Asteazkena 22 Iraila, 2021

Sarrerak salgai Brahms Jaialdirako

Sarrerak salgai Brahms Jaialdirako

Euskadiko Orkestrak 21-22 Denboraldia inauguratuko duen 'Brahms Fest' kontzertu-programako sarreren salmenta aktibatu berri du. Irailaren 27an hasiko da, Iruñean, eta hamar hitzordu izango ditu guztira, gainerako ohiko hiriburuak ere gehituta: Donostia, Gasteiz eta Bilbo.

Robert Treviñok zuzendutako lehen programa honek Johannes Brahmsen obren maratoi bat proposatzen du: bere lau sinfoniak, biolin eta biolontxelorako kontzertu bikoitza eta pianorako bi kontzertuak.

Euskadiko Orkestrak erronka berriekin datorkion Denboraldiari ekiteko prestatu duen 'Brahms Fest' jaialdirako sarrera solteen salmenta dagoeneko abian dago, irailaren 27an Iruñean hasiko dena eta ondoren Donostian, Gasteizen eta Bilbon jarraituko duena.

Robert Treviñok zuzenduko duen hamar kontzertuko musika-festa handi honetan Johannes Brahmsen gaurkotasuna eta eragina defendatuko ditu. Bere lau sinfoniekin batera, XIX. mendeko musika monumentu garrantzitsuenetakotzat hartzen direnak, Biolin eta biolontxelorako kontzertu bikoitza eta pianorako bi kontzertuak ere jorratuko ditu orkestrak, bakarlari garrantzitsuak ondoan dituela: Dmitri Makhtin biolinista, Alexey Stadler biolontxelojolea eta Tom Borrow pianojolea.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

 

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

 

Iruñeko, Donostiako, Gasteizko eta Bilboko hamar kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 eta 35 euro artean, euskadikoorkestra.eus webgunean, eta baita auditoriumetako leihatiletan eta webguneetan ere. Hiri guztietako hitzorduak batuta, orkestrak lau programa ezberdin eskainiko ditu guztira, eta nahi duten ikusleek kontzertu-maratoi oso bat egin ahal izango dute.

1. Programa

2. Programa

3. Programa

4. Programa

Biolin eta biolontxelorako kontzertua

1. Sinfonia

Biolin eta biolontxelorako kontzertua

2. Sinfonia

Pianorako 2. kontzertua

3. Sinfonia

Pianorako 3. kontzertua

4. Sinfonia

 

  • Irailak 27 (19:30): Baluarte, Iruña. 1. Programa
  • Irailak 28 (19:30): Kursaal, Donostia. 1. Programa
  • Irailak 29 (19:30): Kursaal, Donostia. 2. Programa
  • Irailak 30 (19:30): Principal, Gasteiz. 2. Programa
  • Urriak 2 (19:30): Euskalduna, Bilbo. 2. Programa
  • Urriak 5 (19:30): Principal, Gasteiz. 3. Programa
  • Urriak 6 (19:30): Euskalduna, Bilbo. 3. Programa
  • Urriak 8 (19:30): Kursaal, Donostia. 4. Programa
  • Urriak 11 (19:30): Baluarte, Iruña. 4. Programa
  • Urriak 13 (19:30): Kursaal, Donostia. 4. Programa

 

 

Tarifa bereziak eta Azken ordu gaztea

 

Gure orkestrako abonatuei, ikasleei, 30 urtetik beherakoei, 65 urtetik gorakoei, langabetuei eta beste kolektibo batzuei (Artium, Kursaal Eszena…) tarifa bereziak aplikatuko zaizkie sarrerak erostean.

Horrez gain, 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10 eurotan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago dagokion aretoko leihatilan, beti ere eserlekuak libre badaude.

 

 

Noiz jarriko dira 21-22 Denboraldiko gainontzeko programen sarrerak salgai?

 

Covid-19 pandemiaren aurkako neurrien arabera, 21/22 Denboraldiko sarrera solteak kontzertu-egunak hurreratu ahala jarriko dira salgai. Informazio eguneratua euskadikoorkestra.eus webgunean.

Asteartea 14 Iraila, 2021

Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek bost kontzertu eskainiko dituzte urriaren 20tik azaroaren 5era

Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek bost kontzertu eskainiko dituzte urriaren 20tik azaroaren 5era

Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donibane Lohizunen eta Donostian kontzertu banatan aurkeztuko dute elkarrekin bi euskal taldeek Elkar diskoetxepean argitaratuko den eta euskal tradizioko hamabi kanta barne hartzen dituen diskoa. Dagoeneko salgai daude kontzertu guztietarako sarrerak 10 eurotik 26 eurora bitarteko prezioan.

Proiektu hau ohiko errepertorioetatik kanpoko musika-ekoizpena bideratzeko Euskadiko Orkestraren ‘KlasikAT’ egitasmoaren baitan aurkezten da.

 

Apiril amaieran Miramonen lehen entseguak egiten hasi zirela iragarri zenetik, grabazioaren fase guztiak bete dituzte eta dagoeneko prest daude Euskadiko Orkestra eta Kalakan euskal tradizioko hamabi kanta barne hartzen dituen diskoa argitaratu eta ezagutzera emateko. Elkar diskoetxearen zigilupean kaleratuko da lana urrian, eta zuzenean aurkeztuko dute Euskal Herrian barrena bost kontzertutan: urriaren 20an Iruñeko Baluarte Auditoriumean (19:30); urriaren 21ean Gasteizko Principal Antzokian (19:30); urriaren 22an Bilboko Arriaga Antzokian (19:30); urriaren 23an Donibane Lohizuneko Jai Alaien (20:00); eta azaroaren 5ean Donostiako Kursaal Auditoriumean (19:30).

Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude 10 eta 26 euro bitartean euskadikoorkestra.eus webgunean, baita aretoen webgune eta leihatiletan ere.

 

 

Euskal musika tradizionala oinarri duen proiektua

 

Kalakan eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan honen muina euskal musika tradizionala da. Urte luzeetan Kalakan taldeak euskal folklorea berritzen egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartzea da proiektuaren helburu nagusia.

Hirukoteak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, tartean, euskal kantagintzan aski ezagun diren Iruten ari nuzu edo Kantuz. Kalakan taldeak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena dute, txalaparta, txirula edo alboka esaterako, zeintzuk beste instrumentuekin batera orkestran txertatu diren.

Horretaz guztiaz gain, Xalbador eta Bilintx bertsolarien hainbat hitz jaso dira, propio proiektu honetarako sortu diren pieza batzuetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren Txoria txori kantaren bertsio guztiz ezberdin bat ere.

 

 

Diskoko kantak

 

  1. KLKN (Kalakan). Erabateko estreinaldia.
  2. Andria alargune (Herrikoia / Kalakan)
  3. Iruten ari nuzu (Herrikoia)
  4. Rebeleon (Herrikoia / Kalakan)
  5. Loriak udan (Herrikoia / Bilintxen hitzak). Erabateko estreinaldia.
  6. Bereterretxeren Kantoria (Herrikoia / Kalakan)
  7. Ikusten duzu goizean (Herrikoia /Jean-Baptiste Elissambururen hitzak). Erabateko estreinaldia.
  8. Montebideoko berriak (Herrikoia / Kalakan)
  9. Egun bakea zutaz (Herrikoia / Xalbadorren hitzak). Erabateko estreinaldia.
  10. Txoria Txori (Mikel Laboa / Joxean Artze)
  11. Belatzarenak (Kalakan)
  12. Kantuz / Sagarra jo (Herrikoia / Kalakan)

 

Kontzertuetan diskoko kanta hauek interpretatzeaz gain, beste hainbat sorpresa ere eskainiko dituzte Kalakanek eta Euskadiko Orkestrak.

 

 

Kontzertuak

 

  • Urriak 20, asteazkena (19:30), Iruña, Baluarte.
  • Urriak 21, osteguna (19:30), Gasteiz, Principal.
  • Urriak 22, ostirala (19:30), Bilbo, Arriaga.
  • Urriak 23, larunbata (20:00), Donibane Lohizune, Jai Alai.
  • Azaroak 5, ostirala (19:30), Donostia, Kursaal.

 

 

Prezioak

 

  • Iruña: 18<25€
  • Gasteiz: 18<25€
  • Bilbo: 10<25€
  • Donibane Lohizune: 10<26€
  • Donostia: 18<25€

Aipatutako prezioen gainean Euskadiko Orkestraren abonatuek %25erainoko deskontua izango dute kontzertuen sarreretan, Donibane Lohizunen izan ezik.

 

 

KlasikAT: Kalakanen jauzia esparru sinfonikora

 

Diskoa eta aurkezpen-kontzertuak barne hartzen dituen proiektu honetan Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegarayek osatzen duten hirukoteak esparru sinfonikora jauzi egin du Euskadiko Orkestraren eskutik eta Juanjo Oconen zuzendaritzapean. Grabazioa osatzen duten euskal tradizioko hamabi kanten orkestrarako moldaketak Jagoba Astiazaranek egin ditu.

Proiektu hau orkestrak hainbat urtez abian izan duen KlasikAT ekimenaren baitan kokatzen da. Duela bi hamarkada baino gehiagotik egitasmo honen bidez Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du ohiko errepertorioetatik haratago doazen beste generotako musika-ekoizpenaren alde. Besteak beste, esparru sinfonikokoak ez diren honako artistekin egin du lan orkestrak: Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Michel Camilo, Emilio Aragón, Kepa Junkera, Mike Oldfield, Ken Zazpi, Dr. Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izaro.

Osteguna 09 Iraila, 2021

Euskadiko Orkestrak ‘Americascapes’ aurkezten du, Robert Treviñoren zuzendaritzapean eta Ondine diskoetxearekin egindako bigarren grabazioa

'Americascapes' diskoaren azaleko irudia
'Americascapes' diskoaren azaleko irudia

Ondine diskoetxearen (Naxos Taldea) 'Americascapes' diskoaren nazioarteko argitalpenari ekin zaio aste honetan. Robert Treviñoren zuzendaritzapean, erregistro diskografiko berri honek oso ezagunak ez diren lau egile amerikar ditu ardatz —Loeffler, Ruggles, Hanson eta Cowell— eta urriaren 1etik aurrera egongo da salgai.

Serie honetako lehen grabazioak Maurice Ravelen obra sinfonikoak hartu zituen barne eta nazioarteko hedabide espezializatuetan harrera bikaina izaten ari da.

Americascapes grabazioko lau konpositore amerikarrek ospe handiko musika idatzi zuten, baina horietako batek ere ez zuen ‘arrakasta’ handi bat izan, Bernstein, Gershwin edo Coplandek bezala. Gutxi ezagutzen diren lanak dira, zirkuitu handietatik urruntzen den errepertorioa, eta Euskadiko Orkestrak Robert Treviño titular estatubatuarraren agindupean grabatu ditu.

Adituek diotenez, Charles Martin Loeffler, Henry Cowell, Carl Ruggles eta Howard Hanson egileen musika album berean aurkitzea oso ezohikoa bada ere, Treviñok egokitzat jo du errepertorio berri hau biltzea. Bere esplorazioa oso urrutira eraman du eta Hansonen pieza bat aurkitu du, Before the Dawn, mende bat itxaron behar izan duena bere errekonozimendu eta lehen mundu mailako grabaziorako. Aipatzekoa da, baita ere, Charles Martin Loefflerren La Mort de Tintagiles obran viola d’amore instrumentuak duen bakarlari-papera, Delphine Dupuy orkestrako solistak bere gain hartu duena.

 

 

Robert Treviño: “Proiektu zoragarria da hau”

 

Treviñoren hitzetan: "Proiektu zoragarria da hau. Denbora asko behar izan genuen lau lan egokiak aukeratzeko. Musika estatubatuarraren kalitate bikaineko erreferentzia-puntuak aurkitu nahi nituen, Loefflerren tapiz epikotik eta Rugglesen distiratik hasi eta Hansonen aurkikuntza zoragarri edo Cowellen asmakuntza txundigarrietaraino. Eta beti konpositore estatubatuarrek Europatik jaso duten eraginari buruz hitz egiteko joera dugun bitartean, kontrako norabidean Atlantikotik haratago eragina izan duten lau figura estatubatuar ditugu hemen. Eta lan horietako bakoitzean sorkuntza- eta berrikuntza-zentzu hori entzun dezakezu. Zalantzarik gabe, lau pieza hauek benetan ederrak dira, eta belarri gehiagotara iritsi beharko lukete".

Grabatutako obrak:

  1. La Mort de Tintagiles  (Charles Martin Loeffler). Solista: Delphine Dupuy.
  2. Evocations (Carl Ruggles).
  3. Before the Dawn (Howard Hanson). Lehen grabazioa mundu mailan.
  4. Orkestrarako bariazioak (Henry Cowell).

 

 

Non eskuratu diskoa urriaren 1etik aurrera

 

Diskoa Spotify, Apple Music, iTunes eta antzerako beste plataforma digital nagusietan egongo da eskuragai urriaren 1etik aurrera.

Bestalde, ale fisikoak ere jarri dira salgai merkataritza-establezimendu ugaritan.

 

 

Ondine

 

Ondine Finlandiako diskoetxea da, eta datozen urteetarako grabazio-akordioa du Treviñok. Naxos taldearen parte den zigilu hau munduko diskoetxe independente prestigiotsuenetakoa da eta sarri egin ditu grabazioak Christoph Eschenbach, Vladimir Ashkenazy, Esa-Pekka Salonen eta Hannu Lintu bezalako zuzendari garrantzitsuekin. “Ondinek soinez soin lan egiteko aukera eskaintzen duten artistak baino ez ditu hautatzen”, dio diskoetxearen zuzendari fundatzaile Reijo Kiilunen-ek, “Artista gutxi batzuk bakarrik aukeratzen ditugu, ohiko errepertorioaren interpretazio ameslari eta irudimentsuak egiteko gaitasuna dutenak, baita obra musikal ezezagunagoak publiko aurrean ezagutzera emateko gogamen abenturazalea dutenak ere”.

Americascapesekin batera doan liburuxkak Pulitzer saria irabazi zuen Tim Page kazetariaren saiakera bat eta Treviñoren ohar pertsonal bat biltzen ditu.

 

 

‘Ravel’ diskoaren harrera bikaina

 

Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok Ondinerako egindako aurreko diskoari harrera ona egin dio nazioarteko kritikak. Radio France, ABC Classic FM, Record Geijutsu eta Limelight bezalako argitalpen eta hedabideetan 'Asteko disko nabarmena' bezalako erreferentziak daude, baita kritika bikainak ere Gramophone, BBC Music Magazine eta beste argitalpen entzutetsu askotan. Duela gutxi, Classica Frantziako aldizkari nagusiaren hilabete honetako edizioak bost izarrekin saritu du albuma eta honako hau dio: "Treviño, 37 urterekin, goranzko bidean dagoen izar bat bezala aurkezten da. Ravelen hautaketa hau konpositore ziburutarraren espezialista handien ondoan koka daiteke. Euskadiko Orkestra kalitate handikoa da, tonu sendo baina finarekin, eta ezin hobeto sintonizatuta dauden musikariekin".

Ostirala 13 Abuztua, 2021

Euskadiko Orkestrak Musika Hamabostaldiko ohiko parte-hartzearekin ekingo dio 21/22 Denboraldiari

Euskadiko Orkestrak Musika Hamabostaldiko ohiko parte-hartzearekin ekingo dio 21/22 Denboraldiari

Abuztuaren 21ean, larunbata, 19:30ean, izango da Euskadiko Orkestrak Donostiako Musika Hamabostaldiaren 82. edizioan eskainiko duen kontzertua, Victor Pablo Perezen gidaritzapean, eta Donostiako Orfeoiarekin, Iwona Sobotka sopranoarekin, Airam Hernandez tenorrarekin eta Frederic Jost baxuarekin batera.

Hitzordu horrez gain, aste honetatik abian da orkestra datozen hilabeteetan argitara emango diren grabazio batzuk prestatzen.

Euskadiko Orkestrako musikariak eszenatokira igoko dira berriz merezitako oporraldi baten ostean. Eta, beste urtebetez, Denboraldiari ekingo diote Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartuz, abuztuko agendako hitzordu nagusia izango den kontzertu batekin. Kursaal Auditoriumean izango da abuztuaren 21ean, larunbata, 19:30ean.

Victor Pablo Perezek eta Euskadiko Orkestrak, 80ko hamarkadatik gaur egun arte elkarrekin emandako 50 kontzertu baino gehiagoko historia luzea duen formulak, Donostiako Orfeoiarekin bat egingo dute, askotariko obrak biltzen dituen programa batean. Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendari izango duen Orfeoiaz gain, Iwona Sobotka sopranoak, Airam Hernandez tenorrak eta Frederic Jost baxuak hartuko dute parte ahotsen atalean.

Dagoeneko sarrerak agortuak dituen kontzertu honen programak honako obrak hartuko ditu barne: Francis Poulenc-en Birjin beltzaren letaniak, Gabriel Fauréren Arrantzaleen meza eta Ludwig Van Beethovenen Kristo olibondoen mendian.

 

 

Grabazio- eta entsegu-asteak

 

Musika Hamabostaldiko kontzertuaz gain, zeinaren entseguak datorren astean izango diren, aste honetatik aurrera orkestra martxan da grabazio batzuk prestatzen, eta horien emaitza datozen hilabeteetan emango da ezagutzera.

Donostiako jaialdian kontzertua eskaini ondoren, orkestrako musikariek irailaren 27tik aurrera gertatuko den Abonu Denboraldiaren hasiera handiaren entseguei ekingo diete. Aurten Brahms Jaialdia egingo da Denboraldia inauguratzeko, konpositore ospetsuaren sinfonien integrala, Biolin eta biolontxelorako kontzertua eta Pianorako kontzertuak barne hartuko dituen jaialdia.

 

 

Beste hitzordu garrantzitsu bat etorkizun hurbilean: AECCren 50. urteurrenaren inaugurazio-kontzertua

 

Denboraldi-hasiera honetan Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen 50. urteurrenaren inaugurazio-kontzertua ere aipatzeko modukoa da. Kontzertua Bilboko Euskalduna Jauregian izango da, irailaren 11n, 19:30ean.

Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Ludwig van Beethovenen 9. Sinfonia, ‘Korala’ interpretatuko dute, konpositore alemaniarraren azken sinfonia osoa. 65 minutuko iraupena duen lan hau Juanjo Menak zuzenduko du, eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen "Minbiziaren ikerketaren 50. urteurrena" ospatzeko 2022 urtean Espainiako hainbat tokitan egingo diren kontzertu-zikloa inauguratuko du.

Sarrerak salgai daude 25 eurotik aurrera. Informazio guztia hemen.

Asteartea 22 Ekaina, 2021

Alberto Iglesiasek Iciar Bollainen ‘Maixabel’ filmaren soinu-banda grabatu du Euskadiko Orkestrarekin

Argazkia: David Herranz
Argazkia: David Herranz

Miramongo Auditoriumean astelehenean, ekainak 21, egindako grabazio hau musikariaren eta orkestraren arteko lehen elkarlana da.

Alberto Iglesias konpositore donostiarra Maixabel filmaren —Iciar Bollain zinemagileak zuzendutako hamaikagarren film luzearen— soinu-bandaren musika grabatzen ari da aste honetan Donostian Euskadiko Orkestrarekin batera.

Atzo, ekainak 21, Euskadiko Orkestraren egoitzan egindako grabazioa musikagilearen eta orkestraren arteko lehen lankidetza izan da. Musikariak hamaika Goya sari irabazi ditu eta hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietarako. Maixabelen soinu-banda Iciar Bollain zuzendariarekin lankidetza estuan idatzi duela aitortu du: "Partiturak lotura estua bilatzen du narrazio honekin. Musika hau, xalotasuna helburu, bi sonoritatetan banatzen da. Bata minaren sinboloa da. Bestea argiarena".

Euskadiko Orkestrari dagokionez, zine eta telebistako soinu-banden grabazioaren arloan hainbat filmetan kolaboratu du Fernando Velazquezekin: Juan Jesus Garcia Galocharen Moomios (2021); Raul Ramonen Poderoso Victoria (2020); Imanol Rayoren Hil Kanpaiak (2020); Wim Wendersen Inmersión (2017); J.A. Bayonaren A Monster Calls (2016) eta The Impossible (2012); Oriol Pauloren Contratiempo (2016); Emilio Martínez-Lázaroren Ocho Apellidos Vascos (2014); François Truffauten The Bride Wore Black (1968). Gainera, The Innocent (2021), Patria (2020) eta Soinujolearen semea telesailen musika ere grabatu du.

 

 

Maixabel

 

Blanca Portillo eta Luis Tosar ditu protagonista filmak, Maria Cerezuela eta Urko Olazabalekin batera. Isa Campo gidoigileak (Entre dos aguas, 2018) eta Iciar Bollainek idatzi dute, eta pelikula benetako gertaeretan oinarritzen da. Maixabel Lasaren istorioa kontatzen du, ETAk hildako Juan Maria Jauregui euskal politikariaren alargunarena, hain zuzen ere, bere senarraren hiltzaileekin espetxean elkarrizketatzeko prest agertu zen lehen biktimetako batena.

Maixabel Kowalski Films (Koldo Zuazua) eta FeelGood (Juan Moreno eta Guillermo Sempere) ekoiztetxeek ekoitzi dute. RTVEk, EiTBk eta Movistar+ek hartu dute parte, Kultura Ministerioaren ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du eta Donostia–Gipuzkoa Film Comission erakundearen kolaborazioa ere bai. Filma Buena Vista Internationalek banatuko du Espainian eta nazioarteko salmentak Film Factoryk egingo ditu.

Osteguna 17 Ekaina, 2021

21-22 Denboraldia: Baikortasuna, aurkikuntza eta musika ona

21-22 Denboraldia: Baikortasuna, aurkikuntza eta musika ona

Duela urtebete programatutako artista eta obren berreskuratzea, musika asko eta ona deskubritzea eta euskal gizartean dugun rol garrantzitsua berrestea izango dira Kontzertu Denboraldi berri honen ardatz nagusiak.

Helburu hau bete ahal izateko, gure auditoriumetara sona handiko artista garrantzitsu ugari bertaratuko dira: Pinchas Steinberg, Pinchas Zukerman, Pietari Inkinen, Mei-Ann Chen, Varvara, Yulianna Avdeeva eta Dmitri Makhtin. Gure lurraldeko artista handiak ere izango ditugu gurean, besteak beste, Ainhoa Arteta, Asier Polo, Donostiako Orfeoia eta Iruñeko Orfeoia.

Euskal sorkuntzaren alde egiten jarraituko dugu eta Pascal Gaigne, Joël Mérah eta Teresa Catalanen obrak estreinatuko ditugu. Azken bi sorkuntza hauek Euskadiko Orkestrak enkargatutakoak dira Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren baitan, 2022ko udazkenean azken helmugara iritsiko den ekimena.

Denboraldiko mugarri garrantzitsuenen artean aipatzekoak dira hasierako Brahms jaialdia, Brahmsen Requiema eta Mahlerren 2. Sinfonia bezalako obra handien presentzia (azken hau gure berpizte kolektiboa irudikatzeko) eta Zhou eta Dutilleux bezalako konpositore ez hain ezagunen musikaren deskubrimendua.

21-22 Denboraldia optimismo gehiagorekin datorren arren, normaltasunerako itzulera patxadaz hartu nahi du orkestrak eta, horregatik, lehen bi programak 600eko gehienezko edukierarekin daude prestatuta, hurrengoetan zabaltzeko aukera egongo den esperoan.

 

Abonu Denboraldia

 

Itxaropen- eta hobekuntza-garai bat ireki da. Gure helburua baikortasuna eta konfiantza berreskuratu eta kontzertu-aretoetara lasai itzultzea da. Denboraldi zail bat utzi berri dugu atzean. Jarduera ugaritu egin dugu eta kontzertuak maratoi-saio bihurtu ditugu publiko guztiarengana iristeko. Guztira 131 kontzertu eskaini ditugu, horietatik 98 Abonu Denboraldikoak (ohiko 50 abonu-kontzertuen ia bikoitza). Musika sinfoniko asko programatu dugu eta orkestra txikiago batentzako errepertorio oso bat planteatu dugu, agertokian ere segurtasun-distantziak mantendu behar izan direlako. Eta lortu dugu. Orain baikortasunaz eta programazio onaz hitz egin behar dugu.

Euskadiko Orkestraren 2021/2022 Abonu Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean eta 2022ko ekainaren 8an amaituko da Bilbon. Lehenengo bi programetan saioak bikoizten jarraituko dugu, 20/21 Denboraldian egin dugun bezala: Brahms Fest izeneko lehen saioan 10 kontzertu eskainiko ditugu hamar egunetan ohiko lau hiriburuetan; bigarrenean, Tchaikovsky, arratsalde berean saio bikoitzak programatu dira hiri bakoitzean. Hirugarren programatik aurrera, edukierari dagokionez normaltasun handiagoa lortzea aurreikusten da.

 

 

 

Ildo nagusiak: baikortasuna, aurkikuntza eta ibilbide luzea

 

Brahmsen sinfonismo handia bezalako adibideek dakarten baikortasunean jarri nahi izan dugu arreta, haren sinfonia guztiak interpretatuz. Beethoven 7. sinfonia eta Berliozen Sinfonia Fantastikoa dira optimismo horren beste adibide batzuk. Denboraldi honetako beste ildo garrantzitsu bat publiko orokorrarentzat hain ezagunak ez diren obren aurkikuntza izango da, Zhou amerikarra eta Dutilleux frantziarraren obrekin. Gainera, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuari lotutako lanak ere estreinatuko ditugu (Joël Mérah eta Teresa Catalan), baita pandemiari lotutakoak ere (Pascal Gaigne), deskubrimenduaren lan-lerro hori jarraituz.

Ibilbide luzea aipatzen dugunean Robert Treviño orkestrara iritsi zenetik egiten ari den lanaz dihardugu. Adibide garbienetakoa Mahler da: haren 1. Sinfoniarekin estreinatu zen gure orkestraren batutan eta, ordutik, musikagilearen sinfonia eta obra ugari ekarri ditu Treviñok orkestrara. Aurtengoan 2. Sinfonia handiari helduko dio, ‘Berpizkundea‘ izenez ezaguna, berez 19/20 Denboraldirako aurreikusita zegoena baina pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zena. Orain inoiz baino zentzu gehiago du lana berreskuratzea, gure bizitzen berpizkundea irudikatzen baitu, Denboraldiaren irudi den larrosak egiten duen modu berean.

 

 

Brahms Fest hasteko

 

20/21 Denboraldiari hasiera eman zion Schuberten sinfonia-maratoiaren ondoren, orkestrak formula errepikatuko du eta Brahms Fest delakoa aurkeztuko du. Konpositore alemaniarraren sinfonia guztiak, Biolin eta biolontxelorako kontzertua eta Pianorako 1. eta 2. Kontzertuak interpretatuko ditu orkestrak ohiko lau hiriburuetan eskainiko duen inaugurazio-programako 10 kontzertuetan banatuta. Robert Treviñok, batutan, hiru bakarlarik eta orkestrak berak emango diote forma lurralde osoa zeharkatuko duen eta erronka musikal berria izango den jaialdi honi.

 

 

Robert Treviño Denboraldian

 

Denboraldiko hamaika programetatik seiri helduko die orkestrako zuzendari titularrak. Brahms Fest bereziaren irekieraren ostean, Xavier de Maistreren harpa protagonista duen programa originala eskainiko du, Treviñoren bidaide izan den Xostakovitxen 10. Sinfonia ere barne hartuko duen programa. Otsailean Bernstein ezagunena eta Zhouren musikaren aurkikuntza uztartuko dituen programa amerikar batek jarraituko dio. Azken txanpan Mahlerren 2. Sinfonia iritsiko da, 'Berpizkundea' izenekoa. Robert Treviño Elkano: Mundubira musika bidelagun zeharkaldira igoko da maiatzean, Vianako Printzea saria jaso berri duen Teresa Catalanen La victoria vacía obraren estreinaldiarekin. Gainera, Denboraldiko aurkikuntzetako bat ere hartuko du programak: Dutilleuxen 1. Sinfonia. Treviñok Wagner, Elgar eta Bartoken obrak ere jorratuko ditu, kasu honetan Pinchas Zukermanekin, eta biolajoleak bere ibilbidean bidelagun izan duen Bartoken Biola kontzertuarekin.

 

 

Estreinaldiak eta errepertorio berria

 

Lehen mundubira egin zenetik 500 urte igaro direla gogora ekartzen duen Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektua ibilbide luzeko beste ekimen bat da, Denboraldi honetan jarraipena izango duena eta 2022ko udazkenean amaierara iritsiko dena. Joël Mérahren Jakinduriaren usaina eta Teresa Catalanen La victoria vacíak hartuko dute Denboraldi honetan aurrekoetan Mikel Chamizok eta Mikel Urquizak utzitako lekukoa.

Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuko bi obrei gaineratuko zaie Pascal Gaigneren Urrutiko arimak eta Urruneko azalaken estreinaldia.

Gainera, orkestrak lehendabizikoz interpretatuko ditu hiru obra, publikoarentzat aurkikuntza handia izango direnak: Ginasteraren Harparako kontzertua, Zhouren Orkestrarako kontzertua eta Dutilleuxen 1. Sinfonia.

 

 

Zuzendariak, solistak eta abesbatzak

 

Orkestrak artista mordoa jasoko du berriz ere bere programazioan, baina azpimarratzekoa da berriro ere bakarkako hiru programari helduko diela, bakarlari gonbidaturik gabe, interpretazioan protagonismo handia emango diotenak orkestrari berari.

ZUZENDARIAK: Robert Treviñok presentzia nabarmena izaten jarraituko du sei programarekin eta podiuma beste zuzendari batzuekin partekatuko du gainontzeko programetan: 19/20 Denboralditik berreskuratutako Mei-Ann Chen, Pinchas Steinberg eta Georg Mark; gure orkestraren buru lehendabizikoz arituko den Pietari Inkinen; eta orkestraren zuzendari elkartu Jaume Santonja.

SOLISTAK: Atal honetan, 19/20 Denboraldirako programatutako Yulianna Avdeeva eta Varvara pianistak, Tom Borrow (pianoa) eta Alexey Stadler (biolontxeloa) hartuko ditugu lehen aldiz. Dmitri Makhtin (biolina), Pinchas Zukerman (biola), Xavier de Maistre (harpa) eta ilusio berezia egiten digun Asier Polo (biolontxeloa) bezalako artista handiak berriz izango ditugu gurean. Ahotsetan Ainhoa Arteta sopranoa dugu, Michael Nagy baritonoa, Sarah Fox sopranoa eta Justina Gringyte mezzosopranoa.

ABESBATZAK: Martxoan eta maiatzean bi obra sinfoniko-koral handi eskainiko ditugu. Brahmsen Requiem alemaniarrean Iruñeko Orfeoia izango dugu bidelagun. Bestalde, Mahlerren obra handia, 2. Sinfonia, ‘Berpizkundea’ Donostiako Orfeoiaren ahotsetan entzungo dugu.

 

 

Orkestraren beste proiektu batzuk

 

Udazken diskografikoa

 

Bere jarduera kontzertistiko garrantzitsuarekin batera, orkestra estilo eta zeregin oso desberdineko grabaketa sorta proiektu batean murgilduta dago. Ekoizpen guztiek dute kalitate-zigilua, eta ingurune desberdinetan eta interes dokumental handiarekin kokatzeko asmoa dute.

AMERICAN COMPOSERS: Udazkenean, Ravelen ondoren, Robert Treviñorekin egindako bigarren grabazio diskografikoa argitaratuko du Euskadiko Orkestrak. Oso ezagunak ez diren konpositore amerikarren ekoizpen sinfonikoan oinarritutako grabazioa da. Dagoeneko egina dago grabazioa eta urriaren hasieran kaleratuko da nazioartean, Ondine diskoetxe finlandiarrarekin, zeinarekin Treviñok grabazio-hitzarmena sinatua duen datozen urteetarako.

KALAKAN: Ipar Euskal Herriko taldearekin izandako lankidetza berria maiatzean erregistratu zen. Orain Elkar diskoetxea editatzen ari da eta azken emaitza urriaren amaierarako eta azaroaren hasierarako programatutako kontzertuetan erakutsiko da, duela urte batzuetatik orkestrak KlasikAt izenpean aurkezten duen crossover zikloaren zeinupean. Orkestrak Izaro, Huntza, Zea Mays, Dr. Deseo edo Ken Zazpi bezalako euskal egileekin partekatzen dituen proiektu horien guztien jarraipena izango da kolaborazio berri hau.

GUTIZIA: Txistuaren unibertso sinfonikoa ardatz duen beste proiektu diskografiko baten izenburua da eta Garikoitz Mendizabal du protagonista. Gutizia txisturako idatzitako lanen bilduma bat da, 80 minutuko musikan bildu dira eta emaitza udazkenerako egongo da prest Orpheus zigilupean.

SOINU-BANDAK: Asko dira Fernando Velazquezen eskutik orkestrak egiten dituen soinu-bandak, hala nola, Patria, Hil Kanpaiak, El inocente telesaila eta Poderoso Victoria film mexikarra. Horiez guztiez gain, datozen egunetan Iciar Bollainek zuzendutako Maixabel filmaren soinu-bandaren grabazioari ekingo dio orkestrak Miramonen, Alberto Iglesias musikariak idatzi duena eta zuzenduko duena.

LIDE TA IXIDOR: Santos Inchaustiren musika daraman haurrentzako ipuin liriko bat da Lide ta Ixidor. Obra honen berreskurapena Bilboko Koral Elkartearen Euskal Opera proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren helburua XX. mendearen hasieran Elkarteak enkargatutako euskarazko operen partiturak editatzea eta grabatzea da. Haurrentzako opera hau Bilbon grabatuko dute, eta haur abesbatza eta SCBko abesbatza mistoa izango dira bertan.

RAVEL: Puntu honetan ezinbestekoa da apirilaren hasieran argitaratutako CD hau aipatzea, Ravelen katalogoko lan sinfoniko esanguratsuenekin. Ondine zigiluaren finlandiar egikera darama grabazio honek, eta une honetan Euskadiko Orkestraren nazioarteko pasaporterik onenean bihurtu da. Oihartzun handia izaten ari da planetako toki askotan, Japoniatik eta Australiatik AEBetara, Europatik pasatuz, eta oso kritika onak jaso ditu hedabide espezializatu ospetsuenengandik (Gramophone, France Musique, BBC Music Magazine, Diapason…). Konpositorearen alde euskaldunenaren irakurketa musikalari esker, Treviñok eta orkestrak Ravelen lanaren begirada berri bat eskaini dute grabazio honetan eta, ondorioz, nazioartean oso erakargarri bihurtu dute proposamena.

 

 

Partekatutako proiektuak

 

Orkestrak bere konpromisoa mantenduko du ABAO Bilbao Operaren Denboraldiarekin, Bilboko Musika-Músicarekin eta BBVAko Jakintzaren Mugak Sarien Galarekin. Pandemiaren ondorioz ezin izango du berreskuratu Donostia Zinemaldian Belodromoak eskaini ohi zuen soinu-banden kontzertu tradizionala, baina Donostiako Musika Hamabostaldian eta Musikasten parte hartuko du.

Orkestraren Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloek aurrera jarraituko dute aurten ere eta aurrerago aurkeztuko dira.

 

 

Abonamenduak eta sarrerak

 

Indarrean dauden edukiera-murrizketek abonamendu berriak egitea eragozten digute, baina itxaron-zerrenda batera pasako diren erreserbak har ditzakegu. Baimendutako edukiera handitzen den heinean, abonatu berriak hartzen hasiko gara. Erreserba horiek orkestraren webgunean (euskadikoorkestra.eus) eta telefonoz (943 01 32 32) egin ahal izango dira.

Orain amaitzen ari garen Denboraldian bezala, sarrera solteen salmenta kontzertuak hurbiltzen diren heinean joango da irekitzen, beti ere eserleku librerik geratuko balitz. Abonamenduen eta sarreren prezioak mantentzea erabaki da Denboraldi honetan.

 

 

Mezenasgoa

 

Gizartean oso beharrezkoa den tresna kulturala dela sinetsita, Euskadiko Orkestrak mezenasgoaren bidez publikoarekin konektatzeko tresna berri bat aktibatu du. Horri esker, lurraldeko proiektu kultural hau garatzen lagundu nahi duten pertsonek beren ekarpenekin egin ahal izango dute.

Mezenasgoa etorkizuneko tresna beharrezko eta osagarria da administrazio publikoen diru-laguntzen politikentzat, eta kultura eta gizartea garatzeko eta laguntzeko bitarteko gisa ezartzen joango da. Orkestrari egindako ekarpenek, edozein modalitatetan, zerga-kenkaria jasotzeko aukera emango dute.

 

 

Eskertza

 

Azkenik, orkestrak eskerrak eman nahi dizkie bere jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde eta eragile guztiei: abonatuei eta, oro har, publikoari, erakunde babesleei eta laguntzaileei, kultur eragileei, komunikabideei eta abarri, Euskadiko Orkestraren jarduera ahalbidetzen baitute.

Osteguna 10 Ekaina, 2021

Hemiola Laukoteak Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldia itxiko du larunbat honetan

Hemiola Laukoteak Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldia itxiko du larunbat honetan

Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako laukote honek Joseph Haydnen ‘Kristoren azken zazpi hitzak gurutzean’ interpretatuko du larunbat honetan, ekainak 12, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Ez da sarrerarik egongo salgai, egungo edukiera-murrizketak direla eta.

Hemiola Laukoteak eskainiko duen hamaseigarren eta azken hitzorduarekin emango zaio amaiera Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldiari, ganbera-musika zikloaren hogeita bederatzigarrena izan dena. Hitzordua larunbatean izango da, ekainak 12, 11:00etan, orkestraren egoitzan. Hemiola Laukotea Euskadiko Orkestrako hari-sekzioko musikariz osatuta dago bere osotasunean: Larraitz Oiartzabal (biolina), Raquel Cortinas (biolina), Delphine Dupuy (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).

Laukoteak Joseph Haydnen Kristoren azken zazpi hitzak gurutzean lanari egingo dio aurre. Obra hau Cadizeko kanonigoak Ostiral Santuaren liturgiarako enkarguz eskatutakoa da. Lan honen izenburuak aipatzen dituen "Zazpi hitzek" Jesusek hil aurreko uneetan gurutzean esan zituen azken zazpi esaldiei egiten diete erreferentzia, Mateo, Marko, Lukas eta Joanen Ebanjelio kanonikoetan jasotzen denaren arabera:

  1. ‘Aita, barka itzazu’
  2. ‘Gaur nirekin egongo zara Paradisuan’
  3. ‘Emakume, hor duzu zure semea’
  4. ‘Jainko maitea, Jainko maitea! Zergatik utzi nauzu?’
  5. ‘Egarri naiz’
  6. ‘Dena eginda dago’
  7. ‘Aita, zure eskuetan uzten dut nire espiritua’

Jatorrizko bertsioa orkestrarako idatzia dago 1786an. Urtebete geroago, 1787an, Haydnek berak hari-laukoterako bertsioa idatzi zuen, Matinée honetan entzun ahal izango dena, hain zuzen. Lan honen aipatzeko moduko ezaugarria da Haydnek tonalitate-sorta izugarri zabala erabili zuela, garai hartan ohikoa zena baina askozaz zabalagoa. Lana sarrera-mugimendu batekin hasten da. Hark ematen die bide ardatz diren zazpi mugimenduei (adagioak), eta horietako bakoitzak Kristoren hitz bana irudikatzen du. Hitzen ziklo osoaren ondoren, ‘Lurrikara’ izeneko amaierako mugimendu kontrastatzaile batekin amaituko da obra.

Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 09 Ekaina, 2021

Euskadiko Orkestrak Nikolai Lugansky pianista handia gonbidatu du bere denboraldi zailenari amaiera emateko

Euskadiko Orkestrak Nikolai Lugansky pianista handia gonbidatu du bere denboraldi zailenari amaiera emateko

 

Denboraldiko azken kontzertu-programa, ‘New York’ izenekoa, ekainaren 11tik 17ra izango da ohiko lau hiriburuetan. Robert Treviñoren batutapean, Euskadiko Orkestrak eta errusiar pianojoleak Rakhmaninoven ‘Paganiniren tema baten gaineko rapsodia’-ri egingo diote aurre hamar kontzertuko tour de force batean.

Hitzorduetako bost Schoenbergen ‘Gau itxuraldatua’-rekin osatuko dira eta beste bostak Mendelssohnen ‘3. Sinfonia’-rekin.

Zalantzarik gabe ia 40 urteko historiako denboraldirik zailena izan denaren azken programari ekingo dio datozen egunotan Euskadiko Orkestrak. Covid-19 pandemiaren garapenak eta horren ondoriozko araudien gaineko aldaketa ugariak orkestra etengabeko alerta-egoeran egotera behartu dute. Hala ere, erreflexu onekin, orkestrak Denboraldiaren amaierara arte iristea lortu du iragarritakoaren ia osotasuna betez eta irtenbide alternatiboak eskainiz behar izan denean.

Itxiera-programa hau, ‘New York’ izenburuduna, hamar kontzertuz osatuko da: ostiral honetan eta datorren astelehenean, ekainak 11 eta 14, 17:30ean eta 19:30ean, Donostiako Kursaal Auditoriumean; hurrengo asteartean, ekainak 15, 18:00etan eta 20:15ean, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, ekainak 16, 17:00etan eta 19:30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegunean, ekainak 17, 17:30ean eta 19:30ean, Gasteizko Principal Antzokian.

Rakhmaninov historiako pianojole bikainenetako bat izan zen eta, Paganiniren tema baten gaineko rapsodian (modu ez ofizialean, pianorako bere bosgarren kontzertutzat hartzen da), ohore egin nahi izan zion beste birtuoso handi bati, kasu honetan, biolinjole bati. Horretarako, Paganiniren Biolinerako 24. kapritxoa gai ahaztezina hartu eta 24 piano-bariazio egin zizkion, zein baino zein liluragarriagoa eta zailagoa.

Partiturak aparteko dohainak dituen pianista bat eskatzen du, eta Treviñok Nikolai Lugansky errusiar birtuosoa gonbidatu du erronkari aurre egiteko, sakonki ezagutzen baitu Rakhmaninoven musika. Guraso zientzialariak zituen Luganskyk, eta oso gaztetatik hasi zen erakusten gizagaineko gaitasuna zuela, zehazki, bost urterekin; adin horrekin, Beethovenen sonata bat jotzen ikasi zuen, are partiturak irakurtzen jakin baino lehenago. Moskuko Musika Eskola Nagusian eta Kontserbatorioan egin zituen ikasketa formalak, Sergei Dorenskik eta Tatiana Nikolaievak –Prokofieven espezializatutako musikari garrantzitsuenetako bat– ikuskatuta. 1980ko hamarkadaren amaieran lehen lehiaketa garrantzitsuak irabazten hasi zen, baina bultzadarik handiena 1994an iritsi zitzaion, Txaikovski Lehiaketa entzutetsuko Zilarrezko Domina irabazi zuenean. Behin baino gehiagotan aritu da lanean Euskadin, eta Euskadiko Orkestrarekin batera joko duen hirugarren aldia da.

Gainera, kontzertu-egunetako lehen saioetan orkestrak Schoenbergen Gau itxuraldatua obra interpretatuko du, eta bigarren saioetan Mendelssohnen 3. Sinfonia.

Schoenbergen lehen lan garrantzitsutzat jotzen den 1899ko Gau itxuraldatua jatorrian hari-seikoterako idatzia dago eta geroago orkestratu zen. Richard Dehmelen olerki batean oinarritutako istorio hunkigarri bat kontatzen digun olerki sinfonikoa da. Bere pentagrametan, gauez baso batetik dabiltzan bi gizon-emakume irudikatzen dira.

Bestalde, Mendelssohnen 3. Sinfonia 'Eskoziarra' ezizenez ezagutzen da, konpositore italiarrak 20 urte zituenean Eskozian bizitako esperientziak islatzen baititu, Europako hainbat herrialde bisitatzera eraman zuen hiru urteko bidaia handi baten zati bezala.

 

 

Programak, datak eta saioak

 

1. PROGRAMA:
Schoenberg:
Gau itxuraldatua [30’]
Rakhmaninov: Paganiniren tema baten gaineko rapsodia [22’]

2. PROGRAMA:
Rakhmaninov:
Paganiniren tema baten gaineko rapsodia [22’]
Mendelssohn: 3. Sinfonia, ‘Eskoziarra’ [40’]

  • Ekainak 11 (17:30): Kursaal Auditoriuma, Donostia. 1. PROGRAMA
  • Ekainak 11 (19:30): Kursaal Auditoriuma, Donostia. 2. PROGRAMA
  • Ekainak 14 (17:30): Kursaal Auditoriuma, Donostia. 1. PROGRAMA
  • Ekainak 14 (19:30): Kursaal Auditoriuma, Donostia. 2. PROGRAMA
  • Ekainak 15 (18:00): Baluarte Auditoriuma, Iruña. 1. PROGRAMA
  • Ekainak 15 (20:15): Baluarte Auditoriuma, Iruña. 2. PROGRAMA
  • Ekainak 16 (17:00): Euskalduna Jauregia, Bilbo. 1. PROGRAMA
  • Ekainak 16 (19:30): Euskalduna Jauregia, Bilbo. 2. PROGRAMA
  • Ekainak 17 (17:30): Principal Antzokia, Gasteiz. 1. PROGRAMA
  • Ekainak 17 (19:30): Principal Antzokia, Gasteiz. 2. PROGRAMA

 

 

Sarrerak salgai

 

Sarrerak salgai daude dagoeneko (10 €tik aurrera) saio guztietarako. Datei, ordutegiei, programei eta sarreren salmentari buruzko informazio guztia Euskadiko Orkestraren webgunean dago eskuragarri: euskadikoorkestra.eus. 

Osteguna 20 Maiatza, 2021

Suhar Korua igoko da eszenatokira larunbat honetako Miramongo Matinéean

Suhar Korua igoko da eszenatokira larunbat honetako Miramongo Matinéean

Larunbat honetan, maiatzak 22, 11:00etan, Miramonen, gizonezkoen euskal abesbatzak ‘Sorlekua’ izeneko kontzertua eskainiko du, XIX. eta XX. mende bitarteko nazionalismo musikalaren baitan adierazgarriak diren konpositoreen obrekin. Ez da sarrerarik egongo salgai, egungo edukiera-murrizketak direla eta.

Miramongo Matinéeak 20/21 Denboraldiaren amaierara hurbiltzen ari dira azken aurreko hitzorduarekin, kasu honetan Suhar Koruak eskainiko duena, gizonezkoen hogei ahots baino gehiagok osatutako euskal abesbatza. Abeslari-taldeak lagun izango ditu pianoan Amaia Zipitria eta Ander Simal. Kontzertua larunbat honetan izango da, maiatzak 22, 11:00etan, orkestraren egoitzan.

XIX. eta XX. mendeen arteko nazionalismo musikalaren erakusle izan ziren konpositoreekin ekingo dio Suhar Korua‘Sorlekua’ izeneko kontzertu honi. Nazionalismoak herrialde bakoitzeko melodia, dantza eta erritmoak musika jasoan txertatzea ekarri zuen. Bela Bartoken hitzetan: “musika nazionalaren oinarritzat folklorea erabiltzea ez da soilik obra landuak sortzeko doinu zaharrak erabiltzera mugatzen. Aldiz, musika-lan baten atzean dagoen espresioaren ezkutuko zentzua aurkitzean datza (…)”. Hau da, hain zuzen, Matinée honetan Suhar Koruak aurkezten dituen musikariek maisuki egin zutena. Dvoraken lanek, hein handi batean, bere Bohemiako herri-doinuetan izan zuten inspirazio-iturria. Eskandinavian Edvard Grieg norvegiarraren musika barnekoi eta goxoa eta errusiar zapalkuntzaren aurkako askatasun sinbolo izan zen Jean Sibeliusen musika agertu ziren. Ingalaterran, aldiz, Elgarrekin batera, Vaughan Williamsen musikak nortasun propioa erakutsi zuen.

Euskal Herrian ere mugimendu honek indar berezia hartu zuen, eta horren adierazle dira Resurrección Maria de Azkue (1864-1951) eta Aita Donostiak (1886-1956) Euskal Herriko kantu zaharrak bildu eta antolatzeko egin zuten lan eskerga. Lan hau bi kantutegi mardul eta preziatutan mamitu zuten, ezin ordainduko oparia utziz etorkizuneko musikariei. Eta ondare horri esker ona adierazteko, gure gaur egungo euskal konpositoreek lan ugari sortu dituzte bi kantutegietako doinu edo testuak erabiliz. Horrela, kontzertu honen bigarren zatian, etxera eramango gaitu Suhar Koruak, sorlekura, Euskal Herrira. Eta gure arbasoengandik jaso genuen musika moldaketa berrietan eskainiko dute. Gure oinarriak, gure sustraiak ezagutzea baita kulturan eta bizitzan aurrera egiteko ezinbesteko hazia.

Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

 

 

Kontzertuaren programa

 

Lehen zatia:

Antonin Dvorak (1841-1904): Tres coros de hombre, B.76 [10']
Edvard Grieg (1843-1907): Landkjenning, Op. 31 [6'] / Impromptu [3']
Ralph Vaughan Williams (1872-1958): The Turtle Dove [3']
Anónimo: Uti vår hage [2'] (Hugo Alfvénen moldaketa)
Jean Sibelius (1865-1957): Hymn: Natus in Curas. Op. 21 [4'] / Finlandia, op.26 [2']

 

Bigarren zatia:

Aita Donostia (1886-1956): Jeiki, jeiki, etchekuak [2'] / Ikusten duzu [3']
Javier Busto (1949): Lo eta Tilili eta talala [4']
Xabier Sarasola (1960): Xulufraia [3']
Junkal Guerrero (1968): Mutil txaleko gorri [2']
Josu Elberdin (1976): Izar ederrak [3'] / Emezortzi serore [3']
Eva Ugalde (1973): Ahoberokeriak eta amoriua [4']

Asteazkena 19 Maiatza, 2021

Anja Bihlmaier zuzendaria eta Manuel Walser baritonoa izango dira protagonistak Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Anja Bihlmaier zuzendaria eta Manuel Walser baritonoa izango dira protagonistak Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Maiatzaren 20tik 26ra Euskadiko Orkestrak ‘Noragabeko adiskidea’ kontzertu-programa eskainiko du bere ohiko lau hiriburuetan. Debussyren ‘Fauno baten siestaren preludioa’, Mahlerren ‘Noragabeko adiskide baten kantak’ eta Schumannen ‘1. Sinfonia’ izango dira kontzertuetako obrak.

Euskadiko Orkestrak 20/21 Denboraldiko bederatzigarren eta azken aurreko programari ekingo dio, ‘Noragabeko adiskidea’ izenekoa, guztira bost kontzertu eskainiz, denak 19:30ean: ostegun eta ostiral honetan, maiatzak 20 eta 21, Donostiako Kursaal Auditoriumean; datorren astelehenean, maiatzak 24, Bilboko Euskalduna Jauregian; asteartean, maiatzak 25, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, maiatzak 26, Gasteizko Principal Antzokian.

Anja Bihlmaierrek debuta egingo du Euskadiko Orkestrarekin kontzertu-programa honetan, Hagako Residentie Orkestrako zuzendari titular eta Lahtiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari gonbidatu nagusi denak. Gaur egungo zuzendaririk indartsuenetako bat da, bereziki operaren arloan, gazte-gaztetatik metatu baitu esperientzia Vienako Herri Operan, Hannoverko Operan eta beste hainbat koliseotan. Aipatzeko modukoa da azken hilabeteotan Euskadiko Orkestraren podium gainera igoko den hirugarren emakumea dela, Ruth Reinhardtek urtarril eta otsailean eta Gemma Newek martxoan orkestraren Kontzertu Denboraldian parte hartu ostean.

Kontzertuei ekiteko Europako errepertorioan benetan iraultzailetzat jo daitekeen obra bat interpretatuko du orkestrak: Claude Debussyren Fauno baten siestaren preludioa, 1894an konposatua, baina batzuentzat XX. mendeko musikaren hasiera irudikatzen duen obra.

Ondoren, orkestrak programari izena ematen dion obra jorratuko du: Gustav Mahlerren Noragabeko adiskide baten kantak, konpositore bohemiarrak 1883an idatzitakoak, bizitzako hilabete ez oso zoriontsuetan. Kanta horiek 23 urterekin idatzi zituen eta, beste zorigaritzeko gertaera autobiografiko batzuen artean, une horretan Johanna Richter opera-abeslari eta aktorearekin zuen maitasun-istorioaren bat-bateko amaiera ez oso adiskidetsua nabari daiteke abesti hauen atzean. Manuel Walser baritono suitzarra izango du lagun orkestrak obra hau interpretatzeko, Vienako Estatu Operako ahots nabarmenetako bat eta musika bokal germaniarreko aditu itzaltsua. 

Kontzertuak Schumannen 1. sinfoniarekin amaituko dira, konpositore alemaniarraren lehen orkestra-lan handitzat hartzen dena. Hilabete baino gutxiago behar izan zuen idazteko, inspirazio-aldi harrigarri bat izan zuen eta.

Sarrerak salgai daude dagoeneko (10 €tik aurrera) saio guztietarako. Datei, ordutegiei, programei eta sarreren salmentari buruzko informazio guztia Euskadiko Orkestraren webgunean dago eskuragarri: euskadikoorkestra.eus. 

Orriak