BARROKO GARAIKO EMAKUMEEN MUSIKA BIHAR MIRAMONGO MATINÉETAN

Bihar, otsailaren 14an, Diatessaron taldea ariko da Miramongo Matinéetan, "Barroko garaiko emakume musikagileak" izenburudun kontzertua eskainiko duelarik. Besteak beste, Isabella Leonarda italiarraren partiturak interpretatuko dituzte, XVII. mendeko Italian garrantzi handikoak izan zen eta gerora ere fenomeno berezia izan zen emakume musikagile talde baten ordezkari gisa. XVIII. mendekoa da Élisabeth Jacquet de la Guerre, bere lan artistikoa Luis XIV.aren gortean burutu zuen frantziar konpositorea.
Beranduagokoak izan arren, gure ingurukoak izanagatik eta bere lana ia ezezaguna zaigulako interesgarriak gertatzen diren emakumeen musika ere izango da entzungai: esaterako, Mme. Mazarredok sinatuako Zortziko bat. Partitura hau Mª Antonia de Moyua y Mazarredo edo bere alabari egotzi zaie; XVII. eta XVIII mende arteko euskal burgesiako kideak biak, musika kultura oso errotua zuen gizarte bateko kideak, beraz. Egitaraua osotuz, Eresbilen gordetzen den Mª Josefa Marcoren eskuizkribu batetik ateratako Fandangoa.
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak (7€) www.euskadikoorkestra.eus eta www.kutxabank.es webguneetan eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.
Abian dira Euskadiko Orkestrako "Musika Gela"ren jarduerak

Familiartean gozatzeko ekoizpen propioak eskaintzea eta hezkuntza alorrean musika sinfonikoarekiko irispidea bultzatzea dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren estrategia pedagogikoaren zimentarriak. Estrategia hau Orkestraren Hezkuntza Departamentuak garatzen du kultur zein gizarte erakunde ezberdinekin elkarlanean eta diseinatutako jarduerak Musika Gela markapean heltzen zaizkio publikoari. Datozen hilabateotarako programatutako ekintzak prentsaurrekoan aurkeztu dira. Bertan aritu dira hizlari Oriol Roch, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia, Lohitzune Txarola, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Naiara Sampedro, Donostiako Udaleko Berdintasun, Migrazio eta Gazteriako zinegotzi ordezkaria, José Antonio Echenique, Kursaal Eszenako programatzailea, Ager Lasurtegi, El Diario Vasco-ko Kanpo Harreman eta Babesen burua eta Jimmy Brosa, Gautena-ko Familientzako Laguntza Zerbitzuko arduraduna (FEVAS).
Eskola-haurrentzako jarduerak. Orokorrean musika sinfonikoa eta, bereziki, Euskadiko Okestra Sinfonikoaren egunerokoa hezkuntza-komunitateari hurbiltzea Orkestraren Hezkuntza Departamentuaren egitekoaren ardatz nagusienetako bat bilakatu da azken urteotan. Helburu horrekin sortu ziren 2010 urtean Eskola Kontzertuak. Seigarren aldia duten honetan, hiru ekoizpen aurkeztuko dira ("Galdutako musikaren bila", "Suzko txoria" eta "Stravinsky ezagutu"), haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduak. Eta batxilergoko zein unibertsitateetako ikasleentzat, berriz, Abonu-denboraldiko bi programen Entsegu Irekiak proposatzen ditugu, horietako bat Orkestraren titular Jun Märklek zuzendua. Gainera, ikastetxe bakoitzaren neurrira antolatutako jarduerak eskaintzen darraigu: Orkestraren Miramongo egoitzara bisitaldiak, Ikastetxeetan Tailerrak edo Sinfokids dvdak ikasgelan modu eraginkorrean erabiltzeko antolatutako Irakasleentzako Tailerrak, esaterako.
Musika Familian. Bada musikaz gozatu eta entzute aktiboa lantzeko beste modu bat: familiartean, alegia. Horretarako Gasteiz eta Donostian eskainiko diren bi ekoizpen programatu ditugu. Lehenbizikoa, "Galdutako musikaren bila" piano eta antzezle batentzako kontzertua dugu, 0tik 5 urte bitarteko haurrei zuzendua; eta bigarrena, "Suzko txoria" Euskadiko Orkestrak Iker Sánchezen zuzendaritzapean eskainiko duen kontzertua izango da, Carmen Santonjaren ipuin bat oinarri hartuta. Bigarren kontzertu honen aurretik Sentsibilizazio Tailer bat izango da. Donostiaren kasuan, "Galdutako musikaren bila" Orkestraren Miramongo egoitzan izango da, otsailaren 21ean, eta sarrerak www.kutxabank.es webgunean erosi daitezke; eta "Suzko txoria" Kursaal Auditorioan izango da maiatzaren 23an eta sarrerak www.entradas.diariovasco.com eta sarrerak.kursaal.org webguneetan daude eskuragarri; gainera, sarrera guztiak www.euskadikoorkestra.eus gure webgunean eta aretoetako leihatiletan erosi ahalko dira. Gasteizen kasuan, bi ekoizpenak Principal Antzokian eskainiko dira, otsailaren 15ean eta maiatzaren 29an, eta hauetarako sarrerak salgai jarri eta egun gutxitara agortu ziren.
EOS+FEVAS. Urteak dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioak (FEVAS) elkarlanean dihardutela. Helburua, musika sinfonikoaren entzute aktiboa askotariko publikoen beharretara egokitzeko bide berriak zabaltzea. Aurten lau tailer burutuko ditugu Bilbo eta Donostian. Eta horretaz gain, kontzertu bat antolatu dugu gure egoitzan FEVASeko haur eta gazteentzat eta baita hauen familientzat ere.
Beste eszenatokietan. Euskadiko Orkestraren Hezkuntza Departamentuak antzerki-konpainia ezberdinekin lankidetzan diseinatutako muntaiak geroz eta hurrunago heltzen dira: Teatro Paraíso konpainiarekin eratutako "Barrokino" ikuskizuna Donostian izango da berriz ere, Bartzelonako El Més Petit de Tots jaialdian aurkeztu ondoren eta Europan barrena abiatu aurretik. Eta "Ploc, Ploc, Plik", Pasadas las 4 taldearekin sortutako haurtxoentzako ikuskizuna Xixoiko FETEN 2015 azokan aurkeztuko da.
Bere egiteko pedagogikoa burutzeko, Euskadiko Orkestraren Hezkuntza Departamentuak lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostia eta Gasteizko udalak, Kursaal Eszena, EITB, El Diario Vasco, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetza eta Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS).
Informazio gehiago
MUSIKA GELA 14/15. Programazio osoa"Kanbalatxe: Hego haizea". Urtarrilaren 31 larunbatean Astor Piazzollari omenaldia Miramongo Matinéetan

Larunbata honetan, hilak 31, Euskadiko Orkestraren egoitza Miramongo Matinéea berri bat izango da. Irene Echeveste biolinjotzaileak, Juan Ignacio Emme biolontxelojotzaileak (biak Euskadiko Orkestrako kideak) eta Javier Pérez de Azpeitia pianistak osatutako hirukotearen eskutik, emanaldi hau Astor Piazzolla argentinar konpositore eta bandoneonistari omenaldia bihurtuko da.
Cambalache, trukea, lunfardo izenez ezaguna den eta XX. mende hasieran tangoaren alorrean erabili ohi zen hizkeran, hori da kontzertu hau aurkezteko aukeratutako hitza. Izan ere, aukeratutako egitaraua Astor Piazzollaren eta beste konpositore batzuren musika-lanen arteko cambalachea baita, nolabait esateko. Batetik, Alberto Ginastera eta Carlos Guastavino, argentinarrak biak eta Piazzollaren belaunaldi berekoak; eta bestetik, Enrique Fernández Arbós eta Joaquín Turina, espainiarrak hauek eta aurreko belaunaldikoak.
Piazzollaren ekoizpenetik hautatuak, Milonga del ángel, La muerte del ángel eta Cuatro Estaciones Porteñas obrak izango dira entzungai; eta hauekin batera, Fernández Arbósen Tres piezas originales al estilo español, Turinaren "Círculo", Fantasía para violín y violonchelo; Ginasteraren Danzas argentinas para piano eta Guastavinoren "La rosa y el sauce".
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak (7€) www.euskadikoorkestra.eus eta www.kutxabank.es webguneetan eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.
"Notas en movimiento" dokumentalaren estreinaldia Príncipe Zinematan

Oskar Tejedorren "NOTAS EN MOVIMIENTO" dokumentala Príncipe zinematan estreinatuko da urtarrilaren 30 ostiralean eta bertan ikusi ahalko da hurrengo egunetan ere. Dokumental honek S. Prokofieven "Errauskine" balleta 2013ko ekainan Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian eta, ondoren, Versalleseko Opéra Royal antzokian aurkezteko nola prestatu zen islatzen du.
Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bat egin zuten musikari zein dantzarien bizitzen egunerokoa alderdi pertsonalenetik agertzen duen egitasmo hau gauzatzeko.
Príncipe Zinemak, urtarrilarn 30etaik Aurrera.
Frank Peter Zimmermannen berrelkartzea Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin

Frank Peter Zimmermannek "Euskadiko Orkestrarekin batera emozio mordoa" eskainiko duela hitz ematen du Orkestrarekin berrelkartzean. "Euskadiko Orkestrarekin jotzea nire familiartean egotea da ia", hitz hauekin ireki zuen Frank Peter Zimmermannek Euskadiko Orkestraren estreinako 25 urteetako historia biltzen duen eta 2006an plazaratu zen "Primo Tempo" liburuan jasotako bere ekarpena. Orain, "Berrelkartzeak" izenburudun denboraldi honetan, alemaniar biolinjotzaileak Orkestrarekin eszenatokia partekatuko du berriz ere. 14/15 Abonu Denboraldira itzuli den Carlo Rizzik zuzenduta, J. Sibeliusen Biolinerako kontzertua interpretatuko du. Abonu programa berri hau urtarrilaren 26 astelehenean abiatuko da Iruñeako Baluarte Auditorioan eta 27 eta 29 Donostiako Kursaalean jarraituko du eta 30ean amaituko da Gasteizko Principal Antzokian.
Sibeliusen Biolinerako kontzertua EOSekin bosgarren elkarlanerako. EOSren Abonu Denboraldiko bakarlari gonbidatu estreinakoz 2002an aritu ostean, Frank Peter Zimmermann (Duisburg, 1965) 2004, 2006 eta 2010 urteetan itzuli da gurera. Gilbert Varga, Cristian Mandeal eta Lawrence Rennesen zuzendaritzapean, Bartok, Mendelssohn, Brahms eta Dvoraken lanak interpretatu ditu Orkestrarekin batera. Oraingoan Jean Sibeliusen (1865-1957) Biolinerako kontzertua aurkeztuko du, Hannover, Bremen eta Kolonian interpretatu berri, laster Taipei, Seul eta Tokiora eramando duena. Duela gutxi Melbournen kontzertu hau interpretatu ostean argitaratutako kritikatako batek honela laburbildu zuen Zimmermannen lana: "Bere tonuaren indarrak eta bere interpretazioaren danda tristeak elurrak zuritutako eskandinaviar basoetan barrena garamatzate, etsi-etsian galdutako maitasunaren bila". Jean Sibeliusen lan onenatzat jotzen den partitura hau egun munduan gehien programatzen den biolinerako kontzertua dugu.
Jada ibilbide luze zein arrakastatsua egina duela, Frank Peter Zimmermann egungo biolinjotzailerik onenen artean kokatzen dute askok. Bakarlari gailen honen inguruan zera idatzi dute: "Dena irabazi du, dena grabatu du eta denekin jo du". Zimmermannek iraganean Fritz Kreislerrena izandako 1711ko Lady Inchiquin Stradivarius biolina jotzen du, Portigon AG erakundeari esker.
"Sibeliusen ahotsa" izenburudun programaren egitaraua finlandiar konpositorearen 5. Sinfoniak osotuko du. Sibelius diskurtso sinfonikoari bide berriak irekitzen murgilduta zegoen, eta ikerketa horren emaitza onenak agerian utzi zituen lan honek. Esku-egitaraua osotzen duten testuetan Mikel Chamizo konpositore eta kritikoak idatzitakoaren arabera, "1915 eta 1919 urte bitartean sarritan berrikusi zen sinfonia honetan, musikagile gisa bere ahots propioa bilatzen Sibeliusek egindako ahalegina islatzen da, izan ere, Debussyren, Stravinskyren edo Schoenbergen modernismoaren aurrerakuntzak ikusita, krisian zegoela uste zuen artistak".
"Martxan!", Euskadiko Orkestrako haize eta perkusio ataletako musikariak Miramongo Matinéetan

Larunbat honetan, hilaren 17an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko haize eta perkusio ataletako hamalau musikarik osatutako taldeak Haydn, Schubert eta Beethoven konpositore handien katalogotik hautatutako errepertorio bitxia aukeztuko dute Miramongo Matinéetan. Izan ere, haiek bandarako idatzitako obren aukeraketa bat izango baitugu entzungai.
Sinfonia handi eta kontzertuetatik urrun, ganbera musikatik at, konpositore hauek, sarritan jasotako enkarguei erantzunez, beste musika mota bat ere sortu zuten: XVIII eta XIX. mendeetan tropa zein erregimentu ezberdinentzako partiturak. Gerrarako martxak ziren, garai erromantikoan asko garatu zen "banda" izaeradun talderako sortuak. Honela, Euskadiko Orkestraren egoitzako Auditorioan, Derbyshire Cavalry edo Marshall erregimentuak lagun izan zituzten erritmoen edo Galesko Printzeari eskainitako martxa baten erritmoen durundak izango dira.
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak (7€) www.euskadikoorkestra.es eta www.kutxabank.es webguneetan eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.
Abian da Usandizaga Urtea

José María Usandizagaren Obertura sinfónica sobre un tema de canto llano da 5. Abonu -programari dagozkion kontzertuetan Orkestrak "Usandizaga Urte"ko ospakizunei hasiera emateko aukeratutako partitura. Izan ere, aurten ehun urte betetzen dira Usandizaga zendu zela.
Mendeurren garrantzitsu honen baitan, halaber, Euskadiko Orkestrak proiektu garrantzitsu bat gauzatuko du martxoan: Usandizagak amaitzeke utzitako La Llama opera estreinatuko du berriz ere, kontzertu bertsioan; Juan José Ocónen zuzendaritzapean, bakarlarien artean aipagarri, Ainhoa Arteta sopranoa izango da buru eta bertan ariko da Andra Mari Abesbatza ere.
Gainera, Orkestrak beste zenbait musika lan bilduko ditu bere programazioan, horietakoren bat 1998an Euskal Konpositoreen Bildumaren baitan konpositore honi eskainitako diskan jasotakoa.
"Usandizaga Urtea"ren irekiera eta Joaquín Achúcarro, Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertuetan

Asteartean, hilak 13an hasi eta ostirala 16ra bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko bosgarren programari dagozkion kontzertuak emango ditu, "Erromantizismo motak" izenburu hartuta. Argudio nagusienen artean, Orkestrak donostiar konpositorearen heriotzaren menderurrena betetzen denean Usandizaga Urteari irekiera ematea eta Joaquín Achúcarro bakarlari gonbidatu aritzea. Urtarrilaren 13 eta 15an Donostiako Kursaalean, 14an Gasteizko Principal Antzokian eta, amaitzeko, 16an Bilboko Euskalduna Jauregian.
José María Usandizagaren Obertura sinfónica sobre un tema de canto llano da kontzertu hauetan Orkestrak "Usandizaga Urte"ko ospakizunei hasiera emateko aukeratutako partitura. Mendeurren garrantzitsu honen baitan, halaber, Euskadiko Orkestrak Usandizagak amaitzeke utzitako La Llama opera estreinatuko du berriz ere, kontzertu bertsioan; Juan José Ocónen zuzendaritzapean, bakarlarien artean aipagarri, Ainhoa Arteta sopranoa.
Joaquín Achúcarro, pianoa bera. Kontzertu hauek Euskadiko Orkestraren eta euskal musikaren ordezkari nabarmenetako baten berrelkartzea ekarriko dute. Etxean profeta izateaz gain, Joaquín Achúcarro pianoaren inguruko izen gailenetarikoa dugu nazioarte mailan ere. Bere une gogoangarri ugaritan, Orkestrak Achúcarro izan du bidelagun: Hego Amerikan barrena egindako lehenbiziko biran eta Ravelen inguruko monografikoaren grabaketan, esaterako. Berriz ere elkarrekin, E. Griegen Pianorako kontzertua interpretatuko dute oraingoan. Aurrez, gaur bertan, Orkestraren Miramongo egoitzan, maisu-eskola bat emango die Musikeneko ikasle talde bati, Aula Jordá Gela-ren programazioaren baitan.
Josep Caballé-Domenech-ek, Colorado Springs Philharmonic eta Staatskapelle Halle orkestren zuzendari eta azken denboraldiotan gure Orkestraren lankideak zuzenduta, S. Rachmaninoven 3. Sinfonia la minorrean, opus 44 obra interpretatuz amaituko du emanaldia Orkestrak. Haren sinfonien artean errusiarrena, hizkuntza kontzentratuago bat agertzen du musika-lan honek.
Sarrerak 7 eurotik gora salgai. Kontzertu hauetarako, eta baita Abonu Denboraldiko gainerako kontzertuetarako sarrerak ere, www.euskadikoorkestra.es webgunean, aretoetako leihatiletan eta ohizko gainerako bideak erabiliz eros daitezke, 7 eurotik gora.
Vivaldiren Lau Urtaroak, larunbatean Miramongo Matinéetan

Abenduaren 20 larunbat honetan Miramongo Matinéetan musikaren historian zehar sortutako obra ezagunenetariko bat izango da entzungai, Vivaldiren Lau urtaroak. Musika lan hau zuzenean entzutea are erakargarriagoa eta oroitarazleagoa gertatzen da naturak inguratutako Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan.
Naturaren imitazioa argudio ona da ezbairik gabe maisu-lan bat sortzeko. Lau urtaroak, XVII eta XVIII mendeen artean, Barrokoaren amaiera aldera idatzitako biolin eta orkestrarako lau kontzertu, musika hilezkorra. Beti da atsegina musika honetara itzultzea. Berau interpretatzeko eszenatokian ariko dira Aitzol iturriagagoitia, Münichen bizi den biolinjotzaile eibartarra (bakarlaria); eta hari taldea osatuz, Carlos Ocaña eta Ricardo Ruiz, biolinak, Justyna Janiak, biola, Gabriel Mesado, biolontxeloa, eta Aleksander Mikolajczyk, kontrabaxua, bostak Euskadiko Orkestrako kideak. Taldea osotuz, Pedro José Rodríguez, klabezinista lanetan.
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak (7€) www.euskadikoorkestra.es eta www.kutxabank.es webguneetan eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.
Musikenek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Estatuko orkestra ikasketen lehenengo masterra jarriko du abian

2015-16 ikasturtetik aurrera hogeita hamar hari instrumentistek estatuan Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak homologatutako Orkestra Ikasketa Master bakarra (hari espezialitatean) egin ahal izango dute. Ikasketa planak barne hartuko ditu, batetik, aktibo dauden profesionalen eskutik eskolak bakarka eta taldeka, eta bestetik orkestran praktikak, azken hori Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkar lanean. Hezkuntza Ministerioaren oniritzia izan duen lehenengo orkestra masterra izan da, eta tituludunei gaitasuna emango die bai orkestra interpretaziorako, bai eta ikerketari lotutako beste ikasketa batzuk jarraitzeko ere. Izena emateko epea datorren otsailean irekiko da.
JATORRIA. 2012ko otsailaren 23an MUSIKENE eta EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOAk LEHENTASUNEZKO LANKIDETZA HITZARMEN INSTITUZIONALA sinatu zuten. Honen bidez, bi erakundeek lankidetza-harreman estu bati ekin zioten. Hitzarmen honen izena AULA JORDÁ GELA: OSE+Musikene da. Hitzarmen honen puntuetako batek orkestra-jarduerako instrumentu master bat bultzatzeko konpromezua jasotzen zuen.
Konpromezu honi jarraipena emanez, Musikenek ORKESTRA-IKASKETEN IKASKETA ARTISTIKOEN MASTERRAri (HARI INSTRUMENTUAK) zegokion curriculum proiektua eta txostena garatu zuen. Honetan ezin baliotsuagoa gertatzen da Euskadiko Orkestraren parte hartzea. Joan zen 2014ko ekainaren 2an master hau Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak homologatu zuen. Beraz, master ofizialtzat jotzen da lehenbiziko ORKESTRA-IKASKETEN IKASKETA ARTISTIKOEN MASTERRA (hari instrumentuak). Master honen alor akademikoak Musikeneren ardurapean daude eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lankidetza du; masterra bi erakundeek sustatu dute.
HELBURUA. Master hau sinergien batura da, goi mailako tituludun musikariei profesionalki lanean hasteko bidea errazteko beren baliabideak haien esku jartzen dituzten bi erakundeen sinergiena, alegia: Musikenek Ikasketa Plan oso eta aitzindari baten baitan, bakarkako zein taldeko ikastea orkestra sinfoniko profesional eta prestigiodun batean jardutearekin uztartzen duen heziketa bermatzen du. Horretarako, interpretatzaile gisa ere aritzen den goi mailako kualifikaziodun irakaslegoa izango du; Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, aldiz, orkestra-jarduerarako kalitatezko heziketa-baliabide gisa aurkezten da, honela bere gizarte-ekintzarako bokazioa berretsiz, oraingoan hezkuntzaren arlotik.
ABIARAZTEA. ORKESTRA-IKASKETEN IKASKETA ARTISTIKOEN LEHENBIZIKO MASTERRA (hari instrumentuak) 2015/2016 ikasturtean abiatuko da. 60 kredituren balioa izango du (60 ECTS), horietatik 40 (ECTS) heziketa praktikoari dagozkio, irakaspen aplikatuzko osagarri batekin, eta 20 (ECTS) orkestra-jarduerari dagozkio. Azken jarduera honentzat, eta profesionalki aritzeagatik, ikaslegoak ikasketa-poltsa bat eskuratuko du. Master ofizial honetarako matrikularen zenbatekoa 6.700 eurotakoa izango da. Behin-behineko izen emateko epea 2015eko otsailean zabalduko da.
