Astelehena 13 Ekaina, 2016

16/17 Abonu Denboraldia

16/17 Abonu Denboraldia
16/17 Abonu Denboraldia: Pinchas Zukerman edo Katia eta Marielle Labèquen mailako bakarlarien eta Jun Märkl zein beste zuzendari handien topaleku.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Abonu Denboraldi berri bat proposatzen dizu, lehen mailako bakarlari hauei protagonismoa eskainita: Pinchas Zukerman, Katia & Marielle Labèque ahizpak, Julian Rachlin, Enrico Dindo eta Vadim Gluzman. Baita Jun Märkl, Ari Rasilainen eta Hans Graf zuzendari handiei ere.

Hausnarketarako eta emoziorako topagune den aldetik, Orkestrak proposatzen dizu errepertorio berria ezagutzea, estetika berriak, Orkestrak lehen aldiz aurkezten dituen lanak, esaterako, Elgarren biolinerako kontzertua, Hosokawaren hainbat lan, Waltonenak eta abar. Eta berreskuratuko dituen beste batzuk aintzatesteko aukera ere eskaintzen dizu, hala nola Tchaikovskyren 4. Sinfonia, Schumannen 2.a, Debussyren "Images" eta Escudero ere bai, "Gernika" bere lanaren irakurketa berri batekin, José Ramón Encinar-en aditu-begiradapean.

Eska ezazu jada 16/17 Abonu Denboraldirako abonamendua eta bihurtu Orkestrarena zure #momentum-a.

 

Osteguna 02 Ekaina, 2016

“Barrokotik gure garaira”: Kaabestri taldeak ganbera-musika hizpide fagot, biolontxelo eta kontrabaxua laudatzeko

“Barrokotik gure garaira”: Kaabestri taldeak ganbera-musika hizpide fagot, biolontxelo eta kontrabaxua laudatzeko
Ekainaren 4an, launbatean, Miramongo Matinéetan.

Ekainaren 4an, larunbatean, ganbera-musika izango da Miramongo Matinéetan nagusi. Klasikoenetik hasi eta XX. mendeak utzitako formetarainoko ibilbidea egingo du Kaabestri taldeak. Xedea izango da fagota, biolontxeloa eta kontrabaxua instrumentu bakarlari legez aldarrikatzea. Hortaz, eskuarki orkestra sinfonikoaren baitan betetzen duten paperaren oso bestelakoa den modu batean arukeztuko dituzte: beti bigarren mailako lekuan aritzen diren instrumentuok erabateko protagonista bihurturik entzuteko aukera izango da. Modu horretan hobeto hautemango da horietako bakoitzaren tinbrea.

Egitaraua. Kaabestri taldeko kideek barrokoko, klasizismoko eta XX. mendeko partiturak hautatu dituzte. Horietan uztartuko dira ganbera-musika hutsena, hari-kuarteto klasikoaren eskutik; barrokorik birtuosoena, biolontxelo zein kontrabaxuak osatutako duoarekin; edo gerra-garaian (1942) sortutako XX. mendeko molde berriak, fagotak joko dituenak, hari-boskoteak lagunduta.

Kaabestri Euskadiko Orkestra Sinfonikoko lau kidek bestelako errepertorioak jorratzeko zuten interesetik sortu zen. Jatorrizko kideak dira Igor Torre eta Óscar López, biolinak;; Arkaitz Martínez, biola; eta Jon Larraz, biolontxeloa. Askotariko proiektuetan esku hartzen dute; esaterako, soinu-banden grabaketak, haurrentzako ikuskizunak, BBK Live jaialdia eta abar. Horretarako, musikaren beharren arabera moldatzen dute taldearen organikoa eta musikari ugari dituzte lankide. Oraingoan, François Proud (fagota) eta Victor Bogdanov izango dituzte lagun. Biak ala biak Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak dira.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

 

Osteguna 02 Ekaina, 2016

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu bat emango du Santanderren

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu bat emango du Santanderren
Ekainaren 3an, ostiralean, Kantabriako Jaialdi Jauregian.

Bihar ostirala, Euskadiko Orkestrak Santanderrera bidaia egingo du, Kantabriako Jaialdi Jauregiaren programazioaren baitan musika sinfonikoari emandako atalean aritzeko. Oliver Díazek zuzenduta, Miguel Trápaga kantabriar gitarrista izango du lagun. Egitarauan, Claude Debussyren Fauno baten siestaren preludioa; Joaquín Rodrigoren Concierto de Aranjuez, Frank Martinen Guitare eta Leo Brouwer-en Concierto de Benicassim.

Miguel Trápaga gitarrista kantabriarrak lankide izan ditu Moskuko hari-laukotea, Lola Casariego mezzosopranoa, Cecilia Lavilla Berganza sopranoa, Óscar Herrero gitarrista, Alexander Detisov biolinista, Óliver Díaz, Miguel Roa, Igor Palkin, Theodore Kuchar zein Leo Brouwer orkestra-zuzendariak eta abar. Gainera orkestra ugarirekin aritu da; horien artean, Porto Alegreko Fundarte Orkestra (Brasil), Thailand Philarmonic Orchestra, Canberra Symphony Orchestra , Real Orquesta Sinfónica de Sevilla, Orquesta Ciudad de Gijón, Sinfónica de Madrid, ORCAM, Ukrainako Orkestra Nazionala eta Venezuelako Orquesta Sinfónica Simón Bolívar. Bakarlari jarduteaz gain, irakaslea ere bada Madrilgo Goi Mailako Musika Errege Kontserbatorioan.

Oliver Díaz Madrilgo Teatro de la Zarzuela antzokiko musika-zuzendaria eta Barbieri Symphony Orchestra delakoaren zuzendari titularra da. Orkestra-zuzendaritzako "Bruno Walter" beka jaso duen espainiar bakarra da. Horri esker, New Yorkeko Juilliard School of Music ospetsuan ikasi ahala izan zuen, Otto Werner Mueller, Charles Dutoit edo Yuri Temirkanov-en mailako maisu handiekin. Bere errepertorioak hartzen ditu barrokotik egungo musikaraino eta Espainia, Portugal, Frantzia, Alemania, Errumania, Estatu Batuetan eta Hegoamerikan zuzendu ditu kontzertuak.

 

Osteguna 19 Maiatza, 2016

“Egia al da?”: Mendelssohn eta Mozarten hari-kuartetoak, Euskadiko Orkestrako kideek osatutako Hemiola laukotearen eskutik

“Egia al da?”: Mendelssohn eta Mozarten hari-kuartetoak, Euskadiko Orkestrako kideek osatutako Hemiola laukotearen eskutik
Maitzaren 21ean, larunbatean, Miramongo Matinéetan.

Maiatzaren 21ean, larunbatean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek osatu Hemiola hari-laukotea protagonista izango da Miramongo Matinéen emanaldian. Orkestraren baitan burutzen duten lan sinfonikoarekin batera, musikariek ganbera-musikako interprete gisa jarduteko euskarri egokia Miramongo Matinéeak. Horietan biltzen diren entzuleentzat, ikertu, hautatu eta egitarau bereziak diseinatzen dituzte. Oraingoan, Hemiolak F. Mendelssohn eta W.A. Mozarten hari-kuarteto bana aurkezten du. Lehena konpositorea opera baten sorkuntzan buru-belarri ziharduela sortu zen eta bigarrena aurrez sortutako konposizio-materialen berrerabilpenaren eredu da.

Matinéearen izenburua, "Egia al da?", Felix Mendelssohnek bere 2. Hari-kuartetoa, opus 13, larunbatean entzungai izango dena, idazteko erabilitako lied-aren izenburua da jatorriz. Bertso hori ustez Johann Heinrich Voss alias J.G.Droysen-ek edo, ziur aski, Mendelssohnek berak idatzitako "Frage" (Galdera) poeman agertzen da; poema hori baliatu zuen musikagileak 1829 eta 1830 urte bitartean sortutako lieder-etako bat konposatzerakoan. Egitaraua osatzen duen beste partitura Wolfgang Amadeus Mozarten 6. Hari-kuartetoa, KV 159 da. 1773an Milanen sortu eta estreinatua, Milandar kuartetoak izenez ezaguna den sei kuarteto-sortako bosgarrena dugu. Milanen Lucio Silla operan lanean ari zela idatzi zituen kuarteto horiek.

Hemiola laukotea dira Raquel Cortinas eta Larraitz Oiarzabal, biolinak; Natacha Dupuy, biola, eta Gabriel Mesado, biolontxeloa.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

Asteartea 17 Maiatza, 2016

Alban Gerhardt biolontxelo-jotzailea Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatu, Andrey Boreykok zuzenduta

Alban Gerhardt biolontxelo-jotzailea Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatu, Andrey Boreykok zuzenduta
Shostakovitchen Biolontxelorako 2. kontzertua interpretatuko du. Maiatzaren 19tik 25era.

Maiatzaren 19tik 25era Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bere zuzendari printzipal gonbidatuaren gidaritzapean ariko da berriz ere. Kontzertu horietan lagun izango du gainera Alban Gerhardt biolontxelo-jotzailea. Egun instrumentu horren erreferentetzat jotzen den alemaniar musikariak eta Orkestra estreinakoz izango dira lankide. Emanaldi horietarako egitarauan, D. Shostakovitchen Biolontxelorako 2. kontzertua eta J. Brahmsen 3. Sinfonia.

Kontzertuak izango dira maiatzaren 19 eta 20an Donostiako Kursaalean, 23an Gasteizko Principal Antzokian, 24an Iruñeako Baluarten eta, azkenik, hilaren 25ean Bilboko Euskalduna Jauregian.

Alban Gerhardtek (Berlin, 1969) 1991. urtean eman zuen bere nazioarteko bakarlari-ibilbide oparoaren lehenbiziko urratsa, Berlingo Orkestra Filarmonikoa eta Semyon Bychkovekin. Alde batera utzi zuen horrela orkestra handi bateko kide izateko bere betiko asmoa, betiere free-lance bakarlari bihurtzeak emango zion askatasunaren aldeko hautua eginez. Ordutik iragandako hogeita bost urteetan Gerhardtek argiki erakutsi ditu, mundu osoko aretoetan, bere musikaltasun bizia, oholtza gainean sendotasuna eta jakinmin artistiko aseezina; bide horretan lagun izan Royal Concertgebouw, Londresko Orkestra Filarmonikoa, NHK edo Cleveland, Philadelphia zein Chicagoko sinfonikoak eta baita Kurt Masur, Christian Thielemann, Christoph Eschenbach, Esa-Pekka Salonen nahiz Vladimir Jurowski bezalako zuzendariak. Bere helburua da, batetik, obra ezagunei aire berria ematea eta, bestetik, pasatako garaietako edo egungo errepertorio berriak bilatzea. Musika klasikoaren inguruko ohiko aukerak gainditzeko asmoz, eguneroko tokietatik atera eta askotariko entzuleei helarazteko gogor lan egiten du; horren adierazgarri, Deutsche Bahn, alemaniar tren konpainia nagusiarekin lankidetza. Alban Gerhardtek egindako grabaketa ugari izan dira sarituak; merezitako en artean dago 2015eko ICMA saria (musika garaikidearen sailean) . 1710eko Matteo Gofriller biolontxelo bat jotzen du.

Master class-a, Aula Jordá Gelaren baitan. Egunotan Euskadiko Orkestrarekin aritzearekin batera, Alban Gerhadtek master class bat emango dio Musikeneko biolontxelo ikasle-talde bati. Maiatzaren 20an, ostiralean, izango da, Orkestraren Miramongo egoitzan. Topaketa hori Musikenek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2012tik lankidetzan garatutako Aula Jordá Gelaren programazioaren zati da.

Andrey Boreyko apirilaren amaieran Baltimoreko Orkestra Sinfonikoa lehenengo aldiz zuzendu ondoren eta, duela egun bakar batzuk, Torontoko Orkestra Sinfonikoarekin Shostakovitchen beste lan handi bat, Babi Yar sinfonia ezaguna interpretatu ostean itzuli da gurera.

 

Larunbata 07 Maiatza, 2016

Nikolic eta bandArt-eko musikariak Musikene eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Masterrean

Nikolic eta bandArt-eko musikariak Musikene eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Masterrean
“Bizitzaren beraren ondoren, musika da bizien dagoena”. Esaldia Gordan Nikolic buru duen banArt taldearena da, eta joan den ikasturtean Musikenek eta Euskadiko Orkestrak abian jarritako Masterraren izateko arrazoia laburbiltzen du.

"Bizitzaren beraren ondoren, musika da bizien dagoena"

Esaldia Gordan Nikolic buru duen bandArt taldearena da, eta joan den ikasturtean Musikenek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlan estuan hari instrumentistentzat abian jarri zuen orkestra ikasketa Masterraren izateko arrazoia laburbiltzen du. Oraindik ere plazak badaude master hau egiteko; bigarren edizioan, Musikeneko irakasleez gain bandArt taldeko musikariak ere maisu gonbidatu izango ditu. Horrek erakargarriago egingo du lehenengo esperientzia, hain zuzen ere ikasturte honetan burutua eta interes handikoa Danimarka, Portugal edo Errumania bezalako herrialdeetatik edo Euskadi, Katalunia edo Madril bezalako erkidegoetatik etorritako ikasleentzat.

Irakasleen kalitateaz gain, lehenengo promozioko ikasleek Euskadiko Orkestra Sinfonikoan izan duten esperientzia profesionala nabarmentzen dute, aukera eman baitie parte hartzeko abonuko denboraldian -Brahms-en Hirugarren sinfonia, edo Bruckner-en Zazpigarrena¬-, ABAOren operatan (Bilboko Euskalduna Jauregian) eta baita ere kontzertu berezitan, hala nola Musika Klasikoaren Nazioarteko Sariak ICMA Awards 2016. Oso baloratua izan da Gordan Nikolic-ekin egin den hari orkestrarentzat egitarau zehatza, ikasle batek hitzetan "ez dugu hau inoiz amaitzerik nahi". Hori dela eta master ikasleak bigarren edizio honetan Nikolic-ekin arituko dira berriz ere, buru den bandArt talde entzutetsuko musikariak gehituko zaizkiolarik bandArt, eskaintza are eta erakargarriagoa eginez.

Orkestra Ikasketa Masterrak, Estatuan ezaugarri hauetako bakarra oraindik ere, profesional aktiboekin banakako eskolak eta orkestra praktikak uztartzen ditu bere ikasketa planean. Hezkuntza Ministerioak homologatua, orkestra interpretaziorako eta ondoren ikerketari lotutako ikasketa ofizialak egiteko gaitzen ditu tituludunak. Masterrak 60 ECTS ditu eta urte beten edo bitan egin daiteke. Matrikularen prezioa 6.720 eurokoa bada ere, ikasle guztiek 1.400 euro jasoko dituzte orkestra praktiken truke eta Gizarte Segurantzan alta emango zaie. Horretaz gain, AIE erakundeak 1.500 euroko bi beka emango ditu sarrera probetan kualifikazio altuena lortzen duten bi ikasleentzat eta, berritasun modura, Beasaingo Udalak ere Igartza beka emango du, 3.000 eurokoa.

Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 4ra arte. Sarrera probak ekainaren 17a eta 20a bitartean egingo dira eta matrikulazioa berriz, online, uztaileko bigarren hamabostaldian.

Asteartea 03 Maiatza, 2016

Viviane Hagner biolinista eta Zoe Nicolaidou sopranoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bakarlari gonbidatuak datorren kontzertu-programan

Viviane Hagner biolinista eta Zoe Nicolaidou sopranoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bakarlari gonbidatuak datorren kontzertu-programan
Jun Märklek zuzenduta, maiatzaren 4tik 12ra bitartean, ohiko lau hiriburuetan. Egitarauan, A. Bergen Biolinerako kontzertua eta Mahlerren 4. Sinfonia.

Bihar asteazkena Bilbon hasi eta hilaren 12ra bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen kontzertu-programan bi bakarlari gonbidatu izango ditu lagun: batetik, Orkestrarekin estreinakoz ariko den Viviane Hagner biolinista eta, bestetik Zoe Nicolaidou sopranoa; bigarren hau joan zen irailan Festival Musique en Côte Basque jaialdian Orkestrarekin jardun bazen ere, lehenbiziko aldiz izango da Abonu-Denboraldian. Emanaldiok Orkestraren titular Jun Märklek zuzenduko ditu.

Kontzertuak izango dira bihar asteazkena, maiatzak 4, Bilboko Euskalduna Jauregian, 9 eta 12an Donostiako Kursaal Auditorioan, 10ean Iruñeako Baluarte Auditorioan eta 11n Gasteizko Principal Antzokian.

Viviane Hagner eta Alban Bergen Biolinerako kontzertua. Egun XX. mendeko biolinerako musikan aditu, Viviane Hagnerrek (Munich, 1977) 13 urterekin egin zuen nazioarteko debuta, Zubin Mehtak zuzenduta, Berlin eta Israelgo orkestra filarmonikoekin batera eskaintako kontzertu gogoangarrian. Ordutik orkestra nabarmenekin eta zuzendari ospetsuenekin aritu da bakarlari mundu osoan zehar: Berlin eta Municheko Orkestra Filarmonikoak, Boston Symphony, Cleveland Orchestra, Chicago Symphony Orchestra, New York Philharmonic, Leipzig Gewandhaus, Londresko Philharmonia eta abar, Claudio Abbado, Vladimir Ashkenazy, Daniel Barenboim, Ricardo Chailly, Charles Dutoit, Esa-Pekka Salonen, Lorin Maazel zein Kent Naganok zuzenduta; azkenaldiko emanaldien artean, aipatzekoa da iaz debuta egin zuela Dresdengo Staatskapelle delakoarekin, Christoph Eschenbachek zuzenduta. Orkestrekin bakarlari jarduteaz gain, ganbera-musika lantzen du eta biolin-irakasle ere bada Mannheimgo Musika eta Arte Eszenikoen Kontserbatorioan; horrezaz gain, haur zein erretiratuentzat ere egiten ditu emanaldiak. 1999tik Nippon Foundation erakundeak utzitako "Sasserno" Stradivarius biolina jotzen du.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lehenbiziko aldiz ariko den honetan, Viviane Hagnerrek Alban Bergen Biolin eta orkestrarako kontzertua interpretatuko du. Konpositorearen azken lan instrumantala, eta ezagunena, den honetan Bergek bere lagun Alma Mahlerren alabaren izaera eta hura heriotzera eraman zuen gaixotasunaren bilakaera islatzen ditu.

Zoe Nicolaidou eta Mahlerren 4. Sinfonia. Txipretar soprano gaztea Parisko Operako Artista Gazteen Programan aritu zen 2009 urtetik 2011 urtera bitartean. Hor ekin zion bere ibilbideari, Philippe Jordan, Bernharndt Kontarsky edo Dan Ettinger maisuek zuzenduta. 2011.ean denboraldiko artista gazte nabarmenari Le Prix Lyrique du cercle Carpeaux saria merezi izan zuen. Opera abeslari gisa Fantzian, Estatu Batuetan, Suitzan, Austrian eta abarretan aritu da eta kontzertu-abeslari gisa bere errepertorioak oratorioak zein lan sinfonikoak hartzen ditu; horretan jardun du Portoko Orkestra Nazioanalaren denboraldian, La Roque D'Antheron nahiz Echternach jaialdietan eta beste hainbatetan. Halaber, errezitalak eskaini ditu Parisko Palais Garnier, Vienako Musikverein, Erromako Villa Medicis, Txipreko Arts Foundation eta abarretan.

Gustav Mahlerrek bere 4. Sinfoniako azken mugimenduan berreskuratutako Gazteriaren adar magikoa bildumako kanta interpretatuko du Zoe Nicolaidouk.

 

Osteguna 28 Apirila, 2016

Trio Medici-k Beethoven, Schubert eta Ravelek biolin, biolontxelo eta pianorako idatzitako lanak interpretatuko ditu Mirmaongo Matinéetan

Trio Medici-k Beethoven, Schubert eta Ravelek biolin, biolontxelo eta pianorako idatzitako lanak interpretatuko ditu Mirmaongo Matinéetan
Apirilaren 30ean, Acádemie Ravel eta Euskadiko orkestraren arteko lankidetza-akordioari esker.

Apirilaren 30ean, larunbatean, Trio Mediciren emanaldia Miramongo Matinéetan. Vera Lopatina (biolina), Olga Kirpicheva (pianoa) eta Adrien Bellom-ek (biolontxeloa) osatutako hirukote honek Grand Prix de l'Académie Ravel saria eskuratu zuen 2014.ean. Kontzertuak Donibane Lohitzuneko erakunde honen eta Euskadiko Orkestraren arteko lankidetza-hitzarmenari erantzuten dio.

Trio Medici 2013an Parisko Musika eta Dantza Kontserbatorio Nazionalean sortu zen. 2014ko irailan Donibane Lohitzuneko Académie Ravel erakundearen Sari Nagusia merezi izan zuten. Eta ondoren jasotako sarien artean, Vienako 6. J. Haydn Nazioarteko Ganbera Musika Lehiaketan 2. saria eta 2. Saria, halaber, Melbouneko 7. Nazioarteko Ganbera Musika Lehiaketan. Horiei esker, nazioarte mailan nabarmendu dira. 2015etik Belgikako Elisabeth Erregina Musika Kaperako artista egoiliarrak dira eta teknika hobetzeko eskolak eman dizkiete M. Da Silva eta Artemio laukoteak, R. Pasquier, I. Golan, P. Bernold eta Ébène laukoteak. Kontzertuak eman dituzte Parisko La Philharmonie, Salle Gaveau eta Auditórium del Louvre-en eta Melbourne Recital Centre zein Vienako Haydn Saal delakoan; eta baita honako jaialdietan ere: La Roque d'Anthéron, Festival de l'Orangerie de Sceaux, Festival Ravel de Monfort l'Amaury, Russian Classics de Flagey, Bruselan, eta abar.

Egitaraua. Trio Medicik intepretatuko ditu Beethovenen Pianodun 1. trioa mi bemol maiorrean, opus 1; Franz Schuberten Adagioa mi bemol maiorrean, "Notturno", D.897, eta Maurice Ravelen Pianodun trioa la minorrean.

Euskadiko Orkestrako kideek osatutako haize-boskote bat, igandean Donibane Lohitzuneko Ravel Auditoriumean. Acádemie Ravel eta Euskadiko Orkestraren arteko lankidetza-hitzamenaren baitan, halaber, maiatzaren 1ean, igandean, Orkestrako haize-taldeetako bakarlariek osatutako boskote batek kontzertu bat emango du Donibane Lohitzuneko Auditoriumean. ariko diren musikariak dira Hélène Billard (flauta), Pascal Laffont (oboea), Juan Navarro (klarinetea), François Proud (fagota) eta Jean-Luc Casteret (tronpa). Pianoan lagun izango dute Phillip Hattat Colin, 2012an Acádemie Ravel-en sari nagusia irabazi zuena. Poulenc eta Mozarten lanak interpretatuko dituzte.

 

Asteazkena 27 Apirila, 2016

16/17 Denboraldia: Pinchas Zukerman edo Katia eta Marielle Labèqueen mailako bakarlarien eta Jun Märkl zein beste zuzendari handien topaleku

16/17 Denboraldia: Pinchas Zukerman edo Katia eta Marielle Labèqueen mailako bakarlarien eta Jun Märkl zein beste zuzendari handien topaleku
Euskadiko Orkestraren 2016/17 Abonu Denboraldia urriaren 3an hasiko da Gasteizen eta 2017ko ekainaren 22an bukatuko da, Donostian. Orkestrak 11 programa ezberdin eskainiko ditu egoitza bakoitzean

Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan aurkeztu da 16/17 Kontzertu-denboraldia. Eusko Jaurlaritzako kultura, gazteria eta kirol sailburuorde Joxean Muñozek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Oriol Rochek komunikabideei agertu dizkiete datozen hilabeteotan Orkestrak burutuko dituen jarduerak eta baitan horietan lagun izango duen irudia ere. Denboraldi berria #momentum kontzeptuari lotuko zaio: "denbora gelditu dela ematen duen unea, gelditasunerako espazioa. Musikaren bidez emozionatzeko unea, ezinegonak darabilen gizarte zorabiagarri honetan...".

Euskadiko Orkestra sinfonikoak kontzertu-denboraldi berri bat proposatzen dizu, lehen mailako bakarlari hauei protagonismoa eskainita: Pinchas Zukerman, Katia & Marielle Labeque ahizpak, Julian Rachlin, Enrico Dindo eta Vadim Gluzman. Baita Jun Märkl, Ari Rasilainen eta Hans Graf zuzendari handiei ere.

Euskadiko Orkestrak gure herriko musika eta kultura arloko ondasun nagusia bilakatzeko bidean jarraitzen du aurrera. Topaleku da bere egoitzetan eta gero eta presentzia handiagoa duen hirietan; eta egoera horretatik eskaintzen da kulturgune gisa, hausnarketarako eta emoziorako espazio gisa proposaturik. Hausnarketa hori urritik ekainera doan aukera zabalari lotzen zaio, eta emozioak norbanako bakoitza blaitzen du, Euskadiko Orkestraren proiektuarekin bat egiten du eta pertsona gisa hazi arazten dio.

Abiapuntu horretatik, Euskadiko Orkestrak, hausnarketarako eta emoziorako topagune den aldetik, bere publiko guztiari proposatzen dio, abonatuei eta abonatu gabeei, xede duen gizarte osoari, azken finean, ezagutzea eta aintzatestea. Errepertorio berria ezagutzea, estetika berriak, Orkestrak lehen aldiz aurkezten dituen lan berriak, hala nola Elgar (biolinerako kontzertua), Hosokawa, Walton. Eta Orkestrak berriro bizitu izan nahi dituen beste batzuk aintzatestea, hala nola Tchaikovsky (4.a), Schumann (2.a), Debussyren "Images" eta Escudero ere bai, "Gernika" bere lanaren irakurketa berri batekin, José Ramón Encinar-en aditu-begiradapean.

Asteazkena 13 Apirila, 2016

Musika Familian: "Stick Dance Quartet", Donostia eta Gasteizen

Musika Familian: "Stick Dance Quartet", Donostia eta Gasteizen
Familiartean gozatzeko perkusio-kontzertua, apirilaren 16an, larunbatean Kursaaleko ganbera-aretoan eta 17an, igandean, Gasteizko Principal Antzokian.

Asteburu honetan Euskadiko Orkestrako Musika Familian zikloaren baitan, "Stick Dance Quartet" kontzertua izango da. Ikuskizun honek perkusioaren mundu eroaren ikuspegi umoretsu, eguneroko eta sentibera agertuko digute. Apirilaren 16an, larunbatean, Donostiako Kursaaleko ganbara-aretoan, Kursaal Eszenarekin elkarlanean; eta igandean, hilak 17, Gasteizko Principal Antzokian, Udal Antzoki Sarearekin lankidetzan.

STICK DANCE QUARTET
Donostia: apirilaren 16an, 18:00etan, Kursaaleko ganbera-aretoan.
Gasteiz: apirilaren 17an, 18:00etan, Principal Antzokian

(Sentsibilizazio Tailerra 16:45etan. Koordinatzailea: Elisabete Arabaolaza)

Lau pekusionista eta baxu-jotzaile batek, Anthony Lafargue Orkestrako tinbal eta perkusio-bakarlariak zuzenduta, oso ezaugarri berezia duen egitaraua eskaniko digute: entzungai izango den musika oro garaikidea da, bizirik dauden konpositoreek idatzia. Hau da, gaur-gaurko musika da. Horretarako, askotariko perkusio-instrumentuak baliatuko dituzte. "Stick Dance Quartet" kontzertuan, gainera, perkusionistek perkusioaren mundu eroaren ikuspegi umoretsu, eguneroko eta sentibera agertuko digute; horretarako, gure bizitzan erabiltzen ditugun objektuak perkusio instrumentu bihurtuko dituzte.

Anthony Lafargue, Frédéric Chambon eta Elur Arrieta, perkusioa; Jorge Pacheco, perkusioa eta aurkezpena; Juan Ignacio Emme, baxua;

EGITARAUA:
1. Charles Owen: Lover
2. Anthony Lafargue: Hablando con él
3. Emmanuel Séjourné: Marteko tribuak
4. Nebojsa Jovan Zivkovic: Trio per uno
5. Chick Corea (Stick Dance Quartet-en moldaketa): Spain
6. Igor Lesnik: Chamade Suite

7. Richard Galliano (Stick Dance Quartet-en moldaketa): Tango pour Claude
8. Manfred Menke: Eine Kleine Tischmusik (Mahai-musika txikia)

 

Orriak