertua larunbat honetan izango da, maiatzak 22, 11:00etan, orkestraren egoitzan.
XIX. eta XX. mendeen arteko nazionalismo musikalaren erakusle izan ziren konpositoreekin ekingo dio Suhar Koruak ‘Sorlekua’ izeneko kontzertu honi. Nazionalismoak herrialde bakoitzeko melodia, dantza eta erritmoak musika jasoan txertatzea ekarri zuen. Bela Bartoken hitzetan: “musika nazionalaren oinarritzat folklorea erabiltzea ez da soilik obra landuak sortzeko doinu zaharrak erabiltzera mugatzen. Aldiz, musika-lan baten atzean dagoen espresioaren ezkutuko zentzua aurkitzean datza (…)”. Hau da, hain zuzen, Matinée honetan Suhar Koruak aurkezten dituen musikariek maisuki egin zutena. Dvoraken lanek, hein handi batean, bere Bohemiako herri-doinuetan izan zuten inspirazio-iturria. Eskandinavian Edvard Grieg norvegiarraren musika barnekoi eta goxoa eta errusiar zapalkuntzaren aurkako askatasun sinbolo izan zen Jean Sibeliusen musika agertu ziren. Ingalaterran, aldiz, Elgarrekin batera, Vaughan Williamsen musikak nortasun propioa erakutsi zuen.
Euskal Herrian ere mugimendu honek indar berezia hartu zuen, eta horren adierazle dira Resurrección Maria de Azkue (1864-1951) eta Aita Donostiak (1886-1956) Euskal Herriko kantu zaharrak bildu eta antolatzeko egin zuten lan eskerga. Lan hau bi kantutegi mardul eta preziatutan mamitu zuten, ezin ordainduko oparia utziz etorkizuneko musikariei. Eta ondare horri esker ona adierazteko, gure gaur egungo euskal konpositoreek lan ugari sortu dituzte bi kantutegietako doinu edo testuak erabiliz. Horrela, kontzertu honen bigarren zatian, etxera eramango gaitu Suhar Koruak, sorlekura, Euskal Herrira. Eta gure arbasoengandik jaso genuen musika moldaketa berrietan eskainiko dute. Gure oinarriak, gure sustraiak ezagutzea baita kulturan eta bizitzan aurrera egiteko ezinbesteko hazia.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Kontzertuaren programa
Lehen zatia:
Antonin Dvorak (1841-1904): Tres coros de hombre, B.76 [10']
Edvard Grieg (1843-1907): Landkjenning, Op. 31 [6'] / Impromptu [3']
Ralph Vaughan Williams (1872-1958): The Turtle Dove [3']
Anónimo: Uti vår hage [2'] (Hugo Alfvénen moldaketa)
Jean Sibelius (1865-1957): Hymn: Natus in Curas. Op. 21 [4'] / Finlandia, op.26 [2']
Bigarren zatia:
Aita Donostia (1886-1956): Jeiki, jeiki, etchekuak [2'] / Ikusten duzu [3']
Javier Busto (1949): Lo eta Tilili eta talala [4']
Xabier Sarasola (1960): Xulufraia [3']
Junkal Guerrero (1968): Mutil txaleko gorri [2']
Josu Elberdin (1976): Izar ederrak [3'] / Emezortzi serore [3']
Eva Ugalde (1973): Ahoberokeriak eta amoriua [4']
Anja Bihlmaier zuzendaria eta Manuel Walser baritonoa izango dira protagonistak Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Maiatzaren 20tik 26ra Euskadiko Orkestrak ‘Noragabeko adiskidea’ kontzertu-programa eskainiko du bere ohiko lau hiriburuetan. Debussyren ‘Fauno baten siestaren preludioa’, Mahlerren ‘Noragabeko adiskide baten kantak’ eta Schumannen ‘1. Sinfonia’ izango dira kontzertuetako obrak.
Euskadiko Orkestrak 20/21 Denboraldiko bederatzigarren eta azken aurreko programari ekingo dio, ‘Noragabeko adiskidea’ izenekoa, guztira bost kontzertu eskainiz, denak 19:30ean: ostegun eta ostiral honetan, maiatzak 20 eta 21, Donostiako Kursaal Auditoriumean; datorren astelehenean, maiatzak 24, Bilboko Euskalduna Jauregian; asteartean, maiatzak 25, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, maiatzak 26, Gasteizko Principal Antzokian.
Anja Bihlmaierrek debuta egingo du Euskadiko Orkestrarekin kontzertu-programa honetan, Hagako Residentie Orkestrako zuzendari titular eta Lahtiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari gonbidatu nagusi denak. Gaur egungo zuzendaririk indartsuenetako bat da, bereziki operaren arloan, gazte-gaztetatik metatu baitu esperientzia Vienako Herri Operan, Hannoverko Operan eta beste hainbat koliseotan. Aipatzeko modukoa da azken hilabeteotan Euskadiko Orkestraren podium gainera igoko den hirugarren emakumea dela, Ruth Reinhardtek urtarril eta otsailean eta Gemma Newek martxoan orkestraren Kontzertu Denboraldian parte hartu ostean.
Kontzertuei ekiteko Europako errepertorioan benetan iraultzailetzat jo daitekeen obra bat interpretatuko du orkestrak: Claude Debussyren Fauno baten siestaren preludioa, 1894an konposatua, baina batzuentzat XX. mendeko musikaren hasiera irudikatzen duen obra.
Ondoren, orkestrak programari izena ematen dion obra jorratuko du: Gustav Mahlerren Noragabeko adiskide baten kantak, konpositore bohemiarrak 1883an idatzitakoak, bizitzako hilabete ez oso zoriontsuetan. Kanta horiek 23 urterekin idatzi zituen eta, beste zorigaritzeko gertaera autobiografiko batzuen artean, une horretan Johanna Richter opera-abeslari eta aktorearekin zuen maitasun-istorioaren bat-bateko amaiera ez oso adiskidetsua nabari daiteke abesti hauen atzean. Manuel Walser baritono suitzarra izango du lagun orkestrak obra hau interpretatzeko, Vienako Estatu Operako ahots nabarmenetako bat eta musika bokal germaniarreko aditu itzaltsua.
Kontzertuak Schumannen 1. sinfoniarekin amaituko dira, konpositore alemaniarraren lehen orkestra-lan handitzat hartzen dena. Hilabete baino gutxiago behar izan zuen idazteko, inspirazio-aldi harrigarri bat izan zuen eta.
Sarrerak salgai daude dagoeneko (10 €tik aurrera) saio guztietarako. Datei, ordutegiei, programei eta sarreren salmentari buruzko informazio guztia Euskadiko Orkestraren webgunean dago eskuragarri: euskadikoorkestra.eus.
Trío Alma y Cía izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Larunbat honetan, maiatzak 8, 11:00etan, Miramonen, Euskadiko Orkestrako musikariez osatutako talde honek Schuberten ‘Oktetoa’ interpretatuko du. Ez da sarrerarik egongo salgai, egungo edukiera-murrizketak direla eta.
Miramongo Matinéeak 20/21 Denboraldiaren amaierara hurbilduko dira hamalaugarren hitzorduarekin, Euskadiko Orkestrako musikariek osatutako Trío Alma y Cía taldearen eskutik, larunbat honetan, maiatzak 8, 11:00etan, orkestraren egoitzan. Birgit Kolar, Euskadiko Orkestrako kontzertino nagusi gonbidatua eta egun hauetan orkestraren Denboraldiko kontzertuetan Bartoken Biolinerako 1. Kontzertuan bakarlari papera betetzen ari dena, taldeko partaideetako bat izango da. Gainontzeko kideak honakook izango dira: Mikel Ibáñez (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Flore Lefevre (biolontxeloa), Guangyao Zhao (kontrabaxua), Luis Cámara (klarinetea), François Proud (fagota) eta Adrián García Carballo (tronpa).
Trío Alma y Cía taldeak Matinéean interpretatuko duen Schuberten Oktetoa 1824an enkargatu zuen Ferdinand Troyer kondeak, klarinetejole ezaguna ere bazenak. Beethovenen Septetoan inspiratua dago, mende laurden bat lehenago konposatua izan zena, 1799an. Izan ere, bi lanen arteko antzekotasunak bat baino gehiago dira. Alde batetik, formazioa ia berdina da, alde bakar batekin: Schuberten obran biolin bat gehitu zitzaion klarinete, fagot, tronpa, biolin, biola, biolontxelo eta kontrabaxuaren eraketari, Beethovenen septetoak jada zeukanari. Bestetik, obren egitura ere oso antzekoa da, biak sei mugimenduren gainean eraikitzen baitira, eta hasierako eta amaierako mugimenduen sarrera geldoak baitituzte ezaugarri komun.
Beethovenen lanarekin alderatuta, oraindik ere divertimentoaren tradizioan erabat errotuta zegoena, okteto honen alderik nabarmenena zera da, batzuetan tonu serioa duela, are goibela, malenkonia handi batez tindatua (bereziki azken mugimenduaren Andante moltoan). Schubertek Mozarten serenaten espiritua berreskuratu zuen lan honetan, eta vienar ukituko adierazpen erromantiko batekin aberastu zuen.
Okteto honekin, Schubertek beethoveniar dimentsioko sinfonia handirako bidea hartu zuen, lehen mugimenduaren zabaltasunak argi eta garbi iragartzen duen bezala. Izan ere, handik urtebetera, 1825ean, Schubertek bere 9. Sinfonia konposatu zuen, ‘Sinfonia Handia’ bezala ezagutzen dena.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Robert Treviño, RAI Torinoren zuzendari nagusi gonbidatua

Treviño zuzendari nagusi gonbidatua izango da Italian prestigio handia duen RAI-ren Orkestra Sinfoniko Nazionalean. Euskadiko Orkestraren titulartasunarekin bateragarria izango da kargu berri hau.
Euskadiko Orkestraren zuzendari titular Robert Treviñok 2021/2022 Denboralditik aurrera ardura berri bat hartuko du bere musika-ibilbidean. Treviño zuzendari nagusi gonbidatua izango da RAI-ren Orkestra Sinfoniko Nazionalean, RAI Torino bezala ere ezagutzen den orkestran, alegia. Italian prestigio handia du orkestra honek, eta oso ezaguna da egin ohi dituen nazioarteko bira ugariengatik zein bere zuzendari titular eta gonbidatuen kalitateagatik.
Izendapen honen ondoren, Robert Treviñok hiru orkestra hauetan ditu karguak, ardura-maila ezberdinekin: Euskadiko Orkestran zuzendari titular da, RAI Torinon zuzendari nagusi gonbidatua eta Malmöko Orkestra Sinfonikoan aholkulari artistikoa da.
RAI Torinoko kargu berri honetan hainbat esparrutan parte hartuko du: kontzertu-denboraldian egoteaz gain, hainbat nazioarteko bira eta grabazio egingo ditu.
Treviñoren izendapen berri honek Euskadiko Orkestra azken urteotan bere zuzendari titularrarekin egiten ari den lana berresten du, aurrera begira jarraituko duen lana. Eta, zalantzarik gabe, orkestrak nazioarte mailan arreta eskuratzeko parada ere bada.
Informazio gehiago
Orchestra Sinfonica Nazionale della RAIHans Graf zuzendaria eta Birgit Kolar biolinjolea izango dira protagonistak Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Maiatzaren 3tik 10era Euskadiko Orkestrak ‘Gazteak’ kontzertu-programa eskainiko du bere ohiko lau hiriburuetan. Bartoken ‘Biolinerako 1. Kontzertua’ eta Mendelssohnen ‘1. Sinfonia’ izango dira kontzertuetako obrak.
Denboraldi zail baina emankor baten azken txanpari helduz, Euskadiko Orkestrak bere zortzigarren kontzertu-programari egingo dio aurre, ‘Gazteak’ izenekoa, bi konpositore garrantzitsuren gaztetako lanak proposatzen dituena: Bela Bartoken Biolinerako 1. Kontzertua, eta Felix Mendelssohnen 1. Sinfonia, 26 urterekin eta 15 urterekin idatzitakoak, hurrenez hurren. Orkestrak guztira bost kontzertu emango ditu, guztiak 19:30ean: maiatzaren 3 eta 6an Donostiako Kursaal Auditoriumean; maiatzaren 4an Iruñeko Baluarte Auditoriumean; maiatzaren 5ean Bilboko Euskalduna Jauregian; eta maiatzaren 10ean Gasteizko Principal Antzokian.
Kontzertuetako lehen obra Bartoken Biolinerako 1. Kontzertua izango da, egilearen aurpegi ezezagun eta erromantikoena erakusten duen lana, maitatzen ez zuen maite bati eskainia, eta idatzi zenetik 50 urtera estreinatua. Birgit Kolar biolinjole austriarrak interpretatuko du 21 minutuko iraupena duen eta bi mugimendu baino ez dituen obra hau.
Kolar (1970, Waidhofen/Ybbs) Euskadiko Orkestraren kontzertino nagusi gonbidatua da, eta hainbatetan igo da Euskal Herriko agertokietara Euskadiko Orkestraren hari-ataleko buru. Nazioartean prestigio handiko biolinjolea dela Kolar. 1992an finalista eta saritua izan zen Yehudi Menuhin Nazioarteko Lehiaketan. Europako, Japoniako eta Hego Amerikako jaialdi ugaritan eskaini ditu kontzertuak solista gisa baina, agian, kontzertinoarena izan da bere jardunik aktiboena azken urteotan; izan ere, kontzertinoa izan da Vienako Sinfonikoan eta Municheko Irratiko Orkestran, besteak beste.
Kontzertuetako bigarren obra Mendelssohnen 1. sinfonia izango da, nerabezaroan sartu berri zen egile baten adierazpentzat hartzen den lana. Lehen sinfonia izendapenak artista hasi berri baten saiakera dela pentsaraz diezaguke, baina ez da ahaztu behar Mendelssohnek 14 urte eta erdi zituenerako jada hamabi sinfonia idatzi zituela (hari‑instrumentuetarako).1824an ekin zion lan berri hori sortzeari. Berez, 13. sinfonia izena jartzeko asmoa zuen baina, aurrez egin zituen lanekin alderatuta lan berri horretan gertatzen den konposizio-anbizioaren aldaketak bultzatuta, konpositore gazteak bere hasierako ideia baztertu eta sinfonia handien multzo berri bateko Lehen sinfonia izango zela erabaki zuen.
Kontzertuak Hans Graf (1949, Marchtrenk) maisuak zuzenduko ditu; Euskadiko Orkestraren ohiko kolaboratzailea izan da azken 30 urteetan eta, are gehiago, bi denboralditan, 1994. eta 1996. urteen artean, zuzendari titular gisa jardun zuen. Euskadiko Orkestran egon ondoren, Graf Calgaryko Filarmonikaren (1995-2003) eta Bordele-Akitaniako Orkestra Nazionalaren (1998‑2004) zuzendari titularra izan zen, besteak beste, baina harreman estuena eta luzeena Houston Symphony orkestrarekin izandakoa da, 2001etik 2013ra arte gidatu baitzuen, Christoph Eschenbach maisuaren lekukoa hartuta.
Denboraldiaren azken txanpa
Programa honen ondoren, Euskadiko Orkestrak maiatza eta ekaina artean azken biak eskainiko ditu: Noragabeko adiskidea, Anja Bihlmaierren batutapean eta Manuel Walser baritono gonbidatuarekin; eta New York, Robert Treviño titularrarekin eta Nikolai Lugansky pianojolearekin, ekainaren 11tik 17ra.
Edukiera
Gaur egun, eta osasun-agintariek bestelakorik agintzen ez badute, Bilboko Euskalduna Jauregiak, Donostiako Kursaal Auditoriumak eta Iruñeko Baluarte Auditoriumak 600 ikusle har ditzakete, eta Gasteizko Principal Antzokiak 400.
Sarrerak salgai
Sarrerak salgai daude dagoeneko (10 €tik aurrera) saio guztietarako, Iruñeko kontzerturako izan ezik, areto honen edukiera abonatuekin soilik beteta baitago egungo edukiera-mugekin. Datei, ordutegiei, programei eta sarreren salmentari buruzko informazio guztia Euskadiko Orkestraren webgunean dago eskuragarri: euskadikoorkestra.eus.
Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek euskal musika tradizionala aldarrikatzeko bat egin dute

Egunotan orkestra eta hirukotea Miramonen elkartu dira maiatz eta ekainean gauzatuko duten euskal tradizioko hamabi kantaren grabazioaren lehen entseguak egiteko. Jagoba Astiazaranek egin ditu kantu horien orkestrarako moldaketak.
Elkar diskoetxearen zigilupean udazkenean kaleratuko da diskoa eta Iruña, Gasteiz, Bilbo, Donibane-Lohizune eta Donostian aurkeztuko da urri eta azaroan eskainiko dituzten zuzeneko bost kontzertutan.
Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek bat egingo dute euskal musika tradizionala bildu eta zabaltzea helburu duen proiektu batean, bi hanka nagusi izango dituena: batetik, hamabi kanta barne hartuko dituen eta Elkar diskoetxeak udazkenean argitaratuko duen disko baten grabazioa; eta, bestetik, disko horretan jasotako kantak aurkezteko urri eta azaroan Iruña, Gasteiz, Bilbo, Donibane-Lohizune eta Donostian antolatu den zuzeneko kontzertu-sorta.
Bi musika-taldeak orkestraren Miramongo egoitzan elkartu dira atzo eta gaur, apirilak 26 eta 27, grabatu eta aurkeztuko dituzten kanta horien lehen entseguak egiteko, Juanjo Ocón maisuaren batutapean. Grabazioa maiatz eta ekainean gauzatuko da eta urrian merkaturatuko da, aipatu aurkezpen-kontzertuen bezperatan.
Hau ez da Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek kolaboratzen duten lehen aldia. 19/20 Denboraldiko Abonu-kontzertuetan Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obraren Euskadiko estreinaldia egin zuen Kalakanekin batera, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Kalakan osatzen duten Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegarayek hainbat instrumentu jo zituzten obra honen baitan, txalaparta, alboka, txirula eta adarra kasu. Lanak oso bestelako bi soinu-mundu uztartu zituen: batetik, ahozko tradiziotik etorritako abeslari-solistak eta, bestetik, orkestra.
Oraingoan, proiektu berri honekin, ildo horri jarraipena emango diote bi musika-taldeek, orkestrak hainbat urtez abian izan duen KlasikAT ekimenaren baitan. Duela bi hamarkada baino gehiagotik egitasmo honen bidez Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du ohiko errepertorioetatik haratago doazen edozein generotako musika-ekoizpenaren alde. Besteak beste, esparru sinfonikokoak ez diren honako artistekin egin du lan orkestrak: Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Michel Camilo, Emilio Aragón, Kepa Junkera, Mike Oldfield, Ken Zazpi, Dr. Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izaro.
Euskadiko Orkestra + Kalakan: euskal musika tradizionala oinarri duen proiektua
KlasikAT ekimenaren baitan kokatzen den proiektu berri honetan, Kalakan eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan honen muina euskal musika tradizionala izango da. Urte luzeetan Kalakan taldeak euskal folklorea berritzen egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartzea da proiektuaren helburu nagusia.
Hirukoteak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, tartean, euskal kantagintzan aski ezagun diren Iruten ari nuzu edo Kantuz. Kalakan taldeak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena izango dute diskoan, txalaparta, txirula edo alboka esaterako, zeintzuk beste instrumentuekin batera orkestran txertatu diren.
Horretaz guztiaz gain, Xalbador bertsolariaren hainbat hitz jasoko dira grabazioan, propio proiektu honetarako sortu diren piezetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren Txoria txori kantaren bertsio guztiz ezberdin bat ere.
Modu honetan, Euskadiko Orkestra euskal kantagintza eta instrumentu tradizionalen bozgorailu bihurtuko da, eta ahots eta perkusio soilei merezi duten oihartzun eta hedapena ematen lagunduko du.
Diskoa osatuko duten kantak
Guztira hamabi kanta hartuko ditu barne diskoak eta guztietan parte hartu du Euskadiko Orkestrak Kalakanekin batera. Jagoba Astiazaranek egin ditu kanta guztien orkestrarako moldaketak:
- KLKN (Kalakan). Erabateko estreinaldia.
- Andria alargune (Kalakan)
- Artzantza (Anonimoa / Xalbadorren hitzak). Erabateko estreinaldia.
- Iruten ari nuzu (Anonimoa)
- Montevideoko berriak (Anonimoa)
- Belatzarenak (Kalakan)
- Egun bakea zutaz (Anonimoa / Xalbadorren hitzak). Erabateko estreinaldia.
- Rebeleon (Kalakan)
- Txoria Txori (Mikel Laboa / Joxean Artze)
- Bereterretxen Kanthoria (Anonimoa)
- Ez nuen uste (Anonimoa / Xalbadorren hitzak). Erabateko estreinaldia.
- Kantuz / Sagarra jo (Anonimoa)
Diskoetxea: Elkar.
Zuzendaria: Juanjo Ocón.
Kanten moldaketa: Jagoba Astiazaran.
Kontzertuak urri-azaroan
Urriaren erdialdean diskoa argitaratzearekin bat, diskoaren aurkezpen-bira bat egingo dute Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek elkarrekin bost euskal hiriburutan barrena: Iruña, Gasteiz, Bilbo, Donibane-Lohizune eta Donostia. Kontzertu horien areto eta datei buruzko informazioa aurrerago iragarriko da.
Diskoan adierazitako hamabi kantez gain, egile anonimodun Nere andrea / senarra kanta ere aurkeztuko dute kontzertu hauetan.
Euskadiko Orkestrak Brucknerren ‘Seigarrena’ interpretatuko du Robert Treviñoren batutapean

Orkestrak ‘Bruckner’-i eskainitako kontzertu-programarekin aurrera jarraitzen du: azken egunotan ohiko lau hiriburuetan ‘5. Sinfonia’ interpretatu ostean, orain ‘6. Sinfonia’-ri helduko dio apirilaren 16tik 22ra.
Bost kontzertutan Anton Brucknerren ‘5. Sinfonia’ interpretatu ostean, Euskadiko Orkestrak beste hainbeste hitzordurekin jarraituko du datozen egunotan, oraingoan konpositore austriarraren ‘6. Sinfonia’-rekin: apirilaren 16an Bilboko Euskalduna Jauregian; apirilaren 19 eta 21ean Donostiako Kursaal Auditoriumean; apirilaren 20an Gasteizko Principal Antzokian; eta apirilaren 22an Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Musikari austriar honen musika maiz eskaini du orkestrak azken denboraldietan; izan ere, Bruckner da Robert Treviño zuzendari titularraren musikagile kutunetako bat. Hain zuzen, Treviñok Brucknerren sinfonia batekin egin zuen debuta Euskadiko Orkestran, Zazpigarren sinfoniarekin, duela bost urte, 2016ko martxoan. Aurrerago, 2020 urte hasieran, Treviñok Bederatzigarren sinfoniaren bertsio gogoangarri bat zuzendu zuen; bertsioak azken mugimendua berregiten zuen, eta lehen aldiz entzun zen Euskadin. Oraingoan, bi saiotan, Brucknerren zikloaren barruan gutxien jo diren bi sinfonia aurkezten dizkigu Treviñok: Bosgarrena eta Seigarrena.
Seigarrenak badu aurreko Brucknerren sinfonien monumentaltasuna, baina diskurtso dinamikoagoa du, apetatsuagoa, erritmo eta harmonia askeagoak; orkestrazioak koloretsuagoa dirudi. Era berean, musikagilearen heldutasuneko sinfoniarik laburrena da, bai eta egitura klasikoena duena ere.
Hurrengo kontzertuak:
- Apirilak 16 (19:30): Euskalduna Jauregia (Bilbo).
- Apirilak 19 (19:30): Kursaal Auditoriuma (Donostia).
- Apirilak 20 (19:30): Principal Antzokia (Gasteiz).
- Apirilak 21 (19:30): Kursaal Auditoriuma (Donostia).
- Apirilak 22 (19:30): Baluarte Auditoriuma (Iruña).
Euskadiko Orkestraren Denboraldiaren azken txanpa
Brucknerri eskainitako programa honen ondoren, Euskadiko Orkestrak maiatza eta ekaina artean azken hiru programak eskainiko ditu: Gazteak, Hans Graf zuzendariarekin eta Birgit Kolar biolinjolearekin, maiatzaren 3tik 10era; Noragabeko adiskidea, Anja Bihlmaierren batutapean eta Manuel Walser baritono gonbidatuarekin; eta New York, berriz ere Robert Treviño titularrarekin eta Nikolai Lugansky pianojolearekin, ekainaren 11tik 17ra.
Edukiera
Gaur egun, eta osasun-agintariek bestelakorik agintzen ez badute, Bilboko Euskalduna Jauregiak, Donostiako Kursaal Auditoriumak eta Iruñeko Baluarte Auditoriumak 600 ikusle har ditzakete, eta Gasteizko Principal Antzokiak 400.
Sarrerak salgai
Sarrerak salgai 10 €tik aurrera. Datei, ordutegiei, programei eta sarreren salmentari buruzko informazio guztia Euskadiko Orkestraren webgunean dago eskuragarri: euskadikoorkestra.eus.
Informazio gehiago
Kontzertuaren fitxa eta sarreren salmentaJon Urdapilleta pianojolea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Larunbat honetan, apirilak 17, 11:00etan, Miramonen, Urdapilletak Schubert, Chopin eta Liszten pianorako obrak joko ditu. Ez da sarrerarik egongo salgai, egungo edukiera-murrizketak direla eta.
Hasiera batean aurreikusita zegoen Euskadiko Orkestraren 'Entsegu orokor irekia'-ren partez programatu da Jon Urdapilletaren errezital hau; izan ere, edukiera-mugen ondorioz entsegu orokor hori Miramongo Auditoriumean egitea ezinezkoa izan da.
Miramongo Matinéeek Jon Urdapilleta pianojolea izango dute gonbidatu 20/21 Denboraldiko hamahirugarren hitzorduan, larunbat honetan, apirilak 17, 11:00etan, orkestraren egoitzan. Pianistak Schubert, Chopin eta Liszten obrak interpretatuko ditu kontzertuan. Urdapilletak (Bidania Goiatz, 1996) sari asko jaso ditu, tartean nabarmenena 1st Vienna International Music Competition (2019) delakoan eskuratu zuen zilarrezko domina. Bestalde, errezitalak eskaini ditu jaialdi garrantzitsuetan eta solista moduan aritu da Estatuko eta nazioarteko prestigio handiko aretoetan.
Matinéea hasteko pianistak Schuberten Pianorako sonata D.894 hautatu du, zeinaren hasiera liriko eta lasaiak Beethovenen Pianorako 4. Kontzertua dakarren gogora. Andantearen melodia xamurra izugarri asaldatutako musika-sekzio batzuekin kontrastatzen da. Menuettoa aristokratikoa da, Trio dotore eta apaindua duena. Azken mugimendua ecossaise-en estiloko zenbait pasarte dituen Rondo bat da.
Programarekin jarraituz, Chopinen lanen artean agian ez dago Polonesa-Fantasiak bezain ondo poloniar heroitasuna melankolia erromantiko-onirikoarekin konbinatzen duenik; polonesa baten ezaugarririk bereizgarriena eta musika gautarra uztartzen dira lan honetan. Eszena eta irudi ezberdinak gertatuko dira entzulearen irudimenaren aurrean: batzuk aztoratuak eta urduriak, besteak gozoak, delikatuak eta erregutzaileak.
Urdapilletak Liszten 4. Estudio transzendentala, Mazepparekin itxiko du Matinéea, Victor Hugo idazle frantsesaren izen bereko olerkian inspiratua dagoena, 1828an idatzia. Ivan Mazepparen istorio mitikoa kontatzen du, poloniar noble baten emaztearekin maitasun-afera batean harrapatu zutelako zigortu zutena. Poemaren lehen zatiak Mazeppak Errusiako lautadetan zehar egindako bidaia kontatzen du, zaldi bati biluzik lotua, hil arte. Bigarren zatiak bere bidaia espiritualaz eta bizitzara itzultzeko borrokaz dihardu. Mazepparen amaieran, Lisztek protagonistaren garaipena erakusten digu.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok elkarrekin grabatutako euren lehen diskoan aurkeztu dute euskal konpositore unibertsalena: Ravel

Duela egun batzuk Ondine Records diskoetxearen eskutik nazioarte mailan argitaratu ondoren, Euskadiko Orkestrak Ravel sinfonikorik desiratu eta zorrotzenaren grabazioa aurkeztu du, bere musika ibilbidean oraindik jorratzeke zuen irakasgaia.
Maurice Ravel, Ziburun jaiotakoa eta mundu osoan interpretatua, Euskadiko Orkestrak bere bezala aldarrikatzen duen musikagilea da. Haren musikan murgildu nahi izan du hasieratik Robert Treviñok eta, Denboraldiko kontzertu ugaritan eta Parisko Théâtre des Champs-Élyséesen orkestrak izan zuen estreinaldian protagonismo handiz zuzendu ondoren, Ravelen euskal nortasuna sakon aztertu nahi izan du, baita orkestra honek konpositore horren hizkuntzaz dakiena eta ulertzen duena munduarekin partekatu ere.
Treviñoren hitzetan: “Euskadiko Orkestrarentzako Ravelen disko oso bat grabatzea erronka handia da. Izan ere, errepertorioa oso-oso ezaguna da eta oso grabaketa onak egin dira. Interpretazio bikainak egin izan dira historian zehar. Beraz, (…) zergatik egin behar dugu? Bada, Oso garrantzitsua iruditzen zait aitortzea Euskadiko Orkestrak lotura estua duela Maurice Ravelen musikarekin”.
Lan-prozesu horren emaitza Ravel sinfonikoaren forman iritsi da orain, eta hitz hauekin deskribatu du Treviñok: "Ravelen musikan pasarte asko daude, bereziki euskaldun bezala atzeman ditzakezunak, bere musika osoak ezkutatzen dituen erritmo edo esamolde herrikoiak. Ravel frantziar-euskalduna zen eta, nahiz eta bere musikan frantses kolore asko egon, euskal zintzotasuna eta determinazioa ere nabarmen igarri daitezke. Bere musikan murgildu gara eta konpositore magistral hau birpentsatu dugu, agian euskaldunak ez diren orkestrentzat hain nabarmenak ez diren egiak aurkituz. Esperientzia bikaina izan da".
Hau da Treviñok Ravel grabatzen duen lehen aldia, ez ordea orkestrak, bere fonoteka zabalean 2000 urtean orduko titular Gilbert Vargarekin eta Joaquin Achucarrorekin grabatutako Ravelen beste monografiko bat baitauka. Grabazio hark Ravelen pianorako bi kontzertuak erregistratu zituen pianista bilbotarraren eskutik eta baita Alborada del gracioso lana ere, zeina oraingo grabazioan berreskuratuko den La Valse, Boléro, Rapsodie Espagnole, Pavane pour une infante défunte eta Une barque sur l'océanekin batera.
Grabazioa Kursaal Auditoriumean egin zuten pasa den urrian eta eszenatoki zabalari plataforma gehigarri bat gehitu zitzaion, Ravel sinfoniko handia interpretatu behar zuten 90 musika inguruk gaur egun indarrean dauden segurtasun-distantziak zorrotz manten zitzaten.
Lehen erreakzioak nazioartean
Spotify, Amazon eta Apple Music bezalako plataforma handien bidez CD formatuan eta formatu digitalean aurkeztua, Ravel berri honek mundu osoan oso ezagunak diren lanen bilduma biltzen du. Beharbada horregatik, gaur egun Ravelen monografiko bat egitean bereziki zaila da arreta erakartzea,
baina orkestrak eta zuzendariak grabazio honetan helarazi nahi izan duten begirada desberdin horretatik abiatuta, duela egun batzuk nazioartean kaleratutako diskoak merkatu honetako erreferentziazko plataforma handien arreta bereganatu du eta posizionamendu nabarmena lortu du.
Hona hemen erreakzio nabarmen batzuk:
- Spotify-n ‘Very best classical new releases’ (Musika klasikoko disko berririk onenak) zerrendan sartu dute diskoa.
- Gramophone argitalpen prestigiodunak Apple Music-eko bere ‘Essential new albums of the week’ zerrendan (Asteko ezinbesteko disko berriak) sartu du diskoa.
- Apple Music-en, baita ere, Pavane pour une infante défunte Musika Klasikoko A Zerrendako lehen obra bezala jarri dute.
- Australiako Limelight argitalpenak hilabeteko diskotzat jo du.
Ondine Recordsi buruz
Ondine finlandiar diskoetxe ospetsuaren egikera du grabazio honek. Treviñok etxe diskografiko honekin urteroko grabazio hitzarmen bat sinatu du eta konpromiso horri duela hilabete batzuk eman zion hasiera Beethovenen sinfonien integrala grabatu zuenean Malmöko Orkestra Sinfonikoarekin (orkestra horren titularra ere bada Treviño). Orain, Ravel sinfonikoenaren eta hain ezagunak ez diren konpositore estatubatuarren grabazio bikoitzarekin hasi du bere ibilbide diskografikoa Euskadiko Orkestrarekin.
Ondine, Naxos taldearen parte dena, munduko diskoetxe independente prestigiotsuenetakoa da eta sarri egin ditu grabazioak Christoph Eschenbach, Vladimir Ashkenazy, Esa-Pekka Salonen eta Hannu Lintu bezalako zuzendari garrantzitsuekin.
“Ondinek soinez soin lan egiteko aukera eskaintzen duten artistak baino ez ditu hautatzen”, dio diskoetxearen zuzendari fundatzaile Reijo Kiilunen-ek, “Artista gutxi batzuk bakarrik aukeratzen ditugu, ohiko errepertorioaren interpretazio ameslari eta irudimentsuak egiteko gaitasuna dutenak, baita obra musikal ezezagunagoak publiko aurrean ezagutzera emateko gogamen abenturazalea dutenak ere. Robert Treviñok zalantzarik gabe baldintza horiek betetzen ditu, botere musikal handiko zuzendaria baita eta jakin-min handiko adimen originala baitauka”.
Reijo Kiilunenek jarraitzen du esanez: “Robert Treviñok eta Euskadiko Orkestrak oso ikuspegi berezko eta bereizgarria dute eta soinu bikaina. Zuzendari estatubatuarrak orkestra euskal jeinu honen musikan barrena gidatzearen ideia bikaina iruditu zitzaidan. Lehen disko honek modu zoragarrian erakusten du Treviñoren batutapean orkestrak zeinen ondo interpretatzen duen Maurice Ravelen musika. Hasierako nazioarteko erantzuna bikaina izan da eta kritika oso onak espero direla uste dut. Orkestrari eta Treviñori zorionak eman nahi dizkiet hasiera zirraragarri honengatik eta hurrengo grabazioak gogo handiz espero ditut”.
Non eskuratu diskoa
Diskoa Spotify, Apple Music, iTunes eta antzerako beste plataforma digital nagusietan eskuragai dago jada.
Bestalde, ale fisikoak ere jarri dira salgai merkataritza-establezimendu ugaritan.
Euskadiko Orkestrak kontzertino lanpostua atera du lehiaketara

Aurrez iragarritako bi biolin tutti eta tronpa tutti baten postuei gaineratzen zaie lan-eskaintza berri hau.
Euskadiko Orkestrak kontzertino lanposturako hautaketa-prozesua ireki berri du. Orkestra sinfoniko baten barruan postu garrantzitsua da kontzertinoarena, lehen biolinen ataleko bakarlaria baita. Hautaketa-prozesua zabalik dago eta ekainaren 9a baino lehen eman beharko da izena. Lehiaketa abuztuaren 10 eta 11n gauzatuko da.
Hautaketa-prozesu berri honek bat egin du duela gutxi iragarritako beste lehiaketa batzuekin: tronpa tutti batena eta bi biolin tuttirena, zeintzuen izen-emate epeak maiatzaren 13 eta 14an amaituko diren, hurrenez hurren. Plaza huts horiek betetzeko lehiaketa ekainaren 1ean eta 2an izango da biolin tutti postuetarako, eta ekainaren 3an tronpa tutti posturako.
Hiru lehiaketei buruzko informazio, oinarri eta izen-emateak orkestraren webgunean daude eskuragarri.
