Musika Gela 16/17: Ikastetxeentzako jarduerei buruzko informazioa eta “Ene haize maitea” eskola kontzertuaren gida diaktikoa eskuragarri

Webguneko Ikastetxeak atalean eskuragarri dago 16/17 denboraldian zehar, Euskadiko Orkestraren Musika Gelak ikastetxeei zuzenduta egingo dituen jarduerei buruzko informazio osoa.
Eskuragarri dago, halaber, "Ene haize maitea" haur hezkuntzako eskola haurrei zuzendutako kontzertuari dagokion gida didaktikoa.
“Bachentzako inspirazioa”: Irauli Orkestrak Barrokoko kontzertu ederrenetariko eta ezagunetariko batzuk aurkeztuko ditu Miramonen

Azaroaren 19 larunbatean, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan Irauli Orkestrak aurkeztuko ditu egitarauari oharretan "behar bada, XVIII. mendean idatzitako kontzerturik ederrenak eta baita ezagunenak" bezala izendatu dituztenak. Ezaugarri dute, gainera, Bach ardatz duten lanak direla: Antonio Vivaldi eta Alessandro Marcellok sinatutako hiru inspirazio iturri izan zituen Bachek, hortik kontzertuaren izenburua, eta laugarrena Bachek berak sortutako musika lana da.
Vivaldiren bi kontzertuak 1711. urtean plazaratutako L'Estro Armonico (etorri harmonikoa) bilduman jasotakoak dira. Berau osatzen duten kontzertuak berehala egin ziren ezagunak eta, horien berri izan bezain laster, J.S. Bachek bost aukeratu eta transkribatu egin zituen. Horien estiloa nahiz funtsak eragina izan zuten ondoren bere biolinerako kontzertuetan. Allessandro Marcelloren Oboerako kontzertua, inoiz instrumentu horrentzat idatzitakoen artean ezagunena, Bachek klaberako transkribatu zuen eta bigarren mugimenduan ornamentazioak txertatu zituen. Egitaraua ixteko, Iraulik Bachen BWV1060R kontzertua interpretatuko du. Kontzertu hori ez zatekeen egun ezaguna izango jatorriz oboe eta biolinerako sortutako hainbat kontzertu klaberako berridatzi izan ez balu.
Irauli Orkestra osatzen duten Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak dira Javier Lecumberri, oboea; Ricardo Ruiz, Raquel Cortinas, Larraitz Oiarzabal eta Itziar Prieto, biolinak; Natacha Dupuy-Scordamaglia, biola; Gabriel Mesado, biolontxeloa; eta Victor Bogdanov, kontrabaxua; Irauliko kide da, halaber, Charo Indart klabezinista.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
Euskadiko Orkestrak jarri dio musika aurtengo Gabonetako Loteriaren iragarkiari

Duela bi aste, Fernando Velázquezen eskutik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Miramongo bere egoitzan itxi zen kontatu ezin zitekeen zerbait grabatzeko. Fernandok berak ezin izan zien musikariei ia ezer argitu. Oso garrantzizko zerbait zen, Gabonen etorrera iragartzen duen klasikoa: Gabonetako Loteriaren iragarkia, hain zuzen ere. Euskadiko Orkestrak auretengo Gabeontako Loteriaren iragarkiko musika grabatzeko enkargua jasoa zuen. Iragarkia Leo Burnett agentziak egina da eta Santiago Zanouk zuzendu du. Gauzak horrela, isilpean, zuhurki eta bezeroaren eskariari erantzunez, grabaketari ekin zitzaion.
2014.ean ere Gabonetako Loteriaren iragarkiaren egile Santiago Zannou espainiar zine zuzendariak Miramonen izan zen lan-saioan egon nahi izan zuen. Istorioa kontatu gabe, baina edukia uler zezaten nolabaiteko azalpena emanez, Zannou musikariei zuzendu zitzaien: eskatu zien irudika zezatela une latzetan norbait laguntzearen, bultzatzearen eta, batez ere, "partekatzearen" garrantzia; "edozeren sari handiena partekatzea baita".
Fernando Velázquezek iragarkiaren lagunduko zuen musikaz arduratzeko eskaria jaso zuen. Oso denbora gutxian eta erabateko diskrezioz, Euskadiko Orkestrak joan zen urriaren 27an grabatu zuen egun jada gabonetako melodiarik ezagunena dena.
"Musika ikasitik amerikar kantu herrikoietarqa", azaroaren 12an Miramongo Matinéetan

Azaroaren 12 larunbatean, goizeko hamaiketan izango den emanaldirako, Miramongo Matinéek zera proposatzen dute: ganbera musikari beste ikuspegi batetik so egin eta, erreferentziazko konpositoreak izateaz gain, lagun minak izandako bi musikagileren lana aurrez aurre jartzea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek osatutako Belharra hari boskoteak Brahms eta Dvoráken lan bana interpretatuko du "Musika ikasitik amerikar kantu herrikoietara" izenburudun kontzertuan.
Alemaniar konpositorea baino urte batzuk gazteagoa, Dvorákek beti izan zuen Brahmsen laguntza. Haren mentorea izan zen, nolabait esateko, eta Berlingo Simrock argitaletxearen ateak ireki zizkion. Urte gutxitan nazioarteko sona lortzea ahalbidetu zion horrek. Biek formakuntza oso klasikoa jaso eta ganbera lanetan molde klasikoaren eta etorri herrikoiaren arteko oreka lortu zuten. Belharrak joko dituen bi obren bidez nabarmenduko da Brahmsen eta Dvoraken lanen arteko kontrastea; bere 1. hari kintetoak erakusten duen bezala, lehena europar musika ikasian ainguratutako egilea da eta, bigarrenak, aldiz, ausartagoa, xedea du betiere baliabide klasikoak erabiliz amerikar kantu herrikoien hotsak adieraztea, 3. hari kintetoan entzungo den bezala.
Belharra osatzen duten musikariak dira Xabier Gil eta Antoni Kosc biolinistak, Natacha Dupuy-Scordamaglia eta Yann Seyrac biola-jotzaileak, eta Pascale Michaud biolontxelo-jotzailea.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
Enrico Dindo italiar biolontxelista Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bakarlari gonbidatu

Azaroaren 7 astelehenean abiatuko da Gasteizen Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiko bigarren kontzertu programa. Orkestrarekin batera, estreinakoz ariko da egun nazioarte mailan sona handia duen Enrico Dindo biolontxelista italiarra. Kontzertu horietako beste ardatzetako bat izango da Xabier Otaolea bilbotar konpositore gaztearen Agartha lan sinfonikoaren erabateko estreinaldia. Programaren izenburu den "Ingalaterratik Italiarako bidaia" osatzeko, Orkestrak Vaughan Williams eta Elgar lan bana joko du; errepertorio anglosaxoiaren ezinbesteko erreferentzia dira biak. Orkestraren zuzendari gonbidatu ariko da urtebeteren buruan gurera itzuli den Ari Rasilainen finlandiarra.
Kontzertuak. Azaroaren 7an Gasteizko Principalean izango den kontzertuaren ondoren, Orkestra izango da 8an Iruñeako Baluarten, 9an Bilboko Euskaldunan eta, amaitzeko, azaroaren 10 eta 11n Donostiako Kursaalean.
Hamaika urtean Milango Teatro alla Scalako biolontxelo printzipal izan ostean, Enrico Dindo 1997.ean Pariseko Concours Rostroprovich entzutetsua irabazi eta nazioarte maila konpromezu gehien zituen bakarlari gonbidatuetako bat bihurtu zen. Ordutik aurrera orkestra nagusienekin aritu da: BBCko Filarmonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala, Capitole de Toulouse, Tokyo, Chicago edo Torontoko sinfonikoak, Gewandhausorchester Leipzig eta abar. Zuzendu duten maisuen artean daude Riccardo Chailly, Aldo Ceccato, Gianandrea Noseda, Daniele Gatti, Yuri Temirkanov, Paavo Järvi, Valery Gergiev eta Mstislav Rostropovich bera. Dindok Decca disko etxearentzat grabatzen du eta 1717ko Pietro Giacomo Rogeri (ex Piatti) biolontxeloa jotzen du, Pro Canale fundazioari esker. EOSekin batera emango dituen lehenbiziko kontzertuetan, Shostakovichen Biolontxelorako 1. kontzertua interpretatuko du.
Agartha, Xabier Otaoleak (Bilbo, 1989) 2014.ean sortua, lurraren barruko hutsunean hildakoen erresuma bat dagoela jasotzen duen mitotik eratortzen da, Gobiko basamortuaren azpian are zehatzago. Hark "eguzkirantz igotzen diren zuhaitz handi baten adarrak" edo "arimen multzo erraldoi batek osatutako orkestra" gisa ikusten du orkestra, eta pixkanaka aurrerantz doazen akorde erraldoien bitartez islatzen du hori, banakako ahots mordoaren barne-polifoniaren bitartez luzatzen da.
Ingeles musika, egitarauaren atarian zein itxieran. 1910.ean R. Vaughan Williamsek idatzitako Thomas Tallisen gai bati buruzko fantasia espiritualak irekiko ditu kontzertuak; XVI. mendeko doinu bat oinarri duen pieza berehala klasiko bilakatu zen Erresuma Batuan. Eta amaitzeko, Orkestrak In the South joko du. Horretan, E. Elgarrek 1903an Italian emandako garaia du hizpide.
Robert Treviño Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular izendatua

Robert Treviño estatubatuarra izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular berria 2017/2018 denboralditik aurrera. Euskal orkestrako arduradun artistiko gorena 2017/2018, 2018/2019 eta 2019/2020 denboraldietan izango da titular. Euskadiko Orkestraren Zuzendari Nagusi Oriol Rochek proposatua, izendapena gaur goizean onartu du Miramongo egoitzan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailburu Cristina Uriarte buru izan duen Administrazio Kontseiluak. Robert Treviñok Jun Märklen lekukoa hartuko du, horrek 2017ko ekainan bukatuko baitu 2014ko udazkenean abiatu zen hiru denboraldiko kontratua.
Zuzendari titular berriak bitan zuzendu du Euskadiko Orkestra. Estreinakoz, joan zen martxoan izan zen Orkestrarekin: Abonu Denboraldiaren baitan, Bruckner-en 7. Sinfonia zuzendu zuen. Ondoren, irailan, BBK Museo Hiria/Ciudad Museo proiektuaren harira, Bilboko Azkuna Zentroan izandako kontzertua zuzendu zuen. Egindako lanari esker, estatubatuar maisuak soinu eta oreka aipagarriak lortu zituen. Robert Treviñok zuzendari-profil berri bati erantzuten dio eta aurrera jarraituko du musika-erakunde honek Euskadiko funtsezko proiektu gisa egin beharreko hedatze- eta sendotze-bidean.
Bere ibilbideari dagokionez, Robert Treviñok bere nazioarteko jardunean aurrerapauso bat eginez hartu du bere gain EOSen titular izateko ardura. 2013ko abenduan, Moskuko Bolshoi ezagun bezain zailean inoiz ez bezalako arrakastatzat hartua izan zen hura abiapuntua izan zen gerora Europa eta Asian barrena zuzendari gonbidatu gisa egindako bidean. Egun debutatu du jada ospe handiko orkestrekin: Munich eta Londresko orkestra filarmonikoak, Bambergeko Sinfonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala eta Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoa, esaterako. Eta Estatu Batuetan ere aurrera darrai eta Detroit, San Francisco, Cleveland edo Cincinattiko orkestrak zuzentzen ditu sarritan. (honekin batera, biografia osoa doakizue).
Euskadiko Orkestrak azaroaren 23an irekiko du Fair Saturday 2016

Azaroaren 23 asteazkenean, Euskadiko Orkesta Sinfonikoak, Fernando Velázquezen gidaritzapean, Fair Saturday mugimenduaren inaugurazio kontzertua emango du Ken Zazpi, Zea Mays eta Doctor Deseo taldeekin batera, mugimendu kultural honen 2016ko edizioari hasiera emateko. Kontzertu hau Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde antolatzen da, gosearen eta eralgiketaren aurkako borroka bultzatuz.
Emanaldia Bilboko Campos Antzokian izango da eta sarrerak salgai daude www.teatrocampos.com webgunean, antzokiko leihatilan eta Kutxabank kutxazainetan.
Euskadiko Orkestrak Bilboko Portuan egindako erreportaje ofizialaren "making off"-a

Joan zen abuztuan Euskadiko Orkestra Bilboko Portuan (BILBAOport) izan zen, hori baitzen argazki ofizial berriak egiteko aukeratutako tokia. Aparteko leku hartan, giro ederra sortu zen eta emaitza ikusgarria gertatu da. Hona hemen erreportajearen making-off bideoa.
Arratsalde hartan, kontenedore-terminala plato aproposa bilakatu zen Orkestrarentzat. Horregatik, gure esker ona adierazi nahi diogu Bilboko Portuari.
SOINU-MOSAIKOA Euskadiko Orkestra Sinfonikoan...
• Bestelakotasun funtzionala duten 19 pertsonekin ari gara lanean. Gipuzkoako Aspace, Gautena eta Uliazpi elkarteetako kideak dira.
• Urtebetean zehar, soinu-sorkuntzaren inguruko tailer bat egiten dugu hilean behin.
• Tailerretan gidari dira Beatriz Linares biolontxelo-jotzailea eta Elena Martínez de Murguía biola-jotzailea; horiek Orkestrako beste hainbat musikariren laguntza dute.
• Partehartzaileak dira: Endika Narkotegi Egia, Gorka Casares Pinzolas, Nerea García Prado, Raúl Oteiza Muro, Rafael Ruiz De Garibay, Koro Alonso Santamaría, Javier González Pérez, María Luisa Iturralde Revuelta, Idoia Berakoetxea Usandizaga, Juan Marcos Echenagusia Nieto, Alejandro Sainz de Vicuña Dorado, Aitor Arambarri Paredes, Imanol Timón Aramburu, Martin Eseberri Sarasola, Ainara Luque Sabeiro, Amaia Peñalba Alayo, Beatriz González Arana, Jon Etxepeteleku Espinosa, Juan Ordoñez María.
SOINU-MOSAIKOA: proiektua ezagutzeko 10 gako
1. Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearen (AEOS) proiektua da.
2. 14 orkestra sinfonikok esku hartzen dute.
3. 2016. urtean zehar, berrehundik gora musikari ariko dira garapenaren desgaitasuna edo ezintasun intelektuala duten 300 pertsonei zuzendutako tailerretan.
4. Gure lagun dira Plena Inclusión federazioa eta BBVA Fundazioa.
5. Parte-hartzaileek Emilio Aragonék sortutako La flor más grande del mundo (munduko lorerik handiena) musika-lanaren inguruan egingo dute lan. Doinu horrek izenburu bera duen José Saramagoren ipuina du oinarri.
6. Jatorrizko musikari gehitu zaizkion mikro-konposizioak sortuko dituzte.
7. Sortuko diren hamalau musika-lanak horien egileek interpretatuko dituzte, orkestran zein eszenan integraturik, Abonu-kontzertu batean.
8. Azken kontzertu horietan, mila musikari baino gehiago ariko dira guztira.
9. Prozesu osoa Ángeles Muñizen "Soinu-Mosaikoa" dokumentalean jasoko da.
10. Proiektuan aholkulari dihardutenen artean daude musikoterapeutak, aurrez horrelako esperientziatan eskarmentudun musikariak, desgaitasuna duten pertsonen elkarteak, pertsona hauekin lan egiten duten aktoreak, kultur-bitartekaritzan adituak eta abar.
