Euskadiko Orkestrak, Ari Rasilainenek zuzenduta, Sibeliusen "Kullervo" sinfonia koral ezohikoainterpretatuko du

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bihar irailaren 24ean abiatuko du Gasteizko Principal Antzokian bere 2015/2016 Abonu Denboraldia. Eta hasteko Euskal Herrian lehenbiziko aldiz interpretatuko den obra handi bat dakar Orkestrak: Sibeliusen Kullervo sinfonia korala. Aukera ezinhobea da konpositorearen unibertso finladiarrean murgiltzeko, haren jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan. Ari Rasilainen maisuaren zuendaritzapean, Orkestrak Marjukka Tepponen zein Markus Nieminen bakarlariak eta Xalbador Rallok zuzentzen duen Easo Abesbatza izango ditu lagun.
Euskadiko Orkestra bihar osteguna, hilak 24, Gasteizko Principal Antzokian, 25ean Iruñeako Baluarten, 28 eta 29an Donostiako Kursaalean eta 30ean Bilboko Euskalduna Jauregian ariko da.
Egitaraua. Kullervo finlandiar musikaren kondairazko sorkuntza da. Sibeliusek 25 urterekin idatzi zuen, lau interpretazio oso izan ziren 1892-93an eta, ostean, kaxoi batean gorde zuen 1957. urtera arte. Gaztetan idatzitako lanen artean ukigabe geratutako bakarrenetakoa dugu, Sibeliusek ia bere lehen ekoizpen guztia suntsitu edo sakonki berrikusi baitzuen. Sinfonia koraltzat joa, Kullervo lanak Kalevala Finlandiako olerki epiko handiaren pertsonai izenkidearen istorio tragikoa azaltzen du. Hirurogeita hamar minutuko iraupena izanik, bere tamaina eta hizkuntzak eragiten dituen arazoak direla eta, oso gutxitan entzun ohi da Finlandiatik kanpo. Orkestrak hango hiru espezialista handiren laguntza izango du: Marjukka Tepponen sopranoa, Markus Nieminen baritonoa eta Ari Rasilainen zuzendaria. Beraiekin batera, Easo Abesbatzako gizonezko ahotsak. Aurrez Finlandia izango da entzungai; 1889. urtean Finlandiaren independentziaren aldeko ikur bilakatuta, poema sinfoniko honek nazioarteko ospea eman zion Sibeliusi.
2015/2016 Abonu Denboraldia. Orkestrak kontzertu gehiago eskainiko ditu Denboraldi honetan. Honela, iragan denboraldietan emandako abonu kontzertu kopuru berbera eskainiko du, bultzada berria emanaz denboraldiari eta harreman estuagoa sendotuz Bilbo, Donostia eta Iruñeko zikloekin. Halaber, zuzendari eta bakarlari berriak ekartzeko apustua egin du. Gehienak izen berriak dira euskal eszenatokietan, zenbaiten kasuan baita estatuan ere, baina guztiek ere ospe eta entzute handia lortu dute nazioartean. Kontrastea izango da Denboraldi honetako programen ezaugarri nagusia: kontrastea musikagile, lan, estilo eta formatu ezberdinen artean. Orkestrak eskainiko duen musika-katalogo zabalean, errepertorio sinfonikoaren funtsezko lanez gain, musika garaikidea eta eszena sartuko ditugu ere.
Larunbata 12tik aurrera eskuragarri Euskadiko Orkestrak eta SGAE Fundazioak Zinemaldian antolatutako kontzerturako sarrerak

Bihartik, hilak 12tik aurrera jaso ahalko dira, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAE Fundazioak antolatuta, Zinemaldiaren baitan Euskadiko Orkestrak irailaren 19an (12:00etan) Donostiako Belodromoan eskainiko duen filmetako soinu-banden kontzerturako sarrerak.
Sarrera doakoa da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea, irailaren 12tik 18ra, Zinemaldiak Kursaal Elkargunean eta Okendo Plazan dituen informazio guneetan, 9:00etatik 20:00etara eta 10:00etatik 20:00etara, hurrenez hurren; eta baita Donostia Turismoa bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara eta igandean, aldiz, 10:00etatik 19:00etara. Kontzertu egunean sarrerarik balego, Belodromoan jaso ahalko dira.
Salgai daude jada Abonu Denboraldiko eta Miramongo Matinéetako kontzertu guztietarako sarrerak

Gaur, hilaren 10ean, jarri dira salgai Abonu Denboraldiko kontzertuetarako (Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruña) eta Miramongo Matinéetako emanaldietarako sarrera solteak. Irailaren 24 ostegunean Gasteizko Principal Antzokian abiatuko den Abonu Denboraldiari dagokionez, sarreren prezioa 7 eurotik 31 euro bitartekoa da. Irailaren 26an hasiko diren Miramongo Matinéetarako sarrerek, berriz, 7 euroko prezio bakarra dute.
Sarrera guztiak webgune honen bidez erosi ahalko dira, Abonu kontzertu edo Matinée bakoitzaren programaren xehetasunean dauden loturak erabiliz.
Gainera, honako salmenta-bideetan ere izango dira eskuragarri:
-Abonu Denboraldia:
Bilbo: www.kutxabank.es / Euskalduna Jauregiko leihatila.
Donostia: www.kutxabank.es / Kursaal Auditorioko leihatila.
Gasteiz: www.kutxabank.es / www.vitoria-gasteiz.org/teatros / Principal Antzokiko leihatila.
Iruña: www.baluarte.com / www.ticketmaster.es / Ticketmaster (902 15 00 25)/ Baluarte Auditorioko leihatila.
-Miramongo Matinéeak zikloa:
www.kutxabank.es / Kursaal Auditorioko eta Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzako leihatiletan.
Azken abonuak salgai.
-Abonu Denboraldia: Bilborako abonuak. Prezioa: 11 kontzerturako abonuak 111 eurotik gorako prezioa du (kontsultatu deskontuak).
-Miramongo Matinéeak zikloa: 16 kontzertutarako abonuak 83,50 euroko prezioa du (kontsultatu deskontuak).
Abonu oro hemen eros daiteke edo baita Euskadiko Orkestraren Miramongo bulegoetara telefonoz dei eginez ere (943 01 32 32).
Abian dira Miramongo Matinéeak

Miramongo Matinéeak Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek musika sinfonikoaz at dauden errepertorioak jorratzen dituzten programak diseinatu ditzaten sortutako bilaketa eta hausnarketarako espazioa dira funtsean. Gainera, bestelako egitarauak aurkezteko etengabeko ahaleginean, oso garrantzizkoa bihurtu da beste erakunde artistikoekin lankidetza, hortik sortzen baita eskaintza beste diziplinetara zabaldu eta abesbatza-emanaldiak, esaterako KUP Taldearekin, edo Dantzaz Konpainiarekin elkarlanean, zuzeneko musika zein dantza uztartzen dituen ekoizpenak burutzeko aukera. 2015/2016 Denboraldian 16 emanaldi izango dira, larunbatetan goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan.
Abonuak jada salgai. 16 kontzertuetarako abonuak 83,50 euroko prezioa du eta 64 eurokoa tarifa bereziko onuradunentzat (ikus programazioaren pdfa) eta jada eskuragarri dago Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo honako inprimaki hau bidaliz / Sarrera solteak, berriz, irailaren 10ean jarriko dira salgai, 7 euroko prezio bakarrean. Sarrerak www.kutxabank.es webgunean, Kursaal Auditorioko leihatilan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
Irailaren 26an, abesbatza musika handia denboraldia irekitzeko: KUP Taldeak eta Kaabestri ganbera taldeak J.S. Bachen kantatetara hurbilduko gaituzte, hauetako lau interpretatuz. 2003 urtean Grabriel Baltésen zuzendaritzapean sortutako KUP ahots taldeak Miren Urbieta sopranoa, Marta Infante mezzoa, Xabier Anduaga tenorea eta Mikel Zabala baxua izango ditu lagun errepertorio zail honi aurre egiterakoan. Atal instrumentalari dagokionez, ardura Euskadiko Orkestrako hainbat kidek osatutako Kaabestri taldearena izango da. Guztiek elkarrekin Miramongo Matinéen denboraldiari hasiera bikaina emango dion proiektua aurkeztuko dute.
Miramongo Matinéek Kutxa Fundazioaren babesa dute.
Informazio gehiago
Miramongo Matinéeak 2015/2016. ProgramazioaZinema Musika Belodromoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta SGAE Fundazioaren eskutik

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAE Fundazioak Zinemaldiaren baitan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen filmetako soinu banden kontzertua aurkezten dute aurten ere. Aurreko alditan Orkestraren Miramongo egoitzan izan ostean, aurtengoan, berritasun modura, kontzertua Belodromoan izango da. Hitzordua, irailaren 19 larunbatean eguerdiko 12etan. Sarrera doakoa da.
Belodromora eramatearen aldeko apostuak dimentsio zabalago bat ematen dio zinema eta musika uztartzen dituen topaketa honi: batetik, edukiera nambarmen handitzen da, 2500 jarleku izateraino; bestetik, kokapen berri honek eskaintzen dituen aukera teknikoen artean, nabarmentzekoa da 400m2ko pantaila. Gainera, leku-aldaketa honek kontzertua Zinemaldiko gune nagusienetariko baten programazioaren baitan kokatzen du.
Kontzertuaren egitarauak Alfonso de Vilallonga, Fernando Velázquez, Joan Valent, Pascal Gaigne eta Alberto Iglesiasen soinu banden zatien aukeraketa biltzen du; soinu bandak honako filmetarako sortutakoak dira: Blancanieves (Pablo Berger), Zipi y Zape y el club de la canica (Oskar Santos), Las Brujas de Zugarramurdi (Álex de la Iglesia), honetan Donostiako Orfeoiko hainbat kide ariko delarik; Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), Lasa eta Zabala (Pablo Malo) eta Pedro Almodóvarren Todo sobre mi madre, Hable con ella, La mala educación eta La piel que habito. Horrezaz gain, kontzertuak irudizko osagai gehigarria izango du: Orkestrak Roman Gottwalden gidaritzapean zuzenean interpretatuko duen musika entzungai izango diren soinu banden oinarri diren filmeen eszenen aukeraketarekin sortutako muntaketaren proiekzioarekin uztartuko da; muntatze hau kontzerturako espreski sortua izan da. Belodromoko eszenatokian bilduko dira gainera soinu banden egileetariko batzuk.
Sarrera doakoa da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea, irailaren 12tik 18ra, Zinemaldiak Elkargunean eta Okendo Plazan dituen informazio guneetan, 9:00etatik 20:00etara eta 10:00etatik 20:00etara, hurrenez hurren; eta baita Donostia Turismoa bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara eta igandean, aldiz, 10:00etatik 19:00etara.
Informazio gehiago
Zinema musika Belodromoan. Prentsa TxostenaEuskadiko Orkestra Sinfonikoa Festival Musique en Côte Basque jaialdiaren aurtengo aldian

Irailaren 4 ostiralean Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Donibane Lohitzunera itzuliko da, bertan 55. Festival Musique en Côte Basque jaialdia irekiko duelarik. Jun Märkl bere zuzendari titularraren agindupean, Orkestrak Aita Donostia, J. Canteloube eta G. Mahlerren obrak interpretatuko ditu. Lagun izango ditu Clara Mouriz mezzoa eta Zoe Nocolaidou sopranoa.
Aipagarria da jaialdi honen baitan bertan, 2012ko irailan, zuzendu zuela estreinakoz Jun Märkl maisuak Euskadiko Orkestra. Orduan Aita Donostia, C. Debussy eta C. Saint-Saënsen lanak izan ziren entzungai.
Festival Musique en Côte Basque jaialdiaren urtengo aldia irailaren 5etik 22ra luzatuko da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuaz gain, besteak beste, Viktoria Mullova eta Katia Labèque edo Nikoli Lugansky izango dira.
Euskadiko Orkestra Senpere eta Getarian, Musika aitzaki zikloaren baitan

76. Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan mugarri izan diren "Tosca" operaren eszenaratzean eta "Mendi-Mendiyan" operaren kontzertu-bertsioan esku hartu ostean, Euskadiko Orkestrak Musika Aitzaki zikloaren baitan bi kontzertu eskainiz ariko da azkenekoz aurtengo Musika Hamabostaldian: abuztuaren 27an Senpereko Larre aretoan eta 28an, berriz, Getariako San Salbador elizan izango da.
Musika Aitzaki zikloaren helburua hiritik urrun dauden espazioak Hamabostaldiaren gune bilakatzea du helburu.
Kontzertu hauetan Euskadiko Orkestrak, ganbera orkestra osaturik eta Lorenz Nasturica-Herschcowici biolinista zuzendari duela, J. Haydn, W.A. Mozart eta L.V. Beethovenen obrak interpretatuko ditu.
Euskadiko Orkestrak "Aitaren etxea" telesailerako soinu banda grabatu du

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa grabaketa berri batean murgilduta. Oraingoan ETBk irailetik aurrera emitituko duen telesail berriaren soinu banda irartu du Miramongo bere egoitzan. Jabi Elortegik ("Zorion perfektua", "Goazen!") zuzendu eta Pausoka-k ekoitzia, "Aitaren etxea" izenburudun sail hau 50. Hamarkadan kokatzen da. Partitura Fernando Velázquez konpositoreak egina da ("Lo Imposible, "Ocho apellidos vasco", "Hércules") eta berak zuzendu du Orkestra soinu banda honen grabaketan.
"Mendi-Mendiyan" obraren bertsio sinfonikoa eta Musika Aitzaki dira Euskadiko Orkestrak Musika Hamabostaldian burutuko dituen gainerako jarduerak

Mendi-Mendiyan. Abuztuaren 22an. José María Usandizaga donostiar konpositorearen jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan, haren operatako bat Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren atriletan izango da beste behin. Oraingoan, Usandizagaren lanik ezagunena, Mendi-Mendiyan, alegia. Musika Hamabostaldiaren eta Donostia 2016-ren eskutik, obra honen kontzertu-bertsioa izango da entzungai Kursaal Auditorioan. Antoni Ros Marbák zuzenduta, Orkestrarekin batera ariko dira hala nola Arantza Ezenarro (Andrea), Miguel Borrallo (Joshe Mari), Olatz Saitua (Txiki), José Manuel Díaz (Juan Cruz) eta Easo Abesbatza.
Musika Aitzaki. Abuztuaren 27 eta 28an. Hiritik urrun dauden guneak Hamabostaldiko espazio bihurtzea helburu duen ziklo honetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikari talde batek eta Lorenz-Nasturica Herschcowici biolinistak kontzertu bana eskainiko dute Senpereko Larre Aretoan (abuztuak 27) eta Getariako San Salvador elizan (abuztuak 28). Egitarauan, Haydn, Mozart eta Beethovenen lanak.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak "Tosca" interpretatzearekin irekiko du bere esku-hartzea aurtengo Musika Hamabostaldian

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Tosca opera interpretatuko du abuztuaren 13 eta 15ean, 76. Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan. Kursaal Auditorioko zulogunetik, Orkestrak Miguel Ángel Gómez Martínezen zuzendaritzapean interpretatuko du G. Pucciniren opera hau. Bakarlari taldearen buru Ainhoa Arteta sopranoa izango da, Floria Toscaren papera interpretatuko duelarik. Aipagarriak dira halaber Teodor Ilincai (Mario Cavaradossi), Roberto Frontali (Il Barone Scarpia), David Lagares (Cesare Angelotti), Valeriano Lanchas (Il Sagrestano) eta Francisco Vas (Spoletta). Abesbatzarako zatiak Xalba Rallok zuzentzen duen Easo Abesbatzak abestuko ditu.
Honako hau Paco Azorínek zuzendutako ekoizpenaren eszenaratzea izango da, Bartzelonako Gran Teatre del Liceu, Sevillako Teatro de la Maestranza eta Salas del Arenal aretoek elkarlanean burututakoa.
