Osteguna 10 Azaroa, 2016

"Musika ikasitik amerikar kantu herrikoietarqa", azaroaren 12an Miramongo Matinéetan

"Musika ikasitik amerikar kantu herrikoietarqa", azaroaren 12an Miramongo Matinéetan
Belharra hari boskoteak Brahms eta Dvoráken obrak proposatzen ditu Orkestraren egoitzan izango den goizeko emankizunerako.

Azaroaren 12 larunbatean, goizeko hamaiketan izango den emanaldirako, Miramongo Matinéek zera proposatzen dute: ganbera musikari beste ikuspegi batetik so egin eta, erreferentziazko konpositoreak izateaz gain, lagun minak izandako bi musikagileren lana aurrez aurre jartzea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek osatutako Belharra hari boskoteak Brahms eta Dvoráken lan bana interpretatuko du "Musika ikasitik amerikar kantu herrikoietara" izenburudun kontzertuan.

Alemaniar konpositorea baino urte batzuk gazteagoa, Dvorákek beti izan zuen Brahmsen laguntza. Haren mentorea izan zen, nolabait esateko, eta Berlingo Simrock argitaletxearen ateak ireki zizkion. Urte gutxitan nazioarteko sona lortzea ahalbidetu zion horrek. Biek formakuntza oso klasikoa jaso eta ganbera lanetan molde klasikoaren eta etorri herrikoiaren arteko oreka lortu zuten. Belharrak joko dituen bi obren bidez nabarmenduko da Brahmsen eta Dvoraken lanen arteko kontrastea; bere 1. hari kintetoak erakusten duen bezala, lehena europar musika ikasian ainguratutako egilea da eta, bigarrenak, aldiz, ausartagoa, xedea du betiere baliabide klasikoak erabiliz amerikar kantu herrikoien hotsak adieraztea, 3. hari kintetoan entzungo den bezala.

Belharra osatzen duten musikariak dira Xabier Gil eta Antoni Kosc biolinistak, Natacha Dupuy-Scordamaglia eta Yann Seyrac biola-jotzaileak, eta Pascale Michaud biolontxelo-jotzailea.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

 

Ostirala 04 Azaroa, 2016

Enrico Dindo italiar biolontxelista Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bakarlari gonbidatu

Enrico Dindo italiar biolontxelista Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bakarlari gonbidatu
“Teknika sendo bati esker, ziurra, kartsua eta irekia” Horrela definitzen du kritikak EOSekin batera aurkeztuko duen Shostakovichen Biolontxelorako 1. kontzertua interpretatzerakoan.

Azaroaren 7 astelehenean abiatuko da Gasteizen Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiko bigarren kontzertu programa. Orkestrarekin batera, estreinakoz ariko da egun nazioarte mailan sona handia duen Enrico Dindo biolontxelista italiarra. Kontzertu horietako beste ardatzetako bat izango da Xabier Otaolea bilbotar konpositore gaztearen Agartha lan sinfonikoaren erabateko estreinaldia. Programaren izenburu den "Ingalaterratik Italiarako bidaia" osatzeko, Orkestrak Vaughan Williams eta Elgar lan bana joko du; errepertorio anglosaxoiaren ezinbesteko erreferentzia dira biak. Orkestraren zuzendari gonbidatu ariko da urtebeteren buruan gurera itzuli den Ari Rasilainen finlandiarra.

Kontzertuak. Azaroaren 7an Gasteizko Principalean izango den kontzertuaren ondoren, Orkestra izango da 8an Iruñeako Baluarten, 9an Bilboko Euskaldunan eta, amaitzeko, azaroaren 10 eta 11n Donostiako Kursaalean.

Hamaika urtean Milango Teatro alla Scalako biolontxelo printzipal izan ostean, Enrico Dindo 1997.ean Pariseko Concours Rostroprovich entzutetsua irabazi eta nazioarte maila konpromezu gehien zituen bakarlari gonbidatuetako bat bihurtu zen. Ordutik aurrera orkestra nagusienekin aritu da: BBCko Filarmonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala, Capitole de Toulouse, Tokyo, Chicago edo Torontoko sinfonikoak, Gewandhausorchester Leipzig eta abar. Zuzendu duten maisuen artean daude Riccardo Chailly, Aldo Ceccato, Gianandrea Noseda, Daniele Gatti, Yuri Temirkanov, Paavo Järvi, Valery Gergiev eta Mstislav Rostropovich bera. Dindok Decca disko etxearentzat grabatzen du eta 1717ko Pietro Giacomo Rogeri (ex Piatti) biolontxeloa jotzen du, Pro Canale fundazioari esker. EOSekin batera emango dituen lehenbiziko kontzertuetan, Shostakovichen Biolontxelorako 1. kontzertua interpretatuko du.

Agartha, Xabier Otaoleak (Bilbo, 1989) 2014.ean sortua, lurraren barruko hutsunean hildakoen erresuma bat dagoela jasotzen duen mitotik eratortzen da, Gobiko basamortuaren azpian are zehatzago. Hark "eguzkirantz igotzen diren zuhaitz handi baten adarrak" edo "arimen multzo erraldoi batek osatutako orkestra" gisa ikusten du orkestra, eta pixkanaka aurrerantz doazen akorde erraldoien bitartez islatzen du hori, banakako ahots mordoaren barne-polifoniaren bitartez luzatzen da.

Ingeles musika, egitarauaren atarian zein itxieran. 1910.ean R. Vaughan Williamsek idatzitako Thomas Tallisen gai bati buruzko fantasia espiritualak irekiko ditu kontzertuak; XVI. mendeko doinu bat oinarri duen pieza berehala klasiko bilakatu zen Erresuma Batuan. Eta amaitzeko, Orkestrak In the South joko du. Horretan, E. Elgarrek 1903an Italian emandako garaia du hizpide.

 

Osteguna 03 Azaroa, 2016

Robert Treviño Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular izendatua

Robert Treviño Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular izendatua
Robert Treviño estatubatuarra izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular berria 2017/2018 denboralditik aurrera. Euskal orkestrako arduradun artistiko gorena 2017/2018, 2018/2019 eta 2019/2020 denboraldietan izango da titular.

Robert Treviño estatubatuarra izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular berria 2017/2018 denboralditik aurrera. Euskal orkestrako arduradun artistiko gorena 2017/2018, 2018/2019 eta 2019/2020 denboraldietan izango da titular. Euskadiko Orkestraren Zuzendari Nagusi Oriol Rochek proposatua, izendapena gaur goizean onartu du Miramongo egoitzan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailburu Cristina Uriarte buru izan duen Administrazio Kontseiluak. Robert Treviñok Jun Märklen lekukoa hartuko du, horrek 2017ko ekainan bukatuko baitu 2014ko udazkenean abiatu zen hiru denboraldiko kontratua.

Zuzendari titular berriak bitan zuzendu du Euskadiko Orkestra. Estreinakoz, joan zen martxoan izan zen Orkestrarekin: Abonu Denboraldiaren baitan, Bruckner-en 7. Sinfonia zuzendu zuen. Ondoren, irailan, BBK Museo Hiria/Ciudad Museo proiektuaren harira, Bilboko Azkuna Zentroan izandako kontzertua zuzendu zuen. Egindako lanari esker, estatubatuar maisuak soinu eta oreka aipagarriak lortu zituen. Robert Treviñok zuzendari-profil berri bati erantzuten dio eta aurrera jarraituko du musika-erakunde honek Euskadiko funtsezko proiektu gisa egin beharreko hedatze- eta sendotze-bidean.

Bere ibilbideari dagokionez, Robert Treviñok bere nazioarteko jardunean aurrerapauso bat eginez hartu du bere gain EOSen titular izateko ardura. 2013ko abenduan, Moskuko Bolshoi ezagun bezain zailean inoiz ez bezalako arrakastatzat hartua izan zen hura abiapuntua izan zen gerora Europa eta Asian barrena zuzendari gonbidatu gisa egindako bidean. Egun debutatu du jada ospe handiko orkestrekin: Munich eta Londresko orkestra filarmonikoak, Bambergeko Sinfonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala eta Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoa, esaterako. Eta Estatu Batuetan ere aurrera darrai eta Detroit, San Francisco, Cleveland edo Cincinattiko orkestrak zuzentzen ditu sarritan. (honekin batera, biografia osoa doakizue).

 

Asteazkena 02 Azaroa, 2016

Euskadiko Orkestrak azaroaren 23an irekiko du Fair Saturday 2016

Euskadiko Orkestrak azaroaren 23an irekiko du Fair Saturday 2016
Fernando Velázquezek zuzenduta, kontzertu bat emango du Ken Zazpi, Zea Mays eta Doctor Deseo taldeekin batera.

Azaroaren 23 asteazkenean, Euskadiko Orkesta Sinfonikoak, Fernando Velázquezen gidaritzapean, Fair Saturday mugimenduaren inaugurazio kontzertua emango du Ken Zazpi, Zea Mays eta Doctor Deseo taldeekin batera, mugimendu kultural honen 2016ko edizioari hasiera emateko. Kontzertu hau Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde antolatzen da, gosearen eta eralgiketaren aurkako borroka bultzatuz.

Emanaldia Bilboko Campos Antzokian izango da eta sarrerak salgai daude www.teatrocampos.com webgunean, antzokiko leihatilan eta Kutxabank kutxazainetan.

Ostirala 28 Urria, 2016

Euskadiko Orkestrak Bilboko Portuan egindako erreportaje ofizialaren "making off"-a

Euskadiko Orkestrak Bilboko Portuan egindako erreportaje ofizialaren "making off"-a
Joan zen abuztuan egin zen erreportajea.

Joan zen abuztuan Euskadiko Orkestra Bilboko Portuan (BILBAOport) izan zen, hori baitzen argazki ofizial berriak egiteko aukeratutako tokia. Aparteko leku hartan, giro ederra sortu zen eta emaitza ikusgarria gertatu da. Hona hemen erreportajearen making-off bideoa.

Arratsalde hartan, kontenedore-terminala plato aproposa bilakatu zen Orkestrarentzat. Horregatik, gure esker ona adierazi nahi diogu Bilboko Portuari.

 

Osteguna 27 Urria, 2016

SOINU-MOSAIKOA Euskadiko Orkestra Sinfonikoan...

Bestelakotasun funtzionala duten 19 pertsonekin ari gara lanean. Gipuzkoako Aspace, Gautena eta Uliazpi elkarteetako kideak dira.

• Bestelakotasun funtzionala duten 19 pertsonekin ari gara lanean. Gipuzkoako Aspace, Gautena eta Uliazpi elkarteetako kideak dira.

• Urtebetean zehar, soinu-sorkuntzaren inguruko tailer bat egiten dugu hilean behin.

• Tailerretan gidari dira Beatriz Linares biolontxelo-jotzailea eta Elena Martínez de Murguía biola-jotzailea; horiek Orkestrako beste hainbat musikariren laguntza dute.

• Partehartzaileak dira: Endika Narkotegi Egia, Gorka Casares Pinzolas, Nerea García Prado, Raúl Oteiza Muro, Rafael Ruiz De Garibay, Koro Alonso Santamaría, Javier González Pérez, María Luisa Iturralde Revuelta, Idoia Berakoetxea Usandizaga, Juan Marcos Echenagusia Nieto, Alejandro Sainz de Vicuña Dorado, Aitor Arambarri Paredes, Imanol Timón Aramburu, Martin Eseberri Sarasola, Ainara Luque Sabeiro, Amaia Peñalba Alayo, Beatriz González Arana, Jon Etxepeteleku Espinosa, Juan Ordoñez María.

Osteguna 27 Urria, 2016

SOINU-MOSAIKOA: proiektua ezagutzeko 10 gako

Gizarteratze-egitasmoaren edukia laburbildurik.

1. Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearen (AEOS) proiektua da.

2. 14 orkestra sinfonikok esku hartzen dute.

3. 2016. urtean zehar, berrehundik gora musikari ariko dira garapenaren desgaitasuna edo ezintasun intelektuala duten 300 pertsonei zuzendutako tailerretan.

4. Gure lagun dira Plena Inclusión federazioa eta BBVA Fundazioa.

5. Parte-hartzaileek Emilio Aragonék sortutako La flor más grande del mundo (munduko lorerik handiena) musika-lanaren inguruan egingo dute lan. Doinu horrek izenburu bera duen José Saramagoren ipuina du oinarri.

6. Jatorrizko musikari gehitu zaizkion mikro-konposizioak sortuko dituzte.

7. Sortuko diren hamalau musika-lanak horien egileek interpretatuko dituzte, orkestran zein eszenan integraturik, Abonu-kontzertu batean.

8. Azken kontzertu horietan, mila musikari baino gehiago ariko dira guztira.

9. Prozesu osoa Ángeles Muñizen "Soinu-Mosaikoa" dokumentalean jasoko da.

10. Proiektuan aholkulari dihardutenen artean daude musikoterapeutak, aurrez horrelako esperientziatan eskarmentudun musikariak, desgaitasuna duten pertsonen elkarteak, pertsona hauekin lan egiten duten aktoreak, kultur-bitartekaritzan adituak eta abar.

Osteguna 27 Urria, 2016

SOINU-MOSAIKOA

SOINU-MOSAIKOA
AEOSek, BBVA Fundazioak eta Plena Inclusión-ek sustatutako proiektu honen bidez, urratsak egiten ari dira bestelakotasun funtzionala duten pertsonak soinu sorkuntzako lantegietan txertatzeko, aldi berean lan egiten duten 14 orkestraren partaidetzaz.

Soinu Mosaikoa proiektuaren bidez, urratsak egiten ari dira bestelakotasun funtzionala duten pertsonak soinu sorkuntzako lantegietan txertatzeko, aldi berean lan egiten duten 14 orkestraren partaidetzaz. Hamalau elkarte sinfonikoko 140 musikari lan egiten ari dira desgaitasun intelektuala duten 228 pertsonarekin, AEOSek (Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartea), BBVA Fundazioak eta Plena Inclusión elkarteak sustatzen duten programaren garapenean. Parte-hartzaileak Munduko lorerik handiena (La flor más grande del mundo) lana prestatzen ari dira, Emilio Aragónek José Saramagoren ipuinean oinarrituta egindako konposizioa, eta jatorrizkoari gehituko zaizkion mikrokonposizioak sortzen ari dira. Sortzen diren lanak orkestra bakoitzaren abonu programazioan joko dira 2017ko lehenengo hiruhilekoan. Nabarmendu behar dugu Espainiako 14 orkestrak bultzatutako proiektu honen abiagunea Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurretiaz izandako esperientzia dela, orain dela urte batzuk FEVASekin batera garatu zena eta musika norberaren garapenerako eta gizarteratzeko tresna bezala sentitzean oinarrituta dagoena. Jarduera hau Mikel Cañadak koordinatzen duen MUSIKA GELAn garatuko da. Euskadiko Orkestrak 2017ko urtarrilean aurkeztuko du SOINU-MOSAIKOAren emaitza.

Astelehena 24 Urria, 2016

Euskadiko Orkestrak biola tutti 1 hautatzeko lehiaketa abiarazi du

Euskadiko Orkestrak biola tutti 1 hautatzeko lehiaketa abiarazi du
Horretarako izena emateko epea 2017ko martxoaren 15ean amaituko da.

Euskadiko Orkestrak biola tutti 1 hautatzeko lehiaketa abiarazi du. Horretarako izena emateko epea 2017ko martxoaren 15ean amaituko da eta probak apirilaren 6an, ostegunean, izango dira. Gogorarazten dizuegu, halaber, datorren azaroaren 9an itxiko dela bi biolin tuttien hautaketarako izena emateko epea; hauta-probak azaroaren 28an eta 29an egingo dira.

Hautapen-probetan parte hartu nahi duten pertsonek http://www.muv.ac/es/orquesta-sinfonica-de-euskadi-basque-national-orchestra-euskadiko-orkestra-sinfonikoa webgunean eman beharko dute izena. Probak euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan izango dira, Donostian.

 

Osteguna 20 Urria, 2016

Datorren Miramongo Matinéean Trío Alma-k Beethoven eta Schuberten arteko harremanaz jardungo dute, horien hari-trioak baliatuz

Datorren Miramongo Matinéean Trío Alma-k Beethoven eta Schuberten arteko harremanaz jardungo dute, horien hari-trioak baliatuz
Urriaren 22 larunbatean, Orkestraren egoitzan.

Urriaren 22 larunbatean, goizeko 11etan, Matinée berri bat izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan. Trío Alma hirukoteak "Elkartze hunkigarren baten historia" aurkeztuko dute. Ludwig Van Beethoven eta Franz Schuberten hari-trioak hizpide hartuta, bi konpositore horien arteko harremanaren historiaren nondik norakoak kontatuko dizkie Miramongo Matinéera bertaratzen diren entzuleei.

Historia bitxia da musikaren historian konpositore handienetakoak diren bi horiena: behin bakarrik ikusi omen zuten elkar, Beethoven hil baino hilabete batzuk lehenago, eta, jada gaixorik zegoela, Schubert lehenago ezagutu ez izanak penatu zuen hura. Beethoven zendu ostean, Schubertek zuzia eraman zuen hileta elizkizunean. Alabaina, bere garaiko onenatzat hartua izan zen konpositorearen heriotzak askatasuna ekarri zion Schuberti. Ondorengo hogei hilabeteetan, hil zen arte, maisulan itzelak sortu zituen. Horien artean, nabarmentzekoa da Winterreise Lieder-zikloa. Harreman hori nolabait islatzeko, Trío Almak interpretatuko ditu Schuberten Trioa si menol maiorrean eta Beethovenen 3. Trioa, opus 9. Schubert hil ondoren, hari-trioa bazterturik geratu bazen ere, izan zen salbuespenen bat; larunbatean bi trioen artean interpretatuko duten Kodalyren Intermezzoa, esaterako.

Trío Alma dira Itziar Prieto biolinista, Yann Seyrac biolajotzailea eta Flore Lefevre biolontxelojotzailea. Hirurak Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak dira.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

 

Orriak